<![CDATA[Ainara Arratibel Gascon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 18 Dec 2018 14:29:36 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ainara Arratibel Gascon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ez hotz, ez bero]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2227/022/002/2018-12-18/ez_hotz_ez_bero.htm Tue, 18 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2227/022/002/2018-12-18/ez_hotz_ez_bero.htm
Alavesek eta Athleticek hiru puntuak batu nahi zituzten, beren helburuetan beste urrats bat egiteko. Arabarrek Europako postuetan sendotzea bilatzen zuten, eta bizkaitarrek jaitsiera postuetatik irtetea. Baina bakarra batu zuten, eta ez hotz, ez bero geratu ziren. Lehen zati amaieran izan zituen Athleticek bere aukerarik garbienak, eta Alavesek bigarrengoan. Baina hortik harago, bi taldeek ez zuten asko arriskatu nahi izan, eta halakoetan ohikoa den moduan 0-0 amaitu zen lehia.

Derbietan ohikoa den moduan, intentsiatea eta emozioa gailendu zitzaien jokoari. Atzealdea zaintzea izan zen bi taldeen ardura nagusia, eta huts larririk ez egitea. Erasoan, berriz, joko zuzena egiten saiatu ziren, zelai erdian gutxi jokatuta. Alaves Ibairen eta Jonyren bidez sokantasuna lortzen saiatu zen, haien erdiraketak Guidettik eta Callerik baliatzeko. Baina Herrerinen aurrean aukera garbirik sortu gabe.

Gainera, pixkanaka hegalak galtzen joan zen. Athletic, berriz, baloiaren jabetzatik abiatuta, konfiantza hartzen joan zen, eta Pachecoren atera geraturatzen, batez ere 25. minututik aurrera. Hain zuzen ere, orduan izan zuen Gaizka Garitanoren taldeak partidako lehen aukera. Raul Garciak area ertzean baloia jaso, eta jaurti zuen boleaz; atezainak, ordea, ondo geratu zuen. Lehen zati horretako beste abagunea Adurizen oinetatik ailegatu zen, 41. minutuan. Raul Garciak buruz utzi zion baloia, eta donostiarrak errematatu zuen. Baina gutxigatik joan zen kanpora baloia. Athletici azken erdiraketetan edo paseetan asmatzea falta izan zitzaion.

Abelardok beste itxura bat eman nahi izan zion Alavesen erasoari. Hala, bigarren zatia hasterako Sobrino zelairatu zuen, eta Guidetti kendu, abiadura eta mugitzeko gaitasun gehiago bilatuz. Baina lehen abisua Athleticek eman zuen, Cordobaren jaurtiketa batean, 54. minutuan. Pachecok, alabaina, ondo erantzun zuen. Hurrengo jokaldian, Sobrino gutxigatik ez zen ailegatu bigarren zutoinean erdiraketa batera.

Partida aurrera joan ahala, bi taldeek ontzat ematen joan ziren berdinketa, eta jokoak are gehiago itsusitu zen. Baloi luzeen bidez ahalegindu ziren, baina alferrik. Aldaketak ere ez ziren pizgarri izan. Izan ere, Alavesen Bastonek apenas sortu zuen aukerarik, eta antzera pasatu zen Athleticen Muniainekin eta Williamsekin.

Azken ordu laurdenean etxekoek estutu egin zuten, Athleticek pauso bat atzera egin zuela baliatuz. Garitanoren taldeak gogoan izango zuen sasoi honetan Alavesek partida bat baino gehiago irabazi duela azken txanpan. Eta izan zuen horretarako abaguneren bat, argiena, Callerik, 78. minutuan. Pachecok luze atera zuen baloia, Iñigo Martinezek ez zuen ondo aldendu, eta Calleriri iritsi zitzaion baloia. Hark bitan pentsatu gabe errematatu zuen, baina gurutzatua joan zen baloia.]]>
<![CDATA[Ez da golak sartzeaz aspertzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/021/001/2018-12-15/ez_da_golak_sartzeaz_aspertzen.htm Sat, 15 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1872/021/001/2018-12-15/ez_da_golak_sartzeaz_aspertzen.htm
Gol sen hori, gainera, sekula baino presenteago du, bolada onean baita aurrelaria. Azken zortzi partidetan zazpi gol sartu ditu. 2014tik ez du izan halako bolada bat. Orduan bost gol sartu zituen sei jardunalditan. «Egia esan, ez naiz zenbakiei erreparatzen dien horietakoa. Denboraldi bakoitzean sartu ditudan golen kopuruari begiratzen diot soilik, beti gustatzen zaidalako aurreko sasoikoa gainditzea. Batzuek presio bat bezala ikusiko dute, baina kezkatu gabe jartzen dut erronka hori. Motibazio bat da niretzat». Sare sozialetan jakin zuen 300 norgehiagokena eta 150 golena: «Amak ere esan zidan. Hark beti ditu kontuan halako gauzak».

Pozik dago sartutako gol kopuruarekin. «Aurrelarion bizipoza gola da, eta sartzen ez dituzunean ernegatuago zaude». Garbi du beretzat zein izan den sartutako golik bereziena. «Lehenengo ez dut sekula ahaztuko. Oso gol ederra izan zen. Telebistaz ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi nik sartu nuenik».

Golak sartzen segitzeko sekreturik ez dagoela nabarmendu du. «Esaten didate gol sena dudala, gol ehiztaria naizela. Beti erreparatzen diet adi jokaldiei, eta aldaratzeetarako kokatu. Uste dut hori dela nire dohain garrantzitsuenetako bat. Gol asko horri esker sartu ditut».

Dena den, onartu du gero eta zailagoa dela golak sartzea: «Gaur egun asko parekatu dira partidak, ez dago garai bateko emaitzarik. Talde guztiek hobetu dute defentsan, eta gero eta nekezagoa da zuloak topatzea». Bere jokatzeko modua egokitu behar izan du. «Bizkorragoa izan behar duzu, eta adi-adi egon. Gainera, hegalean jokatzea ere egokitu zait, eta hor asko ikasten da presioa egin eta zuloak topatzen».

Baina goletatik harago, bada Nekanerentzat gauza garrantzitsuago bat: «Batez ere, jarraitutasun bat izatea, eta lesioekin arazorik ez edukitzea». Izan ere, ia duela hiru urte, 2015eko abenduaren 26an, Euskadi eta Kataluniaren arteko partidan, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. «Behin osatuta, arazoak izan nituen izter atzealdeko giharretan, eta hori beti izaten da zama bat jokatzean». Oraindik ere jaikitzen denean min izaten du batzuetan belaunean: «Baina oso tarteka, eta hori niretzat funtsezkoa da».

Horrek baldintzatuko du, neurri batean, haren kirol ibilbideak zenbat iraungo duen. «Oraindik gaztea naiz, eta sasoiko ikusten dut neure burua denboraldi gehiagotan jarraitzeko». Baina, adibidez, ez du uste 38 urterekin jokatzen izango denik. Erika bere taldekideak 35 urte ditu, eta eredu da beretzat alde horretatik: «Ikaragarria da erakusten duen lehiakortasuna. Orain zelai erdian jokatu arren, golak sartzen segitzen du. Gainera, une txar zein onetan ez da ezkutatzen».

Bien bitartean, golak sartzen ez ezik, gozatzen segitu nahi du: «Baina, batez ere, ikasten jarraitu nahi dut. Asko disfrutatzen dut futbola ikusten. Asteburuero, lauzpabost partida ikus ditzaket, eta horietan ikasitakoa praktikan jartzen saiatzen naiz. Gainera, entrenatzailearen azalpen edo aginduren bat ez badut ulertzen, galdetu egiten dut. Hori da hobetzeko modua». Thierry Henry izan da beti bere erreferentea: «Ez dut sekula hura bezain aurrelari eleganterik ikusi. Dena zuen: gola, abiadura, aurkariari izkin egiteko abilezia...».

Levanteren aurka, gaur

Denboraldi hasiera «zaila» izan zela onartu du, baina bolada guztiz aldatu da, eta azken sei partidak irabazi dituzte. Gaurko partidari garrantzi berezia ematen diote, Levante aurretik duten taldea baita (10:45 Bein La liga). Hirugarren dago, 30 punturekin: «Irabaziz gero, bi puntura jarriko ginateke, eta, datorren asteko partidaren faltan, esan daiteke taldea denboraldi txukuna egiten ari dela».

Levantek jokalari onak dituela gogorarazi du, eta sasoi honetan «oso ondo» indartu dela: «Atletico Madriletik eta Bartzelonatik egin ditu fitxaketak, eta aurrean goi mailako jokalariak ditu». Besteak beste, Charlyn nabarmendu du, ligako golegilerik onena: «Gure aurka beti egiten ditu, gainera, partida onak».

Irabazteko bizi jokatuko beharko dutela nabarmendu du: «Baloiari abiadura eman behar diogu, zuloak topatzeko».]]>
<![CDATA[«Kezkagarriena, sentsazioak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1874/022/001/2018-12-15/kezkagarriena_sentsazioak.htm Sat, 15 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1874/022/001/2018-12-15/kezkagarriena_sentsazioak.htm
Salbazioa garaipen bakarrera dute soilik, baina egoera «oso zaila» dela nabarmendu du Aitor Uriondo saskibaloi entrenatzaileak. «Sentsazioak eta taldea ematen ari den irudia dira kezkagarrienak. Talde langilea da, baina talentua falta du. Partida bakoitzean badu nabarmentzen den jokalari bat, baina beti desberdinak dira, eta GBC bezalako talde batean bakarra nabarmentzea ez da nahikoa. Lider bat falta du, gainera, aurreko sasoian Norel edo Clark moduan».

Erasoan dituen gabeziak nabarmendu ditu Uriondok: «11 jardunalditan ez da iritsi 900 puntu sartzera». Gainera, gogorarazi du taldeak fitxaketetan egindako hainbat apustu ez direla ondo atera: «Gutierrez, Corbacho, Burjanadze... Erreferente izan behar zuten, eta ez dira. Lehen partidetan Nevells ondo aritu zen, baina aurkariek jada badakite hura nola zaindu». Maila berean jarraitzeko ezina ere ikusten dio talde gisa: «Ondo jokatzen du tarte askotan, baina gero nortasuna galtzen du. Talde jokoa indartu beharko luke, hori izan baitzen aurreko denboraldiko arrakastako gakoa».

Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak onartu zuen min hartutako jokalariak fitxatzearen alde egindako apustua arriskatua zela. Uriondo bat dator horrekin: «Baina, besteek baino diru gutxiago duzunean, halako apustuak egin behar dituzu. Aurreko sasoian ondo irten zen, eta honetan hori errepikatzen ahalegindu dira, baina ez dute asmatu».

Gainera, GBCko teknikari ohiak uste du Zaragozaren eta Teneriferen aurka azken unean galdu izanak min handia egin ziola: «Irabaztea hainbeste kostatzen zaion talde batentzat, halakoak bizkarreko handiak dira, baita Murtzia bezalako aurkari zuzen baten aurka galdu izana ere. Halako egoeretan funtsezkoa da alde emozionala, eta ikusten da kolpe bat jaso eta behera egiten dutela jokalariek».

Nahiz eta datorkion egutegia gogorra izan —Andorraren, Bartzelonaren eta Unicajaren aurka jokatu behar du urtea amaitu aurretik—, badago egoera iraultzeko tartea, Uriondoren arabera: «Fitxaketaren bat egin beharko dute. Ondo etorriko litzaieke, taldeak duen jokoa duelako. Gainera, besteak indartzen ari dira, eta Kanaria Handiak eta Estudiantesek, behean dauden beste bi talde, oso jokalari onak dituzte. Ezuste handirik ezean, talde horiek zulotik irtengo dira. Zaragoza, Manresa eta Joventut ere oso ondo ari dira».

Horrekin batera, funtsezkoa iruditzen zaio zaleen babesa: «Harmailak hain hutsik ikustea kezkagarria da, eta kluba zuzentzen dutenek hausnarketa eta autokritika egin behar dute, proiektuarekiko atxikimendu hori berreskuratzeko. Babes horrek ez ditu partidak irabazten, baina lagundu egiten du».]]>
<![CDATA[Garaiz konpondu du endredoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1911/021/001/2018-12-14/garaiz_konpondu_du_endredoa.htm Fri, 14 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1911/021/001/2018-12-14/garaiz_konpondu_du_endredoa.htm
Kirolbet Baskonia. Vildoza (12), Janning (16), Shields, Poirier (12), Xengelia (20) -hasierako bostekoa- ; Voigtmann, Marcelinho, Diop (5), Granger (1), eta Hilliard (15).

Markagailua. 17-22, 41-36 (atsedenaldia); 61-54 eta 79-81. Epaileak. Pukl, Koromilas eta Sukys.Maccabiko O'Bryant eta Kane kanporatu zituzten bost faltengatik. Bestelakoak. 10.120 ikusle Menora Mivtachim Arenan.

Aurreko jardunaldian bezala, sufrituta izan zen, baina Baskoniak garaipen oso baliotsua lortu zuen atzo Tel Aviven (79-81), Euroligan, Maccabiren kontra. Hala, azken bi partidak irabazi ostean, bost garaipen ditu, eta esan daiteke ligaxkan duen egoera onera doala. Gorabehera handiko partida jokatu zuten arabarrek, eta azken bi minutuetan erabaki zen lehia. Hor, CSKAren aurka bezala, Xengelia agertu zen. Kapitainak laugarren laurden biribila egin zuen, eta neurketa guztian zehar jaurtiketa libreetan asmatu ezinik ibili eta gero, azkenengo lauetan asmatu egin zuen. Horrek eta Poirierren saskiratze batek erabaki zuten lehia.

Bost minutu falta zirenean 71-64 zihoan atzetik Perasovicen taldea. Maldan gora zuen lehia. Baina hiru hiruko sartu zituzten erreskadan, Janningek bi eta Hilliardek bat. Hala, partida 73ra berdindu zuten (37 min.). Neurketa iraultzeko Baskoniak behar zuen bultzada izan zen hori.

Izan ere, lehen laurden oso serio bat jokatu eta gero, bigarrenean nabarmen egin zuen behera. 17-24tik 32-26ra pasatu zen, 15-2ko partzial baten ostean. Erasoan lehen laurdenean izandako argitasuna eta eraginkortasuna galdu zituen, eta defentsan sendotasuna. Gainera, baloi inozoak galdu zituen.

Horrek kontrakarrean aritzera behar zuten. Are gehiago etxekoek 10 puntuko zuloa ireki zutenenean: 60-50 (29. min). Baina Baskoniak lanean eta sufritzen jakin zuen. Hala, garaiz konpondu ahal izan zuen endredoa, eta CSKAren aurka lortutako garaipenari segida bat eman dio.]]>
<![CDATA[Sadar hilabete batez ixtea proposatu dute]]> https://www.berria.eus/albisteak/160475/sadar_hilabete_batez_ixtea_proposatu_dute.htm Thu, 13 Dec 2018 07:14:30 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/albisteak/160475/sadar_hilabete_batez_ixtea_proposatu_dute.htm <![CDATA[Beste mugarri bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/027/001/2018-12-13/beste_mugarri_bat.htm Thu, 13 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1892/027/001/2018-12-13/beste_mugarri_bat.htm
Uniao Sportiva multzoko talderik ahulena zen, eta ez zuen ezer jokoan. Baina gauzak zail jarri zizkion Gernikari. Azken laurdenaren hasiera arte bizkaitarrek ezin izan zuten neurketa hautsi. Bisitarien jokalari baliotsuena, Kankou Coulibay —25 puntu sartu zituen atzoko partidan—, lau faltarekin aulkian zegoela baliatu zuten horretarako. 57-54tik 66-54ra pasatu ziren lau minutuan, eta, lehia amaitzeko zazpi minutu falta zirenean, oso alde zuen bai partida, bai sailkatzea. Gironak ere oso ondo bideratua baitzuen partida Hungarian. 56-78 bukatu zen partida hori.

Azken minutuetan gozatua hartu zuten jokalariek eta Malosten bildutako zaleek. Baina ordu arte sailkapena airean egon zen. Izan ere, Uniao Sportivak hobeto hasi zuen partida, Raphaella Monteirok eta Coulibalyk gidatuta. Bizkaitarrak uztaipean zuten nagusitasuna baliatu ezinik aritu ziren. Hala, bost punturen aldea lortu zuten portugaldarrek: 21-26 (14. min).

Hori ikusita, Mario Lopezek jokalari txikiagoen alde egin zuen bigarren laurdenaren erdialdetik aurrera. Aldaketa hori erabakigarria izan zen. Defentsan gehiago estutu zuten, eta Rachael Vanderwalen, Itziar Ariztimuñoren abiadurari esker, eta Margaret Roundtreeren lan isilari esker partidari buelta ematea lortu zuten. 33-28 (18. min) izan zen partidan izan zuen lehen abantaila, eta, hortik aurrera, sufrituta bada ere, aurretik egon zen Gernika. Pazientziarekin jokatzen eta eusten jakin zuen hirugarren laurdenean, laugarrenean erabakita uzteko. Etxekoen artean Julia Dietrick izan zen saskiratzailerik onena, 22 punturekin.]]>
<![CDATA[CSKAren aurka hasitako bideari segitzea du xede gaur Baskoniak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1937/027/002/2018-12-13/cskaren_aurka_hasitako_bideari_segitzea_du_xede_gaur_baskoniak.htm Thu, 13 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1937/027/002/2018-12-13/cskaren_aurka_hasitako_bideari_segitzea_du_xede_gaur_baskoniak.htm
Etxekoek garaipen bat gutxiago eduki arren, bi taldeek antzeko bidea daramate. Maccabik ere entrenatzailea aldatu zuen. Ioannis Sfaipopulosek hartu zuen Neven Spahijaren lekua. Ordutik hobera egin du, eta Euroligako azken bi partidak irabazi egin ditu Darussafakaren eta Bayernen kontra. Gaur Jeremy Pargo joko antolatzailea faltako du. Baina talde jokoa da haren indargunea, batez ere erasoan. Sei jokalari daude partidako hamar puntu sartzen dituztenak batez beste: Tarik Black, Angelo Caloiaro, Deandrade Kane, Jony O'Bryant, Michael Roll eta Scottie Wilbekin.

Perasovicek azken partidetako jokalariak faltako ditu, Patricio Garino ez baita oraindik osatu. Partido gogorra espero du: «Fisikoki ahalmen handiko taldea da Maccabi, gogorra. Irabazteko oso ondo egon beharko dugu arlo horretan. Gainontzean, aukera gutxi izango ditugu».

Zenbakiak Baskoniaren aldekoak dira, elkarren aurka jokatu duten 26 aldietatik hamalautan lortu baitu garaipena.]]>
<![CDATA[Aurrenekoan, txapeldun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/029/001/2018-12-11/aurrenekoan_txapeldun.htm Tue, 11 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1906/029/001/2018-12-11/aurrenekoan_txapeldun.htm
Herenegungo finala buruan zuen oraindik. Partida parekatua izatea espero zen, baina ez zen hala gertatu, azken emaitzak agerian uzten duen moduan. Espinarrek 22-9 hartu zuen mendean Olatz Arrizabalaga. Launa berdindu eta gero, partidak apenas izan zuen emoziorik eta jokorik. Espinarrek hamabi tanto egin zituen segidan, eta 16-4koarekin erabakita utzi zuen norgehiagoka. Arrizabalagak berak onartu zuen ez zela ondo aritu, eta urduritasunak ez ziola utzi nahi bezalako partida egiten.

Espinar «pozik» zegoen txapelketa irabazteagatik, baina bazuen arantza txiki bat: Azkoitiko Gurea pilotalekua lepo bete zuten ikusleentzat ez zela izan «final polita»: «Joko aldetik argi dago ez zela partida ona izan, eta pena da. Olatzek huts asko egin zituen, eta nik ere ez nuen jokaldi ikusgarririk egiteko aukera handirik izan». Txapela jantzi arren, Espinar ez zen batere eroso aritu: «Eskerrak Arrizabalagak huts asko egin zituen, eta partida ez zen gogortu. Izan ere, ni justu nengoen eskuekin, batez ere eskuinarekin. Takoak jarri nituen, eta eskuinarekin ez nion nahi nuen abiadura eta norabidea eman pilotari. Ez nuen batere gozatu». Baina burua hotz izaten jakin zuen, eta eusten: «Hutsik ez egiten saiatu nintzen, eta, Arrizabalagak eraso egiten bazuen, defendatzen. Halako egoeratan burua ere hotz izan behar da, eta asmatu egin nuen». Horretan «asko» ikasi duela uste du: «Jokalari bizia eta erasokorra naiz, baina kantxan pazientzia eta lasaitasuna izaten joan naiz pixkanaka».

Finaletik harago, oso gustura dago egindako txapelketarekin. Puntako hiru pilotariri nagusitu zitzaien kanporaketetan: Maider Mendizabali, Leire Etxanizi —iazko txapelduna— eta Maite Ruiz de Larramendiri: «Behetik gora egin nuen txapelketan. Ia-ia entrenatu gabe, eta hilabete eta erdi pilota ia ukitu gabe ekin nion, eta oso pozik nago lortutakoarekin».

Garaipenarekin urte ahaztezina biribildu du, duela urtebete eskas munduko bi titulu eskuratu baitzituen Kolonbian, One Wall modalitatean: buruz buru eta binaka. Txapelketako jokalari onenaren saria ere jaso zuen: «Egia esan, hiru garaipenak oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Kolonbian euskal selekzioarekin aritu ginen, eta hori beti da berezia. Munduko Txapelketa bat irabaztea gorena da pilotari batentzat, eta niretzat jokamolde berria zen. Ez nuen espero irabaztea. Master Cupeko txapela, berriz, helburuen artean nuen, iaz ezin izan nuelako parte hartu, Munduko Txapelketan nengoelako. Txapelketa hauek ikusgarritasuna ematen diote emakumeen pilotari».

Irabazteak «konfiantza handia» eman dio, eta hobetzea ahalbidetu: «Neure buruan gehiago sinesten dut, eta beti heltzen diet partidei baikortasunez. Psikologikoki indartsuagoa naiz, oreka handiagoa dut. Hori funtsezkoa da». Espinar, gainera, gozatzen ari da orain, baina badaki zer den sufritzea: «Bizkarreko lesio larri baten ondorioz, pilotan jokatzeari uztea gomendatu zidaten. Halako lesioak ez dira sendatzen, baina horrekin bizitzen eta pilotan jokatzen jarraitzea lortu dut. Ez dakit zenbat urte gehiago izango den, baina gozatzen segitu nahi dut. Asko zaildu naiz horri esker». Jokoan ere hobetu duela nabarmendu du: «Gantxoa hobetu dut, eta, orain, boleaz indartsuago jotzea da nire erronka. Horretarako, sorbalda indartu behar dut».

Bestalde, buru-belarri ari da emakumeen pilota sustatzeko lanetan. Hori lortzeko asmoz jarri du martxan beste hainbat pilotarirekin batera Plaza Emakumeak kluba. «Udalen aldetik erantzuna gero eta hobea da pixkanaka; interesa handituz doa». Izan ere, txapelketa pribatuekin eta federazioak antolatzen dituenekin batera, jaialdi gehiago behar direla berretsi du. «Guretzat funtsezkoa da jaialdiak egotea eta entrenatzeko frontoiak eskura izatea. Alde horretatik, oso eskertuta gaude Azpeitiko eta Azkoitiko udalen jarrerarekin».

Batetik, emakumeen jaialdiak antolatzen dituzte, eta, bestetik, bertso-pilota jaialdi mistoak. Hurrengo saioa San Tomas egunean dute, hilaren 21ean, Donostiako Trinitate plazan. Bertan, lehen lehian, Amaia Vicario eta Ainhoa Urien Nagore Aramendiren eta Alaitz Badiolaren kontra ariko dira. Ondoren, Espinar bera eta Egoitz Amantegi Mikel Olazabalen eta Maider Mendizabalen aurka ariko dira. Amaia Agirre eta Iratxe Ibarra izango dituzte botilero, hurrenez hurren.

Promoziokoan, Aldai garaile

Espinarren eta Arrizabalagaren arteko finalaren aurretik jokatu zen promozio mailakoa. Eta hor ere irabazle argi bat egon zen: Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000). Partidarik galdu gabe iritsi zen finalera, eta lehia erabakigarrian ere ez zuen huts egin. 22-8 irabazi zion Oihana Orbegozori.]]>
<![CDATA[Realak bolada txarra aldatu nahi du, eta Athleticek onari eutsi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2034/027/002/2018-12-09/realak_bolada_txarra_aldatu_nahi_du_eta_athleticek_onari_eutsi.htm Sun, 09 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2034/027/002/2018-12-09/realak_bolada_txarra_aldatu_nahi_du_eta_athleticek_onari_eutsi.htm
Gaur, joera hori aldatzeko asmoz zelairatuko da, baina Betis arerio zaila eta serioa da etxean. Txuri-urdinek gertutik zaindu beharko dute Priscila aurrelaria, zortzi golekin ligako golegilerik onenetakoa baita.

Realaren kontrako bidea egiten ari da Athletic, behetik gora, eta gaur aukera aproposa du horretan jarraitzeko. Izan ere, Sevilla azken postuan dago sailkapenean. Bederatzi lehia egin ditu irabazi gabe. «Azken emaitzek lasaitasuna eman digute. Baina dena eman beharko dugu irabazteko. Izan ere, Sevilla ez dago bolada onean, baina estutzera irtengo da», ohartarazi zuen atzo Joseba Agirrek, Athleticeko entrenatzaileak. Hainbat jokalarik kolpeekin amaitu zuten Malagaren aurkako lehia, eta azken ordura arte ez du hamaikakoa erabakiko. Yulema, adibidez, ez da osatu.]]>
<![CDATA[Sendotasuna hartuz doaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2032/028/001/2018-12-09/sendotasuna_hartuz_doaz.htm Sun, 09 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2032/028/001/2018-12-09/sendotasuna_hartuz_doaz.htm
Rezusta gorputzaldi txarrarekin ekin zion partidari, aldageletara ere joan behar izan zuen. Hala, Elezkanok hartu zuen bikotearen zama. Zaratamokoak partida oso ona jokatu zuen, defentsan sendo eta tantoak dotore bukatuz. Partida aurrera joan hala, gainera, Rezustak buelta eman zion, eta ohiko segurtasuna erakutsi zuen. Hala, bederatzi tantoren aldea lortu zuten: 15-4

Hor susperraldi txiki bat izan zuten Altunak eta Martijak. Lau tanto egin zituzten erreskadan, eta 14 -9 gerturatu ziren. Baina galtzaileei kosta egin zitzaien horri jarraipena ematea Tantaka lortu zituzten tantoak, eta hori ez zen nahikoa aldea gutxitzeko. Partidaren nondarrean ere estutu zuten, eta 21-17 gerturatu ziren. Baina ez zen nahikoa izan emaitza iraultzeko. Gaur jokatuko da jardunaldiko azken lehia Eibarren: Olaizola II.a -Albisu Artola Mariezkurrena IIIaren kontra. Herenegun, berriz, Ezkurdiak eta Ladis Galartzak 22-8 irabazi zieten Irribarriari eta Zabaletari.

Master Cupeko finalak, gaur

Bestalde, gaur dira Emakume Muster Cupeko finalak, Azkoitian, (ETB1, 12:00). Lehen Mailako finalean Patri Espinar eta Olatz Arrizabalaga ariko dira nor baino nor, eta Promoziokoan Oihana Orbegozo eta Amaia Aldai.]]>
<![CDATA[Hortzak ondo estututa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2063/018/002/2018-12-08/hortzak_ondo_estututa.htm Sat, 08 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2063/018/002/2018-12-08/hortzak_ondo_estututa.htm
CSKA Mosku: De Colo (2), Hackett (6), Kurbanov (5), Peters (20), Hunter (6) -hasierako bostekoa-; Bolomboy, Antonov, Sergio Rodriguez (3), Vorontsevich, Higgins (17), eta Hines (14).

Markagailua.-21-21, 40-38 -atsedenaldia- 55-55 eta 76-73. Epaileak. Belosevic, Latisevs eta Paternico. Ez dute inoiz kanporatu.

Bestelakoak. 12.706 ikusle Buesa Arenan.

Baskonia bizirik dago Euroligan. Atzo garaipen baliotsua lortu zuen CSKA Mosku ahaltsuaren kontra: 76-73. Merezitako garaipena izan zen, gainera, adorean, sufrimenduan eta seriotasunean oinarritutako. Azken bi minutuetan erabaki zen partida, eta hor partidako bi jokalari onenak nabarmendu ziren: Xengelia (15 puntu) eta Poirier (18 puntu). Xengeliak hiruko bat eta 2+1eko jokaldi bat egin zuen; eta Poirierrek biko saskiratze bat. Gainera, balio handiko errebote bat jaso zuen. Azken jokaldian CSKAk berdinketa lortzeko jaurtiketa eskuetan izan zuen, baina Petersek, errusiarren atzoko saskiratzaile onenak -20 puntu sartu zituen atzo- huts egin zuen hirukoa.

Atzoko garaipenak arnasa pixka bat eman dio Baskoniari Euroligan, garaipen bakarrera baitu orain zortzigarren postua. Baina horretarako ez ezik, balio behar dio aurreko partidetan izandako presioa bazter uzteko, eta edozeinen kontra nor baino nor gehiago lehia dezakeela frogatzeko.

CSKAren kontra irabazteko sufritu egin beharko zuela bazekien Baskoniak, eta hala egin zuen. Partida hausteko arriskua zegoen bi uneetan hortzak ondo estutu eta eusten jakin zuen. Lehen une zail hori bigarren laurdenean izan zen, CSKAk sei puntuko aldea lortu zuen: 31-37 (16. min); eta, bestea, hirugarrenaren amaieran: 49-53 (30. min).

Hala, berdinduta ekin zioten laurden erabakigarriari: 55-55. Azken 10 minutuetan Baskonia hobea izan zen. Garaipena defentsan egindako lanean oinarritu zen neurri batean, De Colo Hunter eta Sergio Rodriguez bezalako jokalariak ondo lotu baitzituen. Bi, sei eta hiru puntu sartu zituzten hurrenez hurren. Baskonian ere Janningen eta Shieldsen lan isila nabarmendu behar da.]]>
<![CDATA[Azken postutik irten daiteke GBC, gaur Murtziari irabaziz gero]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2057/018/001/2018-12-08/azken_postutik_irten_daiteke_gbc_gaur_murtziari_irabaziz_gero.htm Sat, 08 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2057/018/001/2018-12-08/azken_postutik_irten_daiteke_gbc_gaur_murtziari_irabaziz_gero.htm
Irabazteko, azken partidetan etxean emandako irudi ona errepikatu behar du. Murtziak, ordea, neurria hartua dio, Donostian jokatutako azken hiru partidak irabazi baitizkio.

Ohorezko Mailako hiru taldeek ere gaur jokatuko dute. Lointek Gernikak Perfumerias Avenidaren pabiloian jokatuko du. Bi taldeak partidarik galdu gabe daude (1800). Ensino-IDK Gipuzkoa (19:00) eta RPK Araski-Mann Filter dira beste bi lehiak (20:00).

Testua bigarrengo parrafoa eta hurrengoak testua bigarrengo parrafoa eta hurrengoak.tik joan behar baitu-.parrafoa eta hurren]]>
<![CDATA[Athleticek gorako bidean segitzen du; Realak, berriz, beherakoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/002/2018-12-07/athleticek_gorako_bidean_segitzen_du_realak_berriz_beherakoan.htm Fri, 07 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/002/2018-12-07/athleticek_gorako_bidean_segitzen_du_realak_berriz_beherakoan.htm
Gonzalo Arkonadaren taldeak azken partidetako emaitza eta joko bolada aldatu nahi zituen. Aukera aproposa zirudien, atzo arte sailkapeneko azken postuan baitzegoen Sporting Huelva, garaipen bakarrarekin. Baina hasi eta berehala jarri zitzaion maldan gora partida. 5. minutuan, bisitariek gola sartu zuten korner batean; Ana Hernandezek sartu zuen, buruz.

Hortik aurrera, nahi eta ezin aritu zen Reala. Baloia eduki zuen, eta aukeraren bat sortu, baina argitasunik gabe. Aukerarik garbiena Nahikarik izan zuen, partidaren hondarrean. Baina jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora.

Athleticek, berriz, partida serioa jokatu zuen Malagan. Nekane (9. min) eta Lucia (34. min) izan ziren zuri-gorrien golegileak. Partida ondo bideratua zuen Athleticek, eta estutasunik ez zuen pasatu. Alderantziz. 57. minutuan Nekanek parada izan zuen 0-3koa sartzeko, baina haren burukada zutoinera joan zen.]]>
<![CDATA[Irabaztera behartuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/022/001/2018-12-07/irabaztera_behartuta.htm Fri, 07 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1952/022/001/2018-12-07/irabaztera_behartuta.htm
Azken batean, beharra zailtasunaren gainetik dago gaurko partidan Perasovicen taldearentzat. Izan ere, aurreko denboralditik arabarrek badakite zer den Euroligan kontrakarrean aritzea. Sasoi honetan egoera horretara ez iristea zen asmoa. Baina zenbakiak ikusita, kontrakoa gertatzen ari zaie. Izan ere, jardunaldi honetara garaipen bat gehiagorekin iritsi ziren aurreko denboraldian. Egoera, beraz, orduan baino korapilatsuagoa da.

Perasovicek argi du zein den Euroligan joera aldatzeko gakoa: «Lasai egon behar dugu. Partida bakoitzak ezin du final bat izan. Oraindik 20 jardunaldi falta dira, eta kanporaketa postuak ez daude hain urruti. Baina, aldi berean, inoiz baino indartsuago egon behar dugu psikologikoki, garaipenak lortzeko». Horrekin batera, funtsezkoa iruditzen zaio defentsan «sendoago» aritzea.

CSKAren inguruan ondorengoa nabarmendu zuen atzoko agerraldian: «Talentu handia duen taldea da, eta denbora gutxian puntu asko sartzeko gai da. Bolada oso onak izaten ditu. Hori dela eta, une oro oldarkor jardun behar dugu defentsan, eta talde gisa jokatu». Gaurko partidari begira, hiru jokalari faltako ditu: Sederkerkis, Penava eta Garino. Fitxaketaren bat egingo duten galdetuta, hauxe izan zen erantzuna: «Bila ari gara, baina oraindik ez dugu asebetetzen gaituen aukerarik topatu. Dena den, lasai gaude».

Real Madrilen pabiloian irabazi zuen aurreko jardunaldian CSKAk, eta garaipenen horrek hauspotuta dator. Txapelketan puntu gehien sartzen dituen taldea da, gainera: partidako 90 batez beste. Itoudisen taldeak aurreko sasoiko multzoari eutsi dio. Clyburn, Higgins eta Sergio Rodriguez dira jokalari aipagarrienak. Gainera, Hackett eta Peters bezalako jokalariak fitxatu ditu.

Bi taldeen arteko norgehiagokak ohiko bihurtu dira Euroligan. 33 aldiz jokatuko dute elkarren aurka, eta zenbakiak nabarmen dira errusiarren aldekoak. 26 aldiz irabazi dute; Baskoniak, aldiz, zazpi bakarrik. Azken zortzi partidetatik bakarra irabazi dute arabarrek CSKaren kontra, duela bi denboraldi: 79-78.]]>
<![CDATA[«Tarte luzeagoan ondo lehiatzea falta izan zaigu azken norgehiagoketan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/021/001/2018-12-06/tarte_luzeagoan_ondo_lehiatzea_falta_izan_zaigu_azken_norgehiagoketan.htm Thu, 06 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1894/021/001/2018-12-06/tarte_luzeagoan_ondo_lehiatzea_falta_izan_zaigu_azken_norgehiagoketan.htm
Nola zaudete ligako azken hiru norgehiagokak galdu eta gero?

Gaurko partida iristeko gogoz, etxean hiru puntuak batu eta denboraldi hasierako emaitza eta joko bolada onera itzultzeko. Orduko gogo eta konfiantza berarekin ikusten dut taldea.

Halakoetan ohikoa izaten da urduritasun apur bat sortzea. Antzeman al duzu halakorik talde barruan?

Ez, ez. Lasai gaude, denboraldi guztietan izaten baitira gorabeherak. Halakoetan, gakoa da burua hotz izatea, eta bai talde gisa bai bakarka hobetzea, bolada ahalik eta motzena izateko. Horretan ari gara, geure buruari asko eskatzen diogulako. Gainera, balio izaten ari zaigu jabetzeko behar adina estutzen ez badugu edozeinek irabaz diezagukeela.

Rayo Vallecanoren aurka galtzea izan zen zuentzat ezustekorik handiena?

Kolpea izan zen; batetik, aurretik jarri ginelako, eta, bestetik, partidaren azken txanpan sartu zigutelako irabazteko gola. Horrek min ematen du. Bestalde, bagenekien Bartzelonari eta Atletico Madrili irabaztea oso zaila izango zela.

Zertan egin duzue huts partida horietan?

Hiru norgehiagoketan ondo jokatu eta nagusi izan ginen tarteak eduki genituen. Baina tarte luzeagoan ondo lehiatzea falta izan zitzaigun, jarraitutasun bat izatea. Ziurrenik, oharkabean, ez genuen behar bezainbeste estutu hainbatetan, eta halakoetan aurkariek ez dute huts egiten. Txapelketan gero eta parekotasun eta maila handiagoa dago; inork ez dizu ezer oparitzen. Orain, defentsan genuen sendotasuna berreskuratu behar dugu, oldarkorragoak izan. Aurrean, berriz, aukerak sortzen ari gara, baina zorte apur bat falta zaigu. Atletico Madrilen eta Bartzelonaren kontra abagune garbiak huts egin genituen. Ez da erraza halako taldeen aurka aukerak sortzea, eta horrekin geratzen naiz. Gainontzean, taldea ondo ikusten dut, bai fisikoki bai joko aldetik. Denboraldi hasieran bezala jokatzen badugu, edozeini irabaz diezaiokegu.

Aste honetako bi partidak erabakigarriak izan daitezke joera aldatzeko?

Bai. Sei puntuak nahi eta behar ditugu. Ez dira lehia errazak izango. Sporting Huelva azken lekuan dago sailkapenean, baina aurreko jardunaldian irabazi egin zuen, eta horrek konfiantza emango zien. Ez gara batere fio. Betis, berriz, goian dagoen taldea da, eta haren aurkako partidak beti izaten dira oso lehiatuak eta parekatuak.

Zein traza hartzen diezu bi norgehiagokei?

Sporting Huelva atzean sartuko da, eta kontraerasoan dituen aukerak baliatzen saiatuko da. Guk, berriz, pazientzia handia izan beharko dugu, baloia bizkor mugitu, eta galdu bezain laster presio estua egin, ahalik eta azkarrena berreskuratzeko. Betisi, berriz, gure antzera, baloia izatea gustatzen zaio. Horri esker aurrea hartzen du jokoan. Baloia duenak asko izango du irabazita igandeko partidan. Gainera, ondo zaindu behar ditugu aurrelariak. Horien artean Priscila nabarmenduko nuke, sasoi oso onean baitago. Zortzi golekin, ligako golegilerik onena da, Aitanarekin batera.

Gonzalo Arkonadarekin urtebete pasatxo daramazue. Zertan aldatu da taldearen jokoa?

Uste dut bai defentsan bai erasoan aurrerapauso bat eman dugula. Ausartagoak eta lehiakorragoak gara. Huts egiteari ez diogu beldurrik, eta hori oso inportantea da talde batentzat. Asko ari gara ikasten harekin.

Asko ari zara jokatzen. Pozik al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Bai, oso gustura nago. Gol bat ere sartu dut, eta neure burua sasoiko ikusten dut. Partidak jokatzeak konfiantza eta lasaitasuna ematen dizu, eta egunerokoan lanean jarraitzeko ilusioa. Taldea asko indartu da denboraldi honetan, eta partida eta entrenamendu bakar batean ere ezin duzu lo hartu. Dena den, taldearen emaitzak onak ez direnean ezin duzu pozik egon. Halaber, beti dago zer hobetua. Sasoi amaieran Munduko Kopa jokatuko da, eta neure helburuetako bat da bertan izatea. Zaila da, baina, aukeraren bat izateko, orain arte bezala jarraitu behar dut lanean.

Jokalari asko aipatzen ari dira inoiz baino gehiago disfrutatzen ari direla denboraldi honetan? Zure kasuan ere hala izaten ari da?

Bai, liga oso lehiatua eta parekatua izaten ari delako. Edozeinen aurka irabaz eta gal dezakezu, eta horrek adiago egotera behartzen zaitu, eta partida bakoitzean dena ematera.]]>
<![CDATA[Athletic goiko postuetan finkatuko da gaur Malagan irabazten badu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/021/002/2018-12-06/athletic_goiko_postuetan_finkatuko_da_gaur_malagan_irabazten_badu.htm Thu, 06 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1905/021/002/2018-12-06/athletic_goiko_postuetan_finkatuko_da_gaur_malagan_irabazten_badu.htm
Egutegi samurragoak mesede egin dio Athletici, eta ligako azken lau partidak irabazi ditu. Horri esker, jauzi nabarmena eman dute sailkapenean. Orain bosgarren dago, 19 punturekin, Betis laugarrenarekin berdinduta. Garaipenekin batera, konfiantza pilatuz joan da, eta denboraldi hasieran zituen hainbat arazo ere konpondu ditu. Adibidez, aurkariaren ate aurrean eraginkorrago ari dira azken lehietan Erika, Nekane, Lucia eta enparauak. Hala, pixkanaka aurreko sasoietako talde lehiakor eta fidagarria bihurtzen ari dira zuri-gorriak. Litekeena da gaur Joseba Agirrek aldaketak egitea hasierako hamaikakoan, igandean beste partida bat jokatuko baitute, Sevillaren kontra, Lezaman.

Malaga talde igo berria da. Mailari eustea du helburu, eta oraingoz aparteko estutasunik gabe ari da lortzen. 11. dago sailkapenean, hamahiru punturekin. Zazpi puntura ditu jaitsiera postuak. Kanpoan apur bat behera egiten du bere jokoak, baina etxean talde deserosoa eta sendoa dela erakusten ari da.]]>
<![CDATA[Gaizka Garitano: "Nire kirol ibilbideko erronkarik handiena da"]]> https://www.berria.eus/albisteak/160156/gaizka_garitano_nire_kirol_ibilbideko_erronkarik_handiena_da.htm Wed, 05 Dec 2018 18:38:46 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/albisteak/160156/gaizka_garitano_nire_kirol_ibilbideko_erronkarik_handiena_da.htm <![CDATA[Txikia bezain ikusgarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/033/001/2018-12-04/txikia_bezain_ikusgarria.htm Tue, 04 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1961/033/001/2018-12-04/txikia_bezain_ikusgarria.htm
Gasteizko taldearekin lortutako zenbakiak argigarriak bezain ikusgarriak dira. Txapelketako saskiratzailerik onena da: batez beste, 25,3 sartu ditu —azken norgehiagokan, 26, Tau Castelloren kontra—, 2,3 errebote jaso, eta 5,1 asistentzia banatu. Hainbat partida berak bakarrik erabaki ditu: besteak beste, Retabet Bilbo Basketen aurkako derbia. Azken jaurtiketa egiteko ardura hartu zuen. Berak igo zuen baloia, eta bitan pentsatu gabe jaurti zuen. Asmatu, eta arabarrak 76-77 nagusitu ziren. Saskiratze horrekin, bigarren zati gogoangarria biribildu zuen: 21 puntu sartu zituen. «Talentu ikaragarria duen jokalaria da. Egin duenaren aurrean, ezer gutxi esan daiteke», nabarmendu zuen Alex Mumbruk, Bilbo Basketeko entrenatzaileak.

Baina saskiratzeko duen erraztasunagatik baino harago, jokatzean duen bizitasun nahiz abiaduragatik eta jauzi egiteko duen gaitasunagatik nabarmendu da. Pibot baten antzera egiten ditu birrintzeak. Gainera, lotsagabea da. Huts egiteari ez dio beldurrik, eta aukerarik txikiena ikusten duenean jaurti egiten du, edozein lekutatik eta pentsatu gabe.

Horrek guztiak eman zion Araberriko entrenatzaile Antonio Herrerari atentzioa.«Denbora neraman nik hari erreparatzen. Udan, fitxatzera joan ginenean, ulertezina egin zitzaidan guk baino ahalmen ekonomiko handiagoa zuen talderen batera joan ez izana. Guretzat ikaragarria da halako jokalari bat izatea».

Are gehiago haren gaztetasuna kontuan hartuta. Izan ere, lehen denboraldia du saskibaloi jokalari profesional gisa. Araberrik fitxatu aurretik, NCAA Ameriketako Estatu Batuetako Unibertsitate Arteko Ligan jokatzen zuen: Mont St Mary's taldean, hain zuzen ere. Gainera, aurten udako liga jokatu zuen Atlanta Hawksekin. Bertan erakutsi zuen eskumutur fina. Baina ez zuen NBAko eskaintzarik jaso, eta Europan jokatzeko urratsa egitea erabaki zuen.

NBAko eskaintzarik jaso ez izanak ez du kezkatzen. «Uste dut hemen ere asko ikas eta erakuts dezakedala. Gainera, beste herrialde batean jokatzea eta bizitzea beti da aberasgarria». Erraz moldatu da LEB ligako jokatzeko modura: «Baloi jabetzak motzagoak dira, eta horrek lagundu egiten dit bizkor jokatzeko orduan. Gainera, taldekideekin primeran egokitu naiz. Oso gustuko dut hemengo jokoaren gogortasuna ere, zaildu egiten baitzara». Hala, unea bizi nahi du: «Behin baino gehiagotan galdetu didate sasoia hemen amaituko ote dudan, hain ondo jokatuta. Baina ez dut horretan pentsatu nahi. Joaten banaiz, zerbait hobea lortu dudalako joango naiz, baina, oraingoz, ez da gertatu».

Hori bai, ez dio muzin egiten NBAn jokatzeko ametsari: «4 urterekin, aitarekin telebistan partida bat ikusten ari nintzela, esan nion noizbait NBAn jokatuko nuela, eta ez dut aukera hori baztertzen. Bitartean, nire helburua jokoaren esparru guztietan hobetzen segitzea da. ACBn edo Euroligan jokatzeko aukera izango banu, urrats handia litzateke».

Bryant eta Lillard

Horretarako, lehen birrintzea egin zuen eguna du gogoan:«14 urte nituen. Gelako txikienetako bat nintzen, eta gimnasioan zegoen saskian birrintzea egin nuen». Gelakoak «zur eta lur» geratu ziren:«Berriro egiteko esan zidaten, baina hain nengoen hunkituta, ezin izan nuen».

Horrenbestez, garaiera ez da sekula traba izan harentzat. «Agian, ni fitxatzeko orduan, klub batzuentzat oztopoa izan daiteke. Baina ez dute sekula horretan pentsatzen. Nik nahi dudan bakarra saskibaloian jokatzea da, eta ondo pasatzea. Partida bakoitza ikasgai bat da niretzat. Nire garaierarekin, beste jokalariak baino bizkorragoa izan behar dut, eta sormen handiagoa eduki. Saskiratzeko modu berriak asmatzen ibilitzen naiz beti».

Horretarako, saskibaloi asko ikusten du: «Youtuben bideo asko ikusten ditut, onenengandik ikasteko, eta haien gauzarik onenak nire jokatzeko erara egokitzeko. Koby Bryant da nire jokalaririk gustukoena. Baina Damian Lillard miresten dut gehien. Eskola txiki batean hasi zen, eta Portlanden egonkortu da».]]>
<![CDATA[«Goxoa naiz kalean, baina kantxan aurkaria txikitzea baino ez daukat buruan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/028/001/2018-11-27/goxoa_naiz_kalean_baina_kantxan_aurkaria_txikitzea_baino_ez_daukat_buruan.htm Tue, 27 Nov 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/1901/028/001/2018-11-27/goxoa_naiz_kalean_baina_kantxan_aurkaria_txikitzea_baino_ez_daukat_buruan.htm
Zazpi partidaren ondoren, zein hausnarketa egin duzu denboraldi hasieraz?

Oso ona izan da. Bost partida irabazi ditugu, eta bi bakarrik galdu. Halere, amorru pixka bat badut, galdu ditugun bi partidetan, Valentziaren eta Quesos El Pastorren aurka, eskura izan baikenuen garaipena. Gorroto dut galtzea.

Nola ikusten duzu taldea?

Oso ondo. Emaitzetatik harago, garrantzitsuena da talde moduan gero eta hobeto jokatzen ari garela. Horri balio handia ematen diot. Partida eta entrenamendu bakoitzean egiten ditugu talde gisa hobetzeko gauzak: gure arteko komunikazioan, kontraerasoan, joan-etorrietan, errebotean... Gainera, jokalari guztiek gauza bat dugu buruan: egunero hobetzea. Horrek dena ematera behartzen gaitu, eta hazten laguntzen digu.

Zein zerikusi du horretan taldea aurreko sasoiko ia bera izateak?

Erabatekoa. Abantaila handia da hori. Vivi [Vionise Pierre-Louis] da jokalari berri bakarra, eta hura ere azkar ari da ikasten. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta, gainera, garbi dugu Azuk [Muguruza, entrenatzailea] zer nahi duen. Horrek asko errazten ditu gauzak. Nik beti esan izan dut talderik onenak denbora luzez elkarrekin jokatzen ari direnak direla.

Inoizko denboraldirik onena izan zen aurrekoa. Antzeko lana egitea da sasoi honetarako helburua?

Bai. Liga irabazteko kanporaketetan gertu izan genuen finalerdiak jokatzea. Hori lortzea handia litzateke. Gainera, Espainiako Kopan edozer gerta daiteke. Partida bakarrera, gai izan gaitezke Perfumerias Avenida, Girona eta halako taldeei irabazteko. Handia litzateke datorren sasoian Europan jokatzea. Nik aukera izan dut Txapeldunen Liga eta Eurokopa jokatzeko, eta ederra da. Asko zailtzeko balio du.

Taldeko saskiratzailerik onena zara. Pozik al zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?

Estatistika onak lortu ditut, baina neure buruari asko eskatzen diot, eta beti pentsatzen ari naiz zer eta nola hobetu. Hobetu beharra dut, eta eraginkorragoa izan. Badut zer hobetua hor. Ez bakarrik hor, baita defentsan ere, errebotean, paseetan... Horretarako, goizetan askotan etortzen naiz Gaskara, pistan bakarka entrenatzera, baita, tarteka, atseden eguna dugunean ere. Gimnasioko ariketak eta jaurtiketak egiten ditut batez ere.

Nolako jokalaria zara?

Grinatsua. Berez, irribarretsua eta goxoa naiz kalean. Baina kantxara ateratzean aldatu egiten naiz. Nire aurkaria txikitu nahi izaten dut. Oso lehiakorra naiz, eta buruan dudan gauza bakarra irabaztea da. Azuk, gainera, horretara bultzatzen nau.

Zeure buruari hainbeste eskatuta, pozik egongo zara Muguruza entrenatzailearen aginduetara, ezta?

Bai, oso. Tankera horretako entrenatzaileak ditut gustuko. Izan ere, hona lanera gatoz, hobetzera. Lan saioetan zenbat eta gehiago eskatu, partidetan antzeman egiten da. Azu beti dago gure proposamenak entzuteko prest, baina, aldi berean, oso zuzena da, eta gauzak argi esaten ditu. Jokalari bakoitzari hobea izaten laguntzen digu, eta hori funtsezkoa da.

NCAAn jokatu zenuen, AEBetako Unibertsitateen Arteko Ligan. Aukerarik ikusten al duzu WNBAn jokatzeko?

Bai. Maiz pentsatu izan dut hori. Nik uste dut hango jokalari kaxkarrenak baino hobea naizela. Beraz, nork daki? Gainera, hango jokatzeko era maite dut. Oldarkorragoa da.

Saskibaloi asko ikusten duzu?

Bai, ia egunero. Edozein partida ikus dezaket: NBA, Euroliga, ACB liga... Asko ikasten dut; batez ere, teknikoki eta mugitzeko orduan. Lebron James da nire jokalaririk kutunena.

AEBetako emakumeen kirola hemengoa baino egoera hobean al dago?

Diru eta baliabide gehiago dago han, eta, horri esker, aukera, baliabide eta erraztasun gehiago dago.

Maiz esan izan duzu gauzak oso garbi dituen pertsona zarela. Hala izanda, txikitatik izan zenuen garbi saskibaloi jokalari izan nahi zenuela?

11-12 urte nituenean hasi nintzen jokatzen. Lehengusu bat dut, ni baino bost urte helduagoa. Egun osoa elkarrekin ematen genuen, eta beti egiten nuen hark egiten zuena. Saskibaloian jokatzea gustatzen zitzaion, eta ni ere hasi egin nintzen. Eskolan, mutilekin jokatzen nuen, ez zegoelako nesken talderik eta lehiaketarik. Batxilergoan, beste eskola batzuetako eskutitzak jaso nituen, han ikasi eta saskibaloien jokatzeko proposatuz. Orduan konturatu nintzen serio eta gogor lan eginez gero aukera izan nezakeela jokalari profesional izateko.

Uste baino gehiago kostatu zitzaizun goi mailara iristea?

Bai, uste baino gogorragoa izan zen. Jokalari ona bat izatearekin ez da nahikoa. Gora iristeko ahalegin fisiko eta mental handia egin behar duzu, eta jendeak askotan ez du ikusten hori. Isilean eta bakarka egindako lana izaten baita hori askotan.

Etxekoek zer esan zizuten?

Ez zidaten ezer esan. Izan ere, batetik, bazekiten saskibaloia asko maite dudala; eta, bestetik, oso burugogorra naiz. Beraz, zerbait esanda ere, ez nien kasurik egingo. Gauzak garbi nituen, eta saskibaloian aritzea onena zen niretzat.

Han eta hemen jokatu duzu. Hamabi taldetan jokatu duzu, eta hamar herrialdetan bizi izan zara. Nolatan erabaki duzu IDK Gipuzkoan beste urtebetez segitzea?

Duela urtebete egin zidaten Azuk eta Carmenek [Muguruza, presidentea] jarraitzeko proposamena. Oso gustura eta eskertuta nago. Taldekideekin oso ondo moldatzen naiz, eta klubak erraztasun handiak ematen dizkigu atzerritarroi hemen ondo bizitzeko. Ez nuen bitan pentsatu.

Hamar herrialdetan jokatu duzu. Non egon zara gusturago?

Eguneroko bizitzari erreparatuz gero, Donostian oso gustura nago. Jendea oso adeitsua da. Gogoan dut hona iritsi berritan maiz galtzen nintzela, eta jendea beti zegoela laguntzeko prest. Parajeak ederrak dira, janaria oso goxoa da... Ezin dut gehiago eskatu. Polonian eta Israelen ere oso gustura egon nintzen. Jokatzeko orduan ere Espainiako Liga gustatzen zait gehien, oso ondo egokitzen baita nire gaitasunetara. Bizi eta ikusgarri jokatzen da, eta hala izanda asko disfrutatzen dut.

Eta zein da gutxien gustatu zaizun herrialdea eta liga?

Zalantzarik gabe, Letonia. Hotz handia egiten du han, eta jendea oso tristea da. Apenas ateratzen diren etxetik, eta, bakarrik egonda, tristea da hori. Jokatzeko, berriz, ez zitzaidan batere gustatu Turkiako liga. Gogor jokatzen zen, eta nahiko mantso.

Nolakoa da zure egunerokoa Donostian?

Bakarrik bizi naiz, Bidebieta inguruan. Ez dut gustuko goiz jaikitzea. Entrenatzera joan baino ordubete lehenago jaikitzen naiz, normalean. Motibatzeko, rap musika jarri, eta lasai gosaltzen dut. Eguerdira arte kiroldegian egoten naiz, eta, bazkalostean, kuluxka bat egiten dut normalean, arratsaldeko lan sasoira bete-betean ailegatzeko. Amaitu, eta normalean berriro ere etxera etortzen naiz, eta hurrengo egunerako janaria kozinatzen dut. Hori da nire eguneko unerik kutunena. Kozinatzeak lasaitu egiten nau. Nire zaletasun nagusia da.

Eta atseden egunetan zer egitea duzu gustuko?

Lasai egotea, eta neure burua zaintzea: ordu asko lo egin, masajea hartu, hanketako eta eskuetako azkazalak apaindu eta txukundu...

Tatuajeak egitea ere bai? Makina bat dituzu.

Hamabost dauzkat. Sei urte daramatzat berririk egin gabe, baina laster egingo dut beste bat. Gainera, egun ditudan batzuk kolorea galtzen ari dira, eta errepasatu egin beharko ditut. Gehienetan, neure sentipenekin eta emozioekin lotutako tatuajeak egitea atsegin dut.

Gustuko duzu hemengo txokoak ezagutzea?

Bai, baina denboraldian nahiago dut Donostian lasai egon. Bertan, eguneroko bizitzarako behar ditudan txoko guztiak ezagutzen ditut, eta eroso nago.

Euskarazko hitzik ikasi al duzu?

Nahiz eta herrialde askotan bizi izan naizen, nahiko baldarra naiz hizkuntzekin. Oso zaila da niretzat.

Kozinatzea da zure zaletasun nagusia. Gustuko duzu Euskal Herriko gastronomia?

Noski. Batez ere, arraina, bai jatea, bai prestatzea, eta hemengoak ez du parekorik. Oso gustuko dut merkatura joan eta baserritarren produktuak erostea ere.

Zure herrialdeko zeren falta sumatzen duzu?

Familia eta eguneroko bizitasuna. Ez dut gustuko telefonoz hitz egitea, baina etxekoekin maiz hitz egin ohi dut Facebook eta Skype bidez; astean bizpahiru aldiz, gutxi gorabehera. Bestalde, han egunerokoa zoroagoa da. Eguerdian ez da kuluxkarik egiten, eta jendeak apenas hartzen duen denbora bazkatzeko. Tarteka, horren falta sumatzen dut.

Erretiroa hartzen duzunean AEBetara itzuliko zara?

Hori da nire asmoa. Orain arte irabazitako diruarekin, kalean janaria saltzen duten furgoneta horietako bat erosi nahiko nuke, eta hori kudeatu.

Noizbait jasan duzu arrazakeria?

Bai,Turkian. Kalean nindoan, eta gizon batek iraindu egin ninduen; eta Italian, partida batean, zale batzuek «tximu» deitu zidaten. Gauza larriak dira, eta salatu egin behar dira. Beren jarrerarekin, nolako pertsonak diren erakusten dute.

Zer sentitzen duzu AEBetako presidente Donald Trumpek etorkinen inguruan duen jarrera ikusten duzunean?

Zoritxarrez, presidente ergel bat daukagu. Arrazakeriarekin oso arduragabe jokatzen ari da. Arrazakeria leku guztietan dago, baina, gainera, halako presidente bat baduzu, arrazistak diren pertsonak eroso sentitzen dira, eta hori oso arriskutsua da, halako jarrerak areagotzea baitakar. Larriena eta sinestezina da, gainera, Trumpek hori egiten duela bere emaztea etorkina izanda. Pena da. Izan ere, Barack Obamak AEB hobe bat lortu zuen esparru gehienetan, eta hori hankaz gora jartzen ari da Trump.

Zure bi taldekide ama dira: Iva Brkic eta Toch Sarr. Zuri gustatuko litzaizuke jokalari zaren bitartean ama izatea?

Haurrak oso gustuko ditut, eta Ivaken [Brkic] eta Tochen [Sarr] erabakia asko errespetatzen dut. Baina nik garbi dut: erretiroa hartu arte ez naiz ama izango. Bospasei urte barru izango da hori.]]>
<![CDATA[Realak eta Athleticek Kopari ekingo diote gaur]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2017/034/002/2018-11-25/realak_eta_athleticek_kopari_ekingo_diote_gaur.htm Sun, 25 Nov 2018 00:00:00 +0100 Ainara Arratibel Gascon https://www.berria.eus/paperekoa/2017/034/002/2018-11-25/realak_eta_athleticek_kopari_ekingo_diote_gaur.htm
Ez da ohikoa sasoi honetan txapelketa hori jokatzea, denboraldi amaieran jokatzen baitzen. Gainera, Ligako zortzi talderik onenek jokatzen zuten. Baina datorren ekainean Munduko Kopa jokatuko da Frantzian, lehiaketako eredua aldatu behar izan dute. Hala, denboraldi osoan zehar jokatuko da, eta Lehen Mailako talde guztiek parte hartuko dute. Ikusteko dago datorren sasoian horri eutsiko zaion.

Bolada onean da Athletic, azken hiru partidak erreskadan irabazi eta gero. Gainera, sasoi hasieran golak sartzeko izandako zailtasunak gainditu dituela ematen du. Partida lehiatua espero da, Betis ere gorantza ari baita. Laugarren dago Ligan, eta Athletic bosgarren. «Egun gutxi izan ditugu indarrak biltzeko, baina dena emango dugu. Partida lehiatua izango da, baina guretzat garrantzitsua da Kopan aurrera egitea. Kolpea litzateke hain azkar txapelketatik kanpo geratzea. Gainera, bolada on hau luzatuko genuke, eta horrek konfiantza emango liguke», adierazi zuen Nekane Diez Athleticeko jokalariak.

Espainiako Koparekin arantza du Athleticek. Beti begiz jota izan duen txapelketa da, baina ez du sekula irabazi. Bi aldiz ailegatu da finalera, 2012an eta 2014an. Baina ez zuen zorterik izan. Lehen finalean luzapenean galdu zuen Espanyolen aurka, eta bigarrenean penaltietan Bartzelonaren kontra. Bada datu argigarriago bat: hamasei denboralditan sei kanporaketa baino ez ditu gainditu. Litekeena da Joseba Agirrek aldaketak egitea hamaikakoan, aurreko asteazkenean, Logroñoren aurka aulkian utzi batzituen Ainhoa Tirapu, Garazi edo Yulema bezalako jokalariak.

Liga oso ondo hasi eta gero, azken partidetan behera egin du apur bat Realak.Azken bi partidak galdu egin ditu, eta Kopan emaitza eta joko bolada onera itzuli nahi du.

Valentzia ligako talderik indartsuenetakoa da. Baina liga hasiera kaskarra egin du. Jokatutako bederatzi partidetatik bi baino ez ditu irabazi, eta hori baliatu nahi dute txuri-urdinek.

Garaipena lortzeko beharrezkoa ikusten du Gonzalo Arkonadak defentsan hobetzea. «Ez da partida erraza izango. Baina aurrera egiteko gogoa eta ilusioa dugu. Kopa lehiaketa erakargarria da, motza baina emozioz betetakoa».

Gaurko partidari begira, hainbat jokalari berreskuratuko ditu Arkonadak. Hala, Manu Lareo eta Iraia deialdira itzuli dira. Jokalari bakarra faltako da, horrenbestez: Sandra Ramajo.]]>