<![CDATA[Aitor Arroyo Askarai | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 16 Dec 2019 06:50:16 +0100 hourly 1 <![CDATA[Aitor Arroyo Askarai | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Diskoa guk egiten dugunaren erakusleiho moduko bat da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/027/001/2019-09-04/diskoa_guk_egiten_dugunaren_erakusleiho_moduko_bat_da.htm Wed, 04 Sep 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1864/027/001/2019-09-04/diskoa_guk_egiten_dugunaren_erakusleiho_moduko_bat_da.htm Bizirik dauden eskuak laneko abestietan hainbat fandango, arin-arin eta bolero bildu dituzte, besteak beste. Ion Elustondo taldeko pandero jotzaileak kontzertuetan «egoerara moldatu» egiten direla esan du: «Ez dira bi erromeria berdin egoten: batean, fandangoak, arin-arinak eta sueltokoak egingo dituzu gehiago; eta, beste batean, berriz, lotuak joko dituzu sueltokoak baino gehiago».

Diskoan «garai bateko esentzia» mantentzen saiatu direla azaldu du Agurtzane Elustondok: «Musika herrikoiak berezko duen erraztasun hori nahi genuen: doinu berriak izan arren, ezagunak izatea. Aurreko diskoko abestiak ere nahiko melodikoak ziren, baina oraingoan ahalegin berezi bat egin dugu piezen aukeraketan».

Hamasei abestik osatzen dute bilduma eta horietatik hamar Martin Aginalde musikariak egin ditu. Gainerako sei abestietan hainbat doinu sartu dituzte; balsak eta doinu mexikarrak, kasurako. Abesti horiek «bertsioen bertsioak» direlakoan dago trikitilaria: «Kanta originala nolakoa izango ote zen jakiten saiatu gara, eta horren inguruan moldaketa bat egiten. Askotan, ordea, ez dugu originalak topatzea lortu. Orduan, melodia errespetatu dugu, baina moldaketa batzuk egin eta gure hitzak jarri ditugu». Zein zatitan kantatu erabakitzeko intuizioz jokatu dutela ere azaldu du. Sueltoko kanten inguruan, berriz, berez dantzarientzat pentsatuta egon arren, «entzuteko errazak» direla eta dantza egin nahi ez duenarentzat ere «oso gustagarriak» izan daitezkeela uste du.

Abestiak «lehengo erara» grabatzen saiatu dira: «Bozgorailu eta halakorik ez zegoen garaian, trikitilariek soinu altua erabiltzen zuten, goiko tonuak urrutitik hobeto entzuten zirelako edo. Guk ere hori egin dugu diskoan: soinua, panderoa eta kriskitinak bakarrik grabatu ditugu; kasu batzuetan, baita irrintziak eta ahotsak ere».

Trikitia Euskal Herrira iritsi aurretik, erromeriak panderoekin bakarrik egiten zirela azaldu du Agurtzane Elustondok, eta emakumeak izaten zirela koplak abestuz eta panderoa joz erromeria egiten zutenak. Bide horretatik, diskoa egiteko orduan perkusioari garrantzia eman nahi izan diote, eta, horretarako, Michel Longaron musikariaren laguntza izan dutela nabarmendu du pandero jotzaileak: «Etxea behetik hasi behar dela esaten da, eta horrelako mailako perkusionista batekin, oinarria ere ondo egiten duzu».

Kriskitinak ere sartu dituzte hainbat abestitan. Taldekideek azaldu dutenez, aurretik fandangoak bakarrik omen zeuden kriskitinekin grabatuta; eta beraiek, berriz, fandango batean sartzeaz gain, arin-arin bat ere grabatu dute kriskitinekin. Xabier Berasaluze Leturia musikariak lagundu die horretan.

Lan berria argitaratu baino bi hilabete lehenago bi ezbehar gertatu ziren: lehenengo, Kepa Junkera musikariak 2018ko abendu hasieran iktus bat eduki zuen; eta geroago, joan den urtarrilean, Iñaki Garmendia Laja hil egin zen. Agurtzane Elustondok uste du lanaren garapenean eragina eduki zutela gertakari horiek: «Nahiz eta diskoaren doinuak jada apur bat pentsatuta eduki, ezbehar horiek, eta hain denbora tarte laburrean pasatu izanak, eragin handia izan dute. Izenburua orain arte izan diren trikitilariei eskaintzea, esaterako, bi gertakari horiek markatu dute». Irakasle izandakoa zuen Laja. Junkerak, berriz, aurreko diskorako pieza bat egin zien, eta elkarrekin grabatu zuten.

Garai batean ez bezala

Diskoko Bagoaz abestiaren harira gaizki-ulertuak eduki dituzte: hainbatek galdetu diete ea agur esateko kantu bat ote den, musikaren mundua utzi behar dutela ulertuta. Ion Elustondok mezua bestelakoa dela argitu du: «Xabier Amurizak azalduko luke ondoen, hitzak bereak baitira. Jendea lehen parte hartzaileagoa zen; orain, berriz, indibidualistagoa da, bere zilborrera begira bizi da. Hortik doa mezua». Musikatik harago, oro har nabaritzen den joera dela uste du pandero jotzaileak. Haren hitzetan, herriko dinamika asko bertan behera gelditzen ari dira, jada ez dagoelako «lehengo inplikazio maila».

Bestela gertatzen da beraiek argitaratu duten diskoan. Xabier Amurizak, Nerea Elustondok eta Asier Iriondok abestien hitzekin lagundu diete; arlo musikalean, berriz, hainbat artistarekin aritu dira elkarlanean: Jose Maria Santiago Motriku (panderoa), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Pilar Aresti (irrintziak) eta Estitxu Pinatxo (ahotsa), tartean. Guztiekin lan egitea «plazer hutsa» dela adierazi dute Elustondo anai arrebek: «Lehenengo diskoan ere beraiekin aritu ginen, eta, hain gustura ibili ginenez, errepikatzeko dudarik ez dugu eduki. Giro ona dugu gure artean, eta ekarpenak beti positiboak izaten dira».]]>
<![CDATA[«Bizitzen ari garen garaia historikoa eta hunkigarria da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-09-03/bizitzen_ari_garen_garaia_historikoa_eta_hunkigarria_da.htm Tue, 03 Sep 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-09-03/bizitzen_ari_garen_garaia_historikoa_eta_hunkigarria_da.htm
Nola eragin du taldearengan Baliko lehiaketa irabazteak?

Konfiantza handia hartu dugu. Goi mailako taldeak aritu dira lehiaketan, eta horien aurka lehiatzeko ondo lotua egon behar du guztiak; hori lortzea ez da erraza 40 pertsonarekin. Behin saria eskuratuta, eta non ginen ikusita, lortutakoak lasaitu eta indar handia eman digu. Ahalegina egin ondoren saria jasotzeak erakutsi digu lana bide zuzenetik egiten ari garela, eta horrek asko pozten gaitu.

Nola sentitzen zineten lehiaketan parte hartu aurretik?

Ikasteko aukera aparta zela iruditu zitzaigun, eta Indonesian bertan lehiaketa batean parte hartzea ohore bat da. Zazpi hilabete lan eta lan pasatu ditugu, eta, beste taldeak oso indartsuak ziren arren, guk ere aukerak genituela pentsatzen genuen. Errespetu handiz eta egindako lanarekin pozik joan ginen, eta emaitza poztekoa da.

2021. urtean berriro Balira joango zarete, Asiako Grand Prixean lehiatzera.

Sei talde joango dira lehiaketara: Asiako gainerako txapelketetako irabazleak. Norgehiagoka nolakoa izango den kontuan hartuta, giroa ere ezberdina izango delakoan nago. Guretzat ohore bat da hara joateko aukera edukitzea; historikoa da bizitzen ari garena, eta garai hunkigarria da oso. Bi urte ditugu lehiaketara joan aurretik, eta ahalik eta gehien prestatuko gara. Irailetik aurrera jada gogotsu hasiko garela uste dut; lehiaketa nola prestatu aurreikusi behar dugu.

Zer faktorek eragin dute abestiak aukeratzeko garaian?

Gauza asko hartu behar dira kontuan. Zer obra abesten diren garrantzitsua da, baina baita non abesten diren ere: ez da gauza bera eliza batean, auditorium batean edo hotel batean abestea. Tokiaren ezaugarriak jakin behar dira pixka bat. Guk, joan aurretik, galdetu genituen, eta beste urte batzuetan parte hartu zuten kide batzuei haien iritzia emateko ere eskatu genien. Bestalde, kontuan hartu behar dira lehiaketak berak ezartzen dituen ezaugarriak: abesteko duzun denbora, estiloa eta abar. Horretaz gain, obra guztiak antzekoak ez izatea zaindu behar da: lehena oso dinamikoa bada, bigarrenak, agian, erromantikoagoa izan beharko du; horrelako kontuak. Zailtasunak, berriz, handiena izan behar du beti. Azkenean, ez baduzu goi mailan abesten, epaimahaikoek hau esango dizute: «Oso ondo abestu duzue, baina... Eskerrik asko etortzeagatik». Horiek dira obrak aukeratzeko garaian eragiten duten hiru edo lau parametroak.

Esan ohi da musika korala ez dela erakargarria gazteentzat. Zuen koruko abeslariek, berriz, 29 urte inguru dituzte, batez beste.

Landarbasoren ezaugarri garrantzitsu bat hori da, oso jende gaztea dugula. Indonesiara etorri den gazteenak, esaterako, 18 urte ditu. Harremana edukitzea da kontua: gazteek ez dute musika korala ezagutzen, eta, hortaz, ez dira hurbiltzen. Aspergarria edo helduen produktu bat dela pentsatzen dute, baina, ezagutuko balute, ikusiko lukete ez dela horrela. Gure sekretua honako hau da: taldean abeslari gazteak daudenez, errazagoa da jende gaztea etortzea, ikusten baitute eurek ere parte hartu dezaketela horrelako proiektuetan. Beste talde gazteagoak ere baditugu: 9, 10 eta 11 urtekoek osatzen dituztenak. Horiek txikitatik ezagutzen dute nolakoa den abesbatza, eta, hainbat proiektu abeslari helduekin batera egiten ditugunez, normaltasunez hartzen dute koruan kantari gazte zein helduek parte hartzea.

Abeslariak ez dira profesionalak. Nola uztartzen duzue koruarekin aritzea egunerokoan?

Abeslari bakoitzak bere bizitza du. Batzuek ikasketak, beste batzuek lana... esfortzu handia da, hori ukaezina da. Baina plazera ere halakoa da. Langileek, esaterako, arazoak urteko garai jakin batean izaten dituzte; ikasleek, urtero, beste garai batean izaten dituzte zailtasunak... Baina hitz eginez dena konpondu daiteke. Adibidez, aurten aste batean hiru kontzertu eduki ditugu, eta baten bat etorri zait esanez: «Sentitzen dut, baina nik ezin dut». Horrelako egoeretan konpontzen saiatzen zara. Azkenean gustuko dugulako egiten dugun zerbait da, eta horrek ere laguntzen du moldaketak egiteko garaian.

Datorren ikasturterako proiekturik?

Aurreikuspen batzuk bagenituen, baina Balin irabazteak galdera berriak planteatu dizkigu, 2021eko lehiaketara nola iritsi nahi dugun, eta 2020. urtean zer egin nahi dugun, besteak beste. Orain dena irekita daukagu; beharbada beste lehiaketa edo jaialdi batera joan gaitezke, ala ez... Baina ezin diogu jarraitu lehen genuen plan berari; hori gauza ziurra da.]]>
<![CDATA['Agur, Etxebeste' estreinatuko dute Euskal Zinemaren Galan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/026/001/2019-08-31/agur_etxebeste_estreinatuko_dute_euskal_zinemaren_galan.htm Sat, 31 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1872/026/001/2019-08-31/agur_etxebeste_estreinatuko_dute_euskal_zinemaren_galan.htm Aupa Etxebeste! filma estreinatu zutenetik. 2005ean aurkeztu zuten, Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, hain zuzen. Aurten, berriz, bigarren zatiarekin datoz: Agur, Etxebeste. Oraingoan ere Patrizioren eta Maria Luisaren abenturak dira filmaren ardatza, baina pasatu diren urteek ere eragina izango dute istorioaren garapenean. Euskal zinemaren galan estreinatuko dute, eta zinemetan, berriz, irailaren 27an egongo da ikusgai.

«Euskal zinemaren arrakasta lortzeko, funtsezkoa da eragile guztiok norabide berberean lan egitea», horrela hitz egin du Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak jaialdiaren inguruan. 21 euskal ekoizpen izango dira Donostiako 67. Zinemaldian: hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur. Jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte lanak: besteak beste, Sail Ofiziala, Culinary Zinema, Perlak, Zuzendari Berriak, Zinemira eta Zabaltegi-Tabakalera. Rebordinosek nabarmendu du aurten inoiz baino euskal produkzio gehiago bildu dituztela. Horietatik bederatzi —estreinaldiak direnak— Irizar saria eskuratzeko lehiatuko dira.

Hamar euskal film emango dituzte Zinemira sailean, eta horietatik hiru estreinaldiak izango dira. Helena Taberna zuzendariaren Varados filmak irekiko du saila. Grezian kokatu du lana, eta epe luzeko errefuxiatuen egunerokoa islatzen du. Bertan emango dute Glittering Misfits ere, Iban del Campo zuzendariaren lehen film luzea; New Yorkeko (AEB) Off-Off Broadway eszenako nightclub eta kabaretak esploratzen ditu lanak. Loic Legrand zuzendariak ere lehen film luzea aurkeztu du: Hiru uhinak. Lan horretan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat kontatzeko erronkari aurre egin behako diote.

Dagoeneko zinema aretoetan estreinatuta dauden zazpi filmek osatuko dute Zinemira saila; Koldo Serra zuzendariaren 70 binladens da horietako bat. Raquel da filmeko protagonista, eta, banku batean 35.000 euro mailegatu berri dituela, bi lapur sartuko dira bertara. Elkano, lehen mundu bira animazio filma ere emango dute. Angel Alonso da zuzendaria, eta, horren aurretik, beste hainbat animazio ere egin ditu. Bertan izango da Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa ere. Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen, eta Gijongo (Espainia) zinema jaialdian estreinatu zen. Soinujolearen semea da Fernando Bernues zuzendariaren filma, eta Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta dago. Bernues lehenago ere izan da Zinemaldian, Kutsidazu bidea, Ixabel filma aurkeztu baitzuen 2006. urtean, Zuzendariak Berriak sailean, Mireia Gabilondorekin batera. Juanmi Gutierrezen Paseko txoriak ere emango dute Zinemira sailean. Beste hainbat film ere aurkeztu ditu aurretik zuzendariak; joan den otsailean zendu zen, eta 67. Zinemaldiak omenaldi bat egingo dio.

Zinemiran aurkeztuko diren hiru filmez gain, beste sei lehiatuko dira Irizar saria lortzeko: Maider Fernandezen Las letras de Jordi; Aitor Agirreren, Jon Garañoren eta Josemari Goenagaren La trinchera infinita; Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar; Agur, Etxebeste; Iñaki Arteta zuzendariaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio eta Gazta, Mikel Urretabizkaia zuzendariarena.

Zinemira saria ekoizle lanari

Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria, urteetan egin duen ekoizle lanagatik. Ohorezko sari hori Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteek ematen dute, euskal zinemaren pertsona nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko. Orain arte hauek omendu dituzte: Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Kerejeta (2011), Michel Gaztanbide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramon Agirre (2018).

Txepe Lara zinemagile hasiberriei emandako babes eta laguntzagatik nabarmendu da; berarekin lan eginak dira, besteak beste, Asier Altuna, Telmo Esnal, Daniel Kalparsoro, Jose Luis Peñafuerte eta Mercedes Alvarez.

1987an sortu zuen Jose Maria Lara P.C. ekoiztetxea, eta hainbat film ekoitzi ditu ordutik; horien artean daude Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1993), A ciegas (Daniel Calparsoro, 1997) eta Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005).]]>
<![CDATA[«Iruditzen zait oraindik ez direla iritsi urterik onenak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/028/001/2019-08-30/iruditzen_zait_oraindik_ez_direla_iritsi_urterik_onenak.htm Fri, 30 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1864/028/001/2019-08-30/iruditzen_zait_oraindik_ez_direla_iritsi_urterik_onenak.htm Pianorako eta orkestrarako 2., 3. eta 4. kontzertuak interpretatuko dituzte gaur, eta 1. eta 5. obren txanda izango da bihar. Bi egunetako emanaldiak Kursaalean izango dira, 20:00etan.

Nola aukeratu duzue piezen ordena?

Pluraltasuna bilatu dugu. Batetik, 5. kontzertua daukagu: indar ikaragarria dauka, eta guztien gailurra dela esan daiteke. Horregatik, kontzertuak amaitzeko egokia dela uste dugu. 1. obra 5.-arekin oso ondo joan daitekeela pentsatu dugu, kontraste handikoak baitira. Gainera, lehena ez da batere ezaguna. Obren iraupena ere kontuan hartzekoa da: 2.a, 3.a eta 4.a horregatik doaz batera, nolabait sorkuntzaren erdigunea direlako. Agian, berritzaileena edo egitura ezberdinena duena 4.a da; baita zailena ere, ziurrenik. Indar handikoa ere bada, horregatik joko dugu gaur azkena: bi egunetan obra indartsu batekin bukatzeko.

Nolakoa da Perianesekin lan egitea?

Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta erraza da berarekin lan egitea; urteak daramatzagu biak batera proiektuak egiten. Pertsona bizia eta irekia da; gaitasun handiak ditu. Badira iritsi bezain laster beraien jotzeko modua inposatzen duten piano jotzaileak; ez da, ordea, Perianesen kasua. Beti entzuteko prest dago, eta idatzita dagoenari buruzko galderak ere egiten dizkiogu elkarri. Denen artean zerbait eraiki nahi du berak, eta hori perfektua da kontzertuetarako.

Londresko Orkestra Filarmonikoarekin lehenago ere egin duzu lan.

Orkestra malgua eta kalitate handikoa da. Nik BBCko orkestra filarmonikoarekin lan egin dudanez, orkestra ingelesak bereziki ezagutzen eta estimatzen ditut. Lan erritmo harrigarriak dituzte: aste bakarrean ia hiru programa lantzen dituzte. Hori posible da errepertorioa oso ondo ezagutzen dutelako, eta talde diziplina handia dutelako. Orokorrean, Beethovenen obrak asko landu dituzte, eta sakonki ezagutzen dituzte piezak. Luxu bat da Londresko Orkestra Filarmonikoarekin jotzeko aukera edukitzea. Gainera, aurrez beraiekin lan egin dudanez, nik uste dut errazagoa izango dela jotzean batasuna lortzea.

Hainbat orkestrarekin lan egindakoa zara. Zer ematen dizu orkestra ezberdinekin aritzeak?

Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egin nuen hasiera oso garrantzitsua izan da nire bizitzan eta ibilbidean. Bederatzi urte horietan askatasun zein erabakitzeko gaitasun handia duen orkestra bateko zuzendari artistiko izan nintzen, eta errepertorio bat eraikitzeko aukera eman zidaten. Beraiekin ikasi dudana gerora ere onuragarria izan da, partiturak hobeto ezagutzen ditut, eta, zuzendari izatearen esperientzia aurretik probatu dudanez, errazagoa izan da beste orkestra batzuk zuzentzea. Bakoitzak pixka bat gehiago betetzen zaitu: ideiak eta lanbidearen alde ezberdinak erakusten dizkizu. Finean, hori da zuzendari baten lana, ezta? Aurrean dituzunekin ideiak eta energia banatzea elkarren artean. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiet entsegua hasi aurretik ni entzuten bost minutu galdu dituzten musikariei.

BBCko orkestraren zuzendari izan zara duela urtebete ingurura arte. Nolakoa izan da esperientzia?

Aurrerapauso garrantzitsua izan da, nolabait esateko, nazioarteko orkestra batera iristea. Nire errepertorioa ikaragarri zabaldu dut. Bai orkestra, bai nire gaitasunak maila ezberdinetan lantzeko aukera ere izan dut: irratirako zuzendu dut orkestra, eta musika estudio batean grabatzen aritu gara, besteak beste. Gainera, bi egoera horietan musikari guztiek mikrofonoekin jo dute, eta hori aparta da, dena gordetzen baita. Jotzen duzuna grabatuta edukitzeak orain arte egindakoa aztertu eta lantzen jarraitzeko aukera ematen dizu. Maila profesionalean grabatzen ikastea esperientzia oso aberasgarria izan da; orkestrak maila ikaragarria du, eta Chandos diskoetxearen musika estudioak ere bikainak dira. Horrez gain, nazioarteko birak ere egin ditugu hainbat herrialdetan. Ikasketa prozesu benetan osoa izan da, gustura aritu naiz, eta urterik onenak oraindik ez direla iritsi iruditzen zait.

Zer proiektu dituzu etorkizunera begira?

Orain arte egindakoez gain, beste hiru urte geratzen zaizkit Cincinnatiko May Festivalean. Ameriketako Estatu Batuetan egiten den jaialdirik garrantzitsuenetako bat da; musika sinfoniko eta korala lantzen dutenetan zaharrenetakoa. Maila bikainean egiten dute lan denek; ikaragarria da lantaldea. Oso pozik nago, proiektu interesgarria da. Espainiako orkestra nazionalarekin, berriz, ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko lanean jarraitzen dut.

Nire ibilbidea aurrera doa, goi mailako orkestrekin ari naiz lanean, eta ez AEBetako orkestrekin bakarrik. Orain, Europa erdialdeko orkestrekin ere harremanak sendotzen ari naiz, Alemaniako Bamberg orkestra sinfonikoarekin esaterako. Oso pozik nago egiten ari garen lanarekin, eta oso atsegina da ikasteko aukera izatea eta jarraitzea. Gure ikasketak ez dira inoiz amaitzen... Uste dut orain ari naizela zuzendaritza zer den ezagutzen; eta 25 urte dira lanean nabilela, pentsa.]]>
<![CDATA[Sorozabal eta Ravel EOSen kontzertuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/030/002/2019-08-24/sorozabal_eta_ravel_eosen_kontzertuan.htm Sat, 24 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1880/030/002/2019-08-24/sorozabal_eta_ravel_eosen_kontzertuan.htm
Kontzertuaren lehen zatian, euskal konpositoreen obrak interpretatuko dituzte: Sorozabalen Euskal Suitea (1923) eta Ravelen Gaspard de la nuit (1908). Hasieran, Ravelen lanarekin hasi behar zuten kontzertua, baina Robert Treviño EOSeko zuzendari titularrak Sorozabalen lana lehenengo jotzea erabaki du: «Pieza oso garrantzitsua da, eta publikoak asko maite du. Horrez gain, kontzertua Ansorenaren omenez izateak ere eragina eduki du; berari gustatuko zitzaiolakoan nago».

Jarraian interpretatuko duten obra pianorako idatzi zuen berez Ravelek, baina orkestrarako moldatuta joko dute. Euskal konpositorearen Gaspard de la nuit interpretatzea «hasiera» bat da, Treviñoren ustez: «Lan hori orkestraren ikasketa prozesuaren abiapuntua izan da. Datorren denboraldian konpositore honen beste hainbat pieza ere interpretatuko ditugu».

Bartoken Bizarrurdinen gaztelua izango da kontzertuko bigarren zatiaren protagonista. Charles Perrault idazle frantsesaren ipuin batean oinarritutako obra da, eta senarraren sekretuak apurka jakiten dituen emaztearen istorioa kontatzen du. EOSeko zuzendariak musika entzutea beti ez dela ariketa atsegina uste du, eta, are gehiago, batzuetan «ikaragarri gogorra» eta «esperientzia deserosoa» ere izan daitekeelakoan dago: «Obra honek drama gogor bat kontatzen du; istorioa bereziki iluna da. Pertsonaien atsekabe hori sentiarazteko, abeslarien parte hartzea ezinbestekoa da. Dena dela, opera bikaina da».

Bi pertsonaien zama

Petrenko ariko da Bizarrurdin aristokrata misteriotsuaren rolean, eta Shahamek, berriz, haren emazte Judith interpretatuko du. Obrak ordubete inguru irauten duen arren, denbora osoan abesten aritu behar duela eta obra «bereziki gogorra» dela azaldu du mezzosopranoak: «Rol zaila da, baina oso erakargarria. Ahotsa tonu baxuetatik abiatu eta tonurik altuenetan amaitzen da, eta tarteko tonu guztietatik pasatzen da. Ahots tonuen tartea esparru emozionala bezalakoa da, ikaragarri zabala».

Treviñok ere Bartoken obra musikalki «bereziki zaila» dela pentsatzen du: «Orkestraren ikuspuntutik oso lan gogorra da. Bartokek partitura konplexuak idatzi zituen instrumentu guztientzat. Ezinbestekoa da, beraz, musikari guztiak egoera hoberenean egotea interpretazioa ahalik eta onena izan dadin». Hala ere, konpositore horren obrak orkestrara «aspalditik ekarri» nahi zituela onartu du zuzendariak, eta horiek jotzea taldeak «osasun ona» duen erakusgarri da.]]>
<![CDATA[«Operan batera lan egitea da kontua»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1868/022/001/2019-08-21/operan_batera_lan_egitea_da_kontua.htm Wed, 21 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1868/022/001/2019-08-21/operan_batera_lan_egitea_da_kontua.htm Lau noten opera (1973) da obra hori, eta datorren igandean estreinatuko dute euskaraz Tabakalera kultur zentroko patioan, 20:00etan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Operaren interpretazioaz gain, zentro berean jarri duen Knock on Wood: Call and Response soinu instalazioa biziki nabarmendu du musikariak. Musika eta matematika uztartuta sortu da instalazioa, eta egur ezberdineko bost blokek osatzen dute; abuztuaren 31ra arte egongo da irekita. Martin Riches artista alemaniarrarekin elkarlanean egin du; hiru hamarkada baino gehiago igaro dira elkarrekin lehen lana egin zutenetik.

Johnsonek azaldu du konpositore minimalista dela, eta berak ikasi zuela «musika ofiziala» hamabi notarekin egiten dena dela: «Lau nota erabiltzen ditut hamabi erabili beharrean. Nire belaunaldiak zerbait ulergarriagoa, sinpleagoa egin nahi izan du; eta horretan ari naiz oraindik». Lau noten operan bost pertsonaiek opera bateko bost ahotsen parodia egiten dute.

Opera «elkarlan kontua» dela adierazi du: «Sopranoak, tenorrak, eszena zuzendariak, piano jotzaileak... bakoitzak bere ideia propioak edukitzen ditu; guztiek batera lan egitea da kontua». Obra emanaldi eta eszenaratze bakoitzean berria eta ezberdina izaten dela ere pentsatzen du.

Lau noten opera laneko azken eszenan abeslariak ezohiko jarreran jartzen dira abesteko: lurrean buruz behera etzanda, belauniko eta eserita hankak bularraren aurka dituztela, besteak beste. Johnsonek esan du orokorrean operaren munduan gertatzen den «arazo» bat agerian jartzeko egin duela. Haren hitzetan, zuzendariak dioena egitera behartuta daude abeslariak; partituran jartzen duenari ezinbestean jarraitu behar diote. Bere obran, berriz, kantariek une batzuetan nahi dutena egin dezakete, baina bestela gertatzen da amaieran, konpositoreak kontrola hartzen baitu obrako momentu horretan: jarrera jakin batzuetan jartzera behartzen ditu abeslariak, eta ezingo dira mugitu azken eszena bukatzen den arte. «Bukaeran, konpositoreak irabazten du».

Antzerkia eta musika uztartzen ditu operak, baina garrantzi handiena abesteak duen ustekoa da Johnson: «Abeslariek ondo kantatu behar dute. Hori egiteaz gain, umorea eta operako gainerako ideiak uztartzen asmatzen badute, bikain. Baina espero dut guztiek ondo abestea, funtsean hori baita opera».

Berak egiten duen musikan umoreak presentzia handia duela, baina, aldi berean, obrak serioak ere badirela azaldu du: «Atzean serioa edo egiazkoa den zerbait ez badu, txantxa ez da inoiz barregarria izango».

Matematika eta musika

«Lau noten opera idatzi nuen garaian jada konpositore minimalista nintzen, eta musika logikoa egiten saiatzen nintzen, baina ez nuen artean matematikarekin lotura zuen ezer egin; ez nintzen norabide horretan guztiz garatu». Tabakaleran entzun daiteke Johnsonen «musika berriena», bertan jarri duen Knock on Wood: Call and Response soinu instalazioan. Bost ideiak eta bost makinak osatzen dute erakusketa.

Instalazioak egurrezko perkusio instrumentuak erabiltzen ditu eskuz jotzeko zailak izango liratekeen erritmoak automatikoki jotzeko. Kadentzia matematiko ezberdin batean oinarrituta dago bakoitza, eta hogei minutu eta ordubete arteko iraupena du instrumentuen jardunak.

«Instalazio soil bat baino gehiago da Knock on Wood: jarduera oso atsegina da. Egurrak duen soinu ederrarekin musika oso polita egin daiteke». Johnsonek uste du Euskal Herrian egurraren soinua balioesten dela, eta txalaparta hartu du horren erakusgarri. Bide beretik, txalapartak euskal musika jotzeko balio izateaz gain, bere musika jotzeko ere balio duelakoan dago konpositorea. Hala ere, berak jarritako soinu instalazioa eta txalaparta gauza guztiz ezberdinak direla ere nabarmendu du: «Nire eraikuntzak egurrezko blokeak dira, eta makina batzuek jotzen dituzte. Ez dira txalaparta bat».

Erakusketarako beharrezko diren makinek duten konplexutasun handia dela eta, Martin Riches artista alemaniarra [makinen sortzailea] Berlindik etorri da muntatzera; Johnsonek esan duenez, beste edonork muntatzea «ezinezkoa» izango litzatekeelako.

1983an elkartu ziren lehenengoz bi artistak, eta urte horretan bertan egin zuten elkarrekin lehen lana. Richesek flauta automatikoki jotzen zuen makina bat aurkeztu zuen orduan, eta Johnsonek, gailua ikusi eta berehala, harentzat musika konposatu behar zuela sentitu zuen. Musikariak azaldu du Richesi keinu hori «izugarri» gustatu zitzaiola, eta, ordutik, makina hainbat tokitan aritu dela bere musika jotzen. Lehen elkarlan hartatik aurrera, matematika oinarri duten hainbat proiektu egin dituzte biek batera, eta azkenekoa, joan den urtean lantzen hasi zirena, Knock on Wood soinu instalaziorako makinak prestatzea izan da.]]>
<![CDATA[Gazteak igo dira agertokira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/032/001/2019-08-20/gazteak_igo_dira_agertokira.htm Tue, 20 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1941/032/001/2019-08-20/gazteak_igo_dira_agertokira.htm
Four Beats perkusio laukotea, berriz, bihar igoko da oholtza gainera. Jon Pachek, Luis Manuel Alvarezek, Guillermo Eizagak eta Carlos Rubiok osatzen dute taldea, eta esan dute «musika garaikideagoa» egiten dutela. Joko dituzten abestiak «edonorentzat atseginak» izan daitekeelakoan daude, eta, besteak beste, Nigel Westlake eta Djuro Zivkovic konpositoreen obrak emango dituzte.

Luz Seseño bakarlariak klarineterako lau pieza joko ditu ostegunean emango duen kontzertuan: Johann Friedrich Burgmullerren Klarinete eta pianorako duoa, Luigi Bassiren Verdiren Rigolettori buruzko Fantasia, Debussyren Klarinete eta pianorako rapsodia, eta Franco Donatoniren Clair.

Trio Garaiz izango da Interprete gazteen zikloko azken kontzertua emango duena. Miguel Aierrak (klarinetea), Jesus Cuestak (biolontxeloa) eta Ander Marzanak (pianoa) osatzen dute taldea, eta Ludwig van Beethovenen Pianorako trioa eta Johannes Brahmsen Trio joko dituzte, ostiralean.

Interprete gazteen zikloa Trio Esaldi taldeak hasi zuen, atzo. Pau Fogas biolin jotzaileak, Maria Rodriguez biolontxelo jotzaileak eta Maria Teresa Saiz pianoak Beethovenen pianorako hirugarren trioa eta Dmitri Xostakovitxen pianorako bigarren trioa jo zituzten. Rodriguezek esan duenez, obra horiek hartu dituzte elkarrekin «alde handia» dutelako.

Datozen ostegunean eta ostiralean egingo duten Musikeler zikloa ere aurkeztu zuten atzo egindako prentsaurrekoan. Bi duok (Duo Ezust eta Duo Arai) kontzertu bana eskainiko dute, Donostiako Convent Garden aretoan, 20:00etan. Lehen bikoteak jazzarekin eta musika klasikoarekin nahasten ditu Argentinako tangoa eta musette bals frantsesa; bigarrenak, berriz, jazza eta musika klasikoa fusionatzen ditu. Kontzertuak «giro informalago batean» izango dira; bi taldeek azaldu dute errepertorioa horren arabera osatu dutela. Joko dituzten piezen artean Astor Piazzolla, Yann Tiersen eta Paquito D'Riveraren obrak daude, besteak beste.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak uste du bi zikloak oso egokiak direla jendea musika klasikora erakartzeko: «Berez horretarako diseinatuak ez dauden arren, ziklo onak dira musika klasikoa entzuten ez duen norbait gerturatzeko. Giroa eta tokiak [Miramar Jauregia eta Convent Garden aretoa] lasaiak, atseginak eta erakargarriak dira. Oso erraza izaten da bertan ondo pasatzea».]]>
<![CDATA[Urak menditik itsasora egiten duen bidea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/033/001/2019-08-20/urak_menditik_itsasora_egiten_duen_bidea.htm Tue, 20 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1873/033/001/2019-08-20/urak_menditik_itsasora_egiten_duen_bidea.htm Zipriztinduz erakusketaren izenaren jatorria. 21 argazki biltzen ditu, eta irailaren 8ra arte egongo da zabalik, Donostiako Tabakalera zentroan.

Lanaren bidez, urak menditik itsasoraino egiten duen ibilbidea irudikatu du, baina, berak esan duenez, modu deskriptibo batean egin beharrean, estetikoki landu du; horren erakusle da ez aipatzea argazkiak non atera dituen.

Erakusketako argazki guztiak argi naturalarekin egindakoak direla ere nabarmendu du argazkilariak: «Natura lantzeko, normalean, argi naturalarekin egiten dut lan. Kolorearekin, argiarekin... guztiarekin jolasten dut emaitza indartsu bat lortzeko». Erakusketako argazki batzuetan kolore urdinak dira nagusi, eta beste batzuetan, aldiz, gorria, laranja eta berdea ere ikus daitezke; zuri-beltzean dagoela dirudien argazki bat ere bada, baina «guztiek dute kolorea».

Natura, bidaiak eta munduko kultura ezberdinak landu izan ditu Arrugaetak bere argazkietan. Gai horiekiko «benetako pasioa» duela esan du, baina egiten dizkioten enkarguek denbora kentzen diotela askotan: «Egunerokotasunak jan egiten gaitu. Zerbaitetik bizi beharra dago, noski. Baina ahalegin handia egin behar da enkarguetatik kanpo lanak egin ahal izateko». Hala ere, adierazi du «denbora atera» eta berarentzat diren lanak egiteko astia ere hartzen duela, eta Zipriztinduz dela horren adibidea.

Izadiaz - Gizakiaz proiektua aipatu du. Duela urte batzuk hasi zuen, eta oraindik ez du amaitu. Natura eta gizakiaren arteko harreman on zein txarrak islatzea du helburu Arrugaetak egitasmo horretan. Batzuetan, natura «bere horretan» irudikatzean zentratzen da, eta beste batzuetan, berriz, gizakiak naturan duen eragina izaten du gai nagusia. Proiektuaren barruan egin zuen lehen erakusketa Madrilen aurkeztu zuen, eta transhumantziari buruzkoa izan zen. Gerora, beste batzuk ere egin ditu, Arantzazun (Bizkaia) eta Alkizan (Gipuzkoa), besteak beste. Argazkilariak zalantza egin duela aitortu du Zipriztinduz erakusketa proiektuan sartu ala ez: «Nire argazkilaritza beti da gizakiaz eta izadiaz. Kasu honetan, natura hutsa da, baina gizakiaren eragina ere badu: hosto batzuk kanpoko zuhaitzenak dira, beste batzuk bertakoenak... beti dago eragina». Azkenean, ez sartzea erabaki zuen, baina funtsean lan ildo berekoa dela ere azaldu du.

Argazkilaritza «ofizio eta afizio» du Arrugaetak; are gehiago, bizitzeko eta adierazteko modu bat ere badela uste du. «Argazkiek bere horretan ahalik eta gehien adieraz dezaten saiatzen naiz. Azken bolada honetan modan dago irudien inguruan hausnarketa sakonak eta azalpen handiak ematea. Baina, nire ustez, argazki edo margolan batek azalpen handiak behar baditu, indarra falta duen seinale da».

Garaiaren araberako mostra

Argazkilariak azaldu du Zipriztinduz erakusketa egindako lanaren zati bat bakarrik dela, eta «garai jakin baterako» egin duela: «Hemendik hiru hilabetera berriro egin beharko banu, argazkien aukeraketa, ordena... ezberdina izango litzateke. Ni neu ezberdina izango bainitzateke». Iruditzen zaio pertsona bakoitzak bere modura interpretatzen dituela argazkiak, eta hori aberasgarria dela.

Aretoaren arabera ere erakusketa aldatzen du: «Leku txikietan izugarrizko harrera ona eta bultzada jaso izan ditut. Nabaritzen da ahalegin handia egin behar dutela erakusketa egiteko. Leku handietan, berriz, orokorrean, harrera ez da hain ona izaten [barreka]». Argazkilariak azaldu du Tabakalera kulturgunea aukeratu zuela Donostian zerbait egiteko gogoa zuelako, eta erakusketa espazioak «argitasun berezia» duela ere nabarmendu du.

Argazkilari profesionalek «egin behar duten» ahaleginarekin eta trukean jasotzen duten «balorazio hutsalarekin» deseroso agertu da Arrugaeta, eta Vivian Maier argazkilaria ekarri du gogora: «Maierrek ahalegin izugarria egin behar izan zuen. Bere garaian inork ez zion lagundu, eta orain, berriz, dirutza ordaintzeko prest gaude haren argazkiak erakusketa batean jartzeagatik. Baina hori, artista hil ondoren; horrek ez dio ezertarako balio hari». Gaur egun gauza batzuk hobetu direla baina oraindik «lan handia» egin behar dela ere esan du argazkilariak: «Kulturaren arloan, orokorrean, apustu serio bat egiteko dago oraindik. Kulturalki goi mailan dauden herrialdeen aldean, oso atzeratuta gaude, eta urteak daramatzagu haiengandik urruti. Oraindik ere, tamalez, diru gehiago bideratzen da edukiontzira, edukira baino».]]>
<![CDATA[Eguneroko topikoen salaketa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/025/001/2019-08-14/eguneroko_topikoen_salaketa.htm Wed, 14 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1958/025/001/2019-08-14/eguneroko_topikoen_salaketa.htm Losers (Galtzaileak) antzezlana, eta, Plazaolaren hitzetan, «bi galtzaileren istorioa» kontatzen du: «Imanolek eta Sarak ia 40 urte dituzte, eta ez dituzte betetzen gizarteak ezartzen dituen baldintzak: etxe bat edukitzea, ezkonduta egotea, umeak edukitzea... Hortik abiatuta planteatzen da ea ezinbestekoa den hori guztia lortzea». Amaitu dituzte entseguak Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen gunean; gaur igoko dira lehenengoz Plazaola eta Garmendia Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzara, 20:00etan, eta igandera bitarte egunero emango dute.

Pertsonen artean harremanak eraikitzeko moldeen aldaketa, sare sozialekiko menpekotasuna eta itxurakeria dira, besteak beste, ikuskizunean jorratzen dituzten gaietako batzuk. Jatorrizko testua Marta Buchaca dramagile kataluniarrak idatzitakoa da, eta Garmendiak azaldu du eguneraketa batzuk egin behar izan dizkiotela: «Eguneratzeko eta Euskal Herrira egokitzeko egin ditugu aldaketak. Duela sei urte inguruko testua da, eta moldatu beharra zegoela uste genuen, gehienbat emakumeen ikuspuntuari dagokionez». Plazaolak, berriz, uste du «albiste ona» dela aldaketak egin behar izatea: «Azken sei urteetan aurrerapausoak eman baldin badira, eta horien harira testua eguneratu beharra badago, albiste ona da hori».

Obran umorea egiteko topikoak erabiltzen dituztela ere aitortu dute artistek, baina, Plazaolaren ustez, «komedia egiteko tresnak» dira, eta «erabili beharrekoak»: «Orain badago korronte bat ulertzen duena topikoak erabiltzea zerbait txarra edo iraingarria dela. Nire ustez, neurrian erabiltzen badira, zerbait osasuntsua dira». Garmendia iritzi berekoa da, eta askotan errepikatzen diren uste horiek obran salatzen direla ere adierazi du: «Lana, autoa, etxebizitza, bikotekidea eta abar edukitzea baino topiko handiagorik ez dago. Polita da, gainera, pertsonaien nortasuna eraikitzeko topikoak erabili ditugulako: Sara eta Imanol topiko handi horiei aurre egiten saiatzen dira».

Pertsonaiak salaketen irudi

Antzezlanean, sare sozialekiko menpekotasuna irudikatzen du Sarak: une oro mugikorrari begira dago. Pertsonaia galtzaile bat zergatik den azaldu du Garmendiak: «Sara loser tipiko bat da, pentsatzen duelako umerik ez edukitzea, bakarrik egotea eta abar benetan loser izatea dela. Kontrakoa sinetsiko balu, ez litzateke galtzaile bat izango». Plazaolak, berriz, bere pertsonaia «nortasun handikoa» dela dio, baina, hala ere, galtzailea izaten jarraitzen duela uste du: «Gustatzen zaizkion gauzak egiten saiatzen da, baina, ingurukoengandik onarpenik jasotzen ez duenez, azkenean berak ere ez ditu onartzen».

Garmendiak aitortu du bere nortasunetik asko ematen duela pertsonaia bat interpretatzeko, baina imitatzeko ereduak ere hautatzen dituela, ikasi ahal izateko: «Nire baitan dagoenaren zati bat jarri behar izaten diet pertsonaiei. Kontzienteki egiten dudan zerbait da, eta naturala dela pentsatzen dut. Beste pertsonen ekintza eta portaeretan ere jartzen dut arreta: pertsonei begiratuz prestatzen ditut pertsonaiak». Plazaolak ere «gutxi gorabehera» gauza bera egiten duela uste du, baina berak pertsonaiaren inguruko galdetegi bat prestatu ohi du. Aktorearen hitzetan, galderek askotan ez dute zerikusirik izaten testuan gertatzen diren gauzekin, baina pertsonaiaren jarrerak oso baliagarriak izaten zaizkio ikasteko eta «haren inguruko mundua» ezagutzeko.

«Norbere aukera bada, jada ez da loser izatea. Salaketa hori azpimarratu nahi izan dut, eta, gainera, nik bizi izan dudan zerbait da». Garmendiak aipatu du antzezlaneko hainbat egoera benetan gertatu zaizkiola: «Gaur egun, emakumea bazara, 36 urte izatea eta umerik ez edukitzea nahikoa da jendeak galdetzeko: zergatik ez duzu umerik? Beti azalpenak eman beharra sentitzen duzu, benetan beharrik ez duzunean». Plazaolak ere aitortu du salatzen dituzten egoeren antzekoren bat pairatu izana: «Alde batetik bestera monologoak egiten ari ginenean, 'Jon, eta lan finko bat?', galdetu ohi zidaten. Agian pauso horiek geroago ematen dituzu, edo ez dituzu ematen. Jendea dinamika horietan automatikoki sartzen da, eta gauza bera egin ezean gizartetik kanpo geratzen zarela ematen du».]]>
<![CDATA[«Denbora daramat nire ahotsari jarraitzen eta nahi duena egiten»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/024/001/2019-08-09/denbora_daramat_nire_ahotsari_jarraitzen_eta_nahi_duena_egiten.htm Fri, 09 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1857/024/001/2019-08-09/denbora_daramat_nire_ahotsari_jarraitzen_eta_nahi_duena_egiten.htm Madama Butterfly operan ariko da Donostiako Musika Hamabostaldian, abuztuaren 13an eta 15ean. Cio-Cio San protagonistaren rola interpretatuko du obran.]]> Madama Butterfly operan. Aurkezpenaren ostean, tarte laburra hartu du BERRIAren galderei erantzuteko, entseguen aurretik atseden hartu beharra baitzuen.

Urte hasieran estreinatu zenuen Pucciniren Madama Butterfly. Zer aldatu da ordutik hona?

Laguntza gutxi jaso nuen, eta ia ez genuen entsegurik egin agertokian; ahotsa prest izan arren, ez nintzen oso eroso sentitu estreinaldian. Oso pertsonaia konplexuak dira, eta, zuzendarien laguntza jaso ezean, oso zaila da aurrera egitea. Baina, orain, eszena zuzendariaren eta orkestrakoaren laguntza eduki dut. Horregatik diot obraren estreinaldia orain izan dela. Halere, bost urte barru egingo den Madama Butterfly ezberdina izango da, produkzio bakarrean zaila baita halako pertsonaiak ondo menperatzea. Abestu ondoren, nekatuta, bai, baina harro sentitzen zara. Hau emanaldi askoren lehena izatea espero dut.

Pucciniren beste opera batzuk ere egin dituzu aurrez. Zer ematen dizu haren obrak lantzeak?

Denbora daramat nire ahotsari jarraitzen; berak nahi duena egiten dut, eta eroso sentitzen da Pucciniren roletan. Hainbat urtez landu ostean, uste dut Puccini emakumeen roletan aditua dela. Sinestezina egiten zait gizon batek emakumeek sentitzen dutena hain modu zehatzean transmititzea. Nigan ere bada oso indartsua den aktore sen bat, eta bere obretan osotasunean landu dezakedala sentitzen dut. Horrek ere eragina du nire ahotsa, pertsona, eta psikea eroso sentitzeko garaian.

Verdiren La traviata hainbat urtez kantatu duzu. Zergatik utzi diozu egiteari?

Ni soprano liriko arin gisa hasi nintzen. Aldi horretan, traviatak egiten nituen, New Yorkeko Metropolitan antzokian batez ere. Ahots kontua da, eta aldatzen doa urteekin. Kontuan hartu behar dugu ahotsa bizirik dagoen instrumentu bakarra dela; eta pertsona baten gorputzean bizi denez, gorputzak dituen aldaketak ere jasaten dituela. Ez da gauza bera nerabea zarenean, 30-40 urte dituzunean, edo nire kasuan bezala, 50 urte dituzunean. Ahotsa gero eta pisu handiagoa hartuz doa. Irakasleek beti esango dizute tonu altu horiek eta arintasun hori ez direla galdu behar, baina pisu handiko ahotsak ere ezinbestekoak dira. Ahotsa aldatzeak errepertorioa aldatzea dakar.

Operaren mundua oso kontserbadorea da, eta emakume pertsonaiak menpeko roletan agertzen dira maiz obretan. Egungo garaietara egokitu behar dira?

Opera gizartearen isla da. Kontuan hartu behar dugu obra hauek 1800-1900. urteetan idatzi zirela. Aintzat hartu behar da garai hartan emakumeek oraindik gizonaren menpeko eta esaneko rola zutela. Baina hala ere, nortasun oso indartsuko pertsonaiak ere badaude: Tosca, Violetta... Gizartearen zapalkuntza irudikatzen dute, baina baita aurre egiteko kemena ere.

Gaur egun, zortea dugu irudimen handiko eszena zuzendariak ditugulako. Nik beti egiten dut puskatzaileak diren obren alde, koherentzia mantentzen badute behintzat. Opera guztiek izaten dute lerroarte bat, eta eszena zuzendari bikain hauek lerro horien artean irakurtzeko gai dira. Bada mezua ondo ulertzen ez duenik ere, baina ondo irakurtzen baduzu, eta partitura ikasten baduzu, mezua hor egongo da; beti egoten da bigarren irakurketa hori istorio hauetan.

Gaur egungo abeslariek teknika ona baina ahotsean nortasunik ez dutela esaten da. Zein da ezaugarririk garrantzitsuena?

Operaren negozioa aldatzen ari da. Lehen pentsaezina zen 20-30 urte inguruko abeslariek 45-50 urte ingurukoen obrak abestea. Orain, berriz, abeslari horiek zaharrak omen dira. Ez dakit ikus-entzunezko munduaren gorakadagatik edo operak zinemara egin duen jauziagatik den. Baina, abestea denborarekin ikasten den zerbait da, eta oso gaztea den norbaitek halako arriskurik hartzen badu, erre egiten da. Abeslari gazteak oso ibilbide laburra edukitzen ari dira, eta horrek pena ematen dit. Orain, 50 urtetik aurrera elefanteen hilerrira bidaltzen gaituzte, eta garai hori da ahots aukerarik indartsuenak ditugun momentua. Karrera hauek epe luzekoak dira, eta laburtzen saiatzen ari dira, bereziki horregatik: behin erabili eta botatzeko abeslariak egiten ari direlako, eta hori ez zait bidezkoa iruditzen.]]>
<![CDATA[Hamahiru ekoizpen izango dira Horizontes saria lortzeko lehian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/024/001/2019-08-07/hamahiru_ekoizpen_izango_dira_horizontes_saria_lortzeko_lehian.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1889/024/001/2019-08-07/hamahiru_ekoizpen_izango_dira_horizontes_saria_lortzeko_lehian.htm La cordillera de los sueños filmak emango dio hasiera sailari, eta Jayro Bustamante zinemagile guatemalarraren La Llorona filmak itxiko du; azken hori lehiaz kanpo emango dute, baita Juan Solanas argentinarraren La ola verde (Que sea ley) lana ere. Askotariko gaiak lantzen dituzte filmek; besteak beste, 1970eko hamarkadako Txileko egoera, Guatemalako genozidioa, eta legezko abortua Argentinan.

Guzmanek Cannesko zinema jaialdian ere aurkeztu zuen La cordillera de los sueños filma, eta dokumental onenaren L'Oeil d'or saria irabazi zuen. Nostalgia de la luz (2010) eta El botón de nacar (2015) lanak grabatu ondotik, lehiara aurkeztu duen filmarekin itxiko du bere herrialdea ardatz duen trilogia. Bustamantek Guatemalako genozidioa landu du La Llorona lanean, eta lehiaz kanpo erakutsiko du, baina saria lortzeko hautagai den beste lan bat ere aurkeztuko du: Temblores. Film horrek gizon batekin maitemintzen den 40 urteko apaiz baten istorioa kontatzen du. Solanasen La ola verde (Que sea ley) filmak bestelako gai bat du hizpide: Argentinan abortua legeztatzeko borroka. Cannesko jaialdiko emanaldi berezien artean ere izan zen.

Europan estreinakoz emango diren hainbat lan ere bildu ditu sailak. Armando Capo zuzendariaren Agosto da horietako bat. 13 urteko mutil baten istorioa kontatzen du filmean, 1994ko uda amaieran girotua, Kubako baltseroen krisi betean. Andres Wooden Araña filma ere lehen aldiz emango da Europan, eta Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimendua du hizpide. Así habló el cambista da Federido Veirojek estreinatuko duen lana, eta Montevideon argentinarren eta brasildarren dibisa klandestinoak salerosten dituen merkatari bat du ardatz. Paula Hernandez zuzendariak berriz, senarraren etxean bizi diren eta senideekin eztabaida bat izango duten emakume baten eta haren alaba nerabearen istorioa kontatzen du Los sonámbulos filmean.

Hainbat 'opera prima'

Romina Paula, Sebastian Muñoz eta Lucia Garibaldi zuzendariek beren lehen lanak aurkeztu dituzte Horizontes Latinos sailera. De nuevo otra vez filmeko zuzendaria ez ezik, protagonista ere bada Paula. Fikzioa eta ez-fikzioa nahasturik, amatasuna eta bizitzako krisi existentzialak lantzen ditu. Muñozen El principe filmak, berriz, 70eko hamarkadako Txileko espetxe batean dagoen 20 urteko gazte baten bizitza kontatzen du. Eta Garibaldiren Los tiburones-en, aldiz, lehen aldiz desira sentitzen duen nerabe bat da protagonista; marrazoak daudela-eta aztoratuta dagoen bainuetxe batean gertatzen da istorioa.

Beste zuzendari batzuk ere izango dira haien lanak aurkezten. Daniel eta Diego Vega anaiek La bronca, beren hirugarren film luzea emango dute. 90eko hamarkadan kokatua dago, eta nerabe baten istorioa kontatzen du; Peru utzi, eta Kanadara joango da, familia berria sortu duen aitarengana. Alejandro Landesek Monos filma aurkeztu du, zuzendu duen hirugarrena eta Eulien ugazaba eleberriaren interpretazio berri batean oinarritzen dena.

Nuestras madres du izena Cesar Diazek zuzendu duen bigarren film luzeak. Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak lantzen ditu, eta Camera d'or saria —Cannesko jaialdiko opera prima onenari ematen zaiona— irabazi zuen, beste hainbat sariren artean. Gael Garcia Bernalek ere bere bigarren film luzea aurkeztu du: Chicuarotes. Cannesko jaialdiko emanaldi berezietako bat izan da, eta pobreziatik eta indarkeriatik ihes egin nahi duten bi nerabe dira protagonistak.]]>
<![CDATA[Organoak hartu du jaialdia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/026/001/2019-08-06/organoak_hartu_du_jaialdia.htm Tue, 06 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1872/026/001/2019-08-06/organoak_hartu_du_jaialdia.htm La Passion de Jeanne d'Arc (Joana Arc-ekoaren pasioa, 1928) film mutua proiektatzen zuten bitartean.

Datorren ostiralera bitarte, nazioarteko hainbat musikarik hartuko dute parte zikloan, eta obra erromantikoak interpretatuko dituzte gehienbat. Zazpi kontzertu emango dituzte Donostiatik kanpo, Gipuzkoan guztiak ere: Ataunen, Usurbilen, Azpeitian, Azkoitian, Tolosan, Villabona-Amasan eta Deban, hain zuzen. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan, kontzertuak hainbat tokitan egiteak lurraldea ezagutzeko «aukera ona» ematen du.

Bi pieza estreinakoz entzun ahal izango dira: Musika Hamabostaldiak Ivan Valdes konpositore espainiarrari eskatutakoa bata, eta Gorka Cuesta euskal musikagileak egindakoa bestea. Daniel Oiartzabal organista eta Joan Castello perkusionista bihar arituko dira Artzain Onaren katedralean, 20:00etan, eta Valdesen obra joko dute, beste hainbaten artean. Cuestaren Le fleuve du souvenir (Oroitzapenaren ibaia), berriz, egun berean joko du Loreto Aramendik, Donostiako Santa Maria elizako organo jotzaile titularretako batek, Azkoitiko Andre Mariaren elizan, 20:00etan. Azkoitiko organoan jotzea «zorte handia» dela uste du Aramendik; Cuestaren obra, berriz, «bereziki ondo» egina dagoela eta «hizkuntza ezberdina eta aberatsa» erabiltzen dituela ere esan du.

Esteban Elizondo Organo Zikloko zuzendariak gogorarazi du musikari gazteak ere «garrantzitsuak» direla. Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain Musikeneko ikasleek abuztuaren 8an emango dute kontzertua Tolosako Andre Mari elizan, 20:00etan. Besteak beste, Brahmsen, Bachen eta Durufleren obrak interpretatuko dituzte. Eskerrak eman dizkiete biek Musika Hamabostaldiaren antolakuntzari eta Elizondori; eskaini zaien aukera «paregabea» dela iritzi diote, eta jaialdian jotzea «ohorea» dela. Ansolak beren onena ematen saiatuko direla adierazi du, eta Arakistainek, berriz, kanpoko nahiz bertako musikariekin jotzea «plazera» dela, baina «etxeko musikariak» balioesten ere jakin behar dela.

Ondarearen transmisioa

Organo Zikloari lotuta, Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastaroa egiten ari dira atzotik. Daniel Roth Parisko St. Sulpice elizako organo jotzaile titularra izango da irakaslea. Ikasleak nazioarteko hainbat herrialdetatik etorri dira kurtsora; horien artean, Frantzia, Italia, Espainia, Japonia, Austria, Australia eta Suitza. Ikastaroa amaitzen den egunean, hilaren 9an, parte hartzaileek kontzertu bat emango dute San Bizente elizan.

Rothek adierazi du Musika Hamabostaldira etortzea «ohorea eta plazera» dela, eta eskerrak ere eman ditu beste urte batez gonbidapena egin diotelako. Gipuzkoako organo ondarea ere goraipatu du musikariak, eta nabarmendu du Frantzian ez dela gauza bera gertatzen: «Eskerrak eman nahi dizkiet denboran zehar instrumentu hauek jatorrizko egoeran mantentzeaz arduratu direnei; bilduma ederra da. Frantzian, ordea, organo pila bat desagertu egin dira, eta lastima da».]]>
<![CDATA[«Aukeratutako obrek arrakasta edukiko dutelakoan nago»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/026/001/2019-08-03/aukeratutako_obrek_arrakasta_edukiko_dutelakoan_nago.htm Sat, 03 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1857/026/001/2019-08-03/aukeratutako_obrek_arrakasta_edukiko_dutelakoan_nago.htm Suitearen Preludioa eta Requiem lanak joko ditu. Kontzertua San Bizente elizan izango da, gaur, 20:00etan.

Zer da zuretzat Donostiako Musika Hamabostaldian jotzea?

Ohorea da. Hamabostaldiak oso garrantzi handia du estatuan eta Europan. Halako zikloak, gainera, oso ondo egoten dira. Primerako organoetan jotzeko aukera izaten dugu, eta gustura ibiltzen gara beti.

Zergatik aukeratu dituzue obra horiek?

Hainbat arrazoi daude. Alde batetik, organo honetan jotzeko oso aproposak direlako. Kontuan hartu behar da organo hauek erromantikoak direla eta edozein musika ez doakiela ondo. Beste aldetik, lan hauek erreferenteak dira edozein organistarentzat. Joko dugun bertsioa organorako egina da, baina badira orkestrarako eta koruarentzako bertsioak ere. Obrak ezagunak izateak ere eragina izan du aukeraketan. Hamabostaldian arrakasta edukiko dutelakoan nago.

Norekin arituko zara jotzen?

Andra Mariko koruarekin eta bakarlariekin arituko naiz. Bakarlariak Lucia Gomez mezzosopranoa eta Jesus Garcia Arejula baritonoa izango dira. Jo behar dugun obran, Requiem-en, bakarlari momentu oso gutxi daude; gehiena koruak abesten du. Baina bakarlarien zatia egiteko, bi ahotsak behar dira.

Andra Marirekin askotan egin ditugu programa interesgarriak, eta oso esperientzia ona izan da. Abesbatza handia da, ibilbide luzekoa. Bakarlariekin ere lan egin dut lehenago.

Santa Maria basilikako organista titularra zara 2009tik. Zergatik da kontzertua San Bizente elizan?

Momentu honetan Santa Mariako organoa zaharberritzen ari dira. Lanak otsailean hasi ziren, eta bi urte inguru egongo gara organorik gabe. Aipatu behar da jo behar dugun obra ez doakiola ondo Santa Mariako organoari, hemengoa baino apur bat zaharragoa delako, eta teklatuaren zabalera motzegia delako. Moldaketak ere egin daitezkeen arren, jo beharreko notak faltako litzaizkidake. Baina, esandakoa, arrazoi nagusia da Santa Marian ez dagoela organorik.

Ba al dago alderik bi organoen artean?

Pixka bat ezberdinak izan arren, organo anaiak direla esan daiteke. Fabrika berak egin zituen, baina San Bizentekoa apur bat gazteagoa da: hamabost urte ingururen aldea dute. Elizaren akustikak ere asko eragiten du. Santa Maria handia da, eta, luzeagoa denez, erreberberazioa ere beranduago iristen da. San Bizentek, berriz, karratuagoa izanik, akustika hobea du. Organistak dagoen horretara moldatzen gara.

Nola entseatzen du organo jotzaile batek?

Ohikoena elizara etortzea da. Nik jotzen urteak daramatzadanez, etxean ere badut organo elektroniko bat, bi teklatu dituena; hemengoak [San Bizente elizakoak] hiru ditu. Landa lana egiteko balio du, hau da, notak ikasi, teknika landu..., baina ez dauka zerikusirik elizako organo batekin.

Organoa musika klasikotik kanpo ere aurki daiteke?

Ohikoena musika klasikoan aurkitzea da. Badakigu organoa zertarako sortu zen: kulturako eta kontzertuak emateko. Parisen, esaterako, organo pila bat daude, kontzertuak emateko. Baina, adibidez, Tolosako [Okzitania] jaialdi batean, baxua, perkusioa eta organoa bateratuz egin izan dituzte gauza batzuk. Azkenaldian, berriz, saxofoiarekin eta dueto edo trio formatuan ere ari dira gauza modernoagoak egiten. Modernoa esatean, ez dut irratian entzuten den musika moderno hori esan nahi, noski. Baina soinu efektuak, elektro akustika eta abar lantzen eta gauza berriak egiten ari dira.

Egungo konpositoreek ere organorako piezak egiten dituzte; duela gutxi, estreinaldi bat egin zen hemen, San Bizente elizan.

Nolako harremana du musika klasikoak gainerako generoekin?

Ezin du lehiatu, beti galdu egingo bailuke. Zaila da. Alde batetik, Europako kontzertu areto handienetan jarraipen arazoak dituzte: harpidedun asko hiltzen ari dira, zaharrak direlako, eta bonuak ez dira berritzen. Egoeraren beste aldean, berriz, nik Musikenen egiten dut lan, irakaslea naiz, eta ikasle gazte pila bat dago. Sarrera proba egitera [Espainiako] estatuko hoberenak etortzen dira, eta asko kanpoan geratzen dira. Esate baterako, biolin probarako 60 pertsona aurkeztu ziren, eta hamar plaza besterik ez daude. Jendea, beraz, badago.

Zer publiko du Musika Hamabostaldiak?

Hau ere kontu bitxia da. Hamabostaldian, eliza bete egiten da; ez da pertsona bakar bat gehiago sartzen, ezta zutik ere. Baina kontzertu bera otsailean egiten baduzu, jende kopuru erdia etorriko da ikustera. Gehienbat, adineko jendea izaten da, baina gazteak ere etortzen dira. Badira gu bezalako frikiak ere: leku guztietan gaude [barreka]. Baina, oro har, mundu hau oso txikia da.

Nire ustez, jende gazte gehiago ez etortzearen arrazoia da hau ez dutela benetan ezagutzen. Elitistatzat ere jotzen da, oro har, musika klasikoa. Baina kontzertu pila bat doan izaten dira: larunbatekoa, esaterako, doan izango da; baina, hala ere, jendea ez da agertzen.

Zer rol dute emakumeek organoaren munduan?

Hasieran, kontzertu bat jotzera, edozein herritara, joaten nintzenean, iristean: «Zu al zara organista?» [harridura tonua jarriz], galdetzen zidaten. 20 urte inguru edukiko nituen orduan. Mesfidantza moduko bat nabaritzen zen. Ez nintzen haiek espero zutena: gaztea, neska eta organo jotzailea [barreka].

Aurrez ere baziren emakumeak, baina Santa Maria basilikan organista titular izendatu nindutenean ere—nire bi lankideekin batera, horiek ere emakumeak—, alde batetik eta bestetik entzun behar izan genituen... eta hamar urte besterik ez da igaro hartatik. Gure lekuan hiru gizon egon izan balira, ez zen halakorik gertatuko. Esan beharra dago, hala ere, Felix Garitano Santa Maria basilikako apaizak guregan konfiantza handia zuela, berak deitu baitzigun.

Ba al du aparteko ezaugarririk kontzertuak?

Kontzertuan pantaila handi bat jarriko dute aldarearen parean, organoan gertatzen dena publikoari gerturatzeko. Organistaz gain, beste bi pertsona egoten dira laguntzen, eta jendeak, normalean, ez daki hori.]]>
<![CDATA[«Musika, dantza eta arte gehiago behar da eskoletan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2019-08-02/musika_dantza_eta_arte_gehiago_behar_da_eskoletan.htm Fri, 02 Aug 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2019-08-02/musika_dantza_eta_arte_gehiago_behar_da_eskoletan.htm Hebridak obertura, Chopinen Pianorako 1. Kontzertua, eta Beethovenen 4. Sinfonia jo zituzten. Gaur berriro ariko da agertoki berean eta orkestra berarekin, baita Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzekin ere. Dvoraken Te deum, Kodalyren Psalmus hungaricus eta Schumannen 2. Sinfonia interpretatuko dituzte.

Zer ezaugarri dituzte gaur joko dituzuen obrek?

Oso ezberdinak dira. Garai ezberdinetako zuzendariak dira. Schumann orkestra sinfonikorako tradiziozkoa delako aukeratu dugu. Niretzat, 2. Sinfonia bere obrarik onenetako bat da. Ikaragarria da lan hori halako musikari bikainekin jotzeko aukera izatea.

Dvorak aukeratzeko garaian, berriz, esango nuke nire nortasunak eragina izan duela, txekiarra bainaiz. Te deum obra oso aproposa da programa irekitzeko, eta konpositore horren beste lan batzuk baino gutxiago jotzen delako hautatu dugu. Nik atsegin dut konpositore hungariarrekin lan egitea, Bartok eta Kodalyrekin, kasurako. Psalmus hungaricus lehenago ere zuzendu izan dut, eta esfortzu handia eskatzen du: abesbatza, agertoki eta orkestra bikainak behar dira, baina pieza interesgarrienetako bat da. Kodalyren eta Dvoraken lanak testu biblikoetan oinarritzen dira: lehena hungariarrez abesten da, eta oso nazionala da, pasio handikoa; bigarrena, berriz, unibertsalagoa da, eta latinez abesten da. Dena dela, bi lanetan nabari da folk musikaren eragina, baita konpositoreek harekiko duten lilura ere.

Nolakoa izan da Seong-Jin Cho pianistarekin lan egitea?

Lehenago ere lan egin izan dugu elkarrekin: Amsterdamen, Royal Concertgebow Orchestrarekin. Bere belaunaldiko hoberenetako bat da, zalantzarik gabe. Aurreko aldi hartan Ravelen obra bat jo genuen, eta oraingoan, berriz, Chopinen lan bat. Esperientzia guztiz ezberdinak izan dira.

Lehen aldia duzu Donostiako Musika Hamabostaldian. Nolako garrantzia du zuretzat?

Bikaina da. Donostian lehenago ere jo izan dut, Bamberg orkestrarekin: bira bat egin genuen Espainian zehar, eta Donostiara ere etorri ginen. Beraz, aretoa aurretik ezagutzen dut; baita hiria ere, apur bat behintzat. Primerako orkestrak, abeslari itzelak eta programa bikaina ditu jaialdiak: aparta izango delakoan nago.

Orkestra askorekin egiten duzu lan. Oraingoan, Mahler Chamber Orchestrarekin ari zara. Zer du berezitik orkestra honek?

Musikari guztiak bat eginda dauden sentipena sortu behar du orkestra idealak, eta hori izaten dut buruan lan egitean. Hala ere, orkestra handiekin ez da erraza izaten hori lortzea, jendea lanera joango balitz bezala etortzen baita jotzera. Egia da zuzendarion lana ere badela orkestra —eta musikariak— zuzentzea haiek errutina saihestu eta freskotasunez jo dezaten. Baina hori, esan bezala, zaila izaten da orkestra arruntetan.

Mahler orkestra, berriz, elkarrekin jotzen duen musikari talde bat da; bakoitzaren interesetatik harago, laguntasunez, sentipen bateratu batez eta nortasun musikal batez jotzen dute. Gainera, jotzen duten toki guztietan islatzen dute ganbera musikak berezkoa duen elkartasun ezaugarri hori. Orkestra hain handia ez izatearekin lortzen da hori; musikari gehiago izango balira, zailagoa izango litzateke sentsazio hori ziurtatzea.

Nabarmendu daitekeen beste ezaugarri bat musikariek duten ikuspuntu freskoa da. Kalitate maila hoberena galdu gabe, beti prest daude obra interpretatzeko modu berriak esploratu eta probatzeko. Orkestra bera izan arren, entitate ezberdin bat da kontzertu bakoitzean. Musikari gehienak gazteak dira, eta horrek berezi egiten duen gazte energia bat ematen dio taldeari.

Zer ematen dizu hainbat orkestrarekin lan egiteak?

Zer ematen digu hainbat pertsona ezagutzeak? Gugandik gertu dauden pertsonekin elkartu nahi izaten dugu haien pentsaerak arima aberasten digulako. Bamberg orkestrarekin erraza da: elkar ulertzen eta inspiratzen dugu. Beste biekin ere gauza bera gertatzen zait. Hirurak herrialde ezberdinetakoak dira, hiru kultura ezberdinetakoak. Niretzat ederra da, kultura eta pertsona horiek modu sakon batean ezagutzeko aukera ematen baitit.

Zein da, gaur egun, musikak oro har gizartean duen rola?

Nire iritziz, bada zentzugabea den arazo bat: musika, sarritan, ez da haurren heziketaren parte izaten. Eta hori ez dut esaten musikaria naizelako soilik. Ikerketa zientifiko guztiek diote abesteak, instrumentu bat jotzeak, dantzatzeak... musika duen edozerk modu harrigarrian laguntzen duela giza garunaren hazkunde osasuntsuan. Badakit ordenagailuek, telefonoek eta halako gailuek modu askotan laguntzen digutela, baina pasibotasunera ere bultzatzen gaituzte. Botoi bat zapaltzearekin, nahi dugun produktua eskuratzen dugu, eta hori kaltegarria dela iruditzen zait. Ezin duzu pianoan abesti bat jo edo dantza egin, besaulkian eserita egon besterik ez baduzu egiten.

Musika, dantza eta arte gehiago eskoletan; hori da behar duguna. Baina betiere modu aktibo batean; ez dadila izan botoia zapaldu eta zinta entzutea bakarrik. Ez dakit egin daitekeen edo ez. Baina ziur nago gizarte osoak jasoko lukeela onura.]]>
<![CDATA[Malandain balletak 'Marie Antoinette' obra emango du Viktoria Eugenian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/030/001/2019-07-30/malandain_balletak_marie_antoinette_obra_emango_du_viktoria_eugenian.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1867/030/001/2019-07-30/malandain_balletak_marie_antoinette_obra_emango_du_viktoria_eugenian.htm Marie Antoinette obra. Malandain Ballet Biarritzek Versaillesen (Frantzia) aurkeztu zuen estreinakoz lan hori, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz, joan den otsailean. Eta estreinaldiaren ondotik, Euskal Herriko eta nazioarteko beste hainbat hiritan erakutsi dute, besteak beste, Donostian, Iruñean eta Anberesen (Belgika). Bihartik abuztuaren 3ra, egunero emanaldi bat egingo du balletak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Ordu eta erdian, Maria Antonietaren bizitza kontatzen du obrak. Musikari dagokionez, alde batetik, Joseph Haydn konpositore austriarraren lau sinfonia aukeratu ditu Malandainek —6.a, 7.a, 8.a eta 73.a—; eta, bestetik, Christoph Willibald Gluck musikari alemaniarraren Orfeo eta Euridize operaren zati bat. Haydnen lanak hura austriarra zelako eta Maria Antonietak ezagutzen zuelako aukeratu dituela azaldu du koreografoak; eta Glucken operaren zatia, berriz, konpositorea Vienan Maria Antonietaren musika irakaslea izan zelako.

«Historiari gertutik jarraitzen ahalegindu naiz», azaldu du Malandainek. Kontatu du hasieran ez zekiela gauza handirik Luis XVI.a eta Maria Antonieta errege-erreginei buruz, baina ikertu ahala jabetu dela zerbait okerra gertatzen zaienean bihurtzen direla «interesgarri» pertsonaiak: «Horren zoritxarreko heriotzarik eduki izan ez balute, seguruenik, ez ziren izango egun diren bezain nabarmenak».

Jantziak eta dekoratua «ederrak» direla ere azpimarratu du. Aurreko emanaldietan, Kursaalekoan kasurako, EOSekin batera aritu zen balleta; oraingoan, berriz, dantzariak bakarrik taularatuko dira. Malandainen ustez, hala ere, obrarentzat egokiagoa da Viktoria Eugenia, lana «bilduta» gelditzen delako antzokiak duen forma borobilduagatik.

Obrak Frantzian izan duen oztopoetako bat argumentua dela esan du, historia lantzen delako, eta denek ez dutelako ikuspuntu bera: «Baliteke publikoak Luis XVI.ari eta Maria Antonietari buruzko beste irudi bat edukitzea, eta irudi hori ez etortzea bat nik obran azaltzen dudanarekin».]]>
<![CDATA[«Denbora-pasa bat da musika, baina badu bere mezua ere»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/026/001/2019-07-27/denbora_pasa_bat_da_musika_baina_badu_bere_mezua_ere.htm Sat, 27 Jul 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1894/026/001/2019-07-27/denbora_pasa_bat_da_musika_baina_badu_bere_mezua_ere.htm Mixtape bat izenekoa, eta bigarrena aurten bertan, Hondarribiagra. Eta abesti probokatzaileak sortzea izan dute ezaugarri nagusi bi lanetan. Beti «euskal abangoardian» egon direla eta musika «bertako ikuspuntutik» egiten dutela azaldu du Zakil Onilek: «Beti lehenengoak izan gara kanpoko gauzak entzuten. Mundu mailan trapa entzuten da. Guk euskaraz eta kaleko hitzekin egitea erabaki genuen. Euskal Herriko ikuspuntutik, bertakoak garelako».

Hasieran, ez zuten «halako oihartzunik» espero, Big Txikik aitortu duenez, baina «pentsatzen jarrita», zerbait «normala» dela iruditzen zaio. Euskal musikan «espazio huts bat» zegoela eta beraiek hori betetzera iritsi direla adierazi du taldeko DJak. Ideia bera hitz gutxitan laburbildu du Donald Trap abeslariak: «Beharra zegoen, eta ase egin dugu».

Nazioarteko taldeak dituzte erreferentetzat: Suicideboys, Ghostemane eta Dizzee Rascal. Kulturaren munduan «erabat murgilduta» daudela, baina euskal taldeak «gorroto» dituztela zehaztu du Zakil Onilek: «Esne Beltza, Gatibu eta horrelakoak gorroto ditugu. Euskal musika, irratia... ez dugu entzuten. Hemen mainstream dena kaka bat da. Gu izan ezik».

Azken diskoaren izena barregarriak diren bi hitz elkartzeko asmotik sortu zela azaldu dute. Hondarribiagra eta Batzokingz izenen artean zalantzan ibili zirela onartu dute, baina azkenean lehena aukeratu zuten, eta arrazoia azaldu du Donald Trapek: «Hondarribia arlo guztietan hilda dago: kulturalki, politikoki, musikalki... Gu gara herri honek, eta baita Euskal Herriak ere, behar duen bultzada; eta zer hobe horretarako biagra bat baino».

Taldeak mezu propioa duela nabarmendu du Big Txikik: «Zabaldu nahi duguna da, diskoaren mezua baino gehiago, euskal musika genero berrietara moldatzeko gai dela. Ez dagoela beti estilo berari jarraitu beharrik». Zakil Onilek, berriz, Euskal Herrian arlo guztietan «zuzenegiak» izateko joera dagoela uste du, eta haiek, berriz, bere gauzei buruz abestu nahi dutela: «Guk gure gauzei buruz abestu nahi dugu, eta jendea txorakeriak ez botatzeko eta serio hartzeko esanaz etorri zaigu. Egin dezatela beraiek. Hau da guk erabaki dugun ildoa eta jarraituko dugun bidea».

Diskoa Gorpuzkingz bukatu da abestiarekin hasten da. «Hondarribiko hiru pertsona jazarri egin zitzaizkigun, eta mendeku moduko bat da. Haiei esker taldeak utzi egingo zuela esaten zuten, baina aurkakoa gertatu da; indar handiagoa hartu dugu», azaldu du Donald Trapek. Zakil Onilek, bestalde, egunen batean utziko dutela, eta egun hori «gertu» dagoela adierazi du: «Gu ez gara Su ta Garren moduko taldea, hemendik 40 urtera ere kaka ematen jarraituko duena. Argi dugu utzi egingo dugula; ez dakigu noiz, baina eguna gertu dago».

Probokazioa ikur

Euskal okhelâ abestian euskal kulturako hainbat artistaren eta talderen aurka jotzen dute; Jorge Oteiza eskultorea eta Eskorbuto musika taldea, aldiz, goraipatu egiten dituzte. Donald Trapek argi utzi du arrazoia: «Beti pentsatzen zutena egin zuten, eta ondorioak onartu zituzten. Guk gauza bera egiten dugu».

Euskal kultura hondoratuta, «aingura bat bezala» dagoela adierazi du abeslariak, eta Gorpuzkingzek aterako duela aurrera. Big Txiki, berriz, itxaropentsu dago, taldea izaten ari den «arrakasta» dela eta, aurrera begira, antzeko talde gehiago sortuko direla uste baitu; «kateak puskatu» eta Euskal Herriko musikaren egoera «ireki» egingo dela.

Euskal Herrian, musikan, garrantzia mezuari bakarrik ematen zaiola uste du Donald Trapek, baina bestela ulertzen du berak: «Musika denbora-pasa bat da, baina badu bere mezua ere. Euskal Herrian, ordea, garrantzia mezuari bakarrik eman zaio. Nazio eraikuntzarako, berriz, beharrezkoa da, normaltasun batean, denbora-pasa euskalduna». Jendeak bere burua artistatzat hartzen duela uste du Zakil Onilek, eta beraiek, ordea, ez dutela gauza bera pentsatzen: «Jendeak artistatzat du bere burua, serioegi hartzen ditu gauzak. Guk ez dugu hala ikusten. Sortzaileak gara, eta horrekin gustura gaude». Big Txikik, berriz, musika «bizitzeko modu bat» dela esan du: «Kontzertuetara joaten gara, eta sortu ere egiten dugu. Gure ingurua da».

KONTZERTUAK

Uztailak 27. Leitzan (00:15) eta Azpeitian (02:30).

Abuztuak 9. Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan.

Abuztuak 22. Bilboko Aste Nagusian.]]>
<![CDATA[«Musika erronka moduan ulertzea gustatzen zait»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/030/001/2019-07-26/musika_erronka_moduan_ulertzea_gustatzen_zait.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1864/030/001/2019-07-26/musika_erronka_moduan_ulertzea_gustatzen_zait.htm
Zein da diskoaren mezua?

Diskoaren izenburua De Diego Brothers Since 1993 da. Taldearen sorrera data da hori. Aurreko urtean, 25 urte bete genituen, eta diskoa omenaldi bat da, ospakizun txiki moduko bat.

Zein izan dira zuen musika erreferenteak?

Juanek eta biok, anaiak izanik, eragin nahiko berdintsuak izan ditugu. Jazz mota asko entzun ditugu, sakonki murgildu gara estilo horretan. Hala ere, esango nuke jazz klasikoko artistek izan dutela gugan eraginik handiena: besteak beste, John Coltrainek, Miles Davisek eta Herbie Hancockek. Jakina, gaur egun gertatzen ari denari ere kasu egiten diogu. Azken urte hauetan musikari gazte asko atera dira, eta entzuten ditugu; haiekin ere jotzen dugu.

Ez da argitaratzen duzuen lehen diskoa.

Ez, hirugarrena da, De Diego Brothers talde gisa, behintzat. Horrez gain, bakoitzak bere ibilbide, talde nahiz proiektu propioak ditu. Lider moduan argitaratutako hainbat disko ere baditu bakoitzak. Baina, esan bezala, biok batera ateratzen dugun hirugarrena da hau. Lehen diskoa Zuzenean Live BJC izan zen, 2005ean. Bigarrena, Odola Sangre izenekoa, 2013an argitaratu genuen. Lehenengo lanean, agian, ez da hainbeste nabaritzen, baina beti saiatu izan gara gure abesti propioak sortzen, eta bigarren nahiz hirugarren diskoetan suma daiteke hori.

Estilo ezberdinak uztartu dituzue diskoan.

Bai, eta oso gustura aritu gara jotzen. Musika estiloa baino gehiago, jotzeko orduan, alboan dugun musikaria da baldintzatzen gaituena, eragin oso zuzena du. Gaur egun, Abel Boquera Hammond B3k organoan eta Caspar St Charlesek baterian osatzen dute taldea, eta beraien jotzeko modua dute. Etiketak jartzea arriskutsua dela iruditzen zait, gero jendeak taldea segituan sailkatu egiten duelako, baina esan daiteke azken disko honek funk eta soul kutsua duela; bigarrena, agian, jazzagoa zen.

Zer dela-eta hasi zineten jotzen anaia eta biok?

Ni Bartzelonara etorri nintzen 1988an, eta Juan hiru edo lau urte geroago etorri zen. Bakoitzak bere lana egiten zuen: hainbat taldetan jo, musika estilo ezberdinak landu... Baina bioi funk, soul eta jazz erritmoak nahastea gustatzen zaigu, eta horrek bultzatu gintuen batera jotzen hastera. Eta begira, 25 urte igaro dira jada. Egia da tartean atsedenaldi bat hartu genuela. Baina, azkenaldi honetan, berpizteko beharra sentitzen genuen, eta hirugarren disko hau da emaitza.

1993an hasi zineten elkarrekin. Zer aldatu da?

Lehen kontzertua 93an jo genuen. Ordutik, normala denez, eskarmentu handiagoa dugu, eta hori musikan islatzen da. Musikari hobeak gara, edo hori pentsatzen dut, behintzat. Esperientzia handiagoa dugu, eta jo nahi duguna ere zehatzagoa da.

Zer da musika zuretzat?

Lehenik eta behin, pasio bat da. Baina, guztiz gozatzeko, ahal bezainbeste landu behar da. Ez da ondo pasatzea bakarrik. Jakina, zati garrantzitsu bat da, eta publikoak ere nola disfrutatzen duen ikustea gaindiezina da. Baina niri musika erronka moduan ulertzea gustatzen zait. Une oro ikasi eta praktikatzen dut, hobeto jotzeko eta musikari hobea izateko.

Zer egoeratan dago jazza?

Jazza, zoritxarrez, beti izan da musika minoritario bat. Jendeak irratian entzuten den edo modan dagoen musika atsegin du, eta, horrela, kalitateak garrantzia galtzen du. Baina, oro har, jazzaren egoera ona dela esango nuke. Musikari gazte eta on asko ari dira ateratzen; beraz, jarraipena ziurtatuta dago.

Publiko handiago batera iritsi beharko genukeela? Bai, baina hori ez dakit zenbateraino dagoen gure esku. Jendeari dagokio mugitzea, interesa azaltzea. Gauza bera gertatzen da literaturan, eta baita, oro har, artean ere. Publikoa da jarrera kritiko bat eduki behar duena, kalitatezko edukia kontsumitzea haiek hartu beharreko ohitura da.

Oso zaila da medio erraldoien aurka egitea. Baliteke hori ez izatea biderik zuzenena, baina, jazzak maila horretan lehiatu nahi badu... Ni egunetik egunera musikari hobea izaten saiatzen naiz, eta konformatzen naiz daukagun publikoarekin. Jendeak gure kontzertuetan ondo pasatzea da helburua. Kalitate kontua da kantitatearena baino gehiago. Jende gehiago etortzen bada, hobe, jakina; baina, hori, ez dago gure esku.

Bost egunetan sei kontzertu jotzekoak zarete.

Birak horrela muntatzen dira. Ezin gara toki batetik pasatu bertan kontzerturik eman gabe [barre artean]. Hori da gustatzen zaiguna, jendeari gure musika eskaintzea. Ez gaitu hainbeste kezkatzen zenbat jende azalduko den; etortzen dena gustura eta musika ona entzunda ateratzea da gure ardura nagusia. Musika zuzenean kontsumitzea bultzatu behar da; eta ez agertoki erraldoi edo mundu mailako artista famatuen kontzertuetan bakarrik. Toki txikietan eta denetariko musika, kalitatezkoa, entzutera animatu behar dugu publikoa. Askotan, artista ospetsua izateak ez du zerikusirik izaten musikaren kalitatearekin.]]>
<![CDATA[Hamasei taldetik gora ariko dira Donostian Glad is the Day jaialdian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1834/032/001/2019-07-19/hamasei_taldetik_gora_ariko_dira_donostian_glad_is_the_day_jaialdian.htm Fri, 19 Jul 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1834/032/001/2019-07-19/hamasei_taldetik_gora_ariko_dira_donostian_glad_is_the_day_jaialdian.htm
Bi gune bereizi dituzte parkean: oholtza nagusia, alde batetik, eta Ruina Sonica izeneko tokia, bestetik. Zortzi talde arituko dira oholtza nagusian, eta zortzi DJ, berriz, Ruina Sonican.

Oholtza nagusian ska, reggae, indie-rock, pop-rock eta bestelako doinuak lantzen dituzten taldeak arituko dira. Horien artean dago Bloody Magic Nails, 2017an bikote moduan hasi eta aurten hirukote bihurtu den talde donostiarra. Indie-punk musika lantzen dute, eta lehen lana argitaratu berri dute, Kintsugi. Mice ere izango da bertan —Miren Narbaizak 2017an bakarka hasitako proiektua—. Tenpo geldoak eta distortsioak bateratzen ditu, bere ahotsaren gidaritzapean. Aukera izango da Susmara eta The Lookers bezalako talde berriak ikusteko ere, baina klasikoak ere ez dira faltako, Potato talde gasteiztarrak bere egin dituen ska eta reggae doinuekin girotuko baitu parkea, 35 urteko ibilbide luzeari jarraipena emanez.

Talde horiez gain, bestelako doinuak lantzen dituzten hainbat artista arituko dira Ruina Sonican: besteak beste, Le Parody, Bellaca B2B Joven Mata, Brava DJ, La Dani DJ, Skyhxxk DJ, Chico Blanco, Alvva DJ eta Merca Bae DJ.]]>
<![CDATA[Hamasei taldetik gora ariko dira Glad is the Day jaialdian]]> https://www.berria.eus/albisteak/169044/hamasei_taldetik_gora_ariko_dira_glad_is_the_day_jaialdian.htm Thu, 18 Jul 2019 16:23:45 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/albisteak/169044/hamasei_taldetik_gora_ariko_dira_glad_is_the_day_jaialdian.htm <![CDATA[Margotzeko bizi zen artista]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/026/001/2019-07-17/margotzeko_bizi_zen_artista.htm Wed, 17 Jul 2019 00:00:00 +0200 Aitor Arroyo Askarai https://www.berria.eus/paperekoa/1876/026/001/2019-07-17/margotzeko_bizi_zen_artista.htm Margotzeko bizi, bizitzen margotu izenburupean, irailaren 28ra arte ikusgai egongo da. Baina ez da artistari eskainitako erakusketa bakarra izango, Irungo Menchu Gal erakusketa aretoan beste bat zabalduko baitute, irailean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Menchu Gal Fundazioak antolatu dituzte biak, eta bi aretoetan lanetako batzuk errepikatzea posible den arren, elkarren osagarriak izango direla adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Galek landutako diziplina ezberdinak biltzen dira Koldo Mitxelenako ganbaran jasotako lanetan. Besteak beste, hamahiru paisaia, lau natura hil eta hainbat erretratu bildu dituzte. Edorta Kortadi erakusketaren komisarioak azaldu du artistaren«ibilbide diakronikoa» islatzea izan dela helburua. Ikusgai dauden lanetan zaharrena Ibarla izenekoa da, 1943an margotutako paisaia bat. Zubi bat agertzen da hor, eta, Kortadiren hitzetan, Gaspar Montes Iturriozek —Galen irakasle izandakoak— margotzen zituen zubien antza du, baina Galek, «aire kubista» eman beharrean, kutsu espresionistarekin margotu ohi zituen. Obrarik berrienak, berriz, 1980ko hamarkadan egindakoak dira; besteak beste, Bodegón con la tetera (Natura hila teontziarekin) dago ikusgai. Lan horretan Matisseren eragina nabari dela uste du komisarioak, erabiltzen diren tonu gorri eta arrosak direla eta.

«Zuzenean oihalaren gainean margotzen zuen; ez zuen zirriborrorik egiten. Bera zuri zegoen mihisearen aurrean jartzen zen, eta zenbait punturekin irudikatzen zuen margolan osoa. Sarerik eta sokarik gabe jauzi egiten zuen», azaldu du Kortadik.

Vista aerea de Fuenterrabia (Hondarribiko aireko ikuspegia) da Galen estiloaren ezaugarriak biltzen dituen beste margolanetako bat. Menchu Gal Fundazioaren eskutik iritsi da erakusketara. 1973an margotutako lanak kolore beroak (gorria, laranja, okrea...) eta hotzak (urdina, berdea...) uztartzen ditu, eta hori Galen berezko ezaugarri bat dela gogorarazi du Kortadik. Hondarribia eta atzean dituen baratzeak ikus daitezke margolanean, Jaizkibel menditik behera begiratuta ikusten denari margolariak emandako zaldun perspektiba medio. Kubismotik bereganatu zituen ezaugarriak ere nabari dira, baratzeak irudikatzeko triangelua eta laukizuzenaren moduko forma geometrikoak erabiltzen baititu.

Kubismoaren eragina

Kortadik azaldu du Gali ez zitzaiola kubismo analitikoa gustatzen, intelektuala zen pintura ez zela bere estilokoa: «Oso arrazionala edo intelektuala zen pintura ez zetorren bat haren izaerarekin. Berak esaten zuenez, arnasten zuen moduan margotzen zuen, bizi zen moduan». Kubismoaren eragin handia nabaritzen den garai bat ere eduki zuen, baina ez zen artistaren gustukoa izan, eta etxean gordeta eduki zituen artelanak. «Historiaren mendekua da honako hau. Gaur egun, merkatua, museoak eta bildumagile pribatuak kubismoaren eragin handiena duten lan hauen atzetik dabiltza».

XX. mendeko lehen abangoardian kokatzen du artista komisarioak; kubismoaren, fauvismoaren eta espresionismoaren ezaugarriak bateratzearen ondorioz, pintura indartsu, koloretsu eta bitalista egiten zuen. Haren obrak modernoak direla ere iritzi dio, ez direla barnealde edo estudio batean margotutakoak. Izan ere, Galek lan egiteko naturarekin harremanetan egon behar zuela ere nabarmendu du. Paisaiak margotu zituen gehienbat: katalogatuta dauden haren 900 obretatik 650 dira paisaiak. Hala ere, bestelakoak ere sortu zituen; horien artean, 100 natura hil, 150 inguru erretratu eta figura, eta dozena bat inguru barnealdeko pintura.

Galek hainbat sari lortu zituen bere ibilbidean zehar. Besteak beste, 1959an, Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso zuen —emakume batek jaso zuen lehen aldia izan zen—. 2005ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion, eta, 2006an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eta Irungo Udalaren Urrezko Domina jaso zituen.

Hainbat bilduma pribatuk nahiz publikok utzitako lanak ekarri dituzte Donostiako erakusketara. Erakunde horien artean daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Donostiako San Telmo museoa, Telefonica Fundazioa, Menchu Gal Fundazioa, Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala.]]>