<![CDATA[Alba Cabrera Jauregi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 15 Apr 2021 01:49:09 +0200 hourly 1 <![CDATA[Alba Cabrera Jauregi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Musika eta zientzia bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1934/036/002/2019-09-06/musika_eta_zientzia_bat.htm Fri, 06 Sep 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1934/036/002/2019-09-06/musika_eta_zientzia_bat.htm
Guztira hamar estreinaldi izango dira jaialdian: horietatik bost musikaren ingurukoak, eta gainerako bostak bideoak izango dira. Horrez gain, lehen aldiz Nafarroan interpretatzen diren 25 obra baino gehiago aurkeztuko dituzte. Euskal Herriko konpositoreek ez ezik, Argentinako, Herri Katalanetako, Alemaniako, Errusiako eta beste hainbat herrialdetako musikagileek ere hartuko dute parte jaialdian. Orotara, 100 artista baino gehiago izango dira: musikariak, zientzialari dibulgatzaileak eta bideo sortzaileak, besteak beste.

Musika garaikidearen eta zientziaren alor ezberdinen arteko harremana aztertzea da jaialdiaren oinarria. Yolanda Campos jaialdiko zuzendari artistikoak uste du neurozientziari ere garrantzia eman behar zaiola: «Frogatuta dago musikak eragina duela garunean. Instrumentu bat jotzen ikasteak ondorio onuragarriak ekartzen ditu: neuroplastikotasuna batetik, eta garuneko konexio berriak sortzea bestetik».

Doinuak eta izarrak

Fabio Alvarez piano jotzailearekin hasiko da jaialdia gaur, George Crumb musikagileak konposatutako Makrokosmos obrarekin. Bihar, berriz, matematika, izarrak eta musika nahastuko ditu Neopercusion taldeak.

Hilaren 12an, berriz, Alicia Torrea piano jotzaileak kontzertua emango du sinestesia ardatz hartuta: Musica sinestesica. Era berean, Miren Karmele Gomez zientzia dibulgatzailea sinestesiaren nondik norakoez mintzatuko da, bere esperientzian oinarrituta. Hurrengo egunean, Santiago Martinez klarinetistak, instrumentuaren beraren familiako soinuez mintzatuko da.

Azken kontzertuak astrofisika izango du oinarri: Kosmos 3.0 Los sonidos del espacio. Musika garaikidearen eta espazioko soinuen arteko harremanaz mintzatuko dira David Bernues, Martin Etxauri eta Sandra Vallejo bideo sortzaileak eta Javier Armentia astrofisikaria.

Nak jaialdia



Gaur hasi eta hilaren 28ra arte, Nafarroan.]]>
<![CDATA["Jendeak ondo pasatzeko egin dugu filma"]]> https://www.berria.eus/albisteak/170533/jendeak_ondo_pasatzeko_egin_dugu_filma.htm Fri, 30 Aug 2019 15:31:37 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/albisteak/170533/jendeak_ondo_pasatzeko_egin_dugu_filma.htm irailaren 24an estreinatuko da Agur, Etxebeste filma Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan. Hiru egun geroago iritsiko da zinema aretoetara.]]> <![CDATA[Errautsetan estaliak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/026/001/2019-08-29/errautsetan_estaliak.htm Thu, 29 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1935/026/001/2019-08-29/errautsetan_estaliak.htm Setio Gerra esaten zaion guda hori ez zen soldaduen arteko norgehiagoka hutsa izan, nahiz eta testuliburuek horrela laburtu. Hiritarrak izan ziren erasoen biktima nagusiak. Hilen zerrendan ehunka izen agertzen ziren, arrantzale baten semea tartean. Horri eutsita, Josean Olabek (Donostia, 1967) Bixente izenarekin eman dio bizitza Zigorgabeko loria bere azken lanaren protagonistari.

Donostiako setioaren bigarren mendeurrenaren harira atera zuen Olabek La gloria impune komikia, 2012an. Hirian gertatutakoarekiko jakin-minez eta marrazketaren zaletasunagatik argitaratu zuen lana egileak. Hasieran, asmoa euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea zen, baina, autoedizioaren zamagatik eta gaiaren gordintasuna zela eta, euskarazko bertsioa atzeratzea erabaki zuen: «Emozio gogorrak jorratzen ditut lanean. Jendearen sufrimendua aipatzen egoteak azkenean nekatu egiten du; horregatik erabaki nuen atseden hartzea» esan du autoreak. Zazpi urteren ondoren, euskarazko edizioa argitaratu du aurten, Itsasgora argitaletxearen eskutik.

Jatorrizko komikitik xehetasun batzuk besterik ez ditu aldatu euskarazko lanean. Funtsean, egileak tropa ingeles eta portugaldarrek Donostian egindako sarraskia, arpilatzea eta erreketa kontatzen ditu, benetan gertatutako jazoera batetik abiatuta eta istorio eta pertsonaia asmatuak nahastuta. Olaberi «beharrezkoa» iruditzen zaio fikzioa eta errealitatea uztartzea, eta, haren esanetan, «ahotsik ez duten» herritarren testigantzak bildu nahi izan ditu, historia liburuetan «bigarren maila batean» gelditu direlako: «Soldaduek ere asko sufritu zuten, baina horretaz asko hitz egin da. Nik donostiarrek bizi izandakoaz hitz egin nahi nuen». Gertakizunetara hurbiltzen saiatu da idazlea, «testigantza falta» dela eta. Irakurleen emozioak ukitzea izan du helburu: «Herritarrek jasandako izugarrikeriak azaleratzen saiatu naiz, ikasteko modu onena errealitatea erakustea baita».

Horregatik Zigorgabeko loria izenburua. Olabek adierazi du Donostiako gertaerak soldaduen «balioekin, sakrifizioarekin eta ohorearekin» lotzen direla: «Ez da guda honen loria zikindu nahi izan. Gertatutakoa ezagutaraziko balitz, loria horrek ez luke duen aitorpena edukiko».

Gerrako desertoreez ere mintzo da Olabe binetetan. Horretarako, Denisen pertsonaia erabili du, tropa frantsesek indarrez errekrutatutako gaztea. Komikigileak soldadu horien egoera azaleratu nahi izan du, istorioan pertsonaiak idatzitako gutun zatien bitartez: «Gudan ehunka desertore egon ziren, baina horri ez zaio garrantzia ematen. Denis soldadu horien guztien errepresentazioa da».

Historia ilustrazioetan

1813ko udako erasoak kontatzeaz gain, garai hartako Donostia deskribatu nahi izan du Olabek. Esan du komiki formatua «aproposa eta interesgarria» dela horretarako, haren ustez, «tonu erromantikoa» ematen dio eta: «Lanak alderdi grafikoa eta historikoa uztartzeko aukera ematen zidan».

Komikia osatzeko, idazleak dokumentazio lan «handia» egin du. Frantsesezko, ingelesezko eta gaztelerazko jatorrizko dozenaka liburu ikertu ditu, liburu gehienek soldaduen testigantzak jasotzen baitituzte. Baina herritarren bizipenak biltzen dituen lan bat izan da idazlearen informazio iturri nagusia, Luis Murugarren historialariaren 1813 San Sebastian incendiada. Britanicos y portugueses (1813, Suak hartutako Donostia. Britainiarrak eta portugaldarrak).

Itzulpena kontuan hartuta, Olabek lau komiki argitaratu ditu guztira, denak afizioz eginak. Lehena, itzuli berri duen lanaren jatorrizko bertsioa, 2012. urtean atera zuen, La gloria impune izenarekin. Hiru urteren ostean, 2015. urtean, Distorsionando Donostia itxuraldatzen plazaratu zuen; bertan, hiriko eraikinen geometriaz eta kaleek dituzten formez aritu zen, irakurleari inoiz ikusi ez duen Donostia erakusteko asmotan. San Sebastian, belle époque y otras historias (Donostia, bélle epoque eta beste istorio batzuk) izan zen hurrengoa, 2017an; XX. mendearen lehen bi hamarkadetan hiriak izandako gorabeherak kontatzen ditu. Azkena 2019an argitaratu duen Zigorgabeko loria da.

Idatzi eta marraztu dituen komiki guztien agertoki izan da Donostia. Olabek hiriarekin duen «gertutasunarengatik» dela dio, «hobekien» ezagutzen duen lekua baita. Baina istorio bakoitzak Donostia ezberdin bat erakusten du, Urgull menditik eta Kontxako badiatik «harago joaten» saiatu baita komiki bakoitzean: «Donostia modu ezberdinetan eraikitzen duen lan multzoa da; bakoitzak ikuspuntu bat jasotzen du, baina elkarren osagarriak dira». Etorkizunari begira, hainbat proiektu ditu eskuartean. Istorioak garatu gabe dituen arren, horietarako ere Donostia du buruan.]]>
<![CDATA[Musika bidezko introspekzioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/027/001/2019-08-29/musika_bidezko_introspekzioa.htm Thu, 29 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1893/027/001/2019-08-29/musika_bidezko_introspekzioa.htm
Sortu berri duten proiektu batekin emango diote hasiera, Dantz Point egitasmoarekin, alegia. Arkitekturaren ikuspuntutik interesgarriak diren espazioetan zuzeneko DJ musika saioak egitean datza. Maiatzaz geroztik antolatzen duten laugarren Dantz Pointa izango da gaurkoa, Donostiako Bakearen Usoaren parean. Biharko eta etziko egitarauari dagokionez, eguneko saioak Tabakalerako kanpoko eta barneko espazioetan egingo dituzte, eta Gazteszenan izango dira gaueko kontzertuak. Esplendor Geometrico Madrilgo taldea izango da jaialdiko protagonista, zuzendariaren hitzetan festibalak «musika taldearen filosofiarekin bat egiten» duelako: «Ez dute musikaren bitartez mezu sozialik edo politikorik hedatu nahi. Musikaren arlo estetikoari ematen diote garrantzia, eta haien helburu nagusia jendea dantzan jartzea da, sentsazio berriak sortzea, eta introspekzioa egitea». Biharko egitaraua «ilunagoa» dela nabarmendu du Telleriak, ardatz nagusia techno industriala izango da eta. Larunbatean, aldiz, «estilo zabalagoak» egongo dira, eta musika beltzarekin harreman estuagoa izango du egunak.

Aurreko bi edizioak oinarri hartuta, «gauzak hobetzen» ari direla eta «proiektu berriekin» datozela aitortu du Telleriak: «Esaterako, badakigu Gazteszenako areto txikia ez dugula erabiliko, aurreko urteetan izugarrizko beroa egin izan duelako». Jaialdi «konplexua» izan arren, aurreko aldien aldean kalitatea hobetu dela adierazi du: «Espazioak eta entzuleak ezagutzen ditugu, eta badakigu zeintzuk diren Donostiak dituen beharrak. Ekonomikoki ere errentagarriagoa izan da aurtengo jaialdia; kostuak hobeto neurtu ditugu, eta maila handiko artistak ekartzea lortu dugu». Tokiko artistak kanpoko artistekin oholtza gainera igotzeko aukera bermatu nahi izan dute aurten, jaialdiari «ikuspuntu interesgarri bat» emateko asmoz.

Esplendor Geometrico taldeak «helduagoak» diren entzuleak erakarriko dituela pentsatzen du Telleriak; aldiz, Carista eta Overmonok, besteak beste, jende gaztearen interesa piztuko dutela deritzo. Izan ere, askotariko entzuleei bideratuta antolatu dute jaialdia: «Musika festibal gehienak estilo jakin batekoak izaten dira. Baina gure jaialdian musika estilo ezberdinak uztartzea da helburua, eta horrek publiko pluralagoa edukitzea dakar».

Hiru urteko ibilbidea

2017. urtean sortu zen Dantz proiektua, «hutsune kultural eta artistiko» bati aurre egiteko asmoz. Musika elektronikoa, abangoardista eta garaikidea egiten duten «artista asko» zegoela dio zuzendariak, eta horiei bultzada emateko helburuarekin jaio zen jaialdia.

Aurtengoa hirugarrena da, eta zuzendariak aurreikusten du «onena» izango dela: «Orain badakigu gauzak nola kudeatu, bai komunikazio aldetik, bai antolakuntza aldetik. Sortu daitezkeen arazoei zer erantzun eman ere aurreikusi dugu, eta horrek azkenean emaitza oparoa ekarriko du». Aurrera begira, Euskal Herritik kanpo beste hiri batzuetara «salto egitea» da helburua, euren egitasmoa sustatzeko eta ezagutzera emateko asmoarekin. Horretarako, Danz Point-ak tresna «oso baliagarriak» direla deritzo Telleriak.]]>
<![CDATA[«Joko ditugun obren kontrasteak interesa piztuko du»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-28/joko_ditugun_obren_kontrasteak_interesa_piztuko_du.htm Wed, 28 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-28/joko_ditugun_obren_kontrasteak_interesa_piztuko_du.htm
Nolakoa izango da emango duzuen kontzertua?

Musika Hamabostaldian egingo dugun kontzertuan, Catalanen obra bat estreinatuko dugu, eta horren arabera erabaki ditugu kontzertuan joko ditugun gainontzeko piezak. Trio formatuan konpositore horren obra bat interpretatzen dugun lehen aldia da, baina ondo ezagutzen dugun musikagile hori. Horrez gain, duela hamar urte Camareroren inguruan egindako monografiko baterako grabatutako obra bat joko dugu. Kagelen pieza bat izango da hurrengoa, kontzertuari nazioarteko ikuspegi bat emateko asmoarekin, eta Torreren pieza bat ere sartu dugu errepertorioan; harreman estua dugu musikagilearekin, eta duela gutxi konposatu du pieza hori, guk eskatuta. Flamenkoaren inguruko obra bat da, eta ez da ohikoa horrelako jaialdi batean entzutea, baina horixe nahi izan dugu; normalean egiten ez ditugun obrak joko ditugu.

Interpretatuko dituzuen obren konpositoreak oso ezberdinak dira euren artean. Zergatik aukeratu dituzue obra horiek?

Hori da gehien gustatzen zaiguna. Musika garaikideak duen abantaila handienetako bat musika estiloen pluraltasuna da, eta hori oso onuragarria da, bai publikoarentzat eta bai guretzat. Joko ditugun obren kontrasteak interesa piztuko du.

Trio Arbosen helburu nagusietako bat da musika garaikiderako obrak berreskuratzea eta hedatzea. Zer ekarpen egin duzue?

Ehun pieza baino gehiago estreinatu ditugu, baina denak ez dira kalitate handikoak, eta, beraz, ez dira gure errepertorioan gelditu. Suitzako musika jaialdi batetik etorri berri naiz, bertan parte hartu behar nuelako, eta, kontzertu batean, guk duela hamar urte Alemanian estreinatu genuen pieza bat jo zuen trio batek. Zorte handia dugu, gerora oso ezagunak bihurtu diren hainbat pieza estreinatu izan ditugulako eta horiek, urteak pasatu arren, oraindik ere jotzen direlako.

30 herrialdetako agertoki entzutetsuenetan jo duzue. Zer eman dizu herrialde ezberdinetako oholtzetara igotzeak?

Horrelakoa da musikariaren bizitza. Publikoak zugana jotzea zaila da, eta, beraz, zuk jo behar izaten duzu publikoarengana. Horrek nazioartean bidaiatzea dakar, eta oso bizipen aberasgarria da. Sekulako esperientzia da norberak egindako obra bat atzerrian zabaltzeko aukera izatea. Modu horretan, aberastu egiten zara, bisitatzen diren leku horietako guztietako ohiturak ezagutzen; oso jende bitxiarekin egiten duzu topo. Musika eta kultura ulertzeko modu ezberdinak daude herrialde batean eta bestean, baita herrialde bereko toki ezberdinetan ere. Publiko batzuk beste batzuk baino hotzagoak dira, baina horrek ez du esan nahi gure lana estimatzen ez dutenik. Oholtza gainean zaudenean, oso erraz ikusten da publikoak zure musikarekiko duen pertzepzioa; nabari dezakezu zure musika iritsi zaien eta ulertu duten.

Zuzeneko kontzertuez gain, grabaketak egin dituzue hainbat diskoetxetan. Alde handia dago zuzeneko kontzertu batetik estudioko grabaketa batera?

Oso esperientzia ezberdinak dira, lan egiteko bi modu baitira. Zuzenekoetan aukera bakarra daukazu; momentukoa, alegia. Kontzertua denbora tarte labur batez eraikitzen den artea da, galkorra: behin soinua sortuta, ez dago ezer egiterik; hurrengo notaren bila joan behar duzu. Estudioan, berriz, piezak zehatz-mehatz neurtzeko aukera daukazu, eta, akatsa eginez gero, zuzendu dezakezu; agertokian eduki ezin duzun perfekzioarekin interpretatu dezakezu obra bat estudio batean. Oso ezberdinak dira, baina niri biak gustatzen zaizkit, bi esperientziak musikariaren parte dira eta. Gainera, estudioan ez dut faltan botatzen publikoaren erantzuna, grabatutako obrak aurretik zuzeneko batean interpretatu izan ditudalako. Are gehiago, grabaketak oso garrantzitsuak dira gure ondarearen iraupena bermatzeko. Modu horretan, musikariek obrak interpretatzeko, musikologoek piezak ikertzeko eta melomanoek musikaz gozatzeko aukera dute.

Madrilgo musika kontserbatorioko irakaslea izateaz gain, Trio Arbosekin ganberako musika ikastaroak ematen dituzu. Nola dago ganberako musika?

Kontserbatorioan ikasten duen interprete batentzat, musika generorik garrantzitsuena da ganberako musika. Arreta handiz landu behar da; izan ere, ganberako musika ikasteak ematen dizun ikuspegia ez dizu beste genero batek ematen. Zoritxarrez, goi mailako ikasketetan seriotasun txikiarekin hartzen da estilo hori. Inguruan kalitatezko kontserbatorioak egonik, behar bezala lantzen eta sustatzen ez den musika generoa dela deritzot. Ikasleei dagokienez, nahiko daude, baina ez dira jabetzen euren ibilbide artistikoan genero honek izango duen garrantziaz, ezta euren formakuntza profesionalean egingo dituen ekarpenez ere. Gaur egun, oraindik ere, ganberako musika mundu arrotza da.]]>
<![CDATA[Euskal hiztun berrien errimetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/028/001/2019-08-24/euskal_hiztun_berrien_errimetan.htm Sat, 24 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/2016/028/001/2019-08-24/euskal_hiztun_berrien_errimetan.htm Bertsolaritza eta hiztun berriak hitzaldia eman zuen, atzo, Donostian, EHUk eta Mintzolak elkarlanean antolatutako Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak udako ikastaroan. Hiztun berrien errealitatearen eta bertsolaritzaren arteko «artikulazioez» mintzatu zen.

«Hiztun berriak beren egunerokoan euskara erabiltzen dutenak izan daitezke. Jario erabatekoz mintzatu eta euskaldun zaharraren passing-a duten horiek ere hiztun berri gisa kategorizatuko ditugu; horiek arazo bat dute, hiztun zaharrok ez daukaguna». Euskara etxean ikasi ez izana hiztun horren legitimazioan «oztopo» bat izan daitekeela uste du Artetxek. Haren iritziz, egungo hizkuntza ideologiak euskal hiztunengan eragina du, eta hizkuntza gutxituetan, beste askotan ez bezala, «benetako hiztunaren rola, etxean ikasi duen horri» ematen zaio. Hori dela eta, hiztun berriak «legitimazioa irabazi» egin behar izaten duela uste du, eta are gehiago euskara batua erabiltzen badu.

Legitimitate horrek hizkuntzaren erabileran duen eragina «nabarmena» da Artetxerentzat: «Ni hiztun legitimo sentitzen baldin banaiz, errazago mintzatuko naiz hizkuntza horretan. Aldiz, nik neuk zein ingurukoek legitimotasun hori eman ezean, traba bat suposatuko du erabileran».

Beraz, «denbora eta espazio jakin batean ematen den prozesu» gisa ulertuta, bertso munduan sozializatzeak euskal hiztun berrien onarpenean eragina duela deritzo bertsolariak. Horretan hainbat aldagaik parte hartzen dutela dio: gaitasunak, erabilerak eta bertsolaritzaren diskurtsoak, tartean.

Hizkuntzaren gaineko ezagutza edukitzea bertsolari izateko oinarrizko tresna dela kontuan hartuta, bertsotan aritzea eta euskaraz mintzatzeko gaitasuna izatea eskutik helduta doazela pentsatzen du Artetxek: «Zenbatetan entzungo ote genuen: nola esaten da hori euskaraz? Galdetu hari, bertsolaria da eta. Egotzi ez ezik, bertsolarioi eskatu egiten zaigu euskaran trebeak izatea». Erabilerarekin gauza bera gertatzen dela uste du irakasleak: «Ez bakarrik bertsotan aritzen direnek edota bertsogintzan eragile direnek; publikoan daudenek ere euskararen erabilera trinkoa egiten dute». Historikoki, bertsolariari euskararen aldeko diskurtsoen zabaltzailearen irudia egotzi izan zaiola dio Artetxek; bertsolari gisa sozializatzen den horri, zeharka bada ere, diskurtso horiek «sortu eta birsortzeko» eskatzen zaio.

Euskal Herriko «gazteen erdiak baino gehiagok» euskara etxetik kanpo ikasi duela dio Artetxek. Baina bertso munduan kontrakoa gertatzen dela gehitu du. Izan ere, bai eragileak bai zale gehienak ere, euskaldun zaharrak dira: «Orduan, zer pasatzen zaie euskal hiztun berriei bertsolaritzan aritzean? Ba orain arte lagun artean nabarmena izan ez den ezaugarri bat dela hiztun berria izatea. Baina bertsoen munduan murgiltzean, konturatzen dira kategoria hori pertinentea dela, eta hor talka bat sortzen da».

Bertsolaritzak, erraztasunak ematearekin batera, mugak ere ipintzen dituela uste du Artetxek: «Nahiz eta bertso munduak erremintak eman hiztun berriei legitimazioa lortzeko bidean, oztopoak ere jartzen ditu. Izan ere, bertsolari izateko, hiztun legitimo izan beharra dago, eta ideologia berbera daukagu euskal gizartean eta bertso munduan».

Zer den legitimoa, eta zer ez

Bertsotan dabilen euskaldun berri batek legitimazioa lortzeko «erraztasun handiagoa» duela deritzo Artetxek. Bertsolari legitimoaren eta hiztun legitimoaren artean lotura bat dagoela uste du: «Bertsolari legitimoa, ezer baldin bada, lehenik eta behin gizona da. Baina badira beste hainbat ezaugarri ere: zuria, euskaldun zaharra, garai batean baserri mundukoa eta gaur egun unibertsitarioa...horiek denek osatzen dute, besteak beste, bertsolari legitimoaren irudia». Ezaugarri talde horren barnean euskaldun zahar izatearen ezaugarria dagoela dio. Egungo ideologiaren arabera, «hiztun legitimoa, hiztun zaharra delako». Planteamendu horrek «aukera ikaragarri bat» ematen duela uste du irakasleak; izan ere, bertsolaritzako ideologiak aldatzeak «gizarteko praktikak eta diskurtsoak eraldatzea» ekarriko lukeela deritzo: «Euskaldun zahar gisa irakurriak direnez, legitimitate handia dute bertso munduko eragileek. Gainera, bertsolari legitimoari esleitzen zaizkion ezaugarriak bertso munduan negoziatzen dira, gizartearekin harremanetan». Diskurtsoak eta praktikak aldatuko balira, definizioak eta kanonak aldatuko liratekeela dio; modu horretan, beste hizkuntza kategoriei sarbidea irekiko litzaieke.

Egunerokoan, diskurtsoen eta praktiken eraldaketan, bertsolaritzak rol garrantzitsu bat duela pentsatzen du Artetxek: «Bertsolaritzak izugarrizko aukera du ideologia hauek landuz ger, euskalduntasunaren kontzeptu estrategikoago bat sortzeko».]]>
<![CDATA[Ataka adina maratila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-08-23/ataka_adina_maratila.htm Fri, 23 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-08-23/ataka_adina_maratila.htm Euskal Kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak udako ikastaroan. Zubirik Josu Amezaga eta Iratxe Retolaza EHUko irakasleak izan zituen lagun hizketaldian. Bakoitzak hitzaldi bana eman zuen; ondoren, mahai inguruan bildu ziren, euskal kulturaren erronkez mintzatzeko, Karlos Aizpurua Mintzola Ahozko Lantegiko kideak gidatuta.

Euskal kultura aberasteko, atzerriko kulturetatik edatea garrantzitsua dela pentsatzen du Amezagak. Haren ustez, itzulpenek «pisu handia» dute; atzerritik hartu eta euskaratutako edukiek «hizkuntza hedatzen laguntzen» dutelako. Euskal komunitatearen tamainak abantailak dituela uste du: «Txikia izanik, gure komunitateak erabakitzen du zer itzuli eta zer ez. Zorionez edo zoritxarrez, erabaki horiek ez dira hartzen nazioarteko argitaletxeetan; hemen hartzen dira, gugandik hurbil. Niretzat, horregatik da garrantzitsua itzulpenak egitea; eduki hori geureganatzeko». Era berean, Retolazak ere beste hizkuntzetan sortutako edukiek euskal kultura aberasteko balio dezaketela deritzo. Baina eduki horren itzulpen hutsera ez dela mugatu behar uste du: «Azkenean, ez da bakarrik kanpotik bereganatzea; bada, bereganatzen duzunean ere, interpretazio propioa egin behar da; zentzu berriak eraiki behar dira. Beste leku batzuetatik hartutakoak barne logika berri batean txertatu, ikasi eta bereganatu egin behar ditu euskal komunitateak». Kontrako bidean ere, euskaraz idatzitako edukiak nazioartean hedatzeko ideiak arazorik ez luke ekarri behar, haren ustez: «Baliabideak baditugu atzerria eta Euskal Herria elikatzeko, ez dago arazorik. Etxean gelditzen diren euskarazko edukiekin eta kanpora bidalitakoekin desoreka dagoenean, orduan sortzen da arazoa. Atzerrian ez ezik, Euskal Herrian ere zabaldu beharra dago euskaraz idatzitako edukia».

Euskal Herria, hizkuntza eta kulturaren aldetik, «une kritiko» batean aurkitzen dela dio Amezagak. Hainbat urteren ostean, ezagutzaren arloan «lorpen handiak» egin arren, beste esparru batzuetan —erabileran eta nortasunean, esaterako—, «hutsuneak» daudela pentsatzen du. Horren adibide, euskal komunikabideen egoera jarri du: «Euskaldun batzuk gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz; baina euskaraz kontsumitzen duten euskaldunen kopurua ez da maila berean igo. Orduan, euskal komunitatea trinkotu egin da, baina ez da zabaldu». Beraz, komunitatea hedatu beharra dagoela deritzo Amezagak, «gutxieneko masa kritiko bat» lortu eta «komunitatea handitzeko». Egoera horri aurre egiteko, berriz, euskal kultur eragileek «gogoeta egin behar dutela» deritzo irakasleak: «Euskaraz dakien erdaldun asko dago. Nire ustez, euskal komunitate trinko horri begira bakarrik sortzen dugu kultura; baina badago bestelako publiko bat trinkotasun horretatik at. Hor dago publiko berriak eskuratzeko gakoa».

Kalitatea eta kantitatea

Kultura sustatzeko baliabideen alderdi kuantitatiboaz gain, aspektu kualitatiboari ere garrantzia eman behar zaiola uste du Zubirik. Irakaslearen esanetan: «Gurea bezalako kultura batean, baliabide asko egon arren, horiek modu oso eraginkorrean erabiltzen ez badira, gauzak gaizki egingo dira. Alderdi kuantitatiboa eta kualitatiboa; biak uztartu behar ditugu».

Kulturaren esparruan, Retolazak uste du erakunde publikoek errentagarritasun ekonomikoa gehiago begiratzen dutela soziala baino: «Bestelako kultura politika batzuk mahai gainean jartzen ez baditugu, ideia hori indartzen da. Horrela, jendeak horren aurreko irakurketa kritiko bat egiteko gaitasuna galtzen du. Hortaz, eraginkortasunaren bestelako ikuspegi bat zabaldu behar dugula deritzot, gizarteari garrantzia emango diona».

Bide beretik, «hegemonia berria izango diren diskurtsoak sortzea» da errentagarriena, Zubiriren iritziz. Haren ustez, kulturan inbertitzea «zein garrantzitsua den» dakien herrialdea da «indartsua»; herrialde baten indarra hainbat arloren arteko sinergiaz lortzen dela deritzo: «Ez dut ezagutzen herrialderik indartsua dena, baina, era berean, osasuna, hezkuntza eta kultura ahulak dituena. Beraz, errentagarritasun ekonomikoa nahi duenak beste arloak ere indartu beharko ditu».

Euskal kultura, Euskal Herria euskalduntzeko bide baten gisa ulertzen du Amezagak: «Ez da bakarrik euskaldunen nahiak, beharrak eta gogoak asetzeko zerbait; nik gehiago eskatzen diot. Bestela, sortutakoa desegin egingo da». Retolazak dio ideia horrekin «kontuz ibili» behar dela: «Eremu batzuetan, literaturan esaterako, adi ibili behar dugu, hartzaile bakarrak euskal komunitate trinko horretako jendea ez izateko».]]>
<![CDATA[«Txistuak baliabideak ditu, eta aurrera doa pixkanaka»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/030/001/2019-08-22/txistuak_baliabideak_ditu_eta_aurrera_doa_pixkanaka.htm Thu, 22 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1857/030/001/2019-08-22/txistuak_baliabideak_ditu_eta_aurrera_doa_pixkanaka.htm
Nolakoa izango da emango duzuen kontzertua?

Interpretatuko ditugun bost obrek ez dute zerikusirik batak bestearekin. Hirukote bezala joan arren, obra bakarra joko dugu batera, kontzertuko azken pieza izango dena: Joseba Torre konpositorearen Kantuz elkartuz abestia. Lehenengo obra Carlos Villasolen Cuatro glosas sobre el canto de un pájaro izango da. Ondoren, Camareroren Taupadak interpretatuko dugu. Pieza hori Durangon [Bizkaia] estreinatu genuen, Txistua XXI. mendean emanaldian, eta orain bigarrenez joko dugu. Jarraian interpretatuko dugun obra estreinaldia izango da: Voro Garciaren Beste aztarnak. Ondoren, Eziñeruntz pieza joko dugu, Felix Ibarrondorena. Beraz, hainbat obra joko ditugu instrumentuak txandakatzen. Hala eta guztiz ere, txistua pieza guztietan dago; Silboberriren kontzertua delako, eta elkarteak instrumentu horren aldeko lana egiten duelako.

Zergatik aukeratu dituzue konpositore horiek?

Txistuaren errepertorioa zabaltzeko asmoarekin egiten dugu lan aspalditik, txistuak baliabideak dituelako, eta aurrera doalako pixkanaka. Hamabostaldian joko ditugun obrak kalitate handikoak dira; izan ere, musikagileek txistua entzun, ezagutu eta jatorrizko konposizioak sortu dituzte. Lehen, Euskal Herrikoak ziren pieza gehienak, baita konpositoreak ere, baina, azken boladan, kanpoko musikagileak piezak sortzen hasi dira. Hamabostaldian emango dugun kontzertuan, adibidez, Voro Garcia valentziarraren obra bat interpretatuko dugu; konpositore honek Silboberrik Valentziara [Herrialde Katalanak] egindako bidaia batean ezagutu zuen txistua. Bestalde, Cesar Camarero madrildarraren pieza bat ere joko dugu.

Musika garaikideko zikloan arituko zarete. Nola txertatu instrumentu tradizional bat horrelako musikan?

Txistuan, euskal musika tradizionalerako konposatu izan da gehienbat; beste musika generoetan ez dago ia txisturako errepertoriorik. Hala ere, azken bi hamarkadetako mugimendua izugarria izan da. Gaurko kontzertuan, egungo lengoaietan oinarritutako konposizioak joko ditugu; ez da kontzertu tonala izango, alegia. Kantuz elkartuz abestian, adibidez, mikrotonalismoa erabiltzen da, baina sordina izeneko gailu batekin joko dut txistua, musikagileak hala eskatuta. Horren bitartez, instrumentua jotzean ia entzuten ez diren soinuak sor ditzakegu; horrela, giro berezia lortzen da. Txistua edozein lengoaiari jarraitzeko gai da, nahiz eta euskal musika folklorikoko instrumentua izan. Ez du konposizioa baldintzatzen, eta horregatik egon daiteke edozein musika ziklotan. Gainera, musikagileek ez dute konposatzen txistua instrumentu tradizionala den ideiarekin; instrumentua ezagutzen dute, eta badakite zeintzuk diren bere baliabideak. Hori kontuan hartuta, konpositore bakoitzak txistuaren lengoaia erabilita egiten du pieza. Interpretatuko ditugun obretan ez dago ezer txistu tradizionalaren musikarekin lotura duenik.

Ez da Donostiako Musika Hamabostaldian jotzen duzuen lehen aldia. Nolakoa da esperientzia?

Oso jaialdi interesgarria da, eta errespetu handiarekin joan behar da. Asko entseatu eta landu behar dira piezak. Konposizioak eskatzen duen horretara moldatu behar duzu, eta horrela asko ikasten da; horrelako kontzertuei esker, txistua ondo ezagutzen ari naiz. Norberak ikasteko esperientzia izugarria da.

Kontzertuak emateaz gain, txistuari lotutako ondarea berreskuratzen duzue, ikerketa bidez. Zer-nolako ekarpenak egin dituzue?

Silboberri elkarteak ekarpen handiak egin ditu, baina, nire ustez, handiena izan da Rodrigo Alfredo Santiagok txisturako egin zuen obra osoa berreskuratzea, galtzear baitzegoen. 1980ko hamarkadaren bueltan, txistua oraindik ez zen instrumentu ofiziala, eta esan ohi zen ez zuela ikasketa metodorik. Gabezia hori ikusita, Santiagok erdi mailako eta goi mailako ikasketetarako metodoak sortu zituen. Horrez gain, txistuak ofizialtasuna eskuratu zuen, baina inork ez zuen ezer gehiago jakin Santiagoren lanez. Silboberri sortu zenean, hainbat erronka ipini ziren, konpositorearen lana berreskuratzea tartean. Guztira 820 lan original aurkitu ziren, erdia baino gehiago Galizian. Silboberrik argitaratu egin zituen, eta, gaur egun eduki asko erabiltzen dira bertatik, goi mailako ikasketetan, esaterako. Horrez gain, musika ikasketetara bideratutako hainbat argitalpen egin ditugu. Esate baterako, Ansolatarren 1895. urteko txistu errepertorio bat bildu dugu. Transkripzioak ere egin ditugu, abesteko eta pianorako prestatutako pieza batzuetan oinarrituta, eta diskoak ere grabatu ditugu. Jendea kexu da txisturako edukirik ez dagoelako, baina dagoena galtzeko zorian dago.

Txistuaren errepertorioa eguneratu eta aberastea da Silboberriren helburua. Zergatik ikusten duzue behar hori?

Musikako goi mailako ikasketak egin nituenean, ez genuen txisturako jatorrizko errepertoriorik, eta dena musika tonala zen. Beraz, beste instrumentuetarako egindako konposizioak hartu eta moldatu egiten genituen. Gaur egun, modu ikaragarrian aberasten ari da, eta ikasleek badute txisturako egindako obrekin ikasteko aukera. Gainera, hainbat elkartek gaiarekiko interesa agertu dute, eta zenbait txistularik ere euren kabuz egiten dituzte gauzak.

Musikagilea izateaz gain, Musikeneko eta Bilboko Kontserbatorioko irakaslea zara. Zer leku du txistuak goi mailako musika ikasketetan?

Txistu ikasketetarako materiala badago, eta askotariko obrak estreinatzen ari gara. Horrek ez du esan nahi sobera gabiltzanik; zenbat eta gehiago eduki, hobeto. Ezin gara pare bat obraren argitalpenekin konformatu; horrek jarraipena behar du. Horrela, konpositore gehiago hurbilduko dira, eta instrumentua ezagutaraziko da. Erdi zein goi mailako ikasketak egiten dituen jendea badago. Aldiak izaten dira, baina nik egin nituenetik gaur egungo egoerara, alde handia dago. Jendeak ikusi du egiten ari garen lana, eta interesa agertu du.]]>
<![CDATA[«Dantza bizitzeak egiten zaitu benetako dantzari»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/030/001/2019-08-17/dantza_bizitzeak_egiten_zaitu_benetako_dantzari.htm Sat, 17 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1864/030/001/2019-08-17/dantza_bizitzeak_egiten_zaitu_benetako_dantzari.htm Antigona, Sofoklesen tragedia, dantzatuko du Kursaalean, gaur eta bihar, ballet konpainia berarekin.

Zertan datza interpretatuko duzun Antigona obra?

K.a. 441. urtean estreinatu arren, gaurkotasuna duen pieza bat da. Antigonaren istorioa kontatzen du; pertsonaiak kontzientziaren eta obedientziaren artean duen barne borroka da antzezlanaren oinarria. Haren izaerak, sinesmenek, pentsaerek eta balioek talka egiten dute garai hartan ezarritako arau sozialekin. Anaietako bat hil egiten da, baina ezin dute lurperatu, traidoretzat jotzen dute eta. Kontaketa horretatik abiatuta, Antigonak duen barne gatazka lantzen du obrak, eta horrek bere buruaz beste egitera bultzatzen du.Askotariko gaiak jorratzen dira ikuskizunean: legeak, boterea eta sinesmenak, besteak beste. Gaiek gaurkotasuna dute; izan ere, egunerokoan aurki ditzakegun auziak mahai gainean jartzen dira: legeen bidegabekeria, gizarteak zuzentzat eta okertzat jotzen dituen jarrerak eta ohiturak...

Grezia Klasikoan estreinatu zen obra. Nola lotzen da garai hartan idatzitako lan bat gaur egungo ikusle batekin?

Istorioak ez du garai zehatzik; eszenografia nahiko abstraktua da. Jantziek Grezia Klasikoan kokatzen dute kontakizuna, baina musika garaikidea da, hau da, ez da obra estreinatu zen garaikoa. Elementu guztiak bateratuta, atmosfera berezia sortzen da.

Ikuskizunean Antigona interpretatuko duzu, Ediporen alaba. Nolakoa da pertsonaia?

Emakume indartsua da. Bere burua ondo ezagutzen du, eta prest dago bere printzipioak defendatzeko. Asko gustatzen zait horrelako pertsonaia bat interpretatzea. Oso gazte nintzela joan nintzen etxetik, eta bidean erabaki zailak hartu behar izan ditut; baina zerbaitetan sinesten duzunean hori defendatu egin behar dela pentsatzen dut. Asko gustatu zait pertsonaia honen barruan sartzea. Bere istorioa eta nirea oso ezberdinak dirs, baina identifikatua sentitzen naiz Antigonarekin.

Nolakoa da pertsonaia zure egiteko lan hori?

Hori da dantza egiten dudanean gehien gustatzen zaidana: pertsonaien larruan jartzea. Pertsonaiak egoera jakinetan zer pentsatzen duen eta zer sentitzen duen jakin behar dut, ezagutu. Ondoren, nire buruaren eta bihotzaren barruan sartzen ditut, nire emozioekin eta pentsamenduekin bat egin dezaten. Horretarako, oso garrantzitsua da istorioa ezagutzea, baita koreografoak istorioari berari buruz egin duen irakurketa ezagutzea ere. Oholtza gainean nagoenean, pertsonaiek hartzen dituzten erabakiak interpretazioa dira, baina emozioak nire barrutik ateratzen dira, eta benetakoak dira. Beti esan ohi dut: interpretatzen ditudan pertsonaiei asko ematen diet nire nortasunetik; baina nik berez, ez dut zerikusirik haiekin.

Victor Ullate konpainian hasi zenituen dantza ikasketak, eta 2018ko irailean zuzendari artistiko izendatu zintuzten. Nolako esperientzia da hori?

Irakasten baino gehiago, laguntzen aritu naiz. Daukadan eskarmentuarekin, beti esaten dut ona dela jendea laguntzea. Konpainian egon naizen denboran, nire helburu nagusia hainbat gauza aldatzea izan da. Izan ere, denak berdin jarraitzen du 30 urteren ostean. Hori zen nire asmoa, baina ez zen posible izan. Antigonari antzezlanean gertatzen zaion gauza bera gertatu zait niri: gauzak zuk nahi bezala egiten ez direla ikustean, eta gainera, zure lana egiten uzten ez dizutenean, erabaki bat hartu beharra dago; nire kasuan konpainiako zuzendari artistikoaren kargua uztea izan da erabakia.

Roland Petiteko Ballet Nazionalarekin, San Frantziskoko Balletarekin eta beste hainbat herrialdetako konpainiekin batera dantzatu duzu. Zer eman dizu konpainia ezberdinekin aritzeak?

Esperientzia handia eman dit. Herri bakoitza mundu bat da, konpainia bakoitza mundu bat da. Askotariko taldeekin dantzatu ostean, modu ezberdinetan lan egiten ikasi dut; lagundu dit ikusten gauzak nola egin behar diren eta nola ez diren egin behar. Nire gorputzarekin eta buruarekin esperimentatzeko aukera eman dit. Ohitura eta lan egiteko modu berriak ezagutu ditut, eta horrek ikuspegi orokorrago bat edukitzen lagundu dit. Balleta ulertzeko moduari dagokionean, oso ezberdina da herrialde batetik bestera. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, diru pribatuarekin kudeatzen dira emanaldiak, eta balleta negozio hutsa da. Europaren kasuan, sentimenduek berebiziko garrantzia dute dantzan, eta balleta ikuspegi artistikoago batetik begiratzen da.

Dantzari on bat ez du teknikak bakarrik egiten; emozioak ere azaleratu behar direla esan ohi da. Zer garrantzia dute horiek gorputz adierazpenean?

Niretzat izugarrizko indarra daukate. Dantzariak gorputzarekin bakarrik dantzatzen baldin badu, gimnasta bat da; ez da dantzari bat. Dantza arte bat da, eta, artea izateko, emozioak behar dira tartean. Jende askok egiten du dantza ondo, baina, benetako dantzari bat izateko, sentimenduak transmititu behar dira; zerbait kontatu behar da, eta publikoak sentitu egin behar du. Dantza bizitzeak egiten zaitu benetako dantzari.]]>
<![CDATA[Atzera begirako poetika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/023/001/2019-08-10/atzera_begirako_poetika.htm Sat, 10 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/023/001/2019-08-10/atzera_begirako_poetika.htm Nire arreba Malu. Ordutik, 45.000 dokumentu baino gehiago bildu ditu afizioz egindako ibilbidean, eta euskal gizartearen erretratua egiten du haren artxiboak. Diapositibek, negatiboek, RC paperean egindako argazkiek, liburuen maketek eta koadernoek osatzen dute bilduma. Argazkilariak Donostiako San Telmo museoari eman dio dohaintzan bere argazki funtsa, irudi horien iraupena bermatu eta publikoaren eskura uzteko asmoz.

«Dena esanda daukat, argazkitan», dio Elizegik. 1961ean hasi eta 2013ra bitartean ateratakoak dira artistaren bilduma osatzen duten argazkiak. Inongo helburu zehatzik gabe, motibazio intimo batek bultzatuta hasi zen Elizegi argazkilaritzan. Irudi guztien agertokia Euskal Herria da, eta ingurune horren adierazle diren gaiak ukitzen dituzte bere argazkiek. Naturak presentzia handia du bere lanean; paisaia berdeek, enborrek eta belar metek osatzen dute bere bildumaren zati handi bat. Arkitekturari ere erreparatzen dio argazkilariak: baserri hutsek, Arantzazuko santutegiak eta arkitektura erromanikoak indar handia dute. Etnografia, artisten edo familiako kideen erretratuak eta irudi poetikoak ere aurki daitezke bildumako argazkien artean.

Maria Jose Aranzasti arte historialaria eta erakusketetako komisarioa da, eta gertutik ezagutzen ditu argazkilariaren lanak. Elizegiren irudiek «desagertzear» dagoen mundu bati «nostalgiaz» begiratzen diotela azaldu du: «Bere argazkiek denboraren joanaren konnotazio interesgarri bat dute». Argazki zuri-beltzak nagusi, kontraste handiko lanak egiten ditu. Sinbolismoa eta lirismoa jasotzen dituzte, tonu ezberdinak konbinatuta. Bere lanetan garapena eta aldaketa ditu mintzagai; Euskal Herriko hiriek eta landa eremuak jasan dituzten eraldaketak jasotzen ditu, esaterako, Perratoki edo Plasticos de Larrekotxe (Larrekotxeko plastikoak) argazki serieetan.

Jon Insausti Donostiako Udaleko kultur zinegotziak belar meta batekin konparatu du Elizegiren ibilbidea. Argazkien bidez «ondarea metatu eta ondo zaindu» duela nabarmendu du: «Gaur egun, metak ez dira ikusten, eta, horregatik, euskal gizartea eta gure historia ulertzeko Elizegik metatutakoa oso garrantzitsua da, aurrera begira, gazteek jakin dezaten zein izan den lehengo garai hori». Susana Sotok, San Telmo museoko zuzendariak, bilduma horrek museoari egin dion «ekarpen izugarria» nabarmendu du; izan ere, argazkilariaren edukiak museoaren helburuarekin bat datoz, euskal gizartearen hainbat garaitako irudia jasotzearekin, alegia. Horrez gain, ondarea eraikitzeko «funtsezko» piezak direla gehitu du.

52 urte argazkitan

Bere aitaren Kodak kaxarekin hasi zen Elizegi argazkiak ateratzen. Argazkilaritzaren inguruko ezagutza Laborde Hnos. enpresan (Andoain, Gipuzkoa) eskuratu zuen, Antonio Olabek argazki laborategian emandako prestakuntza medio. 1970eko hamarkadan egin zuen bere lehen seriea, Alkizan (Gipuzkoa), Juan Luis Goenagarekin batera: Txorimaloak. Ibilaldi bat egiten ari zela, enbor batean zizelkatutako aurpegi bat izan zuen inspirazioaren iturria.

Geroago, 1976an, Sustraietan lana plazaratu zuen. Aranzastiren ustez, «ikusteko baino gehiago, irakurtzeko» sortutako lana da; izan ere, argazkiak eta poemak uztartzen ditu. Lan horren bitartez, argazkilaritza «dar-dar estetikoa transmititzeko eta poemak sortzeko» gai dela erakutsi nahi izan zuen Elizegik. Serie horrek oihartzuna izan zuen, eta, pixkanaka, bere izena ezagun bihurtu zen. 1985ean, Harriz harri bilduma sortu zuen, eta, horretarako, Nafarroako arte erromanikoari erreparatu zion. Izaera plastikoa duten irudi zuri-beltzek osatzen duten bilduma da.

Urte luzez, argazki serieak egiten jarraitu zuen Elizegik; denak, Aranzastiren esanetan, «atzera begirako poetikaren barruan». Jose Luis Zumeta margolariak Usurbilen (Gipuzkoa) egindako muralari, Ur taldeari zein Amezketako (Gipuzkoa) Aste Santuari buruzko erreportajeak bildu ditu urteotan, baita zenbait artistaren erretratuak zein beren obren irudiak ere. Horien artean, ezagunena, Arantzazuko santutegiko fatxadan Jorge Oteizak egindako apostoluen argazki bilduma da. Horiez gain, kartelak eta egutegiak ere egin izan ditu, eta hainbat liburu eta katalogotan ere egin ditu kolaborazioak.]]>
<![CDATA['Madama Butterfly' opera datorren astean itzuliko da Hamabostaldira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/025/002/2019-08-09/madama_butterfly_opera_datorren_astean_itzuliko_da_hamabostaldira.htm Fri, 09 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1967/025/002/2019-08-09/madama_butterfly_opera_datorren_astean_itzuliko_da_hamabostaldira.htm Madama Butterfly obrarekin helduko da opera Donostiako Musika Hamabostaldira. Verismo italiarreko klasikoa hilaren 13an eta 15ean antzeztuko dute, Donostiako Kursaalean. Operak II. Mundu Gerrara egingo du salto, Ainhoa Arteta sopranoak interpretatuko duen Cio-Cio San geisharen istorioa kontatzeko. Protagonistak bere senideekin duen harremanetik abiatuta, AEBek Japoniari ezarritako blokeoa kontatzen du, eta Pucciniren garaikidea izan zen Louie Fulle dantzari eta idazlearen Danse serpentine pieza dantzatuko dute.

Emilio Lopez da obraren eszena zuzendaria. Madama Butterfly 2017an estreinatu zuen Valentziako (Herrialde Katalanak) Palau de les Arts antzokian, eta Musika Hamabostaldiko ikuskizunean «begirada ezberdin bat» ematea du helburu Lopezek: «Obra hau zuzentzen den bakoitzean produkzio ezberdin bat egiten da. Izan ere, interprete bakoitzak bere modura sentitzen du, eta hori da obra honek duen gauzarik bereziena. Aldiro, ezberdin sentitzen da, eta horrek artean zein antzerkian sakontzeko aukera areagotzen digu».

Madama Butterlfy munduan «gehien» interpretatzen den obra da, Guiseppe Finzi eszena zuzendariaren hitzetan. Ez da lana gidatzen duen lehen aldia: San Frantziskoko Operan (AEB) eta Essengo Aalto Theater-en (Alemania) egindako ikuskizunak ere zuzendu ditu. Pucciniren obrak duen berezitasuna «pertsonaien psikologia esploratzen duen musika» dela dio. Horrez gain, konpositorearen musikaren «alderdi guztiak azaleratzen dituen ikuskizuna» dela deritzo.

Artetarekin batera, Grabriel Bermudez baritonoa, Ana Cristina Marco kontraltoa eta Cristina Faus mezzosopranoa arituko dira, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatza mistoak ere hartuko dute parte emanaldian. Gorka Miranda koruaren zuzendariak obrak «etorkizun oparoa» duela deritzo. ]]>
<![CDATA[«Organoa pertsona bezalakoa da: joan, eta probatu egin behar da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-08/organoa_pertsona_bezalakoa_da_joan_eta_probatu_egin_behar_da.htm Thu, 08 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-08/organoa_pertsona_bezalakoa_da_joan_eta_probatu_egin_behar_da.htm
Nola aukeratu dituzue joko dituzuen obrak?

Organo ezberdinak daude —barrokoa, klasikoa, erromantikoa, postrromantikoa...—, eta, azkenean, instrumentuak berak ere errepertorioa baldintzatzen du. Tolosakoa, adibidez, Erromantizismo garaikoa izanda, ez litzateke aukerarik onena barrokoko obra bat jotzeko. Jo daiteke, baina ez da aukera egokiena. Gainera, Tolosako eliza handia da, erreberberazioa handia da; orduan, kontuan eduki behar da zer obra jo eta zer abiaduratan. Horrek denak baldintzatzen du, zer errepertorio aukeratu.

Musika Hamabostaldian jotzen duzun lehen aldia da? Zuretzat zer esan nahi du hor aritzeak?

Zikloan jotzen dudan lehen aldia da. Musika Hamabostaldian, organo zikloa eta kurtsoa egiten dira, eta, zikloak irauten duen bitartean, egiten da ikastaroa. Urtero irakasle gonbidatu bat egoten da, eta herrialde askotako jendea etortzen da. Sarritan, kurtso horretan ibilitako jendeari aukera ematen diote hurrengo urteko zikloan jotzeko. Ikastaroan parte hartu izan dut beste urte batzuetan, baina ziklo barruan kontzertua emango dudan lehen aldia da. Hemen parte hartzea aukera ona da, beste herrialdeetako organista askorekin batera. Azkenean, gu gazteak eta Euskal Herrikoak izanda, eskertzekoa da tokiko ziklo baten barruan bertakoentzako lekua egotea.

Hainbat organo jo izan dituzu (Markinakoa, Bergarakoa, Tolosakoa, Azpeitikoa...); zer alde dago batetik bestera?

Zuk hartu bi organo erromantiko: Tolosakoa (1885) eta Bergarakoa (1889), esaterako. Biak marka, erregistro kopuru eta garai berekoak dira. Eliza ezberdinak dira, Tolosakoak eta Bergarakoak ez dute zerikusirik, inondik inora ere. Orduan, tokiak instrumentua ezberdin egotea, ezberdin entzutea eragingo du. Organoak dituen erregistroen arabera ere diferentea izango da. Horrez gain, instrumentu horrek izan duen mantentzea eta zainketak ere eragina izango du. Beraz, pila bat faktore dago instrumentua bakarra egiten dutenak. Hor dago organoaren punturik interesgarrienetako bat: beti duzu instrumentu berri bat, eta Tolosan edo Bergaran jotzean edukiko dituzun sentsazioak guztiz diferenteak izango dira.

Beraz, jo aurretik probatu egiten dituzu organoak.

Hala da, organoa jo aurretik, lehenengo, ezagutu egin behar duzu. Organoa pertsona bezalakoa da: joan, eta probatu egin behar duzu. Azkenean, transmititu nahi duzuna ondo transmititzeko, instrumentuaren laguna egin behar zara: erregistro denak probatzen dituzu, banan-banan, zein erabil dezakezun, zein datorkizun ondoen... Adibidez, Tolosako organoak pila bat pisatzen du, nahiko instrumentu gaitza da, baina polita; soinu ederrak dauzka. Beste batzuk txikiagoak dira, eta errazago moldatu zaitezke.

Zer leku dauka organoak musika klasikoan?

Instrumentu askok orkestra baten barruan jotzeko balio dute, beste musikari batzuez inguratuta. Elizako instrumentu bat dela kontuan hartuta, organoaren funtzio nagusienetako bat mezan laguntzea da. Abesbatzarekin ere behar handia egiten dugu, haiekin lotura handia dugu. Organoak literatura pila bat dauka, eta, mezarakoaz aparte, musika asko dago organorako idatzita. Barroko garaia baino arinagotik hasi eta gaur egun arte idatzi izan da, orain ere idazten da, eta badaukagu zer jo. Gainera, Musika Hamabostaldiaren barruan, beti egoten dira pare bat obra estreinaldikoak. Badago jendea gaur egun ere idazten duena, beste instrumentuetarako bezala.

Zer presentzia du musika klasikoak gaur egun?

Nik pentsatzen dut behar asko dagoela egiteko. Kontzertuen antolakuntzaz gain, lan didaktikoari dagokionez, hutsune handia dago. Musika klasikoa entzuten duen jendea, egia esanda, beti izan da publiko formal bat; baina jendeari musika genero hau hurreratu behar zaiola uste dut, musika klasikoa ere disfrutatzen dela ikusi behar dute. Jendeak, azkenean, ez du ezagutzen; interes falta handia dago. Ezagutarazteko indarra egin beharko litzatekeela pentsatzen dut. Horrekin batera, uste dut herrian dagoen kultur programazioan ere parte hartu behar dela; entzule roletik, jarrera aktibo bat egon behar dela, alegia.

Etorkizunari begira, baduzu proiekturik buruan?

Musika Hamabostaldiko kontzertua prestatzen ibili naiz azken aste hauetan. Bestela, ez daukat kontzerturik. Baina Markina Xemeingo kulturgune eta udaletxearen laguntzaz ziklo berri bat hasi dugu, Musika Haizean. Musika klasikoko kontzertuak dira, eta aurten, esaterako, hiru kontzertu egin ditugu, martxoan. Beraz, datorren urterako antolatzen hasi behar naiz beste taldekide batzuegaz. Egia esan, herri mailan musika klasikoaren harira ziklo bat antolatzeak poza ematen dit; ondo sentitu naiz bertan lanean aritzean.]]>
<![CDATA[«Sinbiosia gertatzen da entzulearen eta abeslariaren artean»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-07/sinbiosia_gertatzen_da_entzulearen_eta_abeslariaren_artean.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1864/026/001/2019-08-07/sinbiosia_gertatzen_da_entzulearen_eta_abeslariaren_artean.htm
Strozziren lanak interpretatzen dituzun lehen aldia da?

Lehenago lan egin dut haren obrekin, baina jaialdian interpretatu behar ditugun abestiak berriak dira niretzat. Ez dut zuzenean proiektuaren sorkuntzan parte hartu. Manuel Vilak, Ars Atlanticako buruak, Strozziren monografiko bat egin nahi zuen, haren errepertorioa gustukoa zuelako eta bat zetorrelako berak txertatu nahi zuen zati instrumentalarekin. Emakume horrek musika asko idatzi zuen, eta garaiko autore oparoena bihurtu zen. Gainera, sarritan kanta ezezagunenak ere ezagutarazi behar dira; bestela, beti gauza bera egiten da, eta horrek ez dauka zentzurik.

Musika Hamabostaldian Ars Atlanticarekin batera arituko zara, lehenengoz.

Hala da. Vilak sortu zuen Ars Atlantica, eta proiektuaren arabera ahots eta instrumentu ezberdinekin egiten du lan; kasuan kasurako aproposenak bilatzen ditu. Hamabostaldian, Marta Infante mezzo-sopranoarekin batera ariko naiz; ez da harekin lan egiten dudan lehen aldia. Talde instrumentala ere ezagutzen dut; hiru kidez osatuta dago, eta horietatik birekin lan egin dut beste proiektu batzuetan.

Antzinako Musikaren Zikloaren barruan abestuko duzue. Zure errepertorioan ohikoa da genero hori?

Bai, nik denetik abesten dut: musika sinfonikoa, Erromantizismo garaikoa, postrromantizismokoa... Strozzi Italiako Seicentoaren parte da, Barroko garaiaren lehen urteetakoa, hain zuzen. Ezagutzen dut aldi hori, lehenago ere garai berekoak diren Monteverdi eta Ferrariren moduko artistak interpretatu ditut eta.

Katxalin elkartearentzat izango da kontzertuan bildutako dirua. Baina ez da ongintzazko proiektuetan parte hartzen duzun lehen aldia. Jendea laguntzeko erabiltzen duzu musika?

Urtero, gutxienez, ongintzazko pare bat kontzertutan parte hartzen dut; kasuren batean, sei kontzertu egitera ere iritsi naiz. Nire ustez, ondokoak laguntzea denok egin behar dugun zerbait da, ahal dugun heinean behintzat. Horrelako kontzertuak bi helburu nagusirekin antolatzen dira: lehena, eta garrantzitsuena, kontzertua antolatu duen elkartearentzat ahalik eta diru gehien biltzea da; bigarrena, berriz, entzule berriak erakartzea izaten da. Izan ere, kontzertua entzutera joaten direnak elkarteari laguntzeko egiten dute, eta ez da musika mota honen ohiko publikoa izaten.

Nazioarteko orkestra eta musika talde askorekin aritu izan zara. Zer eman dizu orkestra ezberdinekin lan egiteak?

Etengabeko ikasketa prozesua da, eta orkestra guztiek erakusten dizute zerbait. Esperientzia aberasgarria da; izan ere, musika ikusteko eta lan egiteko modu ezberdinak ezagutzen dituzu. Musika mundua globalizatua dagoen arren, ikuspegia aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Zenbat eta pluraltasun gehiago egon, orduan eta aberasgarriagoa izango da esperientzia. Publikoari dagokionez, askotarikoa da. Herrialde batetik bestera ez ezik, herrialde baten barruan ere alde nabarmena egon daiteke. Begi bistakoa da zein entzule dauden ohituta musika mota hau entzutera eta zein ez. Herbehereetan, esaterako, jendeak begiak ixten ditu; oso isila da. Gainera, haien jarrerak ere eragina du oholtza gainean dagoen interpretearengan. Izan ere, sinbiosia gertatzen da entzulearen eta abeslariaren artean.

Bakarlaria zara 1996. urtetik. Zer erantzukizun du figura horrek orkestra batekin aritzean?

Obratik obrara aldatu egiten da. Bakarlariak duen presentziaren araberakoa izango da haren erantzukizuna. Zailena izaten da interpretazio denbora laburra daukazunean; denbora tarte motzean erakutsi behar duzu zure lana ondo egiten ari zarela. Hala ere, eskarmentuak laguntzen du; hasieran, kontzertuak ematen nituenean beldur eszenikoa hor zegoen. Baina urteekin konfiantza hartuz zoaz. Ez duzu inoiz penagarri egingo; hobeto edo okerrago atera daiteke, baina beti egingo duzu duin.

Ez zara soilik zuzeneko kontzertuetan aritu izan, Harmonia Mundi, Chandos eta Naxosen gisako diskoetxeekin ere grabatu izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia?

Alde nabarmena dago zuzeneko batetik grabazio batera. Grabatzea ez zait gustatzen, ez duzulako edukitzen entzuleen estimulua. Hotza da; gela itxi batean zaude eta mikrofonoa ahoan duzu; arnasketa ere entzun egiten da. Ondorioz, grabaketak zuzeneko emanaldi batek baino gehiago ikaratzen nau. Gainera, askotan errepikatu egin behar izaten da hasieratik: soinu arraroren bat dela, akats bat dela... Zuzenekoak ere grabatu ohi dira, eta horrelakoak nahiago ditut; perfektu egongo ez diren arren, gehiago inspiratzen naute. Hala ere, batzuetan grabazioak garrantzitsuak dira; beharrezko lana da gerora errepertorio hori gorde ahal izateko.]]>
<![CDATA[Mahler Chamber Orchestrak ireki ditu Kursaaleko saio sinfonikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/001/2019-08-02/mahler_chamber_orchestrak_ireki_ditu_kursaaleko_saio_sinfonikoak.htm Fri, 02 Aug 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1950/025/001/2019-08-02/mahler_chamber_orchestrak_ireki_ditu_kursaaleko_saio_sinfonikoak.htm
Erromantizismotik ekin zioten atzoko kontzertuari. Mendelsshon eta Beethovenen lanak interpretatu zituzten, baita Chopinen obra bat ere. Azken horretan, Seong-Jin Cho pianista izan zen protagonista. 11 urte zituela eman zuen bere lehen errezitala, eta 2015. urtean egin zen nazioartean ezaguna, Varsoviako Nazioarteko Chopin lehiaketa irabazi zuenean. Hainbat zuzendarirekin aritu da lanean geroztik; Gergievekin eta Urbanskirekin, besteak beste.

Musika sinfoniko korala izango du oinarri gaurko kontzertuaren lehen zatiak. Zuzendariak sorterrira joko du Dvorak txekiarraren obra batekin, eta Kodalyren lan batekin jarraituko du emanaldiak. Atzo ez bezala, baina, ahotsa izango da nagusi gaurko kontzertuan.

Europa erdialdeko doinuak

Bi obra horiek ahotsen laguntza izango dute. Alde batetik, errepertorioa ezagun duten hiru bakarlari arituko dira: Katerina Knezikova sopranoa eta Adam Plachetka baxua, txekiarrak biak ere, eta Gyula Rab tenorra, hungariarra azken hori. Bestetik, Euskal Herriko hiru abesbatza ere igoko dira oholtzara: Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatza. Gorka Miranda azken bi talde horien zuzendaria da, eta proiektuaren berezitasuna haurrei parte hartzeko aukera ematea dela deritzo: «Ikuspegi artistiko batetik ez ezik, ikuspegi hezitzaile batetik ere mugarri da eurentzat. Oso aberasgarria da horrelako obrak egitea».

Schumannen 2. Sinfonia-rekin itxiko dute gaurko emanaldia. Mahler orkestrak ematen dituen kontzertuetan, gehien interpretatu ohi duen konpositorea da; izan ere, Daniel Harding orkestrako ohorezko zuzendaria aditua da konpositore alemaniarraren obran.

Vicente Alberola da orkestrako musikarietako bat, eta, kontzertuko errepertorioarena ez ezik, orkestraren «pluraltasuna» nabarmendu du:«Mahler orkestra aparta da, bai arlo musikalean, bai giza arloan».]]>
<![CDATA[Musikaz haratagoko irekiera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/027/001/2019-07-31/musikaz_haratagoko_irekiera.htm Wed, 31 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1958/027/001/2019-07-31/musikaz_haratagoko_irekiera.htm
Duo Guschlbauer bikotearekin eta Lauburu Sax Qartet taldearekin hasiko da eguna. Lehenak, Schubert, Beethoven eta Brahmsen lanak interpretatuko dituzte pianoarekin eta biolontxeloarekin. Ordu berean, Lauburu Sax Quartet Kristinaenea parkean ariko da. Andrea Castaño taldeko saxofoi tenorraren hitzetan, «publiko guztientzako erakargarria» izango da emanaldia: hainbat estilo nahastu, eta askotariko obra interpretatuko ditu laukoteak, Gershwinetik hasi eta XX. mendeko musikaraino.

Arratsaldean, Maushausek haurrentzako tailer bat egingo du. Itziar Okariz artistak sustatutako sormen proiektu bat da, eta hitzekin osatutako mural bat egitea da asmoa, poema batetik abiatuta.

Jarraian, Easo Eskolaniak eta Easo Gaztetxok, Arabatxo Abesbatzarekin batera, Hirira proiektua aurkeztuko dute. Paul Hindemithen Wir bauen eine Stadt (Hiri bat eraikiz) obra oinarri, haurren irudimena bultzatzea helburu duten dinamikak sortu dituzte. Sergio Pedrouso da egitasmoaren zuzendaria: «Obran abestuko duten haurrak izango dira ikuskizuneko eszenografia, jantziak eta dekoratua egingo dituztenak». Urtebetean, profesionalek gidatutako tailerren bitartez, hurrengo urteko Musika Hamabostaldian aurkeztuko den obra osatuko dute, zuzendariaren hitzetan, modu «sortzaile eta parte hartzaile» batean.

Kresala dantza taldeak emango dio jarraipena egunari. Ikono/grafiak obra aurkeztuko du, Faustino Aranzabalen eta Idoia Ibarzabalen gidaritzapean. William Shakespeareren Hemen zara bizi lanarekin hasi, eta hainbat poema eta soneto dantzatuko dituzte hamabi agerralditan. Aranzabalek mundu tradizionalaren «ikuspegi berriztatua» eskaintzen duen obra bat dela dio, «keinua, hitza eta mugimendua gorputz bakarrean batuta». Guztira 22 dantzarik hartuko dute parte, hainbat musikarik lagunduta. Zuzendariak emanaldiaren berezitasuna azaldu du: «Espazio eta gune oso esanguratsu batean arituko dira; badiari begira, itsasoari begira egingo duten dantza proposamen berezia da».

Hasiera ixteko, sua

Euskal Herriko Gazte Abesbatza Cor Jove Nacional-ekin (Herrialde Katalanak) batera arituko da. Isabel Mantecon, Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren zuzendaria da: «Kontzertu hau abesbatza honen etapa baten amaiera da. Zuzendari berriekin proiektu berrietan parte hartu eta abeslariek lan egiteko modu berriak ezagutzea da asmoa».

Urtero legez, kantu errezitala egongo da, gazteak trebatzeko asmoz, jaialdiak antolatzen dituen ahots-teknika ikastaroei amaiera emateko. Bukatzeko, Deabru Beltzak taldeak piroteknia, dantza eta musika uztartzen dituen emanaldi bat eskainiko du, Symfeuny. Mugerzaren hitzetan, eguneko azken ikuskizunaren bitartez, irekiera ekitaldiari «jai giroa» eman nahi izan diote, 80. urteurrena dela eta.

Hamabostaldi Solidarioa egitasmoa ere ekarri du gogora Mugerzak. «Zuzeneko musika ohiko zirkuituetatik at gelditzen diren tokietara eramatea» du helburu. Horren barruan, Julia Blasco sopranoak, Facundo Guerrero tenorrak eta Sarah Perarnaud pianoak bi kontzertu emango dituzte: goizean, Donostiako Txara II zahar etxean; eta arratsaldean, Andoaingo Sorabilla harrera etxean.]]>
<![CDATA[Begirada japoniar bat jazzari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1835/027/001/2019-07-27/begirada_japoniar_bat_jazzari.htm Sat, 27 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1835/027/001/2019-07-27/begirada_japoniar_bat_jazzari.htm
Jazza AEBetako artearen «adierazpide jasoa» dela dio Yamanakak, eta «munduko musika guztien jatorria» dela. «Etengabean aldatzen» ari den musika genero horretan, musikari bakoitzak bere sorterriko kultura txertatzeko aukera duela deritzo artistak. Horren adibide da Yamamoto, AEBetan hamar urte baino gehiago daramatzan piano jotzaile japoniarra. Bere musika ibilbidea han egin duen arren, sorterriarekin lotura estua dute bere lanek. Azkena, Goshu Ondo, Donostiako Jazzaldian aurkeztu zuen Easo abesbatzarekin batera, joan den ostegunean. Japoniako harmonien eta jazzaren fusioan oinarrituta dago lana. Arimasa ere bat dator horrekin guztiarekin; haren ustez, jazza «jatorri zehatz batekin lotu ezin den» musika generoa da.

Rei, berriz, AEBetako bluesa eta rocka uztartzen dituen artista da, eta jazza hizkuntzaren mugetatik kanpo dagoela deritzo. «Musikaren hizkuntzaren» bidez, hainbat jatorritako pertsonak elkar komunika daitezkeela uste du.

Japoniako jazzari eskainitako zikloan joko duten bost proiektuetatik hirutan emakumezko instrumentistak izango dira zuzendariak. Yamanakak Japoniako jazzean emakumeen artean «talentu handia» dagoela nabarmendu du. Hala eta guztiz ere, gehitu du oraindik «lan handia» dagoela egiteko. Musikariaren hitzetan, Japonian piano ikasketak egiten dituzten ikasleen %50 emakumeak dira; gitarraren kasuan, berriz, portzentaje hori txikiagoa da.]]>
<![CDATA[Kresal usaineko musika jaialdia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2019-07-25/kresal_usaineko_musika_jaialdia.htm Thu, 25 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2019-07-25/kresal_usaineko_musika_jaialdia.htm
Wave Rave izeneko ekitaldiarekin hasiko da jaialdia. Hainbat talde ariko dira, besteak beste, Niña Coyote eta Chico Tornado, Belako eta Maren; azken horrek emango die hasiera kontzertuei. Nazioarteko taldeak ikusteko aukera ere egongo da. Dancehall eta trap estiloak nahasten dituen Bag Gyal artista madrildarraz gain, Crystal Fighters taldea ere arituko da, indiearen eta musika elektronikoaren fusioa egiten. Portugaldik etorritako Marfox DJarena izango da gaurko azken kontzertua, Afrikako erritmoak uztartuz egunari amaiera emango diona.

Biharko egitaraua Dekot taldearekin hasiko da, rock alternatiboa eta indie musika nahasten dituena. Estilo bera landuko du, haren ostean, Algel Stanich artistak. Jarraian, Txiletik etorritako Mon Laferte eta elektro swing frantsesa jotzen duen Caravan Palace taldea izango dira. Eta Fuel Fandangok hartuko du lekukoa gero, musika flamenko eta afroamerikarra pop-arekin eta elektronikarekin uztartzen dituen bikotea. Anita Parker taldea ariko da gero; orain arte bi disko atera ditu Arrasateko (Gipuzkoa) taldeak, eta elektro swinga eta musika elektronikoa uztartuz girotuko du jaialdia. Eguna amaitzeko, DJ Papaya ariko da oholtza gainean.

Etzi, The Mani-las hirukotea izango da lehenik, rocka oinarri duen hiru emakumez osatutako taldea, hain zuzen. Jarraian, hainbat musika estilo uztartzen dituen James Room eta haren taldea, Weird Antiqua, igoko dira agertokira. Rufus Wainwright artista ere izango da jaialdian: Loudon Wainweight III eta Kate McGarrigle folk artisten semea goiz hasi zen musika ikasten. 1998an bere izena daraman diskoa atera zuenetik gaurdaino, lanak argitaratzen eta kontzertuak ematen jarraitu du. Bi hamarkadako ibilbideari errepasoa egingo dio oholtza gainean.

Carlos Tarque M Clan taldeko abeslaria izango da jotzen hurrengoa, eta bakarkako bere lehen lana aurkeztuko du, Tarque delakoa. Taldearen ildo nagusiari eutsiz, rock doinuez osatutako diskoa da. Jarraian, Backyard Babies hard-rock, punk eta rock musika uztartzen dituen talde suediarraren txanda izango da. XX. mendearen amaieran egin zen ezagun, eta rock eskandinaviarraren mugimenduan talde erreferentea da. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango da jaialdikoa. Bertan, betiko kantuez gain, aurten argitaratutako Silver & Gold diskoko abestiak joko dituzte. Hurrengoa, berriz, Peacky Joke taldeko abeslaria izango da: Lemy River. Eta bukatzeko, aurreko egunetan bezala, DJa egongo da; oraingoan, On&Onen txanda izango da.

Azken eguneko kontzertuak Lamera parkean egingo dituzte, doan. Zona Zero taldeak irekiko du egitaraua. Bermeokoa da taldea, eta 2012tik, hasi zirenetik, bi disko atera dituzte: lehena, 2016an, Sin Rumbo, eta bigarrena, berriz, Con la cabeza del reves, 2018an.

Ondoren, Sex Museum arituko da; rock psikodelikoz girotutako 30 urteko ibilbidearen ostean, joan den urtean argitaratutako diskoa joko du taldeak, Mussexum delakoa. Bukatzeko, The Bromsom taldeak emango dio amaiera jaialdiari. Euren kantuak jotzeaz gain, 70eko eta 80ko hamarkadetan nagusitutako Kool & The Gang eta Prince taldeen bertsioak joko dituzte.

Bien bitartean, gastronomiari ere erreparatuko dio festibalak, Bermeo Keep on Cooking dinamikaren bidez. Bertan, hainbat dastaketa eta azoka egingo dituzte. Gaur irekiko dute gune hori, Ugarte Anaiak txalapartariekin, Aukeran dantza taldearekin eta Crystal Fightersekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.bayofbiscayfestival.eus]]>
<![CDATA[Lau urte liburu bakarrean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1840/025/001/2019-07-20/lau_urte_liburu_bakarrean.htm Sat, 20 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1840/025/001/2019-07-20/lau_urte_liburu_bakarrean.htm Other Words antologia, egitasmoak osatu duen ibilbidea laburtzen duena. Lau urte dira Beste Hitzak abiarazi zutela, eta, Euskal Herriarekin batera, Irlanda, Eslovenia, Mazedonia eta Frisia elkarlanean aritu dira, hizkuntza ez-hegemonikoak saretu eta ezagutarazteko asmoz. Herrialde bakoitzeko idazleek besteetan eginiko egonaldietan sortu zituzten liburuan jasotako idazlanak. Guztira, bostehun ale argitaratuko dituzte, eta herrialde bakoitzean ehun banatuko.

Literaturatik abiatu zen Beste Hitzak proiektua, baina herrialdeek elkar ezagutzeko tresna ere izan dela azaldu du Imanol Galdos proiektuaren koordinatzaile nagusiak. Hasieran finkatu zituzten oinarriak itxuraldatuz eta aberastuz joan dira proiektuak aurrera egin ahala, eta «bide berriak» ireki dira, Galdosen ustez. Horrez gain, gogora ekarri du Europa handia izan arren badirela bertan «ehunka errealitate txiki» ere: «Denok dugu elkarren beharra. Aniztasuna zalantzan jartzen ari dira hainbat ahots, baina elkarri babesa emateak, dakiguna besteei irakasteak eta besteengandik ikasteak ere badu bere balioa. Nik uste dut hor dagoela programa honek umiltasunez egin duen ekarpena».

Proiektuan parte hartu duten idazleek bi hilabeteko egonaldiak egin dituzte beste herrialde batean, eta tokian tokiko errealitatearekin harremanetan sortu dute euren literatur pieza. Euskal Herritik hainbatek hartu dute parte urteotan, eta Noblek euren lana nabarmendu du: «Autoreak oso garrantzitsuak izan dira guretzat. Izan ere, proiektuaren oinarrian idazleen arteko trukeak eta egonaldiak zeuden». Yoseba Peña idazleak iaz aurkeztu zuen Hariak eleberria, eta, hain zuzen, liburuaren zati bat Irlandan idatzi zuen, bertan egin zuen egonaldian. Bide beretik, Beatriz Txibitek laster argitaratuko du Mugagabea poesia liburua, zeinak Eslovenian egindako egonaldia baitu oinarri. Ainara Maiak ere aurki plazaratuko du proiektuaren harira idatzitako Euskal poeta bat Mazedonian poema bilduma. Halaber, Ekaitz Goienetxeak eta Eneko Aizpuruak idazten eta lanak argitaratzen jarraitu dute proiektuan parte hartu ostean.

Asmo beretik abiatuta

Egitasmoan parte hartu duten herrialde guztiek badute ezaugarri komun bat: bertako biztanleek hizkuntza gutxitu bat edo ez-hegemoniko bat darabilte. «Sorkuntzaren aldeko aldarrikapena» da egitasmoa, Peter Tomaz Dobrila Beste Hitzak proiektuko esloveniar ordezkariaren ustez. Frisiako ordezkari Jelle Krol ere bat dator ideiarekin: «Gure idazleei begira, mugak gainditzea zen helburua; elkarrekin harremanak izate hori, jario hori sortzea».

Irlanderaren errealitatea azaldu du, halaber, Orlagh Ni Raghallaighek, proiektuaren Irlandako ordezkariak. Unescoren literatur hiria da Dublin, idazle entzutetsu ugari eman baititu; ingelesez idatzi dute, ordea, ospea lortu duten gehienek. Hala, egitasmoak hizkuntzari egindako ekarpena nabarmendu du: «Irlanderaz idazten duten idazleek irlanderaz mintzatzen den komunitate horrentzako idazten dute. Baina ez dute inolako oihartzunik hortik kanpo, ezta nazioarteko laguntzarik ere. Ez da inoiz halako diru laguntzarik egon irlanderaz idazten duen inorentzat». Tomazek gogora ekarri du itsasoz bestaldera dauden baina Europaren parte diren herrialdeak ere badirela —Karibeko Curaçao uharteko idazle batek ere parte hartu zuen egitasmoan—. «Gurea bezalako proiektu bat tresna izan daiteke Europaren muga geografikoak ireki eta errealitate txikien iraunkortasuna bermatzeko».

Lau urteren ostean, Beste Hitzak proiektua amaierara iritsi da. Bazkide bakoitzak nork bere ekitaldiarekin emango dio bukaera, baina azkena Dublinen izango da, hilaren 31n. «Pozik egoteko arrazoiak» daudela uste du Galdosek, eta adierazi du elkarlanari segida emateko asmoa badutela Beste Hitzak bukatu arren. Proiektua bozgorailu bat izan da, haren ustez, eta antzeko errealitateen hizkuntza komunitateetara iristea lortu du: «Bide honetan, hara eta hona ibiltzean, zenbait herrialdetatik galdezka etorri zaizkigu, eta interes handiarekin, gainera». Etorkizunera begira, ez dute baztertzen beste herrialde eta hizkuntza batzuekin elkarlanean aritzeko aukera.]]>
<![CDATA[Beste hitz batzuekin kontatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1858/030/001/2019-07-19/beste_hitz_batzuekin_kontatua.htm Fri, 19 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/1858/030/001/2019-07-19/beste_hitz_batzuekin_kontatua.htm
2015ean sortu zen proiektua, Europako Kultur Hiriburuaren izendapenaren testuinguruan, Donostia Kulturak eta Donostia 2016k sustatuta. Hedadura urriko hizkuntzak oinarri hartuta, egitasmoak literatura-sorkuntza egonaldiak antolatzeko helburua izan du. Kontuan hartuta Europako hizkuntza gutxituen mapa oso zabala dela, Galdosek nabarmendu du «oraindik ezkutuan dauden errealitateekin» topo egin nahi izan dutela. Gauzak horrela, hautaketa prozesu baten ostean, herrialde hauek aritu dira harremanetan Euskal Herriarekin batera: Eslovenia, Mazedonia, Frisia, Eskozia, Curaçao eta Irlanda.

Hautatutako 34 partaideek bi hilabeteko egonaldia egin dute urtero. Tokatutako herrialdea agertoki moduan hartuta, literatur lan bat sortu behar izan dute jatorrizko hizkuntzan. Horrez gain, bertako kultur eragile eta elkarteak ezagutu dituzte. Euskal Herriak atzerriko artistak hartu dituen modu berdinean, hainbat euskal autorek euren lana kanpoko herrialde batean egiteko aukera izan dute: Ekaitz Goienetxea eta Yoseba Peña izan ziren lehenak, 2016an. Urtebete geroago, Beatriz Txibite eta Eneko Aizpurua izan ziren proiektuko kide. 2018an, aldiz, Ainara Maia izan zen Euskal Herriko hautagaia.

Hizkuntza aniztasuna oinarri harturik, gai, iritzi eta gizarte sektore ezezagunak azaleratu nahi izan dituzte. Literatur eragileen elkarlana uztartzea, hizkuntza ez-hegemonikoetako komunitateen sarea sortzea eta horien arteko harremana sustatzea izan dira helburu nagusiak: «Antzeko dimentsioa dugun errealitateak gara, eta bakoitzak bere bidea egingo balu irentsi egingo gintuzkete. Horregatik da hain garrantzitsua egitasmo honek dakarren izpiritua, elkarri arnasa eman, elkarri gauzak erakutsi, ikasi, bultzada eman... Hori guztia dakar proiektuak bere baitan».

Literatura aitzakia

Abiapuntua literatura izan arren, proiektuaren koordinatzaile nagusiak dio «terminoaren zentzu zabalean» ulertu behar dela; izan ere, sortutako edukiak «oso izaera ezberdinekoak» direla adierazi du: «Literatur eremuan oinarritutako helburua zen, baina hortik harago joan da. Zerbait lortu badu programa honek, pertsonen —eta, hortaz, herrien— arteko harremanak estutzea izan da. Horrek daukan balioa ikaragarria da». Poema bildumetatik hasi eta saiakera bateraino, eskaintza zabala jasotzen du urte hauetan guztietan partaideek idatzi dituzten testuak jasotzen dituen bildumak; gaur aurkeztuko da.

Aniztasuna onuragarria eta aberasgarria delako ideia indartzen du programak. «Elkarrengandik ikasi eta elkarri irakasteko» prozesu modura definitzen du Galdosek proiektua. Errealitate txikiek duten elkarren beharra «gero eta nabarmenagoa» dela-eta, egitasmoak «bideak ireki» dituela nabarmendu du: «Txikitasunak badu bere alde ona. Mundu globalizatu honetan, txikitasuna batzuentzako arriskutsua da, eta programa hau bozgorailu bat da».

Abiapuntu ezberdinetatik hasi arren, antzeko errealitateen sare bat sortu du proiektu honek; hiztun komunitate gutxituena, hain zuzen. Testuinguru honetan, euskararen egoerari buruz hausnartu du Galdosek, eta Euskal Herria «erreferente bat» dela deritzo: «Jakina, erronka asko daude aurretik, ikaragarriak, gainera, baina nik uste dut ez dela gutxietsi behar herri bezala lortu duguna».

Nahiz eta proiektua amaitu den, hasierako planteamenduak hala eskatzen duelako, aurrera begira egingo diren beste egitasmo askoren aitzindaria dela azaldu du koordinatzaile nagusiak. Antologia azken emaitza izan arren, proiektuaren argazki osoa kontuan hartu behar dela dio Galdosek; izan ere, egitasmoa «liburu baten argitalpenaz harago» joan dela azaldu du. Adierazi du literatur edukiez gain «herrien arteko esperientziak» biltzen dituen bilduma bat dela, eta gerora etorriko diren proiektuei ekarpen kualitatibo eta kuantitatibo bat egin diela deritzo: «Programa honek bide berriak zabaldu ditu, elkarren arteko bide bat posible dela eta potentzial ikaragarriak daudela erakutsi digu. Lortutakoarekin ezin dugu lo hartu; momentu oso inportante batean gaude, baita hizkuntza kontuetan ere».

Ameriketako europarrak

Egitasmoa Europako muga geografikoen barruan egin den arren, itsasoz bestaldera iritsi da. Izan ere, Elvira Bonafacio (1984), programaren partaideetako bat, Curaçao irlakoa da. 2010eko urrira arte, Holandarren Antillen zati izan zen; geroztik, lurralde autonomoa da Herbehereetako Erresumaren barnean. Nederlanderarekin batera, papiamentoa hizkuntza ofiziala da; irlak 142.000 biztanle ditu, eta horietatik %81,2k papiamentoa erabiltzen dute. Papiamentoa kreolera bat da Afrikako zenbait hizkuntza, portugesa eta gaztelania nahasten dituena. Europako parte izanik, proiektuaren filosofiarekin bat egiten zuela ohartu zen proiektuaren koordinatzailea: «Berritzaile samarra zen, eta balio erantsia zuen. Gainera, papiamento hizkuntza duen idazle batek nazioarteko aitorpena jasotzen duen lehen aldia izan da».]]>
<![CDATA[Txikijazz jaialdiak musika haurrei hurbilduko die zazpigarren aldiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2115/027/001/2019-07-13/txikijazz_jaialdiak_musika_haurrei_hurbilduko_die_zazpigarren_aldiz.htm Sat, 13 Jul 2019 00:00:00 +0200 Alba Cabrera Jauregi https://www.berria.eus/paperekoa/2115/027/001/2019-07-13/txikijazz_jaialdiak_musika_haurrei_hurbilduko_die_zazpigarren_aldiz.htm
Jarduera plastikoak egongo dira jaialdiak iraungo duen lau egunetan. Ekintza guztiek publiko berriei musika modu didaktikoan eta dibertigarrian hurbiltzea dute helburu. Euskaraz egingo dira ekintza denak, baina frantsesez eta ingelesez egiteko aukera ere egongo da, Lacunza akademiaren eskutik.

Tailerrez gain, hainbat kontzertu egongo dira: Dan Barret Classic Jazz All Stars, Broken Brothers Brass Band, Makala & Jimmy Bidaurreta: Descarga Libre Seikotea eta Txikijazz Big Band.

Swing musika entzuteko aukera ere egongo da, uztailaren 26 eta 27an, Tabakalerako Kutxa Kulturren, Gelak izeneko aretoetan. Bertan, klake ikastaroak egingo dira, Larraitz Ugartemendiaren eskutik. Hainbat adin tartetako bi talde egongo dira, hamasei kidez osatuak: lehena, 5-8 urte bitarteko haurrentzat, eta bigarrena, aldiz, 9-12 urte bitartekoentzat.

Haurren alderdi sortzailea sustatzeko asmotan, Trakamatraka sormen-ikuskizun musikalak saio bikoitza egingo du: material birziklatuekin musika tresnak sortzeko tailerra, batetik; eta kontzertu bat, bestetik, gisa horretako tresnekin .

Azken egunean, Txikijazz Big Bang Bandak kontzertua emango du Kursaaleko terrazan.]]>