<![CDATA[Ainize Madariaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 26 Mar 2023 23:26:58 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ainize Madariaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ahotsari oholtza osoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/022/001/2022-12-21/ahotsari_oholtza_osoa.htm Wed, 21 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1877/022/001/2022-12-21/ahotsari_oholtza_osoa.htm Ahotsez diskoan «biluztasuna» adituko du entzuleak. Bere burua prestatu beharko du Kalakan taldea a cappella behatzeko, plazer horretara itzuli baita taldea diskoan, artistak eta beha zaleak abantzu batere mikrorik gabe elkarri begietara so egonez, publikoaren eta musikarien artean haririk gabeko giza haria dutela lotura bakarra. «Oihartzun naturalarekin eta lagunarengandik hurbil-hurbil» kantuz ari nahi izan du Jamixel Bereau taldeko zuzendari artistikoak. Gaur eta bihar Baionako Luna Negra antzokian izanen da taldea, 20:30ean. Hilaren 30ean ere ariko da, Getarian (Lapurdi).

Bereauk iragarri du giro aldaketa batera begira publikoa «psikologikoki» prestatzeko egin dutela disko hau. Bi kontzertu mota eskainiko baitituzte: alde batetik, disko intimista honen girokoa, eta, bertzetik, heldu den urtean landuko duten rock estilokoa, «txosnetan» emateko gisan, «polarizatzeko» gogoa baitute.

Badu 30 urte oholtzaz oholtza ibilki dela Bereau, mota orotako musika egiten. Argi du, beraz, zeren enbeia duen orain: ahotsari protagonismoa ematea, tresnek ekar lezaketen kontzentrazio eskaera handiegiari muzin eginez: «Plazera zuzenagoa da; eliza batean a cappella kantatuz aritzea mikrorik gabe kontzertu sinpleagoa, biluziagoa, akustikoagoa da». Publikoarengandik hurbil egotea bilatzen du taldeak Ahotsez kantatzeko, eta tartea zehatza da: «Ezin badituzu pertsonaren begiak ikusi, urrunegi zaude».

Badaki zertaz ari den: 60.000 lagunen aitzinean ari izan baita jadanik. Harentzat oholtza egokiena ttipia litzateke, publikoak ongi jaso dezan artistek ematen dutena: «Musika biziki ederra izan daiteke gorputzetik gozatzeko, baina behar duzu zutik izan, taldetik nahiko gertu bere energia hartzeko eta mugitzeko, gorputzari adierazteko parada emateko. Gureak badu meditaziotik, bidaia izpiritualetik».

Eta, gainera, taldea gogoa askatzen ari da, kudeaketa lanez arintzen, datorren diskoa prestatzeko, gitarra elektrikoa sartuz. Musikalki zein xendra hartu argi ukaiteaz gain, artisten rolaz ere hausnartu du Bereauk: «Behar genuke gure lana egin artista gisa, gauza batzuk azpimarratuz, salatuz, jendea lagunduz... Uste dut lan politiko eta filosofiko hori gero eta gehiago desagertzen ari dela, gaur egungo gaiak azalekoak baitira; anitz saldu nahi baduzu, ez duzu nahi nehor haserre dadin; beraz, ez duzu egiarik erraten».

Bederatzi kantu tradizional landu ditu Kalakan hirukoteak: Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etxegaraik. Portugalgo, Irlandako eta Txileko kantuak salbu, denak euskaldunak dira.

Ahotsaren hotsa

Kantuen hautaketan «esentzia» baten bila aritu dela aitortu du Bereauk, «oreka» baten bila, egin ahala gauza gutirekin. Funtsean, oroitarazi du kantu bat zer den: «Pertsona batek bakarrik eraman dezakeen melodia da kantu baten mamia. Gero, nahi duzuna gehi diezaiokezu. Baina, mamia polita bada, beste guziak apainketak dira. Batzuetan apainketak zerbait gehitzen badio ere, beste batzuetan kentzen dio ere». Gorputz pikarraiaren irudia ekarri du adibide gisa, politagoa izan baitaiteke beztitua baino, jantziek estali gabe biluziaren edertasuna.

Lehengaia ederra bada, beraz, apainketarik gabe edo gutirekin hala izaten segitu beharko luke. Foggy Dew kantuan, adibidez, hondar unean kendu zioten teklatua. Kontrara, oraingo pop kantuekin alderantzizkoa da agitzen, tresnetatik partitu bide baita haien sorkuntza: «Kantuari tresnak kenduz gero, ahotsa ez da biziki interesgarria. Kantu zahar horiek maite ditut, instrumenturik gabe konposaturik izan baitziren gehienak». Berreteretxeren kantorea orain arte ahoz aho heldu izanak liluratzen du Bereau.

Kantuen hitzak taldearenak ez badira ere, hautaketa ez da «inozoa» izan. Are, Lili eder bat abestiaren hondarreko kopla, konparazione, ikuspegi feministatik interesgarria egiten zaio Bereauri; izan ere, «usaian ez bezala», emazteak baitu fortuna, eta jakin nahi baitu gizonaren interesa zein den: zinezkoa ala ekonomikoa. Gaiaz gain, musika estetikagatik ere hautatu du kantu hori lantzea: «Erromantikoa, harmonizazio klasikoagokoa landu nahi genuen. Holako kantu bat ukaiteak, enetako, bazuen interesa, giroagatik, musika estetikagatik».

Laida pilota kantuko hitzek, berriz, gehikuntza batzuk bildu dituzte: «Zer litzateke euskal pilota euskaldunik gabe?» eta «Zer litzateke Euskal Herria euskaldunik gabe?». Pilotaria izanez, salatu du irrigarri geratzekoa dela ukaitea euskal pilotaren nazioarteko, Frantziako eta Espainiako federazioak, ez ordea Euskal Herrikoa.

Artetik errateko, kantuan, pilotaren punpak aditzen dira, eta zuzeneko kontzertuan, pilotan ari da Bereau, botaharrian.

Musikariaren arrangurak

Euskaldunik gabeko Euskal Herriak arranguratzen du musikaria: «Euskalduna izan naiteke edo euskal kultura defendi dezaket euskara jakin gabe; hori oso gogor zait. Mundu baten ate aurrean gelditzen dira, euskararen giltza gabe; bestela, gainetik edo kanpotik ikusiko duzu. Hizkuntza bat defenditzeko lehen gauza da hizkuntza hori ikasi eta baliatzea». Gehitu du erdaldunaren presentzia hutsak euskararen eremua txikitzen duela.

Arranguratzen du ere egungo musikari gazteek «gero eta gehiago» kantatzeak espainolez: «Telebistakoak bezala, argiaren eta diruaren bila dabiltza, garrantzirik eman gabe kantatzen denari». Hark, ordea, gaztetan ez zituen gauzak hala ikusten: «Garrantzitsuena zen herri bat eraikitzea, gure kultura elikatzea, zerbait gurea egitea, euskalduna, gure berezitasuna maitatu eta lantzea».]]>
<![CDATA[Beroa badator, pagoa badoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/038/001/2022-12-17/beroa_badator_pagoa_badoa.htm Sat, 17 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1919/038/001/2022-12-17/beroa_badator_pagoa_badoa.htm
Gizakiak sumatu du udaren beroa, ezin uka, eta frankotan itzal bila joan da, etxean berean bere burua babestuz, edota oihanpean. Alta, zuhaitzek, isilpetik, nola ihardukitzen diote klimaren beroketari? Lekuz ezin alda, geroak zer erranen die? Badua horretan laguntzerik gizakiak? Zuhaitz espezie batzuek badutea gaitasun handiagorik egokitzeko bertze batzuek baino?

Oihan kudeatzaileek erran dute oraino goiz dela uda bero eta idorren ondorioak oihanetan sumatzeko. Hala ere, beren burua prestatzen ari dira: isurialde mediterraneoak gaina hartuko baitie atlantikoari eta Pirinioetakoari. Hortaz, betiko oihan paisaia emeki-emeki kolorez aldatuko da: pagoa, adibidez, hiltzen hasiko da. Argi dute bertako espezieei lagundu behar zaiela osasuntsu hazten, gizakiaren esku sartzea neurtuz. Zuhaitz aniztasunari sekulako garrantzia ere ematen diote, horri esker hobeki egiten baitzaie aitzi klimaren beroketaren ondorioei, bertzeak bertze suteei eta eritasunei. Gainera, oihanetako ekosistemaren mesedetan da. Zuhaitz mota bakarreko oihanek, berriz, ahulduak izateaz gain, lurra pobretzen dute, egokitzeko gaitasun gutiago dute, eta suteen lanjerra emendatzen.

Berez, Euskal Herriak 922.000 bat hektarea oihan dauzka: 450.000 Nafarroan, 141.000 hektarea Araban, 75.000 hektarea Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan, 132.000 hektarea Bizkaian eta 124.000 hektarea Gipuzkoan. Bizkaian eta Gipuzkoan salbu, gainerako probintzietako oihan mota gehienak autoktonoak dira. Bizkaian, berriz, zuhaitzen %70 kanpoko espezieak dira, eta Gipuzkoan, espezieen erdiak baino haboro.

Kontuan hartu beharreko lehen ezaugarria litzateke gizakiaren eta zuhaitzen denboraren nozioak; gizaki baten bizitza «anekdotikoa» baita oihan baten bizitzan. Hala nabarmendu du Iñaki Etxebeste Aramaioko (Araba) Errez kooperatibako kideak: «Klima aldaketa gure bizitzan ikusiko dugun zerbait da, baina oraindik oso goiz da baso egitura aldatzen ikusteko, aldaketak ikusiko ditugu, baina goizegi da. Ez dut uste baso komunitateen aldaketa nabarmenik gertatzen denik; hasiko bagina landare txikitan, ba beharbada besterik litzateke».

Hala, adituen erranetan oraino goizegi bada ere ondorioez mintzatzeko, honezkero nabari daiteke usaiaz kanpoko uda bero eta idorren eraginik Euskal Herriko oihanetan: suteen emendioan edota zuhaitzen hiltze edo ahultzean toki jakinetan.

Ahultze hori egiaztatu ahal izan du Igoak: «Idorteagatik zuhaitzek sufritu dute anitz, hostoak galduz goizago eta batzuetan hostoberrituz udazkenean. Arrunt gazteak diren arbolak hiltzen ditu; iaz landatu genituenak, konparazione, hil dira. Zuhaitz handien kasuan, berriz, bizpalau idorte segidan behar dituzte; beraz, goizegi da oraindik deusik errateko, ondoko urteetan ageriko dira aurtengo idortearen ondorioak». Igoa arranguratzen duena da oihanek aldaketei ihardukitzeko beharrezkoa duten berezko erritmoari ez ote zaion aitzinatuko klima aldaketaren abiadura zalua.

Dena den, Elena Baeza Oliva Nafarroako Gobernuko oihan kudeaketa saileko buruzagia ere ohartua da zuhaitzen indargabetze fenomenoaz toki jakinetan: «Hostoak lehenago galdu dituzte, eta ez dute indar eta kolore normalik».

Zehaztu du isurialde mediterraneoaren iparraldeko mugan dela sentitzen fenomeno hori, erran nahi baita: isurialde mediterraneoak Pirinioetakoarekin eta atlantikoarekin talka egiten duen ukipen guneetan. «Hiru klimek topo egiten duten tokietan sufrituko da gehienbat klima aldaketa». Nafarroan, adibidez: Pirinio hegoaldeko pinudi salbaietan; Burgin, Bidankozen... Eta Atetz eta Odieta ibarretako pagadietan...

Oraindanik behagarriak diren ondorioek ezagunak diren oihanen mapak doi bat kolorez aldatuko dituzte geroan: isurialde mediterraneoaren hegiz hegi diren puntu guzietan hedatuko baita mediterraneoa. Hala baieztatu diote ikerketek Baezari: «Isurialde atlantikoa poliki-poliki mediterraneoa bilakatuko da; hor du landaretzak gehien sufrituko, aldatuko baita. Salbuespenezko klima arrunta bilakatuko delarik, zuhaitzak ez dira hain indartsuak izanen, eta ikusiko dugu bertze espezieak kolonizatzen hasiko direla: erkametzak eta arteak gaina hartuko diote, adibidez, hegoalderago dauden pinu basatiei. Edo, genero bereko azpiespezie mediterraneoak azpiespezie atlantikoari gaina hartuko dio, astigarraren kasuan, adibidez. Egokitzapen txikiak gertatuko dira. Nafarroa hegoaldeen dauden pagadiak, Goñi eta Ollo ibarrekoak adibidez, desagertzen joanen dira, edo ez dira hainbertze garatuko».

Igoak ere gauza bera erran du: alegia, isurialde mediterraneoa atlantikorat iganen dela: «Pagadiak hezetasun atmosferiko handia behar duenez, idortea ez du ontsa jasaten. Gure mendietan biziki ontsa laketzen bada ere, urte batzuen buruan, normalki, lekuz kanpo izanen da, eta bereak ez diren baldintza batzuk jasan beharko ditu. Ezin denez lasterka eskapatu, goratasun ertaineko pagadia, normalki, hilen da».

Lore kolore

Preseski, klima horien junturak gehienbat sufrituko badu ere, Etxebestek hor ikusten du joka partidetako bat geroari begira: «Klima anitzeko lekuetan, isurialde aldaketa ematen den eremuetan, alde bateko eta besteko zuhaitz espezieak nahasten dira, eta berez datozen espezieak dira gure ustez apustu gorena».

Horregatik, «naturaren hurbileko» oihan kudeaketa aplikatzen du Errez kooperatibak klima aldaketari begira, baita molde bat baino gehiago ere. Bortz puntutan oinarritzen da egin molde hori.

Alde batetik, bertako espezieak lantzearen alde egiten dute, horiek baitaukate aberastasun genetiko handiena, eta horrek aukera gehiago ematen baitie aldaketa baten aurrean aurrera egiteko: «Mintegi batetik eramanez landareak, gutxi edo asko aberastasun genetiko hori murrizten dugu, murriztuz ere baso horrek aurrera egiteko dituen aukerak. Badaude, adibidez, idorte edo gaixotasun bati aurre egiten dioten laborategiko klonak, baina zailtasun bakarrari egiten diote aurre; haatik, ez dakigu zenbat etorriko diren», zehaztu du Etxebestek.

Bigarrenik, oihana egitura anitzekoa izaten laguntzen diote: espezie, diametro eta estraktu ezberdinetakoak: «Klima larrialdiak ekarri du haizeteen handitzea. Altuera eta diametro bereko basoetan haizeak sarraski handiagoa eginen du, espezie, diametro eta estraktu anitzeko basoetan baino».

Hirugarrenik, bertan sortzen diren landareei bide egiten diete, ahalaz landatu gabe. Hola, aniztasun genetikoa bermatzeaz gain, ekonomikoki ere interesgarria da: zura jaso arteko zikloan landaketak baitira inbertsiorik garestiena. Gilenek ere bat egiten du filosofia horrekin, eta, gizakiaren oihanetako esku sartzearekin ados bada ere, argi du «neurtua» izan behar duela. Horren froga da iaz landatu zituzten zuhaitzek ez dutela aurtengo uda jasan ahal izan.

Laugarrenik, argi utzi du oihana ez dela guztiz soildu behar, erran nahi baita, oin jakin batzuk moztu behar direla, denboran maizago, baina neurtuak: «Gizakiaren odol hartzea bezala da: gutxi hartu baina maiz, gizakiari kalterik egin gabe».

Azkenik, lurra babestu beharraz ohartarazi du Etxebestek: «Lur zorua baita daukagun kapital garrantzitsuena. Esku sartzeak egiten badira, kasik bisturiekin izan daitezela, makinek zanpatu gabe». Izan ere, euri jasak gero eta kontzentratuagoak direnez, lur zoruak ezin du zanpatua izan ura xurgatu ahal izateko, bestela «katastrofikoa bailitzateke».

Oihana handi dadila

Jose Antonio Irastorza Aralarreko mankomunitateko oihanzaina da. Aralarko pagadia eta elordia osasun onean bada ere, argi du zer litzatekeen bide egokiena klima aldaketari begira: oihanarena zen lurra oihanari berreskuratzen uztea. Alegia, baserriak egiteko oihanari kendu zitzaizkion lurrak, zeintzuk «pobretu eta zikinduak» baitira baserrien hustearen ondorioz, poliki-poliki oihanak beregana ditzan. Ez du duda izpirik zein espezieri lagundu behar zaion hazten: tokiko hosto zabal erorkorrei. Aire garbitzaileak direlako eta gainera hostoen erorketak lur xamurra sortzen duelako naturalki. Datua eman du: «Pagadi hektarea batek urtean 1,75 tona karbono xurgatzen du, airea garbituz. Haritza ere hosto zabala da, baina, 800 metrotik behera, hektarea bakoitzeko 2,90 tona karbono xurgatzen ditu. Hosto zabal erorkor eta bertakoak diren horiek askoz gehiago garbitzen dute airea».

Ororen buru, halaxe laburtu du nola kudeatu beharko liratekeen oraingo oihanak heldu diren urteetako klima aldaketari begira: «Lehendik daudenak ongi zaindu, eta herri lurretako pinudiak kendu eta hosto zabal xurgatzaileak jarri. Zuhaiztia sortuz menderatuko du lur erabili gabeko zikin hori, lurra birbideratuz jatorrira, eta milaka mikroorganismori lekua eginez».

Suteei aitzi egiteko, pagadiaren alde apustu egiten du Irastorzak, suak «ez baitauka zereginik» pagadiekin.

Ustiaketarako bideratuak diren oihanen kasuan, aditu guziek bat egiten dute ongi gogoetatu behar dela zein espezie birlandatu. Hori bai, argi dute Gipuzkoako eta Bizkaiko insignis pinudiak eta eukalipto oihanak transformatu behar direla poliki-poliki: bertako zuhaitz espezieei lekua eginez. Balirudike errotik moztu eta landaketa masiboari ekin beharko litzaiokeela transformatze horren kausitzeko. Alta, Etxebestek erran du bertzerik dela: «Uste baino erresilienteagoa da gure basoen ekosistema: pinudiei begira jarriz gero, azpitik datorren haritz kantitatea ikaragarria da! Moztu eta utzi beharko litzaieke atzetik datozen horiei hazten». Eukaliptoen kasuan, berriz, zailagoa da afera, kirtenetik berriz sortzen baita. Kasurako, Etxebestek badu aterabidea: «Estrategiak ezberdinak dira; eguzkia gustatzen zaionez, itzaletan jarri beharko genuke: behin moztu eta gero, ondoan itzala emanen dioten espezieak landatu, adibidez lizarra».]]>
<![CDATA[«Espazioak sena gararazten du»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-12-14/espazioak_sena_gararazten_du.htm Wed, 14 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-12-14/espazioak_sena_gararazten_du.htm Espazioa hezkuntzaren zerbitzura izeneko hitzaldia emanen du gaur Iruñean, Laban (18:00), Jaso ikastolak antolaturik.

Arkitekturak badua gaitasunik gizartea eraldatzeko?

Bai borobila. Azkenean, guk espazioak diseinatzen ditugu, eta espazioak gu; norabide bikoitzeko errepidea da. Loris Malaguzzi italiar pedagogoak esan zuen espazioa hirugarren irakaslea dela; lehena gurasoak dira, eta bigarrena, irakasleak.

Nola eragiten du arkitekturak jendearengan?

Gure espazioa orokorrean txikia bada ere, eraldatzen gaitu. Adibide garbia: etxera kide berri bat datorkigunean, etxe guztia eraldatzen hasten gara: habia efektua deitzen zaio horri. Hori egiten dugu kide hori gai izan dadin espazioan identifikatzen gure kultura, gure gustuak eta abar.

Adibidez?

Mundutik babesteko sortzen dugu espazioa, zeina baita gure irudi bat munduarekiko eta espazioarekiko, horregatik da norabide bikoitzeko errepidea. Hala, espazio argiak gustatzen bazaizkit, garbiak, gardenak, naturarekiko hurbilak... horrek esaten du nolakoa naizen. Espazio ilun bat moldatzen badidate argira, gardenera, guztiz irekira... nire jokabidea ere eraldatzen hasiko da.

Sukalderaino sartzea intimitatera sartzea da.

Hori da, zure barne pertsona hori ezagutarazten ari zarelako beste pertsona bati, alegia, nolakoa zaren. Rafael Cristobal psikiatrarekin lan egiteko suertea izan dut. Hark esaten zuen ume batek zer behar zuen pertsona gisa garatzeko, eta nik erantzuna ematen nion espazio antolaketarekin. Bost hilabetetan, adibidez, miatzeko sena pizten zaigu; beraz, kukumiku egiteko espazio bat emanez gero, bizitza osorako balio dion sen hori garatuko du. Haurrari pizten zaion sen hori jorratzeko espazioa emanen diot.

Sen gehiago bada.

Zortzi garrantzitsuenak zerrendatu ditu Cristobalek: sei-zazpi hilabetetan atxikitzeko sena pizten da; horregatik, espazioa antolatu behar da ikastetxean haurrak jakiteko gisan norengana joan zerbait gertatuz gero. Bederatzi hilabetetan beldurra eta ihesaren sena garatzeko espazioak bermatu behar dio haurrari beldurra duenean erreferentziazko pertsona aurkitzea. Erasotze senari begira, bi eta hiru urte artean, frustrazioak kanporatzeko bidea eskaini behar diogu psikomotrizitatearen bidez. Hierarkia sena garatzeko: altuera. Eta gauza bera gainerako senentzat: hiru eta lau urte artean zaintza sena ahalbidetzeko; bai ere sexurako sena lantzeko, bost eta sei urte bitartean, intimitatea garatu ahal izateko txoko batzuk, komun zikin batzuk eskaini beharrean.

0-6 urte bitarteko jendeaz mintzo zara.

Orduan baitira sen garrantzitsuenak pizten, eta, horiek ongi garatzea lortzen bada, bizitza guztirako balio du. Haatik, horrek ez du esan nahi bizitzako beste etapetan landu behar ez direnik. Baina lehenago hasiz, hobe, kirolariak bezala: entrenatuagoak izanen dira lehenago hasiz. Nahasi behar dira sen horiek eta metodologia aktiboa.

Eman dezagun?

Autonomia eta erabakitze ahalmena lantzea erabakitzen badut metodologia aktiboa erabiliz, ikasleak tarteak izango ditu berak aukeratzeko zein txokotan egon —plastikoarenean, irakurketarenean...— nahi duen aktibitatea egiteko. Gisa honetan prestatuago izanen da beranduagoko erabaki garrantzitsuak hartzeko, gu ez bezala, hamasei urtetan galduta baikinen zer ikasi nahi genuen galdetzean, ordura arte ez baitziguten sekula galdetu erabakitzea. Irakasleari espazioak lagundu ezean, beti bezala amaituko du klase magistralak ematen, zortzi orduz, eta ikaslea pasiboa izango da.

Zerk ezin du hutsik egin hezkuntza espazioa ongi antolatzeko?

Garrantzitsuena da hezkuntza familiak hausnarketa sakon bat egitea adosteko nolako ikasleak nahi ditugun 18 urterekin. Zuzendaritzak, ikasleek, familiak, gurasoek, administrazioak... adostu dezagun ondo autonomoa izan dadila, euskalduna, kooperatiboa... Gero, tailer parte hartzaile bat antolatu erabakitzeko nolako espazioak nahi ditugun. Japoniako eta Nafarroako etxeek berdinak izan behar dute? Bada, ez, tokiko kulturako ezaugarriak sartu behar dira.

Nola islatzen da Euskal Herria espazio antolaketan?

Euskararen bidez, nola ez; baina baita ere tokian tokiko artisauen lanak erabiliz, folklore hutsa gaindituz.]]>
<![CDATA[«Errezeta bakarra dute nire kantuek: ni pozik egotea!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/031/001/2022-12-10/errezeta_bakarra_dute_nire_kantuek_ni_pozik_egotea.htm Sat, 10 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1855/031/001/2022-12-10/errezeta_bakarra_dute_nire_kantuek_ni_pozik_egotea.htm Watson-ek (Pouillon, Frantzia, 1956) bigarren diskoa karrikaratu berri du: Bobi, salatu gabe nor den Bobi. Misterio horrekin abusatuz, barne bidaia luzea partekatu du pop, rock eta folk estiloetan, ahots eta soinu ezin garbiagoetan. Bihar aurkeztuko du Durangoko Azokan, 15:40an, Plateruenan.

Bobi miauka ari dea?

Lehenengo diskoa bukatu nuen Zer gertatu zaio Bobiri? kantuarekin, zeinak ez baitu adierazten nor den Bobi. Ene inguruan bazen sekulako eztabaida jakiteko nor zen: Bobby Sands, txakur bat... Hortaz, pentsatu dut lehen diskoari segida bat ematea; hala, bigarren honetan itzuli da Bobi. Lorentxa Saraguetak marraztu du azaleko katua; dena den, bitxia da, zeren eta Bobi txakur izena baita gehiago... [kur-kur-kur]

Barne bidaia bat izan dea?

Hamahiru urteko barne bidaia oso luzea izan da diskoa. Bitartean bi alaba ukan ditugu. Hasiera batean, disko bat ateratzean indar asko duzu, zerbait bukatu orduko beste bat hasi nahi duzu... hola sortu zen Nor da Bobi?. Alta, gero, pentsatzen duzu: «Nire zarata hau gehituko diot dagoen zarata guziari?». Dena berdin baitzitzaidan. Denbora pasatu ahala, kantuz segitu dut, diktafono batekin grabatzen, kaier batean hitzak idazten... eta une batean gogoa berriz heldu zait eta aitzina. Orduak izan dira; nire zati bat utzi dut hor.

Inspirazioak hitzordurik eskatu ohi dizua?

4 urteko gure txikia melodia bat kantatzen ari zen autoan: horrekin egin dut Eztiz asea kantua. Ingelesa iduri du, baina zentzurik ez duen hizkuntza bat da. Musikari orok baliatzen dugu melodia bati silabak jartzeko, hola baitirudi kantu bat.

«Odola irakiten dit»: Latzenen plagioa dea?

Zinez irrigarria zait Beatlesek nahitara egindako amodiozko kantu zozoa: Oh! Darling. Nahi nuen nik ere holako bat egin, eta Beltzanek [Obanos] hartu zuen hori erronka gisa: esaldiak edozein ordenatan jarriagatik ere, badute beti zentzua. Amodiozko euskal kantu guzien zatiak daude: Hertzainak, Benito Lertxundi, Akelarre, Latzen...

Ortzi Idoaterena da Ongi etorri Bobi. Badaki nor den, beraz.

Ez! Eta ez da agertzen nor den! [Kur-kur-kur]. Hegoaldean debekatuak dira ongi etorriak, eta horri buruzkoa egin nahi nuen. Dena den, pistak badira Bobiren gainean: «Izar gorritik izar beltzera» eta «Lokatzetan»... Gauza ona bada: itzuli dela Bobi!

Amadu ere Idoaterena da. Zinez jin dea Gineatik?

Bai. Gai librea zuen. Kantu tradizional baten letra eman nion asmatu nuen melodiari, eta lantzeko eman nion gero Idoateri. Xaramelatik hartzen dut melodiari egokiena den bertsoa. Metrikaren eta hitzen soinuaren arabera aldatzen dut melodia, edo bertsoa moldatzen. Errezeta bakarra dute nire kantuek: ni pozik egotea!

Amets Arzallusek ere parte hartu du Gerlatik nator kantuan.

Hau ezberdina izan da: 2018an, Lehen Mundu Gerlaz Amets Arzallusen letra musikatzea eskatu zidaten. Sei minutuko bospasei kopla ziren. Natekin [Cazarre] kantatu nuen Baionako antzokian. Gero, Ametsek kantua eskatu zidan, maitatu zuelako. Deliberatu nuen diskoan ezartzea.

Zuri ere gustatu zitzaizulako.

Benetan pozik gelditu nintzen, asko-asko landu nuelako. Eskatu nion laburtzea. Ahotsa eta gitarra ziren hatsarrean, baina pentsatu nuen lagunen arterako balio zuela, baina ez diskorako. Hala, azken momentuan Frederic Gallarde adiskide min eta musikari handiari eskuak libro utzi nizkion teklatua gehi ziezaion: oso lan polita egin du, banekien.

Hamabi kantuetatik bederatzi dira berriak.

Diskoa irekitzeko eta ixteko, Zer gertatu zaio Bobiri? kantuaren doinua murriztu dut pianoan. Hor ere, Keith Jarrett pianistaren estiloan ezarri dit pieza Frederiquek, biziki maite dut. Eta bukaera-bukaeran, Sigi saga kantuaren interpretazio bat dago.

Badua diskoak Bobiz aparteko hari gorririk?

Bidaiak dira diskoaren ildoa. Gineatik Iparraldera, edo bidaia bat nire baitan, Amets hautsia bezala; edo Sorginen erratzak, bidaia bat da baina denboran... bideo klipa eginen dio honi Odei Barrosok.

Mutil zaharrentzat kantuak hausten du amiñi bat ildoa, ez?

Tom Waits jenioaren fana naiz; bere kantuaren bertsio bat da. Bere munduak gorabehera asko dauzka: gaueko mundutik —tabakoa, eskaleak, neskak, drogak...—modernoagoa den batera pasatu baita. Kabaret jazz gisa hasi zen: orain, berriz, musika biziki moderno eta bortitza egiten du.

Mutil zaharrentzat kantutik kontrastea sortzen du Zaldun hiltzailea kantuak: «Akatu zuen izan zedin betiko berea». Zer bidaiatatik atera duzu hori?

Beltzaneren borroka izan da matxismoaren kontrakoa, etxean bizi izan baitu. Jendaurrean bat oso jatorra ager daiteke, baina gero bikotekidea etxean akabatu. Deabruak daude oso ongi gordeak. Gauzak adierazi behar dira, ezta?

Ahots garbia lehen lerroan du diskoak. Lehen diskoak bezain?

Nahi nuen Paxkal Etxeparerekin lan egin. Aritu izan bainaiz berarekin, Gure Irratiarendako egin genuen diskoan, eta ez du ezer barkatzen: maite dut ikaragarri exijentzia hein hori. Konfiantza itsua dut beregan, eta eroso sentitzen naiz berarekin. Zetak-en egiten duen soinua errotik maite dut. Belarri oso analitikoa dut.

Musika bizibide duzua?

Bai. Kantu tradizionala erakasten dut Hazparnen [Lapurdi], Izturitzen [Nafarroa Beherea]... musika elikatzeko da. Zikiroetan jotzen dut. Dena da bat niretzat. Laket nukea taula gainera igatea bakarrik nire obrak aurkezteko artista huts gisa? Ez. Maite dut jendearekin egotea. Pyrennees kantuz saioa egiten dugu hilabetean behin, jendez mukuru egoten da. Horretarako bizi naiz ni!

Frantses izatetik euskalduna izaterako bidaia nola egin duzu?

Tarben [Okzitania] ikasle nintzela hasi nintzen abesten Pierre, Pierrot eta Watson taldean. Neil Young zen nire idoloa. Franco hil zen urtean kontzertu handi bat antolatu genuen Paco Ibañez, Isabel Parra, Patricio Castillo eta Imanolekin. Ene bi lagun musikari biziki on, Robert Berges eta Jean Michel Saint Crik, Urria taldean ari ziren Beñat Axiari eta anaiarekin... Hori izan zen ene lehen kontaktua euskal musikarekin. Juan Paquitok eskatu zidalarik berarekin aritzea, berehala joan nintzaion, Landak utziz. Hiru urteren buruan euskara ikasten hasi nintzen, Akelarren aritu nintzen...

Watson bakarlari gisa, faltan duzua Euskal Herri osoa kurritzea, Akelarreren garaian bezala?

Pixka bat bai. Nahiz eta, hala ere, ibili naizen.

Bakarlaria baina taldekideez inguratua: Maddalena Luzzi, Pierre Sangla, Raphael Ferreira, Romain Larregain eta Frederic Gaillardet.

Oso bizipen aberatsak ukan ditut haiekin. Musikaria zarelarik, indarra ematen dizu taldekideen musikak atzetik; badirudi altxatzen zaituztela, eta hori sentitzen dut disko honetan.]]>
<![CDATA[«Liluratu nau ipuin zaharretako magiak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-12-09/liluratu_nau_ipuin_zaharretako_magiak.htm Fri, 09 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-12-09/liluratu_nau_ipuin_zaharretako_magiak.htm Hamalau disko-liburuak (Gatuzain). Jon Eiherabidek (Ziburu, Lapurdi, 1978) laket izan du Barandiaranek bildu zuen ipuinaren magikotasuna eta pertsonaiari gertatzen zaion metamorfosia. Eta horrekin dantzan ezarri ditu hitzak eta silabak, ipuina rap moldera ekarri eta diskoan grabatu arte. Xabier Sagastaren 54 ilustrazioek diseinatu diote dekoratu mistikoa megalitoak orainaldiari oparitu dion kondairari.

Liburu-diskoa edo disko-liburua da Hamalau?

Liburu-diskoa, baina erranen nuke proiektua abiatu dela musikatik eta ipuinetik. Zoo taldean ari nintzen testu zahar batzuen ikerketan; metamorfosiaren gainekoen bila ari nintzela, Barandiaranek Ataunen idatzira pasatutako ipuina atzeman nuen, 1920 urte ingurukoa: Kanillo txiki eta Kanillo arrantzalea. Haur batek ukanen zuela ahalmen magiko batzuk abere batzuk lagunduta, metamorfosi istorio bat. Xedea ukan nuen hau sakontzeko. Ikertzen hasi nintzen, berridatzi nuen, pasarte batzuk errimetan. Gero musika eman nion, eta hortik ipuin liburua egiteko gogoa ukan nuen, eta Xabier Sagarzarengana joan nintzen ilustratzeko.

Ipuin horretan zerk zaitu lotu?

Hastapenean nahiko liluratu ninduen ipuin zaharretako magiak, eta metamorfosia egiteko gaitasunak... erakargarriak zaizkit. Tiratuz, ikerleen lanak ediren ditut, bertzeak bertze, Roslyn M. Frankena. Honek badu hipotesia seriosa: dio kondairako abereak ez direla hartu behar egiazko abereak bezala, baizik eta zeruan dauden konstelazioen irakurketa baten gisa. Eta behar dela ipuina ezagutarazi eta aitzinarazi. Sartu nintzen berarekin harremanetan, testuingurua ulertzeko.

Preseski, zein dira ipuinaren leku-denborazko koordenatuak?

Ez da errazki erraten ahal nongoa den, Europa guzian baititu hainbat bertsio. Denboran, aldiz, aisitagoa da kokatzea: Frankek baitio Mesolitokoa izan daitekeela. Hartza pertsonaia da ipuinaren erdigunean, eta berak planteatzen du gure arbasoak hartzak direla. Xiberoko ipuinetan ere agertzen dira, bada haien mistifikazioa.

Ihauterietan urte guziez agertzen den bezala.

Horixe. Frankek dio hori laborantzaren agerpena baino aitzinagokoa dela.

Harrigarria da.

Harrigarria dena da transmisioak nola iraun duen; batzuk aldatu badira ere, pasarte batzuk jatorrizkoak baitira.

Ura Isuririk bezala.

Arrunt! Irudi luke Orein bilakatu neska kondaira Europa Iparraldetik datorrela. Zoo taldean buru-belarri sartu ginen kondairako abereei kantuna idazteko!

Aita batek semea saltzen du.

Bizpahiru erakaspen daude Hamalau ipuinean. Alde batetik, diru etekinei kasu egitea, zeure arima saldu gabe; gehiago irabaztearen arriskuari kasu eman behar zaiola. Lehen partea berriagoa da. Berriz, bigarren parteak dio naturaren baitan gaudela gizakiok, animalien kate horren parte, hots.

Kate horretan bada elkarlaguntza.

Bai, noski; hortik abiatzen da ipuina: haurra jiten da, eta ordena dakar, hiliki baten inguruan kalapitan ari baitira animalia batzuk, eta haurrak; hilikia partekatuz, ordena dakarkie. Trukean, ahalmen magikoak ematen dizkiote.

Haur ipuina rapean kontatu eta kantatu: usaiaz kanpokoa da.

Haurra da protagonista, ipuina azalberrituz eta raparen bitartez, uste dut manera egokia dela oraingo haurrei helarazteko altxor hau.

Euskarazko lehen ipuina dea rap moldera ekarria?

Baietz uste dut.

Durangoko Azokan aurkeztuko duzue bihar, 11:30ean. Kantuz?

Zazpi kantu daude diskoan; zaila bada ere ateratzea haien testuingurutik, entseatuko naiz lagin batzuk rap moduan kantatzen eta bertze batzuk ipuin arrunt gisa aurkezten, abenturaren haria azaltzeko.

Vladimir Propp ikerlearen ipuinen Bururatze egoera aplikatzen dea hemen?

Ongi bukatzen da istorioa. Izarren eta konstelazioen inguruan bada pasarte bat, eta horretan dituzte hipotesi gehienak kokatzen. Borroka istorio bat bada, eta hori neguari dagokio, urte guzian ikusten ez diren konstelazioak ageri dira. Ipuinaren bitartez urte osoa zeharkatzen dugu. Udaberrian abiatzen da eta hala bukatzen.

Ilustrazioek badute Mononoke printzesaren animazio filmaren estetikatik zerbait, ez?

Badi badu horretatik, batzuetan irudi du arras pintura klasikoa, bertze batzuetan eskuz egindako arkatzezko zirriborro bat, bertze batzuetan Ipar Ameriketako indioen sinbolismoen marrazkiak...

Azpimarragarria da Xabierren lana, 54 obra dira. Asko laguntzen du irudikatzeko gertakizunen segida.]]>
<![CDATA[Ezkilen hotsak badu ahotsa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/038/001/2022-12-07/ezkilen_hotsak_badu_ahotsa.htm Wed, 07 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1906/038/001/2022-12-07/ezkilen_hotsak_badu_ahotsa.htm
Elizetako kanpaia jotze gehienak automatizatuak dira jada; alta, batzuek oraino segitzen dute eskuz jotzen. Menderen mende, komunitateek baliatu izan dute elkarren berri emateko eta hartzeko, izan gai erlijiosoarendako nola zibilendako.

Lau ezkila jolek BERRIAri kontatu diote haien zaletasuna. Ipar Euskal Herrikorik, alta, ez da ediren, Ttotte Elge berrogei urtez aritu da ezkila automatizatuak paratzen, eta ez du «maluruski» eskuz jotzen duen nehor ezagutzen. «Joale itunak danba dagie/ eleiz torreko ganean/ Danba dagie, itunez bete,/ sartzen dira bihotzean», izkiriatu zuen Lauxetak, Seinai abestu olerkian.

ANTTON MARI ALDEKOA-OTALORA
Iurretako ezkila jolea
«Automatizazioekin arimarik gabe gelditu ziren eliza kanpaiak»

Badira 27 bat urte Aldekoa-Otalora ezkilak jotzen hasi zela Iurretan (Bizkaia). Ttipitatik apaintzen diote ezkilek bere soinu paisaia, etxondotik aditzen baitzituen angelusa eta gainerako doinuak.

Haatik, 1970eko hamarkadako industrializazioarekin eguneroko kanpai jotzeari utzi zion sakristauak, besta egunetan izan ezik. Eta, gutinaka, ez zituzten herriko jaietan baizik jotzen. Izugarri poztu du Unescoren deliberoak, erran duenez, industrializazioarekin batera elizak hustu ziren, eta aldi berean «teknifikazioa» jin zen: «Automatizazioekin arimarik gabe gelditu ziren eliza kanpaiak, galtze bat gertatu zen, gogo onez baina zoritxarrez galdu ziren, aitzinamendua ez da beti onaren baliokidea. Lehengo gauzen alde ari garenok ondorengoei eman behar diegu; horregatik nabil honetan. Duela lau urte apirilaren 21ean Europa osoan jo ziren ezkilak, eskuz. Unescok lortu du hori babestea eta mantentzea».

Musikazalea da Aldekoa-Otalora, eta besta garaian sakristau zaharrari lagunduz zen sartu kanpandorrean: «Entzuten nuen soinu hori, halako batean, eskura izan nuen: «'Joko duzu zuk ere?', Eta horrela, urtean behin edo birritan. Erretiratu zenean, jarraitu nuen herriko jaietan bakarrik jotzen». Gerora, besta egun guzietan jotzea berreskuratu ere du.

Laket du karriketako erreferak entzutea: «Gaur topera ibili zara», edo «Berandu jo dituzu».

Jotzeaz gain, Aldekoa-Otalorak ezkilen 21 doinu bildu zituen CD batean 1991n, Anton Abbadiaren mendeurrena kari: «Doinu horiek berreskuratu genituen kanpai joleak bizirik zeudela. Antzerako tokeak dira hemen, Alemanian, Nafarroa Beherean eta ez dakit non». Astegunaren arabera, mezarako doinu ezberdinak bildu zituen disko horretan: «Antzekoak badira ere, hiru toke gisa erregistratu ditugu. Tokearen iraupenean luzetxoago edo laburxeago dira doinuak». Zerrendatu ditu haietako batzuk: 12:00etako kanpaiak, Agur Marietakoak, trumoi kanpaiak, su kanpaiak, aingeru kanpaiak... Ohartarazi du ez dela musikaria izan behar kanpaia jotzeko.

Iurretako elizan bortz ezkila dauzkate, Aldekoa-Otalora bakarrik izan ohi denez, din-donak bakarrik jotzen ditu, gehiago badira, berriz, ezkila guziak. Halaxe deskribatu du berak kanpandorrearen anatomia: «Kanpandorre normalek lau kanpai dituzte, din-don bi handi, bata tenorra: «Din don, nor hil da? Peru Zapataria...», eta beste bi txikiagoak. Bosgarrena eskura dago, egunerokoa baita, 07:00etako mezakoa...». Gehitu du, parrokien buruetan sei kanpai izan ohi direla, Durangon (Bizkaia), konparazione. Justuki, gogoan du nola Eguberri kari, entzuten ziren ezkilen arteko elkarrizketak, bederatzi egunez Andra Mari eta Santana parrokia handien artean: «Tinki-taun, tinki-taun elkarrizketa egiten zuten, hori galdu da, molestatzen duelakoan...horiek ezagutu ditut».

JULEN ABASOLO
Aretxabaletako Arientzako ezkila jolea
«Tokiko kanpaiek soinu bedera daukate; ez daude bi berdin»

Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arientza auzoko elizan jotzen ditu ezkilak Abasolok. Bi izan ohi dira. Duela hamabortz bat urte, kanpai joleak bizirik bai, baina ari ez zirela ikusiz, doinuak bildu eta grabatu zituzten; alta, ohartu ziren ez zirela entzuten. Horregatik sortu zuten ikus-entzunezko material didaktikoa, ordenagailuz ikasteko. Hola xehatu du Abasolok: «Kanpandorre simulakrotxo bat daukagu eginda trebatzeko, eta horrela kanpai-jole eskola sortu genuen. Polita izan zen».

Unescoren onarpena berri zinez pozgarria zaio: «Aitortza bat da, Elizarekin lotzen du jendeak, baina eguneroko funtzio bat eduki zuen; gure kapritxo bat da, ez dugulako galdu nahi; orain, behintzat, eskuz jotze hori babesten du, ez da horregatik gehiago entzungo, baina gauza ona da». Bozkarioz jo zituzten joan den larunbatean ezkilak, hain xuxen ere, berri onaren ospatzeko.

Bera ez da ezkila-jole familiako semea, baina «lehengo gauzak» maite baititu hasi zen berreskuratzen; elkartea muntatua dute, bai eta bloga ere, zeina «kanpai joleak» joz, berehala agertzen baita.

Kanpai doinuek hainbat informazio komunikatzen dutela azpimarratu du: «Badakizu nor dabilen jotzeko moduagatik, eta ere zer pasatzen den ze auzotan: jai bezpera, jai eguna, lehorte garaia, ekaitza uxatu behar den, auzoa bildu behar den, sutea dagoen... Aingeru kanpaia hil kanpai alegera bat da ume sortu berrien kasurako; emakumea, gizona edo haur bat hiltzean, bereizten ditugu doinuak.... Toke bakoitzak bere mezua du. Tokiko kanpaiek soinu bedera daukate, ez daude bi berdin. Sei kilometrotara entzuten dira haizea kontra ez bada».

Gogoan du nola, behin, bat gaixotu zela, eta, kasu horretan egiten zen bezala, apaiza abisatu zutela. Orduan, kanpai joaldi bat egin zuten. Ondotik, egoerak makurrera egiten bazuen, bertze «agoniako joaldia» egiten zen. Hondarrean, hiltzen bazen, hil kanpaia. Kasu horretan, alta, elkar gaizki entelegatu bide zuten; hil kanpaiak jo baitzituzten, eria batere zendua ez zelarik: «Gizon horrek bere hil kanpaiak entzun zituen! Arratsaldean hil zen».

Abasolo ortziralero doa Arientzako elizarat, 19:00etan, bertan ezkilak jotzeko, oren batez. Astero jotzeaz gain, besta egunez ere egiten du: «Berritzaileak izango gara, ez baitugu egunerokotasunik. Joaldi asko jotzen ditugu, hamabost bat, Burgosko [Espainia] bat, Ondarroako [Bizkaia] bat, Arruazuko [Nafarroa] bat... Batzuk oso errazak dira, beste batzuek badaukate beraiena...».

Abasolok ongi bereizten ditu ezkilak eta erlijioa, tokeen erdiak ez baitira elizari lotuak: berrien emateko balio baitzuen: «Kanpaiena Elizaren aurreko kontua da. Elizak bereganatu zuen bere deialdietarako. Gertatzen dena da kanpaietara joatea zaila dela, elizak itxita daudelako. Batzuek ez dute zerikusirik ukan nahi Elizarekin, eta ez doaz. Bestetik, Elizak dio: «Hau gurea da»». Haiek ez dute arazorik alde horretatik, elizaren gakoak baitauzkate: «Beldurrez hasi ginen, baina ongi, errespetua dago».

LORENA ZALAKAIN LOPEZ
Oiartzungo ezkila jolea
«Herriarentzat da; ohore bat da jarraitzea 300 urteko doinuak jotzen!»

Oiartzungo (Gipuzkoa) ezkila jolea da Zalakain 2006ko Eguberriz geroztik. Unescoren albisteak loriatu du: «Albiste bikaina da, zain nintzen. Bere momentuan gu ere hasi ginen eskaera egiten, baina paper pila bat zen, eta ez zidan ematen. Babes handia da gure doinuentzat, esperantza pixka bat ematen du ez dela galduko. Jole bakanetakoak gara gu».Kasualitatez hasi zen kanpai jotzen Zalakain, kanpandorrea bisitatzeko gomita jaso zuen, eta, argazkilaritza laket duenez, pentsatu zuen gain hartatik bista politak izanen zirela argazkien egiteko: «Lagun batek esan zidan kolpe bat emateko hor, eta hortxe geratu nintzen».

Orain bospasei lagun biltzen dira Oiartzungo kanpandorrean ezkilak eskuz jotzeko. Azpimarratu du haiez bertze, Gipuzkoan, arras jende gutxi ari dela ezkila eskuz jotzen: Hondarribiko San Martzialean, Altzoko ermitan eta Aretxabaletan. Ez dute elkarterik.

Garbi du ezkila jotze mekanizatuek ez dutela nehola ere eskuzkoa ordezten: «Mekanizatuak jo dezake gure doinua, baina hanka motz gelditzen da, ez delako iristen gure abiadurara, motorra ez delako gai horretarako. 1706az geroztik jotzen dira doinu hauek, galtzera utzi behar ditugu?». Bakoitzak bere estiloa du, norberak ematen dio bere puntua, nahiz eta denok berdintsu egiten dugun».

Zalakainek normaltzat dauka emazte gisa ezkila jole izatea, hastapenetik bi emazte eta bi gizon izan baitira Oiartzunen: «Gure kasuan bi eta bi ginen; orduan, ez zait sekula arraroa egin emakumea izatea; hori bai, nik bakarrik ezagutzen nuen gure kanpandorrea. Soinueneak mintegiak antolatu zituelarik, orduan bai ikusi nituen besteak. Niretzat, gauza naturala zen».

Oiartzungo elizak badu berezitasun bat: dauzkan hiru ezkilak lagun bakar batek jo ditzakeela: «Parean ditugun bi kanpaiak eskuekin jotzen ditugu, eta alboan dagoena hankarekin».

Aitortu du Eguberriz joko duelarik sentituko duela, agorrilaren 15az geroztik ez baita jotzera igan, prestaketa fisiko jakinik behar ez badu ere: «Badakit datorren astean gaizki pasatuko dudala. Abenduaren 24an modu batean jotzen dugu; urtarrilaren 6an, beste batean, tartean jo baitugu: 24an, 25en, 26an, 31n eta 1ean. Baina hurrengo astean esango dugu 'ostras!' hasteko eskailerak igotzeko!».

Badaki «betiko» oiartzuarrek preziatzen dutela ezkila jotzea, nahiz eta, batzuek, demagun urtarrilaren 1ean, ez maitatu, bezperako bestaren ondorioz.

Tarteka heltzen zaizkio oharrak, eta horrek bozkariatzen du: «entzun zaituztegu», edo «gustura aritu zarete gaur».

Argi bereizten ditu ezkila jotzea eta Eliza bera: «Mezatan ez gara geratzen; azkenean, musika tresna bat gehiago da, gustatzen zait, herriarentzako da, ohore bat da jarraitzea duela 300 urteko doinu batzuk jotzen!». Koruan dagoen plakan ezkila joleen zerrenda dago, 1706az geroztik. Zalakainena oraino izkiriatzeko dago.

JOAKIN CORCUERA
Iruñeko katedraleko ezkila jolea
«Goian pentsatzen dut arbasoengan; hizkuntza bat izan ziren kanpaiak»

Iruñeko katedraleko aitzinaldea berritzearekin batera hasi ziren berriz ere kanpaiak eskuz jotzen; deialdia egin zuten, eta hortxe bildu zen «friki» talde bat, bertzeak bertze, Joakin Corcuera. Obren karietara jin zen Valentziatik (Herrialde Katalanak) Francesc Llop ingeniaria, eta proposatu zuen ezkilak eskuz berriz jotzen hastea. Aitzin, Maria ezkila zen hamaika ezkiletatik jotzen zuten bakarra.

Unescoren erabakia gogo onez hartu du Corcuerak: «Guretzako da garrantzitsua, berri arras ona da, ezkila jole guziendako. Gure zaletasuna izugarri gustatzen zaigu, bultzada ikaragarria da hau, ezagupen handia, eta ofizialki gainera, eta mundu mailan».

Kanpandorre batzuetan ez bezala, Iruñeko katedralean, ezkila ttipi batean salbu, bertze hamarretan sistema mistoa paratu dute, erran nahi baita makinek eguneroko tokeak jotzeagatik ere, eskuz ere jo dezaketela, elkarri poxelurik egin gabe.

Ipar dorrean daude Maria «famatua», eta oreneko eta laurdenekoa. Lau kanpai handiak jotzeko, bi lagunen indarra beharrezkoa da, bina ezkila. Ttipiak, berriz, lagun bakarrak binaka jo ditzake: «Gabriela oso handia da, hiruzpalau behar gara; festa oso nagusietan baizik ez dugu jotzen, Frantzisko Xabierkoaren egunean eta sanferminetan, tona batetik gorakoa baita!»

Orotara, urtean 40-50 aldiz jotzen dituzte ezkilak, horren egiteko, orotariko jendez osatua den talde handia dute: «Zorionez, ez da sinestuna izan behar. Gure taldea oso heterogeneoa da, gure artean ez dugu aipatzen erlijioa, ez politika, ez eta futbola ere!».

Familia ezkila joleen ondorengoak badira, erlijioari atxikiak direnak, edo Corcuera bezalakoak: «Niri gustatzen zait, tradizio polita eta zaharra delako; han goian nagoenean, pentsatzen dut gure arbasoengan, nola hizkuntza bat izan diren kanpaiak, gauzak komunikatzeko. Modu batean, eguneroko bizia antolatzeko baliatzen zituzten, eta penagarria da hori galtzea».

Gazte batzuk badira ere, «nahi baino gutxiago» direla onartu du: «Gure esku da mantendu eta transmititzea».]]>
<![CDATA[«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/048/001/2022-12-04/ikusi_dut_gauza_gutirekin_anitz_pasarazten_ahal_dela.htm Sun, 04 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1958/048/001/2022-12-04/ikusi_dut_gauza_gutirekin_anitz_pasarazten_ahal_dela.htm Ttinka (Belarri diskoetxea) disko-liburua karrikaratu berri dute Arantxa Hirigoien, Filip Albor eta Amaia Karrerek, baina artista frankok ere parte hartu du. 0-7 urte arteko haurrentzat pentsatua da, hizkuntza lantzeko «beharrezkoak diren tresnak» emateko. Baliteke hirukoteak ikusgarria ere muntatzea gerora.

Zein da Ttinkaren nortasun agiria?

Kantuen erdiak sorkuntzak dira, berri-berriak; besteak, berriz, duela hogei bat urte Haurrock taldean sortu genituenak, eta ezagun egin direnak.

Zureak dira hitzak.

Hori da, eta grabaketan ere parte hartu dut; Filipek musikatu du. Guretzat berria dena da Amaiak kantu guziak ilustratu izana.

24 kantuko obra luzea da.

Kantu aski laburrak direnez, fite pasatzen da.

Nondik jin zaizue beharra obra adin tarte horrentzat bereziki prestatzeko?

Badu hogei bat urte Filipe eta biok sustut haurren inguruan lanean ari garela; Haurrock taldea sortu genuen orduan. Duela bi urte TruKa truk ikuskizuna abiatzean, pentsatu genuen: «Zertarako ez haratago joan ?». Uste dut entzuleria berezia dela; on da euskarazko kantuak eta ipuintxoak ttipitik entzutea.

Zertan ikusten da gazteenentzat direla kantu hauek?

Hizkuntza lantzeko beharrezkoak diren tresnak ematen dituzte: motzak dira, errimadunak; aise gogoz ikasten ahal dira. Batzuk esku jokoak dira. Ongi egokituak dira: memorizazio ariketak erraz egin daitezkeelako, kuriositatea piztu, jakin-mina...

Non dute iturburua gaiek?

Eguneroko gauzetatik abiatuz ateratako gaiak dira: animaliak, eguraldia, zenbakiak, koloreak, emozioak, gorputza... Gauza xumeak dira, baina baliagarriak; ttipiengan tirria piztuko dute agian! Eta euskara maitarazi ere bai!

Kantuak mintzo direa?

Bai! Ez dugu nehongo irakaspenik eman nahi, baina badira pasarazi nahi ditugun mezu batzuk. Adibidez, kultura aniztasuna, partekatzea, zubiak tindatuz kolore anitzeko mundu bat nahi dugula...

Entzuleak irudikatzen dituzua idaztean?

Ezberdinki idazten da adin batentzat edo beste batentzat. TruKa truk ematen ibili gara haurtzaindegietan, eta ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela. Nik uste funtzionatuko duela.

Nola txirikordatu duzue norberaren artea?

Gogoetatzen hasiak gara ikuskizuna muntatzeko: usaiako gure kantua, musika eta ipuin kontaketaz gain, ikusiko dugu marrazketa nola sartuko dugun. Atzoko aurkezpenean, Uztaritzen [Lapurdi], Amaia zuzenean aritu zen, adibidez, eta Haurrock taldeko kideak ere hor ziren...

Ttinka pertsonaiak besarkatzen ditua diskoko kantu guziak?

Ez diogu izenik eman Amaiak sortu duen pertsonaiari, baina Ttinka deitu daiteke. Ez ditu kantuak lotzen, baina kantu guzietan dago. Haurrei egiten diegun besarkada hori da ttinka; beraz, egokia da adin tarte horretarako ere. Egunero eman behar dira ttinka anitz!

Sei eskuk baino gehiagok obratu dute lan hau.

Xantza izan dugu, bai! Joseba Tapiak lagundu baikaitu eskusoinuaz, Mixel Ducauk gitarraz eta saxofoi sopranoaz, Old School Funky Familyko Pierre Latutek helikoiaz eta Francesca DiNicolak harpaz. Bestalde, Gura Show taldeko Amaia Riouspeyrousek, Maider Zigarroak eta Maguy Mirandek kantatu dute, bai haien seme-alabek ere. Geureak ere aritu dira zenbaitetan. Belarri diskoetxeko Mathieu Haranburuk ere ongi lagundu gaitu. Biziki kontent gara, talde lana izan baita eta musika kalitate ona lortu baitugu.

Haurrendako, haurrekin.

Normala zaigu haurrek parte har dezaten, haientzat egina baita.

Zein emaitzarekin egonen zinateke satisfos?

Duela hogei urte sortu genituen kantu batzuk oraindik entzuten ditut, urtez urte segitzen dute. Plazer bera nuke Ttinka-rekin ere. Transmisioa inportantea da hizkuntza aldetik, baina baita kantu aldetik ere.]]>
<![CDATA[Euskal kulturaren «pizkundearen sortzailetzat» jo dute Abeberri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2062/003/002/2022-12-01/euskal_kulturaren_pizkundearen_sortzailetzat_jo_dute_abeberri.htm Thu, 01 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/2062/003/002/2022-12-01/euskal_kulturaren_pizkundearen_sortzailetzat_jo_dute_abeberri.htm
Ikusi gehiago: Abertzaleen ibilbidean erreferente

Filgi Claveriek aitzinera ezarri du Abeberrik «kasik» bete zuela bere ametsa, dantzaren profesionalizatzea: «Euskal kulturarentzat, zaila zen maila on baten ukaitea, baina hark, Iñaki Urtizbeherea eta Koldo Zabalekin batera, ulertu zuen maila profesionalera eramatea zela nazioarteko onarpen oso eta unibertsala ukaiteko manera. Hain segur, garai hartan ez zen batere modakoa euskal kultura, baizik eta tradizionala eta folklorikoa. Haiek asmatu zuten guk ere euskal kulturan lortzen ahal genuela maila profesionala eta ona».

Kultur politikan Abeberrik ukan zuen eragina ere aipatu du Claveriek: «Pizkundearen sortzaile bat izan zen, besteak beste Jean Haritxelar eta Claude Harluxetekin batera, lortu baitzuten EKE sortzea, gauza asko. Miarritzen ere, kultura axuanta zelarik Borotrarekin batera, hiria berpiztu zuten kulturalki». Abeberri Ipar Euskal Herriko kontzientzien piztailea izan zela erran du: «Harentzat, kultura ez zen tresna bat politika egiteko, baizik eta sentimendua sortzeko, gure herria bizi dela sentitzeko, euskaltasuna bera, Euskal Herriarena».

Claverieren ustez, zera zen Abeberriren «huts» pertsonal nagusia: euskaraz ez jakitea. «Hain segur, min pertsonal handiena zuen hori; ezin transmititzea seme-alabei. Hori litzateke txanponaren beste aldea».

Euskal dantzetan aditua zen. 1977an, Euskal Dantzarien Biltzarrak lehendakari hautatu zuen. Thierry Malandain koreografoak azpimarratu du Abeberri «errotik maitemindua» zela dantzaz. Usu kontatu bide zuen ttipitan «liluraturik» utzi zuela De Cuevas markesaren balleta ikustera joan zenekoa: «Uste dut edozein dantzarenganako amodioa landu duela arlo klasikoagoa nahasiz euskal dantza tradizionalarekin». Amodio horren ondorio zuzenak dira Maitaldia dantza festibala abiatu izana 1991n, bai geroago Malandain Biarritz Balleta sortzea ere: «Jakes izan zen balleta Miarritzen instalatzeko pindarra; instituzio bat da. Ezin da gertatu borondate politikorik gabe».

Monumentu gisa deskribatu du Malandainek. Lehoi batekin alderatu du; nortasun handikoa zenez, ez baitzen «beti aise». Horrela borobildu du: «Elkarri errespetu handia genion. Biarritz Culturen gertatu ziren aldaketek kalte handia egin zidaten; harengana joan nintzelarik, elkar besarkatu genuen, eta erran zidan: 'jende ona zara'. Horrekin geratzen naiz». Yvonne Poxeluk gogora ekarri du zeinen kultura bultzatzaile handia izan zen Abeberri, hark sortu Biarritz Culture elkartearen bidez batez ere: «Jakesi zor dizkiogu Besta Musikalak, musika klasikoko oso festibal onak: lehen lerroko musikariak heldu ziren mundu osotik».]]>
<![CDATA[Orbel, isiltasunari plaza eskainita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/032/001/2022-12-01/orbel_isiltasunari_plaza_eskainita.htm Thu, 01 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1879/032/001/2022-12-01/orbel_isiltasunari_plaza_eskainita.htm Lur hezea diskoa karrikaratu berri du (Usopop). Aldi honetan, orain arteko musika erreferentzietatik urrundu dira, laguntasunaz harago, taldekideek elkar hobeki ezagutu baitute musikari gisa, beraien musika sortuz: «Ari gara gure egiazko musika sortzen, testurak eta mundua, gure erreferentzietatik urrunduz», erran du Annelise Arnaud-Cazamayou taldeko kideak.

2016an elkartzen hasi zirelarik, lagunen artean musika jotzea bertzerik ez zuten xede. «Lagun istorio bat da ororen buru». Denen «rock ilun» musika erreferentzietatik partitu ziren hola: Radiohead, Chelsea Wolfe, Low... Alta, laukotea gotortu ahala, gauza batez ohartu ziren: «Lagun handiak ginen, baina ez genuen hain ongi elkar ezagutzen musikari gisa. Beraz, hasieran zailtasun gisa bizi izan dugu». Izan ere, baxurik eta bateriarik gabe abiatu baitzen taldea, doi-doi bi gitarra, teklak eta ahotsak.

Taldeak 2016az geroztik ukan duen musika bilakaera nabaritzen da diskoan: «Allan Billik landu ditu makinak; haren parte hartzeak bilakaera ukan du; nik ere ene teklak... Ikasi dugu elkarrekin jotzen eta entzuten».

Musika bilaketan, «makina» berriak sartzearekin, erreferentzia berriengana biratu dira; Massive Attack, konparazione.

Isiltasuna antolatu

Ilun airea du obrak; kutsu malenkoniatsua, ezin uka, baina, aldi berean, giro pausatua. Halaxe deskribatu du Arnaud-Cazamayouk: «Meditazio gisako bat da. Hasieratik maite dugu isiltasunarekin jotzea, eta horretatik asko bada. Isiltasuna guretzat da pintalariaren koadro zuria, eta nahi genuen horrekin jostatu, isiltasunari plaza utziz, musika baita isiltasunaren antolatzaile bat». Gehitu du laket dutela mistika, sinbologia eta mundu «berezi» baten sortzea, ezagunak diren erlijioetatik urrun, dena den. «Beldurra sortzea maite dugu, giro berezi bat, batzuetan inkietantea, deseroso sentiaraztea».

Deserosotasun hori, adibidez, sare sozialetan pizten dute, usaiaz kanpoko irudiak zabalduz, zeintzuek baitute erotismotik zerbait: «Maite dugu horrekin jostatzea. Irudiak ere baliatu ditugu, klip batzuk egiteko. Maite dugu trabatzea pixka bat, sare sozialetan zerbait bitxia ezarriz: titiak badira, baina sexualitate gutirekin; ohe batean badira gizon batzuk, eta zergatik ez? Nahi ditugu gauza horiek normalizatu».

Lehenik, Beyong There EPa atera zuten, 2018an; ondotik, Hegan diskoa, ondoko urtean. Hirugarren lana dute, beraz, honako hau. Post-rockean oinarritutako zortzi kantu sortu dituzte, beren berezko estiloari leial: euskal kantu tradizionalaren ziliportak musika industrialari uztartuz: «Maite dugu sustraiak ongi errotuak izatea gure lurrean, eta hortik sortzea. Nahasketa hori interesgarria zaigu». Camille Dizabo taldekideak du batez ere kantu tradizionaletik edaten, hori landu baitu, bertzeak bertze, Beñat Axiarirekin.

Taldearen munduak ukan lezake Hans Ruedi Giger artistaren estiloarekin zerikusi urrun bat: erroak ageri baitira frankotan, baina, aldi berean, makinen zorroztasuna azaltzen da; organikoari egiten dio talka metalaren hotzak. Badu deserosotasunetik, eta, aldi berean, erotismoak erakartzen du; irudi batzuk izugarri beteak dira, baina hutsuneekin ere jolasten dira: «Maite dugu nahasketa hori. Mairu taldean ere ari naiz, eta badu horretatik ere».

Argien dantza

Zuzenekoan, lau lagunak makinaz inguraturik ikusiko dira: Txomin Urriza gitarran eta teklatu txiki batekin, Billi ordenagailuan, Dizabo kantuz eta taula txiki batek lagundurik, eta Arnaud-Cazamayou harmoniuma eta bi teklatu jotzen eta kantuz. Mikel Perezen argi jokoak anitz estimatzen dituzte: «Sorkuntza ederra da. Horri esker, ez gara anitz dantzatu behar, zeren eta pianoa jotzen ari naizelarik eta kantatzen aldi berean, zaila baitzait mugitzea».]]>
<![CDATA[Belharra: hogei urteko mugarria ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/038/001/2022-11-29/belharra_hogei_urteko_mugarria.htm Tue, 29 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1921/038/001/2022-11-29/belharra_hogei_urteko_mugarria.htm Surflaria
«Hamabost metroko olatua biltzean, zigorra bera da denendako» Matt Etxebarne Bidartekoa da (Lapurdi). Ttipitatik dabil surfean, eta betitik da Belharra zale amorratua. Oroitzen da Erlaitza hegian promenatzen zela, amari erraten zionaz: «Ama, nahi dut Belharrarat joan. Normal den bezala, amak ezetz erraten zidan, eta negarrez sartzen nintzen autora. Pixkanaka-pixkanaka, handitzearekin, 16 urtetan, Peio Lizarazurekin joan nintzen, eta bospasei saio egin genituen. Max Larretxe eta Peio Lizarazuri eskerrak eman nahiko nizkieke». Ados da usu jendeak egiten duen konparazioarekin: uhin erraldoiak eta goi mendiak: «Olatuaren murru erraldoia ikustean, itsasoan mendi bat altxatzea bezala da; gainera, gibelean Jaizkibel ageri da». Etxebarnek badu berezitasuna, foil modalitatean aritzen baita; surflari hegalaria deitzen diote, zeren eta surf taulari gehitu baitizkio hegal gisako batzuk: «Berria da Belharran; ondulazioak hartu ahal ditugu. Pixka bat hegal egiten dugu: ondulazioak daudelarik har ditzakegu, hautsi nahiz hautsi gabeko uhinetan ibil gaitezke. Hain fite goaz, non eroriz gero zinez min har baitezakegu. Belharraren ondotik gogordura ikaragarriak nituen, min denetan, kinearengana joan nintzen». Anitz eskertu du Belharraren aurtengo agerpena hilabete honetan; bi aldiz eman baitu erakusterat bere burua Europako uhinik handienak, bi urtez agertu ez delarik, eta, gainera, ezinago baldintza onetan: «Sinesgaitza izan da: Belharraren bi saio ukan baititugu, eta prebisio sinesgaitzak. Egun garrantzitsua izan da. Azken saioren gailurrerat heltzean, bakarrik Peio eta Stephane [Iralur] ziren surfean ari; aski sinesgaitza zen. Tom [Constant] eta biok erabaki genuen surfean egitea, bera hasi da foilatzen, ni geroxeago». Berez, Nazareterat (Portugal) joatekoak ziren, baina ikusirik baldintzak, gelditzea deliberatu zuten: «Hain baldintza onak ikustean, erabaki genuen Euskal Herrian gelditzea. Zorionez! Zeren eta baitzen egun biziki ederra eta talde bakarra baitzen hor, Peio eta Stephane bakarrik, ez nekien hori posible zenik! Biziki uhin garbiak eta ederrak izan dira!». Ikusten du gero eta jende gehiago doala Belharra uhinean surf egitera, eta segidan ohartarazi du olatuaren lanjeraz eta horrek galdatzen duen prestaketaz. Preseski, Belharran berean ikusi du Peio Lizarazu beteranoa uhinak harrapatzen, eta horrek markatua utzi du Etxebarne: «Uhinak harrapatu du Peio, zinez bildu du. Halako tipo bat, hogei urteko esperientziarekin, hain entrenatua, aditua...». Horregatik, negua gabe anitz entrenatzen da bera: igerilekuan, korrika eginez: «Zinez kontziente izan behar da zein diren lanjerak, hamabost metroko olatu bat biltzean denendako ber zigorra baita; nahiz eta aro ona izan, itsasontziak eta txalekoak ukan, eta fun izan. Beraz, entrenatua izan behar da ongi; negua gabe, ni bizikletaz ibiltzen naiz, korrika, igerian ere asko, eroso ibiltzeko, bai gela barnean zein kanpoko entrenamendu berezietan ere. Gero, norberaren gain da entrenamendu mentala. Jet eskiekin goaz, baina, hala ere, arriskutsua da». Lanjera solas, Etxebarnek badaki zertaz mintzo den, Belharraren kaskotik jautsi ondoren, segidan autoa hartu eta hamar oreneko bidaia egin baitu Nazareterat heltzeko eta han hilabete batez egoteko. Alta, heldu bezain zalu, uhin erraldoiari aitzi egin nahian, erori eta ospitaletik eman baitio BERRIAri bere bizipenen berri: «Hor da akatsa: surf egin dugu akiturik. Lehen uhina hartu eta zinez min hartu dut; lepoa dena blokeatua dut. Bost egunez egon beharko naiz surf egin gabe». HARITZ LARRAÑAGA
Surflaria
«Bost segundoz ikusten badira ere, urte guztian prestatzen dira» Haritz Larrañaga surflaria da, eta Euskal Herriko surf gida liburuaren egilea. Ez du sekula Belharra igan, baina segitu ditu hurbiletik haren historia eta bilakaera. Hasteko, oroitarazi du Axi Muniain izan zela lehenbizikoa Belharra arraunean igaten, uste guziak kontra zituelarik: «Aldaketak egon dira, eta Axi Muniain izan zen lehena arraunean olatu hori hartzen, taulari jarri zizkion haizeari kontra egitekoei esker». Azpimarratu du orduan estatu batuarrek ziotela ez zegoela behar adinako distantziarik uhin batetik bertzerat hain altuera handiko uhinak sortzeko. Baina oroitarazi du Pazifikoan «ohituak» direla olatu handietako lekuetan, izugarri urrun sortu diren olatuak hartzen: «Horren froga da olatu batetik bestera dagoen tartea; horrek erakusten du zenbat eta tarte handiagoa orduan eta distantzia luzeagoa egin dutela olatu horiek». Alta, Belharrak gezurtatu egiten du uste hori, Larrañagaren erranetan, Ozeano Barean sortzen diren ekaitzak ez baitira inoiz izaten Atlantikoan sortzen direnak bezain indartsuak, eta horrek eragiten du uhinen arteko distantzia horretan. Bestalde, xehatu du Belharra atipikoa dela bi arrazoiengatik. Alde batetik, ez da lehertzen itsaskiak zinez handiak direnean baizik: «Kostaldetik hiruzpalau kilometrora baitago guk ikusten ez dugun uharte moduko bat, urpetik hamar metroan. Metro bateko olatu batek, lehertu ahal izateko, gutxienez metro bateko sakonera topatu behar du. Beraz, lehertu ahal izateko, 10 metroko altuera behar dute olatuek». Gaineratu du, itsas behera denean errazago lehertzen direla uhinak, marea biziak direnean, ilargi bete edo hutsa denean, hots. Eta, itsasbehera beti goizez izaten denez, Belharran beti surf egiten dute goizez, arratsaldez marea hilak baitira, mugimendu gutikoak, alegia. Belharra usaiaz kanpoko uhina da, halaber, lehertzen baita piku forman, surflariei ihesbide bakarra ez baizik bi utziz eta olatua oraindik gehiago altxatuz. Larrañaga sekula ez da menturatu Belharrari aitzi egiten, bere mugak ontsa ezagutzen baititu: «Olatu handiak hartzen ditut, baina ez oso handiak, eta hauek oso-oso-oso handiak dira, eta oso prestatuta egon behar da. Ekipoa behar da, baina hori ez da aitzakia, zeren eta nahi duenak lortzen baitu. Bost segundoz ikusten ditugu, baina urte guztia pasatzen dute prestatzen; entrenamendu oso gogorra dute». Konparazione, apneez mintzatu da Larrañaga. Edonork itzuli ezinezko ondorioak paira litzake lau minututik gora oxigenorik gabe egonez gero; surflari entrenatuek, berriz, «hain daude entrenatuak, non hori gainditzen baitute». Gehitu du materiala ere biziki hobetu dela. Oroitarazi du olatu handi bat pasatu eta gero gainazalean gelditzen den aparrarengatik ur motoak trabatuak gelditzen zirela bertan; orain, ordea, hobetu da, eta, gainera, urpetik gora eramaten laguntzen duten txaleko puzgarriak badituzte. Haiei esker, trenpu-txartze kasuetan, gorpua ur azalean flotatzen utziko dute. Hala ere, irri guti: «Gauzak gaizki ateraz gero, hiltzea daukazu, erraz, gainera. Olatu hori da oso ongi prestatua den jendearentzat». Larrañagak halaxe adierazi du Belharraren goi maila: «Everestera joatea bezala da: edonork ezin du hartu, prestaketa berezia behar da. Uda honetan, kasualitatez, Martin Zabaleta topatu nuen, Everestera igo zen lehen euskalduna, justu Axi Muniainen surf eskolaren aurrean, lehen euskalduna Nazareteko olatua eta Belharra bezalako olatu bereziak hartzen». Surflarien artean dauden filosofia ezberdinez mintzatu da azkenik Larrañaga, ur motoak ahal bezain gutien erabiltzearen aldeko pentsamendua itzuli baita: «Baina surflariok kontraesan asko dauzkagu; ondo egituratutako diskurtsorik ez daukagu. Eta kolonizatzaileak gara: El Salvadorren gerran zeuden bitartean, surfean ari ziren. Hawaiin ere zuriz pentsatzen dute surflariek». AXI MUNIAIN
Surflaria
«Haiek ez zutenez ikusten, nik neure ametsaren alde borrokatu nahi nuen» Axi Muniain izan da lehena Belharra arraunean surfeatu duena «txalekoen iraultza» oraindik ez zelarik ailegatu, 2013an. Bere burua desafiatu nahi izateak akuilatu zuen egitera ordura arte adituek eta arituek ezinezkotzat jotzen zutena. Izan ere, Belharra arraunean hartzea egingaitza zeukaten, ur hautsia itsaso barruan egonik, eta zituen «kalibre, abiadura eta gainontzeko faktoreengatik»: «Inguruko jendeen hitza zalantzan jarri gabe, neure erronka pertsonala landu nuen, isil-isilik, ez besteei kontra egiteagatik, baizik eta guztiz kontrakoa: haiek ez zutenez ikusten, nik neure ametsaren alde borrokatu nahi nuen». Halaxe, Europan egin zen taularik handiena prestatu zuen, eta berunezko plaka batzuk gehitu zizkion orekatzen laguntzeko, marka historikoa hausteko: «Oso polita izan zen. Peio Lizarazu ere buru-belarri zebilen padelarekin-eta, eta beste lagun batzuei ere gomita egin genien. Lortu genuen, eta, gero, Peio etorri zen erreskatatzera; ez dut sekula ahaztuko hain luzean gorde zuen botila hura eskaini izana, neuk estreinatzeko, lorpena ez baitzen makala izan. Beraz, mito hura erori zen. Arraunean ni izan nintzen lehena Belharra jaten». Orduan, Aitor Frantzesena entrenatzailearekin hiruzpalau oreneko trebaketak egiten zituen. Orotara lau bat aldiz surfeatu du Belharra, eta nazioarteko hainbat olatu erraldoiren ehiztari ezaguna da jada. Azpimarratu du garai hartan holako olatuak ez zirela «ehizatzen», ustea baitzen ez zela posible, baina bere buruari bi desafio eman zizkion. Alde batetik, Belharra surfeatzea, eta, hori behin kausiturik, Hawaiiko Jawsekoa, hura ere ez baitzen oraindik sekula hartua izan arraunean: «Oso berezia izan zen: iraultza bat egon zen. Ordura arte uretako motorrarekin hartzen zirenak bat-batean arraunean hartzea posible zela amesten hasi ginen. Harrezkeroztik, hainbat surflari gerturatzen hasi ziren Belharrara eta Jawsera. Kuriosoa izaten da, zeren askotan gertatu izan da norberak sinesten ez duena beste bat saiatzen delarik, frenatu nahi izatea. Baina guztiz kontrakoa da, norberak posible ikusten badu, sinisten badu, nahikoa izaten da saiakera egitea. Lehen ezinezkotzat zena posible egiten da. Eta ahots horiek isilik geratzen direnean, iraultza da». Zorionak eman nahi izan dizkie duela hogei urte Belharran parte hartu zuten beterano guziei: «Hainbeste miresten dudan jendeari eskerrak ere bai urteurren bazkarira gomitatzeagatik». ]]>
<![CDATA[Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Frantziak]]> https://www.berria.eus/albisteak/221136/bertsolaritza_ondare_immaterialeko_kultur_ondasun_gisa_onartu_du_frantziak.htm Thu, 24 Nov 2022 09:23:44 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/albisteak/221136/bertsolaritza_ondare_immaterialeko_kultur_ondasun_gisa_onartu_du_frantziak.htm <![CDATA[«Hauei gertatu zitzaizkienak ikusita, Barry Lyndon motz gelditzen da!»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2022-11-23/hauei_gertatu_zitzaizkienak_ikusita_barry_lyndon_motz_gelditzen_da.htm Wed, 23 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2022-11-23/hauei_gertatu_zitzaizkienak_ikusita_barry_lyndon_motz_gelditzen_da.htm T bustiak halako goxotasuna ekar balezake ere, Lurbintton ez da horretatik den mendrenik ere. Adur Larreari (Bilbo, 1982) gertakari batzuk salatu zizkioten urruneko bertso batzuek; testuinguru historikoan kokatu ditu hark, eta dekoratua jarri die, artxibo lan ikaragarritik landa. Landetara deportatu zituzten milaka euskaldunen memoria freskatuz. Lurbinttoko ohoinak komikia karrikaratu berri du, EKE eta Elkar fundazioaren sormen beka irabazirik.

Xabier Kaltzakorta da genesiaren hobendun nagusia.

Neurri handi batean, bai: Bertso jarrietatik ahozkora idatzi zuen artikuluan irakurri nuen Lurbinttoko ohoinak bertsoa. Historian barneratzeko giltza izan zen; zer ote zegoen horren atzean? Kaltzakortak berak ere ez zekien. Hala ere, baziren gako batzuk: hamabost urkatu egon zirela Baionako katedralean. Gertatu bazen, arrastoa utzi beharko zukeen horrek. Lurbintto toponimo hori ere: zergatik hori eta ez beste herri edo toki bat? Euskara aldetik ere susma zitekeen Lapurdin gertatu zela. Horrek guziak giltzak eman zizkidan bibliografia sakon batean sartzeko. Robert Poupelek, adibidez, Iraultza garaian eta ostean zer gertatu zen ikertu zuen Kanbo, Itsasu, Ezpeleta eta Larresoro [Lapurdi] inguruan. Hor ikertu ditu ohoin talde horren ekintzak. Hasieran, bertsoa horrekin lotzen nuen, baina ez nekien non zen xuxen Lurbintto.

Nolaz kokatu dituzu Frantziako Iraultzaren ondoren?

Une batean, esan nuen: «Hainbat jende urkatu dituzte; garai horretan izan behar du». Leitu nuen Lurbinttoen borda bazela, Alzuieta ondoan, orain Itsasuko supermerkatua den tokian, Alki enpresa ondoan.

Noizkoa da bertso hori?

Kaltzakortak Herria aldizkarian aurkitu zuen, 1960ko hamarkadan argitaratua, xxx izenpetua; horrek erran nahi du herrikoia zela. Geroztik, ez dut beste erreferentziarik. Salbu bukaeran agertu dudan istorioan: berriz agertzen dira Lurbinttoko ohoinak: Ohoinak eta sankristaua, 1980an argitaratua Herria aldizkarian, segur aski asmatua. Biak lotu ditut: bertsoa eta historia.

Herena hartzen du testuinguru historiko errealak. Bazenuena garai hori agertzeko beharra?

Lurbinttoko abenturaxkak ezin dira kontatu testuingururik gabe: nola heldu ziren ohoinak ohoin izatera? Mendeku behar hori nondik dute? Testuingururik gabe, ezin da ulertu zergatik eraso zioten auzo bati, baina ez besteari. Hasierakoa oso sintetizatua da.

Bilaketa handia sumatzen da.

Den-dena dokumentatua dago; garaiko beste bertsoetan edota artxibo historikoetan: txosten kriminalak... Hori guztia beste batzuek bildu dute, eta ni atzetik etorri naiz, beste helburu batekin. Pertsonaia nagusien curriculumak atxiki ditut.

Azantza anaiak, adibidez.

Zahar kapitaina izan zen Migrarien Batailoian. Perkain pilotariarena dokumentatua da, Mundutegi bera... Istorioko pertsonaia horiek historiarekin ere badute zerikusia; horregatik, kokatze historikoak badu bere garrantzia.

Joana Xurrut existitu zena?

Bai! Dena oso maskulinoa da, baina egia da Joana Xurrut izan zela. Alzuietara sartu zirelarik, jendarmeek 11 gizon eta sei emakume harrapatu zituzten. Baina alargunak, umezurtzak edota etxetik bota zituzten batzuk ziren; ez zuten ekintzetan parte hartu. Alta, Xurrut hori preso egon zen bi hilabetez. Senarrari lepoa moztu zioten, Taulori. Ideologoa izan zitekeen, baina neurtu behar da zein rol nori eman.

Western kutsua du honek, Arditutakoak komikian bezala.

Barry Lyndonen garaia eta haren bizitza inprobablea etorri zaizkit gogora, baina kontua da hura fikziozko pertsonaia bat dela. Hauek ez! Egiazko pertsonaia hauek gerra sufritu zuten, deportazioa, miseria gorria... ingurukoei lepoa moztu zieten, anai-arrebak eta seme-alabak ez dakit nora eramanak izan ziren, Hegoaldera ihes egin zuten, gerra egin, itzuli... hori dena lauzpabost urtean! Hauei gertatu zitzaizkienak ikusita, Barry Lyndon motz gelditzen da! Westernak izan dezakeen abentura kutsu hori badu honek, eta Alzuietak arrantxoa dirudi.

Ezberdintasuna da hauen ekintzen akuilua politikoa dela.

Horregatik, haien ekintza hutsak aipatzea azalekoa litzateke. Argi da gibelean motibazio politikoak zituztela. Segur aski, deportazioarekin zerikusia zutelako eraso egiten zioten jendeari, edo, nork daki, auzoen arteko istorioak mendekatzeko. Frantses errepublikak hauek guziak ahanzturara utziak ditu. Hamabost gillotinatu zituzten; iruditzen zait asko dela herri txiki-txiki haietan. Alta, inork ez du istorio hau ezagutzen.

Landetaratu haientzako omenaldi gisako bat dea komikia?

Ez zen hasierako asmoa, baina memoria kolektiborako garau txiki bat izan daiteke, eta etxe eta gertalekuena ere bai. Deportazioarena da nabarmenena: 1.500 inguru hil ziren, ez dakigu zenbat zuzen. Gaur egun horren inguruko oihartzunik ez izatea...

Arras zehazki marraztu dituzu tokiak. Nola izan da zure landa lana?

Toki gehienetara joan naiz. Batzuetan, zaila izan da; Etxeberri, adibidez, hogei baziren!Alzuieta bera, orain industrialde bat da. Zaila da irudikatzea. Baina halako zirrara bat sortzen du historia hain barneratua duzularik. Argazki artxiboetara ere jo dut marraztu ahal izateko.

Daltoniko batentzat, zuri-beltzean agertzean, eroso, ez?

Halaxe! Zuri-beltzean ikusten nuen hau: beltzak badu bere dramatismo karga, bere ongia eta gaizkia, sinbolismoa... Kontrasteak bilatu ditut.

Deabruarekin egin dute tratua ohoinek.

Asmaketa da. Andre Dione herrena zen, artxiboetan agertzen da hala, baina herren bat ikusten duzu ibiltzen bada. Marrazteko, ordea, hanka moztu nion. Garrantzitsua zitzaidan Dionek ezaugarri fisiko hori ukan zezan, pertsonaia asko baitaude. Marieder zaharrena denez, mustatxa zabala ezarri diot... nahasterik ez izateko. Landetan jende asko hil zen, edo holako lan arriskutsuetan, hanka hola galdu zuen.

Pertsonaien organigrama egitea nekeza izan dea?

Mundutegi hil zuenak bi pipa zituela dokumentatua da, eta hala sartu dut. Marraztu ahala, irakurtzen eta datuak metatzen segitu dut. Hori da ekintzen arteko bortitzena. Baina Azantza anaiek badute kristoren garrantzia, aski zigortua izan baitzen familia. Marieder armagilea zen, ziurrenik Eugin edo Orbaizetan [Nafarroa]. Dione teilaria zen; Iparraldean asko omen ziren, eta Hegoaldera zihoazen lanera. Manex, laborari gaztea... Foruei esker ez zuten soldadu joan behar, baina orduan hasi ziren behartzen.

Aditzak ez dira beti batuan.

Beka honen baldintzetako bat zen Iparraldeko euskalki batean idaztea. Baina nik ere ez nuen hau bestela ikusten, lapurteraz baizik. Batzuetan, agertzen dira gauza ilogikoak, gerora ohartu naiz. Erregistroa ez da beti bera: «Ezpeletako aharia behar duk hik!», artxiboetan agertzen da hori, kasko gogorra errateko.

«Pito» ere ageri da.

[Kur-kur-kur] Barrenetik ateratzen zaion laidorik handiena balitz bezala. Eta bizkaierazko zati bat ere bai: Juan Antonio Mogelen Peru Abarka-n agertzen da eszena, Konbentzioko emigratu bat Markina aldera doalarik.

Zerekin nahi duzu irakurlea geldi dadin?

Gertaera lazgarri hauek ahanzturatik argitara eramateko asmoz egin dut, jakin behar baitira gauza hauek. Baina hori jakinik, gozatzeko da. Pasarte asko kontatzen ahal dira; oraingo etxaldeetakoek egin dezakete. Adibidez: «Hemen erre zizkioten belarrak nire berraitatxiri».]]>
<![CDATA[«Bide berriak bilatzea beti da motibagarri»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2022-11-23/bide_berriak_bilatzea_beti_da_motibagarri.htm Wed, 23 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2022-11-23/bide_berriak_bilatzea_beti_da_motibagarri.htm
Erakusketak badua norabiderik?

Ez, espazioaren arabera antolatu dugu, kontrasteekin jostatuz. Estetikari jarraiki diogu, pezuegi izan gabe, eremua ez itotzeko.

Eta izenbururik badua?

[Francis] Bacon margolariak zioen literatura literatura dela, eta pintura pintura. Ene anbizioa litzateke nork bere obra, poesia edo istorioak eraikitzea margolanak ikustean.

Buztinetik abiatu zara.

Atelierretik pasatu diren jendeen eskultura bakoitzak badu bere irakurketa. Pentsatu gabe egin ditut, Txinako tinta eta luma baliatuz. Segur aski, ene baitan zerbait agertzen zen. Gerora konturatu naiz jende arranguratua zela, preseski garai hauetan hola baikara.

Nola izan da prozesua?

Ohartu nintzen itzulika ari nintzela, ideia berririk gabe. Hola, ikusi nuen posible zela bolumenaren arabera egitea beste irudi edo pertsonaia bat, argiaren ibilbideari jarraituz. Kontent naiz, uste baitut ez dudala hori oraino egin. Lau hilabetez landu dut erakusketa hau. Oso motibagarria da beste hizkuntza bat eta bide batzuk erabiltzea, bestela tranpa izan baitaiteke erosotasunean egotea. Alta, bide berriak xerkatzea beti da motibagarri.

Ez dut figuratiboa egiteko beharrik sentitzen; alta, artetarik zerbait figuratiboa agertzen da: bien arteko zerbait da. Maite dut zerbait agertzea, baina argiki ez.

Mugan.

Maite dut ilunabarreko irudi hori, gauzak badaudelarik, baina ez direlarik ageri.

Manikeismotik urrun.

Justu erdian. [Rene] Magritte surrealistak hain ongi erran zuen: ikusten direla, baina existitu gabe; polisemia da. Zuhaina ageri da, baina ez zuhaina bera. Anbiguotasun hori.

Erran izan duzu pintura lengoaia bat dela zuretzat.

Garai honetan, manipulaturik gaude. Alta, pintatzen, edo zernahi adierazpidetan ari garelarik, ene utopia da pentsatzea ez gaudela manipulaturik. Hori nahi nuen: ene baitan zen zerbait kanporatu. Ez da errealitatea, baina hori da justu orain bizi duguna. Ageri zena hau zen: arrangurak, hauskortasuna, dudak, lotsak eta esperantza. Esperantzaren esperantza.

Erran izan duzu norberaren nortasunaren manipulazioaren kontrako babesa dela artea.

Arteak bide ematen dio hori agertzeari. Ikusle gisa ere, enetako interesgarriena ez da ulertzea, baizik eta galto bat pausatzea gure baitan.

Erakusketak badua galtorik abiapuntu gisa edo horren erantzunik?

Nahiko nuke galtoak sortzea. Teknika aldetik, eta segur aski ikonografian ere, galtoak pausatu litzake baina... Adibidez, Errenazimentu garaian, gauza berak ageri ziren. Iruditzen zait arlo zenbaitetan historia errepikatzen dela. Alemanian, laborariak oldartu ziren XV-XVI. mendean, baina artistekin. Ageri da zerbait izugarri espresionista; maite dut paketa bat.

Artea protesta gisa erabili zuten?

Ikonoak egitea debekatu zieten, zeintzuk erabiltzen baitziren jendea mugitzeko eta oldartzeko. Harrapatuz gero, artistak torturatu eta hiltzen zituzten.

Zeure burua erromantikotzat daukazu. Zeure baitako sentimenduak dituzua iparrorratz?

Bai, intuitiboki pintatzeko. Espresioan ematen ditut sentimenduak. Ilusioa badut, eta esperantza. Gero, hitzekin azaltzeko, ez naiz trebe. Maite dut gauzak egitea eta neure burua harritzea, hori dut helburua. Kontent naiz espero ez nuen zerbait ikusten dudalarik.

Zerk zaitu harritu aldi honetan?

Koloreak ditut kanbiatu, beste lengoaia bat xerkatzeko: grisa eta horien gamak dira. Argiarendako oso baliagarria da, indar emaile baitira.

Esperantza aipatu duzu. Koloreek dute hori adierazten?

Ez, forman baizik ez dut pentsatzen: argia non ibiltzen den; adierazpen aldetik, bilatzen dut kontraste bat ikonoari indarra emateko. Gizakiak badu muga bat: aski duelarik, momentu batez, behar du berrikasi bizitzen dirua errege den munduan, denak lotsa garelarik, ez dakigularik gerra izanen denetz... Beti bada presioa, baina ez da errealitatea. Caminante elkartean, eri psikikoekin lan egin dugu, eta liburu bat atera dugu Robinsonen inguruan. Interesgarria izan da errealitatea non den ikusteko: gurea dea, ala haiena? Seguru badirela arrangurak, baina, bestalde, ez zioten galderarik pausatzen beren buruari, izugarri ontsa baitzekiten gauzak nola egin. Bada esperantza oraino: COVID-19tik landa, ez da inoiz izan hainbesteko biltzeko beharra; ez da dena galdurik.]]>
<![CDATA[Baratze bat golf zelai erdian, lurra eta ura denendako direla aldarrikatzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1927/012/001/2022-11-20/baratze_bat_golf_zelai_erdian_lurra_eta_ura_denendako_direla_aldarrikatzeko.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1927/012/001/2022-11-20/baratze_bat_golf_zelai_erdian_lurra_eta_ura_denendako_direla_aldarrikatzeko.htm
Aiala Urteaga bozeramaileak galtzak eta zapatak lasto puskez beteak zituen: «Horrelako luxuzko aisialdi zentroek murrizketa gutiago pairatu dute laborariek baino, jakinez gutiengo bati zuzendua zaiela Ipar Euskal Herrian; aldiz, laborantza funtsezkoa da denentzako. Laborantza herrikoia aldarrikatzen dugu, masibotik aldenduta eta industrialetik ere bai».

Lasto fardoen desegitearekin, berdeak eta idorraren horiek talka egiten zuten. Baratze bat irudikatu zuten, ura eta lurrak «denendako» direla aldarrikatzeko. Klima larrialdiak arranguratzen dituztela aitzinerat ezarri zuten, eta «klimaren aldeko engaiamendu handia» dutela. Eta, egungo egoera ekonomikoan kalteak gazteek, ikasleek eta langileek paira ez ditzaten, galde egin zieten instituzioei «egiazko neurriak» hartzeko, «nehork ez dezan amesgaizto gehiagorik izan energia fakturak ordaintzeko». Eta erantsi zuten: «Esku aberats gutxi batzuen eskutan da energia egun, eta, egoera nehoiz baino larriagoa den honetan, haien irabaziak ere nehoiz baino handiagoak dira. Honek ezin du horrela segitu».

COP27ren testuinguruaz baliatu ziren errateko herrialde aberatsei dagokiela «onartzea eta konpontzea» sortutako «hondamendi» klimatikoa: «Greenwashing-ari eta inposaketari aurre eginez, guk sortutako kaltea sufritzen ari diren herrialdeak indemnizatu eta lagundu behar ditugu, behar dituzten baliabideak eskainiz eta sor daitezkeen migrazio klimatikoei harrera eginez».

Bukatu zuten salatuz Hiriburuko (Lapurdi) ikastolak berogailurik gabe abiatuko duela negua. Burujabetza energetikoaren aldeko pausoak eskatu zituzten.]]>
<![CDATA[«Jendetasunari lotua izan naiz beti, harriari bezainbeste»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/042/001/2022-11-20/jendetasunari_lotua_izan_naiz_beti_harriari_bezainbeste.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1946/042/001/2022-11-20/jendetasunari_lotua_izan_naiz_beti_harriari_bezainbeste.htm Llargo-k (Urdiñarbe, Zuberoa, 1958) balituzke urtebetetze franko ospatzeko: kasik 50 urte egin dituela hargin, Xiberoko Botzak 40 urte bete dituela, Odace elkartea ez dela urrun 30. urtemugatik, Musikaren Egunak 30 urtez antolatu zituztela... Eta, 30 urteko enpresa utziko duela erretreta hartzeko. Diddue semeak lauzpabortz besodun jainko indiar bat bezala irudikatu zuen aita; hautatzekotan, mila esku eta begiko Guanyin izan zitekeen. Beharko, hainbertze ardura besarkatzeko ez baitzukeen ukanen eskurik sobran. Batean, segur da, palotea izanen zukeen; bertze batean, euskara.

Hargin eta argi egile baten semea zara.

Aita Bunuzeko [Nafarroa Beherea] Llargotegitik heldu zen, eta hortik, beraz, Llargo. Hargin plantatu zen. Ama hemen [Urdiñarben] ezagutu zuen. Amaren gurasoak eiherazainak ziren, 36 etxerendako argindarra sortzen zuten. Espezimen bat eta bakarra egin zuten: iduriz zaila nintzela, eta haurtzaro zaila ukan dut. 11 urtetan Mauleko apezen etxean sartu ninduten, igandetik ebiakoitz arratsaldera arte. Denetan gogor zen: etxean eta eskolan.

Nola lortu duzu azkartzea?

Barnetegian, 120 bat kasu ginen bertan. Bost urte pasatu nituen hor, eta anitz ikasi nuen nihauren buruaz. Filmetan, batzuetan bada hamar lekuko mahai bat, eta azkena jatekorik gabe gelditzen da; hori ezagutu dut. Gero, aitarekin aprendizgoan hasi nintzen, 1973an: berehala 50 urte! Atzo berean [asteartean] ESTIA ingeniaritza eskolan nintzen, ene esperientziaren kontatzeko. Ukan dudan xantzarik handiena da maite ukan dudala betidanik ene ofizioa, beti ber pasioa baitut! Urdiñarbe eta Muskildi artean ibiltzen ginen; opeak egiten zituzten, auzolanak. Paueko eskola batean atera nuen hargin titulua.

Zer eboluzio izan du hargintzak 50 urte hauetan?

Bordak muntatzen genituen, baina denak parpinez; harriz, guti. Izugarritan maite nuen. Emeki-emeki entseatu nintzen barnatzen. 1982an, segida hartu nuen. Bixintxo [Etxegoinberri] sartu zen orduan, aprendizgoan, duela 40 urte! Armadarat joan zelarik, bi langile hartu nituen Muskildiko bestetan; orain, 32 gara.

Enpresa zure gain hartu duzunez geroztik, zein izan da haren ildoa?

Hargin baten ibilbidea da enea. Jendetasunari lotua izan naiz beti, harriari bezainbeste. Lehenik, jende istorio bat da.

Nola egin duzu bloketik harrira pasatzeko?

Enetako, dena lotua zen. Gaztedanik, ene lurraldeari eta hizkuntzari lotu naiz, militantzia batean sartu. Ofizioa maite ukaitez holako lurralde batean, behar duzu lehenekoek egin duten arkitektura errespetatu, so eginez nola egin duten, eta, haiei moldaketak ekartzez, etxearen izateari kasu eginez. Batzuek bulldozer bat pasatuko zuten, arrasatuz: ez, hori ez dut konprenitzen. 150 urtez egon bada etxe hori, ezin dut nik barreiatu. Izan da garai batez betoiaren moda, baina nik nahiago dut etxe zahar horien historian barnatu, eta ikusi nola molda daitekeen egungo beharrei egokituta, betiere etxearen itxura eta arima errespetatuz. Etxe sartzeak sekulako inportantzia du etxe batean: kanpotik so egiten delarik itxura bat badu, baina, sartzen garelarik, arrunt beste bat ukaiten ahal du.

Kanpoa auzoarena da...

Eta barneak norberarenak. Kanpotik so egitez, edozein lagunek badu itxura bat, eta horrekin uste dugu barnekoak halako itxura duela, baina borta ireki arte ez dakigu. Dena lotua da. Etxe bat arra-moldatzen duzularik izugarri inportantea da jendearen intimitatean sartzea. Norberak du bere etxe barnea bere arabera pentsatu behar, nik ez dut laguntza bat baizik ekarriko. Erraten didate: «Hik, Llargo, badakik orain zein den etxerik egokiena». Erantzuten diet: «Berantegi heldu zarete, zeren eta 20 urtetan banekien, 30 urtetan dudak banituen, eta orain, 65 urtetan, ez dakit deus!». Jendea ontsa delarik bere etxean, hori da lorpena. Auzolanetan aholkuak ematen ditut, baina jabetzen utziz. Kontsumitzaile izan gabe, kontsumaktore izatea garrantzitsua zait, jendea jabetu dadin bere egoitzaz.

Ikasitakoaren kopia hutsa ez, bertzerik da zurea...

Ez dea beste manera batez egiten ahal? Zimenduaren partez gisua? Kalamua egun denetan ezartzen bada, gu bagabiltza duela hamar urtetik. Bretainian eta Normandian izan nintzen ikusteko nola egiten zen... Egun, lurrarekin egiten ditugu zartadurak... Beste teknika eli batzuk ezarri ditugu hondarkinen baliatzeko... Entseatzen gara baliatzen egin dena egungo nahiei buruz hobekuntzak ekartzeko, tokiko hurbiltasuna atxikiz. Betidanik atxiki izan ditugu petral, ate eta leiho zaharrak berrerabiltzeko. Elkarren konexioa ere garrantzitsua zait: Bordeleko edo urrunagoko enpresen bila goaz zenbaitetan, jakinez lau kilometroan denak egiten duela... Elkarlanak beti hazi nau.

Ibilbide guzian obra bat hautatzekotan, zein?

Garaibin [Urdiñarbeko auzo bat] egin genuen zubi bat, 1985ean. Aitari erran nion: «Orain, badakigu egiten lan hori»; alta, egitean, erori zitzaigun! Gainera, garai beroak ziren. 1983an, bi zerrenda izan ziren herriko hauteskundeetan, eta guk hirugarrena aurkeztu genuen: Guk ziekin. Bi hizkuntzetan ezarri genuen egitaraua. Ikastola eta gure hizkuntza defendatzen genituen. Gure ogenez ez zen pasatu eskuin frantseseko zerrenda. Bero zen! Hiru familia gotorrek erran zuten: «Llargo gure kontra presentatzen da? Fini gure etxean!». Hola galdu genituen bezero horiek. Aitzin, gazte komiteko lehendakari egon nintzen lau urtez. Eta 1979an, maskarada egin genuen: 30 urtez ez zen izan. Hor erran zidaten kauter gehien eginen nuela, bixi-bixia beti! Gibelapen pixka bat egiteko: kolegiotik ateratzean, ez nekien gehiago euskararik.

Justuki, zein izan da zure hizkuntza ibilbidea?

Etxeko hizkuntza euskara genuen, baina eskolan hein bat gogor erraten ziguten horko hizkuntza frantsesa zela.

Antia ezagutu duzua?

Ez, baina muga-mugan. Hor, beraz, frantsesa hartu nuen, eta kolegioan areago, nahiz apezen bat sentitzen nuen euskararen aldekoa edo, Fabien Bereterbide. Geroago, aprendizgoan hasi nintzelarik aitarekin, laborari etxeetan ibiltzen ginen, eta hor jendeak euskaraz ari ziren, eta nik arrapostuak frantsesez ematen. Uda batez, aitañi batek erraten zidan: «Jean Jacques, haugi enekin bi sagarren pelatzerat, hor epantxuan haiz». Eta hor pentsatu nuen: «Hor baduk jakitate bat; nortasun bat, nik galdua diat, hizkuntza galdu badut». Hola arra-hartu nuen euskara. Jendeak ez zuen hori soportatzen, euskararekin ez bainuen Bildozeko [Zuberoa] zubia pasatuko.

Frantses blokea, euskal harria?

Kur-kur-kur. Garai batez, hemen errugbiari lotu zitzaien, eta erraten zidaten ni ere hasteko, nuen altueragatik, baina giroa anti-basque zen arrunt, eta ez nuen soportatzen ahal euskarari buruzko ikusmolde txar hori, ez nekien zergatik. Baziren Beñat Sarasola eta abar abiatuak, beharrik. Emeki, konprenitu nuen borroka eta lurralde bat bazela... Eta Sohütan hasi nintzen saskibaloian.

Bil Xokoa elkartea sortu zenuten.

Herriko bestetako afariak oso berantiarrak zirenez, hasi ginen jatekoa-eta goizago eskaintzen. Afera da kantatzen hasi eta sekulako giro beroa zegoela, inguruko herrietako bestei konkurrentzia eginez. Jean Mixel Arraietek, orduan besta batzordeko lehendakaria zenez, kanpo ezarri gintuen. Zinez gogor izan zen. Hegoaldetik ekarrarazten genituen musikariak, harri altxatzaileak... Iparragirre pastorala egin genuelarik, oroit naiz, jendea xixtuka ari zela kartzelara sartu zutelarik, ni eta Arraiet ginen guardia zibilen rolean. Ez zuen entelegatu zerendako xixtuka ari zen jendea.

Beti hautetsi zara.

Arño Berrogain jin zitzaidan bere zerrendan sartzeko, eta orduko Xiberoko Herri Elkargoaren herriko ordezkaritza hartzeko. Iragan nintzen, eta, beraz, ordezkari lanetan hasi nintzen. Artean, Jean Mixel Arraiet sartu zen auzapez, Berrogain herbaldu baitzen. Hondarreko mandatu honetan adostu ginen, jendeak jada ikusten baitzuen ene zerrenda berearen kontra aurkeztuko zela. Baina ez nuen gogorik 1983ko giro hori errepikatzeko. Etxeko biak euskaldunak zituen Arraietek, baina berak ez zuen ikasi, eta, barneko min baten ondorioz, ez zuen soportatzen gu euskaraz entzutea.

Zerk eragin zizun aldaketa?

Ene lurraldeak, loturak, etxeak, lurrak, badute historia, eta haiek ematen dute alpoa. Ez dut dudarik ukan sekula.

Hiri Elkargoaz zer balorazio egiten duzu?

Orain, bitxi da. EH Baiko partaide naiz betidanik. Peio Etxelekuk egiten duenaren helburua ez dut ikusten. Bestalde, hor da Jean Mixel Etxegarairena; beraz, EH Bai non da hor? Nik maite dut hein bat argi delarik. Nik ezagutu ditut iheslariak, Antton Lopez Ruiz Kubati Euskadiko geopolitikaz mintzo, hilabete batzuk geroago Filipe Bidart ere entzun nuen... Nik ez dut horretaz deus entelegatzen, badakit euskaldun direla eta militante hutsak, hori bai.

Uhaitza elkartearen sortzean parte hartu zenuen, eta Xiberoko Botzaren hasmentan, duela 40 urte.

Bai, lehen emankizunean parte hartu nuen Allande Sokarrosekin. Ikastolan ere han ginen, palotea eskuan, beti zerbait egiten.

Herri Urratsen ere beti ageri zara hesien ezartzen...

Bai, duela hogei urte!

Odace elkarteak ere kasik 30 urte ditu, Zuberoan enplegua eta ekonomia sustatzen. Asko aldatu dea ekonomia?

Pretentsiorik ukaiten ahal badut mintzatzeko, elkarretaratu ditugu enpresa mundua, irakasleena, animazioena eta hautetsiena. Garai batez, sinesgarritasuna galdu genuen, Mixel Etxebest eta Beñat Elkegarai enpresaburuen arteko gudukengatik: biziki konplikatua izan zen. Erran nuen orduan gauzak argitu behar zirela, eta haiek baztertu. Uste dut egiazki aitzinarazi genuela, eta plazer bat da oraingo egunean, elkartu baititugu berriz bloke horiek. Gune tekniko bat muntatuko dugu Sohütako [Zuberoa] lizeo ondoan, erdi fab-lab, coworking, enpresa hotela, espazio esperimental gisako bat, ikasketei ere lotua... Oro kostan ez izateko.

Zuberoa bukolikoa, poesiarako ona.

1983an defendatu genuen herrian bizi eta lan egitea. Filosofia bera dut, salbu ez dela gehiago herritarrik gure enpresetan sartzeko! Denak kanpotarrak dira: Frantziatik, Portugaldik... etorriak.

Ofizialeen ganbara sortu zenuten.

ELBren ber denboran muntatu genuen ofizialeen ganbera; baginen talde gotor bat. Hamar bat urtez ibili gara, baina ez gara heldu ELBren heinera.

Musikaren Eguna aipatu gabe ezin utz: 30 urteko musikaldia.

Bil Xokoa elkartetik abiatu zen, 1983an, Urdiñarben. Tokirik ez genuen, herriko etxeak ez zigun deus baimentzen... Debekatu ziguten karpa muntatzea. Guk ekarrarazi genuen, jendez mukuru betea... Andde Duhalde... Gu bai, baina besteekin: horregatik ekarrarazi dugu mundu zabaleko jendea. Ongi jin gure etxerat, baina gure kodeen arabera, gure hizkuntza baitugu...

Ekialdetik mendebaldera Zuberoaren hedadura... Usurbil [Gipuzkoa] oso hurbiletik ezagutzen duzue.

Ahal balira haboro ukan harremanak hegoaldearekin, hobe. Normalizatu beharko lirateke. Alta, iruditzen zait gazteetan badela haustura. Usurbilekoekin aspaldikoa da gure harremana, pastoral eta maskaradetara heldu ziren frankotan, eta, Dominika Agergarai zenaren bidez, finkatu genuen urteroko sagarno apairua. Preseski, aste honetan dugu. Integrazio Batzordearen alde emanen ditugu irabaziak. Beti partekatzea izan da nire xedea, ez guretzat edo nihaurentzat. Besteei irekitzea, elkarlana, talde lana: horretan pasatu dut denbora.

Zure leloa dea: hobeki, kalte?

Hobeki bai, baina zer da hobeki? Talisman bat banu egiteko, iceberg bat litzateke. Zuhaitzaren gisa, lurpekoa gabe ezin baita kanpoan bizi, ageri ez denak du hazten. Nehor edo lurralde bat ezagutu behar bada, barnetik egin behar da. Ez da aski ikurrina bat astintzea; Euskal Herria ez da salgai. Erroak barna, enborra sendo, eta adarrak irekiak kanpoari, hori da itxura ederrena. Mezu bat banu helarazteko, hauxe: hizkuntza gabeko lurralde bat ez dela gehiago lurralde bat. Espekulazioa hurbiletik ikusten dugu hemen: kontra joatea ontsa da, baina proposamen bat behar da. Kasu, eztabaidatzea ontsa da, baina ez luzeegi, egin egin behar baita. Enpresan, transbertsaltasunari eman diot garrantzia beti. Kristina [bikotekidea zena] eritzean, beharrik lankideek bazekitela; oro ene gain balitz, enpresa eroria bailitzateke.]]>
<![CDATA[Baratze bat golfaren erdian, lurra eta ura denendako direla aldarrikatzeko]]> https://www.berria.eus/albisteak/220937/baratze_bat_golfaren_erdian_lurra_eta_ura_denendako_direla_aldarrikatzeko.htm Sat, 19 Nov 2022 15:24:05 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/albisteak/220937/baratze_bat_golfaren_erdian_lurra_eta_ura_denendako_direla_aldarrikatzeko.htm <![CDATA[Bortuari bortak zabalik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2066/046/002/2022-11-12/bortuari_bortak_zabalik.htm Sat, 12 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/2066/046/002/2022-11-12/bortuari_bortak_zabalik.htm Mendiaren erabilpen askotarikoa. Eskailera mekanikoek lotzen dute mundrunaren erresuma lurpeko laborantza erreinuari, lurrazala eta lurpea. Jautsi ahala, izarrei begira jartzen denak ikusiko du aurtengo Lurramako artistaren obra. Kepa Akixo Zigor poeta, idazle, argazkilari eta eskultorearen argazki erraldoia: euskal mendietako batzuk ageri dira, bortuko kolore ezin biziagoak irudikatzera uzten duten zuri-beltzez. Hobeki so egiten duenak, ardi barreiatuak ikus litzake, eta alde kantoian, artzainaren ola. Potretaren magalean etzan ditu eleok: «Mendi hauetan, gizonak lantzen du oraina, mausoleo handi horien azpian etzanda bizi den betiko oihartzuna entzunez».

Eskailerak jautsi ahala, xinaurritegiaren mugimenduaren gero eta parteago bihurtzen da bisitaria.

Batzuek zapi urdin-zuri karrakaria daramate lepoan, laguntzaile direnaren marka. Bertzeek, beraien burua uzten dute begien nahikeriaren esku, izan arto gorri talo baten manatzerat joateko, izan, adibidez, Philippe Petit katalanaren arno ekologikoa dastatzeko. Roussillonetik (Okzitania) jina da, aurtengo Lurramako gomitetakoa da. Sulfitorik gabeko arnoa du ekoizten, legamia indigenarekin. Ez zuen Lurrama egundaino ezagutzen: «Deskubritze handia da, Euskal Herriaz nuen irudiarekin bat egiten du: elkarbizitza zoragarria dago, kohesioa. Gure herriarendako sekulako mezua daramat: ondare kulturaren baloratzea eta laborantza bizia. Laborariekin eta euskaldunekin topo egitea zoragarria da».

Adama Gajonek sagar eta mahats jusak dastarazten ditu. Perpinyatik (Herrialde Katalanak) ez urrun fruitu ekoizpena du, duela 31 urte. Laket izan du Lurraman ediren duen giroa: «Iruditzen zait engaiamendu handia dagoela hemen, dauden eztabaidengatik. Desagertzen den lurraz mintzo dira, eta gure arazoez. Garrantzitsua da politikariek ikus dezaten laborantzak zailtasunak dauzkala aitzinatzeko, lur eskasiagatik eta kostuagatik».

Auzoa du Sandrine Lagarde erlezaina. Okzitaniako Piemont mendi magaletik jina da, hori ere gomita gisa. Erlezaintzatik ekoitz daitekeen guzia egiten du: eztia, kandelak, espezie ogia, kosmetika... Berak ere lehentze du saloian, loriatua da: «Harrera bikaina da! Laborantza herrikoiaren saloia bikaina da. Usaian industrialena baita, bikaina da asko garelako eta etorkizuna delako hau. Industriala iragana da, dena hiltzen baitu: laborariak, lurrak eta kontsumitzaileak. Baztertu behar da, eta orain. Uraren pribatizazioarekin hasiko dira, zinezko borroka izanen da».

Oilasko lukainkak erosi dizkie betaurrekodunak Jerome eta Helene Delmas ekoizleei. Okzitaniatik jin dira haiek ere, Le Falgar herritik. Hegaztien gripeaz mintzatu da, asea da: «Buka dadila egin ahala zalu, zeren eta aski baitugu. Argi da arazoa ez datorrela ekoizle ttipiongandik. Ez dugu haizu oiloak aire librean uztea, baina egiten dugu. Ezin liteke bestela». Lurramarat jin dira, zeren eta etxaldean antolatu zuten kontzertu batean, euskal musikari batek eman baitzien saloiaren berri. Handik gutira, gomita jaso zuten.

Justuki, Patxi Amulet musikaria hor dabil, ardo xokoko mahai baten inguruan, jendea agurtzen, baina urratsari segitzeko prest. Baitu zeregin: Lurramako animazioaren arduraduna baita. Ohartua da usaian baino laguntzaile gutixeago jin dela: «Herenegun falta ziren 150 bat txanda, harrigarria! EHZ edo hau bezalako ekitaldiak laguntzaileen gain eraikiak dira; beraz, haien faltan, biziki zaila da. Bart, adibidez, garbiketarako sei baizik ez ginen. Baina konfiantza dut, eta, pixkanaka, gauzak berriz bueltan ezarriko dira! Ez dugu amore emanen, jendeak segituko du!».

Kabalen bisitatzen ari da jende franko, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak, baina denak Pirinioetakoak. Euskal artzain txakurraren adiskideak elkarteak ere ekarri ditu xakur Iletsua eta Gorbeiakoa. Maia eta Edurne kideak kontent dira, eta harrituak hainbertze euskara entzuteaz Miarritzen.]]>
<![CDATA[«Zuberera landu zuen hoberena zen» ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-11-09/zuberera_landu_zuen_hoberena_zen.htm Wed, 09 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-11-09/zuberera_landu_zuen_hoberena_zen.htm Allande Socarros (1957-2021) Euskal Idazlan eta lekukotasun (Euskaltzaindia, Sü Azia, 2022). Hark idatzi liburu eta artikuluen zatiak hautatu ditu, bai ere Sokarrosi egin elkarrizketa zenbaitenak. Gainera, hamabi lekukori galdatu die Sokarros helburu duten testuak izkiriatzea. Euskaldunon Egunkarian aritu zen kazetari gisa lanean, itzultzailea izan zen, euskararen ikerlea eta bultzatzailea, kultur eragilea, politikaria... Hala, pertsonaiaren hitzezko 3D argazki polifazetikoa diseinatu dio Coyosek.

Paratzailea izan zara liburu honetan. Nondik abiatu da ideia?

Euskaltzaindian genuen ideia, euskaltzain urgazlea izan baitzen Allande, 2018an izendatua, eta adiskidea genuen. Sü Azia elkartean ere bai pentsatua genuen behar geniola zerbait egin. Mendian eta hiletxean egin izan zaizkion omenaldiak oroimenean egonen dira, baina hau garrantzitsua da, egonen baita eta iraunen du. Uste dut oro har aberasgarria dela. Badira Allanderi egin zaizkion hiru elkarrizketa ere: hor Allanderen beraren boza entzuten dugu.

Allandez zenuen irudia aldatu dizua liburuak?

Susmatzen nuena baieztatu dit lan honek: biziki trebe zen; abila buruarekin.

Batuaz atera duzu.

Bistan dena, ez zuen balio zubereraren gure mundu ttipi horretan egotea; nork irakurtzen du zuberera?

Aitzinsolasean azpimarratu duzu omenaldia dela liburu hau.

Liburuaren xedea da Allande ezagutaraztea. Gizon harrigarria zen. Mila bat Allande izan balira, Euskal Herria orain den baino euskaldunagoa eta abertzaleagoa zatekeen.

Idatzi duzu nortasun konplexu, nekaezin eta hunkigarria zuela.

Pentsatzen dute beharbada hil zela bere lanarengatik: denok lo geundenean, bera lanean ari zen.

«Militantziak bizitza hartu deit», erran zuen elkarrizketa batean.

Beti lanean Euskal Herriaren alde. Eta jende guti hola badugu.

«Ez ohikoa, saindu laikoa» zela dio Jean Louis Davantek; euskararen eta Euskal Herriaren zerbitzuko jarri zela osoki.

Bizitza osoa eman dio euskarari eta Euskal Herriari, hori argi da.

Sokarrosen zer argazki mota nahi diozu erakutsi irakurleari?

Arrailerianta zela, irri egitea maite zuela, beti trufatzen ari zela, bere buruaz lehenik. Beharbada, ez dut aski azpimarratu hori liburuan.

Uste duzua horri esker ere egin ahal izan duela politikan ukan duen ibilbidea?

Bai, bazituen dohain anitz. Landa intelektuala zen. Ez zituen ideiak ateratzen unibertsitatetik edo ikerketatik, baina bai lantzen zituen gauzetatik. Ausarta zen politikan, eta Beñat Espilek dio etsaiek ez dutela sekula bere bidetik atera.

Gizon libretzat definitzen du Xan Koskaratek.

Osoki. Nik maite nuen nola erraten zuen pertsonen biziak balioa zuela eta berak ez zuela nehor hil edo hilko.

Izpiritu kritikokoa izan zen hil arte.

Ausarta zen horretan ere, euskararekin, Euskal Herriarekin, abertzaleekin, politikariekin, hautetsiekin... Hamabost urtez egon da Zuberoako herri elkargoan, bere begiekin, baitzekien nor zuen parean.

Batuari «komunikaziozko euskara» deitzen zion.

Harendako izugarri inportantea zen euskalkia jakiteaz gain batua ere menperatzea. Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea zela dio batek baino gehiagok; batuari esker. Enetzat, Sokarros zen zuberera landu duen lehena eta hoberena.

Erran zuen: «Berezitasunak ez du bereizkuntza erran nahi». Eta Davantek ere oroitarazi du Sokarrosen ikusmoldea: «Batua eta zuberera ez direla elkarren etsai».

Alderantziz baino. Uste dut emeki-emeki galtzen dela ideia batua euskalkien etsaia dela. Allandek frogatu du ez direla elkarren etsaiak, adiskide baizik. Euskara nahi badugu salbatu, biak beharrezkoak dira. Batua beharrezkoa delako sartu zen Euskaltzaindian.

Bazuen euskararen galtzearen arrangura ere, Zuberoako eta Ipar Euskal Herriko euskara «peko errekarat» doazelako.

Ausartzen zen erratera ikerketek gezurrak erraten dituztela. Egia da jendearen erdiak Zuberoan badakiela euskaraz, baina ez duzu entzuten.

Paradoxaz mintzo zen bera: euskara gero eta onartuagoa bada ere, erabilpena gero eta apalago.

Bai, orain pastoralak egiten dituzte erdaldunekin. Horretan gaude.

Elkarte anitzetan ibili zen.

Alde batetik, elkarte ezberdinetan parte hartzen zuen: Xiberoko Botzan, Sü Azian, Bortükariak... baina aldi berean bakartia eta berdingabekoa zen. Oztopo anitz izanik ere, beti segitzen zuen. Pertsonalitate konplexua zuen, aberatsa; biziki ausarta zen, aitzindaria. Jean Mixel Bedaxagarrek erraten zuen biziki xumeki bizi zela. Beñat Espilek ere zioen gaizki jaten zuela, guti, nolanahi, bere buruaren itxuraz futitzen zela... ]]>
<![CDATA[Maddi Ariztia: beldurrez eta ahantz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1940/030/001/2022-11-06/maddi_ariztia_beldurrez_eta_ahantz.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/1940/030/001/2022-11-06/maddi_ariztia_beldurrez_eta_ahantz.htm Amattoren uzta (1937) liburuaren aitzinsolasean.

Mende erdia bete da irailaren 5ean Maddi Diharassarri Ariztia zendu zenetik: Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostia etnografoen heineko Sarako (Lapurdi) istorio biltzailea. Eta mendeurrena betetzen da istorio biltzaileak istorio erraileei bildutako ipuin horiek aditu zizkiela. Marie Diharassarri 1887ko uztailaren 28an sortu zen, Sarako Lehetxipia etxaldean; alta, 23 urtetan Ariztia deitura bildu zuen, Pedro Ariztia baztandarrekin esposatzearekin, 1910ean. Geroztik, Saratik mugitu ere egin gabe, baina urtero berritu behar zuen espainiar kontsulatuaren baimen berezi batekin bizi behar zuen (ikus goiko irudia).

Idazlea, haatik, aski edo erabat ezezaguna da, gutik baitute haren berri. Alta, Itxaro Bordak «bide urratzaile» kontsideratzen du Iparraldeko literaturaren errepasoa egitean, Euskaltzaindian 2018ko abenduaren 28an argitaratu zuen artikuluan: Euskal literatura Iparraldean (1960-2020).

Ariztiaren herrian iragan berri da bigarren aldikoz Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azoka, eta Ruper Ordorika izan da aurtengo aitabitxi. Aurkezpen ekitaldian azkarki gogoan ukan du Ariztia: Amattoren uzta ipuin bildumako aitzinsolasaren zati bat leitu zuen, lerro hauen hasmentako zatia, hain justu ere: «Bere aitzinsolasa leitu dut ahots goran, harrigarria baita. Nehork guti ezagutzen du Ariztia; alta, ezagupena merezi du».

Baionako Bernat Etxepare lizeora sartzeko karrikaxka berriari, hala ere, Mayi Ariztia izena eman diote, ezagupen aldarriz.

Xabier Kalzakorta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak ere bat egiten du Borda eta Ordorikaren irakurketekin, Ariztiaren ekarpena kokatzerakoan: «Ariztiaren inportantziarik handiena da biltzaile etnografo gisa. Azkue eta Aita Donostia bezalakoa izan zen: biltzailea. Ariztia konturatu zen gauza zoragarri batez: bazeudela Saran istorio erraile profesionalak, oso onak. Bere herriko euskaraz bildu zituen kontakizun zoragarriak Ariztiak. Altxorra da alde askotatik: euskararen edertasunagatik, istorioak kontatzeko moduagatik... Bilduak dira oso kontalari onengandik, ez edonorengandik. 50 ipuineko altxorra bildu zuen; inportantzia dauka, beraz, euskararen aldetik, kontakizunaren aldetik, euskararen imajinarioaren aldetik... Lepoa jarriko nuke emakume maitagarri eta zoragarria izan zela».

Etnografo baten zientifikotasunez, Ariztiak aitortu zuen ipuin bedera nori eta noiz behatua zion. Ipuin-erraile horien arteko bat bereziki kuttuna zuen: Josepe Amorena, zeina aitzinsolasean berean aipatzen baitu: uda Itsasun (Lapurdi) iragaten zuen; negua, berriz, Saran. Halaxe azpimarratu du Patxi Zubizarreta idazleak: «Oso ederra da, berak esaten baitu nori eta zein urtetan entzun zion ipuina. Istorio erraileak esaten die ipuin kontalariei, eta batez ere Josepe Amorena Itsasuko artzaina aipatzen du, eta haren dotorezia; nola egoten ziren liluratuta, etxeko lanetan aritu bitartean, baina baita eguberri bezperetan ere deitzen zioten liluraturik egoten zirelako. Herri literaturak eskaintzen digu gure beldurren, ilusioen eta ametsen isla poetiko bat». Horregatik karrikaratu zuen Zubizarretak 2012an Amattoren uzta-ren egokitzapena, Erein argitaletxean, Klis Klasikoak bilduman, Maite Gurrutxagaren ilustrazioak lagun, ezezagutzaren ilunpetik jalgiarazteko Ariztiaren lana: «John Bergerrek esaten zuen ezin dugula harrika bota milaka urtetako kultura; gaur egun pantailari begira gaude, lehen sutondoa zena pantaila bihurtu da, baina oso hotza da. Sutondoan taldea zegoen, lilura zegoen, gaur egun pantailak duena. Oroimenari egiten zaion omenaldi bat da liburua, eta aldarri bat. Pixka bat nor garen hobeki ezagutu dezagun, eta baita ere hizkuntzaren edertasuna eta musikaltasuna». Aitortu du betiko obsesioetako bat zuela Ariztiaren lana ahanzturatik ilkitzea.

Joxe Arratibel ezagutzeko zortea izan zuen Zubizarretak; hura ere, Ariztia bezala, ipuin biltzailea izan zen: «Arratibelek kontatzen zuen zein liluraturik entzuten zituen ipuinak haurtzaroan, eta nola ematen zieten argitasun txiki bat beraien bizitzetan, pizgarria zitzaien ipuina, eta gaua zein beldurgarria zitzaien, ez baitzen farolarik, gaua beldurraren sinonimoa zen. Aldatu da mundua, baina uste dut gure barnea ez dela aldatu, behar ditugu eusgarri sinbolikoak eta estetikoak».

Ipuinek loriatzen dute Kalzakorta ere. Badu bulta bat haiek ikertzen ari dela, eta Ariztiarenekin topo egin zuelarik «harritu» zen: «Ipuinzalea beti izan naiz, batez ere herri ipuinen zalea. Ikusi nuen bazela altxor bat oso ederra. Konturatu nintzen ez zela berak bildu zituen ipuin guztien bilduma bat, zati bat baizik».

Izan ere, Maddi Ariztiak paperaren gainean etzan zituen ipuinak Lehetxipia etxondoaren inguruko istorio erraileei entzundakoak ziren, baina ez zituen bildutako guziak liburu bakar batean karrikaratu; Amattoren uzta-n franko bai, baina baita ere aldizkari batzuetan. Santi Onaindiak salatu zuen norat jo, bilduma osoaren berri hartu nahi duenari begira: «Gure Herria-n, Herria-n, Egan-en eta Anuario de Eusko Folklore-n idatzi du. Gure Herria-n asi zan, 1934'an, bere Amattoren uzta ipui sorta mardula argitaratzen; Eusko Folklore-n (1934) Leyendas laburdinas eman zizun, eta Egan-en (1949), Bi ohoinen ichtoria».

Xabier Etxaniz Erlek ere goretsi du Ariztiaren ekarpena, garaian garaiko testuinguruan kokatuz; etnografoaren gaineko artikuluan argitu du hori Auñamendi eusko entziklopedia-n: «Gizonezkoa zen mundu batean, folklorea biltzen aritzen ziren eliza gizonen ondoan, azpimarratzeko moduko lana dugu Maddi Ariztiak eginikoa. Euskal herri ipuinek xaramelaturik, jaso eta ondorengo belaunaldiei pasatu: horregatik bakarrik merezi du emakume honek euskal ipuin biltzaileen artean leku aparta».

Preseski, Amattoren uzta liburuaren frantsesez den sar hitzan, Piarres Lafittek azpimarratu zuen «folklorista bikaina» zela Ariztia, eta xehatzen du testuak nola bildu, hala etzan zituela paperean: «Ariztia andereak moldatu ahal izanen zukeen bere prosa, egokitu eta artoski landu. Ez dezagun ahantz Diharasarri Jaun Artzapezpikua haren osaba zela. Nahiago izan du behatu eta transkribatu, artzain edo emazte zaharren kontakizunei hitz bakar bat ere kanbiatu gabe. Linguistek eta arte primitiboaren adiskideek ez dute dolurik ukanen». Lafittek ere, haatik, Eskualduna aldizkarian, 1934ko uztailaren 13an, 1788. zenbakian halaxe laburtu zuen Ariztiaren kalibrea: «Eskuarazko liburu egile lehena hunaindiko eskualdun anderetan». Kepa Altonagak berak ez du dudarik haren ekarpenaren garrantziaz, baina lekuz eta tenorez kanpokoa egiten zaio: «Bide urratzailea izan zen Ariztia, baina une eta gune deserosoan. Ipuin etnografikoak bildu zituen. Ez zuen literaturarik egin. Beste langile xume eta ahaztu bat izan zen».

Izkiriatzeko tirriaren jatorria

Kalzakortak galdetu dio bere buruari nondik ote zetorkion Ariztiari izkiriatzeko tirria hori: «Maddi Ariztia Sarako Lehetxipia etxaldekoa zen, eta uste dugu batez ere Aita Donostiak bultzaturik hasi zela bere lanean. Kantuen bilketetan zenbait kantu Lehetxipian bildu zuela esaten du Aita Donostiak; etxe horretara joaten zen bera».

Horren lekuko da Ariztiak Aita Donostiari erantzun zion gutunean aipatzen duen bisita, «beti» izanen dela plazer eta «aspaldiko partez».

Apez batek akuilaturik idazten hasi bazen ere, Zubizarretak erantsi du Ariztiak bazuela garai hartan usaiaz kanpoko alderdi bat: baherik gabeko kontaketa egiten zuela, nonbait: «Ariztiak ez zeukan karga ideologikorik, Azkuek, Barandiaranek edo Lafittek eduki zezaketen bezala: entzun bezala idatzi zituen ipuinak, Aita Donostiak akuilatuta».

Artetik errateko, Aita Donostia ez ezik, Joxemiel Barandiaran ere ongi ezagutu zuen Ariztiak. Halaxe egiten du aipua Mikel Atxagak Euskal emakume idazleak (1908-1936) liburuan (Eusko Jaurlaritza, 1997): «Izan zuen, jakina, harremanik Joxemiel Barandiaranekin ere, Francori ihesi auzo bilakatu baitzitzaion. Egunero igarotzen zen Ataungo jakintsua Lehetxipitik, elizara bidean».

Altonagak ere bere buruari galdegiten dio Ariztiaren idatz zaletasunaren jatorriaz, preseski bidean duen liburuan, Axularren gerizapean (Pamiela): «Ez dakit nondik etorriko zitzaion letrak paperean emateko zaletasuna. Beharbada etxeko osaba apaizarengandik. Halaber, seguruenez, Silvestre Fortabat herriko erretoreak itsatsiko zion Axularren xarma, eta hauspotuko. Nolanahi delarik, nik neuk Maddi Ariztia axulartu bat begietaratzen dut, 1925ean, 82 urteko Josepe Amorenaren Axularren ipuinak hurrupatzen eta kopiatzen».

Axular solas, Zubizarretak izen handi haren itzalpean egin nahi izan zuen 2012an argitaratu zuen Ariztiaren ipuin bildumaren egokitzapena: «Ehun urte dira haurrean entzun zituenetik ipuinak, ni saiatu nintzen Axularren estilora egokitzen, sinonimoak oharretan eman beharrean, esaldian bertan egokitzen». Gisa berean, hiztegian bezala, ipuinen gorpuzkeran ere ebakuntza batzuk egin ditu, ipuin «ausartak eta gai gordinak» badira ere, gauza zenbaitetan «zaharkituak» gelditu baitira, hala nola erlijio gaietan: «etikoki desegokiak» direlakoan.

Ipuinetako etxeez

Ipuinen alorretik at ere lan egin zuen Ariztiak, euskal etxe zaharrez eman baitzuen hitzaldia Donostian, baina horretaz ez da datu bakarra baizik ailegatu, zeina Mikel Atxagak ohartarazi baitu. Kontatu du Euskal-Esnalea aldizkariak antolatu zituen hitzaldietan parte hartu zuela Ariztiak 1933an, Donostiako Novedades antzokian, Euskal etxe zaharrak izeneko mintzaldia emanez: «Hala ere, idazteko eta irakurtzeko ateratzen zuen astirik. Euskal etxeen egituraz, zurajeaz eta abarretaz zaletua zenez, Euskal etxe zaharrak izan zen 1933an Donostian eman zuen hitzaldiaren gaia. Bere sortetxean ez ezik, Sarako etxe askotan ere Maddiri esker bistaratuak dira harlanduak eta hormetako zurajea».

Urko Apaolaza Avilak halaxe laburtu zuen Argia aldizkarian 2005ean idatzitako artikuluan: «Abertzaletasun katolikoak eta urte haietan kaleratu zen Euskal-Esnaleak-ek euskal emakumeei kultura garatzeko aukera bat eman zien. Euskararen aldeko aldizkari horrek literatur lehiaketak eta hitzaldiak antolatzen zituen, eta bertan hainbat emakumek parte hartu zuten: Marie Diharassarri, Maddi Ariztia izenez ezagunagoa, Ignazia Pradere, Rufina Azkue eta halako idazleak aurkitzen ditugu hemen».]]>
<![CDATA[Jean Pier Mendiburu Etxeberri bertsolari heletarra zendu da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2408/025/001/2022-11-05/jean_pier_mendiburu_etxeberri_bertsolari_heletarra_zendu_da.htm Sat, 05 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ainize Madariaga https://www.berria.eus/paperekoa/2408/025/001/2022-11-05/jean_pier_mendiburu_etxeberri_bertsolari_heletarra_zendu_da.htm Mendiburu ezizenekoa, herenegun zendu zen, bere etxondoan, Heletako ospitalean (Nafarroa Beherea). Laboraria izan zen bizi guzian.

Bat-batekoan ez ezik, bertsopaperak idazten ere aritu zen, eta hainbat sari irabazi zituen alor horretan. 1981ean eta 1984an, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Baina txapeldunordea izan zen bertze bi alditan: 1982an eta 1991n. Finaleraino ere heldu zen hamar aldiz: 1980an, 1983an, 1985ean, 1986an, 1987an, 1988an, 1989an, 1993an, 1994an eta 1996an.

Bertsolari Txapelketa Nagusian hiru aldiz parte hartu zuen: 1982an, 1989an eta 1993an.

1978. urtean hasi zen bertsotan; Emile Larrek eta Mixel Itzainak zuten akuilatu plazarat. 1967an zen lehentze agertu plazan, Aiherran (Nafarroa Beherea), Alkhat, Irigarai eta Arrosagarai kantukide zituela. Geroztik, Xalbador, Mattin, Xanpun, Ezponda, Mixel Aire, Alkhat eta Lazkao Txikirekin aritu zen batez ere bertsotan.

Bertso sail asko idatzi zituen, eta, horietako batzuekin, sariak ere irabazi zituen.

Horrez gain, baditu hiru antzezlan idatzirik —bertzeak bertze, Gure borda (1969)—, bai bi liburu karrikaraturik ere: Bertsutan ariz ikasten (Bertsularien Lagunak, 1984) eta Ene bertsuen feiria (Sendoa, 2007).

Eñaut Mendibururen eta Maria Etxeberriren semea zen, eta 1948. urtean sortu zen, Heletan. Aiherrako Jacqueline Etxeberrirekin ezkondu zen, 1972. urtean, eta Mirentxu izeneko alaba bat ukan zuten.

Hauek ditu bertso ezagunetako batzuk: Arrosako zubian eta Sentimentu batzuk —horiekin, Xenpelar sariketako lehen saria irabazi zuen 1974an—; Gure alaba; Ene andre gai zena; Telesforo Monzon; Haur botatzea —1976an saritua—; eta Ari ari Europan sartzen —1988an saritua—.]]>