Ukiezinak

Ukiezinak (The Untouchables) filmean sekuentzia kuttun bi ditut. Bata, Eliot Nessek eskopeta ematen dionean diru-kontulari betaurrekodun harrituari; bestea, filmaren amaieran, gobernuak alkoholaren salmenta legeztatu berri duelarik, kazetariak Nessi galdetzen dionean: “Eta orain zer egin behar duk?”. Eta FBIko agenteak: “Kopa bat hartu, jakina”.

Bart akordatu naiz eszenarekin. Performancea bukatu orduko, kopak altxatu eta topa egin dugu. Ez dugu egin espainola berreskuratu dudalako, aurriritzi eta zalantzen kontra merezi izan duelako baizik. Oraindik ez dut ondorio garbirik atera, baina badakit esperimentatze hutsak beste leku batera eraman nauela. Eta hagitz baliagarria izanen zaidala gaurgero.

Fernando Pessoak Do livro do desassossego-ra ekarritako gogoeta batez ere oroitu naiz. Eneko Herran lagunak erakutsi zidan aspaldi eta ordudanik usu erabiltzen dut: Uma rua deserta não é uma rua onde não passa ninguém, mas uma rua onde os que passam, passam nela como se fosse desert. Hots, kale mortua ez da hutsik dagoen kalea. Jendez beteriko kalea da, baina mortua balitz bezala dabil han jendea.

Hilabete honetako esperientzia irudi batera ekarri beharko banu, Pessoaren kale mortua aukeratuko nuke. Zoragarria izan da, zeharka besterik ez bada, kale horretako oinezkoei ohartaraztea eurek bilakatzen dutela mortu. Ez dakit, baina, asmoaz ohartu diren edo interesatu zaien. Hori beste kontu bat da, oso besterik.

Angel Errori kasu eginda, ez diot behin ere hegemonia hitzari heldu hogeita hamaika egunotako transito ttipietan, on egin die artikuluei. Baina amaiara iritsi naizen honetan berreskuratu nahi dut, Gramsciren zentzuan. Alegia, euskaldunok zentzuko (common sense) ikusten dugu erdaldunek errealitateari buruz egin definizioa. Eta ikusten jarraitu beharrean gaude geure burua zokoratuko ez badugu.

Zakurraren ipurdira, ordea, zentzutasunak oro. Lantzean-lantzean, bederenik. Zentzugabekeriaren alde, viva el mal, viva el capital! Ukiezinak gara dagoeneko, Ness eta O.K. Corraletik atereak ziruditen beste hiru agente haiek bezala.

Easy bizi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude