Gidabaimena (I)

Kasualitateak zer diren, performanceak eta nire gidabaimenak bukatze-egun bera dute: uztailaren 11. Zentro mediko eta psikotekniko batek gogorarazi zidan postaz lehengo astean. Eta gaitzerdi, zeharo ahaztuta negoen eta. Premiaturik, bada, lagun batekin joan naiz arratsaldean, aurrezkuzjuen soka luzean korapilaturik, “ikusiko duk frogak egitean ulertzen ez badidate”.

Sarreran langile bik egin digute harrera. Euskaraz berba egiten ausartu ez arren, zelan edo halan, batak besteari lagunduz, nire azalpenak ulertu eta itxaron-gela batera sartzeko gonbidatu naute. Laguna, berriz, harrera-lekuan geratu da, eszenatik kanpo, aurretiaz adostu bezala. Luze gabe zentroko mediku bat agertu da. “Ekarri duzu zure medikuaren txostena?”, galdetu dit espainolez. “Kaka zaharra! Horrekin ere ahaztuta! Eta ezin dut lehenago…?”. “Ez dizut ulertzen”. “Lasai, astiro hitz…”. “Ez didazu aditu? Ez dizut konprenitzen!”.

Ostera ere ahalegindu naiz, baina “ederto” esateko aukerarik ere ez dut izan. “Nola adierazi behar dizut ez dizudala ulertzen?!!!”. Orduan, estrategiaz beste egitea erabaki dut. Lasai bezain serio, harrera-mahaiko langileengana zuzendu naiz zubi-lana egin dezaketelakoan. Harreragileak prest agertu dira. Medikuak, aldiz, haserre antzean galdegin dit berarekin euskaraz ez egiteko. Kitto.

Ikaratan kaleratu gara. Sano bortitza begitandu zait medikuaren jarrera, ahaztu gabe hari neurea temosoa, zentzubakoa, probokatzailea edo biolentoa ere gertatu ahal izan zaiola. Lagunak, berriz, eszenatik kanpo geratzeak ematen duen soseguaz, zakar hitza hobetsi du, “bortitza bainoago zakar”. Metrorako bidean gogoeta egin dugu. Baina hori ezinbestean blogeko hurrengo sarrerara ekarri beharko dut.

1 thought on “Gidabaimena (I)

  1. Aupa, Lutxo. Oso interesgarria egiten ari zarena. Etorkizunez kargatua iruditzen zait. Gaurko zureak gogorarazi dit duela urtebete-edo ausartu nintzela sendagileari euskaraz egiten, konturatu ondoren -hainbat urteren ondoren- adineko paziente batekin euskaraz ari zela, moldatzen zela nolabait, euskaldun zahar zabartuen gisan. Ez zen gertatu gaurkoan kontatzen duzuna bezalako eszena gogorrik, baina bortxa han zen betiere, esan gabe, eta hark nik adina edo gehiago sentitu zuen. Hala ere, harrezkero, berandutzen ari naiz hurrengo hitzordua, nahiz eta osasun-azterketa beharrean izan.
    Gaur kaleak jendez beteko dira Gure Esku Dago-ren ekimenez. Datorren astean, berriz, “Euskara eta Estatugintza”z arituko dira zenbait aditu Iruñean. Bien bitartean, zuk zeurearekin jarraituko duzu. Badakit ekinbide bakoitzak bere lekua duela, baina zurea iruditzen zait jolas beteena, zinezkoena, larriena…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude