Errotik zuzendu beharrekoa

Autoaren ordez garraio publikoa edo bizikleta hartuta, klima aldaketarekin arduratsu jokatzeko erabaki bat hartzen ari da norbanakoa; begi bistako neurri bat, nolabait. Baina haragi mota bat edo beste aukeratzeak, astean xerra bat gehiago edo gutxiago erosteak, organikoen zabor poltsa egun pare bat lehenago edo geroago betetzeak… horrek ere eragin handia du atmosferara doazen gasen isurian.

Klima aldaketa ikertzen duen BC3 zentroan egiten du lan Agustin del Pradok; nekazaritzan eta abeltzaintzan isurtzen diren eta berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko neurriak ikertzen ditu, besteak beste. Zentro horrek berak gaur egingo du Klimagune jardunaldia, eta hitzaldi bat emango du Del Pradok: Elikagai, pentsu eta nekazaritza sistema jasangarrietaranzko trantsizioa. Horren ondorioak ulertzen al ditugu?. «Eskala lokalean jasangarria dirudien hori ziurrenik ez da hala izango eskala globalean. Jasangarritasunak datu absolutuak izan beharko lituzke kontuan, ez herri bakar batenak. Erabateko gizarte eraldaketa behar da horretarako».

Klimagune

Abereentzako pentsua urrutitik inportatzen dute gaur egun, eta ingurumen arazo handia dakar horrek / Agustin del Prado

Jakina da karbono dioxidoak berotegi efektuan duen eragin handia, baina badira horretan zerikusia duten eta gizakiak ekoizten dituen beste bi gas ere: metanoa eta oxido nitrosoa. Biak ala biak erruz isurtzen dira nekazaritzan eta abeltzaintzan. «Giza ekarpena duen metano isuri gehientsuena abeltzaintzatik dator: animalia hausnarkariek sortzen dute batez ere, eta gorotzaren bitartez, animalia guztiek. Hirugarren iturri nagusia arroz soroak dira. Urak hartutako eremuetan daudenez, zoruak oxigeno gutxi du hor, eta metano isuriak sortzen dira», dio Del Pradok.

Oxido nitrosoari dagokionez, isuri handienak modu naturalean gertatzen badira ere, gas honek jatorri antropogenikoa duen kasuen %66an, nekazaritzarekin du lotura; ongarri nitrogenatuen ekoizpenarekin batez ere. Aho biko ezpata da: batetik, ongarri horren ekoizpenak berotegi efektua handitzen du, baina, bestetik, azken hamarkadotan prozesu hori baliatu izan ez balitz giza populazioa gaur egungoaren erdia litzatekeela kalkulatu du Nitrogenoaren Europar Ebaluazioak. «Alde positiboa da laboreen produktibitatea handitzeko aukerarekin zerikusi zuzena duela, baina aldi berean, leguminosoen berezko ahalmena gutxiago baliatu da, eta berez ez dute zertan hainbeste nitrogeno behar proteinak ekoizteko», azaldu du Del Pradok.

Gas horien isuria kontrolatzeko eta optimizatzeko ikertzen dihardute BC3n eta beste zenbait zentrotan, baina, batez ere, errotik hartu beharreko beste neurri batzuk dituzte jomugan. Izan ere, nekazaritzaren gaur egungo eskaintza halakoa da, eskariak zeresan handia duelako horretan: populazio globalak ikaragarri egin du gora azken hamarkadotan, eta, gainera, herrialdeak zenbat eta gehiago aberastu, orduan eta haragi gehiago jaten dute; metano ugari isurtzen duten behikiak, batez ere.

Horri lotuta, beste faktore bat azpimarratu du Del Pradok: «Kasu askotan nekazaritzaren deslokalizazioa gertatu da, abeltzaintzarekiko. Lotura galdu da pentsuaren ekoizpenaren eta horren helburu diren animalien artean. Gaur egun, abeltzaintzan, pentsu forma hartzen duten elikagai gehienak beste nonbaitetik datoz. Prezio eta bideragarritasun kontuengatik hartzen du abeltzainak erabaki hori. Arazo estruktural bat da, ez dagokio bakarrik abeltzaintza edo nekazaritzari».

Jasangarritasun arazo nabarmena dakar horrek: pentsuaren eta animaliaren artean zenbat eta bitartekari gehiago egon, orduan eta baliabide gehiago galtzen dira bidean alferrik. Zer esanik ez, lehengaia ez ezik, erosten den produktua bera atzerritik datorrenean: supermerkatuetan sarritan gertatzen da hori.

Horren harira, Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak emandako datu bat azpimarratu du Del Pradok: «Munduan ekoizten diren laboreak kaloriatan neurtzen baditugu, heren bat animalien pentsuetarako baliatzen da, eta beste heren bat katearen edozein puntutan galtzen da alferrik. %6 erabiltzen da bakarrik bioerregaietarako. Proteinei buruz ariko bagina, zifrak are kezkagarriagoak izango lirateke».

Baina ez hori bakarrik. Deslokalizazio horrek irakurketa okerrak eragin ditzake jasangarritasunaren inguruan. «Dena zuk ekoitzi nahi baduzu, horretarako hektarea dezente behar dituzu, eta Euskal Herrian oso zaila da hori. Badaude ekoizpen sistema jasangarri batzuk, baina ustiatze eremu hori bere horretan hartuz gero bakarrik jo ditzakegu jasangarritzat, eta ez eskala globalean. Izan ere, gero jendeak inportatutako elikagaiak erosten baditu, edo hemen ekoitzi baina pentsua Hego Amerikatik badator eta hura ekoizteko hango oihan bat soildu badute, ingurumen arazoa beste norabait bidaltzen ari gara», esan du Del Pradok.

Ikertzaile honek azaldu bezala, irtenbidea ez du gailu berritzaile batek edo aurkikuntza aurrerakoi batek ekarriko. Gizartearen jarrera aldaketa da funtsezkoa, eta hezkuntza, horretarako gakoa: «Kontzientziazioa oso garrantzitsua da. Esaterako, alor honetan heziketa sustatzen duten programak egon beharko lirateke eskoletan. Kontsumitzaileari irakatsi behar zaio zer aukera dituen erosten duenean, eta horietako bakoitzak ondorio batzuk dituela. Baina jakina, kontzientziaziorik gabe, nekez egongo da inor produktu batengatik zertxobait gehiago ordaintzeko prest».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude