<![CDATA[Alaitz Armendariz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 26 Nov 2022 19:17:34 +0100 hourly 1 <![CDATA[Alaitz Armendariz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Argazkiekin kutsu narratibo bat sortzen saiatzen naiz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-06-16/argazkiekin_kutsu_narratibo_bat_sortzen_saiatzen_naiz.htm Fri, 16 Jun 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-06-16/argazkiekin_kutsu_narratibo_bat_sortzen_saiatzen_naiz.htm Tanger Dream (Tangerko ametsa) liburuan. Han egondako idazle ezagunen aipuak ere bildu ditu, argazki eta hitzak lotzeko. Liburua noctisphotobooks@gmail.com helbidera idatzita bakarrik eros daiteke.

Zergatik Tanger?

2013an joan nintzen lehen aldiz Tangerrera, eta hasieratik hiriarekin maitemindu nintzen. Argazkiak ateratzen nituen, eta itzuli egin nintzen, oso gustura nengoelako, baina liburu bat egiteko ideiarik gabe. Baina apurka-apurka lan hori pisua hartuz joan da, eta proiektua abiatzea erabaki nuen.

Argazkilaritza lanbidea da zuretzat, ala zaletasuna?

Niretzat, lanbidea eta zaletasuna da; dikotomia antzeko bat dago hor. Alde batetik, bezeroentzako argazkiak bezeroentzako egiten ditut, euren gusturako argazkiak, eta, bestetik, nire lan pertsonala, nire gustukoa. Kasu honetan, Tanger Dream alde pertsonal hori da.

Liburuko argazkiak istorio baten moduan antolatu dituzu.

Beti saiatzen naiz argazkiekin narratiba puntu bat sortzen; niretzat oso eragin indartsua da, agian beste argazkilariek nigan dutena baino indartsuagoa. Horregatik, nahi gabe ere saiatzen naiz kutsu narratibo bat topatzen, edo puntu zinematografiko bat...

Zenbait idazle ezagunen aipuak ere bildu dituzu, ezta?

Tangerrek oso historia ahaltsua dauka, XX. mendekoa bereziki. Idazle mordoa pasatu dira handik, eta askok hiriari buruz idatzi dute, edo behintzat euren istorioak kokatu dituzte Tangerren. Niretzat oso idazle estimatuak dira: Mohammed Xukri, William Burroughs, Paul Bowles... Asmoa zen nire hango sentsazioak haiek euren liburuetan sortzen zituzten atmosferekin nahastea. Konturatzen nintzen haiek idatzitako gauza asko nik topatzen nituela Tangerren, eta alderantziz; batzuetan argazkiak ateratzen nituen, eta gero argazki horiek ikusten nituen liburuetan. Halako mundu paralelo batean sartu nintzen.

Zertara zihoazen idazleak Tangerrera XX. mende hasieran?

Askatasunaren bila, euren ametsak sortzera... 1923tik aurrera, «nazioarteko hiria» bilakatu zen Tanger, gobernu gabeko hiria. Une hartako potentzien artean zegoen, eta oso egoera berezia sortu zen: sekulako askatasuna zegoen, tolerantzia, baita libertinajea ere.

Kolore ilunak dira nagusi liburuko argazkietan.

Haien eleberrietan galtzaileek kontatzen zituzten istorioak maiz, beti istorio oso gogorrak, edo oso beltzak. Errealitatea nik barruan daukadana adierazteko erabiltzen saiatzen naiz nolabait; nire sentimenduak azaltzeko. Kolore beltza tresna bat da hori adierazteko, eta niri asko gustatzen zait.]]>
<![CDATA[«Bilboko kutsadura isuriak %50 gutxitu nahi ditugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1761/008/001/2017-06-13/bilboko_kutsadura_isuriak_50_gutxitu_nahi_ditugu.htm Tue, 13 Jun 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1761/008/001/2017-06-13/bilboko_kutsadura_isuriak_50_gutxitu_nahi_ditugu.htm
Proposatu dituzuen neurrien artean, autoei bidesari bat ordainaraztea izan da atentzio handiena eman duena.

Oso deigarria izan da, gure testuinguruan halakorik martxan jartzen den lehen aldia litzatekeelako. Kontraste tekniko baten ondorio da, eta ikusi dugun arazo bati konponbide hori proposatu diogu. Horrek ez du esan nahi azkenean ezarriko denik, baina gure helburua da egunero autoan datorren jendea garraiobide publikora igarotzea. Autoetan bakarrik doan %80 horretatik portzentaje garrantzitsu bat garraiobide publikora pasatzen bada, askoz kutsadura txikiagoa izango genuke. Bilbon oso aire kalitate ona dago, baina hobetu egin nahi dugu. Greenpeacerekin akordio bat sinatu genuen iaz; konprometitu ginen 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzera, 2012ko isuriak oinarri hartuta. Bilboko isuriak %50 gutxitu nahi ditugu.

Pentsatu duzue bidesari hori zenbatekoa izango litzatekeen?

Neurria baino gehiago, proposamena da. Oraindik ez dugu sakonki aztertu. Ibilbide luzea geratzen da ikusteko neurria egokitu behar ote dugun. Irailera arte, kontraste fase bat izango dugu, herritarrek iritzia ematea nahi dugu; esan diezagutela zer pentsatzen duten, eta ez bakarrik neurri horretaz, baizik eta proposatu ditugun beste 51 neurriez ere.

Gehien kutsatzen duten autoei tasa bat ordainaraztea eztabaidatu duzue?

Egia da hiri batzuek hori egiten dutela, baina, esan dudan moduan, Bilboko airea oso kalitate onekoa da. Egia da hobetzea zaila izango dela; saiatuko gara, baina oraintxe bertan ez dugu pentsatu halako tasak ezartzerik. Horrek ez du esan nahi ez ditugunik neurriak hartuko. Eta bada beste neurri bat oso garrantzitsua dena baina ia konturatu gabe igaro dena: Bilbo 30 izena du. Hiri batzuk saiatzen ari dira gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izan dadin, baina gure inguruan ez dira ausartzen hori egitera. Guk hori oso argi dugu; gainera, neurri horrek jende guztiaren adostasuna dauka; horrekin batera, gehienez 50eko bide alternatiboak ezartzea da ideia.

Gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izateak ez al lituzke arazoak eragingo hiri erdian?

Pedagogia eta kontzientzia politika onarekin egiten bada, zirkulazioa arinduko luke, paradoxa bat iruditu arren; kale lehentasunen eskema ongi ezarri behar da, eta, hortik aurrera, guk egindako ikerketan lortutako datuekin, hiriko zirkulazioa arina izango litzateke. Gainera, auto pribatuak gutxitzen baditugu —eta hori da helburu nagusia—, auto ilarak desagerraraziko ditugu automatikoki.

Gutxienez 50 pertsona dituzten enpresekin ere hitz egin nahi duzue, langileak bizikletaz joan daitezen lanera.

Gutxi hitz egin da horretaz, eta neurri interesgarrienetako bat iruditzen zait niri. Enpresa horientzat mugikortasun planak ezarri nahi ditugu; hala, lagundu egingo ditugu bizikletaz joatea errazten duten mugikortasun planak antolatzen dituzten enpresak. Dagoeneko badira hala lan egiten duten enpresa batzuk Bilbon. Lehen lekuz kanpoko zerbait bezala ikusten zen, baina orain oso tresna garrantzitsua izan daiteke.

Bidegorri sarea zabaltzea ere jaso duzue zirriborroan.

Jakitun gara bidegorri asko ez daudela elkarri lotuta; krisi garaiak bizi izan ditugu, bidegorrien sarearen hazkundea gelditu behar izan zen... Bilboko gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanda, eta kontuan hartuta 2017rako bizikleta elektrikoa alokatzeko aukera abian egongo dela hiri osoan, uste dugu bizikletan lasai joango garela errepidetik, eta ez espaloitik, debekatuta baitago hortik bizikletan ibiltzea.

Erraza izango da gainerako alderdiekin ados jartzea helburu horien inguruan?

Zoriondu egin behar ditut udaleko gainerako alderdiak, oso eskuzabalak izan direlako gurekin lan egitean. Denek ahalik eta hobekien egin dute. Egia da neurri batzuk eztabaidagarriak izango direla, baina Bilboko alderdiek hiritarren aldarrikapenak entzuten dituzte, eta uste dut irailean mugikortasunaren inguruko akordio handi batera helduko garela denok.

Zein neurriren inguruan sortu dira desadostasun handienak?

Batzuk ez daude ados bidesariarekin; beste batzuek ez dute uste auto pribatuaren sarbidea asko mugatzea ona denik... Desadostasunak gutxi dira, eta aukera asko ditugu mugikortasunaren arloan erabat ados jartzeko. Nik ibilbide hau hasi nuenean, neure buruari ezarri nion helburua izan zen 2019ko hauteskundeetan, agintzen duen alderdiak agintzen duela, mahai gainean diagnostiko bateratu bat izan, eta bere egin dezala.

Biziz Bizi elkarteak salatu du Zabalbide kalean ez dela bidegorririk jarri, nahiz eta udalaren planean hala jasota egon.

Bilboko gehienezko abiadura orduko 30 kilometro izango da, eta jendea bizikletaz joan ahalko da errepidetik. Hori arazo txikienetariko bat da; bidegorriak goratu egin dira; zenbait hiritan bidegorriek talkak eragiten dituzte oinezkoen eta txirrindularien artean, eta oso arriskutsuak ari dira izaten... Nire ustez, garrantzitsuagoa da trafikoa lasaitzen saiatzea.]]>
<![CDATA[400 ahots, liburu bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2039/032/001/2017-06-09/400_ahots_liburu_bat.htm Fri, 09 Jun 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/2039/032/001/2017-06-09/400_ahots_liburu_bat.htm %100 basque liburua irakurtzea. 8:00etan hasi eta 19:00ak arte, Arriaga plazatik igarotzen ziren guztiek ikusi zuten bertan jarritako pantaila erraldoia, eta, bertan, etengabe aldatzen zihoazen irakurle eta hizlariak. Pertsona ezagunekin batera, Bilbo Zaharra euskaltegiko 200 bat ikaslek ere parte hartu zuten. Hamargarren urtea izan da aurten Klasikoen Irakurketa Jarraitua egin dutela, euskaraz idatzitako klasikoak gogoratzeko eta euskarari omenaldia egiteko.

Aurten irakurritako testuak, baina, aurreko urteetakoek baino zailtasun handiagoa izan du askorentzat, batik bat iparraldeko euskalkian idatzita dagoelako. Hori dela eta, sakelako aplikazio bat sortu dute, hiztegi arruntetan aurki ezin zitezkeen liburuko hitzak barne hartuta. «Bordarekin batera lan egin dugu, eta horri esker lexiko aldetik zeuden zailtasunak gainditu ditugu», azaldu du Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle Jon Maguregik. Horrez gain, nabarmendu du irakurriko duten liburuaren inguruko hausnarketa egiten dutela urtero euskaltegian. Ipar Euskal Herria eta euskalkien mundua eta emakumezko idazleak landu dituzte aurten. Pozik zegoen Maguregi jendearen erantzunarekin. «Gutxik egiten dute piper; jendea zintzo jokatzen ari da. Irakurle bakoitza bi minutuz aritzen da».

Esaldien ordena ere arazotsua izan dela esan du Maguregik. «Horrek zailtasun bat ematen du, baina ikasleak ekinean ari dira dena prestatzen, eta sekulako lana egiten ari dira». Zuzenean irakurtzeaz gain, noizbehinka mundu osoko pertsonek irakurtzen zituzten pasarteak ere tartekatu zituzten, bideoetan.

EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletako ikasleak eguerdian aritu ziren euren pasarteak irakurtzen. Rosa Laforgaren iritziz, testua «zaila» izan da, baina laguntzarekin lortu du dena ulertzea. «Egun hauetan egin ditugun saioez gain, etxean ere aritu naiz altuan irakurtzen eta nire ahotsa grabatzen. Ahalik eta ondoen egin nahi dut, azken finean», esan du. Berak iazko irakurketan ere parte hartu zuen.

Borda bera ere egun osoan egon zen irakurleak entzuten, eta berak irakurri zituen liburuko lehen eta azken pasarteak. «Oso laster pasatzen ari zait. Bakoitzak bere nortasunetik, gaitasunetik eta sentimenduetatik irakurri du bere pasartea», azaldu zuen; horregatik, oso «hunkigarria» iruditu zitzaion. Ez du argi izan liburua irakurtzea egokiena izango zenik: «Hasieran zalantzak nituen liburuaren aukeraketarekin, baina azkenean konturatu naiz aukera ona izan dela».]]>
<![CDATA[«Giro lagunkoia dago sukaldaritzan orain»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2017-06-02/giro_lagunkoia_dago_sukaldaritzan_orain.htm Fri, 02 Jun 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2017-06-02/giro_lagunkoia_dago_sukaldaritzan_orain.htm
Hainbat jatetxetan egin duzu ibilbidea: El Bulli, Mas Pau, orain Restaurant Castell de Peralada... Argi zenuen txikitatik sukaldari izan nahi zenuela?

Umea nintzela, amari laguntzen nion sukaldean; grazia handia egiten zidan, adibidez, tortilla bat egiterakoan arrautza irabiatzeak, eta beti eskatzen nion neuk egiteko. Gero, 14 urte nituenean, udako kanpalekuetara joaten nintzen beste lagun batzuekin, sukaldari gisa.

Horren ondoren, sukaldaritza ikasketarik egin al zenuen?

Ez. Gero animazio antzerkia eta txotxongiloak egiten egon nintzen. Modako estanpatuen diseinua egiten ere ibili nintzen, eta zinemagintza arloko zuzenbidea ere landu nuen.

Hainbat arlotan mugitu zara, orduan.

Bai, baina guztiek zuten zerbait komunean: eskuak erabiltzea, eskuekin lan egitea, eta nik neuk ekarpenak egiten nituen lanak izatea. Horregatik ere jarraitu nuen sukaldaritzaren munduan, zorionez tokiak aurkitu nituelako lan egiteko, eta nire ekarpenak baliagarriak zirelako. Nire bidea topatu nuen.

Zer aldaketa nagusi ikusi dituzu egungo sukaldaritzan?

Lehen, toki batera iritsi, eta chefei berorika egiten zitzaien, ia-ia burua makurtuta. Orain, giroa lasaiagoa da, lagunkoia, eta nik uste dut hori ere islatu egiten dela sukaldaritzan orain egiten denarekin. Komunikazio handiagoa dago jatetxeetako langileen artean, sukaldarien artean oro har, eta horrek gure mundua haztea eragiten du, askotariko eragin eta ekarpenei esker.

Zer dakarkizu gogora El Bulli jatetxeko etapak?

Oroitzapen ederrak ditut. Denok ginen gazteak, ikasteko giro aproposa zegoen, ikertzeko... Lankideak bainoago, ia familia bat ginen; zorionez edo zoritxarrez, gure jatetxea mundutik urrunduta zegoen, kala batean. Orain bada errepide bat, baina lehen ez. Garai askotan, ez genuen ia lanik egiten; neguan, adibidez. Asteburuan bete egiten zen, baina aste barruan ez. Egun horietan, produktu bat hartu eta landu egiten genuen. Era berean, egun jakin batzuetan bidaiak egiten genituen, Frantziako jatetxeetara, esaterako. Garai aproposa izan zen gauza berriak ikasteko.

Eta norengandik ikasi zenuen gehien?

Mundu guztiak irakats diezazuke zerbait. Nahiz eta egin behar ez duzuna izan [barre egin du], ikasi egingo duzu. Hori sarri esaten diet eskoletatik irten eta nirekin lan egitera datozen gazteei; haiek El Celler de Can Rocara joan nahi dute, Mugaritzera... Hedabideetan azaltzen direnetara. Baina taberna batera joan zaitezke, edozein tokitara, beti baitago ikasteko zerbait. Ni neu ikasten hasi nintzen jatetxean lau ginen sukaldean, eta 120 platereko karta bat zegoen. Agian ez nuen nitrogenoa lantzen ikasi, edo ez nuen kabiarra ikusi, baina beste produktu batzuk ikusi nituen.

Nitrogenoa aipatu duzu. Teknologia berrien oso zalea zara sukaldaritzan aritzeko?

Lagungarriak dira, eta atsegin ditut, baina ongi aplikatu behar dira. Nik dosifikatu egiten dut teknologien erabilera. Laguntzen dute, eta negozio askorentzat salbazioa dira, baina ez da filosofoen harria.

Zenbat denbora ematen duzu plater berriak sortzen?

Nahi baino gutxiago. Eta horretarako bakarrik talde sortzaile bat izatea oso garestia da. Dena den, guk urtarril eta otsailean ixten dugu, eta zabaldu aurretik hamabost egunez biltzen gara. Beste leku batzuetan ikusi duguna komentatzen dugu, zer pentsatu dugun...

Noizbait gogorik izan duzu lanbidez aldatzeko?

Askotan, askotan! [barreak]. Etengabe planteatzen diot neure buruari ideia hori, baina ez ordutegiengatik, baizik eta jakintza arlo gehiagotara heltzeko. Arazoa da azkenean beti heltzen naizela ondorio berera: aukeratuko nituzkeen gauzek zerikusia dute sukaldaritzarekin ere; beraz, oraintxe bertan lanean nabilela ikusi eta landu ditzakedan kontuak izaten dira.]]>
<![CDATA[Jazz doinuak, elkarren segidan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1770/028/001/2017-06-01/jazz_doinuak_elkarren_segidan.htm Thu, 01 Jun 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1770/028/001/2017-06-01/jazz_doinuak_elkarren_segidan.htm

GETXO JAZZ 41. JAIALDIA

41. Getxo Jazz jaialdiak bere betiko ezaugarriak izango ditu, jaialdiko zuzendari Iñaki Saituaren hitzetan: «Kalitatea, aniztasuna eta gazteriari laguntza ematea». Hala, duela 30 urte egiten hasi ziren talde lehiaketan hamasei herrialdetako 60 banda inguruk parte hartu dute, eta lau hautatuak Getxon arituko dira, artista handien talde gonbidatu gisa. Hauek dira lau taldeak: Adam Jarzmik Quintet (Polonia), Sun-Mi Hong Quintet (Hego Korea-Italia-Erresuma Batua), Malstrom (Alemania) eta Claudio Jr. De Rosa Quartet (Italia-Grezia-Lituania-Espainia).

Dianne Reeves kantari estatubatuarra eta Chucho Valdes piano jotzaile kubatarra izango dira Getxoko jazzaldiko izen handienetakoak. Reevesek bost Grammy sari irabaziak ditu, eta uztailaren 1ean igoko da oholtza gainera. Valdesentzat ez da lehen aldia izango Getxon, 2006. eta 2011. urteetan ere han izan baitzen. Ordaindu beharreko kontzertuek 10 eta 25 euro inguru balioko dute, eta abonamenduek, 70 euro. Ohi bezala, emanaldi horiek Biotz Alai plazan izango dira, eta doakoak, berriz, Algortako Geltokia plazan. Bertan ariko da ekainaren 30ean 2016ko talde lehiaketako irabazlea: Daahoud Salim Quintet (Espainia-Alemania-Hego Korea).

Era berean, ekainaren 29tik uztailaren 1era hainbat jam session egingo dituzte Algortako The Piper's Irish Puben, Cuarteto y Taca taldearekin, eta Jose Hornaren argazki erakusketa egongo da Algortako Torrene aretoan.

GASTEIZKO 41. JAZZALDIA

Getxoko jaialdia bukatu eta bederatzi egunera izango da Gasteizkoaren txanda. Lehen eguna, uztailaren 11, gospel gaua izango da, ohi bezala, eta Chicagoko (AEB) The Brown Sisters taldea arituko da, «agian munduko gospel talderik onena», Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiko zuzendariaren arabera. Aurten 100 urte beteko lituzke Ella Fitzgerald jazz abeslari handiak, eta hari omenaldia egingo dio Patti Austin abeslariak, For Ella izeneko emanaldian. Fitzgeraldek berak Gasteizen abestu zuen birritan, duela hogei urte baino gehiago.

Ruben Blades musikari panamarra ere taularatuko da uztailaren 15ean. Musika utzi, eta politikan bakarrik arituko da aurrerantzean, eta bere azken biraren lehen kontzertua egingo du Gasteizen. Añuak azaldu duenez, kantariak berari deitu zion zuzenean, Jazzaldian abestea proposatzeko. Egun berean, zazpi emakumez osatutako Woman to Woman taldea ere arituko da.

Mendizorrotzako kiroldegiaren eta Principal antzokiaren artean banatuko dituzte kontzertuak; 15 eta 30 euro bitartean ordaindu beharko dira sarrerak, eta abonamenduak, berriz, 100 euro balioko du.

DONOSTIAKO 52. JAZZALDIA

140 kontzertu, sei egunetan. Hori izango da Donostiako 52. Jazzaldiak izango duen eskaintza zabala. Kamasi Washington eta Wayne Shorter musikari estatubatuarrak, herrialde bereko Herbie Hancock piano jotzailea eta Bryan Ferry kantari ingelesa —bigarrenez Donostian— izango dira erakargarri nabarmenenak. Horrez gain, doan ikusi ahalko da The Pretenders rock talde estatubatuar-ingelesa, Jazz Band Ball atalaren barnean.

Artista handien kontzertuak Trinitate Plazan edo Kursaal auditoriumean izango dira. San Telmo museoan hildako zenbait artista handi omenduko dituzte, haien jaiotzaren edo heriotzaren mendeurrenak aurten betetzen direla eta. Gasteizen egin bezala, Ella Fitzgerald gogoan izango dute Donostian ere, Deborah Carterren boskoteak omenaldia egingo baitio uztailaren 21ean. Dizzy Gillespie tronpetistaren jaiotzaren mendeurrena eta John Coltrane saxofoi jotzailearen heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko kontzertuak ere izango dira.

Iaz 175.000 bisitari izan zituen Donostiako 51. Jazzaldiak, horietatik %15 atzerritik iritsitakoak. ]]>
<![CDATA[Euskal musikan hiru hamarkada atzera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2091/031/001/2017-05-31/euskal_musikan_hiru_hamarkada_atzera.htm Wed, 31 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/2091/031/001/2017-05-31/euskal_musikan_hiru_hamarkada_atzera.htm Anje Duhalde vs Errobi eta Igelaren Banda vs Izukaitz. Alegia, bi taldeen abestiak zuzenean entzun ahalko dira, taldeetako protagonistetako batzuk izandakoen eskutik. Izan ere, Duhalde Errobi taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Igelaren Banda taldeko Bixente Martinez musikaria Izukaitzen ibilitakoa da. Biak euren egungo taldekideekin batera arituko dira.

Artista ezagunen bertsioak egingo dituzten taldeak biltzen ditu dagoeneko hainbat urtez Bilbon egin duten Izar & Star zikloak. Horrez gain, parte hartzen duten taldeek euren abestiak ere jotzea izaten da helburua. «Normalean» atzerriko artisten abestien bertsioak egiten dituztela-eta, harrituta agertu da Martinez. «Parte hartzea proposatu zigutenean, baietz esan genien; ideia polita iruditu zitzaigun, eta gerora esan ziguten Izukaitz taldearen bertsioak egin genitzakeela. Sorpresa handia izan da niretzat», adierazi du. Martinez 1970eko hamarkadaren amaieran batu zen Izukaitz taldera, Oskorrin ibili ondoren. 1981ean taldea behin betiko desegin zenean, Oskorrira bueltatu zen berriz ere, eta geroztik Hiru Truku eta Igelaren Banda taldeetan ere ibili izan da. Azken horrekin dabil orain 1998az geroztik, Hasier Oleaga bateria jotzailearekin eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu jotzailearekin batera. Jazz estiloa jorratzen du taldeak, eta gitarra jotzeaz arduratzen da Martinez.

Musikariak azaldu duenez, Izukaitzen bi diskoetako abestiak bilduko ditu emanaldiak. «Garai hartako moldaketa batzuk alde batera utzita, doinuen muinera joaten saiatu gara». Izukaitzen diskoak entzuten ibili ziren lehenik, eta «zerbait» egiteko bidea ikusi zuten. «Guk musika instrumentala egiten dugu, jazz espirituarekin eta inprobisazioarekin nolabait, eta gure bertsioak egiteko abesti egokienak aukeratu genituen», azaldu du Martinezek. Hala, zerbait «berezia eta polita» atera dela uste du, nahiz eta «zaila» iruditzen zaion musika hitzez deskribatzea. «Oso ilusionatuta gaude; nire ustez, Igelaren Bandaren freskotasuna eskertu egiten da, eta espero dugu Kafe Antzokian ere hala izatea».

Duhalde ez dago horren konbentzituta. «Egia esateko, nik ez nuen hain argi ikusten kontzertu hau ematea, baina sentimenduei kasu egin, eta harrapatu egin ninduten», azaldu du. 1973an, Errobi taldea sortu zuen Mixel Ducaurekin batera: lehen euskal rock taldea. Bihar, egungo taldekideekin arituko da oholtzan, talde horren abesti batzuk jotzeko; Txomin Duhalde, Iñigo Telletxea eta Remy Gachisekin, alegia. «Zerbait sinplea egin nahi dugu, pretentsiorik gabeko zerbait, eta Kafe Antzokia leku egokia izan daiteke», adierazi du kantariak. Ez dela inondik ere Errobiren «itzulera» bat izango nabarmendu du. «Ez zait asko gustatzen taldeak berriz ere elkartzea... Baina berezia izango da».

Rock progresibo euskalduna oroitzeko gaua izango da, azken batean.]]>
<![CDATA[EAJ-PP akordioak zerbitzu publikoak "ahultzen" dituela salatu du LABek]]> https://www.berria.eus/albisteak/134945/eaj_pp_akordioak_zerbitzu_publikoak_ahultzen_dituela_salatu_du_labek.htm Fri, 19 May 2017 14:26:36 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/albisteak/134945/eaj_pp_akordioak_zerbitzu_publikoak_ahultzen_dituela_salatu_du_labek.htm <![CDATA[«Euskadiko sukaldaritza aitzindaria da Europan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-05-19/euskadiko_sukaldaritza_aitzindaria_da_europan.htm Fri, 19 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-05-19/euskadiko_sukaldaritza_aitzindaria_da_europan.htm Basquery du izena Aitor Elizegik (Bilbo, 1966) duela hilabete abiatu duen proiektuak. Lokalean bertan egindako garagardoa zerbitzatzen duen Bilboko lehen jatetxea da. Bizkaiko hainbat jatetxe ere kudeatzen ditu Elizegik. Horrez gain, martxoan Bilbao Dendak-eko presidente izendatu zuten. Atzo, Bilboko Azkuna zentroan izan zen, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako Bilbo, Euskal Gastronomiaren bihotz eta sukaldaritza. Apeu turistikoa mahai inguruan.

Sukaldaria, enpresaria, eta, orain, Bilbao Dendak-eko presidentea zara.

Elkarren ondorioak dira hirurak. Lehena da garrantzitsuena. Sukaldean aritzeko eta, batez ere, jendeari harrera egiteko, bere buruari bere espazio propioak sortzea proposatu zion sukaldari bat, alegia. Sustatu, marraztu, eta nire gastronomia espazio propioak izateko ilusioarengatik, enpresari hitza ere azaldu da, baina nik nahiago dut ekintzaile hitza. Baina pozik eta gustura nago, eta gustatzen zait mahai gainean proiektu berriak jartzea.

Gaminiz izan zen zure lehen jatetxea, Plentzian, baina denborarekin askoz gehiago ere ireki dituzu.

Sua, Baita Gaminiz, Panko, Bascook, Txocook, Basquery... sortu genituen, eta baita pare bat proiektu ere Berlin eta New Yorken. Basquery duela hilabete ireki dugu; lankide batzuentzako enkarguzko proiektu bat da, euren lanbidean aurrera egin dezaten partekatutako espazio bat. Pixka bat urruti geunden egunerokotasunetik, gazteengandik, eta ideia sinplea zen: ogitarteko saltoki moduko bat, etxeko garagardoa edateko aukerarekin.

Azken 20-30 urteetan nola aldatu da euskal sukaldaritza?

Zorte handia izan dugu 1960ko hamarkadara genuen herentziarekin heltzeagatik, eta horri formakuntza gehitu zaio, sektoreko ostalaritza eskolek dakarten jauzi kualitatiboarekin. Nik uste dut beldurrik gabe esan dezakegula hemengo sukaldaritza aitzindaria dela Europan; horrek esan nahi du munduan ere hala dela.

Zer erronka dakartza Bilbao Dendak-eko presidente izateak?

Lehena ikastea izango da. Bigarrena lan mahaian sortu da: argi ikusten dugu herrialdeko proiektua zein den: balioak dituen herrialde bat, jasangarria dena. Euskal kulturaren aldeko proiektu bat izan behar du, eta gastronomiaren aldeko beste proiektu bat izango da; hori guztiok adostu dugun apustuetariko bat da. Hausnarketa egin behar dugu, zein erakusleiho eskaintzen dizkiegun, lehenik, etxeko eta auzokoei, eta, gero, turismoak eskaintzen digun aukerari.

Zein egoeratan dago orain Bilboko merkataritza?

Azken zortzi urteak oso gogorrak izan dira. Krisiari Interneteko salmenten lehia batu zitzaion, atari berriak, plataforma berriak... eta zaila da azkar erreakzionatzea.]]>
<![CDATA[Medikuen oniritziaren menpe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2017-05-18/medikuen_oniritziaren_menpe.htm Thu, 18 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2017-05-18/medikuen_oniritziaren_menpe.htm Top model hark 45 kiloko pisua zuen, eta 1,80 metro garai zen. Emakumezko hura «gosetean» bezala zegoela adierazi zien parlamentariei Veranek, baina bere agentziak zoriondu egin zuela pisua galtzeagatik. Kasu horrek eztabaida piztu zuen herrialdean, eta erabakiak hartzera bultzatu zituen agintariak. Azkenean, bi urte geroago, heldu dira neurriak. Maiatzaren 5eko aldizkari ofizialean, bi neurri argitaratu dituzte. Alde batetik, derrigorrezkoa izango da editatuta dauden moda munduko argazkietan jatorrizkoak ez direla adieraztea. Neurri hori urriaren 1etik aurrera egongo da martxan. Bigarren neurria indarrean da jada: pasareletako modelo guztiek egiaztatu beharko dute gorputz masaren indize (GMI) egokia dutela, mediku baten ziurtagiria aurkeztuta. Herrialde garatuetan gero eta maizago gertatzen diren anorexia kasuak saihesteko jarri dituzte martxan neurriok; nagusiki, emakumeei eragiten dien arazoa izaten da. Euskal Herriko modelo agentzietan, oro har, ontzat jo dute albistea, baina ez dute uste Euskal Herrian halako neurriak beharrezkoak direnik.

«Hemen, modeloek ez dute argal egoteko hainbesteko presiorik, ez direlako horretaz bizi», esan du Iñigo Olasagasti Donostiako First Models agentziako zuzendariak. Haren arabera, Euskal Herriko moda mundua mugatuagoa egoteak eragina dauka modeloek eduki beharreko ezaugarrietan. «Modelo izatetik bizi nahi dutenek kanpora joan behar izaten dute, gure kalterako, hemen ez baitago horrelako azpiegiturarik», azaldu du. Madril eta Bartzelonako pasareletan «aspaldi» hartu zuten modeloak pisatzeko erabakia, Olasagastik gogoratu duenez; baina ez dago erabat ziur beti hala egiten duten. «Nik Madrilgo pasareletan ikusi dudanagatik, modeloak Parisen bezain argalak daudela esango nuke».

Emakumezko modeloak aipatu ditu hark nagusiki. Aitortu du argal egotea garrantzitsua dela modelo izateko, baina arloaren arabera hori aldatu egiten dela: «Publizitate arloko modeloentzat, 38ko neurria primeran dago». Hori da, adibidez, telebistako iragarkietan askotariko produktuak iragartzen azaltzen direnen kasua. Argal egoteagatik arazoak izan dituzten neskak ezagutu ditu, baina arazoak bere agentziara heldu aurretik izaten dituztela nabarmendu du. «Guk nutrizioaren inguruan hitz egiten diegu, modelo batek ongi elikatuta egon behar baitu, eta egia da beren burua asko zaindu behar dutela». Hala, bereziki koipe gutxi duten elikagaiak jan behar dituztela adierazi du, baina, gainerakoan, ohi bezala egunean bost otordu egin behar dituztela. «Neska askok genetika hori dute, oso argalak dira, eta asko jaten dute, baina beste batzuek, berriz, argal mantentzeko benetako erokeriak egiten dituzte», aitortu du. Dena den, agentzietara modelo izateko nahian doazen gehienak berez argalak direla azaldu du; hortaz, gutxiengoa dira argal egoteko direnak eta ez direnak egin behar dituztenak.

GMIa ez da beti «nahikoa»

GMIa pertsonen egoera nutrizionala ezartzeko erabiltzen da, eta bi datu hartzen ditu kalkulua egiteko: norberaren pisua eta altuera. Pisua (kilogramotan) hartu behar da, eta zifra hori norberaren altuera (metrotan) ber bi eginda ateratzen den zenbakiarekin zatitu. Emaitza 25 eta 18,5 artekoa bada, horrek adieraziko luke pertsona hori osasuntsu dagoela; 25etik gorakoa bada, gehiegizko pisuaren seinale litzateke, eta 18,5etik beherakoa balitz, berriz, gehiegizko argaltasunarena.

«Modeloei gorputz masaren indizea neurtzea ondo dago, baina gorputz osaera aztertzea ere garrantzitsua da». Bittor Rodriguez nutrizionista eta EHUko irakaslearen arabera, indize hori ez da nutrizionistentzako adierazlerik onena, nahiz eta modeloentzako egokia izan daitekeen. «Zure altuerarako zein pisu duzun da neurtzen duena, baina horrek arazo bat planteatzen du: kulturista batek, adibidez, gorputz masaren indize oso altua izango luke, baina ez dauka obesitaterik». Horregatik, nutrizionistek GMIa kalkulatzearekin batera, gorputzaren osaera ere neurtzea nahiago izaten dute. «Hala, zenbat gantz duzun ere jakingo dugu; gehiegi edo gutxiegi pisatzen duzun, eta zergatik den horrela».

Rodriguezek azaldu duenez, Gasteizen egindako ikerketa batean ikusi zuten GMIa kalkulatzea ez dela beti nahikoa. «Neska gazte batzuen kasuan, ikusi genuen askok bazutela indize egokia, alegia, egokia zela beren pisua haien altuerarako, baina gantz gehiegi zeukaten, eta gihar gutxiegi». Hori obesitatearen antzeko egoera bat dela azaldu du, eta ez litzateke GMI soila kalkulatuta antzemango: gorputz osaeraren neurketa batekin egin beharko litzateke.

Modeloen kasuan, baina, GMIa kalkulatzea ongi ikusten du Rodriguezek. «Gizartearen edo gazteen eredu diren horientzako egokia izan daiteke, indizea behetik egotea adierazgarria delako, baina helburu medikoekin egitea gehiago hausnartu beharko litzateke». 18,5etik beherako indizea edukitzeak hainbat arazo ekar ditzakeela ohartarazi du, modaren munduan joera arriskutsu bat sortzeaz gain. «Pertsona hori desnutrizio egoeran egongo litzateke: gantz gutxiegi izango luke». Emakumeen kasuan bereziki, gantz gutxiegi edukitzeak amenorrea eragiten duela azaldu du, alegia, hilekoa galtzea. Halako kasuak kirolarien artean ikusten direla esan du Rodriguezek, emakumeak oso argal daudenean. «Gorputzaren defentsa bat da hori; emakumeak ez dauka ume bat izateko beste gantzik. Egoera hori saihesteko azaltzen da amenorrea».

Emakumeei bakarrik eragiten dien arazo horrez gain, nutriente gabeziaren adierazle ere izan daiteke GMI baxua. Proteinak eta bitaminak maila baxuan leudeke, eta horrek gihar ahultasuna dakar, Rodriguezen hitzetan. «Oro har, immunitate sistema ahul egongo litzateke, eta horrek gaixotasunak pairatzeko arriskua handituko luke». Eta mineral gabeziak ere azpimarratu ditu: «Burdin maila baxuak izateak anemiak eragin ditzake».

Frantziako Gobernuak hartu dituen neurrien antzekoak ere aurretik hartu izan dituzte mundu osoko herrialde batzuetan; tartean, Belgika, Txile eta Italia. Espainiako Gobernuak halako zerbait proposatuko balu, bere babesa adieraziko lioketela esan du Andre Donati SF40 Bilboko agentziako arduradunak. «Baliteke Parisen eta Frantzian, oro har, aurreratuago egotea, eta ez legoke gaizki hemen ere halako neurriak hartzea».

34-36 neurriak, ohikoenak

Donatik azaldu duenez, SF 40 agentzian ez diote modeloen pisuari «oso zorrotz» erreparatzen: «Neskei ez diegu presiorik egiten; beti esaten diegu haiek erabaki behar dutela nolakoak izan nahi duten». Hala eta guztiz ere, onartu du argal egoteak lan gehiago izateko aukera ematen diela modeloei, agentziara jotzen duten bezeroek neska argalak nahi izaten dituztelako. «34-36 dira gehien eskatzen dituzten neurriak».

Neurriaz gain, modeloen garaiera da agentziek kontuan hartzen dutena modeloak lan batera edo bestera bideratzeko. «Publizitate arloko modeloak baxuagoak izan daitezke; guregana 1,60 metroko altuera duen neska bat etortzen bada modelo izan nahi duela esanez, argazkilaritzarantz bideratuko dugu, eta ez pasareletara».

Egon badira azkenaldian ezagun egiten ari diren curvy modeloak, 42tik aurrerako neurrikoak, baina gutxiengoa dira. «Bezeroak eskatzen ez badu, ez dugu curvy modeloentzako hautaprobarik egiten, gero ez dutelako lanik izango», argitu du Donatik. Olasagastik ere ez du uste modelo curvy-ak izateko joerarik dagoenik Euskal Herrian. «Alemania eta beste herrialde batzuetan badira batzuk, eta, gainera, asko kobratzen dute, gutxi izaten direlako. Horrez gain, curvy modeloentzat zailagoak izaten dira bete beharreko baldintzak».

Azken urteetan emakumezko eta gizonezko modeloen irudia «berdindu» egin dela uste du Olasagastik. «Duela 15 urte inguru, gizonek indartsuak izan behar zuten, eta giharrak nabaritu behar zitzaizkien. Orain, berriz, emakumeak bezalakoak izan behar dute: hanka luzekoak, gerri estuak...». Horregatik dio gaur egun paretsuak direla gizonei eta emakumeei modelo izateko eskatzen zaizkien baldintzak. ]]>
<![CDATA[Musikan bidea eginez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1817/038/001/2017-05-12/musikan_bidea_eginez.htm Fri, 12 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1817/038/001/2017-05-12/musikan_bidea_eginez.htm  

PAULINE & JULIETTE

Musikariak

«Gure sorkuntzak egiten hasi gara, eta disko bat grabatuko dugu»

Bi urtean oso ezagun egin dira Euskal Herriko zein atzerriko abesti ezagunak abesten dituzten bi lapurtarrak. 2014ko abenduan elkartu ziren Juliette Alfonso eta Pauline Juncket, Kanboko (Lapurdi) kantaldi batean. 18 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren, eta hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko, Iparraldean batik bat. «Oraingoz, abesti ezagunen bertsioak bakarrik egiten ditugu, baina hasiak gara geuk sortuak ere egiten», azaldu du Juncketek. Izan ere, aurtengo negurako, lehen diskoa grabatzeko proiektua hasia dute, eta abesti ezagunen bertsioak zein abesti berriak sartu nahi dituzte.

Kantatzeaz gain, gitarra joz egiten dituzte atsegin dituzten abestien bertsioak ere, eta Juncketek harmonika ere jotzen du. Beren Youtubeko kanalean Ken Zazpi taldearen Ilargia, Simon&Garfunkelen The Sound of Silence kantatzen azaltzen dira, besteak beste. Hala, euskaraz, ingelesez eta frantsesez dituzte abestiak, baina euskaraz nagusiki. Hilero hiruzpalau kontzertu ematen dituzte orain, eta uda honetarako dagoeneko hogei kontzertu inguru dituzte lotuta. Baionako bestak izango dira geralekuetako bat.

Duela bi urte eta erdi hasi ziren elkarrekin abesten, baina aurretik ibiliak ziren beren kontura gitarra jotzen. 14 urterekin gitarra ikastaroetara joaten hasi ziren, eta gero kantu eskolak ere izan dituzte Patrice Dumora Watson-ekin, Akelarre musika taldeko azken kantariarekin. Bikote gisa abesten hasi zirenetik, birritan izan dira Kalakan taldeak jo aurreko talde gonbidatu gisa; halako aukerak beren burua ezagutarazteko oso «lagungarriak» direla uste du Juncketek.

Azterketak edo lana gorabehera, astero elkartzen dira entseguetarako; Juncket Kanbokoa da, eta Alfonso, berriz, Itsasun bizi da; hortaz, ez daukate elkar ikusteko arazorik. Juncketen etxean elkartzen dira normalean, horretarako prest duten areto batean. Kontzertu gehienak ere hor inguruan ematen dituzte. «Hasieran, Hegoaldean ibiltzen ginen, baina orain Iparraldeko herrietako bestetan aritzen gara nagusiki», argitu du Juncketek.

Nahiz eta beren ibilbidea oso luzea ez izan, hasieratik hona aldatu egin dira, Juncketen hitzetan. «Kontzertuetara datorren jendeak ere hori esaten digu». Beren ahotsak berdinak ez direla eta, diskorako zer egin nahi duten ongi pentsatu behar dute. Hasieran ez zitzaien burutik pasatu ere egin disko bat grabatzea, «baina jendeak eskatu egin digu; asko gustatzen zaizkiela-eta gure ahotsak eta abestiak». Publikoari kasu egingo diote, beraz, eta eskaera horri erantzungo diote, beren buruari erronka bat jartzeaz gain.

Oraingoz, hilabete honetarako badituzte zenbait kontzertu programatuta. Bihar, Parisko euskal etxean izango dira, eta, igandean, ohi bezala Senperen izango den Herri Urratsen (Lapurdi). Hilaren 27an, berriz, Hazparnen (Lapurdi) abestuko dute, Akelarre taldeak joko duen kontzertuaren aurretik.  

TWIN MELODY

Abeslariak

«Noizbait abeslari profesionalak izatea da gure ametsa»

Go!azen! ETBko programa musikalari esker, Euskal Herriko gaztetxoen artean oso ezagun bihurtu dira Ordiziako (Gipuzkoa) Aitana eta Paula Etxeberria bikiak, baina aurretik ere mundu osoan ikusten ahal ziren Internetenez. Izan ere, beren ibilbidea Youtube sare sozialean hasi zuten, 14 urte zituztela. 20 beteko dituzte aurten, eta hasieran egiten zuten gauza bera egiten dute oraindik ere: hilean behin, gutxi gorabehera, egungo kanta ezagun bat abesten azaltzen diren bideo bat igotzen dute Youtubera. Arrakasta handia lortu dute horrela: milioika ikustaldi izaten dituzte beren bideoek, eta ia 700.000 harpidedun lortu dituzte jada. Disko bat grabatzea izango da hurrena.

Abeslariak izateko grina pelikula musikal batek piztu zien. «Han agertzen ziren abestiek asko inspiratu gintuzten gure kabuz abesten hasteko. Lehenik eta behin, etxean entseatzen hasi ginen», azaldu dute. Youtuben jende askok bideoak argitaratzen zituela ikusi zuten, hortaz, hortik hastea erabaki zuten, «proba egiteko». Geroztik, 50 bideotik gora argitaratu dituzte; gehienetan, modan dauden ingelesezko abestiak abesten azaltzen dira, haiek atsegin dituztenak.

Hilean behin, bideo bat argitaratzen saiatzen dira; betiere, unibertsitatean dituzten azterketen arabera. Sare sozialei esker, etengabeko harremanean daude jarraitzaileekin, eta zein abesti kantatu erabakitzeko ere haiengana jotzen dute noizbehinka. Azaldu dutenez, AEB, Mexiko, Alemania, Frantzia eta Indiako jarraitzaileak dituzte; abestiaren arabera, aldatu egiten da nongo biztanleek ikusten dizkieten bideoak.

Interneten egoteaz gain, kontzertuak ere egin dituzte Euskal Herrian. Azken hiru hilabeteetan Go!azen-ekin 60 bat ikuskizunetan parte hartzeaz gain, beren kabuz ere aritu izan dira. «15 urte inguru genituenean, hainbat herritara joaten ginen: Barakaldo eta Zornotzara [Bizkaia], adibidez».

Kontatu dutenez, beren ibilbideko «abagune garrantzitsuenetariko» bat Alejandro Sanzen kontzertu bateko hasierako abeslari izatea izan zen; telebistako programa bat irabaztearen saria izan zen hori. Uda honetan, Go!azen-eko bigarren denboraldia grabatzen ibiliko dira, baina hori ez da epe laburrera duten proiektu bakarra: Sony diskografiarekin kontratu bat sinatu dute berriki, eta, udan abesti bat grabatu ondoren, diskoa aterako dute. Beren nahiak betetzeko lehen pausoa izan liteke: «Noizbait abeslari profesionalak izatea da gure ametsa».  

ALTXATU

Musika taldea

«14 urterekin, ez dakizu nola funtzionatzen duen musikaren munduak»

Musika taldeen «ibilbide naturala» egin dutela uste du Ibai Osinagak, Altxatu taldeko kantari eta gitarra jotzaileak: lehenik, abestien bertsioak jo, eta, gero, beren abestiak konposatu. Iker Ariz eta Julen Abaurrearekin batera, 2010ean Altxatu taldea eratu zuen Irunberrin (Nafarroa). Orduan, 13 eta 14 urte zituzten denek. Geroztik, hiru disko grabatu dituzte, eta dozenaka kontzertu eman. Azken diskoa 2016. urte amaieran atera zuten, eta, orain, diskoa aurkezteko kontzertuak egiten dabiltza.

Kuadrillako lagunak izan dira betidanik hirurak; txikitatik musika tresnak jotzen zituztenez, elkartzen hasi ziren batera jotzeko, eta inguruko herrietatik deitzen hasi ziren. Vendettako gitarra jotzailea ezagutu zuten orduan, eta disko bat grabatu nahiko luketela jakinarazi zioten. Esan eta egin; lehen diskoa beren kabuz grabatu zuten. «Geuk ordaindu genituen kopiak, eta gu arduratu ginen banatzeaz eta saltzeaz», azaldu du Osinagak. Horren ondoren, Gor diskoetxea haiekin harremanetan jarri zen, eta haiekin hasi ziren diskoak argitaratzen.

Orain, 18 eta 19 urte dituzte, eta gauzak onerako aldatu direla nabaritu du Osinagak. «14 urterekin ez genekien nola funtzionatzen duen musikaren munduak, kontzertuetara gurasoek eramaten gintuzten...». Horrez gain, kontzertuak lotzeko orduan ere «arraro» sentitzen zirela onartu du. «Adin horrekin herri bateko festetan jotzeko deitzen dizutenean, ez dakizu ongi baldintzak nola ezarri». Dena den, Gor-ekin lanean hasi zirenean asko hobetu zuten alde horretatik, diskoetxea prest agertu baitzen arlo horretan laguntzeko. «Eta gurasoen babesa ere oso garrantzitsua izan da», nabarmendu du.

Musika eta ikasketak «erraz» uztartzen dituzte. Nahiz eta egun toki desberdinetan ikasten ibili, entseguetarako orduak finkatzeko ongi moldatzen dira, eta dagoeneko hainbat kontzertu lotu dituzte udarako. Altxatu! taldea hiru kidek bakarrik osatzen dutela eta, Osinagak onartu du «ohikoagoa» dela talde handiak ikustea, baina hiru izanik ongi funtzionatzen dutela iruditzen zaio, eta ez dute musikari gehiagoren beharrik.

Osinagak berak konposatzen ditu abestien letrak, gaurkotasuna oinarri hartuta. «Musikari bati entzun diot letrak musikariak bizi duenaren ispilu direla... Nire kasuan ere horrela da, ez dut hitz egiten sentitzen ez dudanaren inguruan», azaldu du. Berri Txarrak nafarrak dituzte erreferentzia, baita Willis Drummond lapurtarrak ere. «Niretzat, oso talde errealak dira, ez dira ezkutatzen, eta hori maite dudan zerbait da».

Euskaraz abesteari ere garrantzitsu deritzo: «Uste dut garrantzitsua dela Nafarroatik euskara erabiltzen dela aldarrikatzea; horrek ibilbide jakin batean sartzen zaitu». Hurrengo kontzertua maiatzaren 20an emango dute, Gardeko Uskararen Egunean (Nafarroa), eta, ekainaren 3an, Etxarri-Aranatzen arituko dira, gaztetxean.     ]]>
<![CDATA[Sordoren ordezkoaren bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1753/011/001/2017-05-09/sordoren_ordezkoaren_bila.htm Tue, 09 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1753/011/001/2017-05-09/sordoren_ordezkoaren_bila.htm Aurrerantz lelopean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 300 ordezkari bilduko dira bi egunetan. Unai Sordo egungo idazkari nagusiak ez du bere burua aurkeztuko, Espainiako CCOOko buruzagitza hartuko baitu uztailean. Haren ondorengoa aukeratzea izango da lan nagusietako bat, hortaz. Maiatzaren 15ean egingo duten kontseilu nagusian zehaztuko dute nortzuk izango diren idazkaritza orokorrerako hautagaiak. Sordok uste du «adostasun zabala» lortuko dutela bertan.

Zuzendaritza berria aukeratzeaz gain, aurrerantzean jarraituko duten «ildo politiko sindikal berria» ere zehaztuko dute Gasteizko biltzarrean. Sordok adierazi zuenez, «laneko prekaritateari» aurre egitea izango da sindikatuak hurrengo lau urteetan jarraituko dituen ildoetako bat. Aldarrikapenetan eta ekintza sindikaletan «erasoari» ekiteko deia ere egin zuen Sordok, azken urteetan soldatak eta gehiengo sozialaren lan baldintzak «kaskartu» direla ikusita. Zuzendaritza berriaren hautaketa «adostasunez» egiteko prozesu demokratikoa bermatuta dagoela ziurtatu du.

Emakume afiliatuek, gora

Mari Cruz Vicente Euskadiko CCOOko Ekintza Sindikaleko arduradunak iragarri zuenez, biltzarrean parte hartuko duten ordezkarien %40 emakumeak izango dira. «Sindikatuan izena emanda dauden emakumeen kopuru bera da hori», azaldu du. Gainera, azken urteetan emakumeen afiliazioak %3 hazi direla ere azpimarratu zuen. Sabino Santolalla Antolakuntza idazkariak uste du horrek CCOO indartzen duela. Sordoren arabera, baliteke idazkari nagusi berria emakumea izatea. «Oraingoz, idazkaritza nagusirako ditugun hautagaien artean, gizonak baino gehiago dira emakumeak».

CCOOk 46.221 afiliatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.305 ordezkari hiru lurralde horietako lantokietan, ordezkaritzaren %18,89. Datu horiek LABekin «berdinketa teknikoa» dutela erakusten dutela eta, Santolalla oso baikor azaldu zen epe laburrera begira, eta adierazi zuen «litekeena» dela LABi aurrea hartuta hiru herrialdeetako bigarren sindikatuaren tokia berreskuratzea «hemendik gutxira».

Azken lau urteetan «sakontasun handiko barne aldaketak» egin dituzte sindikatuan, Sordoren arabera; besteak beste, federazioen kopurua zazpira jaistea eta antolakuntza barruko sektoreak bateratzea. «Sindikatuaren egitura enpresetan izan diren antolakuntza aldaketetara moldatu behar dugu», dei egin zuen. Hori egin ondoren, hurrengo lau urteetarako ildoak zein izango diren ere zehaztu zuen. Besteak beste, adierazi zuen era prekarioan lan egiten duen jendeari sindikatuaren erabilgarritasuna erakutsi behar dietela, eta enpresetan prestakuntza eskaintzeko beharrezko baliabideak jarriko dituztela. «Pedagogia» egiteko gai izan behar dutela ere aldarrikatu zuen, sindikatu soziopolitiko gisa indartu daitezen.

Santolallak emandako datuen arabera, sindikatuaren diru sarreren %80 afiliatuen kuotetatik lortzen dute. Bestalde, nabarmendu du kontuak «onbideratuak eta ikuskatuak» dituztela.]]>
<![CDATA[Sindikalismoak “erasoari” ekin behar diola aldarrikatu du CCOOk]]> https://www.berria.eus/albisteak/134533/sindikalismoak_erasoari_ekin_behar_diola_aldarrikatu_du_ccook.htm Mon, 08 May 2017 08:40:07 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/albisteak/134533/sindikalismoak_erasoari_ekin_behar_diola_aldarrikatu_du_ccook.htm <![CDATA[Barakaldotik mundura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2017-05-06/barakaldotik_mundura.htm Sat, 06 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2017-05-06/barakaldotik_mundura.htm
Ez da beharrezkoa urrutira joatea ezezagunak diren txokoak ezagutzeko; akaso hori erakusteko, Bizkaiko Aldundiaren mahaia zen guztien artean handiena. Atzo eguerdian jendez beteta zegoen, baina ez informazioa eskatzeko jendez, zehazki: taloak doan banatzen ari ziren, eta 60 pertsonatik gora zeuden ilara egiten pazientzia handiz.

Nafarroako Lizarra aldeko erakusmahaian ere jatekoak ematen zebiltzan; pipermin eta olibaz osatutako pintxoak ziren. Bertako arduradun Marian Ganuzaren hitzetan, azkenaldian asko nabaritu dute Lizarra aldera gero eta bizkaitar gehiago joaten direla bisitan. «Lehen, maizago gipuzkoarrak zetozen, baina, orain, bizkaitarrek aurrea hartu diezue». Iazko azokan Nafarroako Gobernuaren mahaiaren barruan izan ziren, baina Ganuzak azaldu du nahiago dutela euren mahaia eduki, bizkaitarrekin «arrakasta handia» baitute.

Nazioarteko azoka izanik, Euskal Herriko eta kanpoko eskaintza dago Expovacacionesen; aurten atzerriko herrialdeen artean daude Kuba, Argentina, Norvegia, Txile eta Maroko. Aurtengo «herrialde gonbidatua» Japonia da, eta euren erakusmahaian askotariko jarduerak egingo dituzte Asiako herrialde horretako kultura ezagutzera emateko. Taeko Ueda arduradunak iragarri duenez, gaur, 11:00etatik aurrera japonierako kaligrafia ikasteko tailerra egingo dute, eta, arratsaldean, te zeremonia bat. Japoniarekiko «interes handia» ikusten du Uedak bisitarien artean. «Gehienak 40 urtetik gorako bikoteak izan arren, gazteek manga eta anime kontuez jakin nahi dute, nahiz eta agian ezin duten orain Japoniaraino bidaiatu».

Mendiko ibilaldien bila

Eukene Larrazabal eta bere amarentzako ez da azokara datozen lehenengo aldia. «Urtero etortzen gara, tradizio bat da, zer eskaintzen duten ikusteko. Aurten mendi ibilaldiak egiteko informazioa bilatu dugu», esan du. Dena den, gero eta erakusmahai «gutxiago» daudela nabarmendu du. Mercedes Fernandez eta Jose Antonio San Miguel barakaldarrek ere antzeko iritzia dute. «Txikia da, atzerriko herrialdeetako mahai gutxi daude». Dena den, bila zetozena lortu dute: aurki Menorcara doaz (Herrialde Katalanak), eta inguru horri buruzko informazioa lortu dute, baita maparen bat ere.

Costa Bravaren erakusmahaian (Herrialde Katalanak) dago Francisca Garcia, eta pozik agertu da bertaratutako bisitariekin. Haren hitzetan, naturarekin zerikusia duten jarduerak interesatzen zaizkio jendeari, «familiarekin batera egitekoak». Mota horretako azoketan larunbatetan joaten da bisitari gehien, haren irudiko; hortaz, gaur jende mordoa egotea espero du. Horrez gain, futbolak asko baldintzatzen duela esan du. «Gurean behintzat, Bartzelonak jokatzen duenean, ez dago zereginik», adierazi du barre artean.]]>
<![CDATA[Otxomaioen hasiera aldarrikatzailea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2091/037/001/2017-05-05/otxomaioen_hasiera_aldarrikatzailea.htm Fri, 05 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/2091/037/001/2017-05-05/otxomaioen_hasiera_aldarrikatzailea.htm
Sorpresa handia izan zen Goikoetxearentzat jaiei hasiera emateko hautatu zutela jakitea: «Lehenbizi, esan zidaten jaietako txupinera izango nintzela, eta sekulako poza sentitu nuen entzun nuenean. Eta, gero, pregoilaria ere izango nintzela jakinarazi zidatenean...». Hasieran «beldur apur bat» sentitu zuela onartu du, «maila» emango ez ote zuen, baina orain ordua heltzeko prest eta irrikan dago. «Aurten oso jai desberdinak izango dira, zalantzarik gabe», adierazi du pozarren.

2014an iktus bat izan zuen urduñarrak, eta, geroztik, gurpil aulkian ibiltzen da. Horrek ekarri dizkion arazoen artean garraio publikoan ibili ezin izatea dago. Urduñatik Bilbora errehabilitazio saioetara joateko garraio publiko eskuragarri bakarra trena zen, baina nasatik Renferen bagoietara igotzea ezinezkoa zitzaion. Hori dela eta, sinadura bilketa bat abiatu zuen irailean Internet bidez, eta helburua lortu zuen: 120.000 sinadura biltzea, Renferi trenetan bagoi egokitua jar zezan eskatuz. Sinadura horiek Espainiako Sustapen Ministeriora eraman zituzten, eta orain proba bat egingo dute horri esker. «Oraingoz ez dute ezer egin, baina probak udarako hasiko dituztela esan zidaten. Pazientzia kontua da», azaldu du Goikoetxeak.

Bitartean, urduñarrei jai zoriontsuak opatzeaz arduratuko da gaur gauean. Suziria 21:00etan botako duen arren, aurretik ere izango dute aukera herritarrek jai giroan apurka murgiltzen joateko. Umeek, behintzat, bai: barraketan erdi prezioan gozatu ahalko dira 17:00etatik aurrera. Behin suziria jaurtita, kalejira musikatua egingo dute herriko kaleetan, buruhandi eta erraldoiekin, eta txosnak ere irekiko dituzte. Gauean bi musika saio egingo dituzte Foru Plazan: Enkore talde bilbotarra arituko da 23:00etatik aurrera, eta Oihan Vega DJarekin dantza egiteko 01:00ak arte itxaron beharko da.

Falkoneria ikuskizuna

Biharko goiza sukaldean hasi ahalko dute hala nahi dutenek; 10:30etik aurrera tortilla eta paella txapelketa hasiko da Foru Plazan. Arratsaldean falkoneria ikuskizuna izango da Foru Plazan bertan; 17:30ean hasiko da ekitaldia. Halconeros de Castilla falkoneria taldeak ehiza hegaztien erakustaldia eskainiko du, eta herritarrek hegazti harrapariek egiten dituzten hegaldiak ikusi ahalko dituzte bertatik bertara. Nahi dutenek ikuskizunean parte hartzeko aukera ere izango dute, eta are gertuagotik ikusi ahalko dituzte animaliak eta beren hegaldiak.

Apur bat geroago, 18:00etan, esku pilota jaialdia izango da udal pilotalekuan. Emakumezko seniorren binakako esku pilota partidak izango dira lehenik, eta, gero, gizonezko gazteen lau t'erdiko eta gizonezko seniorren binakakoak. 19:30ean dantzatzeko musika izango da entzungai Foru Plazan, Santa Zezilia bandarekin. 22:00etan Luhartz taldearen berbena toki berean, eta, azkenik, 01:00etan, DJ Remember Night II.]]>
<![CDATA[Satira horixkaren arrakasta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1861/038/001/2017-05-02/satira_horixkaren_arrakasta.htm Tue, 02 May 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1861/038/001/2017-05-02/satira_horixkaren_arrakasta.htm
Aurten, 30 urte dira The Simpsons lehen aldiz telebistan azaldu zela. Dena den, telesail soila zena unibertso oso bihurtu da. Jolas parke bat, bideo jokoak, komikiak, film bat... Telesailaren merchandising-a ere oso arrakastatsua izan da. Egia da, ziurrenik, telesailak ez duela garai batean zeukan fama, baina hori orain existitzen diren telesail kopuru itzelarengatik da. Matt Groening marrazkilari estatubatuarrak pertsonaia nagusiak hamabost minutuan diseinatu ondoren, 1987an emititu zen The Simpsons-en lehen atala, AEBetako Fox katean. The Tracey Ullman Show-eko atal gisa sortu zen The Simpsons, eta, lehen emisioan, Marge eta Homer Simpson azaldu ziren, euren seme-alabak oheratzen.

Film labur animatu horiek hainbesterako arrakasta izan zuten, non bi urte geroago euren programa propioa sortu zuten. Lehen denboraldietako ataletan, nabaria da irudiak desberdinak direla, baina oraingo umorea eta haria hasierako denboraldietakoak bezalakoak direla hainbat adituk. Edozein kasutan, 600 atal baino gehiagotan pertsonaia gehienak bere horretan mantendu dira, eta nahiz eta denboraldi desberdinetako atalak tartekatu, zaila da jakitea noizkoa den bakoitza, ez baitute egitura lineal bat jarraitzen.

«Simpsondarrak gure paisaia kulturala izan dira, beti egon dira hor, behintzat nire belaunaldiko jendearentzat, bai eta gazteagoentzat ere», dio Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitate irakasle eta ikerlariak eta telesailaren jarraitzaileak. Uste dut errepikapenek ez dutela kalterik egiten. «Hainbat aldiz ikus dezakezu atal bera, eta, halere, barre eginarazten dizu». Haren iritziz, baliteke «esangura soziala» galtzea, baina bestelako gauzak ere «irabazten» dituzte. «Nahiz eta AEBetako klase ertainaren satira bat izan, euskaldunok, ikusi dugunean, telesailean islatuta ikusi dugu geure burua gauza askotan, nahiz eta ez izan gure gizartea hor ageri dena».

Telesail «atenporala»

«Erreferentzialtasun ideia unibertsal bat» lortu dute simpsondarrek, Landabidearen hitzetan. «Pertsona bakoitzak bere parametroetatik irakurriko du seriea, eta gero bere esanahiak erantsiko dizkio». Telesailaren izaera «kaustikoa» ere nabarmendu du. «Nolabait, mundu guztia da fartsa bat Simpsonen munduan». Bat dator harekin Quim Casas zinema kritikaria. «Azaltzen den ustelkeria ez da politikoa bakarrik, ekonomikoa ere bada, gizartearena... Finean, telesailak gai polemiko guztiak ukitu ditu».

Casasek 70 telesail inguru aztertu ditu La vida va en serie liburuan; halako programen zale amorratua da. The Simpson-ek, baina, beste telesailekin alderatuta, abantaila nagusi bat duela uste du: atenporala izatea. «Lost edo Breaking Bad-en, adibidez, badakizu zer gertatzen den denboraldi bakoitzean, baina Simpsonetan nozio hori galdu egiten duzu». Gainera, iruditzen zaio adin tarte oso zabal batentzako telesail bat dela. «Ongi funtzionatzen du adin eta publiko desberdinekin, eta hori telesailak duen meritu handienetako bat da, nolabait».

Telesailaren kritika gaitasunaz ere aritu da Casas. Haren arabera, batez ere «hasieran» izan zuten eragina The Simpsons-eko pertsonaiek, gaur-gaurko gaiekin lotura zuten iruzkinen bidez. «1980ko hamarkadan ez zegoen halako telesailik, eta harrigarria zen kritikak egitea. Orain, askoz telesail gehiago daudenez, agian publikoa ohitu egin da halako satira edo kritikara». Dena den, ez du uste kritika maila «leundu» denik, ezta tonua aldatu denik ere.

Asier Blas politologo eta EHUko irakasleak uste du hainbat arlo jartzen dituztela zalantzan The Simpson-en gertatzen direnek: AEBetako bipartidismoa, zuzeneko demokrazia, hautesleak, elitismoa, hipokrisia... «Simpsonek sistema politikoa kritikatzen dute, baina argi ikusten da baita pertsonaia bakoitzari egiten zaion kritika ere». Hark unibertsitatean maiz erabiltzen ditu telesailaren zatiak, gazteengana heltzeko «lagungarriak» zaizkiolako, politikaz aritzeko.

Bi AEBen «kontrajartzea»

Blasek telesailean sarri ikusten duen zerbait herri batzarrak dira, eta adierazi du horren bidez zuzeneko demokrazia salatzen dutela. «Askotan, erabaki zentzugabeak hartzen dituzte, edo baztertzaileak, baita indarkeriara jotzen dutenak ere».

Pertsonaia zehatzei dagokionez, Lisa eta haren aita Homerrek «bi AEBak» markatzen dituztela uste du, hain zuzen ere, AEBetan topa daitezkeen bi sentsibilitate politikoak: «Muturrak islatzen dituzte, eta, nolabait ere, errazagoa izaten da muturrak kontrajartzea».

Haren irudiko, Homerrek AEBetako garai bateko «langile klasea» irudikatzen du. «Langilea da, familia dauka... ordenatua da». Hala, errepublikanoen ordezkaria Homer litzateke; eta demokratena, berriz, Lisa. Landabideak Homerren gaitasun «subertsiboa» ere gogoratu du, hainbat egoeratan aurkitzen duelako bere burua zenbait ataletan.

Hasiera batean, «zentzudunena» Lisa dela iruditu arren, Blasi iruditzen zaio telesailean kritika «gogorra» egiten zaiola Lisari, haren hipokrisia azpimarratuta. «Lisak AEBetako aita fundatzaileak miresten ditu. Ataletako batean, Washingtonerako bidaia egiten dute simpsondarrek, eta hor azaleratzen dira mito horren atzean dauden gezur guztiak: nola aita fundatzaileak esklabistak izan ziren, nola tratatzen zuten jendea... eta nolako sistema politikoa den AEBetakoa, azken finean».

Erlijioak ere «zentraltasun handia» duela pentsatzen du Blasek, AEBetako klase ertaina irudikatzen dutelako, herri txiki batekoa. «Erlijioa oso garrantzitsua da, oro har, AEBetan; hori ez da ezer berria. Eta telesailean Elizak jokatzen duen rola ez da sinesmen arlokoa bakarrik; komunitatea saretzeko modua da». Modu horretan, hor azal daitezkeen «moral bikoitzak» nabarmendu ditu Blasek: «Oso ondo irudikatzen dute Elizaren rol puritanoa, batez ere Eliza protestantearena». Marge Simpson da ideologia hori hobekien islatzen duen pertsonaia, haren arabera.

Blasek ez du uste erlijioari kritika handirik egiten zaionik, ezta Landabideak ere. «Springfieldeko pertsonaiek badituzte beren fede krisiak, baina egia da beti nolabaiteko bukle batean amaitzen dutela: fedea galdu ondoren, zerbait ona gertatzen zaie, eta horrek fedea berreskuratzea eragiten du». Hori kontuan hartuta, ez du pentsatzen erlijioa zalantzan jartzen duen saio bat denik, gaia sarritan jorratu arren.

Egunerokotasuna ongi islatzen duelako ez ezik, telesailean ageri diren benetako pertsonaiak ere jotzen ditu Casasek arrakastaren gakotzat: aktoreak, abeslariak, politikariak, idazleak, kirolariak... «Ez dira onak soilik mundu politiko, sozial eta erlijiosoa islatzen dutenak: star system-aren irudikapena ere primerakoa da». Iruditzen zaio beti egon direla gertatzen den guztiari begira, gero «modu sarkastiko edo omenezkoan» islatzeko: «Denboraldi guztietan agertu diren mundu errealeko pertsonaia kopuruari erreparatuta, irudipena dut The Simpsons jende ezagunaren populartasunaren barometroa izan dela».

Casasek aipatu duenez, telesailean egungo zein aspaldiko artistak agertu dira. «Gogoan dut Anne Hathaway ikusi nuela behin, baina baita Elizabeth Taylor, Alec Baldwin, Elton John, Larry King...». Horietaz gainera, Daniel Clowes eta Art Spiegelman komikilariak ere nabarmendu ditu: «Komiki marrazkilari underground-etatik hasita, pop eta rock izar handietara; denek izan dute euren aukera».

Ikuspen profetikoa?

The Simpsons-i sarri egotzi izan zaion gauzetako bat da errealitatean gerora gertatu diren gauzak «aurreikusi» ahal izatea. Esate baterako, Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi izana. Hori «fan fenomenoaren ondorio» bat dela dio Blasek. «1980ko hamarkadan jada galdetzen zitzaion Trumpi horretaz. Gizarteko zurrumurru mordoa eramaten dituzte telesailera, normala da batzuetan betetzea».

Landabidea ere antzera mintzatu da: «Kointzidentziak topatu nahi dituenak beti topatuko ditu, ez da harritzekoa batzuetan asmatzea; hori, edo errealitatea gero eta simpsondarragoa da».]]>
<![CDATA[Hasi da lehia dagoeneko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1848/025/001/2017-04-07/hasi_da_lehia_dagoeneko.htm Fri, 07 Apr 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1848/025/001/2017-04-07/hasi_da_lehia_dagoeneko.htm
Ez bata eta ez bestea ez dira gustura geratu, beraz, igandeko finalean erabiliko dituzten pilotekin. Bengoetxea VI.a kopetilun zegoen. «Konfiantza osoa neukan gaurko [atzoko] pilotak jokatzeko modukoak izango zirela, baina pilota biziegiak dira». Kexu agertu da material berria izanda, pixka bat erabili ondoren are bote handiagoa egingo dutelako. «Nik badakit gure pilota batzuk agian baxuegiak direlako kendu dituztela; nik hori onartzen dut, baina biziegiak badira ere kendu egin beharko lituzkete».

Mikel Larunbe ere ados agertu zen bere kidearekin, baina, halere, nabarmendu zuen «indar guztiarekin» aterako direla igandean, material horrek «ikuskizuna alda» dezakeen arren. Haren lehen finala da, baina aitortu zuen oraingoz ez dagoela «urduri». Egun hauetaz «gozatzen» saiatzen ari dela ere esan zuen.

Irribarria binakako finalaren irabazlerik gazteena izango da igandean txapela lortuz gero. Aramarra ere ez zen gustura geratu aurkariek egindako aukeraketarekin, pilota «baxuegiak» direlako. «Guk nahi ditugun pilotak lortu ditugu, baina haienak ez zaizkigu batere gustatu; ez gaude batere pozik». Halere, materialari buruzko eztabaidarekin «nekatuta» dagoela azpimarratu zuen: «Finalari begiratu behar zaio, ez materialari. Materialarekin bakarrik ez dira finalak irabazten, eta guk erakutsi dugu beste pilotekin ere irabaz dezakegula».

Beñat Rezustak bikotekidearen iritzi bera du: «Gehiago hitz egiten dugu pilotez, finalaz baino». Faborito izateak dakarren presioaz galdetuta, Bergarako atzelariak garrantzia kendu zion horri: «Denok gabiltza txapelaren bila, baina txapelketan aurretik egin dugun lana ere hor dago». Herenegun ireki zituzten lehen aldiz Bizkaia pilotalekuko leihatilak. 300 sarrera gelditzen dira saltzeko: garestienak, 65 eta 140 euro artean balio dutenak. Merkeenak, berriz, bukatu egin dira. Beraz, jende asko joango da. Pilota aukeraketako bideoa (Argazki Press) ]]>
<![CDATA[Adostasunik ez finalerako material aukeraketan]]> https://www.berria.eus/albisteak/133497/adostasunik_ez_finalerako_material_aukeraketan.htm Thu, 06 Apr 2017 07:14:26 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/albisteak/133497/adostasunik_ez_finalerako_material_aukeraketan.htm <![CDATA[«Zinema ofizialistatik bananduta, mugimendu berri bat sortu da Kuban»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/048/001/2017-04-06/zinema_ofizialistatik_bananduta_mugimendu_berri_bat_sortu_da_kuban.htm Thu, 06 Apr 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1845/048/001/2017-04-06/zinema_ofizialistatik_bananduta_mugimendu_berri_bat_sortu_da_kuban.htm The Wolves of the East, Japonian grabatu du. Bilbon izan da egunotan, EHUn hitzaldi bat emateko eta hilabete batzuk barru estreinatuko den ikus-entzunezko proiektu batean parte hartzeko.

La Obra del Siglo (Mende honetako obra, 2015) da zure aurreko filma. Zeri egiten dio erreferentzia izenburuak?

Fidel Castrok hala deitu zion proiektu sobietar-kubatar bati, zeina uhartearen erdiko Cienfuegos hirian egongo zen. Kubako zentral elektronuklearra izateko sortu zuten, herrialde osorako argia emateko, eta Kuba azpigarapenetik aterako zuen. Filmak Ciudad Nuclearren bakarrik bizi diren hiru gizonen istorioa kontatzen du. Proiektu hori gelditu eta hogei urtera hasten da pelikula, proiektu horretatik bizirik irten direnak dira nolabait protagonistak; beren ametsen hilerrian bizi dira. Nire pelikuletan beti azaldu izan da pertsonaiak oso lotuta daudela inguruarekin.

Lau herrialderen arteko ekoizpen bat izan zen: Kuba, Argentina, Alemania eta Suitzaren artekoa.

Kuban, duela bost-hamar urtetik hona, zinema independentearen mugimendu bat sortu da, zinema ofizialistatik bananduta egon den zinema bat, eta filmak egiteko modua Kubatik kanpoko laguntzak eskatzea da. Izan ere, Kuban ez dago politika kulturalik, edo lege bat halako ekinaldiak babesten dituena. Badira funts batzuk, baina ez dira inondik ere nahikoak.

Kanpoko laguntza oso garrantzitsua da, orduan.

Kubak gauza asko jartzen ditu, balio handia dutenak, baina balio hori giza baliabideen ingurukoa da, diru likidoa baino gehiago. Baina hori ere beharrezkoa da filmak egiteko; beraz, koprodukzioak ezartzea oso garrantzitsua da.

Proiektuaren ideia SESBekin batera pentsatu zuten. Pelikula proiektatu al da Ekialdeko Europan, edo orduko errepublika sobietikoetan?

Bai, Moskun ikusi zuten, Minsken, baita Txernobylen ere [Ukraina], Armenian, Eslovenian, Serbian... Erreakzioak askotarikoak izan dira. Minsken, adibidez, pelikula jarri genuen, eta, ondoren, eztabaida hasi zenean, emakume batek esan zidan oso gogaituta zegoela; besteak beste, esaten hasi zitzaidan ez nuela maite nire herrialdea.

Zergatik uste duzu esan zizula hori?

Sobietar askorentzat, edo sobietar ohientzat, Kuba beti izan da paradisua, Karibeko probintzia sobietiko baten modukoa. Horregatik, haien oroitzapenak oroitzapen onak dira; nik ere ezin dut esan Kubako nire oroitzapenak txarrak direnik, leku oso erosoa izan ez arren. Emakume hark ere ziurrenik oroitzapen onak izango zituen, 1980ko hamarkadakoak, baina beste irudi bat zeukan. Pelikula polemikoa izan da, azken finean.

Eta Kuban zer harrera izan zuen?

Zinema jaialdi batean ikusi ahal izan da, La Habanako zinema jaialdian, eta, oro har, ahal izan dudan tokietan jarri dut. Ciudad Nuclearren ere jarri ahal izan nuen, eta beti izan da polemikoa. Pertsona batzuek oso gogoko dute; kritikak urteko pelikula izendatu zuen. Aldi berean, ez da arreta oso handiz kasu egin dioten pelikula bat; ez dute zentsuratu edo kritikatu.

Azken filma, The Wolves of the East, Japonian grabatu duzu. Hango publikoa eta Kubakoa oso desberdinak izango dira, ezta?

Kuban pelikula bat sortzen duzunean badakizu nori hitz egiten diozun; Japonian, pelikulara hurbiltzeko modua edo publikoak duen ikusteko modua oso desberdina da, noski. Ez da ohikoena kubatar batek han film bat egitea, noski.]]>
<![CDATA[Hemengo garia, hemengo ogia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/045/001/2017-04-01/hemengo_garia_hemengo_ogia.htm Sat, 01 Apr 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1974/045/001/2017-04-01/hemengo_garia_hemengo_ogia.htm Arabako garitik okindegira errotatik igaroz jardunaldia antolatu dute Gasteizko Artium museoan.

Txostena egiteaz arduratu den Eider Eguskitza ikerlaria izango da bertan, besteak beste. Ikerketa egiteko, Eguskitzak hainbat nekazari, okin eta ekoizlerekin hitz egin du. Azaldu duenez, Arabako EH Bildu taldeak «diru kopuru bat» erreserbatu zuen nekazaritza arloko egitasmoak aurrera eramateko, eta Iudari elkarteari enkargatu zioten tokiko gariaren inguruko azterketa bat egitea. Hala, aurreko urtean egin zituzten lehen ikerketak, eta Arabako zelaietan uda honetan batuko duten garia erein zuten. «Gari mota desberdinak erein ditugu, eta Gasteizko lau okini emango dizkiegu, haiek ogia egin eta jendearen erantzuna ikusteko». Hala, urte amaierarako izango dituzte proiektuaren emaitzak.

Eguskitzaren hitzetan, handikap handi bat topatu dute ikerketan: Araban harrizko errota handirik ez egotea. «Egitasmo honetarako Urizaharran, Gurendesen eta Muniainen dauden harrizko hiru errota baliatuko ditugu, eta Kanpezuko beste bat, zilindroen bidez dabilena». Lurraldean geratzen diren beste errota zaharrak konpontzeko «inbertsio» bat egitea beharrezkoa izango litzateke. «Baina, hori egiteko, lehenbizi prozesua bideragarria den jakin behar dugu».

Ogi ekologikoa eta tokikoa

Ikerlariak azaldu du okindegi batzuek Kataluniatik ekartzen dutela irina, ez dutelako inguruan topatu. Txema Pascual Artepan okindegietako arduradunak, adibidez, hala egiten du. «Irinaren negozioa polarizatu egin da, eta, orain, Araban irin lantegi txiki bat soilik geratzen da, Kanpezun». Horrek egoera «bitxiak» sortzen ditu: «Nik ezagutzen dudan ekoizle batek espelta egiten du hemen ondoan, baina Lleidara bidaltzen du gero, eta, ondoren, Lleidatik erosten diot nik». Pascualek zuzentzen dituen Artepan okindegietan egitasmo horretan erein duten gariz egindako ogia salduko dute irailetik aurrera, halako egoerak ez gertatzea xede.

Ogi hori ekologikoa izango da. Izan ere, ogi bat«benetako» ogi ekologikoa izateko, zero kilometrokoa izatea beharrezkoa dela iruditzen zaio, eta ziur dago hori lortuz gero bezeroek «asko» eskertuko luketela. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du iringileen lana. «Okinak eta ekoizle asko badago, baina iringileak falta dira. Irina egiteko prozedura oso garrantzitsua da, eta jakintza hori duten pertsonak behar ditugu», nabarmendu du. Pascualez gain, beste hainbat okin elkarrizketatu ditu Eguskitzak ikerketarako, baina ez guztiak. «Okindegi enpresa handiek ez digute informaziorik eman nahi izan».]]>
<![CDATA[1937an Durango bonbardatu zuten militarrak identifikatu dituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1791/013/001/2017-03-31/1937an_durango_bonbardatu_zuten_militarrak_identifikatu_dituzte.htm Fri, 31 Mar 2017 00:00:00 +0200 Alaitz Armendariz https://www.berria.eus/paperekoa/1791/013/001/2017-03-31/1937an_durango_bonbardatu_zuten_militarrak_identifikatu_dituzte.htm
Ikerketa 1984an hasi zuen Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak. Ordutik, hiruzpalau aldiz ikertu ditu Madrilgo airearen artxibo historikoa eta Erromako aeronautika artxibo militarra, han 36ko gerrako abiazio dokumentuak baitaude; aurtengo martxoan egindako bidaietan, ordea, datu berriak topatu dituzte, kereila jartzeko erabakigarriak izango direnak. Izan ere, bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak eta liburu teknikoak topatu dituzte. Gerediaga Elkartearen ikerketa osatzeko bereziki lagungarriak izan dira Erromako artxiboan egindako aurkikuntzak.

Erasotzaileen dokumentuetan topatutako datuei esker, bonbardaketan erabilitako materialaren artean bonba su-eragileak egon zirela jakin dute. Horri eta hainbat lekukotzari esker, bonbardaketak helburu ez-militarra zuela ondorioztatu dute. Horren ordez, bestelako hiru helburu aipatu ditu Irazabalek: bonben eraginkortasuna aztertzea, Eusko Jaurlaritzak amore ematea eragitea eta nazioarteari erakustea «Adolf Hitler eta bere Reich-a zer egiteko gai ziren».

Erasotzaileak, italiarrak

Horrez gain, bonbardaketan hiru hegazkinek parte hartu zutela egiaztatu dute. Hasiera batean, lau izan ziren Soriako (Espainia) aerodromotik irten ziren Savoia hegazkinak: bakoitzak 50 kiloko hogei bonba eta hogei kiloko lau bonba su-eragile zeramatzan, elkarteak jakinarazi duenez. Baina horietako batek arazo mekanikoak izan zituen, eta Soriara itzuli behar izan zuen. Irazabalek argi azaldu du: «Hegazkin bat gehiago egon izan balitz, beste tona bat bonba jausiko zatekeen».

Ikerketak orain arte jakintzat ematen zen beste datu garrantzitsu bat argitu du: Espainiako 36ko gerran italiarrek ez zuten «ofizialki» parte hartu, baina aurkikuntzek erakutsi dute ez zela hala izan. Egindako identifikazioek militarrak Italiakoak zirela erakutsi dute. «Bonbardaketan parte hartu zuten 45 militar italiarretatik 44ren izen-abizenak topatu ditugu», jakinarazi du Irazabalek. Haren hitzetan, italiarrek «beste izen bat» hartzen zuten Espainian zeudela ezkutatzeko. Baina aurkitu dituzten agirietan jatorrizko izena eta Espainian erabiltzen zutena topatu dituzte. Hala, Italiako Aviazione Legionaria kontingenteak egin zuen erasoa, Kondor Legioaren beste unitate baten modura jokatuta.

Kereila, «ahalik eta arinena»

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak iragarri duenez, Gerediaga Elkarteak lortutako informazio hori oinarri hartuta udalak bonbardaketaren erantzuleen aurkako kereila aurkeztuko du herriko epaitegietan. «Ahalik eta arinena» egingo dutela zehaztu du Irigorasek, baina ohartarazi du beste ezer egin aurretik «tramiterako» onartu behar dutela kereila. Bestalde, adierazi du asmoa dutela Maria Servini epaile argentinarrak bultzatutako kereilara batzeko, baina «lehentasuna» udalaren kereilak duela argitu dute, bizirik geratzen diren pilotuak —gutxienez bi izan daitezkeela jakinarazi dute— oso pertsona nagusiak direlako. Tramiterako onartuz gero, beste salaketa aukerarik ote den aztertuko dute; gobernuek «ardura subsidiarioa» izan lezakete.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, bonbardaketaren «egileek eta bultzatzaileek aukera paregabea dute estatu kolpe faxista baztertu, zibilen aurkako bonbardaketak salatu eta biktimak aintzat hartzeko». Durangon egin zituen adierazpen horiek atzo, 80. urteurreneko ekitaldi batean.]]>