Ongi etorri, Mister Marshall

Ez dira egun asko Jabi Lauzirika ‘Apolo’rekin egon nintzela. Beste askoren artean, Zenbat Gara eta Kafe Antzokiaren sortzaileetakoa, Bilbo Hiria Irratiko eta Gabriel Aresti euskaltegiko lankidea, bertsozalea eta Euskara Jendea dokumentalen bultzatzailea. Bilboko Done Bikendi aldean dagoen diamante horren alde distiratsuenetako bat.

Pako Aristik egunkari honetan idatzitako artikulu bat genuen hizpide. Euskal kulturaren egiazko neurriaz ari zelarik, Korrikak sorrarazitako soufle-efektua nabari zuen Pakok. Nik, berriz, “euskararekiko maitasun infinituaren souflearen” irudia baliatu nuen neurea ekartzeko: Mister Marshall sindromea.

Luis Garcia Berlangak Bienvenido, Mister Marshall filmatu zuen. 1950eko hamarkada da. Villar del Ríon (Soria) pozarren daude. Marshall Planaren aurkezpenaren aitzakiaz, amerikanoek bisitatu behar dituzte. Herritarrak berebiziko ongi etorria emateko prestatzen hasi dira. Egokiena delakoan, Andaluziako herri bilakatu dute beren herria (simulakroa). Baina amerikanoak herrian gelditu gabe igaro dira.

Korrikan Mr Marshall sindromea ikusi diet zenbait korrikalariri. Hiztun-komunitatea pasatu ahala Villar del Ríoko lasterkariek “americanos, os recibimos con alegría” abesten dute. Itxura batean uhin zentripetoek xurgatu eta, geroago, zentrifugoek kanporatzen dituzten arren, herritar ameslariak espaloian geratzen dira zirkinik egin gabe.

Hiru aste hauetan erdaradun mordorekin egon naiz. Batzuek badakite euskaraz, espainolez bakarrik bestetzuek. Baina den-denak espainoldunak dira hautuz eta egitez. Haietako zenbaitek amerikanotzat hartu omen naute, txaloka eta kantuka, konprenitu gabe auto-segizioa ez dela inoiz gelditzen.

Inoiz ere ez. Berlangak ederki zekien, Apolok bezain. Malko bat eta beti arte.