Sailkatu gabea

Gona ez-errepublikanoaren kronika

Irailak 24. Udazkenaren bigarren eguna da, eta nabaritzen da: haize pixka bat dabil eta euri tanta batzuk zerutik herabeki erortzen ari dira. Berdin dio, ez nau ikaratzen, nik soinekoak janztea gustuko dut, eta duela egun pare bat erositako gona berri bat janzteko irrikitan nago. Leotardo gardenak, botak, ‘Altsasukoak aske’ kamiseta. Bai, agian ditudan bertze gonak baino motzagoa da, eta, horregatik, bat-batean nire familiaren emakume guztien ahotsek durundi egin dute nire buruan, boz bakar batez: “Orekatu! Badakizu, gona motza jantziz gero kamiseta zabal bat jarri, eta gain tinki-tinkia duzunean, galtza luzeak. Bestela, gehiegi da”. Gehiegi? Norentzat: niretzat? Zuentzat? Kalean ikusiko nautenentzat? Orekaren teoria hau ez nuen sekula ulertu; are gehiago, ez dakit nork asmatu zuen, baina, nahi gabe, jarraitu egiten dut.

Igogailuaren ispiluan nire burua ikusi dut, eta kalera atera naiz, pozik. Ez nuen uste bertzeen begiradek nire buruaz nuen irudia desitxuratuko zutenik. Pozik, agian. Inozente, zalantzarik gabe.

Gaur ikasleen manifestazio baten berri ematera joan gara, 15 eta 23 urte bitarteko gazteena. Kolegio eta lizeoko oroitzapenak burura etorri zaizkit iristerakoan, atsedenaldian taldeka elkartzen ginenekoak. A ze aniztasuna, zentzu guztietan: sustraiak, gustuak, gorputzak, eta, nola ez, jantziak. Gogoratu ditut Frantziako Hezkuntza Ministroaren hitzak ere, duela aste pare bat irratian entzundakoak: “Eskolara jantzi errepublikanoaren joan behar da”. Iraileko bigarren astean neska gazteak ikastetxe aunitzetan mobilizatu ziren, #balancetonbahut (“zure ikastetxea salatu”) edota #14septembre traolak erabiliz, neurri murriztaile eta sexistak salatzeko, nesken arropei mutilenei baino kasu handiagoa egiten zaiela eta. Eta bai, ondorio nagusia hau da: 2020an oraindik neska gazteon jantzia eztabaidagaia da.

Manifestazioaren ondoren, inguru akademikotik atera eta kalearekin topatu naiz. Kale hutsa. Begiradak sentitu ditut, gizon eta emakume helduen begienak. Gazteekin nengoenean nabaritu ez ditudan begiradak. Alde zaharretik igaro eta langile batzuekin topatu naiz karrika estu batean. Irribarre bat, eta “eskerrik asko” edo “kaixo polita” barregarriak bota dituzte, nire kamisetari begira. Txistu egin dit batek, eta gizon bizardun guztiak barrez lehertu dira. Purrust egin dut, etsita, baina musuko madarikatu honek oraindik ikus zitekeen azken sumindura seinalea kendu dit. Ihes egin dut, azkar, etxera.

Joder, joder, joder. Damutu naiz: “Zergatik jarri dut gaur gona zorigabeko hau?”. Sakelakoa hartu eta lagun bati kontatzeko audio-mezu bat grabatu nahi nuen, baina, desblokeatu bezain laster, jakinarazpen bat iritsi zait sakelakora. Instagramen, lagun batek ihardetsi dio nik argitaratutako story bati: “Pixka bat exageratua, ezta?”. Kontu batek Frantziako Hezkuntzaren Ministerioaren publizitate baten satira egin du, “bortxaketa kulturaren mekanismoak salatzeko.” 25 urteko gizona da: exageratua, zinez? Putain. Baita zu ere!

@quoidemeuf Instagram kontuak egindako satira

Eraikineko igogailura ailegatu naiz, eta, egun berean bigarren aldiz, nire isla ikusi dut, baina, oraingoan, aldatua. Inpotentzia. Amorrua. Eta errua. Zergatik sentitu naiz errudun? Nire buruari galdegin diot: zeintzuk dira matxismoak bultzatu dituen mekanismoak ni errudun sentitzeko?. Ni, hitzetan eta begiradetan eragiten didatenen biktima izanik, errudun sentitzen naiz.

Flash-back batzuk tupustean, bat bestearen atzetik, agertu dira nire buruan:

Oroitu naiz 2016ko udaz, Nizako hondartzan, non polizia batzuk tunika urdina eranztera behartu eta umiliatu zuten emakume musulman bat, burkiniaren aurkako debekua aitzakitzat hartuta.

Oroitu naiz duela aste batzuk sortu zen beste polemika batetaz: emakume bati ukatu zioten Pariseko Orsay Museora sartzea, eskote “zabalegia” zuelako. Ez dezagun ahaztu museo honek Gustave Courbet “L’Origine du monde” margolana jasotzen duela, emakumeen gorputzari buruzko artelan esplizituenetako bat. Ironiaren mukurua!

Beraz, zer, gizon batek margotutako fikziozko obra batek balio du, baina emakumeon gorputzak ezkutatu egin behar dira? Hipokrisia egoera hori salatu du Soulcié marrazkilariak :

Soulcié marrazkilariaren karikatura

Ondorioa oso argi dago: edozer jantzita ere, emakumeen gorputza “arazoa” da, eta konponbide bakarra gizonen eskuetatik aterako da. Ondorioz, izen komun bat du egoera hori sufritzen duten emakume guztiek sufritzen dutenak: lotsa sentimendua. Lotsatuta sentitu zen burkinia zuen emakumea, hamaika begirada artean, uztaileko arratsalde bero haren erdian. “Ze lotsa! Mundu guztiak nire bularrak ikusten dituela iruditu zait, eta orain nire bularrak baino gehiago ez naiz” idatzi zuen neska paristarrak. Eta nik ere, lotsa handia sentitu nuen, etxerako bidean.

Kontua da lotsa ez dagoela alde zuzenean. Ez al dira haiek lotsagarri sentitu beharko luketeenak? Bortxaketak leporatu dizkietenak, komentario sexistak biltzar politikoetan bota dituztenak… hitz batez: gobernatzen eta gure gainetik daudenak. Jendetasuna exiji diezaiegun ahalkea eskatzen digutenei. Morala eska diezaiegun fintasuna gomendatzen digutenei. Zer dira jantzi errepublikanoak? Kurioski, frantsesez, “tenue” hitzak bi esanahi ditu: jantzia eta jarrera. Asmatu zein den kontrolatzen errazena, eta zein den falta zaiena.

Zer printzipioren arabera bihurtu dira konformismoaren zaindari? Gure gorputzen gainean pisatzen duen orekaren aldekoak? “Jantzi desegokia” kalifikazioak ez du neskei haien gorputz nerabeen ahalmen sexuala finkatzea ez den beste helbururik. Ez du bertze asmorik jantzien sexualizazioa handitzea baino.

Eta bertze artikulu batekin topatu naiz, itxaropentsuagoa, iluntasun mediatikoaren erdian. Atlantikoaren bertze aldekoa, Quebec-ekoa, zehazki. Estatu frantziarrean piztutako polemika dela eta, 12 eta 16 urte bitarteko mutilek diskriminazio hori salatu nahi izan zuten: ikastetxera gonak jantzita azaldu ziren. “Orduan, eskola gure gizartearen etorkizunerako prestakuntza lekua baldin bada, egungo belaunaldien errealitatera egokituta irakatsi beharko luke” dio 16 urteko Cassandre ikasleak, bere lagun mutilen argazkiak argitaratuz.

Hori ikusita, bistan da erantzuna ez dela definituko gure gonen edo buruzapien neurrietan, kontzientzia feministan eta errespetuzkoan baizik. Horregatik, hezkuntzak ikasleak errepresentazio sexistetatik libratu behako lituzke, harreman berdinzaleagoak eraikitzeko. Iraultza martxan bada, nahi dugun bezala jantzita etorriko da. Are gehiago, gazteok beztituko dugu, bai jantzia eta bai jarrera.