Tonika

Arrats partean Jabier Lauzirika Apoloren agurrean. Bilboko Kafe Antzokia lepo, hamaika euskaltzale eta lagun etorri dira. Maite zutenen hitzek, bertsoek eta kantek osatu dute haren erretratu alai eta bihurri xamarra. Andoni Egañak ezin egokiago ekarri du bertso batera. Gutxi asko: Apolo tonika bezalakoa zen. Lehen tragoa mikatza, bigarrena atsegin eta azkena maitemin.

Azken tragoak ahosabaian uzten duen zaporeaz abiatu naiz Hika-Ateneora. Adiskide min batek afari batera gonbidatu nau. Arabiako herrien kulturan oinarritutako afaria eta ikuskizuna da: 5 plater, 5 dantza. Jakiak dastatu ahala, Raks al Haia taldeak ekialdeko dantzekin gozatzeko parada eskainiko digu. Estreinaldia da. Gauean jarriko dute martxan aspaldiko ideia eta proiektua. Baina hori bai, adiskideak aldez aurretik ohartarazi dit musikaz eta bideoaz arduratu beharko dela. Litekeena da nirekin ezin afaltzea. Eta lasai egoteko, beste hogeita bost afaltiar izango dira.

Kale Nagusian behera noa langintza ezegokian. Hasia naiz irudikatzen eszena. Performancea amaitzear dagoenez, Leonardo da Vinciren Azken afaria kustomizatu dut: erdian ageri naiz kapela eta guzti, ezker-eskuin hogeita bost apostolu erdaldun ditudalarik. Burutapena, noski, bidegabea da. Zokoratzen ahalegindu arren, harako bidean behin eta berriro azaldu zaizkit antzeko tuneadoak. Izu-laborria eman beharko lidake, baina gustura noa.

Hikara iristean, lehen zaplaztezkoa. Dagoeneko jendea jesarrita dago hizketan eta ardoa edaten, baina ez mahai luze baten bueltan. Mahai txiki mordoa daude han-hemen sakabanaturik. Agurtu orduko, adiskideak jakinarazi dit bere lagun on batekin afalduko dudala. Ez daki euskaraz baina zer edo zer ulertzen du.

Eta afaria, hilabeteko performancea lez, tonika hura bezala joan zaigu afalkideari eta bioi: hasieran mikatza, geroago atsegin eta azkenik maitemin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude