Aupa Etxebeste!

“Ez duk Aupa Etxebeste bat egingo, ezta?”, adarra jo zidan lagunak. Flâneur-ak gara, kalezaleak, paseatzaileak, harat-honat eta firin-faran ibili zaleak, Charles Baudelaire eta Robert Walser-en jarraitzaileak, hiri-psikogeografien maitaleak. Baina badirudi gaurregun urrutiago bizi garela kaletik, plazatik. Halako agorafobia transmoderno bat.

Performancearen arrakasta plazaratzean datza, soziabilitate-maila koxka bat igoaraztean. Plazan izatea. Eta horregatik abiatu naiz hiriko plaza nagusietako batera, Erriberako merkatura, Oskorrik kantatutako txorizo-saltzaileen artean galtzen. Moldatu egin naiz, ez da horren konplikatua 200 gramo pernila nahi duzula ulertaraztea. Aurpegiak aurpegi, kopurua modu askotan adieraz daiteke eta denak baliagarri.

Plaza fisikoan gora eta behera ibili izana aitzakia da gaurkoan plaza politikoaz aritzeko. Euskaraz argitaratutako lehen liburuan, Bernard Etxeparek “Euskara, jalgi hadi plazara” idatzi zuen. Plaza politiko batez ari zen, noski, hitz idatziaren beharraz. Baina horren urrutira joan gabe, Korrika 2015eko mezuan Lorea Agirre ere akordatu zen plazarekin: “Egiteko hautatu egin behar da, plazan sartu. Bazterretik plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu. Euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran”. Eta horretan datza ikusezin izateari utzi nahi izatea, plaza politikora etortzea. Eta ni neu halaxe nabil egunotan: paradoxikoa badirudi ere, hizkuntzaren periferiara abiatu erdigunea bilatzeko.

Asier Altuna eta Telmo Esnalen filma gogoan, “Aupa Etxebeste bat egitea” deitzen dio Hibai lagunak zuloan geratzeari. “Orduan, ez duk AE bat egingo, ezta?”, trufatu zitzaidan. Eta neronek: “Aupa Etxebeste fisikoa ala politikoa?”. Lasai, oraingoz ez bata ez bestea.