Etiketa honen artxiboa: Kultura zientifikoa

Egoitz Etxebeste: «Oso pertsonaia puskatzaileak izan ziren askotan»

(Berrian argitaratua, 2013/12/19an)

Elhuyar Fundazioak Lunatikoak liburua argitaratu du. Egoitz Etxebestek (Oiartzun, 1978) aldizkarirako idatzitako 40 artikulu ilustraturen bilduma da. Historiako zenbait zientzialariren pasarteak kontatu ditu, testu liburuetan agertzen ez diren horietakoak.

Elhuyar Aldizkariko Istorioak ataleko testuak biltzen ditu liburu honek. Nola hasi zineten artikulu horiekin?

Lankide batek gai bat ekarri zuen, aldizkarirako idazten ditugun artikuluetarako. Ikusi zuen XVIII. mendean izan zela Lunatikoen Kluba deitu zioten elkarte bat, eta garai hartako punta-puntako hainbat zientzialari zebiltzan hor. Berez aldizkariko artikulu normal bat bezala jaio zen, baina istorioak ematen zuen aukera nolabait modu literarioagoan idazteko. Manu Ortegari eskatu genion ilustrazioa egiteko, eta asko gustatu zitzaigun nola geratu zen. Gainera, aldizkaria berritzeko garaian genbiltzan, eta pentsatu genuen atal oso polita izan zitekeela, ilustrazioekin jokatu eta zientziaren istorio ez horren ezagunak kontatzeko.

Egoitz Etxebeste

Egoitz Etxebeste / Danel Solabarrieta – Elhuyar Fundazioa

Continue reading

Jon Mattin Matxain: «Kultura zientifikoa ez da zientziaz jakitea: jarrera bat da»

(Berrian argitaratua, 2013/10/17an)

Irailaren 25ean #KulturaZientifikoa etiketak hartu zuen Twitterreko txiolari euskaldunen denbora lerroa. Zientzian eta zientziaren dibulgazioan diharduten zenbait lagunek martxan jarritako ekinaldia izan zen. Jon Mattin Matxain (Iruñea, 1975) EHUko kimikariari eta Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe blogaren egileari otu zitzaion ideia, eta berehala topatu zituen bidelagunak. Zer hobetu badagoela uste du, baina, oro har, gustura dago emaitzarekin: 221 txiolarik erabili zuten proposatutako traola.

#KulturaZientifikoa etiketaren ekinaldiak bat egiten al du zure blogaren helburuekin?

Ez, Kultura Zientifikoa etiketarena gauza jakin bat izan zen. Maiatzaren bukaeran antzeko ekinaldi bat egin zuten gaztelaniaz, #FisicaCuantica etiketarekin, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Orduan, otu zitzaidan euskaraz ere horrelako zerbait egin genezakeela. Ideia sarean proposatu nuen, jendea erantzuten hasi zen eta #KulturaZientifikoa aukeratu genuen. Gai jakin bat izan beharrean gai orokor bat aukeratu genuen, ahalik eta jende gehien bateratzeko. Eta horrela batu ziren Elhuyar Fundazioa, unibertsitateko jendea, teknologia zentroak, Ikerbasque…

Jon Mattin Matxain, Kultura Zientifikoa ekimenaren sustatzailea

Jon Mattin Matxain, Kultura Zientifikoa ekimenaren sustatzailea

Continue reading