Hiri ikusezinak (II)

Zenbat eta gertuago periferia sozialetik orduan eta ikusgarriago. Gurera ekarrita, zenbat eta hurrago hizkuntz-kanpoaldetik ikusgaiago. Performancea hasi besterik ez bada ere, norma sozialetik urruntzen denarekiko zigorra nabaritu dut erdaldun ezezagun zenbaiten begiratuan. Normaltzat jo beharra dago, noski.

Baina aurki guztiak bere binperra nola, hala ikusgaitasunak ikusezintasuna. Erdaldunen eremu batzuetan ikusgarriago agertzeaz batera, ikusezintasun-sentsazio batek ere bildu nau. Neronek aktibatutako espazioetan soilik ageri naiz ikusgai. Beste guztietan, ordea, zeharo ikusezin. Hotz eta motz esateko: espainieradunak ez dira performanceaz enteratu.

Twitter kontua dut. Aurreko egunotan euskarazko ehunka txiotan eta bertxiotan etiketatu naute; nik dakidalarik, aldiz, gaztelerazko bakar batean ere ez. Euskarazko prentsan, bestalde, performanceak leku zabala hartu du han-hemen; erdarazkoan, salbuespenak salbuespen, arreta hutsaren hurrengoa izan da. Eta ez ulertu gaizki: ez dut ez kexarik ez arrangurarik. Ondo pentsatuta, uneon erdaldunen artean hedatzea ekintzaren beraren kaltegarri izan liteke. Hobe geroago. Baina zer pentsatua eman dit. Euskaraz sortzen duten kulturgileek izaten duten sentsazio mikatz hori agertu zait neuri ere, performance honen parte bilakatu da. Eta partea delako azpimarragarri deritzot.

Denok dakigun kontua da: euskara bezalako hizkuntza minorizatu baten unibertsoa ez da ezer (ez du prestigiorik) gain-erdarenean. Bateko oihartzun handia, besteko isil larria. Hizkuntz-arroila zabala dago, sakonune linguistiko latza. Ezin ikusizkoak gara Griffin bezain, H. G. Wells-en The invisible man nobelaren protagonista. Jakina denez, soilik hilik zelarik bihurtu zen haren gorpua ikusgai.