Sailkatu gabea

Iraultza baldintzapean

Orain dela urtebete, 2019ko otsailean, gurasoak deitu nituen, Aljeriarako hegazkin-txartela hartua nuela ohartarazteko. Bazekiten familia bisitatzeko asmoa neukala, baina ahaztu zitzaien irrikan nengoela Hirak manifestazioak ikusteko, ene begiz. Grabatzeko aukera aunitz izan nuen, milaka lagunek Aljer eta bertze hiri batzuetako kale nagusiak astearte eta ortziralero betetzen zituztela eta. Bitartean, urte bat pasa da, eta denok dakigu zenbat oztopo azaldu zaizkien borrokatzen diren herrialdeei.

Ordea, aktualitatea ez da hain lasaia. Aste mugitua izaten ari da Afrikako herrialderik zabalena. Atzo, otsailaren 22an, Aljeriak Hirak mugimenduaren bigarren urtebetetzea ospatzen du. Diasporan ere bai: Parisen milaka lagun bildu ziren atzo babesa emateko. Jendaldearen erdian, Amazig ikurrak. Hala ere, urtebetetzea gazi-gozoa bizi dute iraultza baketsu horren militanteek: hain zuzen, lehenengo urtean mobilizazioek fruituak izan zituzten, baina bigarrenean ez hain bertze. Haien artean, Bouteflika presidente-kazike ohiak dimititu egin du – koadro baten itxura hartzen zuen “hil-bizi”aren segida bertze militar batek hartu du, hori da maila –, Aljeriako sistema politikoaren berrazterketa orokorrera bideratu zuenak.

Bigarren urteak, ordez, ez zuen halako eragin zuzenik izan, eta ez da inolako sorpresarik. Azken egunotan, Alemaniara koronabirusa sendatzera joan zen Abdelmadjid Tebboune presidenteak telebistako mintzaldi bat eman zuen, eta neurri berriak adierazi: parlamentuaren desegitea, hauteskunde berriak, iritzi-atxilotu anitz askatzea.

Haien artean, Khaled Drareni da, zalantzarik gabe, ospetsuena. Hirak-en berri ematen zuen 40 urteko kazetaria espetxeratu zuten 2020ko martxoan, eta munduko hedabide nagusiek bere mezua zabaldu zuten. Igandean, TV5Monde-ko kazetaria aske utzi zuten: “Oso zaila da hamaika hilabete laburtzea hitz gutxitan. Ez nuen espero hain luzea izatea, baina batzuetan pentsatzen dut “hori bada [kazetari independentea eta librea izateko] prezioa, nik ordainduko nuke. Ez naiz lehena, eta azkena ere ez, badakit”. Halaz guztiz ere, umorez jo du: “Koléa-ko presondegian, torturarik okerrena ENTV [gobernuak kontrolatutako telebista] ikustea da.”

Gaur Khaled Drareni sinbolo bihurtu da, prentsa-askatasunaren munduko sailkapeneko 183etatik 146.a den herrialdean. Prentsa-askatasuna elementu bat da delitutzat hartzen duten zerrenda luze batean. “Le Hic” marrazkilariak ongi irudikatu du igandeko binetan: “Laguntzarik?

Mediterraneoaren bertze aldetik, nire gaurko galdera ez da ea Hirak martxan jarriko den berriro, baizik eta zer forma hartuko duen. Egun, ni ere zalantzan nago, eta muga irekitzea itxaron bizkitartean, oraindik gobernuak zentsuratu ez dituen hedabideen titularrak irakurtzen jarraitzen dut. Bitartean, idazten dut testu hau, goizeko hamabietan, eta jakinarazpen bat iritsi zait sakelakoan, “Interlignes” egunkari digitalatik: “Gutxienez 20 lagun arrastatu Aljerko hiri zentroan”.

Oroitu naiz Soolking raplariak Hirak-i eskainitako “Liberté” abestian erraten zuena: “Zuen diskurtsoak faltsuak dira. Hain faltsuak dira, ohitu egin gara”. Oraindik astearte eta ortziral anitz falta zaizkigu.