Gaitzaren puzzlea osatzen

(Berrian argitaratua, 2014/01/23an)

Ubikitina proteina txiki bat da, seinale moduan erabiltzen dena. Ubikitinarekin mezu asko eta oso desberdinak eman daitezke, eta gure genomako 30.000 genetik ia mila aritzen dira prozesu hori erregulatzen», azaldu du Ugo Mayor ikertzaileak. 1975ean identifikatu zuten, eta 1980ko hamarkadaren hasieran zehaztu zituzten haren oinarrizko funtzioak. Azken lan horren garrantziaren erakusle, Aaron Ciechanover, Avram Hershko eta Irwin Rose ikertzaileek Kimikako Nobel saria jaso zuten 2004an.

Giza gorputz osoan du zereginen bat ubikitinak, baina garunean betetzen duen rola aztertzen du, zehazki, Mayorrek. Ikerbasque programako ikertzailea da Mayor, eta Ubikitina Neuronalaren Bideak izeneko laborategi bat zuzentzen du CIC Biogune zentroan. Orain dela bi urte hasi zuten proiektu baten emaitzak argitaratu dituzte berriki, talde honentzat paradigmatikoa den gaixotasun bat ikergai hartuta: Angelman sindromea.

Angelman Sindromea

Angelman sindromea duen haur mutrikuar bat / ASA

«Beste gaitz askok kausa anitzak dituzte, baina sindrome honetan, ubikitinak jartzen duen ligasa baten [lotura lanak egiten dituen molekula mota bat] funtzio falta da huts egiten duen gauza bakarra. Gainera, funtzio falta hori garunean gertatzen da bakarrik. Gorputz osoan ondo dabil proteina hori, baina garunean ez», azaldu du Mayorrek, gaitz honetan ubikitinak duen erabateko zeresanaren erakusle.

Angelman sindromea

Munduan jaiotzen diren haurren artean, 15.000tik batek garatzen du Angelman sindromea. Jaioberriei ez zaie gaitza dutenik igartzen. Normalean, umeak 2 eta 5 urte artean dituenean egiten da diagnostikoa, orduan antzematen baitira sintomak.

«Garapen intelektualean eragiten die, eta psikomotrizitatean ere badaude sintomak. Lo egiteko arazoak dituzte; oso lo gutxi egiten dute gehienetan, lauzpabost ordu gauero. Epilepsia sintomak ere izaten dira; ez beti, baina bai gehienetan», dio Mayorrek. Ez hitz egitea edo oso hitz gutxi egitea da gaitz honen beste ezaugarrietako bat. Gainera, Angelman sindromea duten haurrek aho bereziki zabala izaten dute, eta ohi baino askoz ere maizago egiten dute irribarre. Gaur egun ez dauka tratamendurik: epilepsia, lo falta eta antzeko sintomei aurre egiteko botikak hartzen dituzte, baina ez dago sindromea osotasunean hartzen duen terapiarik. Izan ere, enigma asko daude argitzeke gaitz honi dagokionez. Horregatik da garrantzitsua Mayorrek eta haren taldekideek egin duten ekarpena, AEBetako March of Dimes fundazioak finantzatu duen bi urteko proiektu honen bidez.

Gauza batzuk badira ezagunak Angelman sindromearen inguruan. Hasteko, UBE3A izeneko geneak kodetzen duen ligasa dela huts egiten duena. «Ligasek zera egiten dute, ubikitina beste proteinei itsatsi. Modifikazio horrek agintzen du ea beste proteina horri degradatzea dagokion; edo zelularen barruan leku batetik bestera mugitu behar duen; edo beste proteina batekin interakzioa izatera bultzarazi behar duen, bien artean beste funtzio berri bat sortzeko», dio Mayorrek. 500 ligasa inguru ditu gizakiak, ubikitina proteinei itsatsi eta hartara horietako bakoitzaren zeregina zein den transmititzeko. Zehazki, UBE3A geneak kodetzen duen ligasa horrek garunean bere funtzioa betetzen ez duenean gertatzen da Angelman sindromea.

Jakina da erabat genetikoa dela. Mayorrek azaldu bezala, «badauka gauza bereizgarri bat: normalean, garunean amaren kromosoma izaten dugu aktibatuta; aitarena ez da aktiboa hor. Orduan, mutazioa aitak izango balu, ez da ezer gertatu ohi; gaizki dagoen kromosoma hori amak baldin badauka eta haurrari pasatzen badio garatzen da bakarrik Angelman sindromea». Gainera, sintomak geroago igarri arren, mutazioa hasiera-hasieratik dago hor: «Garuna garatzen hasten den unetik, enbrioi denetik, proteina hori falta da. Ez dago guztiz argi arazoa zein den: hasierako garapen horretan konexioak behar bezala egiten ez diren, edo besterik gabe funtzioa falta den».

Substratuen bila

Angelman sindromea agertzen den kasuetan, garunean ligasa horren funtziorik ez dagoela garbi dago, beraz. Funtzio falta horrek zehazki zein proteinei eragiten dien ez, ordea. Hau da, ligasa horrek, ondo funtzionatzen duenean, ubikitina zeri itsasten dion jakin beharra dago, haren faltak garuneko mekanismoan zer eragin duen ulertzeko. «Gure lana da ligasa horren substratuak [eragina jasaten duten proteinak] zeintzuk diren argitzen saiatzea».

Horretan jardun dute azken bi urteotan, lehendik hautagaitzat jotzen ziren substratu batzuk aztertzen eta hautagaitza hori egiaztatzeko ahaleginak egiten. Bitxia badirudi ere, fruta euliak baliatu dituzte in vivo esperimentuetarako. Mayorrek dioenez, intsektu horien erabilera ohikoa da bere laborategian: «Iturri genetikoa duten giza gaixotasunetatik %75ean, gene hori bera badago fruta eulietan. Eredu sinplea da, beste batzuk baino azkarragoa lan egiteko. Zelularen barruan ikertzen ari zarenean, euli baten edo gure neurona ez dira hain desberdinak. Egitura osoan dago aldearen gakoa, organismoan».

Hori horrela, ligasa horren jomuga diren lau proteina identifikatu dituzte: «Horietatik hiru proteosomaren osagaiak dira; hau da, proteinak desegiten dituen zelularen barne makineria baten parte. Badirudi UBE3Aren ligasak sistema hori erregulatzen duela». Cellular and Molecular Life Sciences aldizkarian (Zelulen eta molekulen bizi zientzia) argitaratu dituzte emaitzak.

Urtarrilarekin batera bukatuko zaie bi urteko proiektu hau eta horri dagokion finantzaketa, baina aurrera egiteko luzapena eskatu dute orain. Izan ere, egitekorik ez zaie falta. Batetik, fruta euliekin egindakoa orain saguei ere aplikatzeko beste eredu bat garatu dute, pixkanaka gizakiarengana gerturatuz joateko. Gainera, Memphiseko Unibertsitatean (AEB) dauzkaten kolaboratzaile batzuen bidez, sindromea duten gaztetxoen esne hortzetatik abiatuta, ikerketarako neuronak lortzen saiatuko dira. «ASA Angelman Sindromearen Elkarteak ere konpromisoa hartu du, ahal den neurrian gure ikerketari bultzada emateko», dio Mayorrek.

Cambridgen zaildu eta gero, atzera Euskal Herriratu den ikertzailea

Ugo Mayorrek Kimika ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Fakultatean. Erasmus programaren bitartez, Suedian egin zuen karrerako azken urtea, eta Biokimika espezialitatea bukatu zuen han.

Cambridgeko Unibertsitatean egin zuen doktore tesia, proteinen dinamikak ikertzen. Jarraian, biofisikatik neurobiologiara egin zuen jauzi, Cambridgen bertan doktoretza ondokoa egiteari ekin zionean. Orduan hasi zen fruta euliekin lan egiten eta horien garuna ikertzen. Ikerbasque programarekin Euskal Herrira itzuli, eta CIC Biogunen egiten du lan duela lau urtetik, ubikitinak garunean duen funtzioa ikertzen duen laborategian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude