<![CDATA[Aitor Manterola Garate | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Jun 2023 07:31:43 +0200 hourly 1 <![CDATA[Aitor Manterola Garate | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Trainerua ez da fin-fin joan uda osoan, orain asko ibili den arren»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/024/001/2022-09-20/trainerua_ez_da_fin_fin_joan_uda_osoan_orain_asko_ibili_den_arren.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1935/024/001/2022-09-20/trainerua_ez_da_fin_fin_joan_uda_osoan_orain_asko_ibili_den_arren.htm
Zein da udako emaitzen zure balorazioa?

Bederatzikoa. Bikaina.

Hamarra ateratzeko zer falta izan zaizue?

Kirolean, hamarrekoa jotzea oso zaila da. Beti dago hutsuneren bat, akatsen bat... Uste dut Bermeok ahal duela beste puntutxo bat eman. Denboraldia laburra egin zaigu. Arraunlari oso onak izan ditut esku artean, baina banaka. Gero, taldea osatu egin behar da: elkar ezagutu, une txarretan bat egiteko... Teknikoki, azkeneko estropadetan ibili gara asko, baina fin-fin, inoiz ez.

Hortaz, ez da nahikoa arraunari oso onak batu, traineruan jarri eta uretara botatzea.

Jende askok esaten du Urdaibai Real Madril dela, eta fitxaketekin egiten dugula dena. Ikusi dugu beste talde batzuek ez dutela emaitzarik atera gure antzeko filosofiarekin. Horrek esan nahi du ez dela hain erraza. Taldea behar da, eta hori izan da gakoa. Hasieratik jarri genuen helburu bat eta lan egiteko era bat. Apurka-apurka asmatuz joan gara, eta dena jarri zaigu era-eran.

Zuk zeuk esan zenuen ez zinetela hain faboritoak.

Klubaren kanpotik zarata asko egon da. Gu ginela oso faboritoak eta abar. Aurkari batek esan zuen ez zeukala zer eginik gure kontra, baina gero ez da horrela izan. Arraunlariek lan izugarria egin dute. Oso denbora gutxian gauza asko lortu ditugu.

Adibidez?

Lan egiteko era bat. Azkeneko urteetan, Bermeoko arraunlariak oso anarkikoak izan dira arraun egiteko eran eta entrenamenduetan. Orain, nahiko finkatuta dago hori dena. Emaitzek arrazoi eman digute.

Baina ligako laugarren jardunalditik 11.era arte ez zenuten alerik irabazi.

Ikusi dugu negu osoan oso lan ona egin genuela, baina ligako lehen egunean, bosgarren izan ginen, ezustean. Zaplazteko handia izan zen, baina oso garbi eduki nuen egun bateko kontua zela. Bukaera arte eutsi behar genion geureari, eta gero ikusi da taldeak beste maila bat eman duela. Asteak pasatu ahala, hobetuz joan gara.

Mugarria Hondarribian izan zen, han busti zenutelako lehortea, eta batez ere, hurrengo egunean, Getarian, Hondarribiaren akatsarekin. Liga Hondarribiak galdu du?

Egia esan behar dugu Bermeotik: Hondarribiak ziaboga hartan ez balu kale egin, liga haiena izango zen ziurrenik. Baina kirolean eta bizitzan, gertatzen dira horrelakoak, eta, liga bat irabazteko, erregularrena izan behar da, eta ahalik eta akats gutxien egin. Hondarribiak hanka sartze handia egin zuen, eta guk irabazi. Iraultza egon zen ligan, eta, ordutik, sekulako lehia polita izan dugu bion artean. Indartsu heldu gara azkenera, eta hor egin da azkeneko aldea.

Taldea aztoratu egin zen liga hasieran?

Ez. Geure lekuan egon gara. Beste urte batzuetan ikusi dut ez daukala zentzurik urduri jartzeak.

Hondarribiari hitz politak esan zenizkion igandean. Lehia badago, baina leundu egin da?

Uretan guk irabazi nahi dugu, eta haiek ere bai. Egon dira urte batzuk tentsio handiagokoak, baina ezin gara bizitza guztian horrelako tentsioarekin ibili. Gauza batzuk gertatu ziren, baina ahaztu egin behar dira. Har dezagun gogoan bi taldeen maila handia. Batek edo besteak irabaz dezakegu, eta estropada nahiko garbiak ikusi ditugu uretan azken urteetan. Sekulako aurkaria da, baina hoberenak gu izan gara aurten.

Zer izan da herrira itzultzea?

Erronka indartsua eta gogorra. Urtea luzea eta gogorra egin zait. Gauzak oso ondo atera dira, baina hemen ez dago lo hartzerik. Denboraldia amaitu da, baina dagoeneko ari gara datorrenera begira.

Hurrengo lana taldeari eustea da, ezta?

Bai. Erakutsi du dena irabaz dezakeela, eta klubak eta nik sinetsi egin behar dugu talde honetan. Bakoitzak izango ditu bere interesak datorren sasoiari begira. Ikusi behar dugu nor geratzen den eta nor ez. Horren ondoren hartu beharko dira ondorengo erabakiak.

Emaitza oso onak lortuta, errazagoa da taldeari eustea?

Jakina. Baina taldea beteranoa bada, eta emaitza onak baditu, emaitza onak lortzea izaten da arrazoi bat arrauna uzteko. Nik neuk 2016an laga nuen, dena irabazi nuelako.

TKEko batzarrak erabaki zuen larunbatean ezin direla erabili material eta produktu teknologikoak nabigazioan laguntzeko. Zer iritzi duzu?

Hasieratik esan dut iaz eta aurten pegatina hori legearen barruan erabili dela. Araudia garbi dago. Baina klubek erabaki badute ez dela legezkoa, hemendik aurrera ez dugu erabiliko. Arraunerako ez da ona. Esparru batzuetan aurrera goaz, baina ligan gero eta atzerago goaz, eta ez dut esaten gai honegatik bakarrik.

Zer dago gehiago?

Epaileen maila oso eskasa izan da aurten. Kirolariak gero eta gehiago prestatzen dira, gero eta denbora gehiago eskaintzen diote. Ligak aztertu beharko ditu neguan gauza horiek guztiak; luzea da urtaro hori, baina ez daukat itxaropenik ezer aldatuko denik, onerako ez.]]>
<![CDATA[«Etekin handia atera diogu taldeari, eta oso lehiakorrak izan gara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1963/025/003/2022-09-20/etekin_handia_atera_diogu_taldeari_eta_oso_lehiakorrak_izan_gara.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1963/025/003/2022-09-20/etekin_handia_atera_diogu_taldeari_eta_oso_lehiakorrak_izan_gara.htm
Zein da emaitzen balorazioa?

Etekin handia atera diogu taldeari, eta oso lehiakorrak izan gara. Mailaz kanpo egun bakarrean egon gara: Kontxako bigarren jardunaldian.

Zer gertatu zen hor?

Guk geuk ere ez dakigu. Mareak biziak ziren, eta kaleak uste baino kalte handiagoa egingo zigun. Gero, gorputzez ere ez ginen aurkitu. Ez da ligako estropada bat, non puntuak dauden jokoan. Kontxan banderaren lehian egonda atzean geratuta, buruak lan egiten du.

Ligan, bosgarren jardunaldian irabazi zenuten, Orion. Lehenagotik ez irabazteak zalantzak sortu zizkizuen?

Ez. Gustura geunden egiten ari ginenarekin. Arlo fisikoan onenean ez geunden, eta nahiko lasai hartu genuen. Uda oso eramangarria egin dugu, eta penaz gaude bukatu delako. Oso giro ona izan dugu taldean, eta lehian ez ezik, entrenamenduetan ere trainerua asko ibili da. Horrek ere asko lagundu digu.

Garaipenak zortzi dituzue, eta zazpi bandera, Urdaibaik baino gehiago. Baina liga Bermeora joan da, Getarian egin zenuten hutsa dela medio. Mingarria?

Liga batek badu arriskua, eta kontu txikienak ere ondo egin behar dituzu. Getariakoa istripu handia izan zen, eta ligako lehiatik kanpo uzten zaitu. Hala ere, sekulakoa egin dugu goian jarraituta, erori gabe eta maila emanez. Ziabogaz gain, Urko ere [Urko Redondo arraunlaria] lesionatu zitzaigun egun hartan. Talde guztiek izango dituzte horrelako gauzak, lesioak, materiala haustea eta abar, baina guri ez zaizkigu batere ondo etorri bi egoerak.

Garaipenak bai, baina Euskadiko Txapelketa, Kontxako Bandera, liga eta Zarauzko estropada ez dituzue irabazi. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Oso pozik gaude zortzi garaipen ditugulako. Handia da. Gero, ez ditugu estropada handiak irabazi, liga ere ez, baina bukaera arte lehian ibili gara. Horrekin gustura gaude.

Irabazi ez, Urdaibai zuek baino hobea izan delako.

Bai. Bermeori ez diogu meriturik kentzen, eta zorionak hemendik. Bagenekien hasieratik zer talde zeukan, eta oso pozik gaude itzala egin diogulako eta, beste behin ere, behartu egin ditugulako talde handi bat egitera guri irabazteko.

TKEk erabakia hartu zuen larunbatean: produktu eta material teknologikoak ezin dira erabili. Zer daukazu esateko?

Guk jakin genuen Santurtzik iaz erabili egin zuela ehun bereziko pegatina hori Kontxan eta ligako azken estropadetan. Orduan, galdezka hasi ginen ea legearen barruan zegoen edo ez erabiltzea, Santurtziri errespetu guztia izanik. Kontsulta egin genien euskal epaileari eta TKEko epaileei, eta erantzun ziguten ez zegoela inolako argudiorik legezkoa ez zela esateko. Hilabete luzeetan ez digu inork besterik esan. Gero, aurten, jakin dugu Urdaibaik erabili nahi zuela pegatina hori. Jakinda, onurarik bazen edo ez, haien baldintza berberetan joan nahi genuen.

Debekatzearen inguruan zer iritzi duzu?

Nazioarteko Federazioaren legearekin nahasi egin da jendea. Esaten du debekatuta dagoela halakoak erabiltzea aulki mugikorrean. Espainiakoak ere hala dio. Bi araudi horietan debekatuta dagoenez, ez dut gaizki ikusten TKEk ere debekatzea. Hala ere, aurrera ere begiratu egin behar da, eta bere garaian zuntzezko arraunak baleko jo ziren bezala, honetan ere aurrera egin beharko da egunen batean.

Bukatu al da talde honen zikloa?

Ez. Hondarribia bezalako talde batean garrantzi handia ematen diogu harrobiari eta harrobiko lanari, eta badira urte batzuk beteranoen lekuan gazteak sartzen ari garena. Dudarik gabe, arraunlari batzuen amaiera gero eta gertuago dago, baina berezko aldaketa izango da.

Gazteak bai, baina aurten taldean egondako gazte gehienek ia ez dute estropadarik jokatu.

Getariako akatsa egin ez bagenu, aukera izango genuen taldea kudeatzeko. Ikusten genuen bagenuela tartea segundo batzuk galtzeko aldaketak eginda ere, baina Getariakoaz geroztik, ezin genuen arriskatu, eta horregatik izan da.

Gazteak badatoz, baina.

Bai. Oso jarrera ona izan dute udan, eta eskertuta nago haiei ere.

Estropadaz estropada oso aldaketa gutxi egin dituzue. Berria da hori, orain arte uste baitzen liga borrokatzeko ezinbestekoa zela txandakatzeak egitea. Gogoetarik?

Espero ez genuen arraunlari batzuek utzi zuten taldea aurtengo denboraldirako, eta taldea egiteko orduan ez genuen zabala egin. Murriztuta geunden. Aldaketekin ez genuen arriskatu nahi.]]>
<![CDATA[Zirrara, ikara eta guzti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2152/026/001/2022-09-18/zirrara_ikara_eta_guzti.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/2152/026/001/2022-09-18/zirrara_ikara_eta_guzti.htm
Baina atzo, Bermeon, lehenbizikoaren etxean, bigarrena garaile. Eta azken unean, mundu guztiak kontrakoa pentsatzen zuenean, ikusten ari zena ikusita. Ikusgarria. Une batean, begiak itxi eta beste aldera begiratzeko tentazioa handiarekin. Zirrararen ikara. Epailearen lana bakea izan, baina, atzo, ia gerra piztu. Gutxi behar izan zuen haren motordun ontziak Urdaibaiko istriborreko arraunlarien palak aurretik eramateko. Geratu beharraren geratu beharraz, zipriztina eta aparra etxeko arraunlarien aho bitsez beteetara. Azkeneko luzean gertatu zen, 17-18. minutuen bueltan.

Epaileak han egoteko behar zuen izan zerbait. Txanda eroa zeramaten bi oilarrek ordura arte: brankaz Hondarribia hobeto, poparean Urdaibai egokiago. Oraintxe bat aurretik, hurrena bestea. Liga jokoan. Gipuzkoarrek aldea jan nahi, eta bizkaitarrek, berriz, handitu.

Azkeneko bost minutuetan erabaki behar zuten dena, aurreko hamabostetan egindako ahaleginak aurkariak uxatzen zizkielako. Bi une gogoangarri ordu laurden horretan: Hondarribiaren branka bidea, aurreneko kaletik, eta Urdaibairen ziztua bigarren luzeko azkeneko minutuan, olatu baten gainean. Bi segundo atzetik ibili, eta, minutu horretan, lau atera.

Heldu ziren, bada, azkeneko luzera. Hirugarren ziabogan, pare-parean. Hortik ateratzen, Urdaibai azkarrago. Bigarren luzeko lana gogoan, hori kalkatu baino ez zuen egin behar. Teoria da bat, eta praktika bestea. Eta atzoko itsaso nahasiarekin, metroko olatu desatseginekin, unean-unean erabaki behar zuten patroiek nondik jo. Eta nola jo aurkari zuzenari.

Hondarribiak zero kalera zihoala iragarri zuen ziaboga hartu aurretik. Joan zen edo ez, haiek jakingo dute. Joan bazen, oker, Urdaibaik buelta eman eta ondorengo minutu eta erdian sei segundo ere sartu baitzizkion. Txandak, banderak, eta ia ligak ere, jabea zutela ematen zuen. Baina itsasoa zabala izan, estropada eremuak mugak ezarri arren traineruei, eta araudiak, beharrezko neurriak.

Legeen letrak atzo itsasoan azalduko ziren astarrenik ere ez, ordea, gertatu zen arte. Bat-batean, Hondarribia bigarren kalean azaldu zen. Urdaibai ere han, bere hirugarrenetik. 17. minutua zuen estropadak. Ez hain gertu hasieran, baina gero eta gertuago. Epailea ere estropadaz gozatzen ibiliko zen, Hondarribiaren ezusteko maniobrak ezustean harrapatu zuelako. Agindu zion motordun ontziko patroiari joateko bizi bi taldeen artera. Imintzioka epailea, ia bere onetik aterata. Erabaki bat hartu behar, eta bandera zuria. Amore ematea, koloreen sinbologian. Baina amore gutxi diote elkarri Urdaibaik eta Hondarribiak.

Sikiera, epaileak lortu zuen Gorka Aranberrik eta Ioseba Amunarrizek bakoitzaren traineruak handik aldentzeko maniobrak egitea. Bakea, adiera guztietan. Baina, halako batean, gerra. Zirrara betean ikara eragin zuen maniobra hura. 18. minutuaren bueltan ziren, eta segundo berean zihoazen Hondarribia eta Urdaibai. Bermeoko taldeak ospa egin zuen handik, eta segundo bat galdu. Lehia estua zetorren berez, baina ez azkenean. 5,88 segundoraino eraman zuen bien arteko aldea Hondarribiak, epaileak bandera urdina atera eta gero. Minutuaren azpiko joan, ia dozena sartu zizkion aurkari zuzenari. Aranberri herio betean zetorren, arraunlariak estutu eta estutu, baina alferrik. Etxekoek ezin goza aurreikusita zeukaten poza.

Berdinduta, Hondarribiara

Mundu guztia zegoen berdeei eta urdinei begira, baina baziren Donostiarra eta Orio ere txanda berean. Donostiakoek 22, 02 segundo atzetik bukatu zuten Hondarribiarekiko (hirugarren, estropadan), eta Oriok 46,70era. Azken-hirugarren egin zuten oriotarrek, lehen txandan azkena izan zen Kaikuren aurretik; Cabo izan zen azken-aurreko. Lehia horretan, Zierbenak aurrea hartu zien Getariari eta Cabori.

Atzokoak, baina, segituan ahaztu ziren. Portugaleten erabakiko da gaur liga zeinek irabaziko duen (12:40, ETB 1). Erlojupekoan, araudiak esaten baitu lehen bien artean hiru puntu edo gutxiagoko aldea bada, horrela jokatu behar dela Portugaletekoa.

Araudiak esaten du ere nola hautsi puntutako berdinketa: garaipen gehien dituena, txapeldun. Hondarribia litzateke. Atzokoa zortzigarren garaipena duelako (sei bandera), eta Urdaibaik sei dituelako (sei bandera).]]>
<![CDATA[Isuntzak dena jarri du alde Eusko Label ligan segitzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2323/027/002/2022-09-18/isuntzak_dena_jarri_du_alde_eusko_label_ligan_segitzeko.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/2323/027/002/2022-09-18/isuntzak_dena_jarri_du_alde_eusko_label_ligan_segitzeko.htm
Lan biribil-biribila ez zuen egin, Osertz Aldai entrenatzaileak argi laga baitzien arraunlariei lanak bukatu eta segituan zer ez zuten ondo egin. Baina perfekzioa ez zuten aparte izan. Arraunean, behintzat, dotore egin zuten, luze, itsaso nahasiak eskatzen zuen eran. Trainerua ondo gogortuta eraman zuten une oro, kanporantz eta barrurantz.

Bigarren saria eskuratzeko lehia estuagoa aurreikusten da. Galiziako ligako lehen bi sailkatuen artean egon daitekeela ematen du. Meirak, hango txapeldunak, 2,64 segundo ateratzen dizkio bigarrenari, Bueuri. Azkeneko luzean, eta helmuga gainean zela hartutako olatu eder batek ekarri zuen buelta atzo. Ordura arte, Bueu hobeto moldatu zen, nahiz eta Meira gainean izan denbora guztian.

Atzerago daude San Pedro eta Pedreña, KAE 1 ligako txapelduna eta bigarrena. Hasierarik geratu ziren atzean, eta ezin izan zioten buelta eman egoera horri. Galiziako biak urruti ere ez dituzte denboren aldetik, baina gaurkoa ibaian izanda, nekeza izango zaie zeharo biei aurrea hartzea.

Tolosaldeak, hasi eta buka

Ezusterik ez zen izan Euskotren ligako kanporaketan. Tolosaldeak koska handia atera zion Deusturi. Ez dira alferrik bat liga nagusiko taldea, eta bestea ETE ligakoa. 16,84 segundo egon ziren gipuzkoarren alde. Bigarren luzean zabaldu zion tartea aurkariak. Gehienbat, azkeneko zatiaren aurretik. Ziabogan, zazpi segundo bakarrik zen aurretik.

Gaur Portugaleten biribildu behar luke lana (11:25, ETB 1). Atzokoaren aldean, oso baldintza ezberdinetan: ibaian, ur baretan.]]>
<![CDATA[Hondarribiak irabazi du Bermeon, eta Eusko Label liga estutu]]> https://www.berria.eus/albisteak/218308/hondarribiak_irabazi_du_bermeon_eta_eusko_label_liga_estutu.htm Sat, 17 Sep 2022 20:53:15 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/218308/hondarribiak_irabazi_du_bermeon_eta_eusko_label_liga_estutu.htm <![CDATA[Isuntzak kolpea eman du kanporaketan]]> https://www.berria.eus/albisteak/218307/isuntzak_kolpea_eman_du_kanporaketan.htm Sat, 17 Sep 2022 18:47:32 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/218307/isuntzak_kolpea_eman_du_kanporaketan.htm <![CDATA[Tolosaldeak pauso eta erdi eman du Euskotren ligan segitzeko]]> https://www.berria.eus/albisteak/218305/tolosaldeak_pauso_eta_erdi_eman_du_euskotren_ligan_segitzeko.htm Sat, 17 Sep 2022 18:11:20 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/218305/tolosaldeak_pauso_eta_erdi_eman_du_euskotren_ligan_segitzeko.htm 2. Deustu 16,84ra]]> <![CDATA[Azkeneko aukera gora egiteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/020/001/2022-09-17/azkeneko_aukera_gora_egiteko.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1919/020/001/2022-09-17/azkeneko_aukera_gora_egiteko.htm
Gizonezkoetan, bost traineru lehiatuko dira, bi sariren bila: datorren sasoian liga nagusian arraun egitea. Isuntzak defendatuko du postua, eta horra igo nahian ariko dira Isuntza eta San Pedro (KAE 1 ligako lehen biak), eta Meira eta Bueu (Galiziako ligako aurreneko biak).

Emakumezkoei dagokienez, Tolosaldeari dagokio liga nagusiko plazari eustea, eta Deusturi (ETE ligako hirugarren sailkatua), igoera lortzen saiatzea. Urtero bezala, bi kanporaketetan, puntuak banatuko dituzte bi estropadetan. Berdinketarik balego, denborak lirateke epaile.

OSERTZ ALDAI

Isuntzako entrenatzailea
«Irabazteko asko daukagu guk ere, datorren urterako»

Isuntzarentzat, erronka da Eusko Label ligan jarraitzea, eta ez aparteko presioa, Osertz Aldai arraunlariaren eta entrenatzailearen ustez: «Presio bakarra da guk gure lana egitea». Ez du uste bere taldeak duenik galtzeko arriskurik handiena: «Irabazteko asko daukagu guk ere, datorren denboraldirako». Aurkarien inguruan, ez du erreferentzia zuzenik, Kontxarako sailkatze estropada bakarrik: «Baina hori ez da fidagarria izango gaurko». Berdintasuna aurreikusi du.

Garbi dauka gaurkoa izango dela gakoa: «Laugarren edo bosgarren eginez gero, akabo. Goian sailkatu behar dugu. Gaur atera daitezke aldeak, bihar ibaian zailagoa izango baita, eta berdinketak izanez gero, erabakigarriak izango dira».

ASIER CARBALLEDA

San Pedroko entrenatzailea
«Igo nahi bada, gaurkoa gakoa da. Ezin da atzean geratu Bermeon»
Isuntza ikusten du besteak baino gorago, «liga nagusiak ematen duen lehiakortasun puntuarekin», eta gainontzekoen maila parekoa izango dela dio. Bermeokoa gakotzat dauka hark ere: «Igo nahi bada, gaurko estropada da gakoa».

UXUE ZURIARRAIN

Tolosaldea taldeko arraunlaria
«Faboritoak izanda ere, uretan erakutsi beharko dugu horrela dela»

Aurreikuspenetan, Tolosaldea da faborito argia Deusturekiko lehian, baina Uxue Zuriarrain ez da fio: «Hala izanda ere, uretan erakutsi beharko dugu». Bi taldeak Kontxako sailkatze estropadan lehiatu ziren, eta Tolosakoek 29 segundo atera zizkieten Deustukoei: «Ez genuen espero hainbesteko aldea ateratzea».

Bermeoko baldintzetara ondo egokituko direla uste du: «Asko ibiltzen ari gara itsasoan, eta konfiantza daukagu».

ZUBEROA EGURROLA

Deustuko arraunlaria
«On egin digu bi astez ez lehiatzeak, eta ondo prestatu gara»

«Indartsu» doa Deustu kanporaketara, Zuberoa Egurrola arraunlariaren ustez: «Bi astez ez gara lehiatu, eta on egin digu, ondo prestatu baikara buruz». Tolosaldea ez du «hain faborito ikusten»; aurten itsasoa ondo ibili ez diren arren, uste du gai direla gaur estropada ona egiteko.]]>
<![CDATA[Bermeon gaur ez da festarik izango uretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/021/003/2022-09-17/bermeon_gaur_ez_da_festarik_izango_uretan.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1997/021/003/2022-09-17/bermeon_gaur_ez_da_festarik_izango_uretan.htm
Urdaibai edo Hondarribia izango da. Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, behintzat. Eta ez dauka itxurarik. Bermeotarrek hiru puntu gehiago dituzte, eta gaur, hain justu, etxean ariko dira Iker Zabalaren arraunlariak (18:50, ETB 1), festa betean, eta Kontxa irabazi berritan. Gaurkoa eta biharkoa ezberdinak izaten dira ligako beste estropada guztien aldean: zortzi talde bakarrik ateratzen dira uretara. Bederatzigarren eta hamargarren sailkatuak oporretan daude (Ondarroa eta Santurtzi); hamaikagarrena kanporaketan ari da (Isuntza), eta azkena (Ares) ligatik kanpo da, maila galduta.

Lehendabiziko txandan joango dira Getaria, Kaiku, Zierbena eta Cabo. Azkenekoan, berriz, lehen laurak: Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra -bi denboraldi gehiagorako egin dute tratua Igor Makazagak jarraitu dezan entrenatzaile-, eta Orio. Batzuei eta besteei baldintza baldar samarrak jarriko dizkie naturak. Haizea indartsu samar ibiliko da, eta, boladaka, bortitz itxuran; itsasoan haize olatua eragingo du, eta, gainera, azpiko itsasoa ere iragarrita dago, metro bat eta metro eta erdi artekoa. Arkumea ibiliko da itsasoan, azken batean. Traketsa arraunerako: estropada teknikoa bilakatuko du. Haize kolpeekin ere tentuan, bide galtzeak eragin baitiezazkieke traineruei.

Badira beste kontu pare bat ere kontuan hartzekoak. Gaurko lanak bukatuta, aurreneko sailkatuaren eta bigarrenaren artean hiru puntu edo gutxiago badaude, biharko estropada, azkenekoa, erlojupekoa izango da. Portugaleteko eremu bihurriak lehiaketa baldintzatu ez dezan, araudiari puntu hori gehitu zioten duela urte batzuk, bigarren kapituluan eta 11. artikuluan. Lehenagotik, behealdeko talderen batek eskatu zuen eremu horretako bihurrikeriak lehiaketan zehar ere apaltzeko, azken egunera arte zain egon gabe, baina goiko taldeen lehia zipriztindu zuenean busti ziren indartsuenak.

Epailea mutu pegatinen harira

Beste kontua berriagoa da, aurreko bi jardunaldietan Galizian sortua. Urdaibaik eta Hondarribiak ehun bereziko pegatina itsatsi zieten traineruei, nabigazioan laguntzeko. Kontxako antolakuntzak debekatu egin zuen erabiltzea, aurretik bi klubek onartu eta gero hark ez erabiltzeko egindako proposamena. Donostiarrak TKEko epaileari eskatu dio ikerketa zabaltzeko, pegatina erabiltzea araudiak onartzen duen edo ez argitu dezan, besteak beste. Baina epaileak ez du erantzun oraindik.]]>
<![CDATA[«Arraunlariek egin dute dena; nire eragina txikia da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/019/001/2022-09-15/arraunlariek_egin_dute_dena_nire_eragina_txikia_da.htm Thu, 15 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1855/019/001/2022-09-15/arraunlariek_egin_dute_dena_nire_eragina_txikia_da.htm
Arrauna profesionalizatzen ari dela-eta hartu dira Kontxako Banderan arraunlariak eta zaleak bereizteko neurriak. Zure ibilera hauek ikusita, profesionalizazioa urrun ez ote dagoen...

Batzuk ariko dira profesionalizatzen. Kontxakoa aurtengoa gehiegizkoa iruditu zait, arrapala itxita edo erdi itxita edukitzea horrek kentzen dion guztiarekin. Gauza bat da mugak jartzea, arraunlariek lekua behar dutelako, baina hartutako neurri horiek atzerapauso latza iruditzen zaizkit. Guk Kontxan sartu nahi izan dugu zaleengatik ere bai, arrapalatik pasatzea jende artetik. Aurten, ezin. Gure semeari-eta pasatzen ez zieten utzi eta.

Gazte zinela sailkatu zinen zu lehen aldiz Kontxarako, 2001ean, Zumaia-Getaria taldean. Zuk bizi izandakoa ikusi diezue orain zure arraunlariei aurpegietan?

Bai. Betirako gogoratuko naiz lehen harekin, eta hauek ere aurtengoarekin. Baita ni ere. Orain dela hiru urte, Pedreñan irabazi genuen aurreneko bandera KAE 1 ligan, eta hura ere ez dut ahazteko. Bi egun handi horiek hor geratuko dira.

Zure bitartez lortu dute arraunlariek hori guztia. Zer sentitzen duzu horregatik?

Dena. Ez dut banderarik behar hauen poza ikusita. Arraunlariek egin dute dena. Bide bat irekita zegoen hemen, eta hor segitzea izan da. Nire eragina txikia da.

Zer dauka zurea talde honek?

Ez dut behin ere pentsatu. Arraun egiteko era izan daiteke, baina umetatik oso zehaztua ekartzen dute. Garbi neukan nola nahi nuen taldeak arraun egitea, eta hemengo bidetik ez naiz asko aldendu.

Eskola ona izan duzu entrenatzaileekin. Haien eragina ere baduzu?

Luxiak [Luis Mari Olasagasti] asko markatu ninduen, bederatzi urte egin nituen harekin. Eta Orbañanosek ere asko.

2018ko azaroaren 13an baieztatu zuen klubak zu zinela Getariako entrenatzaile berria. Hor bada zer kontatua.

Bezperan gauzatu zen. Erreboteko aukera nintzen. Beste batek ezezkoa eman zuen, eta hemen arraunlari gutxi zeuden. Zuzendaritza zertan ari zen banekien, eta esan nien sekula ez zitzaidala burutik pasatu entrenatzaile izatea; beste bide batzuk hartzeko. Baina bide horretan ezezkoa jaso, eta bueltan-bueltan, ni entrenatzaile. Gauzak nola zeuden ikusita, bihotzak esan zidan onartzeko.

Orduan ez zen oraingo kontu politik, ordea.

Ez horixe. Bilera egin genuenean, hamabi arraunlari zeuden. Kolpea latza izan zen. Baiezkoa emana neukan, eta zegoenari heldu behar. Beldurtu ere egin nintzen, zer egin nuen pentsatzen hasi ere bai. Azkenean, moldatu genuen taldea hamabost arraunlarirekin. Hirugarren izan ginen KAE 1 ligan, eta hiru bandera irabazi. Ustekabeko urtea izan zen.

2019ko udazkena lasaiagoa izan zenuten?

Bai. Arraunlari gehiago gerturatu ziren, eta bidea eta arraun egiteko era nahiko garbi zeuzkan jendeak. Txarrena izan zen buruko min gehiago izan nituela, zein jarri eta zein kendu. Urte oso ona izan zen, nahiz eta banderarik atera ez.

Zure hirugarren denboraldia iazkoa izan zen, eta, hara non, igoera lortu zenuten. Hala lortu nahi izan zenuten?

Bai zera! Gure lehen helburua beti mailari eustea izan da. Eta hurrengo urtean trainerua uretan izatea. Emaitza onek ere ez dute bermatzen hemen traineruak uretan segitzea. Igotzea ez zen helburua, eta ez dut uste oso aldekoa nintzenik ere.

Ez?

Jauzi handi samarra iruditzen zitzaidan taldearentzat eta klubarentzat, zer eragin izango ote zuen gero balizko jaitsierak.

Jaitsi? Tokitan geratu zarete: liga nagusian bosgarren.

Muga ukitzen denean, joera behera egitekoa izaten da. Goia jo, urtebete egin, eta agian, utzi gero. Klubarekiko beldur hori neukan, lehengo oinarrira heldu ezinda geratzea. Baina ondo atera da.

Kezka bera duzu orain?

Beti. Ni neu, adibidez, azkeneko 21 urtean urtero ari naiz esaten utzi egingo dudala.

Aurten utziko duzu?

Arraunlari, bai. Oso ziur.

Goia jo al du talde honek?

Ez. Gazteak dira, eta badaukate hobetzen segitzeko tartea.

Datorren urtean hobeto, baina arrauna ez da matematika, ezta?

Hori da. Begira aurten Ondarroari. Neguan oso ondo ibili zen, baina ligan larri ibili da bolada batzuetan.

Iaztik aurtengora, arraunlariak gehiago estutu dituzu?

Pixka bat, exijentzia handiagoa delako Eusko Label ligan.

Soinua ala zarata dabil taldean datorren urterako?

Galdetu ere ez dut egiten, badaezpada. Etorriko dira pentsatzeko garaiak.

Zein da talde honen sekretua?

Oso talde fidagarria izan gara. Egun txarrik ez dugu eduki. Gose handia dute arraunlariek, eta esandako dena egiten dute. Eta mentalitate ona dute. Nik helburua jarri, eta hauek gehiago nahi. Neu izango naiz ezkorra, akaso. Edo errealista. Nahi duten helburua lortzen ez bada, kolpea biguntzeko nago ni.

Talde batek ondo ibiltzeko ezinbestean behar ditu arraunlari onak. Hemen, oraindik izenik ez dute izango, baina egon badaude?

Bai. Baliteke bana-banako arraunlariak izatea etorkizunean, baina oraindik ez daude beste taldeetako handi-handi horien pare ez. Bilakaera onean doaz.

Zein izan da zurea lau urte hauetan entrenatzaile arituta?

Ni ere ikasten ari naiz. Lehen egunean esan nien ez nekiela ezer.

Orain zer dakizu orduan ez zenekiena?

Gauza gutxi gehiago. Traineru barruan joan eta sentitzea gauza bat da, eta kanpotik hori bera sentitzea oraindik ez dakit. Joango naiz ikasten.

Zer da txarrena entrenatzaile ofizioan?

Erabakiak hartzea, eta baten bat kanpoan lagatzea. Azkenean, zuk bezala lan egin duen bati aukera ez ematea oso gogorra da. Aurten, Kontxan garbi neukan denok egin behar genuela arraunean bi igandetan, baina, eguna heltzean, dudetan hasi nintzen: burua edo bihotza. Hor pasatu nituen urteko unerik txarrenak. Bihotzari segi nion, eta denok egin genuen arraun.

Ikusten duzu zeure burua entrenatzaile urte luzez?

Ikusten dudana da han behean dagoen laneko furgoneta. Bihar lanera joan behar dut. Ordu asko kendu dizkit arraunak, familiari eman ez dizkiodanak, adibidez. Iritsiko da egun bat, eta nahikoa dela esango dut. Hurrengo urtean zer egingo dudan ez dut pentsatu, Gustatuko litzaidake hauei laguntzea, baina urtero esan diet zuzendaritzakoei baten bat bilatuz gero, ekartzeko, gustura asko apartatuko naizela. Iaz esan nuen kito, baina segitu egin nuen. Aurten burua lasaiago daukat, baina pentsatu egin behar dut.]]>
<![CDATA[«Berriz ere horrela?»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/022/002/2022-09-13/berriz_ere_horrela.htm Tue, 13 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1951/022/002/2022-09-13/berriz_ere_horrela.htm
Hasi zen Eusko Label liga Bilboko erlojupekoan, eta Urdaibai bosgarren. Joan da uda ia osorik, eta ligako buruan da Bermeoko taldea. Eta Kontxako Bandera irabazi du, sei urteren buruan; seigarrena du. Baina, bidean, emaitza guztiak ez dira distiratsuak izan. Ez duela dena irabazi, alegia. Talde oso indartsua bai, osatu egin behar. Sekulako eskifaia izanagatik ere, izan dituzte zalantzak.

Gorka Aranberri patroiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eman du baten berri, Kontxa irabazi eta hurrengo egunean, lanetik atera berritan: «Bilbon bosgarren egin eta gero, mamu zaharrak azaldu ziren, bi urte txar eginda zegoelako Urdaibai». Zalantzak dira mamuak: «Honelako galderak sortu ziren: 'Berriz ere horrela ibili behar al dugu? Berriz ere bigarren txandan?'».

Zabalaren lanari eman dio balioa kezkak eta zalantzak uxatzeko: «Buruz ondo eduki gaitu taldekook». Taldekideen jarrera ere txalotu du: «Pazientzia eduki dute estropada onak egin artean entrenatzen ondo segitzeko».

Estropada seinalatuan heldu da bolada on horietako bat: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, herenegun. Faborito izatea irabazi zuen lehen igandean, eta 7,84 segundora zeukan Hondarribia, eta 7,90era Donostiarra. Aranberrik estrategia xehatu du: «Irteera oso indartsua egitera atera ginen, astean zehar ondo prestatu eta gero. Zazpi segundora geneuzkanei gogoa kendu behar genien gure atzetik joateko».

Hondarribia azkar kendu zuten paretik, baina Donostiarra ez: «Bagenekien gurekin etortzeko asko jo beharra zeukatela, eta, ziaboga eman eta gero, atzean geratu ziren, guk aurrera egin genuelako, edo erori egin zirelako. Bagenekien arlo fisikoan gehiago garela».

Hortik aurrera ere jotzen segitu zuen Urdaibaik, eta nagusitasunez irabazi zuen Kontxako Bandera. Orduan lasaituko zen Aranberri ere, onartu baitu oso urduri zegoela estropada baino lehen: «Betiko tentsioaz gain, urduritasuna neukan». Uretara atera orduko pasatu zitzaion. Taldearen beroketa onak are gehiago lasaitu zuen, eta hortik aurrera gertatu zena jakinekoa da.

Aita Manuelen atzetik

Jakinekoa den bezala Aranberrik zazpi aldiz irabazi duela Kontxako Bandera. Ia goiko koskara heldu da patroien sailkapenean, herenegun Juan Lizarralde Altxerri oriotarra atzean utzi eta gero. Manuel Arrillaga Aita Manuel bakarrik du aurretik. Pasaitarrak bederatzi dauzka. «Gauza handiak dira. Bertigoa ere ematen dit». 13-14 urterekin traineruaren popara igo zenean bezalaxe: «Aurreneko eskaloian tente jarri, eta ez nintzen uretara iristen. Esaten nuen: 'Nola arraio eramaten zuten patroiek horrelako ontzi bat?'».]]>
<![CDATA[«Barrurakoa, desastre hutsa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1982/023/003/2022-09-13/barrurakoa_desastre_hutsa.htm Tue, 13 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1982/023/003/2022-09-13/barrurakoa_desastre_hutsa.htm
Baiezko horren barruan jarri ditu patroiak uda honetako garaipen handiak: Euskotren liga, eta Kontxako Bandera. Hirugarrena du igandekoa. Eta baiezko haren olatuaren aparretan, beste baiezko bat eman die klubari eta taldeari: «Kontxa jokatu aurretik esan nuen segitu egingo dudala. Inoiz baino garbiago daukat baiezkoa. Gozatu egin dut aurten».

Oriok patroia izango du aurrerantzean ere. Eta taldea izan zenaren, orain izan denaren, eta datorren denboraldian izango denaren zutabe sendoetako bat izango da. Talde bat ez baita hutsetik hasten, ez bada sortu berri-berria. Hori kontatu zuen Agirrek atzo Donostian, sari banaketa batean. Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak aurten ere bosna mila euro eman dizkie Kontxako lehen bi talde gipuzkoarrei: Oriori eta Donostiarrari. Agirrek lotzen ditu lehengoa eta oraingoa: «Xantiren eran sortutako eta hazitako taldea gara, eta harengatik gaude hemen. Gure sakrifizioa eta gu garena eman dizkiogu taldeari». Oinarri sendoagorik ez da egongo iaztik aldaketak egin behar izan dituen talde batean.

Joan ziren Oriora arraunlari berriak, iaz ez zeudenak, eta zeudenengandik ikasi dute zer den Orio, eta nola lan egiten duten denboraldi osoan. Obra eraberrituari Patxi Francesek ere eman dio berea, entrenatzaile berriak. Gogoan izan du patroiak: «Ilusioa egin dit Patxik bandera hau irabazteak».

Lan egiteko modu horren barruan, ezaugarri asko daude. Autoexijentzia da bat. Eskatu, eskatu eta eskatu. Perfekzioaren bila. Ederki erakusten du atzo Agirrek esandakoak, bezperan loriaren gozoa dastatu zuen badiari begira: «Barrurakoa desastre hutsa izan zen. Kanporakoa gozatu egin genuen, baina buelta, ai buelta...». Eskakizunaren beste adibide bat: «Pena da udako azken estropadan lan ona ez egitea».

Baina kontu horiek gorde egingo ditu, aurrerago lantzeko. Datorren urtean, kasurako: «Ikasgaia izango da». Ikasi beharrekoa zehaztu du: «Ziabogan aurretik ginenez, ahalik eta azkarren bukatu nahi izan genuen estropada, eta presaka aritu ginen. Neskei esan nien bukatuko zenean bukatuko zela, baina ezin».

Aldarrikapen mezua

Bandera irabazi, jaso, taldean ospatu, eta iritsi zitzaien herritarrekin ospatzeko tartea. «Aurten, oinez ibili gara banderarekin, herritarren artean. Aurreko urteetan, kamioi baten gainean ibili ginen, eta aparte sentitzen genituen zaleak». Kontxako 35. Bandera eman diete oriotarrei Agirrek eta. Aldarrikatu egin du hori: «Herriak bereizi egiten dituela mutilenak eta neskenak? Denetarik dago. Urtez urte ari gara irabazten. Badaude nesken aldekoak ez direnak, baina hor konpon».]]>
<![CDATA[Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera]]> https://www.berria.eus/albisteak/218055/urdaibaik_irabazi_du_kontxako_bandera.htm Sun, 11 Sep 2022 10:00:07 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/218055/urdaibaik_irabazi_du_kontxako_bandera.htm Zuzenean jarraitu du BERRIAk. Donostiarra zen beste hautagaia bandera irabazteko. Hondarribia lehen egunean Urdaibaitik 7,64 segundora bazen, 7,70era zen Donostiarra. Laugarren kaletik joan da gaur, eta kanpora joateko ez zuen onena ematen, goiz osoko joerak ikusita. Getaria ibili da lehen kaletik. Giroa ezberdina zen badia barruan, eta hortik kanpo. Bare barruan, lasai: kanpoan, ez hainbeste. Nahasia ez, baina haizea indarrarekin zebilen. Ur lasterrak ere bizi-biziak, eta ura gora emanda jokatu dute txanda. Eragile horiek zenbateko eragina izan duten dakitenei galdetu beharko. Kirolean, talde batek bi kezka izaten ditu: bat, talderen beraren esku dagoena egitea. Bestea, bere esku ez daudenak dira. Kontxako eremua bihurria da, gaiztoa. Estropadak sona ikaragarria du, eta ez da askotan erakusten eremua eta justizia ez direla elkarren lagun izaten. Urdaibaik berea egin beharra zeukan, eta bai egin ere. Sekulako taldea osatu du Iker Zabalak, eta lehertu da azkenean. Hark jakingo du prestakuntzaren goia irailean jotzeko taxutua izan duten, baina gaur behintzat, goia jo du. Hasi orduko hartu du estropada burua. Estrategia onena horixe: aurretik atera lehen egunetik, eta aurkariei jolaserako tentazioa kendu nahi. Donostiarrak bakarrik eutsi dio kanpora, eta nola gainera. Eremuaren ababor aldeko izkinatik, Santa Klara uharteko bihurrikeriei ihes egin nahian, bermeotarren babesera joanda hasieran, hortik urrunduta gero. Bakarrik hobeto moldatu da, eta lortu ezina zirudiena lortu du: Urdaibai baino azkarrago sartzea ziabogan. Segundoa baino ez, baina estropada eta bandera irekia mantentzeko, nahikoa. Hondarribia jota zetorren, hamar segundora, eta Getaria 18ra, beste borroka batean. Bandera irekita zegoela konturatuta edo estrategia tarteko, Urdaibaik kolpea jo dio itsasoari. Urak harrotu ditu, aparra atera, eta konturatzerako, bizpahiru segundo jan dizkio Donostiarrari. Arraunean sendo eta indartsu eginez, teknikari omenaldia osatuz, erakustaldia eman du Zabalaren taldeak bueltako luzean (ere). Hirugarren kaleari eutsiz badian barruan sartu arte, aldea handituz joan da. Hamar-hamaika ere bai. Gero, badian barruan, ababor aldera bezala egin du Aranberrik, eta festa lehertu da traineruan, lana osatu gabe egonda ere. Patroiak omenaldi gozoa egin die arraunlariei banaka, bakoitzaren palmaresa goraipatuz. Zazpigarren aldiz astindu du gero bandera Aranberrik, eta patroiek olinpoan beste koska bat egin du gora zarauztarrak. Donostiarrak ere badu omenaldiaren gozoa. Estropada handia eginda, bigarren egin du gaur, 8,55era. Eta sailkapen nagusian bigarren lekuaren jabe eginda, Hondarribiari aurrea hartuta. Historikoa. Berdeek 2,55 segundo galdu dituzte gaur. Mundua. Espero ez zena. Espero zena zen bukaeran kiroltasunez agurtzea irabazlea, eta horixe egin du Mikel Orbañanosek, lehendabizi uretan, eta lehorrean gero, adierazpenetan. Getaria 35,03ra sartu da bigarren txanda. Hauentzat ere omenaldia motz geratuko da. 43 urteren ondoren Kontxan aritu, eta gaur laugarren lekuari ezin izan badio eutsi ere, bosgarren lekuan doaz etxera. Urdaibai, Donostiarra. Hondarribia, Orio eta Getariaren atzetik, bi egunak kontuan hartuta, Zierbenak, Kaikuk eta Ondarroak egin dute. Gaurko hurrenkera, berriz, hau izan da: Urdaibai, Donostiarra, Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria eta Ondarroa. Aurreneko txanda ezkutuan bezala geratzen da gaurko egunez, eta merezi dute horiek ere aipamena. Lehia bizi-bizia izan dute Oriok, Zierbenak, Kaikuk eta Ondarroak. Bederatzi segundoan sartu dira helmugan. Orio aurretik, baina epaileak bandera horia atera dio bueltako luzean, Kaiku uberan jarri zaionean. Baten popak eta bestearen proak ia elkar jo dute. Hiru segundoko zigorra izan du Oriok, eta txanda Zierbenak eraman du, oriotarren, Kaikuren eta Ondarroaren aurretik. Ikusi gehiago: Orio nagusi Kontxan ere]]> <![CDATA[Orio nagusi Kontxan ere]]> https://www.berria.eus/albisteak/218054/orio_nagusi_kontxan_ere.htm Sun, 11 Sep 2022 09:19:05 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/218054/orio_nagusi_kontxan_ere.htm Zuzenean jarraitu du BERRIAk Kanporako luzean egin da banderaren jabe Nadeth Agirre patroiak gidatzen duen taldea. Lehen kaletik, ziztuan atera da bigarren irteeran, aurrenekoa ez baita balekoa izan, epaileen akats bat tarteko (kronometroak kale). Udan zehar askotan egin du Oriok gaurkoa: hanka Arrauni estropada abiatu orduko. Hor bada lana eta trebezia. Gaur, horri guztiari kalearen diosala gehitu behar: ekialdeko haizea dabil, eta Aquariumak babesa ematen du. Ura ere behean, urteko itsaslter handienetakoa, eta ur gutxi, sekulako itsasbeherarekin. Ura behera oraindik estropada honetan. Baldintzak baldintza, Oriok ez du hutsik egin. Ez gaur, ezta uda osoan ere. Justiziarik bada kirolean, Oriorekin egin du berea aurten. Lehen luzean izan ez den zirrara, bigarrenean piztu du Arraunek. Kosta zaio kanporako lana taxuz osatzea hirugarren kaletik, eta kosta zaie kanpoko bi kaleetatik (hirugarrena eta laugarrena) lehen luzea osatzea bi txandetako lau traineruei. Kontua da lanak hasi orduko geratu dela atzean Arraun. Donostiarrak ere aurrea hartu dio bigarren kaletik. Ziabogan, hirugarren zen sei segundora; Donostiarra zen aurretik, Oriotik bost segundora. Galduta zetorren Hondarribia, 14ra. Jabea bazuen banderak, eta zirrara bahituta Oriok. Baina Arraun ez zegoen amore emateko, eta Oriori aldea jaten joan zaio. Lau traineruak, ekialdeko haizeari segika-segika, istribor aldera jo dute badiara sartu aurretik. Hirugarren kaletik zerora artean zihaozen laurak. Arraunek azkar jan dio bigarren lekua Donostiarrari, eta Oriori ere kendu dizkio segundoak. Batera ere jarri da badia barruan. Beste hiru edo gehiago behar zituen bandera Oriori kentzeko. Ezin, baina. Elkarren ondoan sartu dira, parez pare, Orio aurretik zela. 0,14 ehunen atera dizkio Arrauni, Donostiarrari 10,18 segundo, eta Hondarribiari 21,68. Aurreneko txandan, Tolosaldearen erakustaldiari ezin segika ibili dira Hibaika, Cabo eta Chapela. Errenteriakoak izan dira bigarren, 13,50era; Cabo hirugarren, 17,94ra, eta Chapela laugarren, 21, 56ra. Bi egunak bateratuta, honela geratu da sailkapena: Orio, Arraun, Donostiarra, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Cabo eta Chapela.]]> <![CDATA[«Gero eta gehiago kostatzen da irabaztea, eta horrek ematen dio balioa lortutakoari»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/004/001/2022-09-11/gero_eta_gehiago_kostatzen_da_irabaztea_eta_horrek_ematen_dio_balioa_lortutakoari.htm Sun, 11 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/2029/004/001/2022-09-11/gero_eta_gehiago_kostatzen_da_irabaztea_eta_horrek_ematen_dio_balioa_lortutakoari.htm
Bederatzi aldiz irabazi duzu Kontxako Bandera. Erraz esaten da.

Aurreneko bostak segidan izan ziren Galiziarekin, Rias Baixas taldearekin, eta urtez urte joan nintzen balioa ematen. Orain jabetzen naiz zerbait historikoa egin genuela, urteen joanean. San Juanekin ere berdin, taldean nintzela lau erreskadan irabazi genituelako. Gero eta gehiago kostatzen da irabaztea, eta horregatik ere ematen diot balioa.

Irabazten ez denean ere bai, ezta?

Hori da. Konturatzen zara zein zaila den irabaztea.

Arraunean hasi zinenean han Galizian, burutik pasatu zitzaizun traineruan lehiatuko zinela egunen batean?

Inola ere ez. Orduan ez zegoen traineruen lehiarik. Udako denbora-pasa bezala hasi nintzen arraunean, eta ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik. Lagun guztiek utzi egin zuten hasi eta hurrengo urtean, baina nik segi. Pentsa zenbat gustatu zitzaidan, herritik kanpora ere joan nintzen arraun egiteko talde bila, herrian ezin nuelako. Kadeteetan eta gazte mailan, Nautico Vigon ibili nintzen, eta gero, Meiran, zazpi urtez; lau urtez San Juanen, eta bi Donostiarran, hemen Euskal Herrian. Beti atera izan ditut babak eltzetik arraun egiteagatik.

Zer du ba arraunak hainbeste gustatzeko?

Kirola egitea gustatzen zait. Gogorra da, negua oso luze egiten da. Udan gozatzen da, nola bizitzen den lehia ederra da. Neguko lan astuna berdintzen du. Irabazitakoan poz berezia sentitzen da, eta apartekoa da talde batean egotea.

Kontxako garaipenez gain, sekulako palmaresa daukazu: zazpitan irabazi duzu Euskotren liga, eta hamarretik gora Espainiako Txapelketa bateletan eta trainerilletan. Irabazlea zara.

Tira... Ezin esan ez naizenik. Zortea izan dut, une egokian egon naizelako talde onetan. Azkenean, hau taldeko lana delako. Taldekideak ezinbestekoak dira hau guztia irabazteko. Lan handia dago atzean. Hala ere, arreta nigan bakarrik jartzea ez zait gustatzen, taldea delako arrauneko eskifaia bat.

Kontxako aurreneko garaipenaz hitz egin dezagun, 2008koaz. Ia egun batetik bestera antolatu zen. Jakin zenutenean, zer pentsatu zenuten?

Uste dut trainerillak egiten ari ginela. Hiru talde onenak batu ginen: Meira, Chapela eta Cabo da Cruz. Trainerua osatu genuen, eta astean hirutan entrenatzen genuen, asteburuaz gain. Ez genekien zer zetorren gero. Han ez zegoen estropadarik, eta Kontxan lehiatzeko elkartu ginen.Udanbertan hasi ginen entrenatzen.

Donostiara iritsi, dena ezezaguna zen talde guztientzat, baina zuentzat gehiago, agian?

Bai, baina horrela hasi zen emakumezkoen Kontxako Bandera, egun batetik bestera kasik.

Sailkatze estropada larunbat arratsaldean izan zenuten, eta itsaso txarra zegoen. Zer pentsatu zenuten?

Ez naiz asko oroitzen. Urte asko dira. Iritsi ginen, eta ea zer gertatzen zen. Uste dut lau talde bakarrik sailkatzen ginela banderaren lehiarako, eta igandean ere antzera, ea zer ateratzen zen, itsu-itsuan.

Larunbat hartan, asko entzun zen hau: «Nora doaz hauek!».

Ez naiz oroitzen horretaz

Zer zen orduan Kontxako Bandera zuretzat?

Lehenagotik etorria nintzen ikustera, arraunen hasi baino lehen. Gurasoekin eta lagunekin pare bat aldiz izana nintzen. Giroa asko gustatu zitzaidan. Ez nuen sekula imajinatu arraun egingo nuenik bertan.

Arraun egin ez ezik, irabazi ere bai.

Non geunden ere ez genekien irabazi genuenean. Ez ginen jabetzen zer zen. Oso polita izan zen, hori bai.

Hurrengo urteetan, lasaiago prestatu zenuten?

Ez pentsa. Galizian beti batzen ginen trainerilletako denboraldiaren ondoren. Han indar handia dute ontzi txikiek. Udan joaten ginen egokitzen. Orain, hemen, traineruak hartu du prestakuntza osoa, baina han, ez hainbeste. Cabo eta Chapela aritzen dira traineruan noizean behin ontzi txikien denboraldian, dena dela. Baina hemen, bateletako txapelketa batean zortzi batel bakarrik azaltzen dira, eta gero, Kontxako sailkatze estropadan, askoz traineru gehiago. Horrek erakusten du garrantzia zeri ematen dioten klubek.

Bandera irabazi eta gero, une bereziak bizitzen dituzue. Baten bat bereziki gustatzen zaizu?

Bandera itsasontzian jasotzea polita da. Bestela, lehen esan dizudana dago: nola eman diedan balioa garaipenei urteen joanean.

Kontrarioak ere gero eta hobeak izan...

Hori da. Gero eta indartsuagoak ziren, eta kezka sortu zigun, ea hain gutxi prestatuta nahikoa izango zen. Neguan hasi behar genuela elkartzen, baina negua iristen zen, eta arraunlari bakoitzak bere taldean segitzen zuen. Aurkariak ginen azkenean!

Galiziako garaipen haiek itsustu egiten ziren hemendik: selekzioa izatea abantaila handia zela zuentzat. Zer duzu esateko?

Ez genion garrantzia handirik ematen, baina min ematen zigun, balioa kentzen zielako gure garaipenei. Azken batean, hemengo taldeetan ere, arraunlari guztiak ez ziren herrietakoak bertakoak.

Galiziaren bost garaipen haiek eta gero, 2013an ez zenuen arraun egin, eta 2014an itzuli ziren Kontxara Meirarekin. Ez zineten sailkatu, ordea.

ia 11 segundogatik geratu ginen kanpoan. Min eman zigun. Euskotren ligan aritu ginen, eta ez genuen lehiaketa ona egin. Kontxarako propio prestatzen jardun genuen gero, eta ondo gentozen, sasoiko, baina ez zen atera.

Galizia utzi, eta Pasai Donibanera etorri zinen 2015ean, San Juanen arraun egitera. Nola izan zen?

Etxabek deitu zidan martxoan edo. Udarako etorri nintzen, ekain hasieran. Pentsatuko nuela erantzun nion, baina denbora asko ez nuen behar izan. Gogo handia neukan hemen probatzeko. Atzera egiten zidana zen uda osoa hemen bakarrik egon beharra.

Kontxako Bandera lehen aldiz aurreko urtean irabazi zuen talde batera etorri zinen. Zer aurkitu zenuen?

Hainbat arraunlarik utzi zuten aurreko urtetik, eta eraberritua zegoen. Gustura ibili nintzen. Lau urte egin nituen bertan, eta udan etortzen nintzen, ikasten ari nintzelako. Klubak pisua udako bakarrik jartzen zigun, eta egia da neguan asteburu batzuetan ere etortzen nintzela, baina joan-etorrian.

San Juanen historian ere bazaude.

Bost segidan irabaztea handia da; horietako lau dauzkat nik. Asko estimatzen ditut kluba eta herria. Bat gehiago bezala sentiarazi ninduten.

Zer da kanpoko batentzat hemengo herri txiki batean arraunlari izatea?

Herritarren babesa sentitzen nuen, eta badakite kanpotarra zarela; horregatik, gehiago babesten zaituzte, eta eskertzekoa da.

Aldi hori bukatu eta etxera itzuli zinen. Zergatik?

Ez naiz damutzen arraun egin ez izanaz urtebetez. Pixka bat aldentzeko beharra neukan, eta atseden hartu nahi nuen. Gogoa neukan egin ezin nituen gauza batzuk egiteko. Arnasa hartu nuen.

Zer kendu dizu arraunak, zerbait kendu badizu?

Beste gauza batzuekin gozatzeko aukera. Hondartza zalea naiz, eta ezin. Udan, arratsalde osoa hondartzan egotea botatzen dut faltan, lagunekin garagardo batzuk hartzen. Aisialdia kentzen dizu, azkenean. Bestelakoan, jana ere zaindu egin behar dugu, dietarekin. Ezin jan nahi dudan guztia, eta jatuna naiz. Baina arazorik ez dut, arraunean ez nabilenean ez dut itxura gabe jaten.

Gero, berriz ere Euskal Herrira: bi urte Donostiarran. Zergatik?

Maialenek [Arrazola] deitu zidan, entrenatzaileak. Laguna ere badut, eta baiezkoa eman nion. Egitasmoak atentzioa eman zidan, eta etorri egin nintzen.

Ez zen atera nahi bezala?

Iaz ez, behintzat. Aurreikuspen handiak zeuden, San Juanen taldekide izandako hainbat batu ginen, baina ez zen atera.

Handik Oriora. Nola sortu zen aukera?

Sortu egin zen, besterik ez. Ez nuen bitan pentsatu, eta June lagunarekin [Aranberri] etorri ginen. Orion bizi naiz orain, urte osoan.

Zer du Oriok arraunarekin?

Bizi egiten dute, oso sakon. Pasai Donibanen ere bai, baina ezberdin. Ez naiz asko ibiltzen herrian, baina asko bizi du jendeak. Dena dakite.

Aurtengo denboraldia ia bikaina ari da izaten, Euskadiko Txapelketako emaitza izan ezik.

Taldean ondo aritu gara, aldaketekin-eta. Hori oso zaila da. Sei aldaketa egin larunbatetik igandera, eta irabazten segitzea oso nekeza da. Atentzioa eman dit horrek. Lasaitasuna ematen du taldea badabilela ikusteak.

Biribiltzea falta zaizue: Kontxa.

Bai, garrantzitsuena.

Nolako estropada izango da?

Orain artekoa egiten badugu, lor dezakegu. Baina beste eragile batzuk ere aldekoak behar ditugu: itsasoaren egoera, kalea... 2,16 segundo ditugu alde, eta ondo dago, aurretik egotea hobea delako.

Egingo duzu arraun?

Ez dakit.

Arraun Lagunak psikologikoki menderatuta duzue?

Baliteke, ia uda osoan irabazi diegulako. Baina Kontxa irabazteko bi segundora bakarrik egonda, orain animosa daude, ez direlako hain gertu egon.

Lesio gaizto batek erasan dizu udan. Kontatuko zer duzun?

Gerriko eta bizkarreko minak askotan izan ditut. Aurten, minbera eduki dut, baina fisioterapeutarekin-eta osatu naiz. Zierbenako estropadan, ligan, uztailaren 17an, zaintiratua eman zidan beroketan. Oso indartsua izan zen. Esan nion entrenatzaileari aldatzeko, ezin nuela arraun egin. Ez nuen pentsatzen asko izango zenik, baina gauez, min handia izan nuen, eta hanka lokartzen zitzaidan. Ez nion utzi entrenatzeari, ergometroa egiten segitzen nuen. Ziatika neukan hartuta, eta gauetan hanka lokartzea ohikoa bilakatu zitzaidan. Bi aste pasatu ziren, eta erresonantzia egin zidaten. Bi egunera emaitza eman zidaten: hernia diskoan. Behea jo nuen. Nola nik hori? Eta ezin badut amaitu denboraldia? Edo arrauna utzi behar badut? Indartzen hasi nintzen lesioaren lekua, eta hor noa.

Arraunlari zarenetik bizitzen ari zaren une txarrena da?

Nahiko gaizki pasatu nuen, eta astebetez erretxinduta ibili nintzen. Baina buelta eman diot, eta lehiatzen segitu dudanez, hainbestean. Denboraldia bukatzean, jarraitu egingo dut osatzen, eta ea.

Eta datorren urterako zer?

Ez dakit zer egingo dudan. Beti noa urtez urte. Ez dut sekula garbi izaten denboraldi baten hasieran hori izango dela azkenekoa.]]>
<![CDATA[«Porrot egin genuen, eta erantzulea neu naiz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/016/001/2022-09-09/porrot_egin_genuen_eta_erantzulea_neu_naiz.htm Fri, 09 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1977/016/001/2022-09-09/porrot_egin_genuen_eta_erantzulea_neu_naiz.htm
Zer gertatu zitzaion Oriori aurreko igandean?

Entrenatzaile gisa, etsigarria izan zen. Zuzenean nire paretik pasatu zenean trainerua, ez nuen ezagutzen nola ari zen taldea. Aurreneko arraunkadatik egin zuen taldeak aurrez prestatuta ez zegoena.

Zertan huts egin zenuten?

Bitxia izan zen nola joan ginen minutuko 40 arraunkadatik jaitsi gabe lehen luzean. Baina trainerua ez zen presaka ikusten. Prestatutako armekin ez bazabiltza, biluzik ari zara.

Taldeak zergatik ez zuen gauzatu aurrez prestatutakoa?

Bi irteeretan, gure aurreneko hiru arraunkadak ikusi besterik ez dago jabetzeko ez ginela ondo ari lanean. Hasiera horretan islatzen saiatzen gara arraunkada noraino eraman nahi dugun, eta hiru aurrenekoetan adierazten da. Bigarren arraunkadan laurdena ere ez dugu egiten. Tentsioagatik edo dena delakoagatik, gurearen gainetik aritu ginen hasieratik. Hortik zerbait izan zen. Gauza handi baten bila atera ginen; oso ondo sentitzen ginen. Baina porrot egin genuen, eta erantzulea neu naiz. Alderantziz gertatzen denean bezala. Minez, baina naturaltasunez onartzen dut.

Igandeko gabeziak udan erakutsitako berberak dira?

Udan zer gabezia ikusi zaizkigun zehaztu beharko.

Estropada biribilik egin ezina, adibidez.

Egin, egin ditugu. Eusko Label ligan, Bilbon, irabazi genuenean, eta Zarauzko bi egunetan, adibidez; bandera lortzeko lehian izan ginen zortzi luzetatik zazpitan. Hori da gure maila. Udan, hainbat estropadatan maila hori eman dugu, baina kaleetan zorterik gabe ibili gara, eta ez da aitzakia. Askotan tokatu zaigu izkinetatik joatea, eta, banderak irabazi direnean, beste izkinetatik irabazi izan dira. Estropada biribil gehiago izan direla esango nuke, zorte txarrak itsustuak.

Zortearena bakarrik izan da?

Gabezia izan da 2022ko egitasmoa oso arraunlari gutxirekin hastea: 26 baino ez genituen bi taldeak osatzeko. Lortu dugu biak uretan izatea, baina ez behar den moduan. Behar den maila jaitsi egin behar izan dugu. Bestela, ez genuke salbatuko klubaren egitasmo orokor hori. Errealitatea da otsailera arte ezin izan genuela osatu udan Eusko Label ligan ibili den taldea. Horren adibide ona Orioko Jaitsiera izan zen. Urdaibaik irabazi zuen, eta minutu erdia atera zigun. Dena eman genuen estropada horretan, baina...

Baina, gero, ligako lehen estropadan, bandera irabazi zenuten. Nola liteke?

Otsailetik uztail hasiera bitarte, oso lan ona egin nuen, beti bezala. Badakigu zer plangintza erabili. Baina onartzen dut prestakuntzako lehen hiru hilabeteetan oso baldintzatuak egon ginela. Arraunlari gutxi izateak beste ondorio batzuk eragiten ditu. Hasierako hiru hilabeteetako lanak ez du ematen azken errendimenduaren arrazoia, baina bai gorputza edo egitura. Lor dezakezu estropada batzuetan ondo aritzea, baina gabezia horiek azaldu egiten dira azkenean, eta hori nabarmenduko nuke gabezien artean. Ligak erregulartasuna eskatzen du, eta guk ez dugu izan. Ez gara fidagarriak izan, eta hori guztia nabarmenago egin zen aurreko igandean.

Zergatik ditu Oriok hain arraunlari gutxi?

Gauza bat dela, bestea dela, beste taldeekin daukagun lehia aldatu egin da, orain gehiago daudelako lehiakorrak lehengo aldean. Eta orain, Orio agian ez da lehiakorrena arraunlari onenak erakartzeko saiakeran. Onartu beharra daukagu klubaren apustua harrobia lantzea izan dela azken hiru urteetan, emaitzak lortzea baino gehiago. Horretan gabiltza. Harrobiarena oso polita da, eta ematen du epe ertainerako edo luzerako arraunlari onak ateratzeko moduan garela. Baina arazoa da arraunlariak urtebeterako lotzen direla.

Hori erakusten dute iazko taldetik izandako hutsuneek?

Kolpea izan genuen: berez, adinez-eta, uzteko ez zeuden lauzpabost arraunlarik uztea erabaki zuten, onenean zeudenean. Gauza batzuetan erakargarriak gara, baina beste batzuetan, besteak dira erakargarriago arraunlariarentzat. Denari begiratzen diote, eta ni neu ere izan naiteke erakargarri batzuentzat, eta justu kontrakoa beste batzuentzat. Hori guztia eltze batean sartu, eta asko kostatzen ari zaigu arraunlariak erakartzea, etxekoak ez ezik, kanpokoak ere bai.

Hortaz, hasita zaude telefonoa astintzen?

Lehenengo lana etxe barrukoa izaten da, oraingoek zer asmo dugun jakitea. Hortik aurrera, oraingoez gain, utzita daudenak edo beste nonbait daudenak berreskuratzea izango da lehentasuna. Gero, beharrik balego, kanpokoren bat erakartzen saiatuko ginateke.

Zuk zeuk ez daukazu lotuta datorren urtekoa, ezta?

Beti bezala, urtez urte noa entrenatzaile naizenetik. Eta hitz egiteko lehentasuna nagoen klubak izaten du, nik jarraitzea nahi badu.

Diozunari erreparatuta, asmoa duzu Orion jarraitzeko. Klubak ere bai?

Denok pentsatu behar dugu zer den onena Orioren 2023ko egitasmorako. Eta horren barruan dago pentsatzea egokiena ote den entrenatzaileak jarraitzea edo ez. Nahi dudan bakarra da Oriok ahalik eta egitasmo onena izatea 2023rako. Hori Salsamendirekin bada, Salsamendi indartsu eta gogotsu dago horrela izan dadin. Eta Salsamendi gabe bada, beste bazkide bat gehiago izango naiz, jaio nintzen egunetik naizen bezalaxe.

Ez jarraitzea ere gerta daiteke?

Aurreratu dezakedan bakarra hau da: Orioko entrenatzaile ez banaiz datorren urtean, ez naiz beste talde batekoa izango. Garbi daukadan bakarra horixe da. Orion segitzeko aukerak %50 dira orain, ez baitaukat garbi Orioren proiekturako onena den edo ez. Neure aldetik ahal dudan guztia egingo dut, ikusten badut bermatuta dagoela Oriok gorantz egingo duela. Indar eta gogo betean nago lan horri ekiteko.

Berriz Kontxako Banderari helduta, nolako Orio ikusiko da etzi?

Astearteko entrenamendua, asteko aurrenekoa, gogorra eta desatsegina izan zen. Ez jarrera txarra izan zelako, giro pisutsuagatik baizik. Oraindik igandeko emaitzaren zama psikologia zegoen. Pentsatzen duen arraunlaria arraunlari makala da, harri koskorra. Baita entrenatzailea ere. Igandean, saiatu behar dugu gure onena ematen, nahi ez genuen txanda batean, eta nahi ez genuen egoera batean. Ez naiz formula magikoen zalea, baina ez dut inolako konplexurik izango hobekuntza ekar dezaketen aldaketak egiteko.

Nola ikusten duzu etziko lehia bandera lortzeari dagokionez?

Kontxan, aurreneko igandean aurretik denak abantaila handia dauka, eta ia zortzi segundo ez da txikia. Are gehiago, ligako liderra denean. Urdaibaik huts larririk egiten ez badu, bideratuta dauka. Duda bakarra dut: Hondarribiari igandean atera zion aldea benetakoa den edo ez. Bere aldeko zalantza ematen diot Hondarribiari. Donostiarra gai ikusten dut txanda irabazteko, baina beste bi aurkariei zortzi segundo ateratzeko itsaso barean, nahiko lan. Horrelako itsasoarekin, zaila da Urdaibairi alde hori ateratzea.

Bestelakoan, arrapalako giroa, hesituta-eta, galtzeko arriskuan ikusten duzu?

Badut kezka hori. Onartzen dut kontraesanean bizi naizela horretan: talde bakoitzari pribatutasuna bermatzeko leku gorde eta aparteko bat ematea ondo iruditzen zait, baina, aldi berean, Kontxako Banderaren ezaugarririk handienetakoa da jendearekin egoten den harremana. Betiere segurtasuna bermatuz eta abar, zenbat eta aukera gehiago izan zaleekin harremana gertutik sentitzeko, hobe, polita baita. Eusko Label ligan, asko jaitsi da ikusle kopurua estropada lekuetan, baina telebistako datuak oso onak dira, inoiz baino gehiagok ikusten du. Kontxak du aukerarik onena dinamika hori hausteko, eta lehengoari eusteko.

Ez du ematen, bada, bide horretatik doanik.

Arrapala erdia itxita, eta gora pasatzeko zailtasunak jarrita, gutxitu egiten da ikusle kopurua. Eta hori kaltegarria da denontzat, arlo guztietan. Oraingo argazkia ez da politena, baina jende asko dagoen lekuan arriskuak ere izaten dira. Antolakuntzak zerbait ireki behar badu, zaleek ere eutsi egin beharko liokete errespetuari. Azken bi urteetan baino politago dago arrapala, baina pandemiaren aurretik baino askoz hotzago.

Beste egoera bat: tentsio handia ez al da nabari azkeneko pegatinaren polemikagatik?

Ez zait iruditzen. Kontxaren aurretik bazen, Galizian gertatu zenagatik. Kontxako antolakuntzak erabilera debekatu zuenean konturatu zen jende guztia zer zegoen. Harrezkero, ez dut tentsiorik nabaritu. Eta inor ez da galtzen atera erabakiarekin. Eztabaidatu daiteke zeinek duen arrazoi edo ez. Adierazpen eta iritzi guztiak uler ditzaket. Nik neuk neurea daukat, baina ez dut esango; besteak beste, beste lehiaketa bat dagoelako martxan. Horretan erabili dute pegatina, eta ikusiko da azkeneko bi estropadetan erabili ahalko diren. Eskaeraren bat ere iritsi da TKEra, egoera aztertzeko. Guk geuk onartutako epaileak lanean hasi eta horiena entzun arte, ez dago ezer esateko.

Urdaibaik eta Hondarribiak tranpa egin dizuete besteei?

Ez. Tranpa oso hitz potoloa da. Duda dagoenean, araudian begiratu behar da, eta, askotan, interpretazioak egoten dira. Bakoitzak berea izatea normala da. Nire ustez, ezin da erabili pegatina, baina ez naiz inor hori esateko. Kontua da erabili egin dela. Iritzirik ez dugu guk asmatu. Enpresa bera ari da informazioa ematen bere webean pegatinaren ezaugarriez. Nik ez dakit beste ezer.

Araudiak irakurrita, zer diozu?

Ezin dela inola ere erabili. Baina ez du esan nahi erabili duenak ezer txarrik egin duenik.]]>
<![CDATA[Bi segundo asko edo gutxi den]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2184/012/001/2022-09-06/bi_segundo_asko_edo_gutxi_den.htm Tue, 06 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/2184/012/001/2022-09-06/bi_segundo_asko_edo_gutxi_den.htm
Igandean, udako egoera plazaratu zuten lehen bi sailkatuek: Orio Arraunen aurretik —Euskotren ligako bi jardunalditan eta Euskadiko Txapelketan izan ezik—. Baina bada ezberdintasun bat, Arraunekoen ustez. Andrea Astudillo patroiaren ikuspuntua da ondorengoa: «Atzetik gaude, bai, baina ezberdina da. Gora egingo dugu aste barruan, eta hau Kontxa da». Donostiako taldeak haizea hartu zuen aurreko ostegunean, sailkatze estropadan Oriori aurrea hartuz. Horri bueltako emateko gai izatea nabarmendu du Nadeth Agirrek, oriotarren patroiak: «Ostegunean ez ginen gustura geratu, baina herenegun buelta eman genion». Min pixka bat ere plazaratu du: «Estropada batek, ostegunekoak, haizea eman die, baina ez da ahaztu behar gu ibili garela aurretik uda osoan. Gu hor gaude».

Lan ona egin zuten bi taldeek. Agirrek honela aztertu du herenegungoa: «Oso gustura gaude lanarekin eta emaitzarekin. Lehia gogorra espero genuen, eta hala izan zen. Barrurako luzean zabaldu genion tartea Arrauni, pare bat segundokoa». Astudilloren balorazioa beste hau da: «Gu gurea egitera atera ginen, eta pozik gaude. Estropada ona egin genuen». Kaleei aipamena egin diete biek. Arraunekoaren ustez, «Oriorena, aurrenekoa, azkarragoa zen ateratzeko, ura behera emanda zegoelako». Agirrek beste ikuspuntu bat dauka: «Joateko kale ona zen gurea, baina bueltarako ez zigun uzten olatuekin asko jokatzen». Kaleen harira, talde barruko sekretutxo bat ere kontatu du: «Larunbatean, gure artean aritu ginen, zein zen kale txarrena aipatuz. Edozein izanda ere, hortik joan nahi genuela».

Aurreneko txandan, Hondarribia izan zen garailea, eta Tolosaldea bigarren. Nahiz eta ETE ligan aritu aurten, gai izan zen Euskotren ligako taldea mendean hartzeko, 2,36 segundo tarteko. Atzerago sartu zen Hibaika, 7,44ra, eta azkena Cabok egin zuen, 9,38ra.

Goiko ligako bi, atzetik

Donostiarra ere utzi zuen atzean gero, liga nagusiko beste bat. Txoratzen zegoen Miren Garmendia patroia: «Motibazio handia da guretzat goiko ligako bi aurkariren aurretik egitea». Horretarako, ezinbestean, lan ona egin behar: «Hasieratik sartu gara gure arraun egiteko eran, eta oso gustura aritu gara. Ezin da gehiago eskatu».

Lanarekin gustura zegoen bestea Nerea Perez zen, Donostiarrako patroia: «Ohorezko txandan sartzea zen helburua, eta gustura gaude egindako estropadarekin». Kanpoko eragile bati egin zion aipamena: «Haizeak gora egin du txanda batetik bestera».]]>
<![CDATA[Ametsetik ametsera, Bermeon eta Getarian ez dira esnatu oraindik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2319/013/002/2022-09-06/ametsetik_ametsera_bermeon_eta_getarian_ez_dira_esnatu_oraindik.htm Tue, 06 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/2319/013/002/2022-09-06/ametsetik_ametsera_bermeon_eta_getarian_ez_dira_esnatu_oraindik.htm
Lehentxeago, eta arrapalan, Getariako zaleek festa usaina zabaldu zuten. Ez zen gutxiagorako: Esperantza trainerua laugarren izan berri zen Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Pisatzera ontzia arrapalara ekarri ondoren, berriz ere uretan zirela, herenegun lehorrean bere burua utzi zuen Jon Larrañaga getariarren entrenatzailea honela mintzatu zen: «Esperientziarik ez genuela estropada honetan, baina, arraunlari hauek daukaten aurpegiarekin, edozer egiteko gai dira. Ederra armatu dugu!».

Igandeko jardunaldiak utzitako poz arrastoak biltzen dituzte biek. Beste bat ere gustura zen, Donostiarrako Joanes Balentziaga arraunlaria, hirugarren denbora onena egin eta gero. Baina ez erabat: «Gazi eta gozo daukat zaporea. Kanpora ondo joan gara, baina barrura ez dugu asmatu, azkeneko zatian izan ezik. Hala ere, bizirik gaude bigarren iganderako, eta horrek balio du».

Bizirik egotea baita Urdaibai garaileak 7,70 segundo bakarrik ateratzea. Sei ehunen gutxiago behar izan zituen Hondarribiak, aurreneko txandako garaileak, baina pozetik aparte samar zebilen Ioseba Amunarriz patroia: «Guk lan ederra egin dugu, baina ziabogan beste txandako Urdaibaik eta Donostiarrak hamar segundo ateratzea ez da normala izan. Zerbait egon da horretan. Kanporantz, beroketan ere, ez zuen nabigatzen ontziak».

Iganderako, zuhurtzia

Bandera zeinek eramango duen ez dago erabakita, eta hiru dira hautagai nagusiak: herenegungo lehen hirurak. Zuhur mintzo dira. Goikoetxea: «Geure onena eman beharko dugu lehendabizi». Amunarriz: «Ea Hondarribia on eta indartsu bat ikusten dugun». Balentziaga: «Gogo biziz gaude».

Getaria izango dute alboan, igandean Oriori eta Kaikuri aurrea hartu ondoren lehen txandan. Bigarren txandako Zierbenak eta Ondarroak ez zuten lortu getariarren denbora ontzea, eta Oriorekin eta Kaikurekin osatuko dute lehen txanda igandean.]]>
<![CDATA[Bakoitza bere eroak biziko du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/022/001/2022-09-04/bakoitza_bere_eroak_biziko_du.htm Sun, 04 Sep 2022 00:00:00 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/paperekoa/1951/022/001/2022-09-04/bakoitza_bere_eroak_biziko_du.htm
Ikusi gehiago: Uda osoan izan ez den berdintasuna ekar dezake Kontxak gaur

Begira dagoenak ikusi ditu Donostiako emakumezkoen bi taldeak gurutzatzen: bata uretatik sartzen, eta bestea irteten. Ikusi du Jon Salsamendi Orioko entrenatzailea metroa hartu eta toletetik toleterako tartea neurtzen. Ikusi du Hondarribiako gizonezkoen ontzia, Ama Guadalupekoa nola ekarri eta ipini duten arrapalan, arraunlariek hartu eta uretara eramateko ahalik eta lekurik egokienean. Ikusi ditu hiruzpalau hedabidetako kazetariak, elkarrizketak egiten. Eta ikusi ditu beste hainbat gauza.

Gaurkoa beste gauza bat izango da. Hasteko, zaleek beteko dute arrapala, nolatan eta ez duten hesitzen, asteazkeneko sailkatze estropadan bezala, tradizioa kareletik botaz. Atzoko isiltasuna zarata bihurtuko da gaur. Aupa! aurretik, eta bakoitzak bere gustuko duen traineruaren izena ondoren. Oilo ipurdia jarriko zaie arraunlariei arrapalan behera; baita zaleei ere.

Joango dira itsasora, egingo dute beroketa denek. Batzuek lehendik gori duten konfiantzari beste indarraldi bat emango diote; urduri dagoenek lehen aldia duelako arraunean Kontxan, lasaitua hartuko du, edo gehiago urdurituko.

Aterako dira 12:00etan, lehen txandako lau taldeak: Orio, Getaria, Hondarribia eta Kaiku. Ikusgai izango dira Puntak bitartean, gero ia desagertzeko. Iritsiko dira halako batean ziaboga bakarrera, eta beste estropada bati ekingo diote: barruranzko lanari. Azalduko dira berriz ere Santa Klara uhartearen parera, eta zaleen oihuak berpiztuko. Badiako metroak egingo dituzte: batzuek olatu gainean, hegan; bestee, kalbarioa noiz bukatuko, irrikaz. Barrenak hustuta, botako dute gorputza arraunlariek karel aldera, toletearen albora. Denborak entzungo dituzte segituan, sailkapena, patroiak esanda. Hasiko dira gorputzari buelta ematen, likidoen laguntzarekin. Eta baztertuko dira eremutik. Lehorrera gero.

Handik pixka batera jarriko dira irteeran bigarren txandakoak: Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Ondarroa. Larri antzean, ikusten badu faborito sentitzen denak lehen txandako beste faboritoak edo besteek oso denbora ona egin dutela. Akordatuko da orduan kale zozketan nahiago izango zukeela aurrenekoan joan. Begiratuko dio, agian, zeruari, nekearekin itsasoarekin nahasi aurretik: aldatuko ote da haizea?, galdetuko du. Zer egingo duen pentsatzen ari dela, semaforoa berde ikusi, eta abante.

Bakoitza bere kaletik. Horra beste buruko mina Kontxan. Haizea eta itsasoa nolako, kaleak halako. Ona edo txarra. Erdiko biderik ez normalean. Tokatutako lekutik joan behar kanporantz, bi aldeetara egiteko aukera gorabehera. Ziaboga. Erreferentziak. Txandakoak, eta aurreko txandakoak. Onak ala txarrak izan, beste estropada erdia egin behar. Poparean. Iragarpena betetzen ari da, eta metroko olatua dabil. Atzo eguraldiak hobera egin zuen eguerdian. Gaur, auskalo haizeak zer. Berdin dio. Bat, bi, hiru, lau... hamarreko bat gehiago. Arraun egiteko era ez galtzea da kontua. Azarotik edo abendutik mila bider egindakoa entrenamenduetan lehian erakustea. Teoria, erraza; praktika, gaiztoa.

Azkeneko metroak. Herio betean. Erreferentziak etengabe. Aurreko txandakoen denbora baino askoz hobea duenak gehiago nahi; ez dago etenik. Gora erritmoa. Gorago oraindik. Denbora asko ez galtzeko aurreko txandakoekin ere bizitu egin behar. Gaur zortzi ohorezko txandan egon nahi dutenek ere beste horrenbeste. Herioa bizirik. Lanak bukatu, eta denborak. Poza edo haserrea, kezka edo lasaitasuna. Gorputza bere onera ekarri, eta arrapalara berriz.

Zaleen babesa, urrezkoa

Zaleak zain. Irabazi edo galdu, baleko emaitza izan edo ez, babesa eta bibak seguru. Oilo ipurdia berriz, orain goranzkoan. Traineruak jaso, eta dutxatzeko aukerarik bada, dutxa hartu eta ospa handik arraunlariak. Pozik, haserre, kezkatuta, triste, etsita, amorratuta... Zortzi talde, eta beste horrenbeste adjektibo, edo hor nonbait. Bakoitza bere eroak bizi duelako. Atzo azkeneko entrenamenduan, eta gaur, lehian, eta ondoren ere antzeko. Garbi dagoen bakarra, hauxe: batek irabaziko du.]]>
<![CDATA[Donostiarrak ikerketa zabaltzeko eskatu dio TKEko Diziplina epaileari, pegatinen gaiagatik]]> https://www.berria.eus/albisteak/217769/donostiarrak_ikerketa_zabaltzeko_eskatu_dio_tkeko_diziplina_epaileari_pegatinen_gaiagatik.htm Fri, 02 Sep 2022 21:30:45 +0200 Aitor Manterola Garate https://www.berria.eus/albisteak/217769/donostiarrak_ikerketa_zabaltzeko_eskatu_dio_tkeko_diziplina_epaileari_pegatinen_gaiagatik.htm pegatina berezi bat erabili zuten nabigazioan laguntzeko. Donostiako taldeak eskatzen du epaileak ikerketa zabal dezan gaia argitzeko, material berezi hor zer den jakiteko, halakoak erabiltzea TKEren araudiak onartzen duen edo ez argitzeko, eta lehiakideen berdintasuna bermatzeko. Kaiarriba Arraun Elkartearen ustez, Nazioarteko eta Euskadiko federazioek debekatu egiten dute horrelako gauzak jartzea traineruari, traineruaren berezko ezaugarriak eta traineruak ura ukitzeko modua eraldatzen dituelako. Halaber, araudi horietan eskatu egiten da, Donostiarraren arabera, horrelako gailuak erabiltzekotan lehiakide guztiek erabiltzea, berdintasuna bermatzeko. Bi estropada horietan, Urdaibaik eta Hondarribiak alde handiarekin lehiatu ziren beste taldeekiko, eta estropada faltsutu zutela ere uste du Gipuzkoako hiriburuko klubak. Urdaibairen kasuan, gainera, pisaketan pegatina ez zuela kendu nabarmentzen du, eta hori Estropada Kodeko 5.5 artikulua urratzen duelakoan dago. Donostiarraren asmoa ez da bi estropada horietako emaitzei helegitea jartzea. ]]>