Etiketa honen artxiboa: Arkeologia

Lydia Zapata: «Zer haragi jaten zuten badakigu, baina landareei buruz ez dakigu ezer»

(Berrian argitaratua, 2014/01/02an)

Europako ikertzaileei ematen zaien beka handiena jasoko du Lydia Zapata (Bilbo, 1965) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) arkeobotanikariak. Ondo bidean, 1,9 milioi euroko finantzaketa lortuko du bost urterako, Europako Ikerketa Batzordeak ematen duen ERC Grant bekari esker. Lehenbizikoz, consolidator kategoria sortu dute deialdian, doktore tesia duela bost eta hamabi urte artean defendatu duten ikertzaileentzat, eta hor lortu beka Zapatak (duela hamabost urte defendatu zuen berak, baina luzapena dagokio ama izateagatik). Mendebaldeko mediterraneoko landareen erabilera Paleolitoan du izena aurkeztu duen proiektuak. Diru horri esker, lan horretarako kontratazioak egingo ditu aurten.

Historia ikasi zenuen, arkeologo izateko. Baina zergatik aukeratu zenuen arkeobotanika, zehazki?

Kasualitatez. Zortea izan nuen, Londresko University Collegen aritzeko beka bat jaso nuelako. Horra heldu nintzenean ez nuen oso garbi zer egin. Une horretan unibertsitateko Arkeologia Institutuan oso indartsu zebiltzan ingurune arkeologiaren alorra jorratzen, eta pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela halako espezialitate batean lan egiteko. Garai hartan egur-ikatz asko nuen, Londresera joan aurretik egindako indusketetatik hartua, eta horrekin hasi nintzen lanean. Material hori eskura neukalako eta Londresen espezialitate horretan ikerketa polita egiten ari zirelako aukeratu nuen.

Lydia Zapata

Lydia Zapata / Luis Jauregialtzo – Argazki Press

Continue reading