Tolosako Udala

Tolosak 20.000 biztanleko langa pasatu duela ospatuko du urriaren 26ko Goxua azoka berezian

Goxua azokaren 29. aldian gozogileen 22 postu egongo dira. Sagar-tarta lehiaketa San Frantzisko pasealekuan egingo da. Herriko gozogileek, hiru ikastetxeetako ikasleekin batera, Tolosaren ‘T’ formako bizkotxo erraldoi bat sortuko dute.

goxuatarta 1
Goxua azoka berezia urriaren 26an egingo da Tolosan. TOLOSAKO UDALA
2024ko urriaren 23a
05:05
Entzun

Hasi da azoka berezien garairik emankorrena Tolosan (Gipuzkoa). Casino Elkarteak antolatzen duen Mikologika amaitu berritan, urriaren 26an izango den Goxua azoka aurkeztu dute urriaren 21ean, 100 urte bete berri dituen Eceiza gozotegiaren lantegian.

Aurkezpen ekitaldian izan dira herriko hiru gozotegietako arduradunak —Gozonak-eko Raquel Ibañez, Rafa Gorrotxategi-ko Armintz Gorrotxategi eta Eceiza-ko Moira Eceiza—-, Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotzia eta Tolosako Herrikide Ikastetxeko, Laskorain Ikastolako eta Samaniego Herri Ikastetxeko ordezkariak.

Aurtengoa 29. aldia izango da, eta urriaren 26an, larunbatarekin, egingo dute. Guztira 22 postu izango dira Triangulo plazan, 09:00etatik 14:00etara. Hango eta hemengo postre eta gozoak ezagutzeko aukera zabala izango da: erroskillak, pastelak, tartak, txokolateak, nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak…

Bizkotxo erraldoi bat, ikasleekin batera

Berezia izango da Goxua azoka tolosarrentzat. 20.000 biztanleko langa pasatu du udalerriko erroldatuen kopuruak, eta, mugarri horri keinu bat egin nahian, Tolosaren ikur den T formako bizkotxo erraldoi bat sortuko dute herriko gozogileek, hiru ikastetxeetako ikasleekin batera. Ondoren, eta, ohikoa den moduan, herritarren artean banatuko da.

Hain zuzen, Herrikide ikastetxeko, Samaniego Herri Ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako ikasleek bizkotxoa egiteko ardura izango dute. Ikastetxe bakoitzak 30 bizkotxo bilduko ditu, eta, gozogileek egindako bizkotxoekin batera, T erraldoia osatuko dute. Azoka egunean, berriz, gozogileek 20.000 tolosar leloa idatziko dute bizkotxoan, eta, gero, ikastetxeko bakoitzeko bina ordezkarik apainduko dute.

Sagar tarta lehiaketa

Aurten ere izango da ohiko postre lehiaketa, eta, beste behin, sagar tarta izango da aurkeztu beharreko gozoa. Berrikuntza bat izango da: San Frantzisko pasealekura lekualdatuko da lehiaketa.

Parte hartu nahi duen orok tarta 10:00etatik eta 11:00etara utzi beharko du San Frantzisko pasealekuan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Betiko legez, unean bertan egingo da izen ematea, eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte.

Elena Arzakek, Eva Arguiñanok, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorrarainek osatutako epaimahaiak 11:00etatik 11:30era dastatuko ditu tartak, eta segidan jakinaraziko dute nortzuk izan diren saridunak. Irabazleak Tolosako gozotegietan erabiltzeko 240 euroko erosketa txekea jasoko du, eta bigarren saridunak, berriz, 180 eurokoa.

Egitaraua

Trianguloa plazan:

09:00–14:00. Tolosa Goxua Azoka Berezia.

10:00–12:00. Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek T formako bizkotxo erraldoia apainduko dute Tolosako gozogileen laguntzaz.

12:00–12:30. Bizkotxo dastaketa: Tolosako gozogileek bertaratutakoen artean banatuko dute.

12:30. Tolosa Kantari.

San Frantzisko pasealekuan:

10:00–12:00. 29. Postre lehiaketa: Zurea da sagar tartarik onena?

10:00–11:00. Tartak aurkezteko epea.

11:00–11:30. Elena Arzak, Eva Arguiñano, Armintz Gorrotxategi eta Jon Sorrarain epaimahaikideek sagar tartak dastatuko dituzte.

11:45–12:00. Sagar-tarta lehiaketaren sari banaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.