Bidaia luzeak, soka motzean

(Berrian argitaratua, 2013/11/14an)

Anekdota moduan zabaldu zen albistea: duela ia zazpi urte nortasun agiri moduko bat jarri zioten hegaluze bati Hondarribian, eta Venezuelako kostaldean topatu dute orain. 6.370 kilometro. Inoiz ez dute hegaluze bat aurkitu markatu zuten tokitik horren urruti. Bitxikeriaz harago, Azti-Tecnaliaren ikerketa lana dago horren atzean. Batez ere 2001ean aisialdiko markatze kanpainak egiten hasi zirenetik, ehunka mila atuni jarri diote identifikazioa. Baina Bizkaiko golkoa puska txiki bat besterik ez da Ozeano Atlantiko osoan. Joan den astekoa bezalako albisteak ez dira egunero gertatzen.

«Marka hauei esker jakin dezakegu arrainak nondik norako migrazioa izan duen, hazkuntza, eta, aldi berean milaka arrain markatzen baditugu, heriotza tasa eta ugaritasuna ere bai», azaldu du Haritz Arrizabalaga Azti-Tecnaliako ikertzaileak. Kasu honetan, Hondarribian markatu zuten hegaluzeak urtebete eskas zuen, metro erdi luze zen eta bi kilo eta erdiko pisua zuen. Ia zazpi urte geroago Venezuelan agertu da, metro bat luze dela eta 21,8 kiloko pisua duela.

Atunen markatzea

Atun baten markatzea Azti-Tecnaliak antolatutako kanpaina batean. Milaka arrain markatzen dituzte urtero / Azti-Tecnalia

Berdela, zapoa eta beste arrain batzuk ere markatu izan dituzte, baina lan hau atunetan egitea bereziki garrantzitsua dela azaldu du Arrizabalagak, migratzaileak direlako eta ozeanoak alderik alde zeharkatzen dituztelako. «Adibidez, zenbat antxoa dagoen jakiteko, bapore batek Bizkaiko golkoa zeharkatu dezake eta kontatu, sonarrarekin. Baina atunetan markatze teknologiak ezinbestekoak dira, halako zenbaketarik ezin baita egin Ozeano Atlantiko guztian», esan du.

Eta hain justu migratzaileak direlako, Venezuelan topatutako hegaluze horrek 6.370 kilometro egin dituela esatea ez da zuzena: askoz ere gehiago izan dira, hainbat joan-etorri egin baititu azken ia zazpi urteotan. Arrizabalagak azaldu bezala, «hegaluze hauek Ozeano Atlantikoaren erdialdean pasatzen dute negua, eta gazteak diren bitartean, gurera etortzen dira udan, janari asko topatzen dutelako hemen. Neguan berriz doaz Atlantikoaren erdialdera, eta udan berriz datoz hona. Bost urte betetzen dituztenean, arrautzak jartzeko gaitasuna dute, eta orduan, uda iristean, hona jatera etorri beharrean errute tokietara joaten dira. Hegaluze hau harrapatu duten inguru horretan daude errute tokiak; Sargazoen itsasoan, Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko ur epeletan». Beraz, ez dago jakiterik zenbat kilometro egin dituen.

Migrazio ohitura horiei jarraiki, Bizkaiko golkoan topatzen diren hegaluzeak gazteak izan ohi dira, bost urtetik beherakoak. «Helduak ere aurkitu izan dira. Ez dakigu arrautzak jarri eta gero etortzen diren, edo agian heldu guztiek ez ote dituzten urtero jartzen arrautzak… hipotesi pare bat daude horren inguruan. Baina normalean hona gazteak etortzen dira».

Bi marka mota

Joan den astean albisteetan atera zen hegaluzeak marka arrunta zeraman. Espageti marka ere deitzen diote, forma horixe duelako, eta identifikatzaile bat besterik ez dute. Kasu honetan, marka nork jarri zion ere badakite: Fernando Zapirain arrantzaleak, kirol markaketako txapelketa batean. Azti-Tecnaliak horrelako jarduerak antolatzen ditu, eta arrantzaleen eta beste boluntarioen laguntza izaten du horrela, bestela ezinezkoa izango bailitzateke ehunka mila atunekin lan egitea.

Azti-Tecnaliako ikertzaileek berek ere kanpaina zientifikoak egiten dituzte, bestalde, Arrizabalagak adierazi bezala: «Adibidez, azken hiru urteotan txalupa profesional batean ibili gara, eta ia zortzi mila atun markatu ditugu, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen programa baten barruan. Guk hemen egiten duguna ozeanoaren beste toki batzuetan egiten dute beste batzuek, eta denon artean osatzen dugu atunen migrazioa, hazkuntza eta populazio ugaritasunaren puzzle hori».

Badaude datu gehiago ematen dituzten identifikatzaileak ere: marka elektronikoak dira. Garestiak eta nahiko berriak dira, ordea, eta ondorioz, horiekin ezin da markatze kanpaina masiborik egin; helburu oso zehatzetarako baliatzen dira. Arraina markatu den uneko eta hori jaso deneko datuak ez ezik, «tartean geratu dena ere idatzita geratzen da txip moduko batean. Arraina nondik nora ibili den, zenbat aldiz bisitatu duen errute lekua edo jateko hemengo eremu hau…».

Ur azpian ibili behar dutenez, txip horiek ez dute GPSa baliatzen. Hiru erreferentzia ematen dituzte: sakonera, tenperatura eta argia. Erloju bat ere badute. Ikertzaileen egitekoa da datuak interpretatzea: «Argiaren datua edukita, ikusten da zer ordutan argitu duen eta zer ordutan ilundu. Horren arabera, badakigu arraina zer longitudetan ibili den, eta kalkulu batzuk egiten ditugu posizioa ateratzeko».

Atunen markatzea 2

Hondarribian markatutako hegaluze bat Venezuelan aurkitu dute / Azti-Tecnalia

Marka elektroniko batzuk barruan sartzen zaizkio arrainari, bertatik kanpora ateratzen den antenatxo batean dago argiaren sentsorea, eta informazioa txipera bidaltzen du. Horrek esan nahi du arraina harrapatzea ezinbestekoa dela informazio hori berreskuratzeko. Badaude, hala ere, bestelako marka elektronikoak ere, Arrizabalagak azaldu duenez. Pop-up izenekoak dira: «Arrainaren kanpoaldean doaz, eta urazalera ateratzeko programatuta daude. Orduan, informazioa satelite bidez iristen zaigu laborategira. Ez dago arraina harrapatu beharrik».

Marka elektronikoei esker ikusi dute, adibidez, hegalabur gazteak zeinen bizkorrak diren. Bi aste ingurutan egin dezakete Ternuatik Bizkaiko golkorako bidea. Dena dela, batez ere migrazio bertikalari buruzko informazioa biltzeko zaizkie baliagarriak txipak. Hau da, arrainak zenbateko sakoneran sartzeko ahalmena duten eta noiz murgiltzen diren jakin ahal izateko.

Bizkaiko golkoan dauden bitartean, hegaluzeek ez dute 50 metro baino sakonago jotzen. Azken finean, Arrizabalagak hausnartu bezala, arrainok itsasoan jauzika ikusi zituztelako garatu zituzten euskal arrantzaleek baxurako ur azaleko teknika tradizionalak: horiek harrapatzeko. Hala ere, ia mila metro behera murgiltzeko ahalmena dutela egiaztatu dute ikertzaileek marka elektronikoen bitartez.

«Bizkaiko golkotik pixka bat kanpora egiten dutenean, egunez, hegaluzea gero eta sakonera handiagoan aurkitu daiteke», azaldu du Arrizabalagak. Txipengatik ez ezik, horien tripak aztertzen dituztenean topatzen dituzten elikagai motei esker dakite hori, sakoneraren arabera jangaiak ere desberdinak baitira. «Bizkaiko golkoaren barruan daudenean, hegaluzeek urazalean egiten dute denbora gehiena, eta bertan dagoena jaten dute. Baina ur ozeanikoagoetan, gauez goian egoten diren arren, egunez sarriago joaten dira ur sakonetara. Horrenbestez, badute gaitasuna janaria nahiko bolumen handietan bilatzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude