Texaseko hilketa

Mundakara joan aurretik, Unamuno plazako kafetegi batera sartu naiz. Tabernaria eta biok euskaraz entzutean, ordura arte isilik egondako bezero bat kalakan hasi zaio hizkuntzaren gainean: Lekeitioko euskaraz dakiela, tardofrankismoan txapelokerrak gora eta txapelokerrak behera, eskolan ez dakit zer… Historia klaseak luze hartu du. Denbora osoan espainolez ari zaionez, lipar batez pentsatu dut gezurretan ari dela. Eta tabernariak aukera eman bezain laster, hitz egin diot.

Bezeroa ez da gezurtia. Bezeroak badaki euskaraz, polito gainera. Berehala damutu zait lehenagoko burutapena. Laranja-zuku naturalean ito dut, hurrupa ttikietan. Kitto agindu diot neure buruari, utikan pentsamendu ilunak. Baina bat-batean ez kittorik ez utikanik. Saihesteko aukerarik gabe, beste juzku bat bururatu zait: hi ez haiz euskalduna. Kasik engainatzen nauk, baina hi ez haiz euskalduna. Harrapatu haut!

Baliteke bart zine beltzeko Mikrofilm jaialdira joan izanak zerikusia izatea bigarren pentsamendu ilunagoan. Baliteke espainola ahaztu izanak eroarazi eta ni jainkotzea. Kontuak kontu, erabaki dut euskaraz dakien bezeroa ez dela euskalduna. “Hiztun” hitzaren esanahia moldatu dut: “euskalduna” ez da euskaraz dakiena, euskaraz egiten duena baizik. Euskara izate-hizkuntza barik, egite-hizkuntza, hizkuntza normalizatuak lez. Egiteak zizelkatu tipologia. Ondorioz, ikaragarri murriztu dut hiriko euskaldunen kopuru ofiziala neure Texaseko hilketan. Zilegia? Goiz zinematografiko odoltsu honetan dena da zilegia.

Azken aldion ugaritu egin zaizkit euskaldunak. Berdintsu gertatzen zaio hiriko aktore eta idazle ezagun bati, susmoa du bera izateagatik egiten diotela askok euskaraz. Eta Andoni Egañak ere kontu bera aletu zuen egunkari honetan bertan orain dela hilabete batzuk.

Ez gara ezer, (des)egin arte.