(Des)egin arte

Zer gertatuko litzateke Lawrence Arabiakoa, Joseba Sarrionandia, Lorea Agirre eta Judith Butler koktelera batean sartu eta gogor astinduko bagenu? Hogeita batgarren egunera iritsita, performancearen abiapuntuetako bat azalduko dut.

Thomas Lawrence eta beduino talde bat Nefud basamortua zeharkatzen ari dira turkiarrei Akaba hiria ezustean hartzeko asmoz. Mortuko alde gogorrenera heltzean, Gasim lokartu, gamelutik jausi eta galdu egin da. Lawrencek haren bila joatea erabaki du. Ali buruzagiaren ustez, blasfemia da haren jarrera: “Idatzita dago gizon horrek gaur hil behar duela”. Baina Lawrence, bere egoskor egolatran, Gasimen bila joan da. Harekin bueltatu delarik, Aliri aurpegiratu dio: “Ezer ez dago idatzita neuk idazten ez badut”.

Joseba Sarrionandia antzera mintzo da Moroak gara behelaino artean? liburuan: “Ez gara moroak. Euskaldunak ere ez. Ezer ez garelako erabaki dezakegu zer nahi dugun izan, eta zer nahi dugun egin. Ez gara ezer, egin arte. Ez dugu ezer. Ez dugu, egiten ez badugu”.

Lorea Agirrek, bestalde, Korrika 2015ean testu poetiko-politiko ederra utzi zigun, aplikatu beharrekoa: “Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da”.

Azkenik, Judith Butler-ek desegiteaz eta egiteaz idatzi zuen Undoing gender saiakeran. Etengabe ari gara norma sozialarekin negoziatzen. Sozialki eraikitakoa deseraiki daiteke. (Des)egin ahala gara edo (des)egiten duguna gara.

Captain’s Brew koktela, menturaz: gengibre-tea, rona, laranja eta agavea. Azterketek, ikerketek, estatistikek, eta abarrek ikuspegi diakronikoetan oinarritutako hizkuntz-tipologia zurrun eta estatikoak aurkezten dizkigute. Errealitatea oso besterik izanik. Ez gara ezer, (des)egin arte.