Sailkatu gabea

“Baina zu nongoa zara?”

Galdera sinplea den arren, oraindik ez dut ikasi nola atera ataka gaiztotik: alde batetik, bidaia eta leku ezberdinetan egin nituen ikasketen bidez, ohituta nago galdera entzutera (eguneko ogia da Erasmusen daudenentzat), baina bestetik, beti geratzen naiz zer esan jakin gabe ala hamar minutuko familia zuhaitzaren azalpena ematen – ik. Facebooken aurkitu nuen memea, “So where are you from?”–. Egia da: ni nongoa naiz? Ez da neure buruari galdetzen diodan lehenengo aldia, alderantziz, galdera honekin hazi nintzen. Eta “nongoa naiz?” galderak bideratzen nau beste bati: “nor naiz?”.

Bloga honetako biografiaren arabera, Marseillan jaiotako, Aljeriako jatorrizko, Europan ikasi zuen eta Euskal Herrian bizi den emakumea naiz. Hau da nire kapital kulturala eta odolean daramadana.

Bestalde, ikuspuntu administratibotik, ia urtero bozka dezaket, nire hiru plastikozko NAN-ek oroitzen didatenez. Hiru nazionalitate, hamaika izapide (frantsesa dutenek ulertuko dute), baina nortasun bat. Eta zein da ba?

Bi kultura edota nazionalitate ditugun immigranteon semeok “txertatu” behar genuen bi errealitateetan. Baina zaila da egitea kolonialismoak deus ikusirik ez zeukaten bi herri elkartu zituenean. Ez hizkuntza, ez kultura, ez erlijioa, ez politika. Deus ez. Baina ni Frantzian jaio nintzen eta nire gurasoak, ez. Nik frantsesa ama hizkuntz gisa dut, eta nire gurasoei inposatutako hizkuntza zen. Nik Errepublikaren eskolaren baloreak ikasi behar izan nituen eta nire lehengusuek himnoa abestu behar zuten goizero bandera jasotzean. Gero, nola konpara dezakegu barruan dugun guztia elkarrekin etxean? Zein galbaherekin?

“Identitate konplexuagoa aldarrikatzen duena baztertuta dago. Aljeriako gurasoak dituen Frantzian jaiotako gazte batek bi gauza nabarmen ditu bere baitan, eta bat eta bestea onartzeko gai izan behar du”, idatzi zuen Amin Maalouf idazle libanoarrak Les Identités meurtrières lanean.

Onartzeko gai izan behar nuen ba, baina 16 urteko neska batek galdera pilo bat ditu buruan: zergatik nire gurasoek ez ziguten arabiera irakatsi eta nire lehengusuenek bai? Zergatik familia bisitatzera Aljeriara joan behar nuen eta lagunak elkar joaten ziren oporretara? Zergatik lotsa eman zidan Baccalauréat egunean ikasle eta irakasle guztien aurrean Aljeriako NANa erakustea eta Espainiakoa ez, baina gero adiskide multzo edo familia hurbila artean harrotasun handia sortzen zidan? Onartu baino lehen, ulertzeko pausoa eman behar nuen.

Esan non hazten zaren eta nor zaren esango dizut

Lizeoko ingeles klase batean, gai berri bat hasi genuela oroitzen dut. Melting pot or salad bowl? deitutako tematika, munduko herrialde handietako kosmopolitismoari buruz. Ikasliburuak bi ideia eta adibide argitan ezartzen zituen. Alde batetik, Amerikako Estatu Batuetan, New-Yorkeko Melting pot, hau da denboraz, immigranteen belaunaldiak elkar nahasi izan dira hainbat urteetan, eta beraien kultura galdu egiten dute Osaba Sam-en herrialdeko gizartearekin parekatuak bihurtzeko. Bestetik, Erresuma Batuako salad bowl: aniztasun kulturala gauza positibotzat hartzen da, beraz immigrante bakoitza bere kultura edota hizkuntza mantentzera animatuta beti egon da. Salad bowl, entsalada-ontzia. Nola letxuga, tomatea eta azenarioa entsalada batean, kultura ezberdinetako jendea erabateko harmonian elkartzen da.

New York, etxe orratz argazki bat, eta legenda hau: “2005an, 170 hizkuntz ezberdin hitz egiten ziren eta new-yorktarren %36 atzerrian jaio zen”. Eta niri, 16 urterekin, New Yorkeko argazkiak ikusten, nire bizitzatik oso urrun zegoen kontzeptu bat iruditu zitzaidan. Baina ez nintzen konturatzen ni neu espazio kosmopolitaren erdian nengoenik. Ez al nintzen konturatzen aniztasunaren laborategian hazi nintzenik? Demografia mailan, munduko hirugarren hiri armeniarra, lehenengo korsikarra, lehenengo komoretarra, Europako hirugarren hiri judua eta Magreb eta Italiako komunitate haundiekin, Marseilla Mediterraneo osoko hiririk kosmopolitena dela aipatzen du Jean-Claude Juan kazetariak.

Eta Marseillako rap kantari ezagun batek dion bezala, edozein hiritarren “bere estai bereko bizilaguna mundua da, eta entzuten da mintzatzeko moldean”.

Garai batean, ezin nuen burutik kendu nire klasekide edo lagunek erreibindikatzen zuten bezalako nortasun bakar eta finko bat aurkitzea. Nire nortasunaren alderdi guztiek osatzen dute nor naizen. Baina bide hau ulertzea kostatu zitzaidan. Egun, urruntasunekin konturatzen naiz ez nintzela bakarra nire klasean, justu alderantziz. Nire lagunik onenetik bat Berlinen jaio zen eta palestinar jatorrizkoa da, besteak armeniaraz gurasoekin hitz egiten du etxean eta beste bat Andorran jaio zen Portugaleko immigranteen semea da. Guztiok frantsesa dugu izendatzaile komun gisa…. eta frantsesa soilik?

Rokhaya Diallo pentsalaria eta kazetaritza frantziar-senegaldarrak jorratzen du gai hori. La France tu l’aimes ou tu la fermes liburuan, azaltzen du Estatu frantziarrak bere historiaren ezjakintasun handia duela ezaugarri, “gure nortasun kolektiboaren ikuskera itxuraldatua betikotzen duen amnesia antolatutakoa”. Gure nortasun kolektiboaren ikuskera itxuraldatua badago, zer izanen da bakoitzaren nortasun pertsonalari buruz?

Ez salad bowl, ezta melting pot ere

Nire Twitter timelinea ere, nire interes edota hizkuntzen erakusgarria da, hau da txioak euskaraz, frantsesez edo arabierraz irakur ditzaket.

Azken egunetan, nola komunitate bakoitzak bere bitxikeriak dituen, Aljeriako txiolarien artean erronka bat zabaldu da, Anys Mezzaour idazleak txiokatu zuen moduan: “Give us your identity in order” (‘txiokatu zure nortasuna ordenan’), orden honetan:

Txiolarien erantzunak berehala etorri ziren: batzuk haserretu, batek batzuk azalpenak eskatu eta nik ere, parte hartu nahi nuen. Zer izanen litzateke nire klasifikazioa? Baina komentario batek nire interesa piztu zidan: “Zertarako hierarkizatu? Guztiak batera!”. Hierarkirik existitzen al da ala ni osatzen duten arlo guztiak ezin dira klasifikatu? Elkar bizi dira, portzentaje berdinaz, elkargunerik gabe? Fifty-fifty da ala? Hortik dator geure mestizajea, larrua azal iluna duen norbaiten hitzaren erabilera orokorretik urrun, baizik eta sustrai, nortasun edo jatorriak nahasita dituen pertsona bat. Eta oroitu dut Gael Faye idazlea eta abeslariak diona, Métis-en:

“Bilaketa kromatikoan nengoen

Baina mestizoak ez du lekurik mundu dikotomiko batean

[…]

Ez dut aukeratu, besteren begiradetan ikusi dut.”

Alferretan, beraz?

Agian oraindik ez dut konponbiderik aurkitu – arazo bat da ala? – baina gauza bat oso argi dut: ez du balio geruzak pilatzea, hostopil bat bezala, baina ezta osagai guztiak nahasten diren pastel baten ore bat ere. Zer gertatzen da ez salad bowl ezta melting polt ere eredua jarraitzea ez banu nahiko? Berriz ere Amin Maaloufen berbak aipatzen ditut: “Pertsona baten nortasuna ez da partaide izatearen zati autonomoak elkarren ondoan jartzea, ezta ‘patchwork’ bat ere, larru estiratu baten gaineko marrazki bat baizik; uki dezala partaide izatearen zati bat, eta pertsona osoa dardar egiten da.”

Fatima Daasek (idazten dudan bitartean France Cultureko podcast baten bidez deskubritzen ari naiz idazle frantziar-aljeriarra) kontatzen du “nortasunak ez duela konponbiderik, besteek azaldu ezin dituzten pentsamenduak hitzez adierazteko idazten dela”.

Sustatzen nauen kultura-aniztasuna hitzez adierazteko hizkuntzak baino tresna hoberik ba al dago? Orain nire arbasoen hizkuntzak ikasteko gogoek eginkizun handia dute: ez dut euskara, arabierra (eta laster tamazight, oxala) ikastea halabeharrez erabaki, ni neu ezagutzeko baizik.

Azpititulorik ez

bell hooks idazle eta militante feministak “ez al naiz emakumea?” bere buruari galdegin zion, genero ikerketa perstonalaren ikuspuntutik. Bere hitzak errekuperatu eta nire egiten ditut: “ez al naiz nortasun desberdinak dituen emakumea?”

Are gehiago, une honetan amona oroitzen dut, oso emakume ausartatzat dudala eta. Bost hizkuntz dakizki, ia horietako bat ere ez bete-betean. Baina ez al da hori puzzlearen pieza garrantzitsuena? Ez nuke onartu behar nire parte diren osagai guztiak ezingo ditudala ezin hobeto ezagutu, eta haiekin hasiberria izaten ikasi, nola hasiberri bat atzerriko hizkuntzaren lehen hitzekin? Amonak inoiz galdetu zion bere buruari hori? Eta amonak zenbat nortasun ditu?

“Eta zenbat Europarrek sentitzen dute, Euskal Herritik han Eskoziaraino, partaide izatearen sentimendu potente eta sakon bat, zonalde, herri, historia eta hizkuntz bati lotua? Nork, Amerikako Estatu Batuetan, oraindik imajina dezake gizartean duen lekua jatorrizko loturei behatu gabe – afrikarrak, hispaniarrak, irlandarrak, juduak, italiarrak, poloniarrak eta abarrak?” (Amin Maaloufen eskutik berriro; otoi, irakurri ezazue liburu hau, kultur ondarea dela eta).

Ezin nioke pentsaketa honi amaiera emanen euskaldunei eta euskarari erreferentzia egin barik. Nola herri batek influentzia linguistiko, politiko eta –orain inoiz baino gehiago– migratzaileengandik hartu zituen; gure aniztasuna sortzen duten ur-laster aunitzeko ibaiek zeharkatzen gaituzte. Nire aniztasuna ez da inoiz hura osatzen duten hizkuntzena baino hobea irudikatua izango. Nire baitan ditudan hitzez adierazi behar dut eta hitz hauek jatorrizko bertsioan izanen dira edo ez dira izanen. Itzultzaile baten gaindia da, baina aldi honetan, azpititulorik ez.

Gaur euskara eta arabiera ikasten ditut puzzlearen piezak aurkitzeko, nortasun bilatzeak bizitza osoan segitu arren. Eta zer den nortasuna ez badakit ere, argi dut hizkuntzak ezinbestekoak direla errezeta hau idazteko.