Erabilera anitzeko substantzia

(Berrian argitaratua, 2013/12/05ean)

Alan Scott oftalmologoak urteak zeramatzan toxina botulinikoaren balizko erabilera terapeutikoak aztertzen. Aurreko ikerketa batzuek eta Scotten beraren esperimentuek iradokitzen zuten baliagarria izan zitekeela estrabismoa tratatzeko. Substantzia horrek, neurrian baliatuta, muskuluen gehiegizko aktibitatea murrizteko ahalmena zuela zirudien, eta horretan datza estrabismoa: begi globoa mugiarazten duten muskuluen hiperaktibitatea da. Toxina hark gizakiengan izan zuen lehen aplikazio kliniko ofiziala izan zen, 1980an.

Tratamenduak albo ondorio bitxi bat zuen. Injekzioa sartzen zen tokian, azala lautu egiten zela zirudien, zimurrak desagertzen zirela. Gerora botox izen komertzialarekin ezaguna egin den toxina horrexegatik da ospetsua, bere efektu estetikoengatik, nahiz eta ez den, inondik inora, bere erabilera nagusia. Hogei urte bete dira aurten toxina botulinikoa Euskal Herrian merkaturatu zutenetik, baina ez kirurgia estetikoan baliatzeko; aplikazio horretarako baimena duela hamar urte eskas eman zioten, orain aspaldiko kontua badirudi ere. Neurologian, dermatologian eta, noski, estrabismoa tratatzeko, lehenago eta sarriago erabili izan dute.

Botoxa

B motako toxina botulinikoa / Guy with the camera – CC BY-SA 2.0

Medikuntzan nahiko berria bada ere, toxina botulinikoa aspaldi aurkitu zuten, eta ezin esan bere onurek egin zutenik ospetsu. Clostridium botulinum bakterioak sortzen duen proteina bat da, ezagutzen den substantziarik toxikoena. Botulismoaren eragilea da. Gaitz horrek muskuluen paralisi progresiboa eragiten du, eta arnas aparatuari eragin diezaiokeenez, hilgarria da; dena dela, gaur egun ez da horren arrunta eta badu tratamendua. Toxina berez hain da arriskutsua, ezen arma kimiko ikaragarri hilgarria izan baitaiteke; Genevako Bileretan espresuki debekatu zuten hura gerrarako baliatzea.

Hala ere, zorionez ikertzaileek jakin dute hari neurria hartzen, medikuntzaren onurarako. Zehazki, A eta B barietateko toxina botulinikoak du aplikazio klinikoa. «A motakoa da erabiliena, medikuntzan zein estetikan, baina paziente guztiek ez dute ondo erantzuten; haien artean % 5-10ek horren aurkako erresistentzia garatzen dute zenbait tratamendu zikloren ondoren. Orduan, B barietatea A motakoaren alternatiba bat da», azaldu du Susana Bildosola Donostia Ospitaleko dermatologoak.

Oso dosi eta gune txikitan aplikatuta da eraginkorra eta segurua toxina botulinikoaren terapia. «Lotura neuromuskularrean, nerbio periferikoaren eta muskuluaren arteko trantsizioan, azetilkolina askatzen da; neurotransmisore hori ezinbestekoa da muskuluak uzkurtzeko. Gune horretan du eragina toxina botulinikoak. Azetilkolinaren askatzea blokeatzen du, eta muskuluaren behin-behineko paralisia dakar horrek, nerbio egituretan lesio fisikorik eragin gabe», esan du Bildosolak.

Hiperhidrosirako egokia

Behin-behineko paralisi horri esker da estrabismoa tratatzeko baliagarria, baina beste gaitz askotarako ere bai. Dermatologo horrek, esaterako, hiperhidrosia (izerdi gehiegi jariatzea) duten pazienteei injektatzen die: «Toxina butolinikoaren eraginez izerdi guruinen aktibitatea erlaxatzen da, eta izerdiaren agerpena murriztu tratatu diren gune horietan; besapeak, eskuak eta oinak, adibidez. Esku eta oinazpietan aplikatzean injekzioak mingarriak izan daitezke, baina anestesia lokala aplikatuta leuntzen da arazo hori».

Hala ere, dermatologo horrek adierazi bezala, ziurrenik neurologiaren alorrean atera diote etekin handiena toxina botulinikoari orain arte. Adibidez, esklerosi anizkoitza, iktusa, garun paralisia eta beste zenbait gaitz neurologikoren ohiko sintoma bat da espastizitatea, eta hura tratatzeko baliatzen da. Espastizitatea izateak esan nahi du muskuluak ez direla erlaxatzeko gai, kontrakzio egoeran daudela etengabe. Mina eta ibiltzeko zailtasunak dakartza horrek, bai eta hazteko arazoak ere, haurrei eragiten dienean. Epe luzera aldaken luxazioa ere eragin dezake.

Toxina botuliniko bidezko tratamenduak muskuluak erlaxatzen laguntzen duenez, mugimendua errazten du, bai eta artikuluen kongruentziari eusteko baliabideak eman ere, hartara luxazioak saihesteko.

Bizkarreko min jakin batzuk eta gernu inkontinentzia tratatzeko ere baliatzen da toxina botulinikoa. Azkenaldian agentziek onartu dioten erabilera berrienetako bat migraina kronikoaren aurkako terapia gisa izan da, oso muturreko kasuetan. CGRP izeneko substantziak zerikusi handia du migraina agertzearekin, eta botoxa hari aurre egiteko gai da kasu batzuetan. Hiru hilabetetik behin buruko eta lepoko 30 bat puntutan botox injekzio oso finak sartzean datza tratamendua. Tratamendu oso berria da, eta migraina kronikoa duten erientzat balio du bakarrik, baina gutxienez buruko minen maiztasuna txikitzeko baliagarria dela dirudi.

Toxina botulinikoak dituen erabilera positiboen artean, beraz, kirurgia estetikoarena bat gehiago besterik ez da. Ez da ohikoena, ezta zaharrena ere, eta badirudi hurrengo urteetan ere topatuko zaizkiola aplikazio terapeutiko gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude