Hizkuntzaren loteria

Arratsaldean dendarik denda ibili naiz Indautxun. Lehendabiziko bietan dendari euskaldunekin egin dut topo. Asturu oneko seinaletzat harturik, administrazio-loteria txiki batera sartu naiz. “Arratsalde on, Primitiba egiten nator. Zein da orria?”. Enplegatuak ez dit tutik ulertu. Astiroago berrantolatu dut esaldia. “Ea ba, ez dizut aditzen” hark espainolez. Hirugarrenez ahalegindu naiz proposamenari abarrak kimatuta: “Primitiba egin nahi dut”. Baina ez dut erantzun positiborik lortu. “Kanpotarra banintz aisago ulertuko zidakeen”, aurrejuzkuan nik. Haren ateraldiak, aldiz, harri eta zur utzi nau: “Ez zara ezkutuko kamera horietako batekin grabatzen ari, ezta?”. Errepikapen eta, batez ere, keinu bidez ukatu arren, gizona ez omen da lasai gelditu. Aldegin baino lehen, adinak ematen dion eskarmentuaz oroitarazi dit: “Bilbon ez da inoiz euskaraz hitz egin”.

Ez dit zakar bota, luzaro izandako nagusitasuna bat-batean gal dezakeenaren beldurrez baizik (jakin badakien arren nagusitasuna arrakalezina dela). Garai bateko klixea da, seguraski laurogeiko edo laurogeita hamarreko hamarkadetan martxan jarria, hiriko euskaldun kopurua nabarmenki gora egiten hasi zenean. Eta oraindik ere zentzu handia har dezake: Soziolinguistika Klusterrak %3,2 inguruan neurtu zuen kale-erabilpena 2011n. Halako neurketetako emaitzek ez dute, noski, zehatzak izateko asmorik. Joerak bilatzen dituzte. Eta joerak dio azken 20 urteetan erabilera %4-%3 bueltan ibili dela.

Ostegunean Primitibak Bilbo sarituz gero, akordatu nirekin. Menturaz askoz gertagarriagoa litzateke hura tokatzea Indautxuko administrazio-loteria txikian ni bezalako beste bezero adarjotzaile bat sartzea baino.

2 thoughts on “Hizkuntzaren loteria

  1. Kamara ezkutua baino, eskratxe ezkutu bata egin beharko genioke honi Lutxo. Zehaztu loteria denda zein kale eta zenbakitan dagoen, eta tartekako bisitak antolatu, loteria euskaraz eskatuko dion jendearekin. Lehen astean tipo bat, hurrengoan bizpahiru eta hirugarrenean egunero bezero euskaldun bat. Zelan erreakzionatuko ote luke?

  2. Zure zorisaltzailearen antzera mintzo zen Marivi Bilbao aktorea ere oraindik orain (XL Semanal gehigarria, 2012/01/01):

    “EL AÑO PASADO ME DIERON UN PREMIO EN BILBAO y una señora me dijo: «Mariví, tú que eres de aquí, ¿cómo es que no hablas euskera?». ¡Si en Bilbao nunca se ha hablado euskera! Nunca. Hablaban euskera los que tenían caserío, pero los que querían hacer negocios, no. ¡Si no sabes más que euskera, no vendes nada! Yo he tenido padres, abuelos y bisabuelos de Bilbao y ninguno sabía euskera”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude