Diskriminazioa

Euskararen gaineko jarreren inguruan ikerketa aurkeztu du aste honetan Jaurlaritzak. Diskriminazioak eman dit niri arretarik handiena. Euskara bultzatzeagatik, euskara erabiltzeagatik, euskara ez jakiteagatik… euskaldunen eta erdaldunen ikuspuntuak, oro har, ez datoz bat. “Euskaldunen artean, hirutik batek adierazi du noizbait sentitu dela diskriminatua; erdaldunen artean, bostetik batek” irakurri dut berripaper honetan. Ez dakit zer esan nahi duen horrek kuantitatiboki, aintzat hartuta EAEn erdaldunak gehiago direla euskaldunak baino.

Performancea periferiarainoko transitoa da erdigunera heldu ahal izateko. Bazterrerako bidaia, zokondo linguistikora, zoko-moko sozialetara. Zeharkatu beste aldera eta ikusi zer gertatzen den. Eta hogei egun hauetan dendari batek “ordu eta erdi” ulertu dit “minutu bat” esan diodanean; Atxuriko polikiroldegiko harreragileei keinu patetiko bidez jakinarazi behar izan diet nire txartela ez dabilela; Osakidetzako mediku euskaldunak aukera bi eman dizkit: neurologo erdaldunarekin neure anbulategian abuztuan edo euskaldun batekin auskalo non eta noiz…

Herritarren %75 ez dira sekula hizkuntzagatik diskriminatuta sentitu, dio azterketak. Neu ere ez nire bizitzaren lehen 23 urte espainoletan. Elebitasun sasoi luzean, berriz, askotan, baina beti saiatu izan naiz ez estresatzen. Performancean, aldiz, azterketarekin berarekin sentitu naiz diskriminatua. Izan ere, diskriminatuak edo ez diskriminatuak sentitzen direla adierazi duten euskaldun horiek ez dira hogeita lau ordukoak, erdaldunak ez bezala. Azterketak islatuko balu, erdararekin egiten duen moduan, euskara hutsezko bizitze bat, astebetez besterik ez bada ere, euskaldunen erantzunak oso desberdinak izango lirateke, bai horixe.

Baina bizitze hori jolasean bakarrik gertatzen da, noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude