Kanboko ikasleak

Kanboko Xalbador kolegioko DBHko berrogei ikasle ingeles-udalekua egiten etorri dira Bilbora. Ikastolen Elkarteak proposaturik, arratsalde pasa egin dugu elkarrekin Alde Zaharrean.

Lehendabizi Plaza Barriaren erdian eseri eta ingelesez solastatu gara. Guztiak bat etorri dira: Miarritzen edo Baionan ezinezkoa da hilabetez euskaraz bizitzea. Josu angeluarrak bere herria ere gehitu du BAB osatu nahian. Angelun ere ezinezkoa. Eta Bilbon? Hizkuntzaren egoera zehatz zertan den ez dakitenez, ez dira erantzun bat ematen ausartu. Laguntzeko asmotan, ginkana bat proposatu diet. Izan ere, Lorea Agirreri aspaldi irakurri nionez, “…eten, zulo eta errebueltaz jositako ginkana baten antza du euskaraz bizitzeak”.

Santiago katedralera joan eta taldeak osatu ditugu. Euskaraz eta, bakarrik nahiko balute, ingelesez ere, jendeari galdetu behar diote non dagoen Michel Labeguerie kalea. Ez da erronka erraza: gurean oso jende gutxik daki euskal kantagintza modernoaren sortzaileak kale bat duela Alde Zaharrean. Kale ttikia da, hirian haren deitura bezain.

Euskaldun zenbaiten adierazpenei esker, hiru taldek aurkitu dute kalea. Kasu batean, gainera, bertaraino lagundu die hiritar batek. Baina gehienak, ostera, zuloetan eta errebueltetan korapilatu dira. Adinak eman xalotasunez mintzo zaizkit ebaluazioan: “Batzuek ez digute deus konprenitu eta pentsatu dute frantsesez mintzo ginela”; “gizon batek ez du ongi hartu, futitu aire batez erantzun du”; “badirudi beste mundu batekoak girela”.

Kanboko ikasleei ez zaie argi gelditu Bilbon euskara hutsez bizi daitekeen. Dena den, hogei minutuz Alde Zaharreko oinezko askori hitza oso besterik heldu zaie, nire bizitze hau biderkatu balitz bezala. Datorren astean batxillergokoak etorriko dira. Zain nago.