Idiazabalen (Gipuzkoa) dagoen AMPO kooperatibak energia sektoreko aplikazio eta industriarik zorrotzenetarako balbulak eta erabat mekanizaturiko galdaketa osagaiak diseinatu, garatu eta ekoizten ditu 1964tik. Bere esperientzia zabal eta ahalmen produktibo, teknologiko eta berritzaileak direla medio, lider bilakatu da balbulagintza sektorean, globala eta nazioartean erreferentea da, eta energia trantsizioa bultzatzeko konpromiso sendoa du, gainera.
Ekonomiaren deskarbonizaziorako soluzio berritzaileen garapena
AMPOk, deskarbonizazioaren eta energia eredu jasangarri eta eraginkorrago baten aldeko lanetan, energia sektorerako soluzio teknologiko berritzaileak garatzen ditu. Gaur egun, hidrogenoa, karbono atzipena, bioerregaiak eta erregai sintetikoak dira lantzen dituen alor nagusiak. Besteak beste, aplikazio bakoitzerako balbula mota ezberdinak garatzen dihardu, eta, hidrogenoaren alorrean, esaterako, balbulez haratago, hidrogeno berdea biltegiratzeko sistema erabat berritzaileak ere eskaintzen ditu elektrifikazioaren bidean. Adibide batzuk aipagarriak dira. Esaterako, Europako hainbat zentro teknologikotan, hidrogeno sistemetako baldintza errealak erreproduzitzen dituzten sistema ezberdinetarako, -271ºC tenperaturan lan egiten duten likidoturiko hidrogeno/helio aplikazioetarako balbulak diseinatu eta hornitu ditu. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetan karbonoa zuzenean atmosferatik atzitzeko garatu duten teknologia berri baten bidez, hango planta berri batean erabiliko dituzten balbulak diseinatu eta ekoiztu ditu. Teknologia horrek modua emango du karbono atzipenaren teknologia eskala komertzialean zabaltzeko. Itsaspean karbonoa biltegiratzen duten sistemetarako material bereziko balbulak ere hornitu ditu.
Gainera, AMPO kooperatiba Hidrogenoaren Europako Aliantzaren eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) kide da, baita Bizkaian dagoen Energy Intelligence Center izeneko trakzio gunearen kide-sortzaile ere.
Produkzio jardueren deskarbonizazioa ere AMPOren konpromisoa
AMPO ez da soilik bezeroen deskarbonizazio prozesuan laguntzen ari; bere aktibitate eta produkzio jardueren deskarbonizazioan ere urrats sendoak egiten ari da, energia eraginkortasuna, prozesuen elektrifikazioa, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria ardatz dituen deskarbonizazio plan baten bidez. Helburua da etengabeko hobekuntza teknologikoaren bidez bere ingurumen aztarna murriztea.
Balio erantsi handiko ingeniaritza soluzio adimendunak
Azken urteotan berrikuntza alorrean egindako ahalegin handiak AMPOri bide eman dio bezeroei neurrian egindako sistema eta soluzio adimendunagoak eta integratuagoak eskaintzeko energiaren, kimikaren eta petrokimikaren eta meatzaritzaren sektoreetan, besteak beste. ISS (Integrated Smart Solutions) izeneko neurrira diseinatu eta garatutako sistema horiek, fidagarritasuneko eta segurtasun funtzionaleko estandar zorrotzak betetzeaz gain, digitalizazioaren bidez sistema horien errendimendua eta eraginkortasuna areagotzea dute helburu.
Ingeniaritza soluzio horien artean, azken urte honetan gauzatutako balio teknologiko handiko bi ISS proiektu nabarmendu daitezke. Sistema horiek osagai askotarikoak dituzte: eragingailudun balbulak —batzuk itsasperako balbulak dira—, HPUak (Hydraulic Power Units), PLCak (Programmable Logic Controllers), metagailuak, itsaspean instalatzen diren unbilikal elektriko eta hidraulikoak, balbulak monitorizatzeko sistemak, eta abar. Horietako sistema bat Indiako meatzaritza sektoreko bezero bati bidali zaio, eta instalazio fasean ere AMPOko teknikariek parte hartu dute. Beste sistema bat, aldiz, Brasilgo meatzaritza sektoreko beste enpresa garrantzitsu batentzat sortu da. Aurrerapauso horiekin, balbula hornitzaile soila izateari utzi, eta balio erantsi handiko ingeniaritza soluzioen hornitzaileen artean erreferente bihurtu da AMPO energia eta meatzaritza merkatuetan.
AMPOk mila pertsona inguruko lantaldea du, eta, gaur egun, produkzioaren %95 bost kontinenteetako merkatuetara esportatzen du (%70 Europatik kanpo). Horien artean, aipagarriak dira Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Japonia, Hego Korea, India, Ekialde Hurbila, Australia eta Europako herrialde gehienak. Egungo bezero zorroaren barruan energia sektoreko enpresa handiak ditu, hala nola Exxon, Aramco, BP, Hyundai, Tecnicas Reunidas, Repsol, eta abar.