Deserrotutakoa herrira bueltatzen denean

Un otoño sin Berlin (Lara Izagirre)

Zinemagile zornotzarraren estreinako fikziozko film luzea da. Zornotzan bertan errodatu zuen joan den udazkenean, eta kontatzen du jaioterrira itzultzen den deserrotutako emakumezko gazte baten drama.

Junek (Irene Escolar) 25-28 bat urte dauzka, eta Kanadara alde egin zuen amaren heriotzaren ondoren, familia eta Diego mutil-laguna atzean utzita. Bueltatu da, ordea (ez da zehazten zenbat denbora igaro duen atzerrian), eta bere etorrerak eragindako susmo txarrei aurre egin beharko die. Supermerkatu batean lan egiten duen lagun minak, Anek, haurdun dagoenak, leporatuko dio ez diola deitu kanpoan egon den bitartean, adibidez; aitak (Ramon Bareak jokatu du rol hori) ez dio hitzik zuzendu ere egiten; eta Diegok, etxean ostatu emango dion arren, nekez oparituko dio irribarre bat, konprenituko du Juneren mina.

Begiradan nabari zaion min bat gordetzen baitu Junek, pelikulako erabateko protagonistak. Ahaleginduko da, halere, zorrak kitatzeagatik edo bere bizimoduari zentzu bat emateagatik, denei laguntzen: Diego idazle-gai oinazetsu eta bakartiari, Pili haren amari eta frantsesa ikasi nahi ez baina bere amak horretara behartzen duen Niko haur maitagarriari, besteak beste. Eta hain zuzen, ume horren eskutik hasiko da protagonista bere barrenak argitzen. Ezin, ordea, inguruak eskaintzen dionarekin konformatu, eta Berlinera joateko intentzioa dauka.

Mimoz egindako filma da, goxotasuna bezala hoztasuna transmititzen du, eta planoak, argazkia eta June eta Diegok osatutako bikotearen estetika neohippiea-edo zein bizimodu posmodernoa-edo tentuz zaindu ditu Izagirrek. Escolarren interpretazioa txalogarria da, eta baita zuzendariaren ekina ere zerbait propioa sortzeko ahaleginean. Halere, lanak ez du gehiegizko indarrik, eta ez da erraza pertsonaiekin enpatizatzea eta egoera jakin batzuk sinestea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude