<![CDATA[Agus Perez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 17 Jun 2019 15:05:57 +0200 hourly 1 <![CDATA[Agus Perez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Antzerki soila lagun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2059/031/001/2019-06-11/antzerki_soila_lagun.htm Tue, 11 Jun 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2059/031/001/2019-06-11/antzerki_soila_lagun.htm 'Ortentsia izan nahi dut'Konpainia: Abarka. Testuak: Abarka antzerki taldea, Oier Guillan, Joseba Sarrionandia. Zuzendaritza: Ander Lipus. Kanpo-begirada: Oier Guillan. Teknika eta diseinua: Mikel Unamunzaga. Antzezleak: Izar Alguero, Luis Egurrola, Lur Epelde, Ruben Markina, Nahikari Santano. Lekua: Markina-Xemeingo Uhagon kultur-gunea. Eguna: Ekainak 9.

Gustura ikusi ditut Abarka antzerki taldearen antzezlanak beti, eta oraingoa ez da salbuespena izan. Gainera, deigarria egin zait aurtengo muntaiaren izenburua —Ortentsia izan nahi dut— Euskaldunon Egunkaria-n agertutako lehen kritikak Hortensia Taldeak sinatzen zituelako, ni haren partaide nintzela.

Markina-Xemeinen sortutako konpainia hau amateurren sailean kokatu beharko genuke, edo —izendapen berriaren arabera— profamateurren sailean, eta azken izen horrekin adierazi nahi da profamateurren produkzioak konparagarriak direla talde profesionalek batez beste ematen duten mailarekin. Teorian behintzat, konpainia profesionalek maila hobea lortzen dute beren antzezlanetan, baina Abarka bezalako taldeek beren herrietan daukaten errotzea, euskararen jariotasuna eta planteatzen dituzten gaien interesa askoz handiagoak eta biziagoak egiten zaizkit, duda barik.

Bestetik, argi dago konpainia hauen maila euren alma mater edo zuzendariaren araberakoa izaten dela eta testuen kalitateak ere esateko handia daukala azken emaitzan. Zeren eta ez da gauza bera idazten jakitea, hau da, bolaluma edo teklatua erabiltzen jakitea, eta maila literarioko testuak idaztea. Esate baterako, Gotzon Barandiaranek idatzi zuen Abarkakoek orain urte bi emandako Besaulkiak, eta aurreko batean Sarrionandiaren Biba zorrien izurritea! plazaratu zuten.

Aurten ere aukeratu dituzte Iurretakoaren lerro edo orri batzuk, eta haiekin batera Oier Guillanen galdera enigmatiko-poetikoak eta taldekideen bizipen eta amets hautatuak etorri dira taula gainera, zintzotasunean oinarritutako dramaturgia ez-lineal eta dinamiko baten bidez. Horretan, zelan ez, zerikusi handia eduki du Ander Lipusen zuzendaritzak, baina aldi berean esan beharra dago antzezleek ikastaro labur bat jaso dutela Oier Guillanengandik, eta seguruenik horrek ere bere aztarna utziko du antzezle militante hauengan.

Bide horretatik, gauza interesgarri asko gertatu dira taula gainean: gizaki urrunen hizkuntza entzun dugu haietariko baten ahotan —azken finean, geu ere indigenak gara— eta une batean abereen eleekin komunikatu dira haien artean; idazmakina batek hartu du protagonismoa eszenako bazter batetik, baina han ez dute ezer idatzi, eta makinatik irtendako paperak idatzita zeuden aurretiaz; euskal antzerkiaren izarren gala parodiatu dute, Eneko Sagardoi eta Ander Lipus lehian zeudela, baina azkenean Luis Egurrola irten da garaile… Denen amets ezkutuak eta umetako gogorapenak plazaratu dituzte eta dantza egin dute ikusleen artean, baina, beste ezeren gainetik, beste plano batean kokatu gaituzte gu-guztiok, antzerki soilak, dirudik gabeak, bihotzez eginak daukan ahalmen izugarria lagun.]]>
<![CDATA[Entzun, beti entzun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/026/001/2019-06-06/entzun_beti_entzun.htm Thu, 06 Jun 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1997/026/001/2019-06-06/entzun_beti_entzun.htm 'Aske!'Zuzendariak: Imanol Janices, Irantzu Zabalza, Nerea Martinez. Parte hartzaileak: Iruñeko Jaso ikastolako DBHko ikasleak. Lekua: Iruñeko Baluarte auditoriuma. Eguna: Ekainak 4.

Orain dela hiru urte hasi nintzen Iruñeko Jaso ikastolako DBHko ikasleek urtero prestatzen duten antzerki musikala ikusten, eta hasieratik bertatik zaletu nintzen. Izan ere, lehen urtean nik espero nuen ikasturte amaierako ohiko emanaldi bat izatea, baina arlo eszeniko guztietan erakutsitako mailak guganaino heltzen diren konpainia profesional askorena —benetan diotsuet, askorena— gainditu zuen: ez deklamazioaren kalitatean, noski, azken finean antzezle nerabeak direlako, baina bai presentzia eszenikoan eta bereziki abeslarien ahotsen kalitatean.

Aurrera egin baino lehen, esan beharra dago ikasleek beraiek hartzen dituztela beren gain dekoratuen, jantzien eta argien diseinua, musika hautapena eta argumentuaren garapena. Gainera, eszenan bertan ez daudenak —50 bat dira antzezleak kontrol mahaietan daude, argiak, haga horizontalak, mikroak eta musika zatiak gobernatzen.

Aurten genero kontuak hautatu dituzte antzezlanerako. Ezin gai aproposagorik aukeratu nortasuna eraikitzen ari den adin horretako gaztetxoentzat. Aurreko urte batean, Antzinarotik etorkizunerako bidaia taularatu zuten ikasleek, eta bestean, beren arbasoen iragana ezagutu nahi izan zuten Gernikaren bonbardaketari buruzko ikerketa batean, baina oraingo honetan ikasketa giro betean murgildu gaituzte, aro horretan hain ohikoak diren talde etsaitasunak abiapuntutzat hartuta. Egia esan, argi dago talde etsaitasun primarioak nagusi direla gure gizarte ustez helduan ere, baina ia 40 urtez maisu jardun ostean, bihotza betetzen zait hezkuntza afektiboan sinisten duten maisu-maistren lana ikustean, uste dudalako ezinbesteko tresna dela giza arazoak konpontze bidean jartzeko.

Hala ere, hasierako gatazka horren azpian beste batzuk agertu dira, bizitza errealean bezalaxe, eta haien artean nagusitu da generoaren arabera etiketatzearen ohitura. Hasierako talde etsaitasuna gainditzeko, udaleku batzuetara joango dira ikasleak, han azaleratuko dira genero kontu gatazkatsuak, eta han bertan ikasiko dute besteak diren modukoak onartzen.

Esan bezala, musikal handien mailakoak izan dira arlo eszeniko guztiak, eta haietariko batzuk ekarriko ditugu hona: eskolako atezain ordainezin haren bidez egindako trantsizioak; eremu eszenikoaren egikera balioanitza —ikasgelak, basoa, udalekuko logelak eta abar irudikatu ditu—; argien diseinu emozionala; jantzien egokitasuna oso ona jakien irudikapen umoretsua, eta nola ez, moda desfilean izandako klake-ariketa eta basoko iratxoek Ilargiko uztai paraleloetan egindako erakustaldi ausarta. Normala denez, abesti polit askoz hornitu da emanaldia, baina ni «entzun» errepikatzen duen harekin geratuko naiz. «Zure bihotza entzun, besteena entzun, beti entzun» dioen mezu funtsezko horrekin hain zuzen ere.]]>
<![CDATA[Mundu ilunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/038/002/2019-05-28/mundu_ilunak.htm Tue, 28 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1905/038/002/2019-05-28/mundu_ilunak.htm 'Ballett Theater Basel'Konpainia: Ballett Theater Basel. Piezak eta koreografoak: The Fools (Hofesh Shechter), Day 'without' Night (Jiri Pokorny), This is Everything (Bryan Arias). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 24.

Exijentzia handiko egitarau batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Basileako (Suitza) Ballett Theater Basel konpainia. Hiru koreografo handik sortu dituzte gaualdiko piezak, eta esan beharra dago Miarritzeko Gare du Midin eman dela asteon programa bera, bi antzokien arteko lankidetzari esker.

Londresen finkatu zen aspaldi Hofesh Shechter israeldarra, eta Miarritzeko Dantza Maitaldian ezagutu genuen bere estiloa, Barbarians izeneko trilogian. Orduan bezala, dantzaren zatikatze bortitzak, musika-nahasketa aberasgarriak eta argi-joko efektistak izan dira nagusi The Fools (Zoroak) piezan. Hasiera batean hamar bat segundoko zati frenetikoak tartekatu dira beste dantzari talde baten eboluzio leunekin, eta ekintza fisiko konpultsiboetan txertatu dira fusilatuen astinduak eta erregu jarrerak. Anartean, soinu-bandak bihotz taupaden erritmoa, piano-musika, haizearen hotsa eta danbor militarrak nahasten zituen, eta une batetik aurrera, 50eko hamarkadako unibertsitario ezkertiarren itxura hartu dute dantzariek, banderatxo gorri bat haizagailu batekin astinduz eta The Fools zekarren pankarta erakutsiz. Atzeko lerroan uniforme grisekin jantzitako gizon eta emakumeak ikusten ziren, eta lepoa egingo nuke garai hartako Israelen amets ustelean zegoela horren guztiaren erroa.

Gaualdiko bigarrena Jiri Pokorny txekiarraren Day 'without' Night (Gaurik 'gabeko' eguna) izan da. Zuri-beltzean zabaldu da eszena, kontra-argiaren eraginez eta atzeko gortina erraldoiaren presentzia erabatekoarekin. Zoru gaineko oihal beltz handi batek bete du eszenaren erdialdea, handik irten eta ezkutatu dira dantzariak eta haien eraginez desplazatu, zokoratu eta, kasuan kasu, nagusitu da oihalaren izaera enigmatikoa. Une batean duo eder bat hasi da, eta haren atzetik beste bospasei etorri dira, elkarren segidan, arintasuna eta lirismoa nagusi. Inspirazio handikoak izan dira haiek guztiak, eta giro erdi ilun erdi mistiko horretan indar handia hartu dute irudi poetikoek, une batzuetan isilean eta beste batzuetan olatu pausatuen murmurioa entzuten zelarik.

Eta amaieran Bryan Arias puertoricar-newyorktarraren This is Everything (Hauxe da dena) etorri da. Atsedenaldiaren ostean besaulkietara zetozen ikusleekin batera hasi dira posizioak hartzen dantzariak. Eremu eszenikoa zeharo hutsik zegoen eta kolore beroaren gama osoa ikusten zen praka eta alkandoretan. Hasiera batean eskultura kolektibo bihurtzen ziren haien eboluzio geldoak, eta dozena bat foku altuera diferenteetara jaitsi direnean birtuosismo handiko hainbat duo etorri dira, trio ikusgarriren bat tarteko. Une jakin batean musika xederik gabeko soinu metaketa zentzugabea iruditu zaigu, deserrotzearen ideia areagotuz eta Ariasen bi kulturen arteko ezkontza zaila irudikatuz. Azkenean, bete-betean sartu gara abstrakzio iparramerikarraren eremuan, eta talde osoaren eboluzio koordinatuak piano-musika sakonaren zerbitzura, hau da, edertasunaren zerbitzura jarri dira.]]>
<![CDATA[Hiru zoro maitagarri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/033/001/2019-05-24/hiru_zoro_maitagarri.htm Fri, 24 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1925/033/001/2019-05-24/hiru_zoro_maitagarri.htm 'Eins Zwei Drei'Konpainia: Martin Zimmermann. Dramaturgia: Sabine Geistlich. Musika-sorkuntza eta interpretazioa: Colin Vallon. Eszenografia: Martin Zimmermann, Simeon Meier. Argiak: Jerome Bueche. Taula gaineko artistak: Tarek Halaby, Dimtri Jourde, Romeu Runa. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Eguna: Maiatzak 22.

Piano musika entzun da emanaldiaren hasieran, eta oihal gris handi batek estali du taula gainean egon zitekeena. Oihala albo batera labaindu denean, pianoa eta pianista bera agertu dira haren azpian, eta haiekin batera agertu da pailazo zuriaren arketipo garaikidea, atril baten atzetik gu guztiok agurtzen. Zirkuan ohikoa den bezala, hainbat hizkuntzatan agurtu gaitu, eta «gabon denei, ongi etorri» eta guzti entzun dugu «meine Damen und Herren» eta horrelako formula ezagun batzuen artean.

Martin Zimmermann suitzar sortzaileak New Yorken, Parisen eta Tokion aurkeztu ditu bere ikusgarriak, eta oraingo Eins Zwei Drei honekin (Bat Bi Hiru) hiru pailazo klasikoen gaurkotze garaikidea ekarri digu, Colin Vallon pianistaren ezinbesteko laguntzarekin. Teorikoki, arte-museo batean kokatu ditu gure aroko pailazo berritzaile horiek, eta ziur aski horrela izanik esanahi handiagoa hartuko luke guztiak, baina museoaren kontu hori garrantzi gutxikoa izan da, eta ni behintzat asebete geratu naiz clown-en artea hain molde apurtzailean, hain era determinatuan berritu dela ikustean.

Esan bezala, pailazo zuriak agurtu gaitu, baina laster etorri da Augustoren rola beteko zuena, zarpail beltzez jantzita eta metro erdiko belarri kulunkariez hornituta. Bien artean hasi da gauzatzen betiko paradigma irrigarria, non pailazo zuriaren duintasun hanpatua birrinduta geratzen baita Augusto trauskilaren zabarkeriengatik.

Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago emanaldian zehar ez dela hitzik esan, edo hobeto esanda, hitz asko esan dira, baina hizkuntzak nahasita edo batere hitz ulergarririk ez baliatuta. Hortaz, ekintza eszenikoak eta piano-musikak gidatu dute ikusleen irudimena, eta betebehar horretan funtsezko rola jokatu dute eremu eszenikoak eta argien diseinuak. Hala ere, hirukote izaten dira pailazo klasikoak, eta contre-pitre delakoren pertsonaia —desastre ororen pertsonifikazioa— lurraren barrunbeetatik agertu da, zorua azpitik apurtuz denon harridurarako.

Eszenografiaren beste elementu nagusia atzeko horma mugikor, tolesgarri eta birakaria izan da. Hango ate eta leihoei etekin miresgarria atera diete hirurek, pianoa eta pianista jiraka zebiltzalarik plataforma birakari batean. Hortik handik, magia, musika, dantza, umore fina eta inspirazio handiko uneak bizi izan ditugu, hala nola ur hutsez prestaturiko koktel sofistikatua, piano gaineko eskaileratik egindako ariketa desesperatuak eta hirugarren pailazoaren enkantea, hura tolestuta zegoelarik kaxa garden txiki batean... Ideia guztiek erdietsi dute maila aitzindaria, dena etorri da bat une oro, eta bigarren apoteosiaren ondoren ezin zen gehiago egin eldarnio surrealista hartan, baina beste hogei minutuz luzatu dute emankizuna, eta horrek zertxobait apaldu du amaiera borobil haren distira.]]>
<![CDATA[Alferrik ote da?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1992/041/001/2019-05-19/alferrik_ote_da.htm Sun, 19 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1992/041/001/2019-05-19/alferrik_ote_da.htm 'Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?'Konpainia: Pabilloi 6ko konpainia gaztea. Egilea: Javier Liñera. Lekua: Bilboko Pabilloi 6 aretoa. Eguna: Maiatzak 17.

Genero-bortizkeriari ekin dio Bilboko Pabilioi 6ko konpainia gazteak bere aurtengo antzezlanean, eta maiatzean izandako lehen euskarazko emanaldia ikusi dugu, aretoa polito beteta zegoela.

Argumentuak dioskunez, Ana Garcia bilbotarra hilik eta bortxatua agertu da Vinaroseko (Herrialde Katalanak) zabortegi batean. Bertan ematen zituen oporrak, eta koadrilako lagunek beren buruari galdetzen diote merezi ote duen auzia publiko egitea, biktimarekiko errespetua kontuan izanda. Beren buruari galdetzen diote ez ote den alferrik izango. Gazteen ikuspegitik, besterik gabe, gogoeta potoloetan sartzeko asmorik gabe.

Hortik aurrera, Javier Liñeraren testuak ez du batere sakontzen patriarkatuaren ondorio lazgarrietan, baina gutxienez orokortze baliagarria egiten du, azalduz emakumeen kontrako bortizkeria beste kolektibo babesgabe batzuek ere sufritzen dutela, eta antzezlanaren muinera era pertinentean ekarriz umeen eta homosexualen kontrako eraso sexistak.

Hori guztia, baina, dramaturgia baldintzatu baten pean etorri zaigu, horrelakoak izaten direlako antzezle gazteak benetako ikusleriaren aurrean trebatzeko sortzen diren emanaldiak. Antzezle berriek beren gorputz eta izpirituetan esperimentatzen ari diren teknika guztiak erakutsi nahi dizkigute —zuzeneko musika, dantzarako dohainak, makillaje deigarriak, jantzi-aldaketa ugariak, maskarak...—, baina, edozein nabarmenkeriaren gainetik, antzezle guztien gogo geldiezina eta dedikazioa nagusitu dira.

Dramaturgiari dagokionez, nahiko gainjarriak iruditu zaizkit hasierako aurkezpen pertsonalak, eta uste dut hasierako ariketa fisikoek itxura dinamiko zentzugabea ematen ziotela planteamenduari, pertsonaien esanak kontraste emankorrean jarri gabe. Ostera, une batetik aurrera, dentsitatea hartu du proposamenak, ordura artekoa mamitu izan balitz bezala; zabortegiko eszenarekin eta geroko manifestu antimatxistarekin heldu da emankizuna klimaxera.

Txaloak isiotu ditu puntu goren horrek, baina zuzendariari, zelanbait, aurrera jarraitzea otu zaio, antzezle gazteek beste teknika batzuen erakustaldia egin zezaten, eta azken luzapen horrek apur bat apaldu du lehen amaierako distira. ]]>
<![CDATA[Hemen dago Zampano]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1915/025/001/2019-05-15/hemen_dago_zampano.htm Wed, 15 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1915/025/001/2019-05-15/hemen_dago_zampano.htm 'La Strada'Zuzendaritza: Mario Gas. Moldaketa: Gerard Vazquez. Eszenografia: Juan Sanz. Musika: Orestes Gas. Antzezleak: Alberto Iglesias, Alfonso Lara, Mar Ulldemolins. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 10.

Zampano —azken bokalean kargatu behar dugu azentua— Federico Felliniren La Strada filmeko protagonista dugu. Gizagaixo indartsua bezain singlea da, Italiako bideetatik bere zirku-saio apalekin dabilena, eta laguntzaile darama Gelsomina, bere amari erositako neskatoa. II. Mundu Gerraren ostean gaude, egun batean topo egingo dute beste zirku-artista batekin —Eroa— eta bi gizonen arteko ezinikusiak ekarriko du tragediaren amaiera. Hurrenez hurren, Anthony Qinnek, Giulietta Masinak eta Richard Basehartek jokatu zituzten hiru rol nagusiak, baina Masina geratu zen ikusleen iruditeria kolektiboan, hala bere dohain pertsonalengatik nola Gelsominari eman zizkion tolesgabetasun eta bizi-gogoarengatik.

Mario Gas zuzendari katalanak orain Arriaga antzokira ekarritako bertsioan hiru pertsonaia nagusi haiek besterik ez ditugu ikusi, bigarren mailako rol guztiak erabat ezabatuta, eta haien inguruan ibili diren pailazo misteriotsuek Felliniren I Clowns filmeko arketipoak ekarri dizkigute gogora, urrutitik izan arren. Azken horiek, ordea, zeregin teknikoetan ibili dira gehienbat, eszena edo koadroen arteko trantsizioak gauzatuz, dela garrantzi gutxiko zozokeriak eginez dela eszenografiako lau elementu handiak lekualdatuz.

Hain zuzen ere, nolabaiteko ahalegina egin du ekoizpen honek eszenografiaren alorrean, eta esandako elementuak Zampanoren moto-karroa eta zirku-itxurako hiru egitura metaliko handiak izan dira. Egituretako goiko aldean pantaila bana zegoen, eta haietan proiektatu dira jatorrizko filmeko pasarteak izan litezkeenak, taula gaineko aktoreen aurpegiekin konbinatuta.

Eta hor amaitu da guztia.

Hor amaitu da guztia, Gas zuzendariak babesgabe utzi dituelako antzezleak, eremu eszeniko idor hartan. Izan ere, jatorrizko irudien desolazioa ezin zen eremu eszenikoaren gogortasun horrekin irudikatu, eta pertsonaien barne paisaiek argien iluntasun mortua eta filmeko soinu-bandaren zatirik ezagunena behin eta berriz errepikatzea baino zerbait gehiago eskatzen zuten. Alde horretatik, esan beharra dago Orestes Gas delako batek sinatzen duela soinu-bandaren Konposizioa arloa, inon ere antzeman ez duguna.

Bide horretatik, antzezleen esku geratu da emanaldia, eta bai Ulldemolinsek bai Iglesiasek txukun defendatu dituzte Gelsomina eta Eroaren rolak, baina Lararen kasuan behintzat, argi dago gorpuzkera gihartsua edukitzeagatik aukeratu zutela Zampanoren pertsonaia irudikatzeko.]]>
<![CDATA[Ihes egiten digun hori]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2010/037/001/2019-05-05/ihes_egiten_digun_hori.htm Sun, 05 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2010/037/001/2019-05-05/ihes_egiten_digun_hori.htm 'Dido & Aeneas'

Testuak: Christopher Marlowe. Musika: Henry Purcell. Zuzendaritza: Barbora Horakova Joly. Musika zuzendaritza: Petros Bakalakos. Eszenografia: Eva-Maria van Acker. Argiak: Michael Bauer. Jantziak: Benjamin Burgunder. Orkestra: Propitia Sydera Bilbao. DJa: Janiv Oron. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 3.

Eszenografia harrigarria aurkitu dugu Bilboko Arriaga antzokira sartzean. Besaulki-patioko lehen lerroak osorik kenduta, erdiko pasillotik hamabosgarren lerroraino sartzen da eremu eszenikoa; oholtza gaineko ezkerreko bazterrean Propitia Sydera orkestra ertaina kokatu da; erdialdean, kabaret itxurako gortina gorriak eta bonbillatxoak ikusten dira eta haien gainean DJ baten lan mahaia dago; alde banatan orkestra gainean eta agertokiaren ahoraino heltzen diren pasarelak daude eta ezker aldeko lehen palkoa giro bohemioko edaritegi batek bete du.

Hain zuzen ere, kabaret giroko bar horretan hasi da ekintza eszenikoa, laster batean eszenatoki osora hedatu dena. Barmanak (Joseba Apaolaza) Jupiterrena egin du aro barrokoko antzezlan honetan, bakoitzari behar zuena alde mistikotik zerbitzatzen; Mikel Losadak bete du Didoren erdeinuek jotako Iarbasen pertsonaia, eta Miren Gaztañaga eta Adrian Garcia de los Ojos izan dira Dido eta Eneas.

Arriaga antzokiaren ekoizpen berri honetan aro barrokoko bi obra paralelo elkartu dira: Marloweren Dido, Queen of Carthage alde idatzian eta Purcellen Dido and Aeneas opera barrokoa. Zalantza orokorra da ea Marlowe eta Shakespeare ez ote ziren pertsona bera izan, eta tragediaren kokapenari zein testuaren lirika gaindiezinari erreparatuta, neure uste apala da egile biak direla txanpon bereko alde biak.

Beraz, zuzeneko musika eta euskarazko antzezpenak batu dira obra erraldoi honetan, eta, Barbora Horakova Jolyren zuzendaritzapean, osotasuna hartu dute taula gaineko elementu guztiek: abeslari nagusiek eta solistek antzezleak balira bezala jokatu dute, DJaren soinu-giroek dentsitate berezia eman diote tragediari, pertsonaien hitzak eta garrasiak Purcellen musikarekin konbinatu dira, Petros Bakalakos orkestra zuzendari aritu da, baina klabizenbaloan interpretatu ditu jatorrizko operako pasarte batzuk, eta James Rosentalek oihal bertikaletan interpretatu ditu egoera tragikoaren gorabehera emozionalak.

Gertakizunen gaineko ikuspegi bikoitz hori bi rol nagusietan ere gertatu da, Nerea Berraondok Didoren alter egoa egin duelako eta Leon de La Guardiak Eneasena -Nerea Intxaustik egin du Belindarena, eta sei ahots bakarlariek greziar koruarena-. Argi dago zuzendariaren hautu horrek sano areagotu duela pertsonaien eta dramaturgiaren sakontasuna, han-hemenka izandako umore-ukitu leunekin batera, baina, beste ezeren gainetik, Didoren pertsonaia nagusitu da. Emakume ahalmentsu bezala agertu zaigu eta Iarbas boteretsua bazterrean uzteko gai izan da, amodioaren sareetatik libre irtengo zela uste izanda.

Azkenean horixe izan da tragediaren funtsa bai Eneas bai Didorentzat, eta Miren Gaztañagak amaiera ordainezina eskaini digu, Nerea Berraondok lamentatio eran When I am laid in earth (Lur azpian egoten naizenean) abestu eta koruak Never part (Ez zaitez inoiz partitu) intonatzen zuen bitartean. Une haietan harea jausten zen mezzo-sopranoaren atzamarretatik, ihes egiten diguten gauzen metafora ederrean.]]>
<![CDATA[Antzerki ez hain arina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2673/024/001/2019-05-02/antzerki_ez_hain_arina.htm Thu, 02 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2673/024/001/2019-05-02/antzerki_ez_hain_arina.htm Antzerki Arina zikloaAntzezlanak: Zom-2, Amatxik dixit, Anulados, Que siempre estemos todos y un cocodrilo en el techo. Lekua: Bilboko Pabilioi 6. Egunak: Apirilak 27 eta 28.

Zazpigarren urtez antolatu du Bilboko Pabilioi 6k Antzerki Arina izeneko zikloa. Hasieratik darabilten formula erakargarriarekin, ikusleek ibilbide bati jarraitzen diote hogei bat laguneko taldeetan, eta geldialdi bakoitzean obra labur baten lekuko dira, hurbiltasun handiz eta kokapen berezietan. Aurten lau pieza ikusi ditut, bi euskaraz eta beste biak erdaraz.

Anodino Teatroaren Zom-2-k site specific bezala funtzionatzen du, inguruko lantegi abandonatu haietariko batean gertatzen delako, bertako eskailera, zutabe, horma eta ateari nolabaiteko etekina ateraz. Ez nik espero nukeen bezainbesteko etekina, baina tira! Mikel Fernandinoren argumentuan diru gose den enpresari putre batek (Patrizia Urrutia) leherketa kontrolatu bidez eraitsiko duten eraikina bisitatzen du teknikari baten laguntzaz (Aitor Fernandino), ikusleok bertan gaudela. Denok espero bezala —baina espero ez dugun eran— aurkituko du merezi duen patua, eta bitartean dialogo ironikoez eta bi antzezleen bizitasunaz gozatu dugu, sano gozatu ere.

Zalantzarik gabe eta ikusle askoren iritziz, aurtengo sari nagusia merezi du Amatxik dixit lanak. Testua eta zuzendaritza Saioa Iribarrenenak dira, eta bera izan zen, Ander Basalduarekin batera, ziklo berean Beltxarga beltza nabarmengarri hura duela lau urte eskaini ziguna. Oraingo honetan, egilearen amamak (Nerea Ariznabarreta) Espainiako Gerra Zibilean eta gerraostean bizi zituen izugarrikeriak eta bere senargai anarkistaren (Ander Basaldua) erbestea azaldu dizkigute, Gaizka Chamizoren pertsonaiaren kontrapuntu bizigarriaren laguntzaz. Esan bezala, lan honek ikusleen harridura piztu du, eta emaitza horretan eragin zuzena eduki dute eremu eszenikoaren disposizioak, jantzi egokiek, musikaren erabilerak —ahotsak, gitarra eta txirula—, erritmo sostengatuak, soinu-efektu politek, euskara txukunaren jariotasunak eta, zelan ez, hiru antzezleen entrega eta dohain ukaezinek. Espero dugu lan hau edo haren balizko luzapena beste leku askotan ikusi ahal izatea.

Larunbateko ibilbidea amaitzeko, Anulados ikusi genuen. Teresa Caloren zuzendaritzapean sortu den lan honek genero-biolentziaren disekzio ia klinikoa egiten du, atzekoz aurrera doan ekintza eszenikoaren bidez. Iñigo Dierez da testuaren egilea eta berak egiten du bikoteko gizonarena, Andrea Covadongarekin batera emakumearen rolean. Esan bezala, testu eredugarria da, eta bien antzezpen bikainek sinesgarritasun osoa ematen diote matxismoaren izurritearen salaketari.

Igandean ikusi nuen lan bakarrak —Que siempre estemos todos y un cocodrilo en el techo— Gabon zaharrean formulatzen ei diren desio etiliko haietariko bati egiten dio aipu. Eszenako lau neskak —Getari Etxegarai, Olatz Ganboa, Nagore Gonzalez eta Ane Pikaza— pastel gamako tonuetako arropekin azaldu ziren, eta Maria Goirizelaiaren testua bide beretik ibili zen —leun, samur, atsegin...— lauren ama eta amamen borroka pertsonalak bihotzetik gogoratuz eta diapositiba-proiektore batekin familia-irudiak erakutsiz. Haietariko baten amama ikusleen artean zegoen, eta denok eskertu genion emakume aitzindari haiek egindako bidea.]]>
<![CDATA[Apirilak 26]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2206/023/001/2019-05-01/apirilak_26.htm Wed, 01 May 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2206/023/001/2019-05-01/apirilak_26.htm 'Argiaren hautsa'Ekoizpen etxea: Vaiven. Egilea: Luis Elizetxea. Zuzendaritza eta dramaturgia: Mireia Gabilondo. Eszenografia: Fernando Bernues. Ilustrazioak: Naiel Ibarrola. Antzezleak: Miren Gojenola, Ander Iruretagoiena, Mikel Laskurain, Ane Salvador. Lekua: Zarauzko Modelo aretoa. Eguna: Apirilak 26.

Apirilak 26 zituela ikusi dugu Argiaren hautsa antzezlana Zarauzko Modelo antzokian. Kasualitate bitxia, apirilaren 26an gogoratzen dugulako frankisten lagun naziek Gernikan egin zuten sarraskia, Durango, Otxandio eta abarrekoen ostean etorri zena.

Luis Elizetxearen antzerki-testuaren arabera, egun hartantxe jaio zen Milagros, ama bonben pean erditzen zelarik. Eta aitak, pozarren, guztiei erakutsi zien alabatxoa, hiltzeko zorian zeudenei ere bai, frogatu nahian-edo zerutik etorritako heriotzak lurrean aurkitu zuela bere ordaina. Emanaldia hasten denean, iragan urruneko kontuak dira istorio gogor haiek, eta Milagros Manuelen mahaia konpartitzen hasiko da, biei egokitu zaien zahar-etxean.

Puntu horretatik aurrera, argi dago zerbait gertatu beharko dela bien artean. Horraino denok ados. Kontua da, ordea, nola, zeintzuk mekanismoren bidez eta zein erritmotan gertatuko ote den, eta alde horretatik argi dago Mireia Gabilondoren ahaleginak fruitu borobila eman duela bai tempoari bai pertsonaien barne-bilakaerari begira, betiere antzerki emanaldi baten iraupenaren mugetan.

Jokoan dauden elementuak, beraz, gutxi dira: adinduen arteko maitemintze bat eta protagonista bakoitzaren iraganetik etor zitekeena. Batetik, Elizetxearen testuak ondo baino hobeto funtzionatzen du —interesari une oro eusten dio eta bikain darabil euskara—, eta bestetik, Gojenola eta Laskurain rol distiratsu batzuen jabe agertu zaizkigu, neurtuta, bakoitzaren pertsonaiak eskatutako azken kapritxoa ere mimo handiz emanez, eta, kanpo-karakterizazio egokiaz gain, barne-karakterizazioan maisu edo maistra, kasuan kasu. Zinez diotsuet kostatu egin zaidala Laskurain bera agurearen pertsonaian ezagutzea. Bide batez esanda, zein ondo eta zein isil ari zaigu ontzen Bergarako aktorea azken bolada honetan —Uda gau bateko ametsa, Lur, Zoaz pake santuan, Etxeko saltsak..., eta Miren Gojenolari buruz, zer esan? Hemen aitortzen badut fitxa teknikoa irakurri arte ez dudala ezagutu, nire balizko itzala pikutara joan liteke, baina beharbada horrek esan nahiko luke orain arte eman ez duen beste erregistro batean ikusi dugula.

Antzezlanean agertzen diren beste pertsonaia biak txukun ibili dira beren roletan, eta Naiel Ibarrolaren marrazki proiektatuek ganora handiz irudikatu dituzte egoerak, pertsonaien aldarteak eta lekuak —Izaro irla, Mundakako kasinoa, Santa Katalina baseliza...—, baina, beste ezeren gainetik, izaera berezia eman diote kontakizunari, istorio grafikoen artearen bidez.]]>
<![CDATA[Maputxeen lurraldean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/037/001/2019-04-28/maputxeen_lurraldean.htm Sun, 28 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1964/037/001/2019-04-28/maputxeen_lurraldean.htm 'Tierras del Sud-Bilduma'

Dramaturgia: Txalo Toloza. Koreografia: Laida Azkona. Interpreteak: Laida Azkona, Txalo Toloza. Testuen euskaratzea: Maialen Sobrino. Lekua: Aulestiko inguruak eta frontoia. Eguna: Apirilak 25.

Aspaldi ez genuen Laida Azkonaren berri, eta hara non Aulestiko ADEL jardunaldietan estreinatu duen bere azken proposamena. Betelun (Nafarroa) jaiotako artista munduko hainbat lekutan bizi eta hezi da, eta orain Bartzelonan du egoitza, baina ez da Euskal Herriaz ahazten. Ezagutu genuen bere lehen lana Mu-To Bilbon eta Ean ikusi genuen, azken hori Eako Poesia Egunetan, eta gero etorri zen Extraños mares arden harrigarri hura, non, Atacamako basamortuan kokatuta, Guggenheim inperioaren jatorria ezin garbiago azaltzen zen, Txilen egindako espoliazio masiboaren ondorioz.

Oraingo Tierras del Sud - Bilduma hau Tierras del Sud SA lanaren deribazioa dugu, eta aurrekoa bezala, Pacifico izeneko trilogia baten parte da. Hiru lanen ezinbesteko beste sortzailea Txalo Toloza txiletarra da, eta hurrengo atalean Amazoniari buruz hitz egingo digute. Barkatu, irakurle, atariko kontuekin hainbeste luzatu izana, baina uste dut Euskal Herriko zerumuga artistikoan mugarri eztabaidaezina dela Azkona-Tolozatarren lan jarraitu eta determinatua, eta gainera, munduko beste herri indigenekin konektatzen gaituela, hurrengo lerroetan ikusiko dugun bezala.

Aulestiko plazan hasi da emanaldia, ikusle bakoitza entzuteko kaskoak jantzita, eta herriko kaleetatik abiatu gara geldialdirik egin gabe, maputxeen sarraski masiboaren historia atalez atal entzuten genuen bitartean. Jauregi izandako armarridun etxe baten alboan igaro gara, eta kasualitatea izango zen, baina geure iragan konkistatzailea gogorarazi digu hor nonbait. Gero, herritik aldentzen joan gara, erreka gaineko zubia zeharkatu, soroen ertzetatik ibili, Erdi Aroko galtzada bat zapaldu eta inguruko mendiak ikusi ditugu maputxeen lurraldeen konkista gupidagabea -ustez loriatsua, Argentinako historia ofizialean- eta haiek jasandako izugarrikeriak entzuten genituen bitartean.

Performancearen ikuspegitik, bikaina iruditu zait zeharkaldiaren ideia, maputxeentzat hain funtsezkoa den naturaren izaera azpimarratzeaz gain, haien exodoa -Patagoniatik Andeetaraino- eta deportazioa geure urratsekin gogoratzen genuelako, gu eroso eta girgilu barik ibili arren. Herriko futbol zelaian paratutako hagatxo argidunek ehunka mila arima haien oroitzapena ekarri digute, eta haien omenez dantzatu dugu rewe baten -maputxeen monolito mistikoa- inguruan, jatorrizko perkusio eta txirulen doinu pean.

Azken atalean frontoian bildu gara, eta Azkonak bere gorputzarekin irudikatu ditu ustezko etnografia xedeekin egindako argazki tamalgarri haien jarrerak, egiatan europar supremazismoa zuritzeko egin zirenak. Gero, dantzarako dituen dohain eta prestakuntza bidez berrinterpretatu ditu arima galdu haien dolua eta munduko museoetara bidalitako emakume, gizon eta umeen deserrotze eta sufrimendua. Amaitutakoan, nolabaiteko lasaitua hartu dugu jakitean euskaldun izateak maputxeen bihotza zabaltzen digula gaurko munduan. Amaitzeko, argitu egingo dugu zergatik deitu dioten Tierras del Sud SA jatorrizko lanari: horrela deitzen da Benetton enpresa Patagonian, eta han ia milioi bat hektarea daukate berez maputxeenak ziren lurraldeetan.]]>
<![CDATA[Ezinaren maitalea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2054/041/002/2019-04-21/ezinaren_maitalea.htm Sun, 21 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2054/041/002/2019-04-21/ezinaren_maitalea.htm 'Anton Abbadia'

Ekoizpena: Loraldia. Jatorrizko testua: Patxo Telleria. Zuzendaria: Oier Guillan. Musikariak: Michel Ducau, Xabi Zeberio, Alaia Phillips. Antzezlea: Txomin Hegi. Lekua: Hendaiako Mendi Zolan aretoa. Eguna: apirilak 19.

Hogeita batgarren mendean berreskuratu zen Bilboko Arriaga antzokian XIX. mendeko lore jokoen ohitura, Loraldia izenarekin, eta hasierako ekitaldia Anton Abbadiaren figura erraldoiari eskaini zioten, beste gauza askoren artean bera izan baitzen Bizkaitik Zuberoaraino lore jokoen moda euskararen eremura ekarri zuena.

Orduko hartan, Ezinaren ederra deitu nion iruzkinari, Patxo Telleriaren testuan bereziki nabarmentzen zelako berarengan gauza ezinezko asko suertatu zirela: ama irlandar eta aita euskaldun baten seme izatea -inude zuberotar batengandik jaso zuen euskara-, Brasilen Eguzkiaren eragin magnetikoa ikertzea, Etiopiako lehen mapa egitea edo Niloko iturrietako bat deskubritzea.

Hara non, ordea, halako batean Txomin Hegi lapurtarrak Baionako Chimeres antzerki konpainiaren arima euskalduna berriro ekarri digun orduko antzezlan hura, betiere Loraldiaren babesarekin baina beste planteamendu batekin eta bere adierazpen moldeetara zalantzarik gabe lerratuta.

Hasteko eta behin, ikusteko modukoa izan da Mendi Zolan aretoa nola bete den proposamena ikusteko gogoz zeuden mugaren alde bietako ikusleez. Era askotako objektuez hornituta agertu da ezker aldean zegoen mahaia -liburu zaharrak, esne botila, koñak botila, kafea, ordenagailu bat, edalontziak eta kikara...-, eta haien artean, munduaren esfera argiduna nabarmendu da, Abbadiaren jakin-min globala irudikatuz. Likido guztietatik edan du antzezleak une batean edo bestean, bere pertsonaiaren ezagupen egarri paregabea bere eginez, eta munduan zehar egindako ikerketa bidaiak aletu ahala, eszenako beste aldean zeuden hiru musikariek finezia handiz girotu dituzte Irlandari, Euskal Herriari, Brasili, Etiopiari eta Parisi zegozkien lurrinak. Haien maila irudikatzeko, nahikoa da esatea nor eta Michel Ducau aritu dela gitarran, Xabi Zeberio arduratu dela biolinaz, nyckelharpa biolin suediarraz eta kalinbaz, eta Alaia Phillipsen ahots tenperatutik entzun ditugula gaelikozko zein euskarazko abesti ederrak.

Oier Guillanen zuzendaritza diskretu baina eraginkorraren pean, Hegik ez du bazterrean utzi Chimeresen altzoan landutako antzezpen altxor ikaragarria, eta alde horretatik, erregistro askoren jabe ikusi dugu, eroso, eta esku artean zeukan opari eszenikoaz gozatzen, orain jostagarri, orain sakon, baina beti neurrian, jakitun izanik gehiegi emateak dena hondatzea ekar lezakeela eta oreka puntuan egoten jakitea handitasunaren ikur preziatua dela.

Ikusleek -nerabeak, helduak eta adinekoek izanik ere- begirunezko isiltasunean paratu dute beren arreta osoa, haietariko bakoitzak jakingo balu bezala pribilegiozko zeremonia batean zegoela, eta txaloen orduan berotasuna nagusitu da artistekiko, hurbiltasunarekin batera.]]>
<![CDATA[Efektismoa nagusi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1863/023/001/2019-04-17/efektismoa_nagusi.htm Wed, 17 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1863/023/001/2019-04-17/efektismoa_nagusi.htm 'Notre-Dame de Paris'

Konpainia:Balletto di Siena.Zuzendaritza eta koreografia:Marco Batti.Musika:Riccardo Joshua Moretti.Argiak:Claudia Tabbi.Jantziak:Jasha tailerra.Lekua:Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna:Apirilak 13.

Balletto di Siena konpainiak Notre-Dame de Paris izeneko koreografia ekarri du Donostiara, izen bereko eleberri famatua dantza bihurtuta. Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago italiar konpainia honek hiru adarretan banatzen duela bere jarduna: ballet klasikoa, sorkuntza laburrak eta arlo garaikidetik hurbilago egon litezkeen piezak. Azken estilo horri dagokio Viktoria Eugenia antzokian eskaini diguten emanaldia, baina larunbateko emaitza ikusita, argi dago ballet arautuarena dela konpainiaren eremu naturala eta Marco Batti ez dugula koreografo garaikideen artean bereziki gogoratuko.

Izenburuak dioen bezala, Victor Hugoren eleberri aitzindaria ekarri du Sienako konpainiak taula gainera, liburuko pasarte nagusiak dantzatik baino antzezpenetik hurbilago egon diren eszenak eratuz eta giro koloretsuko atalak Parisko baztertuen mundua, Mirarien gortea deiturikoa, erregearen soldaduen eta herri xehearen arteko oldarraldiak... dantza talde osoaren agerraldi dinamikoen bidez irudikatuz.

Ballet programatikoetan bezala, jatorrizko kontakizunaren zorduna izan da lan koreografikoa, baina nik behintzat ez nuen espero dantzaren diseinua hain narratibista izatea eta dantzariek eraikitako irudi plastikoak hain figuratiboak, hain telebista mailakoak suertatzea. Riccardo J. Morettiren soinu bandak izaera erdi zinematografikoa erdi etnizista hartu du -beharbada Esmeraldaren jatorri ijitoaren omenez-, baina nik uste dut pasarte batzuetan gehiegi baliatu dela efektu kolpeez kontakizunaren dramatismoa areagotzeko.

Efektismoaren bide horretatik, beste errekurtso batzuk erabili dira, hala nola makilak, ezpatak, hasierako eta amaierako plataforma birakaria, zinta elastiko gorriak eta argi tunel harrigarria, azken hori zertara ote zetorren asmatu ez dugun arren.

Dantzarien kalitateaz esan beharra dago maila klasiko nabarmena erakutsi dutela rol nagusietan ibili direnek -Esmeraldak, Quasimodok eta Frollo artxidiakonoak batez ere- eta orbangabeak iruditu zaizkigula dantz taldearen agerraldiak. Bestetik, aipamen berezia merezi du Quasimodori emandako tratamenduak, jatorrizkoaren konkordun izaera dantzariaren gorputz trinko eta gihartsuarekin ordezkatu baita, haren pertsonaia mugimendu bihurrikariekin irudikatuz.

Hala ere, dantzarien gaitasunean bermatu da emaitza eszenikoa koreografiaren diseinuan bainoago, eta ikusleen txalo epelen ondorioz, txiripaz altxatu da bigarrenez oihala, dantzarien agur handien txanda nekez betetzen zelarik.]]>
<![CDATA[Primitibismo abstraktua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1968/048/001/2019-04-14/primitibismo_abstraktua.htm Sun, 14 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1968/048/001/2019-04-14/primitibismo_abstraktua.htm 'Kreatur'

Konpainia: Sasha Waltz & Guests. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 12.

Oso era pausatuan hasi da Sasha Waltzek Bilboko Arriaga antzokira ekarri duen koreografia, kardilaun itxurako zenbait izaki azaldu direnean. Lasaiak izan dira haien agerpenak, lantegietako burrunba ilun eta urruna lagun, eta argiztapenaren kalitate bikainak hasieratik bertatik harrapatu gaitu, zuria, beltza eta haien arteko grisen gama osoaren lekuko izan garelako.

Sasha Waltzen estiloa Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ezagutu genuen 2007an, Fantasie lanarekin, baina orduko hura hiru pieza laburretako gaualdi baten parte izan zen -beste koreografo biak William Forsythe eta Jiri Kylian izan ziren- eta oraingo honetan Waltzen pieza luze bat dastatzeko parada eduki dugu.

Argien diseinua, jantziak eta soinu-eremua nabarmendu ditut beste ezer baino lehen, Waltzen ezaugarria delako hartu-eman emankorrean ibiltzea dantzaren inguruko sortzaileekin, eta kasu honetan ere aberasgarria izan da elkarlan horren emaitza artistikoa. Hasierako soinu industrial gorretatik perkusio ilun eta geldora igaro da soinua, eta une horietan aretoko bazter askotatik entzun ditugu esangura iluneko esaldi moztuak eta hitz solteak. Dantzariak, bitartean, eboluzio atletiko geldoetan aritzen ziren, haiek guztiak biluzik -haragi koloreko kuleroak eta galtzontziloak baino ez-, eta emakumeetariko bi haurdun agertu dira. Horrek guztiak primitibismo kutsu handia eman dio proposamenari, eta eskertzeko modukoa izan da gorputz gehienak dantzarako ezarriak dauden estereotipoetatik kanpo geratu izana.

Ustezko edertasuna esploratzeko bide horretatik erabakigarria izan da bi xafla zeharrargiren erabilera, haien bidez atzean zegoen gorputza deformatu eta aurrean zegoenarena islatzen zelako, Soundwalk Collectiveren musika misterio giroan murgiltzen gintuelarik. Geroago, techno aleman lehorrak lagundu gaitu hamalau dantzarien kolektiboak segida labur sinkopatuak burutzen zituen bitartean, eta une batetik aurrera argiaren eraginez itxura aldatzen zuten gonak eta, kasuan kasu, bularreko gardenak jantzi dituzte ia denek, gizon beltzak eta gizon zuriaren paradigma betetzen zuenak izan ezik.

Antza denez, koreografoaren asmoa da gizakiari dagozkion hainbat dilemaz gogoetatzea -boterea eta mendekotasuna, norbanakoa eta kolektibitatea, gaizkia eta ongia...- eta alde horretatik esanguratsuak izan dira amildegiaren ertzean egon diren izaki larrituen eszena, egurrezko habearekin eratutako irudiak eta sagarroi beltzaren kontrako borroka mingarria, soinu-bandak Peer Gynt-en akorde eraldatuak subliminalki ekartzen zizkigula, eulitzarren burrunba eta txori txikien txioekin batera.

Ikusleek erabateko isiltasuna gorde dute denbora guztian, Waltzen indar teluriko geldoak erakarrita, eta Serge Gainsbourgen Je t'aime, moi non plus hilezin hura entzun ostean dena amaitu da Hieronymus Boschen Atseginen lorategia-ren itxurako eszena batean, dantzari gehienak plazer fisikoaren metafora betean murgilduta eta haietariko bat xafla zeharrargi hartan era esanguratsuan bilduta.]]>
<![CDATA[Gurseraino dantzaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/033/001/2019-04-10/gurseraino_dantzaz.htm Wed, 10 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1943/033/001/2019-04-10/gurseraino_dantzaz.htm 'Basotik itsasora'

Film zuzendaria: Beñat Gereka. Ekoizpena: Fernando Saenz de Ugarte. Dantza konpainia: Dantzaz. Koreografia: Josu Mujika. Musika: Iñaki Salvador. Testuak: Xabier Sukia. Jantziak: Maialen Miranda, Naroa Minchero. Zuzendari artistikoa: Adriana Pous. Lekua: Bilboko Golem I eta La Casillako kiroldegia. Eguna: Apirilak 6.

Egitarau bikoitza eskaini du aurtengo Loraldiak bere azken asteburuan, Gurs izeneko kontzentrazio-esparruaren hasieratik aurten laurogei urte betetzen direla. Lehen zatian Beñat Gerekaren Basotik itsasora dokumentalaren proiekzioa ikusi dugu, eta, bigarrenean, Dantzaz konpainiaren Basoa dantza lana aurkeztu da.

Gurseko esparruan milaka euskal gudari eta espainiar errepublikano babestu ziren gerra amaitutakoan, baina haietariko lau mila inguru naziek deportatu eta erail zituzten Poloniako sarraski eremuetan. Gursen geratu zirenak lokatz artean bizi ziren etengabe, eta haietariko batek esan omen zuen: «Infernua ez da suzkoa, lokatzezkoa baizik». Hala ere, barrakoi multzo bakoitzetik bat gorde zuten kulturarako, eta haietan era guztietako jarduerak antolatu zituzten. Gaur egun baso landatu batek estaltzen du leku hartako memoria.

Beñat Gerekaren dokumental poetikoak esandako guztia jaso eta hura gure aroko errefuxiatuen egoerarekin alderatzen du, ganora handiz, tempo egokiarekin, orduko errefuxiatuen oinordekoen eta gaurkoen testigantza pertinenteak bilduz eta irudien edertasuna lagun. Iñaki Salvadorren musikak eta Xabier Sukiaren hitzek dentsitate berezia eman diote filmari.

Arratsaldean etorri da goizeko atalaren jarraipena Dantzaz konpainiaren eskutik -konpainiako Teresa Royo eta Valerio di Giovanni Gerekaren filmean ere agertzen dira-, eta, dantza hasi baino lehen, bi errefuxiatu gaztek gurean izandako bizipenak azaldu dizkigute, haietariko batek euskara ederrean, bide batez esanda.

Labirinto itxurako tunel batetik sartu gara aretora, eta eremu karratu baten inguruan kokatu gara: irudi ezin hobea beren bizitzak hesituta dituztenak irudikatzeko. Hara nun diran Iparragirreren kantaren lehen nota eraldatuekin hasi da Iñaki Salvadorren partitura ia sinfonikoa, eta, hasierako atalean, tren bateko erritmoak markatu ditu musika eta dantzarien mugimenduak, lehen pasarteetan deskonektatuak ziruditenak, esparrura ailegatzen denaren desorientazioa irudikatuz. Karratuko erpin batean garai bateko maletak pilatuta agertu dira, eta kontrako erpinean txarrantxa biribilkatuak.

Bigarren atal hau ere edertu dute Xabier Sukiaren hitzek, bertsolaritza-kalitate eta sakontasunarekin, eta beste batzuk ere entzun ditugu gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz. Dantzariek, bitartean, unean uneko konposizio estatikoak eratu dituzte, sikiera haietariko batek urrunerantz begira zezan; une batean, alkandorak erantzita, hondartzetara heldutako jendearen desolazioa helarazi digute eta aldian behin zentrora hurbildu dira guztiak, talde sentsazioaren edo elkarren babesaren bila.

Gursen bezala, bikain elkartu dira artea eta gizakiekiko engaiamendua, eta esan beharra dago, Basoa Gursen bertan eman duela Dantzaz konpainiak, Loraldian estreinakoz aurkeztu ostean.]]>
<![CDATA[Pertsonaia eta pertsona]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/040/002/2019-04-09/pertsonaia_eta_pertsona.htm Tue, 09 Apr 2019 00:00:00 +0200 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1942/040/002/2019-04-09/pertsonaia_eta_pertsona.htm 'Zauri Bolodia'Konpainia: Metrokoadroka. Sortzaileak eta interpreteak: Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Jabi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Oier Guillan, Asier Sarasola. Lekua: Bilboko Dantzertiko auditoriuma. Eguna: Apirilak 5.

Pertsonaiaren atzeko pertsona irudikatzen du Zauri Bolodiaren figurak. Nahita erabili dut termino hori, jakitun izanik izen bereko liburuak antzerkiaren arloko auzi eternaletariko bati ekin ziola, hau da, pertsonaiaren, aktorearen eta pertsonaren artean sortzen eta ezartzen diren harreman ia metafisikoari, eta egileak ezin izan zuela ebatzi edo guztiz deslotu hiruren arteko korapilo existentziala. Jakina, ez zen hori Zauri Bolodia-ren xedea, esandako kontuetatik tiraka aritzea baizik, eta Oier Guillanek liburuaren aurkezpenean deklaratu zuenez, berak «idazle-masajista» ikusten zuen bere burua, mina dagoen lekuetan hatzak sartzen zituelako.

Dantzerti eskolak egunotan antolatu dituen Arrakala jardunaldietan plazaratu du Metrokoadroka kolektiboak Zauri Bolodia izeneko performancea, site specific formatuan eta etekin bikaina ateraz bertako auditoriumeko gune eta inguruetako txoko guztiei. Guillanek berak bete ditu gidari lanak, lehen aurkezpena eginez, ikusleak leku batetik bestera gidatuz, geldialdi batzuetan Zauri Bolodiaren gogoeta filosofikoak gutun eran irakurriz eta ikusleen barreak eraginez maila sublimetik ateraldi lurtarretara egindako jauzi bat-batekoekin.

Bidaia fisikoa izan da, beraz, eta bidaia intelektuala ere bai. Ibilbidea eszenatokian bertan hasi da baretze tarte batekin, Donostiako Tabakaleran dadaismoaren inguruko gogoetan Hugo, non dada Emmy? baliatutako antzeko aulki disposizioarekin eta musika pasarteak zein zatikako adierazpenak era ez hain dadaistan adierazita. Besaulki-patiotik ikusi dugu gero Asier Sarasolaren burua —burua baino ez— emanaldiko testurik sakonenak esanez: hirutan agertu zaigu buru hori, eta hirugarrenean alboko pasabide bateko kristalen atzetik jaso ditugu haren hitzen oihartzun urruna, benetako gaiei heltzeko zailtasuna ezin hobeto irudikatuta.

Idoia Beratarbidek bere irudigile ibilbidean erabilitako klarion eta lapitzen puntekin osatu du gero eta zabalagoa zen bide koloretsua, irudiek besteengan utzitako balizko arrasto iragankorraz hausnartzen zuen bitartean, eta leku batetik besterako bideetan emakume baten figura enigmatikoa Ainhoa Alberdi agertu zaigu. Beste geldiune batean barrutik ikusi dugu kalean zegoen Jabi Barandiaranen pertsonaia, eta bien artean feminizazioaren eta maskulinizazioaren paradigma kontrajarriak eratu dituzte, genero gogoeta subliminalki eraginez.

Idazle-masajistaren ideiari jarraiki, dantza-gelan eman dio Maite Aizpuruak masaje terapeutiko sakona Ainhoa Alberdiri, haiek biak pertsonaia-roletik ia erabat aldenduta, eta Bolodiaren gutunaren azken zatia entzun ostean, ekintza kolektibo eta gozagarri batekin amaitu da proposamena, ikusleak eta antzezleak berriz ere pertsona arrunt bihurtuta.]]>
<![CDATA[Lolita eta irakaslea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/024/001/2019-03-23/lolita_eta_irakaslea.htm Sat, 23 Mar 2019 00:00:00 +0100 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1888/024/001/2019-03-23/lolita_eta_irakaslea.htm 'Rita'Ekoiztetxea: Txalo. Egilea: Wily Russell. Itzulpena: Martin Agirre. Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Aitziber Garmendia. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: Martxoak 21.

Rita deitzen da, ez Lolita, baina Stanley Kubricken Lolita haren moduekin sartu da irakasle zaharraren bulegoan, literatura ikasketak burutu nahian. Tira, bulegoan bainoago, haren bizitzan sartu da, haize freskoaren antzera, eta hankaz gora jarri du zaharra bainoago zaharkitua geratu den gizon akademiko erdi miragarri erdi patetikoa.

Txalo ekoizpen-etxeak Willy Russell letra-gizon britainiarraren Educating Rita ekarri digu azken lan honetan. Russellen antzezlana 1980an estreinatu eta hiru urte geroago film bihurtu zen, Michael Caine eta Julie Walters protagonista zirela. Baina oraingo emanaldian zehar saihetsezina egin zaigu George Cukorren My Fair Lady (1964) filmarekin gogoratzea —Audrey Hepburn eta Rex Harrison protagonistak— eta, zelan ez, filmaren oinarri zuzena izan zen George Bernard Shaw-en Pigmalion (1913) antzezlanarekin. Eta aurrekarien sokari tiraka, Antzinaroraino helduko gara, lehenengo Pigmalion Ovidioren sorkuntza izan zelako.

Obra hartan artista bere eskultura batez maitemintzen omen da, eta XX. mendean zehar Shawek, Cukorrek eta Russellek mito hura eguneratu baino ez dute egin, gizon jakintsu eta zaharraren totema emakume gazte eta ezjakinaren pertsonaiarekin kontrajarriz. Gaurko parametroetatik ikusita, nahiko arbuiagarria irudi lezake alderaketak, baina esan beharra dago bai Shawen, bai bere epigonoen bertsioetan emakume ikasle eta gazteak gizon jakintsu eta zaharra gainditzen duela; patriarkatua kolokan jarriz, ahalduntze prozesu interesgarri baten bidez, eta happy end edulkoratua gorabehera.

Soziolinguistikaren ikuspegitik aipatzekoa da hiru egile anglosaxoiek ahoskera txukunari eta hizkuntzaren kalitateari emandako garrantzia; alde horretatik, aberasgarria egin zaigu euskararen eremura egindako translazioa. Izan ere, irakaslearen maila jasoa baina apur bat antigoalekoa, neskaren kale mailako euskara zabarrarekin alderatu da, en plan, no jodas, bua txabal eta enparauak han-hemendik tartekatuta.

Eszenografia ikustean, une batez uste izan dugu bueltan zirela berriz ere Txaloren marka izan ziren dekoratu usatuak, baina sitsek jandako giroa ondo zetorkion iraganean ainguratutako irakasleari. Bestetik, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza berme sendoa dira edozein taularatzetan, eta bikote eszeniko perfektua osatu dute, bakoitzak bere pertsonaiari dentsitate polita emanda, eta bien arteko kimika eredugarrian murgilduta. Gauzak horrela, denbora di-da batean igaro zaigu, eta aretoa polito bete duten Santurtziko euskaltzaleek gogoz eskertu dute bien lana eta emaitza eszenikoa.]]>
<![CDATA[Boterearen irudia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2182/026/001/2019-03-16/boterearen_irudia.htm Sat, 16 Mar 2019 00:00:00 +0100 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/2182/026/001/2019-03-16/boterearen_irudia.htm 'Rey Lear'Konpainia: Atalaya. Egilea: William Shakespeare. Zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Ricardo Iniesta. Argiak: Alejandro Conesa. Jantziak: Carmen eta Flores de Giles. Musika-konposizioa: Luis Navarro. Koreografia: Juana Casado. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia. Eguna: Martxoaren 14a.

Sevillako (Espainia) Atalaya konpainia mitikoari egokitu zaio aurtengo dFeria ixtearen ohorea, eta Rey Lear izan da ekarri digun obra. Ricardo Iniestak gidatzen duen taldeak munduko kontinente guztiak eta jaialdi nagusiak bisitatu ditu, eta bere muntaketa erabatekoekin lortu dituen nazioarteko sari-zerrenda luzea da benetan.

Indar handiz hasi da emanaldia, intriga eta tragedia giroan —nola bestela?— antzezleen presentzia eszenikoaren erakustaldi betean. Jantzien diseinu miresgarriak ederki konbinatu ditu egilearen aroko soinekoen linea eta ukitu garaikide ia subliminalak, eta koloreen aukeraketa ere ildo beretik joan da: gorria beltz ukituekin hiru alabentzat gordeta, berde-horixka-marroixka suabeak bufoiaren kasuan, gris gamakoak noble eta gerlarientzat, tonu arreak eta zuri zikinak eskale eta baztertuentzat eta zuri hutsa erreserbatuz tragedia hartatik salba zitezkeen bi pertsonaientzat.

Ikusten denez, Iniestaren muntaietan ez da ezer kasualitatearen esku uzten, Gabriel Zelaiak baldin bazioen «poesia etorkizunez kargaturiko arma» dela, Iniestarengandik gauza bera esan dezakegulako, poesia hitza antzerki bihurtuta.

Jantziak aipatu ditugu lehen, eta antzezleen presentzia indartsua ere bai, elementu ukigarriak direlako eszenaratze batean, baina argumentuaren garapenean rol erabakigarria jokatu dute elementu immaterial bik. Alde batetik, argiaren kalitate piktorikoak —egilearen garaiko margolanen antzekoa— lehen mailako rola jokatu dramaturgian, eta, bestetik, musika dugu, azken hori bi planotan: bat Iniestaren joera brechtiarraren araberakoa, pasarte abestuak era koralean tartekatuz eszenak eta giroak aldatzen ziren bakoitzean; eta, bestea —berrikuntza nik uste, taldearen ibilbidean galdu dugun hamarkadan—, soinu-banda era zinematografikoan erabiltzea, pertinentzia handiz eta batere nabarmenkeriarik gabe, beste guztiarekin gertatu den bezala.

Konpainiaren ezaugarria da muntaia bakoitzean elementu eszeniko bakarra erabiltzea, eta kasu honetan hamaika mahai errektangular luze eta baxurekin eraiki dira argumentuak eskatutako giroak eta kokapenak, azkar eta isilean eraiki ere argiaren konplizitate bizkorrarekin. Baina badirudi antzezleez ahaztuta gabiltzala, eta alde horretatik esan beharra dago haiek izan direla emanaldiari erritmo sostengatua, indarra, sinesgarritasuna eta sakontasuna eman diotenak, beren kemen eta prestakuntza pertsonalarekin eta dantzaren kalitatean jokatu duten estiloarekin.

Amaierarako utzi dugu, nahita, testuaren moldaketa, berez egilearen hitzak moldatu ez eta haiei ezer gehitu ez diena. Hitzon artean, aipu bat ekarriko dut hona, Iniestak bilatutako mezua ongi laburbiltzen duelako: «Inoiz ikusi ote dituzue zakur zaindariak eskale bati zaunkaka eta hura ihesean jarriz? Bada, horixe da boterearen benetako irudia». Shakespearek esana.]]>
<![CDATA[Bi emakume latinoamerikar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/032/002/2019-03-15/bi_emakume_latinoamerikar.htm Fri, 15 Mar 2019 00:00:00 +0100 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1989/032/002/2019-03-15/bi_emakume_latinoamerikar.htm 'Yo no estoy loca' eta 'Retrópica'Zuzendariak: Fabio Rubiano (Yo no estoy loca) eta Mari Paula (Retrópica). Interpreteak (hurrenez hurren): Marce Valencia eta Mari Paula. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoa. Egunak: Martxoak 12 eta 13.

DFeria erakargarri egiten duten gauzetariko bat da Latinoamerikako arte eszenikoei begiratu txiki bat bota ahal izatea, eta gaurko kritikan Kolonbia eta Brasildik ekarritako bi lan komentatuko ditugu.

Yo no estoy loca (Ez nago erotuta) deitu da Marce Valenciak interpretaturiko pieza, eta aipatzekoa da esku-programan dakarrela «Valenciak esateko eta egiteko» egina dela. Horrek esan nahi du interpretearen neurrian sortu dela, eta datu horrekin hobeto ulertuko dugu soilik sei aulkirekin eta antzezlearen energiarekin izandako emaitza harrigarria.

Fabio Rubianoren testuan emakume batek ohean aurkitzen ditu senarra eta haren amorantea, eta pasadizo horren inguruan era guztietako kontakizunak ehuntzen dira, abilezia handiz ehundu ere. Bide batez, argumentuak ihes egiten du anekdota hutsaren eremu antzutik, eta protagonistaren bizipenen bidez Kolonbiako egoera sozialaren berri izan dugu. Tira, ez gara hurbildu Kolonbia osoaren konplexutasun itzelera, noski, baina bai europar mundu burgesarekin hobekien konektatzen duten gizarte-geruzetara. Izan ere, antzezlaneko gatazkak ez dauka zerikusirik ez hango nekazari txiroekin, ez indioekin, ez narkoekin, ez paramilitarrekin, han jaio izanda beren herrian ezer gertatuko ez balitz bezala bizi nahi dutenekin baizik. Gogoeta hori ez da inolaz ere agertu, eta horregatik kokatzen da antzezlana latinoamerikar antzerki burgesaren eremuan, antzezpena eta testuaren garapena bikainak izan arren.

Iemanja jainkosa afro-brasildarraren itxuraz hartu ditu ikusleak Brasilgo Mari Paula performerrak, Brasilgo portugesezko testu indigenista-dadaista-feminista bat —Leonarda Gluckek lan honetarako egina— entzuten zen bitartean. Paulak apurka-apurka erantzi ditu soinean zeramatzan edergarriak eta lihazkiz egindako gona doratuarekin geratu da, bularraldea agerian.

Hortik aurrera, eboluzio dantzatuak garatu ditu, baina adierazi duen mugimendu kalitatea zuri batenari zegokion, ez benetako brasildar batenari, eta eman duen itxurak turistentzako ikuskizun horietako batean baleude bezala sentiarazi gaitu. Beste une batzuetan jaka distiratsu bat jantzi du, betiere bularrak agerian utzita, eta patata tortilla zakar bat prestatu eta erdizka jan du, Mexikoko narkotrafikatzaileen krudelkeria izugarrien berri ematen zigun bitartean.

Brasilgo eta lusofoniako abesti eta ahots ezagunek girotu dute emanaldia —Tom Jobimen Água de beber mitikoa, Vinicius de Moraesen grabaketa historiko bat, Maria Bethaniaren lehendabiziko kanta (É de manhã, Caetano Veloso egilea), Cabo Verdeko Cesaria Evora, chorinho delakoak...—, eta hala ere proposamenetik kanpo geratu gara, artistari zerizkion artifizialtasuna eta pertsonalismoa zirela kausa.]]>
<![CDATA[Giza paisaia dantzatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/024/001/2019-03-14/giza_paisaia_dantzatuak.htm Thu, 14 Mar 2019 00:00:00 +0100 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1935/024/001/2019-03-14/giza_paisaia_dantzatuak.htm Lava konpainiaKonpainia: Lava. Zuzendari artistikoa: Daniel Abreu. Piezak eta koreografoak: Bending the Walls (Fernando Hernando Magadan), Beyond (Virginia Garcia, Damian Muñoz). Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 12.

Egitarau bikoitzarekin etorri da dFeriara Tenerifeko (Kanariar uharteak, Espainia) Lava konpainia, eta kontraste handia sortu du bi gaualdiko lanen arteko amildegiak.

Fernando Hernando Magadanen Bending the Walls (Murruak tolesten) piezak zabaldu du egitaraua. Koreografoak Herbehereetako Korzo ekoizpen zentroan jarduten du, eta fabrika hartako nortasun eta kalitate bikaineko zigiluak markatuta etorri da dantza lana.

Erabateko isiltasunean hasi da emanaldia, maniki itxurako dantzari bat zoru gainean zeuden egurrezko takoek inguratuta azaldu zaigunean. Argi zenital batek eta beste foku inklinatu batek argiztatzen zuten haren figura estatikoa, eta isiltasunak bere horretan zirauen. Beste giza figura batzuk joan dira agertzen —beste lau guztira, haiek ere isil-isilean—, eta beltzez jantzitako pertsonaia bizia katuen modura etorri da ezker aldetik, zementuzko blokez egindako murru txiki baten alboan.

Horrela jarraitu dute lehen minutuetan, erabateko isiltasunean murgilduta, beren eboluzio enigmatikoak garatzen eta guztien prestakuntza bikaina agerian utziz. Arre koloreko kaleko arropak janzten zituzten —Annemarije van Harten da figuringilea— eta Tom Visserren kolore bereko argiek tonu ezin egokiagoa eman diote giroari, baina dantzarietariko batek eskua emoziorik gabe izaki biziari eskaini dionean lehertu da kataklismoa: hondamendi itxurako soinu-bandak bete du eremu osoa —Luis Hernaiz konpositorea—, eta energia-eztanda geldoa gertatu da ordura arte isilean zebilen dantzarien taldean. Hortik aurrera, hainbatetan gertatu da malgutasun itzelezko eboluzio libreen pasarteak bat-batean geratu eta kamera geldoko koadroekin tartekatzea.

Eskema horri jarraituz, zorion faltsuko une estatikoak, inora ez zeramaten argizko ateak, desplazamendurik gabeko lasterraldi gogotsuak eta murruko adreiluen pisuaz zapaldutako buruak ikusi ditugu, eta Gary Hillen Around and About diskurtsoa ingelesez entzun dugu, hiru dantzarik keinuekin azpimarratuta eta figura bakarrean bilduta.

Izaki kolektiboaren irudi harmoniatsuaren ostean, ezertara ez zetozen hiru duo etorri dira, baina haien gogo eta grinaz gozatu dugu, pieza estrainio eta kementsu honen amaiera bezala.

Kontrako erara, jarraian etorritako piezak —La Intrusa konpainiaren Beyond— errazkeriaren eta hutsaltasunaren eremuetara gonbidatu gaitu, konplexurik gabe gainera, eta huts sideralean galduta geratu da —betiko espero dugu—, irudikatu nahi izan duen espazio-ontzi hura bezala. ]]>
<![CDATA[Dantzan hasi gara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/032/001/2019-03-13/dantzan_hasi_gara.htm Wed, 13 Mar 2019 00:00:00 +0100 Agus Perez https://www.berria.eus/paperekoa/1926/032/001/2019-03-13/dantzan_hasi_gara.htm 'Eszena Dantz'Lanak eta koreografoak: Madera (Denis Santacana), Block (Amaia Elizaran), Shôlo (Mey-Ling Bisogno), The Place (Alessio Natale), El otro (Clemence Juglet), The more you dance the more you get (Evie Demetriou), An Encounter (Jordi L. Vidal). Lekua: Donostiako Gasteszena aretoa. Eguna: Martxoak 11.

Zazpi dantza lan laburrekin hasi da aurtengo dFeriako egitaraua, Donostiako Gazteszena aretoan. Mosaiko moduko bat eratu dute haien guztien artean, eta emanaldian zehar askotariko lanak ezagutzeko parada izan dugu.

Denis Santacanaren Madera-rekin hasi da saioa, Santacana berarekin, Victor Fernandezekin eta Yenalia Palmerorekin. Izenburuari kasu eginez, koreografian zehar ezinbesteko rola jokatu dute hamabost bat makil labur eta mehek, eta hasierako minutuak txalaparta-musikak girotu ditu, Denisen zapateatu indartsuekin konbinatuta. Herrimina islatu da naturako elementuen irudikapenekin; makil-dantzatik eratorritako pasarte bat ere ikusi dugu; eta nolabaiteko transzendentzia ekarri duen soinu-bandaren laguntzaz, sufrimenduaren alegoria eta gatazka-giroa sortu dira.

Dudarik gabe, Block izenekoa izan da saioko piezarik aurreratuenetariko bat, Amaia Elizaranem eta Leire Otamendiren parte-hartzearekin, eta Belakoren musika erabatekoak erritmoz eta energiaz kutsatzen gintuela. Zehaztasun handiko duo zoragarri honetatik bereziki gogoratuko ditugu dantzari bien arteko sinkronismo perfektua, neurrian erakutsitako keinu aberastasuna, tempoaren kudeaketa orekatua eta amaieran izandako emozioen norabide aldaketa.

Panpina itxurarekin agertu da ikusleen artean Aiala Etxegarai Shôjo izeneko piezan, manga estiloko maskara handi bat buruan zeramala. Maskara erantzi ostean divertimento itxura nabarmena hartu du Edoardo Ramirezekin interpretatu duen piezak: antzerki fisikora hurbildu da batzuetan, pantomima kutsua nagusitu da noizean behin, jostailu mekanikoen antzera ibili dira dantzariak hortik handik, eta bideo jokoen estiloko soinu-bandak sano lagundu du piezaren izaera jostagarria osatzen.

Ordea, Alessio Nataleren The Place ez zait hain erakargarria egin. Musika neorromantiko baten pean, aulki dotore baten jabetzagatik lehiatu dira hiru emakume eta bi gizon, baina dantzarien eboluzioei akademizismo nabarmena zerien, eta esandako abiapuntu eskasaren ondorioz, ia ezerezean geratu da proposamena.

Gauza bera esan genezake hurrengo piezaz —El otro—, baina beste arrazoi batzuengatik. Clemence Jugletek bakarrik interpretatu duen pertsonaia obsesionaturik ibili da identitatearekin eta besteen aurrean ematen dugun irudiarekin, eta ideia horren zerbitzura, etengabeko jarrera ariketak egin ditu dantzariak; gaitasun nabarmena, keinu definizio ona eta malgutasun handia baliatuz —mimo groteskotik hurbil batzuetan—, baina proposamenaren ageriko pertsonalismoak piezatik aldendu nau ezinbestean.

Evie Demetriouren lanak, ordea, eduki politiko aurreratua ekarri du, eta forman lehorra izan arren, oso ondo zetorkion planteamendu hori sakoneko mezuari. Aurpegia estaltzen zion ileorde bat eta zuri koloreko kamiseta eta kuleroak jantzita —takoiekin zebilen—, zaplaztekoak emanez ibili da bere gorputz ataletan, eta larrua jotzeko mugimendu sinkopatuen antzera jokatu du zenbaitetan. Azkenean, salneurria jarri dio atal bakoitzari eta airetik sakabanatu dituen eskupaperetan salatu du munduan giza salerosketak dakarren negozioa, %80 sexu-esplotazioari dagokiola ohartarazita.

Azkenik, Jordi L. Vidalen An Encounter gimnasia eta pantomima bigunaren eremuan geratu da, begi-bistako gauzak irudikatuz eta antigoaleko kanta erromantikoetan bilduta. Amaiera makala, nik uste, proposamen ausartak bildu dituen egitarau oparoan.]]>