<![CDATA[Aiora Zabala | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 30 Sep 2023 09:10:37 +0200 hourly 1 <![CDATA[Aiora Zabala | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Aireari adi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/006/002/2022-06-07/aireari_adi.htm Tue, 07 Jun 2022 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1966/006/002/2022-06-07/aireari_adi.htm
Zientzia editorea nintzenean harritzen ninduen Txinatik zetorren aire poluzioari buruzko ikerketa mordoak. Bertan mende honetako garapen industrialak airea izugarri kutsatu du, eta jendearen kezka piztu. Ez da harritzekoa. Londresen 1950eko hamarkadan zuten smog-a oroitarazten du Pekingo giroak: zerua ez ohi da guztiz gardena. Gaia komunikabideetan hedatu baino lehen, askok sinesten zuten hura laino naturala zela.

Muturreko fenomenoak balio digute sumatzeko aurrean daukaguna baina ikusezina dena. Airea kutsatzen duten poluitzaile askoren artean, PM2.5 da kezkagarriena azkenaldian, bai Txinan, bai Europako hirietan. Tamainaz 2.5 mikra baino txikiago diren partikulak dira, hautsa baino txikiagoak, biriketan eta organismoan erraz sar daitezkeenak. Planetako hiritar gehienok Munduko Osasun Erakundeak gomendaturikoa baino gehiago pairatzen dugu batez beste.

Kezkagarria da bi arrazoiengatik. Lehena, PM2.5 osasun kalteekin lotu izan dutelako hainbat ikerlanek (eta asko dago ikasteke): arnaseko eta bihotzeko eritasunekin eta berriki ondorio txarrekin haurdunaldian eta arlo kognitibo eta neurologikoan. The Lancet medikuntza aldizkariak orain dela aste batzuk atera zuen txosten baten arabera, kutsadura orok munduko 6 heriotzatik bat eragiten du, eta kutsatzaile kaltegarrien artean airearenak dira nagusi. Kalteak ekarri ditzakete epe luzeko esposizioak (nahiz eta maila txikian izan) eta aldi bateko muturrekoak —neurketarako puntu garrantzitsua—.

Bigarren arrazoia da gurea bezalako herrialdeetan PM2.5 errepide garraiotik datorrela gehienbat. Trafikoa leuntzen ez den heinean poluitzailea aireratzen darrai. Zirkulazio handiko kale eta errepideetatik zenbat eta hurbilago bizi, are okerrago, iturriaren hurbiltasunarekin kontzentrazioa igotzen baita. Pentsa haurren eskola ondoan motorra pizturik itxoiten duen autoa, edo trafikoan geldo dabiltzan ehunka ibilgailuek inguruko auzoei botatzen diotena. Edo oinezkoaren parean bat-batean azeleratzen duen motoa (bide batez, gasolinaren gastua biderkatuz ere).

Honi aurre egiteko goikoak ematen ditu zantzuak: esposizioa gutxitu edota isuriak murriztu. Baina horientzako irtenbideak aurkitzeko, biak xehetasunez ezagutu behar dira.

Xehetasun hori aire kalitatearen neurketa areagotuak eman dezake. Euskal Herriko industria handiko guneetan neurketa puntuak oparoak dira beste tokiekin alderatuta, eta datu irekiak elkarbanatzen izugarri aurreratu da azken urteotan. Ez dago argi, ordea, informazioaren kategoriak eta Munduko Osasun Erakundeak iaz berrituriko gomendioa bat datozen.

Egungo teknologiak monitorizazioa hedatzea ahalbidetzen du, kutsadura maila altuak izan ditzaketen gune berri askotara iristeko. Ez da berdina airea neurtzea Pagoeta natura-parkean edo N1 errepidean, eguneroko trafiko oparoaren alboan dauden hainbat lagunen etxe parean. Neurgailuen kalibraketa delikatuak citizen science bidezko monitorizazio fidagarria zailtzen du. Baina ez da ezinezkoa. Adibidez, World Air Quality Index bezalako mapa horrelako ekarpenez beteta dago.

Arazoa xehetasunez ezagutu behar da, ongi ulertzeko eta horretaz hitz egiteko. Irtenbideak elkarrekin topatzeko.]]>
<![CDATA[Energia trantsizioa eta erabaki ausartak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/005/001/2022-05-10/energia_trantsizioa_eta_erabaki_ausartak.htm Tue, 10 May 2022 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1971/005/001/2022-05-10/energia_trantsizioa_eta_erabaki_ausartak.htm
Orain dela sei hilabete nork pentsatuko zukeen Europako herrialdeek hartuko zituztela energiaren horniduraz hartzen ari diren erabaki eskergak? Edo Espainiak eta Portugalek elektrizitatearen handizkako merkatua gasetik deslotzeari ekingo ziotela? Hori egin dute gasarekin ekoitzitako elektrizitatearen prezioari muga jarriz. Italiak ere, energia aurrezteko, aire girotua 25 gradutara mugatu du legez eraikin publikoetan. Ikusteke dago erabaki horiek nola garatzen diren eta zer-nolako ondorioak dakartzaten gerora. Baina eskala handiko erabaki ausartak dira zalantzarik gabe.

Energia trantsizioak munduan erabiltzen den energia gehiena berriztagarrietatik eskuratzea du helburu. Klima larrialdiari aurre egiteko ezinbesteko bilakaera da. Munduan berriztagarrietatik etorritako energia primarioa elektrizitatea ekoizteko, berotzeko eta garraiorako %13 izan zela kalkulatu zen 2020rako. Aurreko urtean baino bi puntu gorago, baina oraindik bide luzea egiteke.

Apirilean IPCCk argitaraturiko txostena gerrak ilundu zuen komunikabideetan. Baina gauza garrantzitsu eta berriak dizkio. Karbono isuriak murriztu behar direla. Badakigu. Gaur egin behar dela eta ez bihar, dio txostenaren harira Inger Andersenek. Ehunka zientzialariren sei urtetako lana da, mila ikerlan baino gehiago laburtuta. Berotegi efektuko gasen banaketari buruzko xehetasun handia dakar. Adibidez, munduko pertsona aberatsenen ehuneko txiki bat isurien erdien arduradun dela dio gizarte klaseen arabera desberdintzen dela banaketa, ez bakarrik herrialdeen arabera.

Irtenbideei buruzko xehetasun handia dakar IPCC txostenak. Irtenbide nagusiak zerrendatzen ditu, eta haien kostuak edo irabazi garbiak erakusten ditu, eta baita haien potentziala ere. Azkeneko hori erabat baliagarria da. COP26 inguruan eta oro har azken urteetan egindako hainbat net-zero promesak ez baitira ezer, plan zehatzik gabe. Irtenbideetan hiru nabarmen dira, kostu baxu edo negatiboarengatik eta emaitza potentzial handiengatik: berriztagarriak, energia eraginkortasuna eta ekosistemak zaintzea, lur-erabilera aldaketak dakartzan isuriak ekiditeko.

Irtenbideetan egiten diren inbertsioak eta beharko liratekeenak ere ondoan jartzen ditu txostenak. Inbertsio asko berriztagarrietan egiten ari dira, eta gehiago behar dira. Energia eraginkortasunean bezainbesteko kopurua behar da, baina inbertitzen dena ñimiñoa da konparazioz. Eraginkortasunean lan izugarria dago egiteke. IPCC txostenetik kanpo begiratzean inbertsioen ikuspegia latzagoa da. Izan ere, berriztagarrietan egiten diren inbertsioak handiak diren arren, petrolio eta gas industriara oraindik doazenak hainbat bider handiagoak dira, mundu mailan.

Eraldaketa erradikalak posible dira. Horietako asko onerako. Azkenaldian ikusi ditugun erabaki ausartak larrialdi belikoak eta osasun larrialdiak bultzatu dituzte. Hobe hurrengo eraldaketa potoloak guk erabakitzen baditugu berandu baino lehen, gertaera berriek haietara bultzatzen gaituzten arte itxaron gabe.]]>
<![CDATA[Saharako ongarria gure platerean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/008/001/2022-04-12/saharako_ongarria_gure_platerean.htm Tue, 12 Apr 2022 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1971/008/001/2022-04-12/saharako_ongarria_gure_platerean.htm
Basamortu horretatik etorritako harea fosforoan aberatsa da. Ekosistemak emankorrago egiten ditu, pittin bat bada ere. Fosforoa da nekazaritzako ongarrien funtsezko makroelikagaia, nitrogenoa eta potasioarekin batera. Nekazaritza intentsiboak hiru elementu horiek hornitzeko ongarri mineralak darabiltza gehienbat. Fosforodun ongarriak ekoizteko modu nagusia da fosfato arroka erauzi eta kimikoki prozesatzea. Meatzaritza industria horrek giza eta ingurumen katastrofe eredugarria eragin zuen jada Nauru uhartean.

Marokon eta Mendebaldeko Saharan fosfato arrokaren munduko %70 dagoela estimatzen da. Gutxi gorabeherako estimazioak diren arren eta gehiena Marokoko lurraldean omen badago ere, Mendebaldeko Saharan dagoena, Bukraan, kalitate onekoa da, eta errazagoa erauzteko. Fosfato arroka itsasontzietan bidaltzen da beste kontinenteetan prozesatzera, Indiara adibidez. Industria horietatik ongarri zakuak munduan zehar banatzen dira nekazaritza intentsiboa ahalbidetzeko. Baliabide geoestrategiko baten halako kontzentrazioaren esangura zaila da hitzetan jartzea: petrolio gehien duten bi herrialdeak erreserben herenera ez dira iristen.

Mendebaldeko Sahararen gaineko gatazkaren arrazoiak hainbat dira. Edozein gatazkan dauden aktore bezainbeste narratiba izan ohi dira —kasurako, nortasuna, bidegabekeriak, egin diren azpiegituren inbertsioak, eta abar luzea—. Lurralde horrek duen aberastasun naturalak ulergarriagoa egin dezake kanpotarrek lurrarekiko duten grina (ez, ordea, hura justifikatu). Ingurumen gatazkei buruzko ikerketak dio baliabide naturalak ez direla normalki gatazken zergati bakarra. Baina baliabide horiek, hala nola ura edo mineralak, erabakigarriak izan daitezke. Diplomazian beste askotariko gaiekin nahasten dira, inplizituki eta aldizka esplizituki ere bai.

Nekazaritza intentsiboak, fosfato arrokaren menpe egoteaz gain, gas naturala behar du; gasa eta airea nahasten dira ongarri zakuen nitrogenodun osagaia ekoizteko. Nitrogeno ongarrien ekoizpenak eta nekazaritzan erabiltzeak negutegi efektuko gasen isuriak areagotzen dituzte. Paradoxa da gatazkekin zerikusia duten mineralek eta erregai fosilek ahalbidetzen dituztela eguneroko barazkiak.

Gure janariaren platera ongarri mineralez eta erregai fosilez garbitzeko hainbat modu daude, eta askori ekiten ari zaie. Hauetako bat elikagaien hautapena da. Adibidez, ongarri inorganikoak guztiz (edo ia) ekiditen dituzten praktikekin hazitako produktuak, edota nekazaritza birsortzailearen bidez eginikoak, prozesu biologikoetatik datozen ongarriekin, abeltzaintzatik ere bai. Gainera, hainbat eragileen esku dago fosforoa modu eraginkorragoan erabiltzea edota uretara joaten dena birziklatzeko teknikak hausnartzea. Besterik gabe, denen esku dago janaria ez botatzea. Inpaktu gehien duen jakia elikatzeko erabiltzen ez dena baita.]]>
<![CDATA[Plastikoak agurtzeko ituna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/008/001/2022-03-15/plastikoak_agurtzeko_ituna.htm Tue, 15 Mar 2022 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1924/008/001/2022-03-15/plastikoak_agurtzeko_ituna.htm
Nazioarteko hitzarmen batek plastikoen kutsadura ezabatzeko itxaropena handitu berri du. 175 herrialdetako ordezkariek erabaki historikoa hartu zuten hilaren hasieran: plastikoak murrizteko ituna 2024. urterako garatzea. Lorpen galanta da. Klima eta bioaniztasunaren itunak aspalditik daude, baina basoei buruzko bat, adibidez, luzaro eztabaidatu izan da, eta ez da erabakirik hartu.

Plastikoen arazoaz hainbat kontu entzun eta ikusi dugu. Haren geruza geologiko batek markatuko du Antropozenoa, eta munduan plastisfera sortu da (plastikoaren gainean hazten diren organismoena). Amatxik gaztetan plastikoa ezagutu ez zuen arren, gaur elikagaien zorroan, mugikorrean eta hau gordetzen duen sakelako oihalean dago. Puskak eta partikulak ingurumenean bukatzen dute (zabortegian edo toki okerragoetan), hainbat urtez degradatu gabe iraunez. Mikroplastikoak non bilatu, han aurkitu dituzte: Pirinioetako airean, Artikoan, plazentan... Plastikoa non eta nola dagoen geroz eta gehiago dakigu, baina osasunean duen eraginei buruzko ikerketa urria da oraindik.

Plastikoa murrizteko mundu mailako ituna 2024rako garatzea espero da. Legez loteslea izango da, eta plastikoen bizi ziklo osoa barne hartuko du, ekoizpenetik zaborrera. Bi ezaugarriak esanguratsuak dira. Loteslea izanik, klimaren eta bioaniztasunaren itunak baino indartsuagoa izango da. Hortaz, merkurio kutsadura kentzeko Minamatako hitzarmenaren antza du, eta batzuen aburuz, ozonoarekiko egon zen kemena ere (gogoratu Montrealgo protokoloaren ondoren ozono zuloa konpondu zela).

Bizi zikloaren harira, plastikoen kutsadura murrizteko bi estrategia bultzatzen dira. Batetik, plastikoaren ekoizpena eta beharra gutxitzea, ekodiseinua, material desberdinak eta kontsumitzaileen jokabideak tarteko. Bestetik, zaborra kudeatzea, ekonomia zirkularra bultzatuz (birziklatzea, berrerabilpena eta abar). Hori batzuei komeni zaie, ekoizpen moduak dauden bezalatsu mantentzea ahalbidetzen baitu. Baina erabateko zirkulartasuna utopikoa da, ekonomia entropikoa baita; materialen eta energiaren kalitatea eraldaketekin gutxitu ohi da.

Adostu berri diren lau orri hauek negoziazioa ireki besterik ez dute egiten. Bidean hainbat zehaztasun eztabaidatu beharko dira: plastikoak noizko murriztu, zein heinean, zeintzuk debekatuko diren, zergak eta laguntzak nola esleitu, ekosistemetan dagoen plastikoa nork bildu, biodegradagarritasuna nola erregulatu, eta abar. Baina ingurumenari buruzko albiste onak halakoak dira; aurrerapenak ez dira bonba bat bezain astingarriak.

Datorren itunak hainbat eragileren ahaleginak norabide berean bideratuko ditu. Kimika, petrolio eta manufaktura-industrientzat eta salmenta sektorearentzat seinalea da, baita errausketarentzat ere; alternatiben bilaketa biziagotu behar duten seinalea.

Berrogeita hamar bat urtean bazter guztietara zabaldu diren bezala, plastikoak (gaur erabiltzen ditugun moduan) arin desagertzeko bidean daude. Gure ondorengoek eta planetak eskertuko dute.]]>
<![CDATA[Naturaz mintzo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2073/005/002/2022-02-15/naturaz_mintzo.htm Tue, 15 Feb 2022 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/2073/005/002/2022-02-15/naturaz_mintzo.htm
Arestian ikasle batek zera galdetu zidan: zein motibazio daukate enpresek eta gobernuek ingurumen politikei ekiteko, kostuak dakarzkie eta? Funtsezkoa zein garrantzitsua galdera hori. Batetik, garaituta sentitu nintzen, ikasgai osoa bukatu ostean jasotako galdera hori nire irakasle lana ongi egin ez izanaren adierazletzat hartuta. Bestetik, pentsatu nuen, begiak ireki besterik ez da egin behar, ekimenoi ekiten ez badiete, zer gertatzen den eta gertatu daitekeen igartzeko, naturari zein berorren baitan dihardugun gizaki eta enpresei.

Horra Pelloren hitzak oroitu eta garatzeko aukera polita, naturaren mintzoa aditzearenak. Bereizketa hau egin nahi duenarentzat, ezagutza tradizionala zein jasoa biltzen dituen jarduera xume eta garrantzitsu hori goraipatuz.

Natura mintzo dabil, pinudietan hautsitako enbor eta adarrek onddoen izurritea dagoela adierazten dutenean. Landareak ohi baino hilabete bat lehenago loratzen direnean. Ibilgailuen aurreko kristalean pilatzen ziren intsektuen arrastorik jada ez dagoenean. Eurite oparoek ibaiertz eta hondartzetan plastiko hondakin metak agerrarazten dituztenean. Azpiegituren eraikuntzak iturriak lehortzen dituenean. Makroetxaldeen nitrogeno isuriak urak berdatzen dituztenean.

Urrutiko natura mintzo dabil ere, gure gailu elektronikoak asetzeko meategien kutsadura Andeetako urak loditzen dituenean. Himalaiako glaziarren urtzeak herritxoak suntsitzerakoan. Eguneroko elikagaien ekoizpena dela tarte, Indonesiako suteen keak ehunka kilometrora airea iluntzen duenean. Peruko kostaldeak eta animaliak galipotaz estaltzen direnean. Gure zentzumenetik aparte dagoenez, zailago zaigu mintzo hura hautematea, baina mintzoa hor dago.

Horiek denak kostuak dira, horietako askok enpresei zuzenean eragiten ez badiete ere.

Natura mintzo dabil ere, gure ahaleginen ondoren hirietan ibai eta erreketako ura garbi datorrenean berriz. Bakean utzita, zuhaitzak eta zuhaixkak belardietan hedatu eta animaliak herrietara hurbiltzen direnean. Pestizidak baztertuta, marigorringoak baratzera itzultzen direnean. Autoen erabilera murriztu ondoren, hiriko airea garbi usaintzen duenean. Ahalegin arduratsuekin lurzorua berreskuratzen denean. Hondartza aldi bakoitzean bisitatzerakoan ilunabarreko hodeien koloreak eta mugimenduak ikuskizun erabat desberdina eskaintzen dutenean.

Naturak dioskuna ez da zaila antzemateko. Bizitzako beste arloetan bezala, baten batek zailtzat emateagatik hura ikasi edo ikusi nahi ez badu, orduan, itsu eta gor, etorkizunak ez du ikuspegi onik. Bai, naturaren mintzoak konplexutasun asko du, eta inguratzen gaituen guztiari buruz dihardu: airea, ura, lurra, landareak, pertsonak. Baina hura aditzeko, zentzumenak ireki besterik ez da egin behar, erne, adi edota, modernitatez janztearren, mindful ibili.]]>
<![CDATA[Nuklear iraunkorra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/006/002/2022-01-18/nuklear_iraunkorra.htm Tue, 18 Jan 2022 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/2016/006/002/2022-01-18/nuklear_iraunkorra.htm
Energia nuklearra inbertsio jasangarrien zerrendan sartzea proposatu du EBk, etiketa berdea ipiniz. Ez da etiketa zientifikoa, finantza-jarduerarako baizik. Proposamenak ondorio praktiko handiak izan ditzake, inbertsioak erabakitzeko eta enpresak bere txosten publikoetan adierazteko balioko baitu. Aurrera balihoa, haize, eguzki edo uraren energia ustiatzeko proiektu bat eta uranioa darabilen beste bat funts berdinetatik dirua jasotzeko lehiatuko lirakete, Green Deal arloetako kantitate itzeletatik.

Piztutako zurrunbiloaren ondorioz, EBk astebete pasatxo luzatu du erreakzioak bildu eta aurrera joateko epea, aste honetara. Europako estatuek zeresan handia dute, eta aurka egon zitezkeenak gehiengoa dira oraingoz. Espainia aurka, Frantzia alde.

Interes ekonomiko handidunak ez dira nuklearraren alde dauden bakarrak. Profesionalak eta gazteen artean ere aldekoak daude. Klima aldaketarekiko kezkaren ondorioz beste ingurumen kontuak bigarren mailakoak omen dira batzuentzat.

Horrelakorik defendatzea mendi eta leize-zaleek ongi dakiten funtsezko araua hausten du: arriskua topatzerakoan, erabakiak bizkor baina zuhur, izurik gabe hartu behar dira, beste arazo latzak edo latzagoak ez sortzearren. Horixe da ingurumen arazoak konpontzeko zailtasun handienetakoa, planeta liluragarri honetan hainbat gauza eta bizidun elkar lotuta daudela. Beraz, arazo batentzako irtenbideak beste auzi batzuk sortu ditzake eta edozein erabakietan hainbat faktore hartu behar dira kontutan.

Istripu nuklearren arriskuaren gaineko ikerketa oparoa da, beste hainbat sektoreetako arriskuenaren parekoa. Bestalde, hondakinentzako ez da ezagutzen irtenbide iraunkorrik. Iraunkorrak goi-mailako hondakin erradioaktiboak dira: gutxi, baina hamarna mila urtez arriskutsuak. Zenbaitetan geologo eta ingeniariak entzun ditut gordailu geologikoei buruz hitz egiten, ziurtasunez. Historialariak eta politika zientzialariak adituko nituzke honetan: etorkizunean hondakinen biltegiak osorik darraitela bermatzeko, arrisku honetaz ohartarazten duen instituzioa beharko litzateke (edo ulergarria den oharra, edo hizkuntza). Ezagutzen al da hamar edo ehun mila urtez iraun duen instituziorik? Estatu modernoak adibidez, mende gutxi batzuk dituzte. Unibertsitate zaharrenak ia mila urte. Eliza katolikoak, ia bi mila. Horiek sortu zirenean hondakin nuklearrak gorde izan balira, erradioaktibitate maila segurura iristeko behar den denboraren parte txiki bat iragan zitekeen egundaino. Egiptoko piramideetan gorde izan balira, arriskuaren estimaturiko biziraupenaren erdira iritsi izango ziren. Hondakinak hurrengo belaunaldientzako seguru izatea adarbakar baten menpe dago, hamar mila urte iraun dezakeen instituzio mitologikoaren esperoan.

Iraunkortasuna klimari dagokiona baino askoz ere gehiago da. Garraioen elektrifikazioa datorrenez, elektrizitatea oparo eskatuko da eta edozein ekoizpen moduk alde txarrak dauzka. Panel fotovoltaikoek lur arraroak eta inpaktua duten beste materialak behar dituzte, parke eolikoen kokapena ez ohi da erraza... baina gizarteak erabaki behar du zer nolako ondorioak diren onargarri guretzat eta datozenentzat, eta zenbat denboran.]]>
<![CDATA[Uholdeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1995/007/001/2021-12-21/uholdeak.htm Tue, 21 Dec 2021 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1995/007/001/2021-12-21/uholdeak.htm
Uholdeei buruz idazten tentuz ibili nahi nuke. Galera pertsonalak izan dituztenak aintzat hartuta gehienbat; baita kalte materialak jasan dituztenak ere, jo eta su erreskatean ibili direnak eta garbiketan dabiltzanak, arrisku eta alerta planak kudeatzen dituztenak, eta ikarak edota ziurgabetasunak jota ezinegonean izan direnak eta daudenak. Arrotxapeko piraguistaren eta auzolanean aritutakoen baikortasuna eredu hartuz, gertaera hauei aurrez begiratu behar, ordea. Ez horrenbeste naturaren fenomeno indartsuak behatzeak askori pizten digun zirraragatik, baizik eta hainbaten bizitza aztoratu eta aztoratuko dutelako.

Tentuz, era berean, eguraldi euritsu luze hau klima aldaketaren ondorio dela doitasunez jakitea ez delako erraza. Itzulera-denboraldia teknizismoaren arabera, neurri bateko euriteak eta uholdeen zabalerak hainbat urtetik behin gertatzea espero daiteke: leunagoak hamar urtetik behin, egundokoak ehun urtetik behin, eta abar. World Weather Attribution bezalako ikerlan proiektu erraldoiak dabiltza jazoera zehatzei buruzko horrelako galderak ahalik eta azkarren erantzuten. Proiektu honen arabera, Alemanian udako uholdeak eragin zituen prezipitazioa laurehun urtetik behin espero zitekeen, klima aldaketarik gabe. Aldaketa klimatikoak horrelako epealdiak murrizten ditu; beraz, muturreko fenomenoak maizago espero daitezke.

Prezipitazio hauen aldaketen ondorioak aurreikustea are zailagoa da, tokian tokiko ezaugarriak eta giza faktoreak sartzen direlako. Funtsezko zergatia mundu mailako negutegi efektuko gasen isurpenak direnez, norbanakoei ezer egitea ezinezkoa irudituko zaigu. Beldurrez edo frustrazioz, etsita sentitu gaitezke.

Giza faktorea tartean dagoelarik, ordea, erantzuna gure esku sartzen da bete-betean. Honek esan nahi du ez dagoela etsipenerako tokirik, ekimenerako baizik, baita klima aldaketa bezalako erraldoi baten aurrean ere. Katrina urakanak baliabide gutxieneko familiak ebakuatzeko laguntza behar dutela erakutsi zuen. Kentuckyko tornadoen ondorioak larrialdi meteorologikoetan lantegietan neurriak hartzearen garrantzia oroitarazi du. Gastu ekonomiko gisa hartzen diren neurriek benetako irabaziak edota kalte-saihesteak ekarri ditzakete gero. Iaz Frantziako Alpe Maritimoetan Alex ekaitzak birrindutako hainbat errepide berreraikitzen dihardute oraindik. Kalteak ekiditeko gastuak etorkizunerako aurrezpen itzelak izan zitezkeela erakusten du. Euskadiko Uraren Agentziaren online mapan, adibidez 10, 100 eta 500 urtetik behin urpetu litezkeen tokiak erraz ikus daitezke —zuhur ibiltzeko erabat lagungarri—. Gune aldapatsuetan dagoen lur estaldurak (landaredia, zuhaiztiak) eta azpiegiturek zeresan handia daukatela ere badakigu.

Aipu berezia aldiriek merezi dute. Mendaro errepidez isolatuta gelditu zelarik, trenak jarraitu zuen, fidagarri. Gabirian, bestalde, zerbitzua moztu behar izan zen, agian trenbidearen inguruko landaredia ongi mantendu ez izanagatik. Hortaz, hasierako lagunen zerrendan, mendiak eta zuhaitzak poliki zaintzen dituztenak ere sartuko nituzke. Madril eta Donostia ziztuan lotuko dituen inbertsioaren frakzio bat eguneroko trenbideak mantentzera bideratuko balitz...]]>
<![CDATA[Beharrak eta planetaren mugak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1995/008/002/2021-11-23/beharrak_eta_planetaren_mugak.htm Tue, 23 Nov 2021 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1995/008/002/2021-11-23/beharrak_eta_planetaren_mugak.htm
Datuak ikusita, Espainian adibidez, nitrogenoaren zikloa eta materialen erabilera erabat aztoratuta dabiltza, bertako ekosistemek eman eta kudea dezaketenaren aldean. Fosforoaren zikloan hobekuntza handiak egin dira. Frantzian, nitrogenoa eta karbono isuriak ere nabarmen dira, gaindituriko beste mugen artean.

Giza garapenaren hamaika adierazle ikusita (hala nola hezkuntza, osasuna, berdintasuna), bi estatuetan ia beharrezkotasun guztiak asetzen dira, enpleguari buruzkoa ezezik.

Munduko batez besteko datuei so, baliabide naturalak oinarrizko giza beharrak asetzen diren baino azkarrago xahutzen dira. Naturaren mugak erabat gainditu diren arren, hainbat giza adierazle ez dira ase oraindik, besteak beste, gutxieneko hezkuntza eta diru sarrerak edukitzea, energia eta garbitasun zerbitzuak eskuragarri izatea.

Pandemiatik ekonomia berreskuratzeko helburuak hainbat izan daitezke. Ohiko makroekonomiaren adierazle hertsietatik at joan nahi izanez gero (adibidez, berreskurapen berde eta erresilientea nahi izanez gero), irizpideak konplexuak izan daitezke. Bioekonomia, ekonomia zirkularra, ekonomia berdea... planetarekin bakean jarduten saiatzeko modeloak hainbat dira: animalia eta landareetan oinarritutako ekoizpena eta kontsumoa bata, birziklapenean oinarritutakoa bestea, eta industria kutsatzaileetatik aldentzen diren inbertsioak bultzatzen dituena hirugarrena. Beste ikerlan berri baten arabera, ekonomiaren hiru modelo hauetatik bakar batek ez luke gizartea jasangarri bihurtuko—nahiz eta denak lagundu dezaketen.

Erroskillaren ekonomia (doughnut economics) planetaren mugak eta gizakien beharrak biltzen dituen hasierako ikerlanaren funtsa da. Izen xelebre eta adierazle multzo nahiko sinple batekin, ekonomia berreskuratzeko norabideak aurkitzen lagundu dezake. Erroskillaren barneko ertza gizakien gutxieneko beharrak dira. Haren kanpoko ertza, bestalde, planetaren mugak. Erroskilla barnean egon nahi genuke: ez zuloan, ezta kanpoaldean ere. Gobernantzan honelako ideia egituratuz jakin genezake zein neurritaraino lortzen dugun ongizatea, ingurumenarekin zuhur ibili bitartean. Amsterdameko udaletxeak hala egin du dagoeneko.

Munduko estatu batek ere bere osotasunean ez du lortu ongi bizitzeko aukerak planetaren mugen barnean bermatzea. Baina ausartuko nintzateke esatera beste maila batzuetan asko oso hurbil daudela (hiri edota etxalde mailan). Erronka da eredu horiek aurkitu eta nabarmentzea, eta bi gai handi hauek bateratzea norbanakoaren esku ere badagoela onartzea, adibidez Gabonetako opariak hautatzean. Pertsona hobeak edo zoriontsuak izateak ez luke planeta kostatu behar.]]>
<![CDATA[Bost egun klimarentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/006/002/2021-10-26/bost_egun_klimarentzat.htm Tue, 26 Oct 2021 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1932/006/002/2021-10-26/bost_egun_klimarentzat.htm
Greta Thunbergek 375 ppm-ean jaiotakoa bezala aurkezten du bere burua. Hori zen bera jaiotako urtean munduko batez besteko CO2 kontzentrazioa. Ni, 342 ppm-ean eta urte berean, Exxon-eko zientzialariek gaur egungoa doitasunez asmatu zuten: 414 ppm. Iragarpen lan ikaragarri ona. Zoritxarrez, arlo pribatuan ikerkuntza emaitzak ikaragarri isilaraz daitezke.

Hemendik bost egunera, Glasgowen COP26 bilera hasiko da. Erresuma Batuko kaleetan koronabirusa jada desagertu dela dirudi musukoak arraroak baitira (infekzio tasa biderkatu den arren). Beste krisi bati aurre egiteko prestaketetan daude: Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko antolakunde nagusiaren partaideen konferentzia munduko presidenteak biltzekotan dago.

Ingurumen negoziazio hauek mugitzen dituzten baliabideak itzelak dira. Honako honetan 25.000 pertsona inguru espero dira: politikariak, zientzialariak, gizarte zibila, kazetariak, industria ordezkariak... zurrunbiloan eta kakofonian. Zientzialarientzat, politikariek adieraziko dutena ez da berria izango. Herritarrentzat, adosten dutena gutxi izango da. Aspaldi pentsatu ohi nuen: ezer mamiduna lortuko ez bada, ez al litzateke hobe errekurtso horiek beste zerbaitetan erabiltzea, adibidez, zuzenean ekosistemak leheneratzen? Urteak pasatu ahala, nazioarteko ingurumen negoziazioen balioa ulertuz noa. Koordinatu eta kooperatu dezaten, interes desberdineko ordezkariak eta negoziatzaileak elkarretaratzeak eta norabide berean begiratzen jartzeak badu balioa. Balio sinbolikoa bada ere.

Negoziazio hauen eredutzat hartzen da 1980ko hamarkadako ozono geruzarena. Ozono osagaien debekuaren aurka zegoen industria, erabat. Baina enpresa handienetako batek ozono produktuen ordezko bat asmatu zuenean (lehiakortasun abantaila eman ziezaiokeena), negoziazioak arin bideratu ziren arrakastara. Berotegi efektuko isurien kontrola askoz ere konplexuagoa da, iturriak (eta gasak) hainbat direlako. Bi errudun izendatzekotan, ikatza eta garraioa lirateke. Ikatzarengatiko isuriekin ez dakit zer gertatuko den. Baina garraioan paralelismoa gerta zitekeen neurri batean. Auto elektrikoen negozioa emankorra dela ikusita, industriaren lobbya gradualki eraldatu daiteke. Gero, teknologia berriaren hondakinak kudeatzeke geldituko dira, ekonomia zirkularrak kimera baitirudi.

COP26tik espero dezakeguna isuriak murrizteko promesak dira, baikor izanik, 2030.erako gutxitze nabarmenak eta 2050erako net zero. Parisen akordatu zen neurri boluntario hau, Kyoton adostutako derrigorrezko murrizketak betearaztea zaila suertatu zelako. Negoziazioen beste emaitza positiboa, nekez lortu zitekeena, nazioarteko karbono merkatuak arautu eta bateratzeko aurrerapausoak litzateke.

Tik-tak-tik. Bost egun falta dira. Garaiz gaude oraindik uholdea leuntzeko, hondartzaren parte bat mantentzeko, uztak ez bakarrik salbatu, baizik eta hazitakoaren aniztasuna (eta bazkarien zaporeak) bilakatzeko—egokitzapenerako ahaleginak onura gehigarriak ekar baititzakete. Horretarako, eta Gretak ere esan bezala, denon iritzien eta hitzen presioa ezinbestekoa da. Nahi genituzkeen emaitzak lortuko ez badira ere, bilera honen ondoren denon lana jarraituko du. Hau bidean pauso bat besterik ez da.]]>
<![CDATA[Digitalizazio hondarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/005/001/2021-06-12/digitalizazio_hondarrak.htm Sat, 12 Jun 2021 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1950/005/001/2021-06-12/digitalizazio_hondarrak.htm
Inger Andersen UNEPen buruak dio planetaren hirugarren krisia hondakinena dela, klima aldaketarekin eta bioaniztasun galerarekin batera. Euskadiko 2020ko Ingurumena azterketaren arabera, hiruron joerak ez dira onak. Aste honetan BERRIAn irakurri dugu zabortegien edukiera ia bikoiztu beharko dela hurrengo hamarkadan. San Marko zabortegiaren historia motelari so, baikorra ezin izan.

Txikitan kalkulagailua desmuntatzea gustuko nuen, barnetik nolakoa zen ikusi ostean berreraikiz. Gaztetan, ordenagailua: piezak aldatu edo haizagailua garbitzeko. Liluragarria da osagaien konplexutasuna. Sakelan daramagun mugikorra, telesailak eskaintzen dizkigun pantaila, edaria freskatzen duen hozkailua... Hondakin elektroniko bihurtuko dira denak, nahiz eta osagai gehienak oraindik erabilgarri izango diren. Nora gero? Parte bat bertoko industriak prozesatzera eta, horren zatiki bat, birziklatzera ere bai. Bestea, batek daki: zabortegira -toxikotasuna zabalduz- edo, GPS bitarteko ikerketek aurkitu bezala, ilegalki beste herrialdetara agian, metal preziatuak azidoan edo aire librean pizturiko parriletan bereizteko. Adibidez, Indian edo Ghanan, gurean ikusezinak diren inpaktu ekosozialak eraginez.

Hondakin elektronikoei aurre egiteko, Europako Batasunak ekodiseinu irizpideak berritu ditu. Batzuek konponketarako eskubidea bermatzen dutela diote, besteek, nahikoa ez dela. Espainiako Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hondakin hauek aipatzen ditu pasadan, baita Jaurlaritza prestatzen ari den Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak ere, non hauentzako irtenbide nagusia plastikoak energia sortzeko erraustea omen baita. Zaborraz hitz egitea ez da cool, baina ostruka bezala hitzak zuloan ezkutatzeak ez ditu desagerrarazten.

Digitalizazioa sustatzearekin batera, ekarriko duen hondakinen ugalketa aurreikusi dezakegu. Zabor elektronikoa gutxitu eta berrerabiltzeko ahaleginak berreskuratze planetan eta Itun Berdeetan nabarmendu zitezkeen. Izan ere, berreraikuntza programen ingurumen eragin netoa positiboa izan dadin, jasangarritasunerako proiektuak sartzea ez da nahikoa. Programan dauden beste ekimen guztiek, digitalizazioa barne, inpaktu negatiborik ez gehitzea ere eskatzen du.

Beste gai askotan bezala, hondakin elektronikoak murrizteko badugu lana denon artean. Lanbide hezkuntzak bere garaian zuen mantentze-lanetarako bikaintasuna berpiztuz, aparatuak konpondu edota bizkortzeko adituak aurki topa ditzagun. Enpresek, ekodiseinua bezalako estrategia ezagunak erabiliz, eta berritzaileak ere bai, hala nola aparatuak saldu ordez, hauek emandako zerbitzua alokatuz, ondasun iraunkorrak ekoiztea inzentibatu dezakeena. Industriaren bultzadan birziklatzeko teknologiaren garapena ere sartuz, adimen artifiziala eta guzti. Ekologikoki zein ekonomikoki zuhurra zitekeen baterien birziklatze teknologian aitzindari izatea, hauen ekoizpenean egongo den konpetentzia basatia saihestuz. Ordenagailuak zaharberrituz, Ingalaterran zein Bilbon zenbait taldek diharduten bezala. Bigarren bizi hori goza dezakete konfinamenduan etxetik ikasi behar izan zuten eta ordenagailurik ez zuten umeek adibidez, Euskal Herrian bertan. Eta norbanakoak, aparatu hori ordezkatzerakoan, pentsatuz ea konpondu edo beste zerbaiterako erabili daitekeen, edo besterik gabe, software garbitasuna praktikatuz.]]>
<![CDATA[Sozioekologian bertakoak aditu, Baztanen ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/008/002/2021-05-15/sozioekologian_bertakoak_aditu_baztanen_ere.htm Sat, 15 May 2021 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1924/008/002/2021-05-15/sozioekologian_bertakoak_aditu_baztanen_ere.htm
Mugi fantasia mundutik lurrera, eta Baztanen populazioaren ehuneko hamarra inguru gehituko lukeen urbanizazioa eraikitzeko proiektua dagoela ikusi, ura gustuko duten golf eremua eta spa barne. Hirietakoen ikuspuntutik, eskalaren falazian eror daiteke, 230 etxe inguru eta 750 bat pertsona gehiago ez dela horrenbesterako —302 biztanleko herrian (Lekarozen)—. Mugi Txinara, non hazkundeak arrantzaleen herritxoak hamabi milioi biztanleko metropoli bihurtu dituen hamarkada gutxitan. Shenzhendar batek zer esango luke Euskal Herriko hainbat lur antolamendu garapen polemikori buruz? «Minutiae». Minutiae? Ba, horixe: proiektu honen proportzioaren esanahia bere eskala baino askoz ere gehiago da.

Orain dela hogei bat urte Levanten oporretarako etxe eta golf zelaien urbanizazioak popularrak ziren. Eguzkiak erakarrita, besteak beste, ideia ona zirudien batzuentzat, besteentzat zentzugabekeria, klima lehorra dela eta. Geroxeago, norbait konturatu zen golf zelaien eta igerilekudun etxeen egarria asetzeko ur nahikorik ez zegoela, eta ibai batetik bestera ura eramateko proiektutzarra asmatu zen: nekazaritza ureztatzeko aitzakiarekin eta ura penintsulako tokiren batean sobera balego bezala, tokian tokiko bioaniztasunaren sostengua ez balitz bezala. Erantzunez, Nueva cultura del agua deituriko mugimendua sortu zen. Orain Levanteko hainbat urbanizazio hutsik daude, saldu gabe, enkantean edota bisitaririk gabe, mamu hiriak bezala. Hauek bultzatu zituztenek irabazitako dirua errenta altuko norbanakoek gastatzen duten ondasun horietan xahutua izanen da dagoeneko seguruenik: irabazi pribatuak lurrundu, planetarekin bakean ez dagoen garapena geratu.

Ura ez dago sobran Euskal Herrian, Baztanen ere ez. Bailaran 2012 eta 2020.eko udaretan jasandako lehorteak dira horren lekuko. Bertan jakina omen da erortzen den ura bistatik aise desagertzen dela lur azpiko ubideetan. Primerako aukera espeleologoentzat agian, baina mendiak horiz koloreztatu direnean, ur horren falta sumatu izan da. Eta falta sumatuko da, aldaketa klimatikoak batek daki zer egiten duenean.

Bailarak giza ingurumen balio singularrak ditu, bertokoentzat eta bisitarientzat balio handikoak, eta eredutzat hartu ditzakegunak. Muga sozioekologikoak aintzat edukita, hauek errespetatuz bizitzeko bertan beste tokitan baino luzeagoa den bidea egina dago jada, adibidez zaborra murriztu eta birziklatzeko ahaleginetan, edota hurbileko kontsumoan. Kalitatezko turismo aunitz badago ere, bertokoek urtetan zehar zaindu eta edertutakoak bere kabuz erakarrita. Baztan marka eraiki dutenek dakite inor baino hobeki, hau nola iraunarazi, bertako ura, ingurumena eta herrien bixia ziurtatuz. Inguruko udalerrietan turismo jasangarritik hurbilago dauden beste ereduak eraiki dira ere, biztanleen onarpenarekin.

Aurreratzeko inolako garapenetan tokian tokikoen hitza aintzat hartzeak bide honen norabidean jarraitzea bermatuko luke.]]>
<![CDATA[Dirua baino, ongizatea neurtu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/003/001/2021-04-17/dirua_baino_ongizatea_neurtu.htm Sat, 17 Apr 2021 00:00:00 +0200 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1952/003/001/2021-04-17/dirua_baino_ongizatea_neurtu.htm ver Given kargu-ontzia trabatu ondoren, gure auzoko betiko harategia itxiko dela ezagutu nuen. Bi gertaerok zerbaitek lotzen ditu, eta ez da oraingo pandemia.

Suezko kanala buxatzean, geldituriko hogei bat itsasontzietan ehun mila inguru abere zeuden, bizirik, Ekialde Ertaineko merkatuak Europako ekoizpenarekin asetzeko. Gure auzoan, berriz, behin biziz beteriko dendetatik erosleak poliki desagertuz doaz. Okelaren kontsumoa ez da jaitsi, erosketa ohiturak aldatu bai, ordea.

Biak joera beraren gauzatze dira, kontsumo eta ekoizpenaren bilakaerarena, eta horrekin, aztarna ekologikoarena. Erosle aunitz, hemen eta Ekialde Hurbilean, hipermerkatuetara goaz janaria erostera, non edo nola ekoitzia den asko begiratu gabe. Berdina arropekin, jostailuekin, aparatu elektronikoekin... Suezen bestaldean trabatu zen gauza askorekin. Aldaketa ez da norbanakoen ardura soilik, agente pribatu eta publikoen bultzadak eta onarpenak merkataritza zentroen eta denda-kate predatorioen ugalketa errazten dute. Bitartean, joera horrekin ez doazen alternatibak zaildu direla dirudi —nork erranen luke, auzoko harategira joatea edota bertan eginiko espartinak erostea ekintza transgresoretzat jo zitezkeela?—.

Joera berdinaren parte da ekoizpen industrialaren bilakaera: beste zenbait herrialderen eskulan merke eta araudi ahulek erakarrita, bertara daramate gradualki enpresa askok ekoizpena, Tubacexeko altzairu hodiak ere bai agian. Hurbil egiten zena orain urrun ekoiztea eta urrundik erostea komeni zaigu —geroz eta gauza gehiago—. Ondorioak? kalitatezko lanpostu galerak eta planetaren ustiapena, Marx Anaiek zuraz elikatzen zuten trenaren modura.

Dinamika hauek helburu batek bultzatzen ditu gehienbat: epe motzerako gastu murrizketak eta diru irabaziak, norbanakoenak zein enpresenak. Gobernuentzat, helburu hau BPGaren hazkundearen gisa azaltzen da. Hazkunde grinak kargu-ontzi erraldoiak betetzen ditu.

BPGaren kontzeptua nazioen merkatuko balioa neurtzeko asmatu zen, asmatzailearen ohar batekin: garapena neurtzeko ez du balio. Halere, nazioen aurrerapenaren adierazletzat tronuratu da eta horri so gabiltza itsu: Nafarroan 2020an BPGa eta Jaurlaritzaren 2021erako hazkunde iragarpena jaitsi direla entzun berri dugu, guztiz ulergarria ez den egonezina eraginez.

Baina gure jardueren helburu bakarra ez da merkatu balioa puztea. Beste helburu garrantzitsuak badaude: enplegu egonkorra, kalitatezko produktuak, denentzako hezkuntza eta bizi aukerak, berdintasuna, gure eta ekosistemen osasuna, eta abar. Enpresa edo nazio batek helburu hauetakoren bat sakrifikatuz diru-irabaziak maximizatzen baditu, ez litzaioke horri garapena deitu behar. Aspaldian askok esan eta duela gutxi Erresuma Batuko Ogasunak enkargaturiko Dasgupta Txostenak indartu bezala, garapena gizartearentzat oinarrizkoa denaren arabera neurtu behar da, eta neurri hori politika publikoen gidaritzat hartu. Hau egiten duten hainbat adierazle martxan daude, hala nola Giza Garapenaren Indizea, Aberastasun Inklusiboaren Indizea edo adierazleen bildumak.

Ekonomia berreraikitzeko, funtsezko erabakiak dira zein helburu lortu nahi diren eta tarteka egindako bidea nola ebaluatu eta komunikatuko den. Bada garaia mugagabeko hazkundea handiesten utzi eta beste adierazleei gailentasuna emateko. Horrelakorik gizarteak (agente pribatu zein norbanakoek) jarraitu diezaiokeen eredua emango luke. Ever Given gutxiago, ingurumen hobeagoa eta ongizate handiagoa ere erakarriko luke.]]>
<![CDATA[Hamaika minutu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/006/002/2021-03-20/hamaika_minutu.htm Sat, 20 Mar 2021 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1876/006/002/2021-03-20/hamaika_minutu.htm
Anek hamabost minutu ematen ditu autoan ondoko herrira lanera joateko, edo 75 minutu bi autobusetan, itxaronaldiak barne -bizikletan arriskutsuegia-. Jon urrunago doa, eta egunero hogei minutu galtzen ditu trafikoagatik. Etxera itzuli eta hamar minutu dabiltza biak aparkalekutik atarira, hiri honetako auzo jendetsuan autoak biderkatu baitira azken hamarkadetan.

Aurrera, 2030ean auto elektrikoa zabaldu da. Anek aukera berdinak ditu lanera joateko. Airea garbiagoa da. Berotegi efektuko isurpenak jaitsi ala igo diren ez daki: elektrizitatea eta hidrogenoa berdeak baino, grisak omen dira, energia berriztagarriak kontsumoa bezain bizkor hazi ez baitira (Jevons-en paradoxa). Jon askotan 40 minutu trabatzen da trafikoan. Aparkalekutik etxera hogei minutu dabil maiz. Ah, bai, trenean Madrilera ordu gutxiagoan iritsi daiteke. Oporretarako agian. Tren geltoki hurbilenak 30 minutura darrai.

Euskadin berreraikitze ekonomikorako funtsak esleitzeko proposamena dago abendutik -eskertzeko argitasuna, beste lurraldeetan planen horrenbesteko zehaztasunik ez baitago-. Behin-behineko dokumentu honen arabera, funtsen %18 «mugikortasun jasangarrira» doaz, bigarren eremu estrategikoa diru kopuruari so. Horretatik, %60 bateriak eta automobilgintza bultzatzeko proiektuetara joango litzateke -autobusen elektrifikazioaz aparte-: 13.000 milioi eurotatik, hamarrena. Kopuru horretatik, erdia proiektu bakar batera. Bateriak tokian eginez -eta apustu bakar erraldoia arrakastatsu balitz- bertako industria eta BPGa igo zitekeen -garapenaren adierazle makala, baina hori beste gai bat da-. Ondorioz, bildutako zergak handitu zitezkeen, ondasun publikoak bermatu eta funtsek sortutako zorra ordaintzen laguntzearren.

Mugikortasun jasangarria erregaia aldatzea baino askoz ere gehiago da. Bi puntutan: garraio beharrak murriztu eta ondoren, mugitzeko aukerak hobetzen dituena. Nola? «Ordu laurdeneko hirien» irizpideak jarraituz, merkantzia-garraioaren plangintza zuhurraz, bizikleten funtzionaltasuna berreskuratuz, garraio publikoaren eskaintza eta informazio fidagarria ziurtatuz -nor ez da, gaur ere, abandonatua sentitu autobusa noiz edo ea iritsiko den dudaz, pantaila digitalak geltokian izan arren?-. Baita lantoki eta poligonoetara eguneroko bidaiak eta landa eremuko behar bereziak sistematikoki aztertuz, eta irtenbideak emanez ere-adimendunak ala ez, baina eraginkorrak-. Autoak ez dira desagertu behar, haien beharra gutxitu bai, ordea.

Lan oparoa egin da azken urteotan: adibide garraio publikoen arteko bateragarritasuna eta tokian tokiko hainbat ekimen. Mugikortasun jasangarriaren izenpeko funtsen pisua ekimen horietara mugitzeak ongizatea benetan suspertuko luke. Funtsen faktura hurrengo belaunaldiek ordainduko dutenez, zor diegu.

Gure protagonistek aspaldi ahaztu dituzte auto ilarak, aire zakarra, aparkalekua aurkitzea, bi autoen mantenimendua... Garraio kolektiboz gehiegi luzatu gabe doaz lanera, egunkaria irakurriz, udaberria behatuz, lankideekin auto berean hizketan. Edo bizikletaz lasai, auto eskasak errespetuz doazelako. Eguneroko biziari kalitatezko hamaika minutu gehitu dizkiote, ez bakarrik bateria bat.]]>
<![CDATA[Basoak berpiztu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/010/002/2021-02-20/basoak_berpiztu.htm Sat, 20 Feb 2021 00:00:00 +0100 Aiora Zabala https://www.berria.eus/paperekoa/1879/010/002/2021-02-20/basoak_berpiztu.htm
Hegoaldeko landa eremuan ezohiko bi fenomenoren lekuko gara. Batetik, maitasun-gorroto ditugun intsignis pinuak badoaz. Onddo bik asko gosez hiltzen dituzte urte gutxiren buruan, mendietan ikuspegi tetrikoak eraginez: zuhaitz hilak, erditik hautsitako enborrak eta hostoak aspaldi erori aurretik gorriz intziri egindakoak. Sendabide gutxiko tornadoa da. Adarra mendirako bidean ikus daiteke, adibidez.

Bestetik, tragedia honen aurrean lur-jabe askok beste espezie kanpotar bat landatzera jo diote arin. Eukaliptoak bere jatorriko Australian ekosistemen partaide onak badira ere, Kantauri aldean lurraren eta uraren lagunik ez. Haien plantazioen zoruaren biluztasuna icebergaren tontorra besterik ez da, bioaniztasunaren basamortu baten adierazle.

Bi fenomenoak ziztu bizian doaz basoen ohiko erritmoarekin alderatuz. Ulergarria: lur-jabeek salmentarako ziren pinu gaixoak jaso eta zerbait egin behar dute agudo, amiltzen doan inbertsioa salbatzeko. Ondorioz, errentagarriak diruditen beste espezieak ordezkatuko ditu pinuak, bizkor hazi eta aise salduko omen direnak. Ongi etorri eukaliptoak. Agur, bertako espezie eta baso mistoentzako ataka paregabea.

Ez du hala izan behar. Hurrengo belaunaldira begira dagoen herriak landa eremuaren gobernantza berritu behar du. Adibidez, ekosistemen zaindariei bertoko basoak ematen duten zerbitzuak babesteagatik laguntza eta dirulaguntzak eskainiz. Ekosistemen zerbitzuen ordainketak garapenean dauden hainbat herrialdetan aurrera eraman (Costa Rica, Mexiko) eta Europako lurraldeetan hausnartzen ari dira.

Zuhaitzek harrapaturiko karbonoarengatik ordaintzea da modurik sinpleena, klima aldaketaren inguruko politikek bultzatua. Baina aniztasun handiko basoek beste zerbitzu ekosistemiko aunitz dakartzate, hala nola uraren kalitatearen erregulazioa, izurriteekiko erresilientzia, eta uholde eta lur-jausien prebentzioa.

Eredu hau jarraituz, bertoko espezieak hazi eta epe luzean bizirik uztearen truke dirulaguntzak eskainiko lirateke: pagoak, haritzak, baso mistoaren hainbat espezie eta zurezkoak ez diren baso-produktuak dakartzatenak, bioekonomia borobiltzeko. Zenbat? Eukaliptoekin eskura zitekeen irabazi pribatuekin alderagarriak diren kopuruak. Zergatik? Bertoko basoek, merkatuko etekin pribatu handirik agian ez, baina egundoko onura publikoa dakartelako, merkatutik at neurtzen dena. Baita lanpostuak sor daitezke, berdeak halaber, eta digitalizazioz jantzi ere, eredu honek monitorizazio eraginkorra behar baitu.

Ez litzateke zuhaitzak salbatzen ditugun lehen aldia. Kasurako, Adarra inguruko pinu hilen artean gorostiak dir-dir dihardute, garai batean Hegoaldetik desagertzekotan izandakoak. Instituzioen informazio kanpainak —eta denon jokabide berriak— salbatu zituen. Nahi badugu, berriz ere indarberritu ditzakegu basoak.

Pandemiaren osteko berreraikuntzarako beste proposamenen aldera, basoak berpizteko funtsak gutxi lirateke, eta berebiziko mesedea egingo liokete gizarteari: naturan ongizate mentala ontzen dutenei, umeen etorkizunari garrantzia ematen dietenei, paisaia balioetsi eta turismoaz bizi direnei, kalitatezko airea eta ura gozatzen dutenei, guztioi.

Aukera belaunaldiko bakarra izan zitekeen: surferako olatuak bezala, abaguneaz orain baliatu —hurrengo hilabeteetan— edo batek daki berriz etorriko den.]]>