Texaseko hilketa

Mundakara joan aurretik, Unamuno plazako kafetegi batera sartu naiz. Tabernaria eta biok euskaraz entzutean, ordura arte isilik egondako bezero bat kalakan hasi zaio hizkuntzaren gainean: Lekeitioko euskaraz dakiela, tardofrankismoan txapelokerrak gora eta txapelokerrak behera, eskolan ez dakit zer… Historia klaseak luze hartu du. Denbora osoan espainolez ari zaionez, lipar batez pentsatu dut gezurretan ari dela. Eta tabernariak aukera eman bezain laster, hitz egin diot.

Bezeroa ez da gezurtia. Bezeroak badaki euskaraz, polito gainera. Berehala damutu zait lehenagoko burutapena. Laranja-zuku naturalean ito dut, hurrupa ttikietan. Kitto agindu diot neure buruari, utikan pentsamendu ilunak. Baina bat-batean ez kittorik ez utikanik. Saihesteko aukerarik gabe, beste juzku bat bururatu zait: hi ez haiz euskalduna. Kasik engainatzen nauk, baina hi ez haiz euskalduna. Harrapatu haut!

Baliteke bart zine beltzeko Mikrofilm jaialdira joan izanak zerikusia izatea bigarren pentsamendu ilunagoan. Baliteke espainola ahaztu izanak eroarazi eta ni jainkotzea. Kontuak kontu, erabaki dut euskaraz dakien bezeroa ez dela euskalduna. “Hiztun” hitzaren esanahia moldatu dut: “euskalduna” ez da euskaraz dakiena, euskaraz egiten duena baizik. Euskara izate-hizkuntza barik, egite-hizkuntza, hizkuntza normalizatuak lez. Egiteak zizelkatu tipologia. Ondorioz, ikaragarri murriztu dut hiriko euskaldunen kopuru ofiziala neure Texaseko hilketan. Zilegia? Goiz zinematografiko odoltsu honetan dena da zilegia.

Azken aldion ugaritu egin zaizkit euskaldunak. Berdintsu gertatzen zaio hiriko aktore eta idazle ezagun bati, susmoa du bera izateagatik egiten diotela askok euskaraz. Eta Andoni Egañak ere kontu bera aletu zuen egunkari honetan bertan orain dela hilabete batzuk.

Ez gara ezer, (des)egin arte.

1 thought on “Texaseko hilketa

  1. Aupa Lutxo!
    Ondo ari zara, interesgarria benetan.
    Hori bai, nik ez nuke euskaldun kontzeptua euskaraz hitz egiten dutenentzat bakarrik murriztuko.
    Izatez “lau katu” geratuko ginateke, benetan. Oker ez banago, Kike Amonarrizek egin zuen ikerketa txiki baten arabera, guztira 50.000 euskaltzale porrokatu gara Euskal Herrian (3 milioiko herrialdean). Eta nire esperientzia pertsonalagatik, gure koherentzia eta irmotasuna ikusita, ingurukoak “kutsatu” edo egiten dira. Besteak beste horren ondorioz, milaka eta milaka dute euskera eguneroko hizkuntza.

    Egia da euskaldun batzuen artean inkoherentzia, pasibotasuna, alferkeria edo eta hipokresia egon badagoela. Ni neu pasa den urtean ELA eta LABeko buruzagiak entzun izan ditut bere seme edo lobekin euskeraz hitz egiten eta gero, alboko lagun euskaldunarekin erdera utzean hitz egiten. Egia esan, entzun nituenean haserre eta pizkat beheak jota geratu nintzen. “Nola da posible sindikatu hauen buruzagiak inkoherentzia eta hipokresi honetan aritzea?” Pentsatu nuen. Baina hala gertatu zen.

    Nire itxaropena aurreko egunetan idatzi duzun idatzi batekin dator. Aspaldi Bilboko jaietan geundela, ezagun Australiar bat etorri zen bertora, gure kuadrillarekin, eta halan holan denok hitz egin genion ingelesez, baina gure artean, euskeraz hitz egiten genuen. Hurrengo egunean, Andaluziar jator bat etorri zen gurekin. Harritu ninduena zera izan zen: nahiz eta berak konturatu ere ez egin zein erraz aldarazi zigun lagun talde osoari gaztelaniaz hitz egitera. Askotan lagunek ez zuten berari buruz ezer esaten edo ez zeuden berarekin hitz egiten baina lagunak ere gaztenia barra-barra hitz egiten hasi ziren, konturatu gabe hauek ere. Ondorio erreza bezain sinplea atera nuen esperientzia haietatik: Ingelesa euskerarentzako, itxaropena da. Komunikazio hizkuntza moduan erabiltzen badugu ere, gaur egun, ez dago ingelesaren partetik mehatxurik baina bai ordea gaztelaniatik.

    Horregatik, baina baita ere ingelesa (omen) delako munduko hizkuntza, hori erabili dugu etxean. Hau da, batua ni, euskalkia ama eta telebistan euskerazko bertsioa ez dagoenean ingelesa erabiltzen dugu. Gure alabek ez digute inoiz gaztelaniaz hitz egin eta jakin badakite, gaztelania baino, beste hizkuntza “nagusi” bat badagoela munduan.

    Egia da Espainiako 3. artikuluak dioela “espainiarrentzat” gaztelania jakitea derrigorrezkoa dela baina ingelesaren laguntzarekin, gaztelaniak duen prestigioari buelta eman ahal zaio, nahiko era sinple eta errazean gainera, nire uste apalean.

    Beno ba, hau txapa! Ondo izan, banoa eta Errekaldeko jaietara!
    Segi horrela Lutxo!
    Etor Salazar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude