Erizaintza irauli zuen irudia

(Berrian argitaratua, 2013/11/07an)

Florence Nightingale (Florentzia, Italia, 1820-Londres, 1910) erizaintza modernoaren ama izan zen. Gaixoak gizatasunez zaintzeko neurriak hartu zituen, eta ospitaletako langileek eskuak behin eta berriz garbitu behar zituztela esan zuen, mikrobioek gaitzak eragin zitzaketela frogatuta ez zegoen garaian. Baina, ziurrenik, ez zuen lortu izango neurri horiek erietxe guztietara orokortzerik, estatistikarako ere trebezia aparta izan ez balu. Grafiko mota berri bat sortu zuen, infekzioek gerra ospitaleetan eragiten zuten triskantza irudikatzeko. Horri esker zabaldu zituzten begiak garai hartan osasun publikoan zeresana zutenek. Gaur, 19:30ean, Nightingaleri buruz hitzaldi bat izango da Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.

Nightingale Italian jaio zen, baina sendia berehala itzuli zen sorterrira, Ingalaterrara. Familia aberatsekoa izaki, diru aldetik ez zuen eragozpenik izan heziketa sendoa jasotzeko; bai, ordea, emakumea zen aldetik. Aitak bezala, matematika oso atsegin zuen Florence Nightingale gazteak, eta gurasoen aurreiritzien aurka egin behar izan zuen gogor, hura irakatsiko zion tutoreren bat jar ziezaioten. Bai eta lortu ere. Hala esan du Arantza Urkaregi Matematikako doktoreak eta gaurko hizlarietako batek: «Garai hartako emakumeek filosofia, kultura eta halakoak ikasten zituzten bakarrik. Nightingalek hortik atera nahi zuen. Matematika ikasten hasi zen, eta haurrei irakatsi zien gero, baina erizaintza ikasteari ekin zion berehala. Garai hartan, zientziak ez zeuden horren bereizita; ez zen orain bezala».

Florence Nightingale, 1860ko irudi batean

Florence Nightingale, 1860ko irudi batean

XIX. mende hasierako emakumea izaki, ez zuen unibertsitatera joaterik izan, baina asko irakurri zuen medikuntzaz eta erien artatzeaz, eta alor horietan garai hartan zeresan handia zuten pertsonak ezagutu zituen, bere familiak zuen sona handiari esker. Berez aisialdi bidaiak zirenak ere baliatu zituen atzerriko ospitaleetan nola lan egiten zuten ikusteko, gurasoek jakin gabe. Erlijioak eragin handia zuen Nightingalengan, eta aditu askok uste dute horregatik sorrarazten ziola halako ezinegona eta irrika erien ongizateaz arduratzeak.

Krimeako Gerrak (Itsaso Beltzean, gaur egungo Ukrainan) eman zion urtetan ikasitakoa eta hausnartutakoa aplikatzeko aukera. 1854an, Nightingalek berak trebatu zituen 38 emakume boluntariorekin batera, Uskudarren (Istanbul, Turkia) zegoen kanpaina ospitale batera bidali zuten, Britainiar Inperioko soldaduak artatzera. «Ospitaleko kondizioak beldurgarriak ziren. Zaurituek lokatzez eta odolez betetako uniformeak zeramatzaten jantzita, eta lurrean etzaten zituzten. Tokia gainezka zegoen. Nightingalek eriak garbitzeko agindu zien erizainei, arroparentzako garbitoki bat egin zuen, sukaldeak… ikaragarrizko hobekuntzak», azaldu du Txaro Uliarte erizainak eta gaurko solasaldiko beste hizlariak.

Neurri aitzindariak

Erizaintza modernoan funtsezkoak diren baina orduan huskeriatzat jotzen ziren neurriak hartu zituen Nightingalek. Eskuak garbitzea, adibidez. «Notes on Nursing (Erizaintzari buruzko oharrak) liburuan idatzi zuen erizainek oso maiz garbitu behar zituztela eskuak egun osoan, eta, aurpegia ere garbitzen bazuten, are hobe. Teoria mikrobiarra argitaratzeke zegoen oraindik; aurreratu egin zen», dio Uliartek.

Hartutako neurriak aitzindariak eta zuzenak ziren, baina hala ere, Nightingale iritsi eta hurrengo hilabeteetan, inoiz baino hildako gehiago izan ziren ospitale hartan. Une horretan, faktore batek egin zion ihes: eriak ez ezik, ospitaleak berak ere garbi egon behar zuen. Uliartek azaldu bezala, «hildakoen kopurua ez zen murrizten hasi britainiar gobernuak bidalitako batzorde bat bertaratu eta ospitalean bertan putzu septikoak eta gune kutsakorrak zeudela ikusi zuten arte. Jendea tifusak edo kolerak jota hiltzen ari zen ondorioz. Gaixoak ez ziren hiltzen soilik gerra zauriengatik, aire hori arnasteagatik baizik». Arazoa konpondutakoan, eta aurrez hartutako neurriak batuta, orduan bai, %42tik %2ra jaitsi zen ospitale hartako heriotza tasa.

1856an gerra bukatu eta etxera itzulitakoan, xehetasun handiz bildutako zifrak eta datuak eskuetan, ulertu zuen Nightingalek kanpaina ospitalearen garbiketak izan zuen garrantzia. Zifrok modu sinple eta ikusgarri batean erakutsi nahi zizkien agintariei, baina orduan baliatzen ziren grafikoek ez zuten balio. Hala, grafiko mota berri bat sortu zuen: azalera polarreko diagrama.

Azalera polarreko diagrama

Azalera polarreko diagrama. Krimeako Gerran hildako soldadu britainiarren heriotza kausak irudikatzen ditu diagramak. Urdinez ageri dira infekzioz hildakoak, arrosaz zauriz hildakoak eta beltzez beste kausaren batek eragindakoak. Ezkerreko diagrama txikiak ospitalea garbitu ondorengo egoera erakusten du; urdina txikituz doa, eta heriotza tasa orokorra ere bai.

«Normalean, grafiko batean, aldagai bat hartu eta horren maiztasuna irudikatzen da, eta barra diagrametan eman ohi da. Baina Nightingalek denbora eta gaixotasun motak adierazi nahi zituen. Hau da, bi aldagai mota sartu nahi zituen, eta maiztasuna erakutsi. Maiztasuna adierazteko azalera baliatu zuen. Zenbat eta azalera handiagoa, orduan eta hildako soldadu gehiago. Urdinez dagoen azalera da handiena, eta infekzioz hildakoak irudikatzen ditu», esan du Urkaregik.

Informazioa begietatik sartzea zen gakoa, eta hori lortu zuen Nightingalek. Zifrarik ez du ematen, baina diagramak inpaktua eragiten du, hunkigarria da: berehala ikusten da gerra zaurien ondorioz hildakoak gutxi batzuk izan zirela, ospitalean hartutako infekzioen erruz hildakoen aldean; eta egoerak izugarri egin zuela hobera putzu septikoak garbituta. Lehen, ospitale hark gaixoak erailtzen zituen. Agintariek ez zuten zalantzarik izan: ospitaleak eta erizaintza eraberritu behar ziren, infekzio fokuak saihestu.

Nightingale erizaintza modernoaren gidari izan zen handik aurrera. Esaterako, historiako aurreneko erizaintza eskola laikoa sortu zuen Londresko San Tomas ospitalean. «Ez zuen berak irakasten, baina gainbegiratu eta asko idazten zuen. Tratatu bat idatzi zuen prostitutei laguntzeko, beste bat haurrentzako… Uste dut alor guztiak ukitu zituela», dio Uliartek. Gaur egun ere, berak utzitako ondarea nabarmena da: «Ospitaleetako banaketan, adibidez: 30 oheko erizaintza gela bat egotea, berehalako zerbitzuak, infekzioen kontrolerako gela egotea… hori guztia Nightingalek diseinatu zuen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude