Txikia ari da heltzen

(Berrian argitaratua, 2014/01/30ean)

Nanoguneren ibilbidea segitu duenak entzun du, behin edo behin, honako lelo hau: txikiaren erronka handia. Txikia, ikergai duen eskalaren aldetik, baina Euskal Herritik mundua oso handi ikusten delako ere bai. «Erronka ere bada txikiak izanik, herrialde txiki bateko zentro txiki bat izanik, ezagun eta berezi egingo gaituen esparrua aurkitzea», esan du Jose Maria Pitarke zuzendariak. Gaur bost urte zabaldu zituen ateak nanozientziaren ikerketa zentroak, EHUren Donostiako campusean duen egoitzan.

Izenean ondo igartzen zaio: nanometroaren eskalako materia du ikergai nanozientziak. Atomoak, molekulak, horien portaera eta horiek manipulatzeko aukerak. Ordenagailuak gero eta arinagoak badira eta, hala ere, gero eta ahaltsuagoak, nanozientzia eta nanoteknologiari esker dira. Alor horren ekarpen oparoaren adibide bat besterik ez da.

Nanogune

Nanogunek grafenoa ekoitzi eta merkaturatzen du, Graphenea enpresa egitasmoaren bidez / Luis Jauregialtzo – Argazki Press

Pitarkek azaldu bezala, ekorketazko tunel mikroskopioaren sorrera izan zen mugarria nanozientziaren garapenean. Gerd Biningek eta Heinrich Rohrerrek sortu zuten Zurichen, 1981ean: «Materia atomoz atomo ikustea ahalbidetu zuen, eta ez hori bakarrik, mugiaraztea ere bai. Nik garai hartan egin nuen tesia, 80ko hamarkadaren bukaeran, eta horixe nuen arloa: tunel mikroskopioaren azterketa, alde teorikotik. Orduan ez zen nano hitza erabiltzen, baina nire ikerketak harremana zuen nanozientzia kontuekin».

Ia bi hamarkada geroago, 2005ean, iradoki zion Pedro Miguel Etxenikek nanozientziaren ikerketa zentro bat sortzeko aukera, Pitarke Cambridgen egonaldi bat egiten ari zela: «Etxenike bisitan etorri zen. CIC Bioguneren inaugurazioa izan berri zen, eta aipatu zidan Eusko Jaurlaritzan bazegoela asmoa beste CIC bat [ikerketa kooperatiboko zentroa] sortzeko, nanozientziaren arloan. Horrela hasi zen».

Pitarkek urte hartako irailean bertan aurkeztu zion proposamen zehatz bat Joseba Jauregizar Jaurlaritzako garai hartako Teknologia zuzendariari. 2005 hartako abenduan Espainiako Ministerioak proiektu erraldoiak finantzatzeko Consolider deialdia zabaldu zuen, eta ez zuten aukera alferrik galdu. 2006ko irailerako, Pitarke lanaldi osoz ari zen CIC Nanogune Consolider zentroko zuzendari lanetan. Bi urte eta erdi geroago zabaldu zuten egoitza. «Proiektua hutsetik hastea, hori izan da niretzat erakargarria. Eta proiektua diseinatu ahal izatea, garai hartan aurreikusten nuenaren arabera. Erronka bat izan da niretzat», esan du zentroko zuzendariak.

Grafenoaren plasmoiak

Gaur egun, hamaika Ikerbasque ikertzaile ditu Nanogunek, 81 ikertzaile guztira, eta administrazioan jarduten dutenak kontuan hartuta, 91 laguneko lantaldea. Bi enpresa sortu dituzte eta hirugarrena bidean da; bai eta makina bat artikulu argitaratu ere, horietako batzuk Nature eta Science prestigio handieneko aldizkarietan.

Hain zuzen, Rainer Hillenbrandek zuzentzen duen taldeak 2012ko ekainean Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa bat aipatu du Pitarkek, Nanoguneren ekarpenaren erakusle: «Grafenoaren elektroien talde kitzikapenak Donostian ikusi ziren munduan lehen aldiz, Nanoguneko gure laborategietan. Grafenoaren elektroiak era kolektiboan kitzikatu daitezke, normalean duten baino energia gehiago izanarazi. Hori oso efektu garrantzitsua da metaletan eta beste material batzuetan, baina grafenoaren kitzikapen horiek, plasmoiak izenekoak, lehen aldiz gurean ikusi ziren».

Grafenoak zeresan handia du ikerketa zentro horren orain arteko ibilbidean. Izan ere, bertan sortutako lehen enpresa egitasmoak, Grapheneak, grafitotik abiatzen den material berritzaile hori du oinarri. «Nanogune inauguratu eta urtebetera sortu genuen, grafenoa ekoizteko nahiz grafenoan oinarrituriko teknologia garatzeko. Gaur egun mundu osoan saltzen ari gara, eta oso ongi doa», dio Pitarkek.

Izan ere, sortu dituzten eta sortzen ari diren enpresa egitasmoek berebiziko garrantzia dutela azpimarratu du zuzendariak. Graphenearen ondotik, Simune izena du sortu duten bigarren enpresa egitasmoak, eta eskala atomikoko simulazioak merkaturatzea du helburu. Aurki abiaraziko dute hirugarrena, Euskal Herriko bi enpresarekin batera, eta funtzionalizatutako estaldurekin du zerikusia: «Atomoz atomoko estalduren bitartez, nahi diren propietateak emango dizkiegu materialei». Bezeroaren beharren neurrira sortutako materialak ekoitziko dituzte, beraz.

Nanogune ez zen propio sortu halako egitasmoak abiarazteko, baina Pitarkek azpimarratu bezala, hasieratik lantalde eta azpiegitura sendoak eduki izan ez balitu, ezinezkoa izango zen enpresok sortzea. «Aukera egon zenean, inbertitzaile pribatu batzuek esan zigutenean grafenoan inbertitu nahi zutela, une hartan genuen prestakuntza eta posizionamendua baliatu ahal izan genituen, aukera hori identifikatu eta grafenoaren ekoizpenean aitzindariak izateko», dio, Graphenearen harira.

Nanoaren dibulgazioa

Gizarteari begira, nano kontzeptua bereziki azken hamarkadan egin da ezagun munduan, eta hala gertatu da Euskal Herrian ere. Alor horretan izan den ikerketaren bilakaera naturalak ekarri du hori Pitarkeren ustez, baina ezin uka, euskal gizartearen kasuan, berak zuzentzen duen zentroak izan duen inpaktua.

«Mundu osoan nanozientzia garatu arren hemen nanozientziaren inguruan ezer egingo ez balitz, bertoko jendea agian ez litzateke garapen horretaz hainbeste jabetuko. Zinez uste dut Nanogunen nahikoa ekarpen egin dugula horretan. Gure zeregin nagusia ikerketa egitea da, eta gure egitekoa ere bada enpresa egitasmo berriak sortzea. Baina egiten dugunaren dibulgazioan ere izan dugu hanka bat. Gainera, gure ateak irekita izan ditugu beti edonorentzat; ikasleak gure zentrora etor daitezen, adibidez. Hitzaldiak eman ditugu, gure laborategiak erakutsi ditugu… Uste dut horrek ere eragina izan duela», esan du.

Hemendik aurrera ere zentroak bikaintasunari eutsiko diola dio Pitarkek. Ikertzaile nagusiek zuzenduko duten ikerketaren bikaintasuna bermatuta dago, eta azpiegitura ere hortxe dago. Baliabide horiei etekina ateratzen asmatzean dago etorkizuneko gakoa, txikiaren erronka handia. «Orain arte aukerak identifikatzen jakin dugu. Orain, punta-puntako ikerketa egiten jarraitzeaz gainera, gaur egun imajinatzen ez ditugun aukera berriak etorkizunean aprobetxatzeko gai izatea da gure benetako erronka. Hemen egiten duguna enpresetara edo egitasmo berrietara transferitzea», adierazi du.

2 erantzun “Txikia ari da heltzen” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude