Sailkatu gabea

Hizkuntza eta muxuak

“Aurten berezia da”. Arrunt bihurtu den esaldi hori erabil daiteke espazio linguistikoekin ere. Nola Euskal Herriaren Aberri Egunean balkoietan jarri genituen gure ikurrin eta pankarta guztiak, 2020ko Galizaren Día da Patria ez da izan urteroko ospakizunen harrera jendetsuaren gertalekua. BNG alderdia eta Ceivar, Galiza Nova eta Anova erakundeak Santiago de Compostelan eta hainbat hiritan presente egon badira ere – bai aldarrikatuz eta bai segurtasun neurriak errespetatuz –, aurtengo ospakuntza ez da gogoratuko urteroko hitzordu zoragarriak bezala.

Dena dela, uztailaren 25 honetan, Aberri galiziarraren egunaren mendeurrena ospatzen zen: izan ere, 1919ko azaroaren 7an, 8an eta 9an erabaki zen egun hori berezia izatea, Irmandades da Fala talde politiko eta kulturalaren eskutik, “immigranteen besta eta Santiago eguna” izateko asmoz.

Egun, 24 eta 25 bi egun horiek “nortasun galegoa josteko […] historia, musika, etnografia, mitologia eta feminismo arloetako espezialisten eskutik elkargune ireki eta plural”-tzat hartzen da.

Nós Diario egunkariak 48 orrialdeko edizio berezia argitaratu zuen egunaren kariaz, hainbat elkarrizketa, lekukotza eta eztabaigai bilduta. Izendatzaile komuna? Galegoa, hizkuntza. “Na fronte unha estrela, no bico un cantar” (izar bat kopetan, kanta bat muxuan) leloaz, 1920an jaio zen Galizaren nazioaren eguna, hau da, berbarekin ehundu zen ospakizuna, eta berbak berak elkarretaratzen du hainbat aldarrikapen eta ideia ezberdinak dituen jendea. “Herri honetan jaio zen orain dela 1.000 urte, eta ez da inongo talde politiko eta sozialen jabetza”, azaldu du Agustin Fernandez Paz idazleak.

Egunak zapore diferentea izan arren, militanteon espazioak ez dira eraikitzen kale edo egunkarietan soilik, baizik eta berrasmatzen dira, maiatzaren 17ko Día das Letras Galegas ospatu zen bezala: konfinamenduan bizi izan zenez, ekimenak eta partaidetza areagotu ziren sare sozialetan, #EuFaloGalego traola erabiliz. Real Academia Galega-k ipuin, jolas eta sormen-guneekin elikatua dagoen primaveradasletras.gal webgunea sortu zuen haurrentzat. Laburbiluz, sare sozialetan, bat eginda.

Sonia Dapena kazetariak publikatutako artikuluan aipatzen du geroz eta “tiktokeiros eta tiktokeiras” (TikTok ikus-entzunezko aplikazioaren erabiltzaileak) gehiago agertzen direla, eta ohoragarri zaie galegoa erabiltzea plataforman. “Ez dute nirekin ‘liatu’ nahi azentu galegoa izateagatik”, “Galdetzen didate zergatik hitz egiten dudan galegoz, ‘herrikoa’ baita”, “Zergatik esaten dute sare sozialetan galegoa erabiltzea ez dela hezibide onekoa?”: halakoak dira erabiltzaile gazteek jasotzen eta argitaratzen dituzten galderak.

Nola galdera erretorikoak sortzen, hipokrisia salatzen trebetasun handia dute sortzaileek: Olaxonmario youtuberrak bideo aunitzetan grabatzen du erantzunez Gadis supermerkatuaren topikoz betetako publizitateei edo Alberto Nuñez Feijooren diskurtsoari, ironiaz. Azken Día das Letras Galegas-en, polemika sortu zen Twitterren –berriz– La Voz de Galicia egunkariak “galegoaren hitz politena” antolatutako lehiaketarekin –jakina da egunkari horrek egun horretan bakarrik argitaratzen duela galegoz, beste inoiz ez.

Nik, euskaldun berri eta galego neofalante gisa, ez dut hizkuntzak zer papera duen kontatu nahi, euskaldunek, galiziarrek eta katalanek hobeto egiten dute eta. Ez naiz haien aldarrikapen bozeramailea eta, gehienbat, hutsetik ikasten dut. Ez dut kentzeko zaila den ohitura zaharrik. Baina eskarmentuak erakutsi didana da hizkuntzak rol eta ondorio ugari dituela: mugak irekitzen ditu, baina ezin da “folklorea” bultzatzeko erabili, gizarte-egitura indartzeko baliabide gisa baizik.

Ez naiz inor errateko hizkuntza nola erabili behar den espazio militanteetan, eta batez ere eguneroko bizitzan, lagunon artean eta beste harremanetan, baina argi dut hizkuntzak bildu egiten duela. Queremos Galego plataforma dinamitzaileak erraten duen bezala, “hizkuntza deskonfina dezagun”, geure pantailetatik geure kaleetara. Dapenak aitortu du: “Egia da oraindik asko falta dela Tik Tok-en, beste aplikazioetan eta errealitatean, baina oso berri ona da ehunka erabiltzaile aritzea galegoa tinko babesten”.

Oroitzen dut Santiago de Compostelako Mercado de Abastos-en ezarritako afixa bat, “busco amante galegofalante” esloganaz, abestiaren esanetan. Irudian, muskuilu bat, nola ez. Azkenaldian ezagutu nuen Adran Varela grafistaren lana, obra polit batekin: “Os mellores bicos son coa lingua” (Muxurik onenak mihiarekin ematen dira). Bai muxuak eta bai lehenengo hitzak, eskaera administratiboak, unibertsitateko eskolak, pailazoen ikuskizunak, haur eskolen eskaintzak eta musika kontzertuak. Galegoz, euskaraz, bretainieraz eta kabilieraz.

Orain dela bi urte, Día da Patria bizi izan nuen Masterreko nire hiru lagun minekin: A Mariñako batek, Vigoko batek eta Ourenseko batek gonbidatu ninduten bizitzera zer den egun berezi hori – Ana Ponton BNGko idazkari nagusiak Día da Matria esatea nahiago du, eta geroz eta gehiago zabaltzen ari da. Egun osoa galegoz hitz egiten aritu ginen, egunero egiten genuen bezala. Haiekin bizi nahi nuen une magiko hori, haiek ireki eta zabaldu zidatelako zer den Galizan galegoz bizitzea. Egun horretan besarkadak izan nituen, argazkiak eta kantuak… baina muxu bat(zuk) ere, na lingua de Castelao.