Txekhoven aholkua gogoan: oinetako on batzuk eta koaderno bat. Oroitzapen literario bi: Simenon eta Tintin. Verneren izena gastatzeko zorian. Europak debatea merezi izan zuenekoa. Zakilixut kaleotan balebil. Liburuen diru-usaina.

Inolako eragozpenik gabeko hegaldia izan dut Miarritzetik Lyon-era, baina Printze Txikiak bere asteroidetik lurrera txango egin zuenean baino komeria gehiago ibili ditut Lyongo Saint-Exupery aireportuan: hasieran, kontroleko polizia baten esku masajistek miatu naute; erdi galduta eta korrika txikian ibili naiz gero, denbora doia baitut Naoned-eko (Nantes) hegaldia hartzeko; Le Monde erostera gelditu naiz; bozgorailuetatik, azken abisua. Hegazkineratzeko mahaira iritsi naizenean, pour un peu! esan dit azafatak, buruari eraginez…
Ez dakit noiz konturatu nintzen lehendabiziko aldiz badela Bretainia Handiaz aparteko beste Bretainiarik (Breiz hitza
—Bretainiaren deitura bretoia— ezagutzen ez nuen garaiaz ari naiz). Nolanahi ere, bi oroitzapen ditut horretaz, literarioak biak: Tintin komikietako Haddock kapitainaren «Brest-eko deabruak!» biraoari esker ikasi nuen non dagoen Brest, eta nerabezaroan irakurritako Simenonen Les demoiselles de Concarneau nobelari zor diot, seguru asko, Bretainiari buruzko lehen ezagutza. Simenonek Bretainian idatzi zuen nobela, Bretainian kokatu zuen istorioa ere. Eta Les demoseilles de Concarneau Maigret komisarioa jaio baino lehenagoko nobela bat baldin bada ere, hura idazten ari zela bururatu omen zitzaion Simenoni gero hain ospe handia izango zuen pertsonaia.
NAONEDEKO PORTUA: itsasoa hurbilago dago garai bateko kemena baino.
Bretainia, Simenon, komisario baten jaiotza… Aritz Gorrotxategiren Kearen truke nobelarekin entretenitzen ari naiz bidaia, eta bertan ageri den Elizalde ikertzaileak badu serie bateko pertsonaia izateko adina nortasun. Maigret bat. Carvalho bat. Beti urdaileko minez dabilena, banandua, aldian behin alaba txiki baten ardura hartu behar duena, frakasatua, kaustikoa; eta Maigreti pipatzea edo Carvalhori gastronomia nola, Elizalderi literatura gustatzen zaio. Elizaldek merezi luke segida, Carvalhok eta Maigretek ere merezi izan zuten bezala.
Aldian behin, leihotik begiratzen dut. Zerua urdin, airea garbi. Hemen goitik soroek eta landek osatutako irudi ia geometrikoak ikusten dira. Kolorezko masak, okretik berde ilunera. «Koadro bat dirudi!» esateko gogoa, Felliniren E la nave va filmeko dama opera-kantari gantzatsu hark bezala…
VERNEREN begirada
iragarlea.
Ostatu hartu dudan hotelak Jules Verne du izena. Harrera-gelan, Verneren heriotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak iragartzen dituen paskin handi bat dago. Naoneden edozein bazterretan aurkituko duzu Verne izeneko taberna edo auto-eskolaren bat, hemen zernahik darama Verne izena. Nola diren kontuak: haren presentzia ohoretsuaren handia ikusi eta gero, nork pentsa dezake Vernek, editoreen kontratu zeken baten atzaparrek harrapaturik baitzegoen, idatzi eta idatzi pasatu zuela bizitza osoa?
Simenon eta Gorrotxategiren nobela; Saint-Exupery aireportua Lyonen; Fellini eta opera-kantaria; Verne ostatua Naoneden… Zoriak narama artista batengandik bestera, ala dena artearen talaiatik begiratu behar obsesiboa da loturok egitera naramana? Auskalo. Hirugarren argibide bat ere pasatu zait burutik: hegazkinetako billeteez eta hotelen erretserbez arduratu den Berriako Jonpa idazkaria balitz nire bidaiaren nondik norakoak ibilbide literario gisa antolatu dizkidana?
Kontuon kabutan, Ramon Etxezarretaren telefono-deia kontsultatxo
bat egiteko, etxean uste baininduen. Naoneden nagoela esan diodanean, harritu/poztu
egin zait, urtero etortzen omen da-eta hiri honetara, Donostiako Udaleko
lanek hartaratuta. Zer bisitatu aholkatu dit eta baita non afal dezakedan
ere merke eta ondo. Lagun batzuen telefonoak ere eman nahi zizkidan, tartean
Naonedeko unibertsitatean euskarazko klaseak ematen dituen irakaslearena.
Esku-zabaltasuna eskertu eta desenkusatu egin natzaio: oso denbora gutxi
egingo dut Naoneden, bihar bertan Gwened-Vannes hirira joateko asmoa baitut.
Hala ez balitz ere… Bai iaz Italian ibili nintzenean, bai aurten Bretainian
atzera-aurrera ibiltzeko asmoa dudan honetan, nahiago dut kontakturik gabe
jardun, neure kasa ibili, nire begi-belarriak izan antena eta albiste-iturri
bakarrak. «Oinetako on batzuk eta oharrak hartzeko koaderno bat»,
ez omen da besterik behar erreportaje bat idazteko, hala zioen Txekhovek.
Kalera irten naiz. Jende gaztearen ugaritasunarena izan da nire lehendabiziko
inpresioa. Nonahi, terrazak: eguraldi ezin hobea egiten baitu, gazte-jendez
gainezka daude. Liburu-dendak ere asko dira, jende gaztea ikusten da liburuz
betetako erakusleihoei begira edo barrengo apaletan miaka. Hiriak nabarmena
du Bretainiako unibertsitate zaharraren eragina.
Bero egiten duen arren, haize-kirri atsegina dator sartaldetik. Hamasei
kilometrotara dago itsasoa eta ia hogeigarren mendea arte Frantziako porturik
eraginkorrena izan zen, hiria alderik alde zeharkatzen duen Loira ibaiari
esker. Ibai ertzeko ontziek, asko eta asko turisten bazka bihurtu baitira,
ez dute iradokitzen garai batean portuak merkatal gune gisa izan zuen garrantzia,
joanak dira munduko hainbat porturekin —tartean Bilbokoarekin—
harreman ekonomiko estua izan zuen iragan ekonomiko gozo baten sasoiak.
Badira hiru bat aste Frantziak Europako konstituzioari ezezkoa eman ziola,
baina integrazioari buruzko erreferenduma gogorarazten dituzten kartelak
ez dira guztiz desagertu hormetan. Antzeman da benetako debate bat izan
dela gizartean. Hala ere, debatearen arrastoak ugariagoak dira liburu-dendetan
kaleetan baino, baietzari eta ezetzari buruzko liburuek apal deigarrienetan
segitzen baitute. Liburu-dendetako batean Europaren konbergentziaren aldeko
eta kontrako hogeita hiru liburu —titulu— desberdin kontatu
ditut. Izan zen eta oraindik izaten ari den debate interesgarriaren lekuko
dira. Lyongo aireportuan erositako Le Monde-n ere Europari emandako ezetzari
buruzkoak dira artikulu gehienak.
Espainian bezala, alafede!

Place Royalaren inguruko kale estu bihurrietan barna ibili eta gero, katedral aldera abiatu naiz, bertako teilatuen gainetik eraikuntzaren orratz gotiko luzeak gidari ditudala. Etxe-tarte estuotan ez baitabil haize-kirririk, itzaletik itzalera nabil beroari ihes egiteko.
Katedraletik hurbil, fraide baberodun zahar erkindu bat ikusi dut nire bide berean. Txikitan ezagutu nituen baberodunek ematen zituzten masailekoak etorri zaizkit gogora. Zenbat ematen ote zituen agure honek? Masailekoa eman ote dio Europari ere?
Katedralaren aurrez aurre, txakurrentzat zerbitzuak eta gaiak eskaintzen dituen denda bat, Zakilixuti asko gustatuko litzaiokeen izen horietako batekin: Estheti chien. Denda ondoko atari txiki batean sartu da fraidea. Katedralean sartu naiz ni, eta bazter gehienak bertatik ikusteko moduko toki bat aukeraturik, aulki batean eseri naiz. Nekez ohitu zaizkit begiak erdi ilunpetara: eguzkiak arratsalde parteko bidaiaren erdia soilik egina duen arren, beirateek motel iragazten dute argia. Hamabi urte pasatu zituzten azkeneko gerrak hondatutako beirateen bostehun metro karratuak berritzen. Ederrak dira eta ondo integratuta daude beirate modernook eraikuntza gotiko deigarrian.
Bat-batean, oin-hotsak zoruan arrastaka. Fraide erkindua etorri zait gogora,
baina emakume xahar bat pasatu da nire ondotik. Aitorleku batera hurbildurik,
bertan belaunikatu eta bospasei minutu egin ditu konfesatzen. Zer konta
diezaioke apaizari? Aitorlea neu banintz, gaztetan egin gabe utzi zituen
hainbat bekaturen penitentzia jarriko niokeela otu zait. Handik gutxira,
oinak arrastaka berriro, nire aurreko aulki batean belaunikatu eta aurpegia estali du esku zimurren artean. Emakumearen ezker aldean, Bretainia dukerriko Frantzisko IIgarrenaren hilobi ederra estilo flamigeroan. Abertzale bretoiek estimutan dute, bera izan baitzen Bretainiaren independentziari eutsi zion azken dukea.
KATEDRALA, edo bertan pasatutako denborak ez du neurririk.

Orain urte batzuk arte Naonedeko Burtsa egon zen eraikuntza
eder noblean Fnac dago. Liburu-denda bat lehen burtsa izandakoan?, harrituko
zen honezkero irakurleren bat. Ez da hain bitxia ere, globalizazioaren garaiotan
hizkuntza hegemonikoen kultura eta dirua ondoen uztartzen asmatu duen ikurretako
bat baita Fnac: Montpellierreko edo Lyongo Fnacen sartu izan banintz, Naoneden
ikusitako liburu berberak topatuko nituen, kontu segurua da. Egia da Bretainiari
eskainitako apal batzuk daudela Naonedeko honetan, baina regionaux (errejionalak)
sailean, turismoari eskainitako gidekin-eta batera. Ez dut liburu bakar
bat ere aurkitu bretoieraz edo bretoierari buruz edo bretoien literaturaren
gainean. Fnac honetatik pasatzen denak nekez jakingo du frantsesaz gainera
bretoiera eta galloa ere hitz egiten direla Bretainian. Izenak izana baldin
badakar, izendatzen ez dena ez da existitzen.
Egun osoan ez dut bi hegazkinetan eman dizkidaten bi pintxo ziztrin beste
deus jan eta goseak nago. Etxezarretak aholkatutako jatetxea itxita zegoen
eta Le cours des Cinquante Otages kaleko jatetxe batean sartu naiz. Karta
eman didatenean, dilema bati erantzun behar izan diot: ondo jan nahi badut,
ardoari uko egin beharko diot; ardoa eskatzen badut, afariak apala beharko
du izan. Goxoa zegoen Naonedetik oso hurbil egiten duten muscadet-a.
Sekulako gau-giro ederra egiten bazuen ere, afaldutakoan hoteleko bidea
hartu dut bidaiaren nekea arintzearen premiak hartaratuta. Hormetako batean
Plevin epaiketaren kontrako kartel txukun bat zuri-beltzean. Plevinen dinamita
lapurtu omen zuten ETAkideei lagundu izana leporatzen dieten gazte bretoiei
buruzkoa da paskina: Militante bretoiak epaitzen segitzen dute!.
Ez nago hain urruti etxetik.


ANDOLIN EGUZKITZAREKIN Berlindik Bretainiara txango.
Azkeneko aldiz Bretainian izan nintzenean erositako
gida turistikoa zabaldu dudalarik datu batzuk ateratzeko, argazki bat erori
zait orri artetik: Andolin Eguzkitzarekin nago Berlinen atera ziguten argazkian,
ez naiz oroitzen zergatik gorde nuen gida honetan. Oroitzen dudana, Andolinek
Miranderi zion miresmena: oso ondo ezagutzen zuen Mirandek Bretainiarekin
zuen harremana; gustukoa zuen Miranderen eragin zeltikoaz mintzatzea; estimutan
zuen Miranderen heterodoxiaren garbitasuna ere; eta, ororen gainetik, gogoko
zuen haren poesia: «euskal hizkuntza poetikoaren iraultzailea»
deitu zion Miranderi.
Kasualitateak nola diren: Mirandek Bretainiarekin zuen lotura izan dut bidaia
honi ekiteko arrazoietako bat eta Eguzkitzak Miranderen poesiekin osatu
zuen Orhoituz liburua ekarri dut Bretainiari buruzko gidarekin eta beste
hainbat libururekin batera.


Miarritzeko aireportura bidean, Donostiako zahar-etxe batetik pasatu naiz bertan dudan senide bat agurtzeko. Orain urte batzuk arte eskola frantses bat egon zen etxe berean dago zahar-etxea, Donostia inguruan frantsesak beste harrera bat zuen garaiko xarma du eraikuntzak.
Senidea lorategian zegoen. Paseotxo bat eman dugu. Lorategia inguratzen duen harrizko hormaren kontra, harrizko oilar bat eta bandera frantsesaren erliebea daude. Banderaren ezker-eskuin marmolezko plaka bana, lehen eta bigarren mundu gerratan hildako mugaren bi aldetako hainbat euskaldunen zerrendekin. Banderaren azpian, Gloire aux héros (Aintza heroiei) dioen inskripzioa. Horren antzeko asko ikusiko ditut egunotan, halaxe ikusi nituen iaz ere Italian ibili nintzenean.
GERRARAKO izena ematen: bretoi batek frantses baten laurdena balio du, ala?
Naziekin batu izana leporatu izan zaie Bretainiako nazionalista
eskuindarrei eta horrek munizio asko eskaini badie ere nazionalismo bretoiaren
aurkariei, saiatu beharra dago kontuak beren benetakotasunera ekartzen:
Lehen Mundu Gerran hil ziren Frantziako estatuko lau hiritarretik hiru betroiak
izan ziren. Ez zegoen gizonezkoren bat edo bi galdu ez zuen familia bretoirik.
Oso minduta zauden bretoiak Frantziak berebiziko samina ekarri zielako,
beren onberatasuna profitatu izana egozten zieten frantsesei. Ispilu horretan
begiratu behar litzatekeela aholkatzen du hainbat historialarik: bigarren
mundu gerra hasi zenean, nazionalista bretoi batzuek –ez guztiek—
naziekin bat egin zuten, kontu jakina da, baina kontu jakin hori ulertzeko
orduan ezin omen da ahaztu Lehendabiziko Mundu Gerratik zetorkien erresumina.
Edonola ere den, jakobinismo frantsesari ez zaio ahazten nazionalismo bretoiaren
orrialde ilun hura, eta, aldian-aldian, legenda beltz hura bazkatzen du.