Gizakiak berezkoa du hartu-emanak izateko gaitasuna eta beharra, eta gaur egungo gizartean etengabekoa da komunikazioa. Urteen poderioz, gainera, egunerokoaren parte bilakatu dira komunikaziorako gailuak, sistemak eta plataformak.
Hala eta guztiz ere, tresna horien erabilerak askotariko ondorioak ditu, bai ekonomian, bai ingurunean, besteak beste. Eragin horiez guztiez hausnartzeko, Izarkom Eskola deiturikoa abiatu du Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak. Ekinbide horren helburu nagusia da telekomunikazioarekin loturiko ideiak modu kritikoan jorratzea eta herritarrei eta erakundeei baliabide horiek era burujabean erabiltzeko pausoak azaltzea.
Hilabetean behin egiten ari dira saioak, azken ostegunetan zehazki, eta aurrez aurre —Izarkomek Bilbon duen nodoan—, nahiz streaming bidez aditu daitezkeen tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruan eta formakuntzak. Gainera, Izarkom Eskolan parte hartzea doakoa da bazkide direnentzat, bai eta ez direnentzat ere.
Pertsonen jardunak sortzen dituen eraginez jakitun izanik, kooperatibak uste du bazkideek eta herritarrek ezinbestekoa dutela informaziorako, formakuntzarako eta sentsibilizaziorako tresna bat, ohartu baitira bazkideek zalantza, kezka eta galdera ugari dituztela horren guztiaren inguruan, eta eskolak erpin horiei guztiei heltzeko modua egingo du.
Urtarrilaren 25ean izan zen lehenengo hitzaldia, eta nerabeek sakelako telefonoa erabiltzeari buruz hausnartu zuten, Urtzi Ugalde, Iñigo Martinez, Lurdes Imaz eta Unai Aberasturi adituek gidatuta. Geroztik, beste bi saio egin dituzte, bizitzari eta ingurune digitalari buruzko tailer bat eta hitzaldi bat, eta heldu den ostegunean izango da hurrengo saioa, apirilaren 25ean, 19:00etan: Abaraska taldeko Mikel Gartziak Ongi etorri euskal fedibertsora! izeneko hitzaldia emango die eskolan parte hartuko dutenei.
Heldu diren asteetan, berriz, arrakala digitala, adimen artifiziala eta software librea landuko dituzte Izarkom Eskola ekinbidean antolatutako hitzaldietan, besteak beste.
Burujabetza lortzeko bidean
Herritarrek eta herritarrentzat sortutako proiektu bat da Izarkom, eta 2017ko abenduan jarri zuten abian. Irabazi-asmorik gabeko telekomunikazio kooperatiba bat da, eta Internet zerbitzuak eskaintzen ditu, baita zuntzari eta sakelakoei dagozkienak ere. Gaur egun, 3.400 bazkide inguru ditu Euskal Herri osoan, eta, aipatutako zerbitzuez gainera, telekomunikazioei buruzko aholkularitza ere eskaintzen die Izarkomek bazkide horiei.
Baina nola iritsi Euskal Herriko txoko guztietara? Horretarako, dagoeneko zenbait herritan abian dauden telekomunikazio azpiegituretan oinarritzen da Izarkom, irekiak, libreak eta neutralak direnetan. Halakorik ez dagoen tokietan, halaber, sare telematiko berriak ezartzen eta garatzen saiatzen da, betiere inguru horretako gizarte eragile eta herritarrekin elkarlanean arituta.
Hain zuzen ere, oinarri horretan daude Izarkom beste telekomunikazio operadoreetatik bereizten dituzten ezaugarririk nabarmenenak: irabazi-asmorik gabeko kooperatiba bat da, euskarazko zerbitzua eskaintzen die erabiltzaileei, eta, hala, ematen duen arreta gertukoa eta gardena da. Izan ere, sinetsita daude Interneterako konexioa izatea giza eskubide bat dela, herritar guztiei bermatu behar zaien eskubide bat, baita beste giza eskubide batzuk zabaltzeko bidea ere: hezkuntza, osasun arta, adierazpen askatasuna…
Horren arduradunak enpresa pribatuak izaten direnez normalean, Izarkomeko kideek uste dute herritarrei eskubide hori ez zaiela bermatzen, irabaziak lortzea baita operadoreen helburu bakarra, eta, ondorioz, irizten diote herri txiki batzuk inkomunikaturik geratzen direla telekomunikazio zerbitzuei dagokienez, ez direlako errentagarriak enpresa horientzat.
Bazkideak, bidelagun
Urrats sendoak egin ditu Izarkomek 2017an sortu zenetik. Besteak beste, iazko azaroan nodo bat ireki zuen Bilbon. Modu horretan, erabiltzaileei zuzeneko arreta jasotzeko toki bat eskaintzen die Izarkomek, eta jarduerak egiteko leku bat. Hain zuzen ere, Izarkom Eskola nodo horretan bertan eramaten dute aurrera. Hala, eskola beste bultzada bat da burujabetza lortzeko bidean, herritarrak eta bazkideak ingurune digitalean osasuntsu hezteko prozesuan, eta antolatzaileak oso pozik daude orain arte izan duen harrerarekin.
Bazkideen eta, oro har, komunitatearen sarea indartzeko modu bat ere bada, eta, are, aurrerantzean ere proiektuarekin bat egingo duten pertsonak eta erakundeak animatu nahi dituzte Izarkom Eskolan nahiz kooperatiban parte hartzera. Izarkomek ez baititu bezeroak bilatzen, baizik eta haiekin batera aurrera egingo duten norbanakoak eta erakundeak.
Hurrengo saioak:
Saio guztiak aurrez aurrekoak eta streaming bidezkoak izango dira. Helbidea: Goienkale 14, Alde Zaharra, Bilbo.
•Apirilak 25, 19:00etan. Ongi etorri euskal fedibertsora!. Mikel Gartzia (Abaraska-Librezale).
•Maiatzak 30, 19:00etan. Arrakala: Mugikorraren oinarrizko erabilera I. tailerra. Eider Imaz (Izarkom).
•Ekainak 20, 19:00etan. Adimen artifizialaren argi-ilunak. Igor Leturia (Orai-Elhuyar).
•Irailak 26, 19:00etan. Software askea herri libre batean. Iker Garaialde (Izarkom).
•Urriak 30, 19:00etan. Operadore handien gehiegikeriak eta sare libreak. Beñat Azkargorta (EHKOM).
•Azaroak 28, 19:00etan. Nola babestu zure bizitza digitala? II. tailerra. Mattin Solis (Talaios-TEKS).
•Abenduak 19, 19:00etan. Arrakala: Interneteko oinarrizko erabilera II. tailerra. Eider Imaz (Izarkom).