Gutuna

Herrera de la Manchatik heldu zait gutuna, Xabier Balerdi preso politikoak idatzia. Ohiko postal polita da. Ekainaren 20ko data ageri du. Testuak, hil horren 11n berripaper honetan egindako elkarrizketa du hizpide. Kontuan harturik prentsa egun batzuk geroago iristen zaiola, irakurri berri. Animoak bidaltzen dizkit: “Osasuna eta egonarria, bietatik beharko baituk performance hori aurrera eramateko”.

Performancearen azkenaurreko egunean lehena balitz bezalako hitzak irakurtzeak hasierara eraman nau. Lau lagun Bartzelonatik gatoz autoz. Asmoaren berri eman diet brastakoan. Edo eman baino zehatzago bota, harria botatzen den bezala. Erantzuna automatikoa izan da. Haien begiek ikara, mesfidantza eta gupida adierazi didate. Baina nire azalpen teorikoei esker afera baretu delarik, haietako batek komentatu du: “Beraz, gaizki ulertzen ez badut, zuk ‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa eraman nahi duzu praktikara”.

Ordudanik sarri akordatu naiz harekin. Askok ez die batere zentzurik ikusten ‘Euskaraz bizi nahi dut’ aldarrikapenari. Barregarria ere iruditzen zaie. “Bizi, bada! Nahi duzuelako bizi zarete euskaldunok erdaraz” esaten dizute zinismo barik, beharbada hausnartu gabe zenbat faktorek eragiten duten hizkuntz-hautuetan.

Azken asteotan hamaika erdaldunekin izan naiz Bilbon. Batzuk ezagunak, ezezagunak bestetzuk. Leloari begira sekuentzia hauxe izan liteke: (“Euskaraz bizi nahi dut”). (“¡Pues, vive! ¿Quién te lo impide?). “(Arrazoia duzu). Lehengo astean tomate zoragarriak eman zenizkidan”. “Et, et, et, que ya sabes que yo no hablo euskera”. “Lasai, astiro hitz egingo dizut”. “Oye que no te entiendo, háblame en castellano”. Eta buklea osatzeko parentesi artean dauden lehen esaldi biak gehitu beharko genituzke.

Gaur bertan idatzia balitz bezala irakurri dut bigarrenez orain dela hilabeteko gutuna. Osasuna eta egonarria!