<![CDATA[Aiora Sampedro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 28 Nov 2022 16:07:13 +0100 hourly 1 <![CDATA[Aiora Sampedro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Bidaiaren hasiera: pauso sendoz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2035/039/001/2021-06-20/bidaiaren_hasiera_pauso_sendoz.htm Sun, 20 Jun 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2035/039/001/2021-06-20/bidaiaren_hasiera_pauso_sendoz.htm
Liburuko hasierako olerkiak ahozkotasunetik gertu dauden piezak dira, eta, are gehiago, ia kantu gisa ere irakur daitezke. Era berean, hitzekin asko jolasten du poetak, logika-arazoak planteatuz, eta testuartekotasuna ere agertzen da olerkietan; adibidez Angel Erro poeta nafarraren nahiz Aritz Gorrotxategiren lerro batzuk berrinterpretatuz edota aurrerago Labordetaren kantuen hitzak ekarriz.

Bestalde, erreferentzia klasikoak baliatzen ditu idazle erronkariarrak bere estiloa ontzeko: Greziako literatura, filosofia, geografia eta abar, eta olerkiaren erdigunean jartzen ditu; agian Filosofian lizentziaduna izateagatik, agian Erroren -gure poeta neoklasikoena gisa ezaguna dena- liburuak gustukoak dituelako. Hartara, gaur egungo portaeretara egokituta aurkezten ditu motibo klasiko ugari, batez ere lehen atalean, maite-kontuak, naturaren babesa... eta esperientziatik gertu kokatzen ditu ahots-poetikoak motibo horiek, lehen pertsona edo bigarren pertsona baliatuz. Alderdi formalari dagokionez, bigarren atalean filosofia klasikoari gehien gerturatzen zaizkien logika-arazoekin lotutako aforismoak ageri dira bertsoen lekuan. Filosofiak zeharkatzen ditu poeta honen lerroak, eta hori dateke, ziurrenik, bere ezaugarririk behinena.

Azken atala Ariane printzesaren mitoari eta hartaz poetak egiten dituen berrinterpretazioei eskainia dago. Egiazki, bidaiarekin lotzen du, eta, horrela, alegoria bat osatzen du liburu osoak, lehen atalean hasitakoak osotasun zentzua ematen baitie liburua osatzen duten atal guztiei. Izan ere, bere erreferente filosofikoei nahiz Greziako literaturari eta haren bidez gauzatutako bidaia fisiko eta figuratibo pertsonalari eskainia da Zuberoaren poesia, bildumaren amaiera aldeko 56. orrialdean esplizituki lerro hauen bitartez adierazten duen moduan: «Greziar labirintoan begi estalirik sartu eta Hadeseko zaunka itogarria besterik sentitu ez dutenentzat». Era berean, eta esperientzia pertsonalaren eraginarekin jarraituz, hurrengo bertsoek erakusten digute agian poetaren estiloaren ezaugarririk behinenetakoa izan daitekeen anbiguotasuna: «gauak motz baitira zain ez zauden bitartean». Hitzok esperientziaren gozatze horren aldeko alegatu gisa uler daitezke, baina baita etsipenaren auhen gisa ere.

Ahots berezia da idazle nafarrarena euskal literatura berrienaren panoraman. Nire ustez, asko gozatzekoak dira bereziki aforismoak, esperientzia pertsonalaren zentzua ematen dienez, freskura askoz kontatuak.]]>
<![CDATA[Poetaren heldutasuneko poema liburu mardula]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2202/041/002/2021-06-06/poetaren_heldutasuneko_poema_liburu_mardula.htm Sun, 06 Jun 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2202/041/002/2021-06-06/poetaren_heldutasuneko_poema_liburu_mardula.htm Ni eta Gu. Zazpigarren uhina, bere azken poema liburua. Baiki, egileari nolabaiteko heldutasun baten aldarrikapena egiten duela uler dakioke, eta, egiazki, gizon helduaren eguneroko izaera eta pentsakizunak plazaratzen dituzten olerkiak aurkituko ditu irakurleak orrialdeotan zehar. Batez ere, bildumaren amaiera aldera ageri diren olerkiekin, zeintzuetan heriotzaren itzala gerturatzen ikusten duen poetaren ahotsak garrantzia ematen dio azken poemetan. Are, heriotza nagusiak ixten du liburua; izan ere, azken lerroak poetaren amaren heriotzari eskainiak dira, eta horrela, nolabait, poetaren eguneroko ibilbide hori ixten du. Bestalde, Ni eta Gu izenburua aipatu badugu, poetak inguruko herritarrekiko elkarrizketan idatzitako liburua dela nabarmendu behar da, eta bukaera gisa, gainera, 167. orrialdean, indibiduoaren eta taldearen arteko poema bat txertatzen du egileak.

Azken poema liburua plazaratu eta hiru urtera argitaratuagatik liburu hau, poetak nahiko bilduma mardula osatu duela ere aipatu behar da: ia 80 olerki eman ditu, betiere topiko beraren inguruan bueltaka, ikusiko dugunez.

Errima eta neurri librean idatziak dira, orokorrean, olerkiak. Horregatik, eta pentsa zitekeenaren kontra, ahozkotasunetik gertu baino urrunago kokatzen dira testuok, errimarik, hitz-jokorik gabeak. Liburu mardula osatuagatik, bertsoak ere osotasun berekoak dira beren kabuz. Testu luzeak dira Aristik bilduma honetan sartutakoak; ia eguneroko modura osatuak dira, gainera, egileak testuak idatzitako ia egun bakoitzean bizitakoa biltzen dutenak.

Taldearen garrantzia aipatu dugu, eta hortik, testuan txertatutako itsas-gizon eta emakumeen argazkiak. Horregatik, era berean, ahots poetikoak mintzatzeko baliatzen dituen pertsonak beste poema bilduma batzuetan baino askotarikoagoak dira: ohikoa izaten den bigarren pertsona baliatzen du hartzaileari zuzentzeko, eta, era berean, lehen pertsona singularra ere bai poetaren hausnarketak jakinarazteko, baina ingurukoen omenezko kantua ere badenez, lehen pertsona plurala eta, are, hirugarren pertsona singularra ere baliatzen ditu, testu korala sortuz. Errekurtso literario erabilienak galdera erretorikoak, metaforak eta konparaketak dira; testuak ez dira irakurlearengan erantzun bat eragitera bideratzen; aldiz, idazleak hemen kontatuak irakurleak soseguz hausnartzea da lanaren helburua. Eta, orotara, bilduma guztia bera alegoria bat balitz bezala uler daitekeela esango nuke nik: bizitzaren hainbat faseren irudikapen modura. Beraz, liburua irakur daiteke Aristiren poetika baten moduan.

Kokalekuak eta gaiak oso zehatzak badira ere, dena delako irakurleak hainbat bizipenentzako erantzuna jasoko du lerro hauetatik. Beste liburu batzuetan testuak banaka leitu daitezkeela esaten badugu, Aristiren honetan, urtetan irakurtzekoak jasoko ditugula pentsa dezakegu.]]>
<![CDATA[Poesia eta musika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2068/039/001/2021-05-23/poesia_eta_musika.htm Sun, 23 May 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2068/039/001/2021-05-23/poesia_eta_musika.htm Lazunak azkazaletan. Izenburuak iradokitzen du irakurleak barnean aurkituko duena: surrealismoranzko joera duen poesia, freskoa eta plastikoa.

Duela aste batzuk irakurtzen genuen Armiarma webgunean Arana XXI. mendean sortutako lehen euskal idazlea dugula, eta beste euskal idazle gazte askoren bidetik, lehen liburua poema-bilduma gisa argitaratu du eskoriatzarrak.

Sarreran aipatzen genuen surrealismoranzko joerak idazlearen liburu guztia zeharkatzen du, batzuetan poema osatzeko aukeratutako hitzak usu arrazoiak eskatzen duenetik urruntzen direlako, eta besteetan konposizioaren gaia bera objektu bizigabeek osatzen dutelako, joera futuristara gerturatzen den bilduma osatu du Aranak.

Ezaugarri horretarako preludio gisa jokatzen dute liburuko hitzaurrea osatzen duen lehen olerkiaren hitzek: fikzioan errealitatea bilatzen duen jendea ageri da poemotan. Azaleko irudi figuratiboak bide beretik iradokitzen digu jolasaren eta kontenplazioaren artean osatutako artefaktuaren aurrean gaudela.

Beste alde batetik, esango nuke indie kulturaren influentzia duela poema liburuak, eta folk musikaren letrei gerturatzen zaizkion kosmobisio melankoliazkoa nahiz bizitzarekiko jarrera axolagabea dituela. Zentzu horretan bilatu dut nik poema bildumaren ezaugarririk behinena. Ahozkotasunetik oso gertu kokatzen diren testuak dira, estrofa laburrak, hitz-jokoez konposatuak, eta eskuarki, paradoxa bat plazaratzen dutenak edo amaiera aldera, irakurlearengan efektu harrigarri bat bilatzen dutenak.

Estetika modernoko forman oinarritutako olerkiak izanagatik ere, horiek betetzen dituzten motiboak lirikaren topiko ezagunenetan oinarritutakoak dira. Irakurleari ezagunak egingo zaizkio lerro hauen artean «collige, virgo, rosas», «carpe diem» edo «maitasun ukatuaren» iradokizun klasikoak. Baiki, literaturaren leku komunak XXI. mendeko espazio eta egoeretara egokituak aurkezten ditu hemen egileak. Eta nik behintzat, bereziki disfrutatu dudan alderdia izan da gai horien eguneratzea. Ahots poetikoaren postura ere aski ezaguna da literatura lirikoaren ibilbidean. Narratzaileak bi jarrera hartzen ditu, oro har, olerki hauetan: lehen pertsonan bere buruarekin mintzatzen den ahots bakarrizketaria, eta bigarren pertsonan identifikatzen duen testuaren hartzaile bati mintzatzen zaiona; bigarren kasu hau, usu, maitasunezko poemei loturik ageri da.

Iruditu zait hainbat estetikaren konbinazio horrek ematen diola duen freskura liburuari, eta horrek zurruntasuna kentzen badio ere, uste dut irakurketak irabazten duela, poemak banan-banan hainbat eserialditan irakurtzeko aukera ematen du liburuaren egiturak, irakurketa bakoitzean mundu oso bat kabitzen den olerki bat ezagutzen delako, gainerakoekin zerikusia duena, baina erabat beregaina dena.]]>
<![CDATA[Begirada kritikoz jaioterrira itzultzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2021/039/001/2021-05-09/begirada_kritikoz_jaioterrira_itzultzea.htm Sun, 09 May 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2021/039/001/2021-05-09/begirada_kritikoz_jaioterrira_itzultzea.htm opera prima omen den Aingeruaren pribilegioak honetan idazle donostiarrak hiru liburukietako zenbait motibo aurreratzen dituela konprobatu dut, hala nola herri txikietako gizarte matxista, gertakari fantasmagorikoak eta emakumeen kontrako biolentzia. Hemen, Pasaiako herritik dator istorioa, eta narratzaile protagonistaren bitartez irakurleak haren haurtzarora bidaiatuko du, kostaldeko herrian bizitako pasadizoak ezagutzera.

Batez ere hasierako kapituluetan, estrategia batzuek oso ondo funtzionatzen dutela iruditu zait: sentsazioak deskribatzen dituenean, benetan oso esperientzia benetakoa bilakatzen du, oso bizia, eta hizkuntzari literatura-testua gainditzeko gaitasuna ematen dio, ia sinestesikoa neuk irakurri dudan kasuan. Zentzu horretan, aipamen berezia merezi du itzultzaileak ere. Testuari plastikotasuna ematen asmatzen du erabilitako hizkuntzaren bidez Danele Sarriugarteren lumak.

Edukiari dagokionez, orainaldian kokatutako istorioaren hasieran, narratzaileak bere haurtzarora eramango du irakurlea gertakari fantastiko baten bidez, eta lehen ehun orrialdeetan zehar, haurra zela Pasaian, eta bereziki neskatoak ikasten zuen eskola nazionalean bizitzen zen giroaz jardungo du, gaztetxoei helarazten zitzaien diskurtso elizkoia azpimarratuz. Alabaina, eta paradoxikoki, giro elizkoian haurrei etengabe errepikatzen zaien salbazioa bilatu beharrak, gure protagonista zerura baino, infernuranzko bidean jarriko du, pasarteek aurrera egin ahala ikusiko denez.

Aurrekoaren harira, eta protagonistaren ikuspuntuarekin jarraitzeko, aipagarria da narratzailea saiatzen dela inguruarekiko kritikoa den haurraren izaera nabarmentzen; hala ere, iruditu zait zenbaitetan idazlearen prisma gailendu zaiola haurrarenari. Batez ere testuaren hasieran, haurrei egotzitako jarrerek heldutasun gehixeago eskatzen dutela pentsatzeko parada dago.

Bestalde, liburuan zehar gozagarriena ahozko literaturari loturiko pasarteen ugaritasuna dela esango nuke. Haurraren sozializazioan bai itsas-munduari loturiko kantutegiak, bai gizarte elizkoiari loturiko errezoek duten garrantzia aditzera ematen da. Nahiz eta lehena nostalgiari loturik agertu, eta bigarrenak narratzailearen ikuspuntutik sentimendu kontraesankorrak piztu, haurtzaroarekiko nostalgia begirada kritikoz kontatzen baitu hemen.

Orokorrean, liburuak bilatzen duena lortu duela iruditu zait: jatorrirako itzulera kontatuz irakurlearen enpatia lortzea. Horren ordainean, kontakizunaren hasiera orainaldian kokatu eta ezinezko gertakizun baten bitartez iraganera bidaiatzearen estrategiak ez dit erabat funtzionatu, esan bezala, kontakizuna bere horretan iristen delako hartzailearengana, istorioaren linealtasuna hautsi beharrik gabe.]]>
<![CDATA[Bi ahoko aiztoari kantuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2027/039/001/2021-04-25/bi_ahoko_aiztoari_kantuan.htm Sun, 25 Apr 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2027/039/001/2021-04-25/bi_ahoko_aiztoari_kantuan.htm Arkanbele kantak honekin.

Sarrerako aipamenari men eginez, liburu guztiaren edukia aipamen bukoliko batek biltzen duela uler daiteke, Fernando Pessoak bere herriko errekastoari eskaintzen dion poema batek irekitzen baitu bilduma osoa. Pessoak bere erreka Tajo ibaiarekin alderatzen du, lehenaren alde eginez balio sinbolikoagatik. Eta, oro har, zentzu emozional hori aurkituko du irakurleak Tabernaren olerki hauetan zehar.

Begiak galtzeko beldurra deritzon lehen poesia-atalari hitzaurre gisa balio diote arkanbele hitzaren hainbat forma dialektalekin osatutako olerki batek eta gaztetako oroitzapenez osatutako testu narratibo batek. Horrela, poetak begirada haurtzarora bideratzen du, pertsona eta natura bat ziren garaira. Hortik aurrera ekoizpen poetikoak jalgiko ditu nafarrak. Landa eremuari eta hango jendeei egindako omenaldia gailentzen da orrialdeotan, gurasoei eskainitako auhen-kantuetatik gerra eta gerraostea bizi izan zituztenen esperientziak kontatzeraino. Badira hemen hainbat poema narratibo eta badira ahozko literaturara gerturatzen diren beste zenbait olerki ere, errima bereziki zaintzen dutenak. Liburua banatzen duten ataletan, egoera desberdinei dagozkien izenburuen behean bildutako hainbat testu ageri badira ere, orokorrean, motiboak eta formak mantenduko dira, baita landa eremuko biztanleei eskainitako bertsoak ere.

Nolabait poesia kostunbrista gogorarazten du Tabernaren bilduma honek. Poetak bere herriari loturiko hainbat pasadizo ekartzen ditu akordura, tartean egon denaren inpresioekin, baina denboraren joanak ematen duen distantziaz, ia kanpotiko begiradaz. Eta ahots poetikoaren kokapen bikoitz honek bilakatzen du bere poesia hain indartsua, nostalgiaz begiratutako landa eremua ez baita testu guztietan idealizatzen, herri txikietan urtetan memorian geratzen diren terroreak ere kontatzen ditu poetak, lurrak zaildu duenaren ahotsez.

Memoriarena da beste ardatz nagusia testu sorta honetan. Iraganeko hainbat denbora-planok gurutzatzen dituzte poetaren hitzak: hark bizitako haurtzaroa, gaztaroko urteak edo jaio aurretiko Espainiako Gerra Zibilaren garaia. Eta plano guztiak lotzen dituzte herrietako familia-leinuek, ahots poetikoak nabari uzten du herri txikietan edonor dela norbait, hirietan ez bezala, non edozein izan daitekeen nonahiko, baina baita inongo ere. Aho biko aiztotzat agertzen da jatorria bilduma honetan, beraz, munduari samurtasun berezi batez begiratzeko makulu dena eta, aldi berean, munduan dugun lekua behin betiko markatzen duena.

Patxadaz eta behin baino gehiagotan errepikatzeko irakurketa.]]>
<![CDATA[Historia nagusia eta istorio txikiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/041/001/2021-04-11/historia_nagusia_eta_istorio_txikiak.htm Sun, 11 Apr 2021 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2016/041/001/2021-04-11/historia_nagusia_eta_istorio_txikiak.htm
Emakume euskaldun gazte bat Parisa lan bila joan, eta bertan bizitako gorabeherak kontatzen dira. Agirrerena eleberri laburra edo ipuin luzea den ziur esaterik ez badago ere, aurreko paragrafoan aipatu dudan gisan, kontakizun nagusiko ertzetan hainbat istorio txikiri lekua egiten dion liburua da hau. Izan ere, Distira eta alderantzia (Elkar) honetan gertakari misteriotsu batekin hasten den istorio labur bat kontatzen da; hala ere, honakoa emigrazioaren inguruko kontakizun bat da. Bilbea narratzaile protagonistak kalean galdutako haur euskaldun bat bilatzen duenean hasten da. Biak euskaldunak direla antzematean, narratzaileak umeari haren amaren bila lagunduko dio, eta, horrekin batera, hainbat emakumeren bizitza ezagutuko du irakurleak.

Narrazioaren indarra kontraposizioetan aurkitu dut nik. Agirrek ere bai, hortik omen, narratzailearen hitzetan liburuaren izenbururako erabilitako Distira eta alderantzia; «distira handiko industria baten alde iluna» (54. orr.) kontatzen delako bertan...

Elkarreko Ateko Bandan krimen-eleberriaren sailean argitaratu dute, eleberri beltzaren ukituak dituelako; giro dekadentean garatzen diren pertsonaiak baitira kontakizunaren protagonistak. Duten bizimoduak haiei eragiten dien lazeria kontatzen da, eta hor ondo funtzionatzen du kontraposizioaren estrategiak. Txirotasunean bizi direnen kontakizuna belle epoque-ko errelatoarekin alderatzen da. Bi planotan egiten da kontakizuna, gainera, eta teknika zinematografikoa gogorarazten du honek; etengabe bi errealitate txandakatzen joango balira bezala, irakurlearen begiradaren aurrean. Izan ere, belle epoque-ko pasareletan desfilean aritzen diren modeloak aipatzen dira, baina nobelako protagonistak, berez, haientzat jostun-lanak egiten dituzten emakumeak dira. Agirreren kontakizunean, idazleak emakume langileen dramak aztertzen ditu: zentzu horretan uler daitezke zenbait emakume historikoren kontakizunak narratzaileak nobelara ekartzen dituenean, emakume erresilienteen istorioak aipatzen baitira.

Aurrekoarekin batera, Agirreren artefaktuetan ohikoa den testuartekotasuna baliatzen da lehen orrialdetik bertatik. Literaturari dion maitasuna eta irakurleari egiten dion jolaserako gonbita gauzatzen dira hartara. Irakurleari kontakizuna aurrean jartzen dio, eta irakurleak berak bere narrazioaren norabidea aukeratu behar duen eleberri horietan bezala, azpeitiarrak hainbat bide eskaintzen dizkio hemen irakurleari nobela hau osatzeko, gehien nahi duena hauta dezan.

Benetan irakurtzen gozatzeko testua da hau. Eserialdi bakarrean irakurtzekoa den horietakoa.]]>
<![CDATA[Gudu-zelaia zabaltzen duen liburua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2043/037/002/2021-03-21/gudu_zelaia_zabaltzen_duen_liburua.htm Sun, 21 Mar 2021 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2043/037/002/2021-03-21/gudu_zelaia_zabaltzen_duen_liburua.htm Andraizea lanaren ondoren, Igartza saria jasota osatu du Herriak ez du barkatuko eleberria. Anaia Ekaitzek Isaias Carrascoren hilketa gaitzesteko kantatu zuen bertso batek eta aitari bideratutako eskaintzak hasten dute eleberria. Liburua ixteko, Huntza taldearen aipu batek gizartearen ertzen aldarrikapena egiten du, gizartean izan den bazterkeriari aipamena eginez. Horrek egiten du pixka bat liburua introspektibo, ez zentzu psikologikoan, baizik eta sozialean; errebisio lana egiteko balio baitu, euskal gizartearen barruan.

Nobelaren hasierako orrialdeetan bi espazio-denbora ikusten ditugu txandakatuta: batetik, plano garaikidean, ama batek alabarekin dituen elkarrizketak ditugu; eta, bestetik, elkarrizketa horien kariaz, emakumearen oroitzapenek bideratzen duten urte batzuk lehenagoko aitaren hilketa. Horrela, eleberriak aurrera egin ahala, orainaldiko eremua gailentzen joango da, biktimari eta haren sentimenduei lekua eginez. Biktimak dioenez, «gure mina gizartearena ere bada». Eleberriak aurrera egin ahala, memoriari tiraka eta ingurukoekin mina konpartituz iraganeko zauriak ixten joango da biktima, erresilientziaren erakusgarri.

Irudipena izan dut idazleak, pertsonaia sortzeko ariketa introspektibo horretan, zer kontatuaren kantitateari neurria hartzeko arazoak izan dituela. Narratzaile orojakilearen estiloan idatzia dago testua, eta, nire ustez, irakurleari gehiegi kontatzen dio narratzaileak, pertsonaiak zer pentsatu zuen, horrek nola sentiarazi zuen eta zein ondorio ekarri zituen eta abar, eta abar. Gidatuxea egiten du irakurketa. Era berean, zenbait ideiatan narratzailea pausatu eta horiek garatzea eskertuko luke testuak, eta loturetan sakontzea, pentsakizun batzuen eta besteen artean.

Bestalde, liburuaren punturik positiboena enpatia-ariketan dagoela dio Elkarrek kontrazalerako prestatu duen testuan. Eta arrazoi du. Are, idazleak berak ere testua bera enpatia lantzeko bide gisa begitantzen duelako irudipena gailentzen da irakurketan; zenbait pasartetan, idazlearen bikote fikzional gisa balio dezakeen protagonistak institutuan duen lanean biolentzia lantzeko tailerrak garatzen dituenean, liburu honen antzeko materialen falta sumatzen duela iradokitzen baita. Esan dugunez, badirudi nobelak eredu izan nahi duela euskal gizartearentzat, gatazkaren konponbiderako zenbait urrats markatuz.

Hainbat gai tratatzen dira biktimari ahotsa ematean: bakardadea, mina, gorrotoa, memoria, bazterketa..., eta idazlearen eskuak balioztatzen du gai horiek beste une eta egoera batzuetara estrapolatzea, gizakiaren izatearen inguruko hausnarketa orokorrak eskaintzen baititu Goikoetxeak. Eta, era berean, oso gai zehatza lantzen du, euskaldun oro era batera edo bestera ukitzen duena, eta, liburua irakurrita, inor epel utziko ez duena.]]>
<![CDATA[Arrazismoa norabide anitzekoa eta klasista da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/041/004/2021-03-07/arrazismoa_norabide_anitzekoa_eta_klasista_da.htm Sun, 07 Mar 2021 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/1960/041/004/2021-03-07/arrazismoa_norabide_anitzekoa_eta_klasista_da.htm
Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea saiakeran, herri indigena iparramerikarren borroka-tradizioaren berri ematen digu ikerlariak, ibai inguruko lurren eta AEBek bertan egin nahi izan dituzten zenbait eraikuntzaren kontrako altxamenduen historia kontatuz.

Zazpi ataletan banatua dago unibertsitate-ikerlariaren lana: lehenik, Setioa eta Sorrera kapituluetan, kolonizatzaile anglosaxoien historia berrikusten da, indigenen bertsioak ekarriz; Gerra eta Uholdea ataletan, Missouri ibaiaren inguruko herri indigenen lurretan AEBek eginiko triskantzaren eta haren kontrako erantzunaren berri ematen da; eta, azken hiruretan, Red Power, Internazionalismoa eta Askapena atalburuetan, borrokatik eratorritako irakaspena gogorarazi, eta aktibismo indigenaren transbertsalitaterako bidea ezagutarazten du Estesek. Ibilbide hori gogoratuz, irakasleak indigenen izatearen harrotasuna berreskuratzen du; tradizioari loturik, herri bateko kultura baten autoestimua berreskuratzen du, eta munduari jakinarazten dio.

Nagusiki, Ameriketako Estatu Batuetako arrazismo estrukturalaren inguruko argumentazioa gailentzen da liburuan. Obamaren eta demokraten gobernuari eginiko kritikek argi uzten dute herrialde horretan arraza-gorrotoa estrukturala eta norabide anitzekoa dela, klasismoari lotua dagoena. Alde horretatik, Estesek hainbat adibide ematen ditu, ikus dadin lehen presidente beltzak zurien aldeko politikak aplikatu zituela, are beste talde etniko gutxiagotuen kalterako izan zitezkeenean ere. Irakurketan zehar, behin baino gehiagotan etorri zaizkit akordura arrazismoa lantzen duen eta 2004an estreinatu zen Crash film amerikarraren harira, Obamaren agintaldian bertan, Paul Haggis zuzendariaren hitzak: «Demokratentzako errealitatearen zaplaztekoa da hau». «Guztia egiteke dago», gogorarazten digu. Hemen ere bai.

Estesen testuaren egiaztapen bibliografikoa hain da sakona, ezen lehen begi-kolpean irudi lezakeena baino hausnarketa poliedrikoago baterako aukera ematen duen irakurketak.

Hala ere, Elizegiren hitzaurrean euskaldunontzako balio duen testua dela aldarrikatzen da, bi kultura zapalduren arteko antzekotasunak iradokiz. Harritu nau sinbologia anbibalentearen agerpenak. Xabier Gantzarainek Zuloa-n Gernika aipatzen zuen gisa horretan: euskal foruen bihotza, baina herritarren kontrako bonbardaketak. Antzekoa ematen da aditzera liburuan, Missouri ibaiaren inguruan errotutako indigenen historiaren kontakizuna kolonoen kontakizunarekin alderatzen denean, tradizioz indigenentzako bizitza izan dena, kolonoen eskutik heriotzaren sinbolo bilakatu baita. Missouri da gure Gernika.]]>
<![CDATA[Eguneroko autopoetikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2015/037/005/2021-02-21/eguneroko_autopoetikoa.htm Sun, 21 Feb 2021 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2015/037/005/2021-02-21/eguneroko_autopoetikoa.htm ilurabera Yurre Ugarteren ipuin-bilduma argitaratu du Alberdania argitaletxeak. Zortzi ipuineko bilduma bat da, nahiz eta, aurrerago ikusiko dugunez, testu hibridotzat jo dezakegun, narrazio bat baino gehiago kontakizun nagusi beraren parteak izan daitezkeelako. Bestalde, azken testua, egileak berak «bizi-kondaira literario-musikaltzat» katalogatua, egilearen manifestu kontra-literario gisa jo dezakegu.

Kontakizunetariko batzuek lotura estua dutela aipatu badugu ere, ipuin guztiek oinarrian partekatzen dituzten bi ezaugarri identifikatu daitezke: errelato guztiak literaturaren eta gainerako arteen arteko harremanak gurutzatzen ditu, baita artista-autofiktizio baten lehen pertsonako ahotsak ere. Bestalde, ipuin guztiek dute amaiera aldera irakurlearen igurikimen-ortzimuga haustera jotzen duen efektua.

Hala ere, marko formal berdintsuak ematen du hondo desberdinak osatzeko aukera, hala da, behintzat, landutako gaiei dagokienez. Adibidez, lehen bi kontakizunak bateragarriak, edo agian egokiago, osagarriak dira: Arintasuna eta Astuntasun jasanezina. Izenburuetan antzematen da Milan Kunderaren obrarekiko intertestualitatea. Bietan, bi gazte adoleszenteren harremana arakatzen da, zeintzuek sexuarekin eta argazkilaritzarekin zein musikarekin jolasean beren izaera bilatuko duten. Hirugarren ipuinean pandemiak gogor jo duen artista eta dendari baten infernurainoko jaitsiera kontatzen da, lehen pertsonan. Ondoren datozen Lady Amnesy eta Amnesia anderea kontakizunek ere, bikotea osatzen dute. Ama-alaba batzuen arteko sekretuetan barrena, kontalariak familia-herentziaren pisua esploratuko du, izaera-ezaugarrietan enfokatuz. Basquiat ez da hilotz eta Bestiario galdua dira azken bi ipuinak. Lehenean, begi bistakoa da, artista amerikarrari omenaldia egiten dio idazleak; bestean, berriz, gaztaroko amodio galdu baten hasiera, gailurra eta gainbehera gogoratzen ditu musikari heldu batek. Azken testua da, idazle tolosarrak adierazi bezala, pertsonalena: Kathy, Lydia, Wilma. Erreferente dituen emakumezko artistei aitortza egiten die Ugartek. Azken testu honetan, arteen hibridazioa nabaria da: preseski, Kathy Acker idazlea, Viv Albertine musikaria, edo Lydia Lunch artista multidiziplinarraren itzalak presente daude orrialdeotan zehar.

Edukian eta forman partekatzen dituzten puntuetatik harago, liburuko ipuinetan autore-postura bat jaulkitzen du Ugartek, hainbat bizi-arotan arteekin izandako harremana esploratzen du egileak ariketa autoidentifikatibo batean. Gainera, artea era transbertsalean ulertzen duen idazlea ernetzen da orriotatik. Idazle baino, artista gisa identifikatu daitekeena.

Izaera intimo horrek irakurleari ipuinetako pertsonaiekiko identifikazioa zaildu diezaiokeela badirudi ere, egilearen fantasiarako joerak irakurketa-testu dibertigarria bihurtzen du liburua.]]>
<![CDATA[Herra eta beldurra mahastien artean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2010/029/002/2021-01-24/herra_eta_beldurra_mahastien_artean.htm Sun, 24 Jan 2021 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2010/029/002/2021-01-24/herra_eta_beldurra_mahastien_artean.htm Sotoan gordeak eleberri beltza argitaratu zuen joan den urtearen amaieran, eta Nafarroari loturik jarraitu du kontuak. Izan ere, kontakizuna Vianako Arduy familia ezagunaren upategiaren inguruan zedarritua da; bertan, sendiak gordetzen duen sekretu lazgarri baten aurkikuntzan murgilduko da irakurlea. Horrela, hiru denbora-lerrotan banatutako istorioa osatu du egileak: 1989ko gertakizunetatik hasi, eta 2009an barrena, orainaldiko, 2019ko ikerketara arte luzatuko da narrazioa. Eleberri-korala dela esan liteke, beraz, denbora-epe zabal horretan hainbat pertsonaiaren ahotsa aurkituko baitu irakurleak: upategiko familiako amarena, aitarena eta alabarena, haren bikotekidearena, nahiz upategiko langile birena edo herriko sorginarena.

Nobela beltzaren ezaugarri tipikoak biltzen ditu azpeitiarraren lanak: hala nola delitua ikerketa baten bidez pixkanaka deskubritzen joango da, eta detektibe-lanak trama kriminalarekiko harremana duen pertsonaia batek egingo ditu. Era berean, eta genero horretan ohikoa denez, krimenaren girotzea kritika soziala egiteko baliatzen du idazleak. Urte desberdinen arteko pasarteen segida eta detektibearen gidaritza elkartuta, testua gustura irakurtzen da. Era berean, aparteko aipamena merezi du edizio-lanak; kolore gorri eta beltz biziak tartekatuz, krimenari eta mahastiei egindako keinadek ukitu dibertigarria ematen diote liburuari.

Hala ere, niri hainbat kontuk kale egin didate nobelan. Baiki, kritika sozialaren alderdiari eutsiz, laudagarria da egileak diskurtso progresista harilkatzeko egiten duen ahalegina: upategietan egoera lazgarrian lanean diharduten mahats-biltzaileen egoera salatzen da, edota, genero berdintasunari dagokionez, Arduytarren alaba homosexualaren bazterketa azaleratzen da, nahiz herriko emakume heterodoxoarena. Baina salaketa horretan, landa/hiria dikotomia nahiko sinplistan erortzen da kontakizuna. Vianako giroa itxi eta atzerakoi gisa agertzen da, eta hirikoa, aldiz, detektibe-lanak egingo dituen neskaren Bilbo jaioterria, halako tentsioetatik at agertzen da. Gainera, emakumeenganako bortxaren salaketa egiten bada ere, atzera erruduntzat ere emakumeak jotzen dira liburuan; hori bereziki deigarria da, izan ere, krimenaren egileak hainbat gizon eta emakumea izanik, emakumea jotzen baita trama guztiaren buru «manipulatzailetzat». Dakigunez, emakumeen kontrako aurreiritzi matxista baliatuz.

Irakurtzean sortzen duen gustuari dagokionez, kontakizuna gidatzen duen hizkuntza laua iruditu zait, jolasik gabekoa, kolorerik gabekoa, eta irakurlearen gozamena areagotzeko, literatura esanaren gustua den heinean, nago hizkuntzarekiko ausardia handiagoa beharko lukeela, ausardia handiagoko testuak asko irabaziko lukeela.]]>
<![CDATA[Pauso bat aitortzarako bidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2020/041/002/2021-01-10/pauso_bat_aitortzarako_bidean.htm Sun, 10 Jan 2021 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2020/041/002/2021-01-10/pauso_bat_aitortzarako_bidean.htm Naparra. Kasu irekia saiakera iruzkinduko dugu datozen lerroetan. Euskal Herriko historia garaikidea aztertzeko Tene Mujika beka jaso ondotik osatu zuen liburua egile iruindarrak, eta, aztergai gisa, izenburutik bertatik antzeman daitekeenez, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra edo Bakunin militantearen desagerpena baliatu zuen.

Iruditzen zait Tene Mujika bekak beti ematen dituela saiakera sendoak; Xabier Gantzarainen Zuloa edo Kattalin Minerren Moio ditut buruan, adibidez. Jon Alonsoren hau oso testu desberdina da, baina; aurreko beste bienek tonu intimoagoa zuten, egileek jorratzen zituzten gaiekiko zituzten sentimenduak azaleratzen ziren testu haietan. Idazle nafarraren liburu honetan, ordea, begi analitikoz egindako ikerketa plazaratu du Elkar argitaletxeak.

Liburua bi zatitan banatua da: lehen kapituluan, Naparraren militantziaren testigantza ematen da, jardun politikoaren hasikinetatik haren bortxazko desagerpeneraino; eta, bigarrenean, berriz, haren desagerpenaren ondoko 40 urteetako bilaketaren nondik norakoak jakinarazten dira. Horretarako, desagerpenaren inguruko hipotesien errepasoa egiten da. Egilea zientifikotasunera lerratzen da; iturriak arakatu, aipamenak egin, alderatu, eta abar egingo ditu, oso lan kontrastiboan.

Hasierako atalean, lanaren helburua aipatzen du egileak: gertakariaren inguruko hipotesiak errepasatu, eta urtetan eragotzi izan zaion egia aitortzea. Biktimaren ingurukoenganako errespetutik sortutako testua da hau, beraz, hasierako kapituluetan argi geratzen den bezala. Honela azaltzen du berak: «Iruditzen zait semea galdu berri duten aita eta ama bat direla, segurtasun osoz, manipulazio politikoa egin nahi izatearen jokoaren bekatutik libre dauden bakarrak (...). Eta horrek moldatu ditu, neurri handi batean, kasuari buruz dauzkadan iritziak» (96. orr.). Horregatik, Naparraren kontakizunarekiko modu osagarrian, egileak gaztetandik ezagutzen duen familiaren errelatoa desagerpenaren inguruko ikerketarekin alderatzen du. Izan ere, Alonsok hainbat iturri mota kontsultatu ditu lanean zehar: hemeroteka, polizia-ikerketako autoak, epailearen testigantzak eta militantzia-kideen kontakizunak. Baina Naparraren ingurukoen ahotsa biltzeko ere tartea izan du; horrela, irakurleak aurkituko ditu familiakoen eta lagunen nahiz ikaskide-ohien lekukotasunak ere.

Baiki, liburuaren balioa testuinguraketa jardun horretan ere badelako irudipena dut nik; Naparraren bizitzara gerturatzea egitean, aldi berean, garai baten kronika egiten duelako saiakeragileak. Alonsok datu objektiboak eta haiek interpretatzeko gakoak ematen dituenean, egileak aro bateko konplexutasuna irudikatzen asmatzen du. Idazleak iturriak eta sentimenduak elkartzetik lortzen duen testu poliedriko hori bereziki erakargarria gertatu zait niri.]]>
<![CDATA[Bidaia fisikoak, bidaia psikologikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2088/039/002/2020-12-13/bidaia_fisikoak_bidaia_psikologikoak.htm Sun, 13 Dec 2020 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2088/039/002/2020-12-13/bidaia_fisikoak_bidaia_psikologikoak.htm oio saiakera argitaratu eta urtebetera Turista klasea lana ekarri digu Kattalin Minerrek. Bi-biak ere LGTBIQ+ borrokaren inguruan egituratuta daudela uler daiteke, aurrekoa trans bizitzei lotua, hau preso politikoei, eta, zeharka, queer bizitzei. Era berean, aurreko lanetik desberdintzen duten hiru ezaugarri aipatu beharko banitu: borrokaren transbertsalitatea, bidaiaren metafora eta gorputzaren anbibalentzia lirateke.

Bidaia. Idazle hernaniarraren fikziozko pertsonaia izan daitekeenak kontatzen du istorioa, lehen pertsonan, eta Parisen kartzelatua duen laguna bisitatzera egindako joan-etorrien berri ematen du. Izenburuak, beraz, lekualdatzeari egiten dio erreferentzia; eta, testu honen irakurleak dagoeneko antzemango duenez, paradoxa bilakatzen da eleberriaren edukiaren eta izenburuaren arteko harremana, narratzaileak, turista klasean bidaiatzen badu ere, turismoarekin inolako zerikusirik ez duen helburuz egiten baitu. Kontrapuntu gisa ageriko dira protagonistak treneko gainerako bidaideekin bizitako pasarteak. Begi ironikoz, pasarte ustez kostunbristak salbuespeneko egoeran egindako bidaiarekin alderatzen ditu Minerrek; horrela, oporretarako bidaian doan neskato adoleszenteak gurasoen kontra jaulkitzen dituen ozarkeriak narratzaileak unean sistema politiko-kartzelarioarekiko dituen pentsakizunen pareko ulertu daitezke. Baina-ren bat jartzearren, agian pixka bat bortxatua gertatzen da pasarte arin horien agerpena diskurtso politiko sendoa duen lanean.

Transbertsalitatea. Bidaiaren kontakizun lazgarriarekiko kontraposizioan, Parisen izandako bizipenek goxatuko dute narratzailearen esperientzia. Izan ere, bertan, Hego Ameriketatik emigratuta Frantziako hiriburuan bizi den queer talde bat ezagutuko du protagonistak; hainbeste ezagutu, ezen haien etxea ezinbesteko bisita bilakatuko baita kartzelara egindako bidaia bakoitzean. Horien eskutik agertuko dira borroken transbertsalitatea justifikatzen duten pasarteak; europar-zuri-dirudunak, egunerokoan hautematen ez dituen zapalkuntzak ezagutuko baititu bertatik bertara.

Gorputza. Lagun queer-ek gizartearen kontrol biopolitikoari aurre egiteagatik jasango dute bortxa, baina baita Minerren bikote fikzionalak ere, emakumearen gorputzean sufrituko du bortizkeria, Parisko kaleetan paseoan dabilela. Kartzelako lagunak ere, era berean, gorputzaren mugimendu askatasuna mugatua izango du kartzela barnean. Bestalde, gorputzekiko bortxa hori izango da lagun guztiak halabeharrez elkartuko dituena.

Esango nuke begiratu batean testu sinplea dirudiela, apaindura gehiegirik gabeko idazketan emandakoa eta irakurleari zuzen helarazten diona mezu nagusia, baina, irakurketan pixka bat sakontzean, zapalkuntza ugariak gurutzatzen asmatzeko egileak egin beharreko diskurtsoaren ariketa konplexuak testua aberasten du.]]>
<![CDATA[Gorespena nahasketari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/046/005/2020-11-29/gorespena_nahasketari.htm Sun, 29 Nov 2020 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/1971/046/005/2020-11-29/gorespena_nahasketari.htm
Hibridazioa. Bai edukiaren aldetik, bai edukia biltzen duen formaren aldetik, nahasketa gailentzen da Garderen lanean. Edukiari dagokionez, nafar batek Nafarroako historia berrikusiz idatzitako fikzio-lana izanik, ezinbestekoa da aipatzea bertan ageri den konplexutasun sozial eta kulturala. Egileak lurraldeko historiaren berrikuspena egiten du, euskaldun eta euskaltzale dela erakutsiz, baina hainbat sentsibilitate politiko bilduz. Horrela, gaur egun kokatzen den ukronia batetik hasiz, zeinetan EHAS ETAren oinordeko talde armatua existitzen den, karlistaldi garairaino historiaren berreraiketa egingo du idazleak, euskal abertzaletasunaren, nazionalismo espainiarraren, nafar erregionalismoaren eta bortxaren arteko harremanak arakatuz.

Gainera, hibridazioa ez da soilik tramaren barnean gertatuko. Esan bezala, generoen hibridazioa konstantea izango da testuaren hasieratik amaierara arte. Aipatutako gaia lantzeko kronika historikora gerturatzen den narrazioak lekua hartzen du testuko zenbait unetan (adibidez, karlistaldien edo Gerra Zibilaren barneko pasarteak kontatzean); fikziozko narrazio garbira jotzen dute 2020-2030 hamarkadan kokatutako gertakariek edota plano batzuk eta besteak lotzen dituzten pertsonaia batzuen eskutitzek. Bestalde, nobela guztia thriller politikoaren giroak inguratuko du, politikari baten bahiketaren inguruan harilkatzen baita kontua.

Fikzioa da beste ezaugarri nagusia. Errelato historiko-politikoaren kontakizuna osatzeko, fikziozko kontakizunen beharra aldarrikatzen du eleberri honen egileak, baina euskal historiari eta gatazkari fikzioz erantzun dioten beste lan gehienen aldean, Garderen testuak etorkizunean jartzen du ardatza; geroa aldatzeak oraina moldatzen lagun dezakeelakoan.

XXI. menderako testua osatzen dute aipatutako bi ezaugarri horiek. Baiki, ariketa metaliterarioa dela esan daiteke, hainbat narrazio partzialen bitartez, poetika trinkoa eraikitzen baitu iruindarrak.

Esan bezala, emaitza testu zaila da, ahalegina eskatzen diona irakurleari, baina, egilearen beste lanetan bezala, donaria dakarrena irakurlearentzat. Hala sentitu dut nik, behintzat. Iraganeko gertakari historikoetako barne-pasarteetan oinarritzen diren istorioekin gozatu dut gehien, hala nola Espoz Mina nafar konkistatzailearen ibilera ezezagunenekin edo Gerra Zibileko gerrillarien pasarteekin.

Esandakoa, liburua irakurketari astia eman nahi dion irakurlearentzat pentsatua dago, hausnarketarako bidea zabaldu nahi baitu idazleak.]]>
<![CDATA[Blues baten konpasean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2018/035/002/2020-11-15/blues_baten_konpasean.htm Sun, 15 Nov 2020 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2018/035/002/2020-11-15/blues_baten_konpasean.htm
Izan ere, hegoaldeko idazle deitu izan denaren literatura ekarri berri digu Pasazaitek, Asun Garikanoren itzulpenaren bitartez, euskarara. Bilduma honetan, bere jaioterriaren bizimoduan oinarritutako narrazioa egin zuen idazle estatubatuarrak: Herrialdeko Hegoalde sakonean gertatzen diren istorioak ditugu bilduma hau osatzen duten zazpi kontakizunak. Kafe tristearen balada (The Ballad of Sad Cafe, 1951) bere horretan argitaratu zen ingelesez; liburuari izenburua ematen dion eleberri labur batek eta aldizkarietan argitaratuak zeuden sei ipuinek osatzen dute. Eleberria Harper's Bazaar-en agertu zen lehen aldiz 1944an, eta, urte horretan bertan, Best American Short Stories antologian sartu zen.

Narrazio guztiek dituzte hainbat ezaugarri komun: marjinalaren errepresentazioa gailentzen da haren literaturan (homosexual erreprimituak, alkoholismoa, desgaituak); moteltasun, ezerez, aura batek inguratzen ditu halaber istorio hauek, zeintzuk ezer (ona) gertatzen ez den leku bateko pertsona arrunten eguneroko gisa uler daitezkeen, eta zeintzuek Hegoalde sakoneko ingurua atsekabegarri aurkezten duten. Are, ipuinetako batzuek joera autofikzional zehatzagoa ere badute; haur musikari bati eskainitako piezan, McCullersen bizitzan gatazkatsua izan zen gaitasuna fikzionatzen da; idazleak, bere ama anbiziotsuaren insistentzia lagun, New Yorkeko kontserbatoriorainoko bidea egin zuen piano-piezak interpretatuz, horrek artegatzen zuen arren. Ezkon-harreman gatazkatsu baten kronika ere badago, bere bizitzako hainbat pasadizorekin alderagarria dena. Kontakizun hauek gehiago balio dute esaten ez denagatik, esaten dutenagatik baino. Uler bedi, Carson McCullersen literaturak, pertsonaiak begien aurrean jartzen dizkigu, baina haien gainean idatzi gabe, haiei uzten dielako hitz egiten.

Amerika sakoneko giroa gustuko duen irakurleak gogoz irentsiko ditu testuok. Carson McCullersen hauek irakurtzean bai baitirudi era berean leitzen dituzula William Faulkner edo Flannery O'Connor hegoaldetarrak.]]>
<![CDATA[Bestearen parean ni]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2027/041/001/2020-11-01/bestearen_parean_ni.htm Sun, 01 Nov 2020 00:00:00 +0100 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2027/041/001/2020-11-01/bestearen_parean_ni.htm Bahiketa lana da. Liburuko azalean agertzen dira eleberria interpretatzeko bi klabeak: hitz bakarreko izenburuak laburbiltzen du lanaren trama, eta irudiak bi gizonezkoren arteko kontrajarrera iradokitzen du. Izan ere, nobelaren narratzailea Edu da, Matxin lagunarekin batera Hego Amerikan atzerriratua bizi den gizon heldu euskaldun bat. Lehen begi kolpean pentsarazten duenez, bi kideetako bat desagertu egingo da ustekabean, eta bestearen ahotik jasoko ditugu desagertuaren irudia eta haren faltaren inguruko hausnarketak.

Horrela, Eduk Matxinen gainean egindako barne-bakarrizketa bilakatuko da nobelaren osotasuna. Azken finean, maitasun harremanei, laguntasuneko zein bikote gisakoak, egindako maitasun kantu bat da lana, baina kantu hori beste kidearen deskribapen jardun bilakatuko da, eta deskripzio hori ispilu-jolasean oinarrituko da; ikusgarri egingo baita besteengan eraikitzen den irudia norberaren proiekzioa izan ohi dela usu. Zentzu horretan, irakurleak tramaren amaieran jakingo du Eduk Matxinen ikuspegi desitxuratua, idealizatua, eskaini duela. Puntu interesgarria da nola uzten dituen inkontzienteak agerian narratzailearen beldurrak, obsesioak, eta abarrak laguna definitzerakoan.

Kontrapuntu gisa, ez dirudi oso egokia laguna definitze horretan narratzaileak izaten dituen digresio politikoen pilaketak. Azalduko dut: narratzaileak, Matxinen aitzakian, burura datozkion hainbat gai jorratzen ditu (Euskal Herriaren turistifikazioa, marxismoaren baitako matxismoa, etab.), kontakizunak berez horretarako bide gehiegirik eman gabe. Izan ere, gai horiek isolatuta ageri dira, protagonistak oroitzapen modura iradokitzen dituelarik, hizpide bilakatu eta haien gaineko diskurtsoa plazaratzen du. Kontua da, beraz, bereziki harira etorri gabe egiten dela. Ni neu pasarte horiek kontakizunetik atera naute.

Beste alde batetik, narratzaileak bere buruari traizio egin dion sentsazioa ere izan dut. Eduren eta Matxinen harreman horretan, anbiguotasuna da nagusi: lagunak eta maitasun librea bizi duten maitaleak dira, eta, harreman anbibalente horren bitartez, harreman heteropatriarkalak eraisteko formulak erakutsi nahi ditu narratzaileak nobelan. Kontua da, ordea, eredu heteropatriarkalaren kontra eraikitzen den hartu-eman berri horretan ere desira sexual maskulinoaren inguruan ardazten direla gertakari guztiak hemen; adibidez, Eduk Matxinekiko erakusten duen lilura hark gizonekin zein bereziki emakumezkoekin ligatzeko erakusten duen gaitasuna da. Beraz, gizonezkoen ahotsa bilakatzen da erdigunea narrazioan, eta falozentrismoa gailentzen da bertan.

Irakurketa gisa, Luzarragak jakin du suspenseari ondo eusten, desagerpenaren arrazoiak aletu arte. Irakurketa arina eta entretenigarria egiten da Bahiketa-rena; are, hausnarketarako bidea zabaltzen dute hiztunen jarrera zenbaitek, baina aipatu ditudan ahultasun horiek irakurketa bakarreko testu egiten dutela iruditzen zait.]]>
<![CDATA[Etorri gaitun, segi dezagun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/037/001/2020-10-18/etorri_gaitun_segi_dezagun.htm Sun, 18 Oct 2020 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/1932/037/001/2020-10-18/etorri_gaitun_segi_dezagun.htm Ura badoa maldan behera (1996) Ernestina de Champourcin V. Poesia Sariketa irabazi zuen lan honi esker; eta Ontzi iluna (1999), XXIX. Irun Hiria Literatur Sariaren irabazle izan zen. Hartara, idazle ezaguna da poesiaren bueltan dabiltzan editoreentzat: Santiagon argitaratutako A ponte das palabras, Poesia Vasca 1990-2000. Hitzezko Zubia, euskal poesia 1990-2000 antologian parte hartu du. Zurgai poesia aldizkariak ere argitaratu ditu bere poemak. Hain zuzen, horregatik guztiagatik da Diazena poesiaren alorrean Alberdania argitaletxeak azken aldian argitaratu duen poesia lan bakarra.

Ikasturtea poesia lan batekin hasteko, ez da aukera txarra Sano erradikal liburua. Egileak esoterismoaren itzala iradokitzen du, sorginen indarra baliatuz, mundu garaikidea iraultzeko. Preseski, hala nabarmentzen du Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak: «Aldarria artearen mailara eraman du». Izan ere, sorginen festarako deia gogorarazten dute lan honetako zenbait poemak, ia konjuruen eran errezitatzeko pentsatuak dirudite: «Deserakitzen kitzen-kitzen-kitzen, desprintzesatzen satzen-satzen-satzen». Baina, kasu honetan, barren grinetatik ateratako deiadarrak badu, baita ere, etsipen puntu bat: idazleari antzematen zaio galtzen ari dela dirudien gerra batekiko ardura. Hortik dator, nire ustez, editorearen hitzen egokitasuna; artea egiteko, zauriak igurtzi behar baitira; mugitu egin behar da, norbera eta hartzailea. Eta borroka, noski, mundu parekide bateranzko guda feministarekin lotzen da hemen, egileak dagoeneko eman duen pausu bat ematera gonbidatzen dituelarik irakurleak. Testua egituratzen duten hainbat izenburuk argi uzten duten bezala: Aizan Virginia edo Nintzendu naiz, Aupa ahizpak! eta Gizon berriaren panegirikoa.

Antzekoa interpretatu du azaleko irudiaren egile Gema Arrugaetak, orbel umel bat sutan jarri baitu liburuaren azalean, eta, baiki, lan honetatik ez da irakurlea (ezta idazlea ere) osorik aterako.]]>
<![CDATA[Etorkizuna egiteko, iraganari tira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/040/005/2020-10-04/etorkizuna_egiteko_iraganari_tira.htm Sun, 04 Oct 2020 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/1971/040/005/2020-10-04/etorkizuna_egiteko_iraganari_tira.htm
Alberto Fuguet idazle txiletarrak identitatearen formazioa azaltzen dio irakurleari VHS: unas memorias liburuan, gaztaroko film gogoangarriekin memoria ariketa bat eginez; objektu berak gaztaro literarioa gogorarazten du Guillanen VHS eleberrian (Susa). Bi-biek poema futurista baten eguneratzea dirudite, objektuak ingurua iradokitzen ahal duelarik.

Aurten irakurri dudan eleberririk ausartena da Guillanena, izpiritu haustaile abangoardista horrek laguntzen baitu idazlea testu osoan zehar: esperimentazio interesgarria eskaintzen du; dagoeneko ohikoak diren nobelaren deseraikuntzatik haragoko saiakeran, ausartzen delako eraikitzen. Testua bi planotan banandua dagoela esan daiteke: batetik, orainaldian gertatzen dena, zeinetan detektibe emozional batek iraganean gertatutako hilketa baten ingurukoak argitzen dituen; eta, bestetik, idazlearen alter ego-a datekeen fikziozko pertsonaia batek Andaluziara iraganean eginiko bidaia bat kontatzen du.

Liburua, idazleak adierazi bezala, road-novel baten estiloan dago osatua; testua eleberri baten moduan irudikatua egonagatik, hala ere, post-nobela baten adibidetzat ere jo dezakegu, eleberriaren barrualdea osatzen duten elementuen aurka egiten delako (denbora, espazioa, bilbea, pertsonaia...), eta formatu asko biltzen eta tartekatzen dituelako (hainbat arte-diziplina, genero, testu-zati...).

Eta esan daiteke eleberriaren hilketaren izaera hori bere-berezkoa duela idazle donostiarrak; berak hainbatetan aitortu duen bezala, antzerkigiletzat duelako idazletzat baino gehiago bere burua, nahiz eta azkenaldian bi alde horiek geroz eta gertuago ikusten dituen bere baitan. Horrela, ugariak dira liburuan egilearen alter ego-a den narratzailearen bakarrizketa poetizatuak edota testuari izaera transtestuala ematen dioten poema zati tartekatuak, eta baita antzerkigilearengan tipikoak diren dialogo luzeen txandak, hainbat pertsonaiaren agerpenetik eratortzen diren tramak, azpi-tramak eta abar. Finean, artea arnasten da liburu honen orrialdeetan barrena. Horregatik, behar ditugun idazleen artean dago Oier Guillan, liburuan zehar idazlearen alter ego-a den pertsonaiak errepikatzen duen bezala, «poesiaz zure bizitza egin, eta bizitzaz poesia» egin egiten duelako.

Detektibe emozionalaren erreferentziak iradokitzen duen gisan, beraz, emozioen aipamena da diferentziala lan honetan, idazlearen hautu estetikoan barne-grinak direlako sorkuntzarako abiapuntua, idazketak egilearen bizipenekin eta haiekiko dituen bulkadekin eduki beharko baitu lotura derrigorrez. Bide beretik, idazleak usu aipatu du bere idazle-jardunaren jatorria: euskara ikasteko hasi omen zen euskaraz idazten, ez bizitzarako hautu bezala, nahiz eta gerora hala bilakatu zen. Hartara, antzematen da idazketak egile honentzat esangura berezia duela.]]>
<![CDATA[Kontakizun xumea, kontu handientzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2107/033/002/2020-06-28/kontakizun_xumea_kontu_handientzat.htm Sun, 28 Jun 2020 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2107/033/002/2020-06-28/kontakizun_xumea_kontu_handientzat.htm Argiantza-n 1980ko hamarkadako zinema-industriaren bilakaeraren alderdi bat aztertu du egileak: herri txikietako zinema aretoak jendez husten hasten diren garaian, Ramon Beitiak, hainbat zine aretoren jabe den enpresa bateko gerenteak, herriz herri hilzorian direnak bisitatu beharko ditu, enpresari diruzaleak haiekin zer egin erabaki dezan.

Kontakizunean Ramonek lanarekiko duen unadura eta nagusiarekiko mespretxua nahiz aretoetako zaindariekiko errukitasuna gailentzen dira beste sentimendu batzuen gainetik, baina, ororen buruan, bere ogibidetik eratorritako bere buruarekiko gorrotoa eta lotsa gailenduko dira; protagonistak berak bakarrizketan hausnartutakoak adibide: «Ez dut horregatik bakerik lortuko. Lotsa, atzetik segika hasiz gero, ez da berehala gelditzen. Lotsa. Lotsa da okerrena».

Egiazki, istorioaren erdigunean dagoena garai eta sektore jakin batean bizi izandakoek jasandako desesperazioa kontatzeko ahalegina da. Ramonek, bere zeregina betetzeko, on the road moduko bidaia bat egingo du Nafarroako herrietan zehar, bertako biztanleengana gerturatuz eta bertan topatzen duena eguneroko batean idatzita bilduz. Bestalde, narratzailearen ahotsak Beitiaren hausnarketak osatuko ditu.

Aipatu dut liburu xumea egin duela Lizarraldek, eta horren sorburua estiloarekin loturik dagoela. Errepide kontakizun bat izanik, Ramon Beitiak zinema munduari lotuta ezagutuko dituen herritarren berri emango digula aipatu dugu, baina, horretaz harago, kaminoan barrena aurkituko dituen lekuak eta Nafarroa plural bateko bizimoduak ere (baserritarren egitekoak, ostalaritzako lanak, eta abar) deskribatuko ditu. Hortik datorkio apaltasuna lanari, Lizarraldek, nahita edo nahigabe, narrazioa osatzerakoan omendu dituen askotariko langileenganakoa. Begirada goibelez baina duintasunez antzematen baititu protagonistak inguratzen duten laborariak.

Handinahitasunetik urrun den kontakizun honetan estiloan ere eragina du edukiak. Martxa geldoko idatzia da idazle zumarragarrarena azkenetan dagoen mundu baten deskribapen honetan. Amaiera aldera gauzatuko da gibel-oihal hori, metafora gisa: aurrez espero duen baina heltzean ziurtatuko duen desesperazioak Beitiaren animoak higatuko ditu, bidaia geroz eta nekezagoa eginez. Azkenean, zalapartarik atera gabe, ia antzeman ezinezko moduan, Beitiaren amaiera ere iritsiko baita, bere burua, naturaz eta bakardadez inguraturik joaten utziko duenean.

Paradisu zinema-ren omenaldi gogorra dugu euskal letretako hau; film italiarraren begirada nostalgikotik urrun, eremuko langileentzat neurgarria dena islatzen saiatzen da egilea, emoziotik urrunduz, arrazoira gerturatuz. Irakurketa gogorra, baina beharrezkoa.]]>
<![CDATA[Minari galdezka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/041/001/2020-06-14/minari_galdezka.htm Sun, 14 Jun 2020 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/1960/041/001/2020-06-14/minari_galdezka.htm Hondamuinean. Sei hilabete georago komikia irakurtzean- euskaraz duela hilabete batzuk aurkeztu zen, Farmazia Neltza argitaletxeak argitaratu du, eta Koldo Izagirrek egin du itzulpena-. Rechen marrazkietako estetika freskoak baliagarri egiten die tarteko adineko gazte batzuen eguneroko bizitza kontatzen duen testua irakurle helduenei, baina baita gazteagoei ere.

Marrazkigile best-sellerrak bere alter egoaren eta lagun-kuadrillaren eguneroko bizitza irudikatzen du lan honetan; eta, egilearen beste liburu batzuetan bezala, protagonistaren lagun diren hainbat pertsonaia animalia itxurarekin agertzen dira; horiek, norbanakoaren kontzientzian eragiten duen sentimendu toxikoak irudikatzen dituzte. Italiarra ezaguna egin zuen Armadilloaren iragarpena [La profezia dell'armadillo] lana aurkezterakoan, egileak argitu zuen animalia horien presentziaren zentzua, beraren kontzientziaren irudikapen gisa aurkeztuz; bere baitara itzultzen den animalia, beraz, era metaforikoan baliatzen du.

Horri gehituz, Hondamuinean ale honetan, istorioa bi planotan banatzen du egileak, batetik, dagoeneko aipatu den lagun taldearen eguneroko bizitzaren narrazioa egiten den plano nagusia dugu; bestetik, onirismotik gertu dagoen planoak -Zerocalcareren beraren literatur-lan bat irudikatu dezakeen planoa?-, zeina plano nagusiarekin elkarrizketan osatzen baita, mundu fantastiko batean gauzatzen den istorio paralelo batek osatzen du. Bigarren mailako plano horretan ere, alegoria moduko bat osatzen da lehen planoko pertsonaiak bigarren plano horretan objektu bilakatuz; horrela, tramaren garapenarekin batera, egileak laguntasunari buruzko irakaspen bat plazaratzen du amaieran.

Izan ere, azken batean, lana maitasunaren apologia bat da: testu nagusiaren trama eduki politikoz osatua dela esan daiteke, azken krisi ekonomikoaren eraginei nork bere aldetik erantzuten dion lagun talde bateko kideak baitira protagonistak. 178. orrialdean esaten den gisan: «80ko irakaspenetan hazi [zirenak], pairamena, engaiamendua, altruismoa, elkartasuna, indarra-beharrezkoa-denean-soilik» erabiltzen ikasi zutenak, baina ahaztu dutenak. Balio horiek berreskuratuz konponduko dituzte beren arazoak berriz lagunek.

Lan karikaturesko, bare eta dibertigarri honetan, minaren zentzura gerturatzen da Zerocalcare, eta erantzun optimista, baina ez, halabeharrez, xaloa, lortzen du.]]>
<![CDATA[Oraintsuko poesia, biharko poesia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2080/029/002/2020-05-31/oraintsuko_poesia_biharko_poesia.htm Sun, 31 May 2020 00:00:00 +0200 Aiora Sampedro https://www.berria.eus/paperekoa/2080/029/002/2020-05-31/oraintsuko_poesia_biharko_poesia.htm
COVID-19aren krisiak kulturgileei bereziki eragin diela protesta egiteko, bi greba egun hartu zituzten kulturako langileek apirilean, industria editoriala gelditu egin da bi hilabetez, baina etxerako bidalketekin hasi dira berriki. Eta hala, aurkezpenik gabe bada ere, Susak dagoeneko (bakarra ez bada ere) argitaratu ditu pare bat ale berri: Munduko Poesia Kaieren atalaren barnean, Beñat Sarasolak gidatutako bi egileren lanak euskaratu dituzte Miren Agur Meabek eta Ane Garciak, Forugh Farrokhzad irandarraren eta June Jordan estatubatuarraren poema bildumak, hurrenez hurren. Aipagai den liburuari dagokionez, Sarasola bildumaren zuzendariak hitzaurrea egin dio, poetaren bizitza azalduz, ohi bezala, apunte pertinenteak eginez pieza literarioak ulertzen laguntzeko.

Egiazki, June Jordanen bizitzak bere lan literarioa gurutzatzen du; barrenetik idatzitako poesia da, generoari, sexualitateari, arrazari edota klaseari erreferentzia egiten diona. Beraz, ahots-poetikoak lehen pertsonan hitz egiten du askotan, bai singularra, bai plurala erabiliz. Horrela, Jordanen poesiak matiz soziala hartzen du. Bestalde, hirugarren pertsona ere erabilia da, zenbait poema narratiboago emateko, gertuko gertakari dituenak deskribatzen jardun ohi duenean. Horrela, Jordan partaide den talde zapaldu baten zentzua gailenduz doa irakurketan, kontrajartzen zaion Beste bat eratuz, orokorrena, gizon zuriak ordezkatzen duena. Batek ezin du saihestu Adornok basakeriaren aurrean agertzen duen inpotentzia ikustea Jordanen lerroetan. «Bizitzaren halako defentsa berariazkoa eginez ezen ez baitago oraindik inor aldarrikatuko duenik babesgune hau munduko beste edozein baino gutxiago denik», dio Jordanek Hegoafrikako emakumeez aritzean.

Duela egun batzuk egunkari honek zekarren Kulturaren Euskal Behatokiaren berrian irakur zitekeen aurreikusten dela euskal kultur eragileek %40 murriztuko dituztela euren diru-sarrerak. Panorama horren aurrean, estrategia berriak saiatzen hasi dira editorialak eta liburu dendak (abian dira bazkide kanpainak, etab.). Ezin ukatu arraroa suertatzen dela lanak aurrejuzgurik gabe eskuratzea, informazio gehiagorik gabe... June Jordanek Poema bat Hego-Afrikako emakumeei olerki bat eskaintzen dien moduan, bihoazkie lerro hauek konfinamendu garaian ere liburuak etxeotara heltzeko aurrez aurre lanean aritu diren editore eta liburuzainei; haiek gabe literaturarik ez da, eztabaidarik ez da; Euskal Herritik kanpo bizi garenontzat euskal argitaletxeak, liburu dendak eta haien ekitaldiak dira euskarazko sorkuntza kulturalerako leiho sarri bakarra, editorialak eta liburu dendak dira euskarazko kulturarekiko geratzen zaigun azken katebegi humanoa.]]>