Aukeran, nahiago ez

Moby-Dick argitaratu eta bi urtera, Bartleby izkiriatzaile idatzi zuen Herman Melvillek. Errelatu bikaina, Juan Garziak egindako itzulpena beste. XIX. mendeko New Yorken, Bartleby abokatu baten bulegoan hasi da izkiriatzaile. Enplegatu eredugarria da. Halako batean, ordea, nagusiak agiri bat aztertzeko eskatu eta Bartlebyk “aukeran, nahiago ez” (I would prefer not to) erantzun dio hotz eta motz. Hurrengo egunean berdin, arrapostu lasai eta temati bera. Luze gabe, baina, Bartlebyk lanari berari aplikatu dio: aukeran, nahiago ez egin dagozkion zereginak.

Egoerari jasanezin iritzita, Bartleby kaleratzea erabaki du abokatuak. Baina, ustekabean, izkiriatzaileak bulegotik alde egiteari ere errefusatu dio. Horiek horrela, abokatuak bulegoa beste kale batera mugitzea beste aukerarik ez du ikusi. Eta hara ere bilduko da Bartleby, bere jarrera zipitzik ere aldatu gabe.

Arratsaldean Goizalde Landabasorekin topatu naiz. Ez dut akorduan zerk hartaratua, aitatu dugu performancea seguruenik performanceagoa izango zela nik enpresa pribatu batean edo administrazioan lan eginez gero. Bartleby hura ez bezala, ni ez bainabil bulego batean goizez eta arratsaldez zuzendari baten esanetara. Taberna bateko behargina edo funtzionarioa izanez gero, ezingo omen nintzatekeen espainiera barik bizi.

Eguneko lehen eguzki-zirrintak leihotik sartzeaz bat, Melvilleren pertsonaia misteriotsua gogora etorri eta, oraindik guztiz itzarri gabe, burutik ezin kendurik ibili naiz. Zergatik ez enpresa batean edo administrazioan? Aukeran, nahiago ez, hark bezala, setatsu. Intsumisioaren keinu gisa. Baina geroago, gosaritan, garbiago ikusi dut: nire Bartleby ez da intsumisioaren marka, normalitatearena baizik. Erdaldunei zerbait eskatu aldiro “aukeran, nahiago ez” erantzuten didate.