Argi printza bat umeentzat

(Berrian argitaratua, 2013/11/21ean)

Garuneko tumoreaz «maitemindu» egin zela dio Marta Alonsok (Lodosa, Nafarroa, 1974). Hala esanda ez du oso gauza atsegina ematen, baina bere lanarekiko duen grinaren erakusgarri da. Biologo horrek leuzemia hartu zuen ikergai bere tesian, baina doktoretza ondokoa egitera Houstonera (Texas, AEB) joan, eta orduan ekin zion garuneko minbizia aztertzeari. Laborategi bat zuzentzen du orain Nafarroako Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroan, eta For Women in Science (Zientzian diharduten emakumeentzat) beka eman berri diote, haurren tumoreen aurka garatzen ari den terapia bat finantzatzen laguntzeko.

«Birus batekin ari gara lanean. Eraldatu egin dugu tumore zelulak bakarrik hil ditzan, eta ez zelula normalak. Birusa bere horretan balia dezakegu, edo zenbait sendagai edo estrategiarekin konbinatuta (immunoterapia, adibidez), gaitza ea senda dezakegun ikusteko», laburbildu du.

Marta Alonso

For Women in Science izeneko beka eman berri diote Marta Alonsori, haurren garuneko tumoreak ikertzeko / Manuel Castells – Nafarroako Unibertsitatea

Berez, haurrentzat garatzen ari diren ikerketa hori, aurrez helduekin egiten ari diren beste lan batetik abiatzen da. Alonsok azaldu bezala, ordea, haurrei ezin zaizkie helduen terapiak besterik gabe aplikatu. Zantzu askok erakusten dute zeinen desberdina den garuneko tumore bat tratatzea bizitzaren lehen urteetan gertatzen denean: «Gero eta datu genetiko gehiago agertzen ari dira, eta ikusten ari gara helduen tumoreekin alderatuta oso desberdinak direla, eta, beraz, ez dute berdin erantzuten. Ez dira haurrak helburu dituzten asko egiten, eta, oro har, helduei ondo doazkien gauzak aplikatzen zaizkie. Gero, askotan, haientzat ez du balio izaten, edo oso desberdin jokatzen du haiengan».

Haurren garuneko tumoreak ohi baino are hilgarriagoak direla adierazi du Alonsok; bizirik irauten duten kasuetan ere, gaitzaren aurka baliatutako terapiek helduei baino askoz ere kalte larriagoa egiten diete: «Haurrak hazten ari dira, eta erradioterapiak urritasun kognitiboa, hormonala… eragiten die. Sendatzen direnak ez dira asko izaten, eta, gainera, ondorio larriak jasaten dituzte. Ezin dute bizimodu normalik egin». Hori horrela, berariaz haurrentzat sortutako saiakuntzak diseinatu behar direla azpimarratu du.

Delta 24-RGD izeneko adenobirusa da ikerketaren abiapuntua. Katarroa eragiten duen ohiko birus bat da, berez, baina genetikoki manipulatu dute, eta, horrela, zelula guztiei berdin eraso beharrean, soilik garuneko tumore zelulak hiltzen ditu. Birus horrek minbiziaren aurka egiteko duen potentzialaren berri Houstonen izan zuen Alonsok, MD Anderson Minbiziaren Zentroan Juan Fueyo eta Candelaria Gomez-Manzano ikertzaileen agindupean lanean aritu zenean. «Duela 15-20 urte loraldia izan zen terapia genikoaren ikerketan. Ikertzaileak askotariko birusekin ari ziren saiakuntzak egiten, eta ni lanean nengoen laborategiko buruak horrekin zebiltzan. Orain egiten ari naizena ordukoaren jarraipena da, nolabait», esan du.

Hain zuzen ere, Houstongo laborategi horretan egina dute saiakuntza kliniko bat, manipulatutako birus hori glioblastoma (garuneko minbizi mota oso hilgarri bat) duten helduei aplikatuta. Alonso Houstonen zenean ekin zioten lan horri, eta iaz bukatu zuten. Helduekin lortu dituzten emaitzek itxaropena eman diote, haurrekin ikertzen jarraitze aldera: «Minbizia behin eta berriz berragertu zaien gaixoekin egin dute lan, eta, hiru urte igarota, horien artean %10ek ez du tumorerik orain. Helduen glioblastoma kasuetan, denak hil egiten dira normalean. Orduan, nahiz eta portzentajea oso txikia izan, zifra horren barruan dagoenarentzat oso garrantzitsua da. Saiatuko gara ulertzen ondo erantzun dutenek zergatik erantzun duten ondo, eta ea zer egin dezakegun besteek erantzun dezaten».

Houstongo ikerketa horretan oinarrituta, eta urtetan laborategian lan egin ondoren, aurtengo irailean helduentzako saiakuntza kliniko bat hasi dute Nafarroako Unibertsitatea Klinikan; hango ikertzailea ere bada Alonso. Desberdintasun nagusia zera da, gaixoei manipulatutako birusa txertatzeaz gain, temozolomidarekin konbinatuko dutela terapia. Horixe da garuneko minbizia tratatzeko gaur egun erabili ohi den sendagaia, eta, Alonsok animaliekin egindako esperimentu batean ikusi duenez, «biek elkarrekin halako sinergia bat dute, tumore zelulak gehiago hiltzen dituzte».

Helduena martxan jarrita, haurren ikerketaren garapenean aurrera egiteko buru-belarri ari da orain. «Nahikoa diru biltzea lortzen badut, espero dut 2014aren bukaeran edo 2015ean saiakuntza kliniko bat egiteko moduan izatea. Fase klinikotik oso gertu gaude», esan du.

Izan ere, in vitro zein animalietan egindako probek emaitza onak eman dituztenez, zuzenean gaixo dauden haurrekin aritzeko urratsa hurreratzen ari da. Baina ez hori bakarrik. Birus hori aplikatuta helduekin egin diren entseguek erakutsi dute tratamendu berri horrek ez duela toxikotasunik, eta hori oso azpimarratzekoa dela dio Alonsok: «Aurrera egiteko indarra ematen dizu. Terapia honek, funtzionatzen ez duen kasuetan ere, gutxienez ez du minik egiten. Kimioterapia gehienek jota uzten dute gaixoa. Orduan, ikusita beste tratamendu honek emaitza on batzuk eman dituela eta, gainera, toxikotasun oso txikia duela, animatzen zaitu probatzen saiatzeko».

Minbiziaren alorrean prestigio handia duen zentro batean trebatutakoa

Marta Alonso Roldanek Biologia ikasi zuen Opuseko Nafarroako Unibertsitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikora egin zuen jauzi gero, hango erizaintza eskolan defendatu baitzuen doktore tesia. Hura bukatuta, Houstongo MD Anderson minbiziaren ikerketa zentro prestigiotsura joan zen doktoretza ondokoa egitera. Zazpi urteren ondoren, Ramon y Cajal beka bat lortuta, Nafarroako Unibertsitatera itzuli zen. Laborategi bat zuzentzen du hango Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroan.

Jaso berri du L’Oreal UNESCO For Women in Science beka, 40 urtetik beherako emakumeentzakoa. 300 hautagai inguru izan dira aurten, eta, Alonsorekin batera, beste lau ikertzaileri eman diete, orain arteko haien ibilbide oparoan oinarrituta. Zehazki, 15.000 euro jasoko ditu Alonsok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude