Hiri ikusezinak (I)

Le città invisibili. Izenburu hori du Italo Calvinoren liburu zoragarriak. Desioa sorrarazten duten hiriak dira, hiri semantikoak, hiri semiotikoak…, fantasiazkoak guztiak. Joan den ostegunetik, hiri horiek guztiak biltzen ari naiz neurera, egunero fantasiazko zeinu, seinale, keinu eta esanahiak agertuko balitzaizkit bezala.

Ikusgaitasunaz hitz bi esateko aitzakia baino ez da liburu poetikoa. Azken batean, gizartean toki egokia okupatzeak esan nahi du hark ikusgaitasuna eskatzen digun aldiro ikusgai izatea eta, berriz, ikusezintasuna eskatzen digunean, ikusezin. Natural itxurako moldatzea ematen du, baina naturaletik ez du deus ere. Ikusgaitasuna norma sozialarekiko distantziaren arabera erabakitzen da.

Laugarren eguna. “Lutxok ez zait iruditzen euskaldunok ez dakigun ezer berria aurkituko duenik”, idatzi zuen Juanjo Olasagarrek larunbatean Deia-n. Ados. Hasi aurretik zeharo garbi nuena garbi izaten jarraitzen dut orain. Dakidana edo ustez dakidana performatzen ari naiz; jolasten, non jakite hori dimentsio berria hartzen ari den nigan. Eta horietako bat ikusgaitasuna da.

Hartu-emanei bagagozkie, asteburua emankor joan da. Hurbileko harremanak (familia, lagunak eta pertsona ezagunak) izan dira gehienbat, baina baita urrunekoak ere. Eta harremanen ondorioz, ekin aurretik aurrikusi bezala, ikusgai-ikusezin bikotea bestelakotu zait. Galtzeak ikusgarriago bilakatu nau. Okindegian, taberna batzuetan, fruta-dendan… ez dut zailtasun handirik izan euskaraz komunikatzeko erdaldunekin. Baina bazterreko jendea deitzen dugun horren moduan, zenbait eremutan ikusgaiago bihurtu naiz. Ertzekoa, hegikoa, periferikoa. Ezinbestean, periferia sozialera abiatu bainaiz. Eta ez da sentsazio goxoa.

1 thought on “Hiri ikusezinak (I)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude