Oreka

Zer da oreka? Oso gustuko dut Angel Erro, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano eta Iñigo Goienetxek Donostia 2016ko kanta ofizialerako proposatutakoa: Oreka bi indar dira kontrako norabidean: nik sinesten dut zurean ta zuk sinetsi nirean. Desoreka ere badira indar bi kontrako norabidean. Baina batak ez du bestearenean sinesten.

Hirugarren eguna. Letragileen oreka dugu ezinbesteko lagunarte orotan. Neure adiskideei, hasierako harritze normatiboa atzean utzi ondoren, egoera berrira moldatzea egokitu zaie. Hori, besteak beste, poteoa bezalako egite kodifikatuetan gauzatzen da. Eta hortxe sortu zaizkit dudak: Desiretan ote dabiltza azal ez nadin? Ez naiz, bada, mutu gelditzeko plazaratu!

Ufa, gaitzerdi aurrejuzkurik gabe ari naizen! Zein oker nabilen erakutsi dit asteburuko errituak. Euskarari ez dakit, baina performanceari behintzat harrera bikaina egin diote, beharbada bukatze-eguna duela ondo baino hobeto baitakite. Beharbada ez. Komunikazioaren zehatzean izugarri galdu eta ohizkanpoko harremanak ezarri ditugu, bestelako hartuemanak, normalitatetik nahikoa urruti. Surrealismotik nahikoa hurbil tarteka. Eraldaketak, bistan da, eragin egin die hurbilekoei, erdaldunei batez ere. Eta halaxe baieztapena: goizetik gauera faktore desorekatzaile bilakatu naiz.

Desorekatzailea. Desorekatzailea? Koittadoa, zer naiz ba! Egia da ingurua poxi bat nahasi dudala, aztoratu, baina hortik pentsatzera desorekatzaile nabilela… Kasik sinestu dut. Urrun gabe, Jule Goikoetxeak lehengo asteazkenean berripaper honetan argitaratutako artikulura jo dut, testuinguru sozial batean desorekak zehazki zer adierazi nahi duen. Lehengo toki berean nabil. Beste kontu bat da, oso besterik, nola eragin ahal eta behar den desorekan.

 

 

1 thought on “Oreka

  1. Erabat “orekatutako” lekuetan ere desorekatzaile sentitu zaitezke, presentzia hegemonikoak gutxien agertu behar omen duen ez-lekuetan ere. Araba Euskaraz, kasu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude