Etiketa honen artxiboa: Biologia

Argi printza bat umeentzat

(Berrian argitaratua, 2013/11/21ean)

Garuneko tumoreaz «maitemindu» egin zela dio Marta Alonsok (Lodosa, Nafarroa, 1974). Hala esanda ez du oso gauza atsegina ematen, baina bere lanarekiko duen grinaren erakusgarri da. Biologo horrek leuzemia hartu zuen ikergai bere tesian, baina doktoretza ondokoa egitera Houstonera (Texas, AEB) joan, eta orduan ekin zion garuneko minbizia aztertzeari. Laborategi bat zuzentzen du orain Nafarroako Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroan, eta For Women in Science (Zientzian diharduten emakumeentzat) beka eman berri diote, haurren tumoreen aurka garatzen ari den terapia bat finantzatzen laguntzeko.

«Birus batekin ari gara lanean. Eraldatu egin dugu tumore zelulak bakarrik hil ditzan, eta ez zelula normalak. Birusa bere horretan balia dezakegu, edo zenbait sendagai edo estrategiarekin konbinatuta (immunoterapia, adibidez), gaitza ea senda dezakegun ikusteko», laburbildu du.

Marta Alonso

For Women in Science izeneko beka eman berri diote Marta Alonsori, haurren garuneko tumoreak ikertzeko / Manuel Castells – Nafarroako Unibertsitatea

Continue reading

Zeluletako garraio sistema aparta xehatzeak izan du saria

(Berrian argitaratua, 2013/10/08an)

James E. Rothman, Randy W. Schekman eta Thomas C. Sudhofek jasoko dute Medikuntza edo Fisiologiako Nobel saria, besikulen trafikoaren alorrean egin dituzten aurkikuntzengatik. Zeluletako garraio sistema nagusia da besikulen trafikoa, eta hori erregulatzen duen makineria perfektuaren gakoak argitzeko ekarpen handia egin dute hiru ikertzaileek. Nobel sari horren epaimahaiak atzo eman zuen erabakiaren berri, Suedian. Gaur Fisikako garaikurra norentzat den iragarriko dute, eta, bihar, Kimikaren txanda izango da.

Gorputzeko zelula bakoitzak askotariko funtzioak gordetzen ditu bere barruan, eta konpartimentuak baliatzen ditu funtzio horiek bereizteko. Zelulan bertan ekoizten diren molekulek konpartimentu batetik bestera joan behar izaten dute bere lana betetzeko, eta, horretarako, besikulak dituzte garraiobide. Burbuila txikiak balira bezala, besikulek molekulak hartu eta dagozkien konpartimentura eramaten dituzte, dagokien unean. Continue reading

Are atzerago eta are ahaltsuago

(Berrian argitaratua, 2013/09/19an)

Zelula baten erloju biologikoa atzerarazi daitekeela badakigu gaur egun. Zelula heldu bakoitzak ondo daki bere funtzioa zein den, baina heldugabe diren une horretara itzultzeko birprogramatu daitezke. Hastapenera eraman, oraindik nork bere espezializazioa ez duen puntu horretara: berriz zelula ama enbrionario baten ezaugarriak izatera. Hala frogatu zuen Shinya Yamanakak duela hamarkada bete. Orain, iazko Medikuntzaren Nobel saridunak in vitro lortu zuena in vivo egin dute Espainiako Onkologia Ikerketen Zentroan (CNIO).

Emaitza horren berri ematen duen artikulua joan den astean sareratu zuten Nature aldizkariaren webgunean —Maria Abad da lehen egilea bertan—. Urrats bat gehiago medikuntza birsortzailearen ibilbide luzean. Izan ere, etorkizunean, oraindik funtzio zehatzik ez duten zelulek agian aukera emango dute nahi diren bidetik eraman ahal izateko, sendatu nahi den ehun jakin horrek behar duen zelula mota bihurtzeko. Hori da helburua, behintzat.

Manuel Serrano eta Maria Abad, artikuluaren lehen egilea

Serrano eta Maria Abad, artikuluaren lehen egilea / CNIO

Continue reading