Zezelak

Haginlariarenetik atera orduko gertatu da. Laguna eta biok igogailua noiz igoko zain gelditu gara. Iristean gizon nagusi batekin topatu gara. “Sartu behar duzue kontsultara?”, galdetu digu espainolez. “Ez, oraintxe irten gara”, neuk, zezelka, hitzen erdia aho-barnean onomatopeia bihurturik eta beste erdia euskara nahiko ulergarri batean. Gizonak ez du amore eman. Kontsultaren kartela (Clínica Dental) erakutsi eta, atzamar luzea hortzeriaren jiran, atzerritarrari laguntzen zaion kortesia zinezkoaz zehaztu digu: “Di-en-tes!”. Ufa, astebetean bigarren aldiz hartu naute kanpotartzat. Itxura batean, hizkuntzaren ulergaitzak ez ezik lagunaren argazki-kamera handiak ere eragin du.

Dentistekin guztia joan da aurrikusi bezala. Haietako inork ez dakienez euskaraz, berehala pasatu naiz ingelesera. Hasierako ikara alboraturik, haginlari ingelesduna gustura aritu da eta, mimetismoz, espainolez erantzun barik, ingelesez ere egin dit. Ez dut gaurkoan, baina, ingelesak gurean duen tokiari buruz berba egiteko asmorik. Hurrengo egunetan bilatuko dut parada. Gainera, garbiketa egin didan haginlariak espainieraz baizik ez zekien. Eta, noski, ez da gure artean solasik sortu. Hura mutu eta neroni ahoa zeharo anestesiaturik. Metaforikoa iruditu zait: erdalduna ni lokarrarazten saiatu da.

Ez du zeharo lortu. Mututu barik, zezeltzen hasi naiz. Hitz-jario gero eta urriagoa sisipasa itzela bilakatu da. Eta orduantxe akordatu naiz barbaroekin. Greziarrek lehenago eta erromatarrek geroago, ñabarduna ezberdinekin, barbari deitzen zieten euren inperioen mugetatik kanpo zeuden herriei, alegia, zezelak, mihimotzak. Eta anestesiaren eraginez zizakatzen ari nintzela, kezkaturik ageri naiz: noiz nintzen barbaroagoa, kontsultara sartu aurretik ala irten ostean?

1 thought on “Zezelak

  1. Tira, haginlari euskaldun piloa dago Bilbon bertan.
    Kontua da euskaraz zerbitzua eskeitzen duten langileak , ez bakarrik haginlariak, nonbaiten ta nolabait adierazita, zerrendatuta, agerertu beharko lirateke euskaldunok arreta euskaraz topa dezagun. Badakit horrelakoak honezkero egin direla, baina zabalago ta hobeto beharko. Ta horrela euskarari garrantzia komertziala etorriko zaio

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude