Ni ez naiz hemengoa

Arratsaldean Iturribide kalean gora. Azken egunotako eguraldi kaxkarrak menia eskaini du eta giro aparta sumatzen da. Lepo dago. Eroskiren parera heltzean, rock-bar mitiko bateko tabernariak deitu dit gaizki aparkaturiko autotik. Ikustez bakarrik ezagutzen dugu elkar. “Lagunduko didazu armairu ttiki hau mugitzen?” tentatu nau espainolez. Nik, jakina, baiezkoa eman diot. Tabernaria orduan argibideak ematen hasi zait. Armairuak, txikia izanagatik ere, animaleko pisua du (edo nik neuk indar gutxi; edo biak). Bat-batean elkarren artean ezin ulertuzko dramatikoa sortu eta tabernaria izutu egin da: “Baina zuk ez dakizu espainieraz?”. Beharbada mikrozentesima batez otu zait: “Baina zuk ez dakizu euskaraz”? Hala izan bada, sano mikrozentesima labur eta xaloa. Erantzuna, aldiz, pixka bat urduri eman diot: “No espainol”. Ez dakit zergatik esan dudan memelokeria galanta hori, berehala damutu naiz. Kontua da, gainera, “Do you speak English?” ere gehitu diodala. Eta hor komeriak isila baino lehen: “Uste nuen hemengoa zinela”.

Kanpokoa naizelako hirugarren leporatzea da astebetean, oraingoan agian modu fermuan baino gehiago solasaren nahasiak bultzatua, eta itxura batean identitateari atxikia. Tabernariak harekin lotu omen du ukoa, ez zehatz-mehatz hizkuntzarekin. Edozelan, erdaldun despistatuari euskara ez zaio nahikoa izan nongotasunaren proposamen desberdin bat egiteko. Eta aurreko eguneko barbari hura etorri zait akordura, bai eta Txepetxek edo Xamarrek horren ondo azaldutako alteritatea ere, alegia, elkarri ulertzen diogunok gu garela eta, berriz, ulertzen ez diogun hori, bestea. Eta, egunetik egunera neureago dudan beste horren azalean, ameslari etxeratu naiz: “Ni ez naiz hemengoa”.