Harritzea

Miarritzen frantsesdunak bezala, Bilbon espainieradunak ez du ezer espero. Espainiera ematen du eta hura jaso. Hitz-trukea deus espero gabe gertatzen da. Lehendabizikoan euskarazko hitz ulertezinarekin topatzen bada, ez du garuna lanean zertan jarri jakiteko bigarrenean erdarazkoa entzungo duela.

Eguerdian heldu naiz etxera. Komuneko sabaian itoginak nonahi eta zoruan ur-putzua. Ziztu bizian igo naiz hirugarren solairura. Auzokideak ez dira harritu ni ikustean. Euren komunera arineketan abiatu eta konketaren kanila itxi dugu. Euskaraz erakutsi diet haserrea, bai eta ulertarazten saiatu ere luze gabe etxea goroldioz beteko zaidala, Delicatessen filmean bezala. Ez didate zipitzik ulertu. Beharrik ere ez. Aurtengo bigarren uriola da. Zazpigarrena guztira.

Hemen erdaldunak ez du deus espero. Badaki espainolezko berba jasoko duela beti. Kontrakoa pentsaezina da, norma sozialetik kanpo kokatzea. Eta horregatik hain zuzen estonatu dira auzoak. Ni ate aurrean ikusi orduko ez dute harridura-keinu ñimiñoenik agertu. Uholdea ohiko bilakatu da, liturgia kasik. Espainiera jaso ez izanak, aldiz, nahasi ditu izugarri. Agian nire haserre errepikatuari egotzi diote. Eta agian horregatik jaitsi dira berehala. Baina bigarrenean ere euskara. Eta orduantxe gelditu dira zur eta lur. Gutxieneko komunikazioa, bederenik, ziurtatu omen dugu.

Bigarren eguna. Interakzio adina harrera. Eta guztietan harridura lehen-lehenik. Ezagunena eta ezezagunena ezberdina izaki. Harritzeak ez du zer ikusirik performancearekin, norberak unean-une normalitatean okupatzen duen tokiarekin. Desorekaren adierazgarri funtzionatzen du. Ez dago urrutira joan beharrik zurtzea esperimentatzeko. Mundua auzo artera bil liteke. Alex de la Iglesiaren filmean bezala.