<![CDATA[Alex Uriarte Atxikallende | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 29 Nov 2021 15:53:57 +0100 hourly 1 <![CDATA[Alex Uriarte Atxikallende | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Musika mundutarra jotzearen poza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/031/001/2021-11-26/musika_mundutarra_jotzearen_poza.htm Fri, 26 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1879/031/001/2021-11-26/musika_mundutarra_jotzearen_poza.htm Eup!, Euskal Herriko zenbait ingurutan. Hiru urteko isilaldiaren ondoren, bueltan direla adierazteko asmoz, Elkano Browning Cream taldeak izen hori daraman diskoa kaleratu berri du. Mikel Azpiroz donostiarra da taldeko gidaria, eta, haren ustez, «arreta handiz ekoiztutako lana» da, «musikari apartez jantzia».

Duela hamabost urte ezagutu zuten elkar Elkano Browning Cream taldeko kideek: Mikel Azpirozek, Franck Mantegari frantziarrak eta Dave Wilkinson britainiarrak. Taldekide bakoitza maparen mutur batekoa izanda, AEBetan batu ziren, 2000ko hamarkadan. Bronxeko (New York, AEB) musika eszenak, nolabait, hiru musikariak elkartu zituen, eta haien proiektu musikala abiatu zuten.

Bi hamarkada geroago, bederatzi kantaz osatutako EP bat kaleratu dute: Azpirozek idatzitako sei kanta eta «taldekide guztien gustuko egileen» hiru abestiren moldaketak biltzen ditu. Piezak «espresuki» album horretarako sortuak diren arren, «badaude urteen zakuan gordetakoak ere». Bertsioei dagokienez, Abdullah Ibrahimen Someday Soon Sweet Samba, Joe Higgsen Steppin' Razor eta Willie Dixonen My Babe aukeratu dituzte.

«Hainbat arrazoi» izan dituzte gogoan, bertsioetarako egileak aukeratzeko orduan: «Abdullah Ibrahim hegoafrikarra jazzaren munduan gehien eragin diguten piano jotzaileetako bat da; Steppin' Razor abesti klasikoa da guretzat, Peter Tosh jamaikarraren mailako musikariek interpretatu izan dutena; My Babe, berriz, kultuko kanta da bluesa maite duen ororentzat, eta, gainera, taldeko abeslari ohi Matt Hardingek kantatu du diskoan».

Gitarrak, ahotsak, Hammond C3 organoak eta bateriak elkarturik sortzen duten soinua da Elkano Browning Creamen identitate erakusgarria. Disko berrian, funtsean, jazza eta bluesa landu dituzte, baina haien erreferentzia musikalen sorta askoz zabalagoa da, Azpirozen aburuz: «Batetik, onartu beharra dago diskoan blues asko dagoela, baina, bestetik, azpimarratu behar dugu beti sentitu dugula edozein musika entzuteko askatasun osoa».

Interes horrek eraman ditu azken lanean eskala zingaroak, gitarra pasarte psikodelikoak, oinarri erritmiko afrikarrak eta melodiaren kutsu hipnotikoa lantzera, besteak beste. «Aurreneko diskotik sartu ditugu horrelako erreferentziak, gure izaera pluralarekin bat datozelako». Azpirozek eta haren kideek, beraz, musika aditzen dute, estiloen eta sailkapenen gainetik: «Taldekideok ez dugu sinesten etiketetan, egungo joera dena estiloetan etiketatzea izan arren. Beti diogu munduko musika entzutea gustatzen zaigula, eta, ondorioz, musika mundutarra jotzeak pozez betetzen gaitu: jazza, bluesa, soula, rock-and-rolla edo dena delakoa».

Eklektikotasuna identitate

Disko berrian hainbat jatorritako ñabardurak «naturaltasun osoz» jorratu dituzte. «Lana ez dugu egin berritasunerako grinaren prismatik, baina nahitaez senti daiteke gure estiloaren kutsu eklektikoa». Horren harira, Sutan suite abestia aipatu du Azpirozek. Hamaika minutuko pieza bat da, «hainbat pasarte eta interludio musikal» dituena: «Ez da, nolabait, abesti klasikoa, baina suite barroko baten zantzuak ditu, gitarrarekin egiten ditugun jolasetan, adibidez».

Abestiak konposatzeaz gain, ekoizpen lanaz ere arduratu da Azpiroz. «Lan handia da, neketsua, baina beti sinistu dut autogestioan eta do it yourself ideologian». Ekoizpena «ardurak eta aukerak» biltzen dituen prozesua da, «auzolanetik asko» duena: «Analogia ikusten dut baserri munduko eta diskoen ekoizpeneko atazen artean; bietan prest egon behar da tokatzen den lana egiteko, edonolakoa izanik ere».

Dena dela, Eup! ez da lan oso konplexua produkzio aldetik. «Elkano Browning Cream osatzen dugun musikariok urteak daramatzagu elkarrekin jotzen, eta, beraz, nahiago dugu gure artean sortzen dugun freskurari eta originaltasunari garrantzi guztia eman, postprodukzioari eman ordez». Nahasketak egitean zenbait efektu baliatuagatik ere, gogoan dituzte aspaldiko rock-and-roll diskoak: «Tranparik eta iruzurrik gabeak dira, bene-benetakoak, eta musikarien arteko xarma da protagonista bakarra».

Azaroan, lau kontzertu dituzte Eup! aurkezteko: gaur, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean arituko dira, eta, bihar, berriz, Madrilen. Baina Azpirozek letra larriz markatuta duen emanaldia igandekoa da, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango duten kontzertuarena: «Ezagunen aurrean musika egitea egundoko gozamena da beti». Baina gozamena gozamen, erantzukizuna ere igartzen du: «Bi urte eta erdi dira Donostian jotzen ez dudala, horrek dakarren ardura psikologikoarekin». Azaroko azken emanaldia Eibarren (Gipuzkoa) izango da, asteartean, Helmholtz organoaren inguruko jaialdian.

Hainbat disko ekoitzi, egile ugarirekin lan egin eta musikaren banderapean mundu osoa ertzetik ertzera zeharkatu duen egungo eskarmentudun musikariak sei urterekin pianoa jotzen ikasten hasteko zorian zegoen Mikel Azpiroz hari zer aholkatuko liokeen itaunduta, erantzuna argi asko du: «Bidearen zailtasunaz ohartaraziko nioke, baina merezi duela argi utzi; ematea eta jasotzea gustuko duen heinean, gogor saiatzeko eskatuko nioke».]]>
<![CDATA[Emakume kirolarien plaza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/036/001/2021-11-26/emakume_kirolarien_plaza.htm Fri, 26 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1859/036/001/2021-11-26/emakume_kirolarien_plaza.htm Kirolari gaittun Youtubeko podcast saioa.

«Kirolaren inguruko emakumeek beren bizipenak lasai asko kontatzeko gunea». Horrela definitu du Urkirik sortu duten proiektua. Izan ere, kirolean dagoen generoen arteko arrakala bistaratzen dute, «goi mailan dauden emakumezko kirolariak eta emakume taldeak egon badauden arren». Bikoiztasun hori agerraraztea da, besteak beste, haien jomuga: «Hedabideek zerbait irabazten dutenean bakarrik erreparatzen diete emakume kirolariei; hortik kanpora, ez zaie ematen ikusgaitasunik, eta hori ez da bidezkoa», dio Urkirik.

Edozein egitasmo abian jartzeko garai zailak direla jakitun, Urkiri eta Garmendia «elkarlanik oinarrizkoenean» hasi dira lanean. Hain zuzen ere, Garmendiaren soinu mahaia erabili dute, eta, horrela, orain arteko elkarrizketak toki ezberdinetan egin dituzte. Horrekin, diotenez, «elkarrizketatua ez dugu derrigortzen toki jakin batera joatera, eta erraztasunak ematen dizkiogu».

Eskarmentua abiapuntu

Irrati plato mugikorrarekin eta tonaka ilusiorekin, Maitane Urbieta kirol esatariak bataiatu du saioa. Bi aurkezleentzat, «pisu handiko norbait» da Urbieta: «Ez dago pertsona hoberik gure proiektua jendeari erakusteko, Maitane Urbieta, egun, boladan dagoen kazetaria baita». Europa Ligako partiden narrazioak egiten dituen emakumezko esatari bakarra da Urbieta, eta Urkiri eta Garmendiaren proiektuaren «isla garbia». «Unibertsitatean hasi nintzenetik jarraitzen dut; gutxienez, duela hamar urtetik», dio Urkirik.

Irratsaio pilotuko esperientzia «biribilaren» ostean, bi gurpilen gainean jarri dira esatariak Irene Caminos trail txirrindularitzako Europako txapelduna elkarrizketatzeko. «Umiltasuna eta naturaltasuna» igarri dituzte Caminosengan: «Izandako lorpenak eta oztopoak modurik xumeenean kontatu zizkigun, eta horrek, esatari gisa, asebete egin gintuen». Euskal Herrian, trail txirrindularitza kirol minoritarioa da, eta hori ere bada borroka bi esatarientzat: kirol minoritarioentzako eta izen handirik gabeko kirolari gazteentzako plaza izan gura dute. «Guk erreferenteak sortu nahi ditugu, eta isileko eredu den emakumezko kirolari orori ahotsa ematea dugu helburu. Caminos Europako onena da, baina aitortu zigun mutilekin entrenatzen hasi behar izan zuela, Euskal Herrian emakumezko trail txirrindulariaren noziorik ez dagoelako».

Gazteen plaza izateaz gain, eskarmentuarena ere izan nahi dute Garmendiak eta Urkirik: pentsatzen ari dira haientzat erreferente izandako kirolari ohiak mikrofonora ekartzea, «eskarmentuak ere gauza interesgarri mordoa baitu esateko».

Datozenei so, aurreratu dezaketen bakarra da euskal jatorriko kirolekin eta futbolarekin lotutako pertsonak elkarrizketatuko dituztela. «Horietako bat txapeldun izan berri da, gainera», Urkiriren berbetan.

Jendearengana iristea lortu duenaren poza nabari zaie biei, saioak jasotako harrera beroaren zantzu. «Ez nuen uste nire kuadrillakoek podcasta entzungo zutenik», dio Urkirik, irribarretsu. Elkarrizketatuek ere aitortu diete eroso egon direla; «helburuak betez doaz, beraz». Solasaldiak amaitzeko, galdera bera egiten diete gonbidatuei: «Hurrengo elkarrizketatua emakumea eta kirolaria dela bakarrik jakinda, zer galdetuko zenioke?». Urkirik argi du zer itaunduko liokeen: «Zein izan da jaso duzun mezurik frustragarriena?».

Berriak genero analisirik eta generoaren araberako diskriminazio positiborik gabe landu ahal izatea dute amets, «hori, behingoz, berdintasun informatiboaren adierazle izango litzatekeelako».]]>
<![CDATA[Era askotako musika izango da gaur Gaztea Maketa Lehiaketako finalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/036/001/2021-11-25/era_askotako_musika_izango_da_gaur_gaztea_maketa_lehiaketako_finalean.htm Thu, 25 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1857/036/001/2021-11-25/era_askotako_musika_izango_da_gaur_gaztea_maketa_lehiaketako_finalean.htm
Aurtengoarekin, 30 aldiz egin dute lehiaketa, betiere Euskal Herriko talde gazteei ikusgarritasuna eta musika zirkuitu batean sartzeko aukera ematea xede dituela. Haren bereizgarrietako bat, Xabier Doncel Gazteako zuzendariaren aburuz, «bi ertzeko hautaketa prozesu parte hartzailea da»: «Batetik, Julen Idigoras, Izaro Andres eta Josu Ximun Billelabeitia musikariek osatutako epaimahaiaren botoak daude, eta, bestetik, entzuleenak».

Hiru epaimahaikideek aurkeztutako maketa guztietatik hiru aukeratu dituzte aurtengo finalerako; hautaketa horri entzuleek gehien bozkatutakoa gehitu behar zaio. Horrenbestez, lau dira finalean taularatuko diren hautagaiak.

Orotariko proposamenak

Doncelek, gainera, adierazi du aurten txapelketan «denetariko proposamenak» izan dituztela; dena dela, azpimarratu du «egungo musika» jorratu dela gehien; ildo horretan, maketa lehiaketa «Euskal Herrian entzuten eta lantzen den musikaren isla» dela gehitu du. Isla horren barruan, «emakumeen presentziaren gorakada eta askotariko estiloak» nabarmendu ditu. Iaz, pandemia tarteko, Donostiako Viktoria Eugenian egindako saio «alternatiboaren» ostean, aurten Kafe Antzokira itzuli da, eta, Doncelek dioenez, «rocka bueltan da».

Finalista bakoitzari helduz, Mirua taldea Tolosako lagun batzuek osatzen dute, eta soinu elektronikoetan errotutako proposamena dute. Antzeko giroak jorratzen ditu Silitia taldeak, alde elektronikoa rockarekin zein poparekin nahasten baitute. Udda izenekoa Aitor Armentia gasteiztarraren bakarkako proiektua da. 20 urte izan arren, badu esperientziarik musikaren alorrean: 2021eko uztailean bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, En las nubes izenekoa. Sara Azurzak hainbat musikarirekin kolaboratu du, besteak beste, finalean bere bandako kide gisa ibiliko den Iker Laurobarekin. Soul doinuak onduko ditu Azurzak gaur gauean.

Epaimahaiaren saria lortzen duen musikariak 5.000 euro eskuratuko ditu, baina, batez ere, 2022ko BBK Live jaialdian jotzeko parada izango du. Entzuleen saria, berriz, 2.500 eurokoa izango da. Bestalde, sariketaren 30. urteurrena kari, Harrobia saria estreinatuko dute: izena eman duten taldeetako batek lau abestiko EP bat grabatu ahalko du, Oso Polita diskoetxearekin. Sail horretako garailea ere gaur argituko dute.

Finala 21:00etan abiatuko da, edukiera bete arteko sarrera librearekin. Musikariek ordu erdi izango dute epaimahaia konbentzitzeko. Halaber, emanaldia streaming bidez ikusi ahalko da: Gaztearen Youtube kanalean eta eitb.eus atarian.]]>
<![CDATA[Belarri gazteenentzako musika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-11-20/belarri_gazteenentzako_musika.htm Sat, 20 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-11-20/belarri_gazteenentzako_musika.htm
Atzo, zikloaren antolatzaileek datorren denboraldiaren xehetasun guztiak aurkeztu zituzten Euskadiko Orkestraren Donostiako egoitzan. 2022rako prestaturiko saio guztiak plazaratu zituzten Musika Gela babesten duten erakunde guztietako ordezkariek. Bertan izan ziren Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañada eta Kursaal Eszenako musika klasikoko arduradun Patrick Alfaya.

Aurtengo edizioa hiru ekoizpenez osatuta dago: Euskadiko Orkestra Cirkus, Living Room Music eta Botadun katua. Hiru ekoizpenok, gainera, bi formatutan emango dituzte, ikus-entzuleen beharretara moldatze aldera: batetik, Eskola Kontzertuak izeneko egitasmoa prestatu dute, hezkuntza zentroetako ikasleei zuzenduta; bestetik, Musika Familian izenekoa atondu dute, familian ikusteko egokitutakoa.

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 100 ikastetxe inguruko 9.000 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute aurten Eskola Kontzertuetan. Musika Familian sailari dagokionez, Euskadiko Orkestrako zuzendari Oriol Roch «harro eta pozik» agertu da, atal horrek «25 urteko ibilbide luze eta finkatua» bete duelako orkestraren egitarauaren parte izanez.

Proiektuaren oinarria den kontzertu eskaintza hori egiteaz gainera, Musika Gelak berriz helduko die entsegu irekiei. Egitasmo horiek, antolatzaileen hitzetan, «espreski» zuzenduak daude kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei; izan ere, aukera ematen dute orkestrako musikari profesionalek, emanaldi bat hasi orduko, lantzen duten guztia hurbiletik ezagutzeko. Aurtengo entsegu irekia martxoaren 10ean izango da, Donostiako Kursaaleko auditoriumean; ekitaldi horretarako aukeratu duten pieza Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa da, eta Pinchas Steinbergen batutapean joko dute.

Hiru ardatz nagusi

Proiektuaren antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Musika Gelaren oinarria osatzen duten hiru ekoizpenak adin desberdinetako umeei zuzenduta daude: «Musikariek adin bakoitzari egokitutako obra bat sortu dute, bere gain hartu baitituzte moldaketa eta prestaketa prozesu guztiak».

Euskadiko Orkestra Cirkus 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat planteatu dute. «Umeei jazza, herri musika, aretoetakoa eta musika kultua transmititu nahi dizkiegu, , alaitasunezko eta fantasiazko ingurumari batekin egindako fusioaren bidez», argitu du Rochek.

Horretarako, 40 minutuko pieza «labur baina dinamikoa» jorratu dute: «Pituxa pailazoak, zirkuko atrezzo koloretsuak, ekilibristek, magia jokoek eta exotismo melodiko zein tinbrikoek lagunduko diete musikariei», azaldu dute. Azaroan eta urtarrilean aurkeztuko dute Euskadiko Orkestra Cirkus. Batetik, Eskola Kontzertuak egitasmoaren barruan eskainiko dute; hurrengo astean izango da, astelehenetik ostegunera artean, Euskadiko Orkestraren egoitzan. Musika Familian sailean ere emango dute: urtarrilaren 29an, Kursaaleko Ganbera aretoan, eta 30ean, Gasteizko Garcia Lorca antzokian.

Egitasmoaren bigarren geltokia Living Room Music izenekoa da. Orkestrako kideek 50 minutuko lana ondu dute, 6 eta 10 urte arteko umeei zuzenduta. «Gidoi gaurkotua duen emankizun bat» dela adierazi dute; izan ere, berrogeialdia egin beharraren ondorioz, atzerriko hiri batean harrapatuta geratzen diren lau musikariren istorioa kontatzen du Living Room Music-ek, alegia, «bizi garen garai hauetara egokitutako gai bat du», Cañadaren aburuz.

Emanaldi hori ere Eskola Kontzertuak eta Musika Familian sailetan sartu dute, bakoitzari dagokion kontzertu zerrenda osatuta. Ikasleek bihar izango dute Living Room Music-ez gozatzeko parada; hurrengo astean ere, asteazkenetik larunbatera artean emango dute, hori ere orkestraren egoitzan bertan. Familiek, berriz, egun bakarra izango dute: urtarrilaren 22a.

Botadun katua da ziklo musikala osatzen duen lana. Charles Perrault idazle frantziarraren liburua literatura unibertsalaren klasikoetako bat da, Per Poc txotxongilo taldeak orain «molde berri batez» interpretatuko duena, Cañadaren hitzetan.

6 eta 10 urte arteko umeei zuzenduta dago, eta, 55 minutuz, Luis XVI.aren gortean murgiltzen du ikus-entzulea. Obrari «kutsu poetikoa, viktoriarra eta bisuala» emateko, Euskadiko Orkestrako talde instrumental barroko batek esku hartuko du, «formatu handiko kontzertu batean», antolatzaileen arabera. Helburua, izan ere, haur eta gazteak aldi historiko jakin batera hurbilaraztea da, «garai hartako kulturaren eta, bereziki, musikaren aberastasuna ezagutu dezaten», dio Rochek.

Botadun katua ikusteko, hiru egun izango dira 2022an: martxoaren 30ean eta 31n, ikasleek ikusi ahalko dute, Kursaalean; apirilaren 10ean, berriz, familian ikusteko kontzertua emango dute, Gasteizko Principal antzokian.

Saio berezia Durangon

Aipatutako hiru ekoizpenez eta entsegu irekiaz gain, Euskadiko Orkestrak parte hartuko du hurrengo larunbatean Durangoko Musika Hamabostaldian (Bizkaia). Kontzertu horretarako, gainera, Musika Gelaren azken edizioko ekoizpen «berezi eta arrakastatsuenetako bat» berreskuratuko du, Rochek esan duenez: Mozart, Nannerl eta lagunak.

Ikus-entzunezko emankizun bat da, Wolfgang Amadeus Mozart konpositorearen eta haren arreba Maria Anna Mozart Nannerl-en nondik norakoak kontatzen dituena, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua. Saioa 19:00etan hasiko da, Durangoko Agustin antzokian.]]>
<![CDATA[Euskarari arnasguneak sortuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2021-11-20/euskarari_arnasguneak_sortuz.htm Sat, 20 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2021-11-20/euskarari_arnasguneak_sortuz.htm ger vasconum izena eman zioten erromatarrek baskoien lurraldeko barnealdeari. Eremu hartako biztanleen bereizgarri nagusia haien mintzaira zen: euskara.

Mendeek beste noranzko baterantz eraman dituzte bertako bizilagunen hizkuntza praktikak, eta, egun, euskarak Nafarroa erdialdean eta hegoaldean duen presentzia, tamalez, oso txikia da. Beharrizan horri erantzuteko sortu zen, hain zuzen ere, Errigoraren Agerraldia: Nafarroako lurralde horretan euskararen kaleko erabilera hauspotzen duen talde eragilea. Bultzada lan horren azken adibidea umeentzako euskarazko ludotekak dira.

Iaz 11 herritan abiatutako proiektu horrek gorakada izango du 2022an. Izan ere, zazpi herri batu dira zerrendara: Andosilla, Antzin, Irunberri, Sartaguda, Oteitza, Abartzuza eta Viana. Euskararen erabilerarekiko konpromisoa beste urte batez berretsi dutenak, ostera, hauek dira: Azkoien, Allo, Erriberri, Garinoain, Caparroso, Castejon, Sesma, Lodosa, San Martin Unx eta Mendigorria.

Agerraldiak tankera ugaritako dinamizazio eta sustapen lanak egiten ditu, denak euskararen eta kulturgintzaren inguruan. Ludotekenak piztu du, hain zuzen, ilusiorik handiena Nafarroako eremu horretako bizilagunengan.

Espazioon sorrera eta koordinazio lanetan parte hartu dute, besteak beste, Errigorako kide Peru Aranburuk eta Sortzen guraso elkarteko koordinatzaile Marta Diez Napalek. «Nekeza da euskarazko ludotekak martxan jartzeko prozesua, hainbat arrazoi direla medio: batetik, herri bakoitzak ume kopuru jakin bat duelako, eta herririk herri aldeak dudelako biztanle kopuruari dagokionez; bestetik, eremu geografiko horretan euskararekiko atxikimendua ez delako beste batzuetan bezain errotua», haien ustez.

Azaroaren 8an plazaratu zuten ludoteken aurtengo programa, Tafallan. Aurkezpen ekitaldi hartan, denetariko hezkuntza ereduetan diharduten umeak elkartu ziren Ene Kantak-en ikus-entzunezkoaren inguruan, euskarazko doinuak ikastetxeetatik kalera ateraz. Aurkezpen ekitaldian, gogoan izan zuten Errigoraren aurtengo udazkeneko kanpaina: 15.500 elikagai saski saldu dituzte, eta salmentatik ateratako 235.000 euroko etekinak bultzada eman dio euskalgintzaren egitasmoari Nafarroan.

Antolatzaileak itxaropentsu ageri dira, beraz, 2022ra begira. Errigorakin, Sortzen guraso elkartearekin, Ikastolen elkartearekin eta AEKrekin elkarlanean, agenda zabala gorpuztu dute, eta ludotekak agenda horren ardatz esanguratsuenetako bat izatera iritsi dira.

Herriak egiten du herria lelopean, Aranburu eta Diez Napal orainetik etorkizunera begira daude: «Haurren euskararen egungo erabilerak etorkizuneko euskararen erabileraren mapa irudikatuko du; badira nahikoa motibo, hortaz, gaztetxoenekin lan egiteko», diote.

Ludoteketan diharduten talde eragileek oinarrizko hiru helburu dituzte: euskararen ezagutza bultzatzea, euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera baikor eta inklusiboak indartzea. Espazio horiek, horrenbestez, bete-betean bat egiten dute xedeokin: «Funtsean, euskara arlo akademikotik kalera ateratzeko eremuak dira», Aranbururen arabera.

Umeei ezartzen zaien baldintza bakarra euskaraz mintzatzea da. Abiapuntu horrekin, «haur talde bakoitzaren nortasunera egokitutako denetariko jarduerak» egiten dituzte, Diaz Napalen hitzetan. Talderik aktiboenek mugimenduarekin lotutako jarduerak egiten dituzte, fisikoagoak; multzo mantsoagoek, berriz, irakurketak, eskulanak eta gisako ariketa «pausatuagoak».

Emozioak ardatz, garaiotan

Aurten, berrikuntza gisa, emozioen kudeaketa ere landuko dute ludoteketan. «COVID-19ak sortutako pandemia egoerak zinez gogor eragin die gizarteko sektore guztiei, haurrak barne. Horrenbestez, oso garrantzitsua da umeei haien sentimenduak kudeatzeko lanabes egokiak ematea», Diez Napalen ustez. Horretarako, ludoteketan beharrean ibiliko diren begirale guztiak alor horretan formatu dituzte.

Ez dute umeen adinaren araberako zatiketarik egin: «Euskararekiko hurbiltasuna eta atxikimendua sentitzen duten haurren kopurua oso murritza da Ager aldeko herrixketan; biztanle nukleoak eurak ere txiki-txikiak dira». Hortaz, 3 eta 12 urte bitarteko umeekin egingo dute lan ludoteketan, baina «tokian tokiko egoeretara» moldatuko dira.

Lan eskerga handitu egin zaie, eskariak ere gora egin duen seinale. Herrien zerrenda 11tik hemezortzira mardultzea horren agerkaria da. Aranbururen ustez, «zantzu oso ona da, argi eta garbi erakusten duelako euskaltzaletasunarekiko sentsibilizazioa ere gora egiten ari dela». Herri batzuetan, gainera, bi talde sortu behar izan dituzte, eskakizunaren gorakada kari.

Epe ertainera, ludoteken bideragarritasuna independentea izatea gustatuko litzaieke bi kudeatzaileei: «Bihar Agerraldia edo Errigora existituko ez balira ere, ludotekek beren kasa aurrera egitea nahiko genuke». Zidor horretan, baina, Nafarroako hizkuntza politikek garrantzi oso esanguratsua dute: «Tafallako ludotekak, esate baterako, udalaren diru laguntza jaso zuen, eta, horrela, kostuaren erdia baino ez zuten bere gain hartu behar izan», azaldu dute.

Etorkizunera so, «gero eta agenda osatuagoa ontzeko lanetan gogor jarraitzea» dute jomuga. Bien bitartean, ludoteken «konpromiso eta erantzukizun ariketa kolektiboa» urrats sendoz doa aurrera, beren leloak dioen legez, euskara nafar guztiena baita. ]]>
<![CDATA[Dragoi itxurako zaldizkoena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/030/001/2021-11-19/dragoi_itxurako_zaldizkoena.htm Fri, 19 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1879/030/001/2021-11-19/dragoi_itxurako_zaldizkoena.htm Harriet komikigilea (Hernani, Gipuzkoa, 1954) argitaratu berri duen Mugako dragoiak liburua idazterakoan. Atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkeztu zuen bere argitaletxearekin kaleratu berri duen azken komikia, berarekin lanean ibili diren bi lagunekin batera: Ivan Gil marrazkilaria eta Garluk Agirre kolorista.

Mugako dragoiak komikiak liburu bakarrean biltzen ditu Harrieten ibilbide profesionalean zutabe izandako langaiak: historiaren azterketa, fikzioarekin uztarturiko kontaketa, emakumezkoen ahotsa eta euskal jatorria duten baina emigratu egin duten pertsonaien bizipenak. Horretarako, egilearen hitzetan, «urteetako dokumentazio lan gogorra» egin behar izan du.

Lanaren hazia, baina, txiripaz ernaldu zitzaion, argitu duenez: «Itxarongela batean nintzela, aldizkari sentsazionalista batean 'Indiarrak garaitu zituen lehenengo zalduna Hernanikoa zen' izenburua irakurri nuen». Horrela egin zuen topo Juan Bautista Antza izen-abizenekin.

Antza, hain zuzen, Cuerako zaldunak izeneko zalditeria taldeko partaidea izan zen; talde horren egitekoa Espainia Berriko —egungo AEBak— muga defendatzea zen. «Horrexegatik kalifikatu dut komiki hau western edo prewestern historiko gisa», dio.

Harrietek hasieratik izan zuen argi pertsonaia historiko zinez mamitsua dela. «AEBetan Euskal Herrian baino garrantzi handiagoa eman zaio Antzari pertsonaia historiko moduan; badakite, besteak beste, San Frantzisko hiribildua berak fundatu zuela eta Mexiko Berriko gobernadorea izan zela».

Harrietek fikzioarekin blaituta kontatu ditu Antzak eta Cuerako zalditeriak Adar Berde izeneko indiar buruzagiaren kontra izandako pasarte historikoak. Prozesu horretan bidaide izan ditu Ivan Gil eta Garluk Agirre.

Bien lana «funtsezkotzat» jo du idazleak: «Ivanen marrazkiek nire gidoiaren sostengu eta ikusgaitasun lanak egin dituzte, eta Garluken koloratzeak sinesgarritasuna eman dio konposizio guztiari».

Ikuspuntu humanista batez

Jakinik historiaren kontaketak sarritan bereizten dituela «onak eta txarrak», «haiek eta gu», «irabazleak eta galtzaileak» eta halakoak, Harrietek bestelako ikuspuntu batetik heldu dio Cuerako zaldun edo dragoien gaiari.

Bide horretan, liburuko pertsonaia bakoitzari «ahots propioa» ematen saiatu da: «Talde bakoitzean pertsona onak eta maltzurrak daude, hau da, zalduna edo amerindiarra izateak ez ditu pertsonaiak sailkatzen, bi bandoetan denetariko izaerak baitzeuden». Hortaz, pertsonaia oro «dagokion humanismoarekin» landu du Harrietek.

Halaber, liburuko protagonista hautatzeak ere «buruko minak» eman dizkio. Izan ere, Harrietek bere lanetan jorratu ohi duen genero eta klase berdintasunari jarraikiz, pertsonaia nagusia hurbila eta apala izatea nahi zuen, hots, «ohiko topikoei ihes egiten diena, eta irakurleak ondo ezagutu ahalko duena». Hautu horren fruitua da Migel, zalditeriako kadete gaztea. Hura da, eta ez Juan Bautista Antza kapitaina, benetako protagonista.

Kontakizunean, «gidoilariaren lizentzia txikiak» hartu ditu. Askatasun hautu horren erakusgarria da, esate baterako, pasarte historikoak ordenaz aldatzea: «Ondo dokumentatu naiz, kontu bakoitza non eta batez ere noiz jazo zen jakiteko, baina, gero, kontatu nahi nuen istorioak gertaera batzuk aurreratzera edo atzeratzera eraman nau». Idazleak argi utzi du Mugako dragoiak abentura baten kontaketa dela historiatik edaten duen arren, eta ez kronika historiko bat.

Ilustrazioen arduradun Ivan Gil, Harriet bezala, «harro eta pozik» agertu da lortutako emaitzarekin: «Gai historikoak betidanik gustatu izan zaizkit. Zaldiak marraztea ere umetatik atsegin dut, eta liburu horretan hainbat zaldun irudikatzea suertatu zait».

Bestalde, Gilek azaldu du Harrietek «zeharka bada ere» marrazkigintzan parte hartu duela, bere gidoilari lanarekin: «Gregorioren gidoia oso baliagarria izan zait marrazkiak dituzten 108 orrialdeetako bakoitzean; gidoiak bikain dokumentatzen ditu, ia-ia alderdi grafikotik, eta horrek izugarri errazten du marrazkigilearen lana».

Mugako dragoiak-ek zer bide egitea nahiko lukeen itaunduta, Harrietek argi du: «Edozein komikik bezala, lehenik, entretenitzea nahiko nuke». Horrez gain, irakurleak galderak planteatzea nahi du: «Zergatik zen hain ohikoa, sasoi hartan, Amerikara alde egitea? Zein izango ote zen, garai hartan, Antzaren jaioterri Hernaniko edo Gipuzkoako egoera?». ]]>
<![CDATA[Krimen literaturaren bideak ikertzen dituen liburu bat atera du EHUk]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1841/025/001/2021-11-18/krimen_literaturaren_bideak_ikertzen_dituen_liburu_bat_atera_du_ehuk.htm Thu, 18 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1841/025/001/2021-11-18/krimen_literaturaren_bideak_ikertzen_dituen_liburu_bat_atera_du_ehuk.htm Egungo euskal krimen literatura izeneko liburua argitaratu du. Jose Manuel Lopez Gaseni da proiektuaren koordinatzailea, eta euskal literaturako «autore esanguratsuen» polizia literaturako obrak aztertu ditu lan horretan, Jon Kortazarren gidaritzapean.

Donostiako Udal Liburutegi Nagusian egin dute aurkezpen agerraldia, eta, hartan, liburu horren inguruko nondik norakoak azaldu dituzte egitasmoaren bi sustatzaileek.

Egungo euskal krimen literatura saiakera bat da, Egungo Euskal Literatura sailean argitaratua, eta atalka antolatuta dago. Euskarazko dozena bat idazleren ekarpenak dakartza, hala nola Ur Apalategi, Itxaro Borda, Jon Alonso, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Ramon Saizarbitoriarenak, baina gaztelaniaz idatzi duten bi egilerenak ere bai: Dolores Redondo eta Ramiro Pinilla. Horiekin batera, landu dituzten liburuen azalak ere «sakonki» arakatu dituzte, «generoaren erabilera didaktikoaren azterketa» egiteaz batera.

Bidenabar, Stewart King aditu australiarraren ingelesezko epilogoa ere bildu dute, «mundu mailan literatur generoa aztertu duen ikerlaria baita».

Generoaren sorrerari arreta

Lopez Gasenik argitu du generoaren jatorriak «hiru fase adierazgarri» dituela. Batetik, XIX. mendean abiatutako «alorraren sorrera modernoa» eta Edgar Allan Poeren lana izan ditu gogoan; bestetik, Arthur Conan Doyle, XIX. eta XX. mendeetan «generoaren zutabea»izandakoa. Gainera, Agatha Christiez ere mintzatu da: krimen literaturaren «gailurra» harrapatu zuen, haren hitzetan.

Liburuaren gaiari helduta, Kortazarrek azaldu du polizia literatura dela egun «gehien irakurtzen den generoa», eta landu dituzten egileei sumatu dizkien bi gako literarioak zeintzuk diren esan du: «krimen baten istorioa» eta «istorio horren inguruko ikerketa».

Sarrera gisa, «polizia generoaren nazioarteko ikuspegi sistemikoa» agertzen duen atal bat osatu dute liburuan. Hor antzematen da zein den obran parte hartu duten egileen arteko «bereizketa nagusia»: «Badira genero hori bere hartan landu duten idazleak, esate baterako, Jon Arretxe eta Itxaro Borda, baina baita generoa ukitu besterik egin ez dutenak ere, besteak beste, Aingeru Epaltza, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano». Nolanahi dela, denak ala denak «zeharo baliagarriak» direla azpimarratu dute liburuaren bi koordinatzaileek.

Egile askok osatutako egitasmoa izanik, proiektuaren kudeaketaz galdetuta, Lopez Gasenik adierazi du parte hartu duten guztiek«askatasun osoz» lan egin dutela, eta «nahi izan dituzten idazleak» aztertu dituztela. Koordinazio prozesua, beraz, «erraza eta naturala» izan da.

Amaieran, Stewart Kingek hitz egin du, bideokonferentziaz. Polizia generoaren «forma narratibo transmundialaz» aritu da, eta adierazi du kaleratu berri den liburuak «egundoko gaitasuna» duela jatorri askotako idazleak elkarren artean lotzeko. Era berean, «proiektuan parte hartzeaz harro» dagoela esan du, eta «komunitate baten zati» bihurtu den sentipena duela.]]>
<![CDATA[Premiazko deialdi bat ilusioari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/038/001/2021-11-16/premiazko_deialdi_bat_ilusioari.htm Tue, 16 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1933/038/001/2021-11-16/premiazko_deialdi_bat_ilusioari.htm erriz elkartzea da aurtengo Donostia Gastronomika gastronomia biltzarreko leloa: kontsumitzailearekin, produktuarekin eta, batez ere, gastronomia mugakideekin topo egitea. Horretarako, munduko sukaldari nagusiak Donostian bildu dira, hiri hori «zaporearen, usainaren eta sentsazioaren epizentro» bihurtzeko asmoz, antolatzaileen hitzetan.

Atzo, biltzarraren egun nagusian, nonahi suma zitekeen aurtengo aldiaren funtsa: Frantziako eta Espainiako sukaldaritzen arteko zubia, Reencuentros sailean landu dutena. Bilboko Nerua jatetxeko Josean Alijak eman zion hasiera.

Kursaaleko auditoriuma zur eta lur utzi zuen kokotsekin egin zuen tortillak. «Ilusioari premiazko deialdi bat egin behar diogu». Hori aldarrikatuz bukatu zuen Alijak Gastronomika zabaldu zuen lehen hitzaldia. Ikusleek aitortu zioten Alijari sukaldaritzarik tradizionalenaren erroak abangoardiaren sofistikazioarekin uztartzearen ahalegina. Horren adierazle izan zen txanda amaitzean jaso zuen txalo zaparrada beroa.

Ikusleen burrunba ez zen isildu DOM jatetxeko (Sao Paulo, Brasil) Alex Atala taula gainean agertu zenean. Sukalde tresnetatik eta sutegitik urrun, Atalak mikrofonoa hartu eta bertaratutakoen arreta bereganatu zuen. «Michelin izarren eta bestelako sarien atzean, bada oso nekeza den ogibide bat, eta COVID-19ak ogibide horren gailurra ezbaian jarri du: maite ditugunekin mahai baten inguruan jesartzea». Atala «publiko guztiei egokitutako goi mailako eskaintzez» mintzatu zen: «Kalitatea ez da goi mailako produktua erabiltzea, produktu soilekin goi mailako sentsazioak lor ditzakeen giza gaitasuna lantzea baizik».

Brasildarrak, gainera, izan zuen paradarik ostalaritzaren mundua kolokan jarri duen pandemiaren inguruan hausnartzeko. Hogei urteko ibilbidearen ostean, zazpi hilabetez itxi behar izan zuen DOM, eta itzuleran espero ez zuen zerbait topatu zuen: «Geldialdiarekin, bizitzeko gogo oro galdu nuen, baina, itzuli nintzenean, nire taldeak jatetxea bere egin zuen, nire baimenik gabe, inoiz ikusi dudan matxinadarik ederrena eginez».

Pasadizo horrekin, pandemia sasoian txarto pasatu dutenei itxaropen mezu bat bidali zien Atalak, «sukaldaritza humanoagoa, arduratsuagoa eta solidarioagoa egiten hasi gara, guztiok talde handi baten partaide baikara».

Argi aldaketarekin batera, aurtengo Reencuentros sailaren ordezkari nagusietako bat, Romain Fornell, taularatu zen. Fornell Katalunian lanean diharduen sukaldariburu frantsesa da, eta Frantziako goi sukaldaritzaren zutabeetako bat ekarri zuen: saltsak. Beurre blanc gurin emultsioa eta saltsa biarnotarra jorratu zituen.

Hegoaldea, erakarpen foku

Auditoriumetik kanpo, postuz betetako azokak jendetza bildu zuen. Joan-etorria etengabekoa izanagatik ere, Espainia hegoaldeko produktuek eta,batez ere, arrainak jaso zuten arretarik handiena.

Argazki eta sinadura eskaeren artean, David de Jorge ageri zen, aurtengo azokako talde enbaxadoreetako baten stand bat bisitatzen: 1001 sabores de la region de Murcia. «Nago Murtzia, Euskal Herria bezala, itsasoa eta barnealdea uztartzen dituen herria dela, eta ekoizleari zor zaion merezimendua aitortzen diola», adierazi zuen De Jorgek.

Jendea arrain saldoak bezalaxe pilatu zen Balfegoko eta Almadrabako hegalaburra eskaintzen zuten postuetan: biak ala biak jasangarritasuna oinarri duten eskaintzak dira, baina Balfegokoaren kasuan, gainera, beren-beregi hegalaburrentzat egindako haztegiak dituzte itsasoan.

Harakintza tradizioak ere isla izan zuen azokan: Arcecarneren postuko txingarrak egun osoan jo eta su ibili ziren. Txuleta okelaz egindako hanburgerrak banatu zituzten, jaki horri egozten zaion informazio falta salatzeko: «Hanburgerrak kalitate baxuko haragiarekin lotzen ditugu; gure xedea hori gezurtatzea da», azaldu zuten Arcecarneko lantaldekoek.

Gaurko eta biharko ekitaldi garrantzitsuenen artean daude Julie Andrieuk jasoko duen Pau Alborna saria, eta Nadia Sammuen eta Pierre Gagnaireren hitzaldiak. Artean, ilusioa itsasargi duela, Donostiak munduko sukalde izaten segitzen du.]]>
<![CDATA[«'Sukaldaritza librea' askatasun ariketa bat dela esango nuke»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/039/001/2021-11-16/sukaldaritza_librea_askatasun_ariketa_bat_dela_esango_nuke.htm Tue, 16 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1913/039/001/2021-11-16/sukaldaritza_librea_askatasun_ariketa_bat_dela_esango_nuke.htm Zeliakoen izarra bataiatu dute sukaldaritzaren munduan. Nadia Sammut (Aix-en-Provence, Okzitania, 1980) kontzientziazioan, ondarean eta alergeno gabeko eskaintzan oinarritutako goi mailako gastronomiaren ordezkari nagusi gisa etorri da aurtengo Donostia Gastronomikara. Zeliakoa da, eta errealitate horretara egokitu du bere lan moldea.

Sukaldari familia batetik zatoz, baina zein da sukaldaritzarekin izandako lehen esperientzia?

Ama eta amona sukaldariburuak ditut. Gogoan dut umetan Frantziako jatetxerik onenetara eramaten nindutela. Nire intolerantziak direla medio, jaki asko ezin nituen jan, baina sukaldaritzaren GPSa martxan nuen beti.

Eta nola bilakatu zinen sukaldariburu?

Autodidakta izan naiz. Horrek buruhauste ugari sortu dizkit, baina gastronomia zinez maite dudan alorra da. Jatetxe batean hazteak ere eskarmentu handia eman dit. Nire elikadura proposamena glutenik eta laktosarik gabe egiteko orduan, ordea, ez dut sekula horretan pentsatu: baldintza hori betidanik eduki behar izan dut gogoan; beraz, nire eskaintza ez dut alergenorik gabe gisa sailkatzen, hori niretzat hautu naturala baita.

Prozesatu gabeko hazi zein produktuekin egiten duzu lan. Halako jakiak kontsumitzeak alergien kaltea murriztea al dakar?

Noski. Findu gabe dauden haziak eta garia beti dira osasungarriagoak. Ondorioz, gure zereal eta irin propioak ekoizten ditugu. Jatearen esperientzia, atsegina izateaz gain, osasuntsua eta arduratsua izatea bilatzen dugu.

Horretarako, mundu osoan zehar bidaiatu duzu, glutenik gabeko formulen bila.

Bai, eta ikaspen ugari bildu dut. Adibidez, ekoizleen egitekoaren garrantziaz jabetu naiz. Atzerriko zenbait herrialdetan, egundoko sentsibilizazioa dago tokiko produktuarekiko; ondorioz, ekoizleak mimo handiz zaintzen dituzte. Horrez gain, leku bakoitzean esperientzia desberdinak bizi izan ditut. Japonian, kasurako, lurzoruaren lanketari eta arrozaren ekoizpenari buruzko gomendio benetan interesgarriak eman dizkidate, hemen praktikan jarri ditudanak. Brasilen, berriz, mangoaren eta tapiokaren ekoizpenaren sekretuak ikasi ditut. Oro har, jakintza horiek denak nire lan eremura aplikatzea izan dut xede.

Zer da sukaldaritza librea?

Elikaduran oinarritutako mundu ikusmoldea da. Zerbaitengandik libre bizitzean oinarritzen da, baina ez zerbait hori gabe. Gluten free terminoak glutenik gabe esan nahi du, eta ez nator bat horrekin. Industriak proposatzen duen eredu horren kontra dagoena kozinatzen dut. Sukaldaritza librea askatasun ariketa bat dela esango nuke. Alergenorik gabe egiten dut lan, baina proposamena harago doa: ekoizlearekiko errespetua, ondarearekiko ikusmira eta kontsumitzeko era libreagoa biltzen ditu.

Hortik jaio zen Sukaldaritza Librearen Institutua. Profesionalen prestakuntza oinarrizko aferatzat al duzu?

Duela zazpi urte sortu nuen. Oso harro nago denbora tarte horretan, formakuntza xede, egin duen bideaz. Profesionalek, hezteaz gain, kontzientziazio jarduera bat ere egiten dute bertan. Esan bezala, sukaldaritza librea elikaduran oinarrituta dago, baina ideologia ariketa hori are zabalagoa da. Beraz, guk beste toki batzuetan lantzen ez diren alderdiei ere erreparatzen diegu, esaterako, pertsonekin egin beharreko lan psikologikoari.

Zure ustez, sukaldaritza inklusiboago bihurtzen ari da?

Gastronomia desberdina izan daitekeela ikusarazten hasi da; guk jasotako Michelin izarra horren erakusgarria da. Baina, egia esan, inklusibitatearen auzia geldo doala esango nuke, nire eredua oraindik ere arrarotzat edo apurtzailetzat jotzen den heinean, esaterako. Nire kasuan, garrantzitsuena ez da glutenik gabe lan egitea, hautu horren atzean dagoen ideologia guztia ulertzea baizik.

Zer dakizu Euskal Herriko gastronomiaz? Jasangarritasunaren aldetik, zer iruditzen zaizu?

Gehien inspiratzen nauen gastronomia ereduetako bat da. Umea nintzela, sarritan joaten ginen Euskal Herrira; lurraldea goitik behera zeharkatzen genuen, eta toki bakoitzeko errezetak eta errealitateak ezagutu nituen. Nago bere sustraietara hertsiki lotuta dagoen sukaldaritza mota dela, eta, bertan, izugarrizko errespetua diozuela ondareari, herriari eta aniztasunari. Nolanahi ere, ondarearekiko loturak ez dizue galarazi berritasunak sartzea eta, zelanbait, sukaldaritza gaurkotua izatea. Hori guztia sakonki errespetatzen dudan zerbait da.

Zein da zure ametsa, chef gisa?

Egia esan, ez naiz oso ameslaria; lanean baino ez dut sinesten. Hasitako bidean aurrera egin nahi nuke. Azaroaren 8an hamar urte bete ziren nire intolerantzia arazoetatik osatu nintzenetik. Bi urte eman nituen ohean. Behin sendatuta, nire bizitza norabidez aldatzea erabaki nuen, eta, orduz geroztik, jendearen bizitzetan positiboki eragiteko eta haien bizitzak hobera eraldatzeko parada izan dut. Nire ametsa, harrezkero, betetzen hasia dagoela esango nuke. Aurrerantzean datorren guztia opari bat baino ez da niretzat: lanaren eta esfortzuaren oparia.]]>
<![CDATA[Euskal sustraiak hilarrietan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2021-11-13/euskal_sustraiak_hilarrietan.htm Sat, 13 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2021-11-13/euskal_sustraiak_hilarrietan.htm Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian izeneko erakusketa antolatu dute elkarlanean. Bertan, Soriako Tierras Altas eskualdean (Espainia) aurkitu dituzten eta euskal jatorridun izenak dituzten sei hilarri jarri dituzte ikusgai, Euskal Herrian aurrez aurkitutako beste batekin batera. Proiektuan parte hartu duten talde guztietako ordezkariak bildu ziren atzo aurkezpenean. Urtarrilaren 16ra arte bisitatu ahalko da erakusketa, eta, harekin batera, bi bisita gidatu eta bi konferentzia ere egingo dituzte, baita familian egiteko tailer bat ere.

Erakusketak bi osagai ditu. Batetik, zazpi hilarriak daude; haietako sei Soriako Tierras Altas inguruan topatu zituzten, eta bestea, Andrearriaga izenekoa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Bestetik, pieza bakoitzaren aldamenean plaka bat jarri dute, zeinetan Idoubeda Oros taldeko Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak dauden. Eduardo Alfaro arkeologoa Gorrotxategirekin ibili da lanean, eta, hark azaldutakoaren arabera, hilarriok «oso bereziak» dira: «Heriotzari buruzko errituak eta sinesmenak ezagutzeko parada ematen digute».

«Piezaz piezako bidaia bat»

Alfarok eta Gorrotxategik bisita gidatu bat eginez eman zituzten azalpenak. Hain zuzen, ibilbidea «piezaz pieza doan bidaia» gisa definitu zuten bi adituek.

Lehen piezak Antropomorfoa izena du: Alfarok azaldu zuen hilarri «ia simetrikoa» dela; gainera, nabarmendu zuen hilarriko giza siluetari nabaritzen zaizkion bi puntuak «emakumetasunaren agerkaria» direla.

bigarren hilarria, berriz, Saturninus deiturikoa, lehenengoa baino «ohikoagoa» da, Alfaroren aburuz: «Soria aldean, irudi patroi berari jarraitzen dioten 29 hilarri inguru topatu ditugu». Hiru atalez osatutako harria da: goian, hildakoaren burua du, alegia, erromatarren ohiturei jarraitzen dien heriotza erretratua da; behean, lau hankako animalia bat du (gizonen hilobiek zezenak erakusten zituzten normalean, eta emakumeenek, berriz, oreinak); eta erdian, hildakoaren izena dakarren esaldia dauka.

Hirugarren piezaren esanahia azaltzeko, Andrearriaga izenekoarena, Koldo Mitxelenaren Guipuzcoa en la época romana (Gipuzkoa erromatarren garaian) liburura jo zuen Gorrotxategik: «Soldaduentzat egindako epigrafea dela dirudi, heroismoa adierazteko helburua izan zezakeena». Laugarren eta bosgarren piezetan emakumeen hilobien adibideak erakutsi zituen adituak: «Baliteke Antestia [laugarrena] guraso batzuek beren alaba gazteari egindako hilarria izatea. Sesenco-k [bosgarrena], berriz, hildakoaren eta haren aitaren izenak besterik ez ditu, baina Akitaniako -co forma Soria aldera ere iritsi zela erakusten du».

Erakusketa osatzen duen zazpigarren eta azken hilarria, Laurce, 2014an aurkitu zuten, eta interpretazio «zinez zaila» du, Gorrotxategiren esanetan. «Orein bakarraren irudiak emakume bakar baten hilobia zela adierazten du, baina azpialdean dagoen zortzi lerroko testuan gizon izen ugari daude». Izenon jatorria ezezaguna izanagatik ere, «baliteke horietako bat hilarriaren egilearena izatea», ondorioztatu du: «Badago materialik, beraz, ikertzen segitzeko».]]>
<![CDATA[Memoria ariketa kolektiboa ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2061/029/001/2021-11-12/memoria_ariketa_kolektiboa.htm Fri, 12 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/2061/029/001/2021-11-12/memoria_ariketa_kolektiboa.htm Itzulera baten historia (Elkar, 1990) eleberriaren irakurketa jarraitua egin zuten haren izena daraman kultur parkean, eta joan-etorri eta jende multzo txikiak izan ziren goiz osoan aretoaren kanpoaldean. Ikusi gehiago: Obra «erraldoia», klik batean Irakurraldi jarraituan, besteak beste, Ugalderen familiakideek, alderdi politikoetako nahiz erakundeetako ordezkariek, hezkuntzako zein kulturako eragileek eta ikasleek hartu zuten parte. Egitasmoa 11:00etan jarri zen abian, eta 17:15era arte luzatu zen. Itzulera baten historia irakurtzen hasi orduko, Martin Ugaldek «kulturgintzaren, dibulgazioaren eta, oro har, euskararen alde» egindako ekarpenak gogoratu zituzten antolatzaileek; azaldu zuten «denboraren iragateari iraun dioten obrak» egin zituela, «alor eta tankera askotakoak». Irakurraldia idazle eta kazetari andoaindarraren familiakideek hasi zuten, hain zuzen ere, haren alaba Ainarak eta seme Unaik. «Rosa heldu zitzaigunean Santa Barbara kantoiko etxean bizi ginen Caracasen». Senideei jarraikiz, arduradun politikoen txanda heldu zen. Mikrofono aurrean jartzen lehendabizikoa, Bingen Zupiria Kultura sailburua. Zupiriak pasadizo bat ekarri zuen: liburuko protagonistak, moja eskolara bidean, jarraitzaile frankista batekin izandakoa. Orotariko ahotsak Goizean, Andoaingo Udaleko ordezkaritzak, argitaletxe zein komunikabideetakoek eta hainbat kultur taldetakoek hartu zuten hitza. Eguerditik aurrera, ostera, gaztetxoenen txanda iritsi zen: Leitzaran institutuko, La Salle Berrozpe nahiz Ondarreta ikastetxeetako eta Aita Larramendi ikastolako ikasleek txandaka antolatu zuten irakurketa, arratsaldera arte. Haien ondoren, denetariko eragileetako ordezkaritzak hurbildu ziren atrilera: Emun, Kontseilua, IZT, Bira, Jakin, Aiurri, AEK eta BERRIAkoak. Irakurketaren amaiera hasieraren ezpal beretik etorri zen: Ainara Ugaldek hartu zuen berriz hitza, Miren Nieves Gomezen laguntzarekin -Martin Ugalde Ipuin Lehiaketako irabazleetako bat-. Elkarlan horrekin «belaunaldi arteko transmisioa» landu nahi izan zuen Ugaldek, «memoria ariketa kolektibo berezi batean». Biek Itzulera baten historia-ren azken lerroak irakurri zituzten, bukatzeko: «Gera zaitez, zure amak beharko zaitu, neuk gaueko txanda dut gaur. San Jose eguna zen, martxoak 19; nire aitatxok bete berriak zituen, urtarrilean, 48 urte gazte». ]]> <![CDATA[«Begiekin entzuteko gaitasuna daukagu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2021-11-11/begiekin_entzuteko_gaitasuna_daukagu.htm Thu, 11 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1886/040/001/2021-11-11/begiekin_entzuteko_gaitasuna_daukagu.htm
Dantza aldarrikapen mota bat al da?

Dantzari gisa bizitzea erreibindikazio politikoa da. Espazioaren aldarrikapena da: komunikazioa molde desberdinez ematen da, hausnartzera gidatzeko gaitasuna du; ezarritako komunikazio bideak ere gainditu egiten ditu. Beraz, bai, esango nuke komunikazio fisikoaren aldarrikapena dela.

Zer leku gorde zaie gizartean desgaitasunen bat dutenei?

Arazoa planteamendua da. Uste dugu zerbait falta zaiela, baina haiei ez zaie hori iruditzen. Gabezia gainontzekoen ikuspuntuak ezarritako zerbait da. Norbaiti zerbait falta izatekotan, normoentzuleari, alegia, gehiengoari falta zaio.

Gorrek hipersentsitiboki bizi dituzte Aditu bezalako ariketak?

Jakina. Ni neu ere gorra naiz; aparatuak daramatzat. Eta argi dut: beste zentzumen batzuk garatzen ikasi dut; begiekin entzuteko gaitasuna daukagu.

Gorputza bera izan daiteke soinu igorle?

Noski. Landareak bezalaxe: bibrazioak argiago jasotzen ditugu, pertzepzio finagoa dugu, arreta zorrotzagoa... Eta esfortzu horretan gauza piloa deskubritzen da.

Zer da Aditu?

Komunikazio fisikoaren topaketa da. Ikerketatik ere badu: keinu hizkuntza fisikoa da; kodifikatuta dago. Baina, era berean, badaude asmatzen dituzten hitzak ere, esanahi zehatzarekin. Dantza inprobisatuan, aldiz, ez dago kodifikaziorik: unean egiten da. Hortaz, haien mugimendu kodifikatua gure mugimendu ez kodifikatuarekin batzean, gauza ugari sortzen dira. Haien hizkuntzak gure koreografia sortzen du, eta gure koreografiak haien diskurtsoa osatu.

Soinuaren arduraduna Mikel R. Nieto da. Zer funtzio du soinuak?

Proiektua biona da: nik koreografia landu dut, eta Mikelek, soinua. Maisua da soinua, isiltasuna, ahotsa eta gorputza uztartzen. Soinua, proiektu horretan, giltza da; izan ere, jendeak uste du soinuak ez duela presentziarik gorren bizitzan, baina une oro daude harekin harremanetan. Are gehiago, gai dira soinua bibrazioen bidez jasotzeko; hortaz, elementu oso esanguratsua da. Gu saiatu gara soinuari fisikotasuna ematen, eta dantzari musikaltasun.

Dantza keinu hizkuntzatzat jo liteke, eta keinu hizkuntza dantzatzat?

Etxe beraren bi horma dira. Bikain ezkontzen dira. Dantzariak mugitzen direnean, keinu hizkuntzan dihardutenek guztiz zehatz interpretatzen dute. Beraz, esango nuke bien izaera edo esentzia guztiz parekoak direla.

Nolakoa izan da Adituren sorrera eta garapen prozesua?

Nire gortasunak eta Mikelekin duela zortzi bat urtetik lanean ibiltzeak eragin dute, neurri bertsuan. Azken batean, gortasuna duen pertsona bat soinua lantzen duen beste batekin elkartzen denean, gauza berezi-bereziak baino ezin dira sortu. Halaber, aitortu behar da ez dela lehendabiziko aldia Mikelek gorreriaren gaia jorratzen duena: 2016an, keinu hizkuntzaren itzulpena ontzen zuen beste proiektu bat ere aurkeztu genuen, Huts izenekoa. Ondorioz, bion arteko elkarlana oso naturala izan da, sakonki bizi dugun gaia landu dugulako.

Tabakaleran aurkezteak berezia behar du izan, ezta?

Oso berezia. Azken urteotan Berlinen biziagatik ere, Donostia ez dut sekula ahantzi. Proiektu hain intimoa, hain hauskorra Tabakaleran aurkeztea amets bat da niretzat.

Zuzendaritzaz gain, argiteria ere kudeatu duzu. Argiek zer funtzio betetzen dute dantzatzean?

Proiektu berrian, batez ere, praktikoak izatea behar dugu. Esango nuke, gainera, argiteria hautatzearen prozesua ez dela bukatu. Oraingoz, ez dut argi berezirik behar, funtzionalak direnak besterik ez. Etorkizunera begira, baina, zabal-zabalik nago argi ezberdinak erabiltzera, lanak hori eskatuz gero.

Zein izango da Adituren bidea?

Mundu osoan aurkeztu nahi dut. Ahal dela, lehen lantalde hau izan nahiko nuke alboan, baina toki bakoitzean bertako kulturaz blaitzea ere nahiko nuke; esaterako, lekuan lekuko pertsona gorrek parte hartzea nahiko nuke. Aditu nire egitasmorik pertsonalena da, eta, nolabait, bizitza proiektua: leku bakoitzean aldaketak izango ditu, gorreriaren gaia modu ezberdinean bizi baitute.]]>
<![CDATA[Hitz bakoitzagatik borrokan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1915/024/001/2021-11-06/hitz_bakoitzagatik_borrokan.htm Sat, 06 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1915/024/001/2021-11-06/hitz_bakoitzagatik_borrokan.htm Banda olerki liburuan. Erkorekaren opera prima da, eta Nazioarteko XIII. Blas de Otero Bilbo Uria poesia lehiaketa irabazi zuen iaz. Atzo, Donostiako udal liburutegian aurkeztu zuen, Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearekin batera.

Orain arte, olerkigintzarekin «oso hertsiki lotuta» ez egonagatik ere, Erkorekak argitu du «irakurzaletasunarekiko pasioagatik» idatzi duela, eta «zinez pozik» agertu da erdietsitako emaitzarekin. Haxotz musika taldearekin estudioko bost album kaleratu ditu, baina literatur lan berriarekin «orain arte ukitu gabeko kristalezko sabai bat» apurtu du Erkorekak. Xede horren atezuan, adierazi duenez, «edozeinek irakurtzeko moduko artefaktua» ondu du, «masentzat diseinatutakoa ez den arren».

Banda bost atalek osatzen dute: Goiza, Eguerdia, Arratsa, Iluntzea eta Gaua. Idazlearen musikari senak, baina, atal bakoitza interludioz lotzera gidatu du. Erkorekak Banda zatiz zati xehatu du aurkezpenean.

Lehendabiziko atala «mundu ikuspegia erakusteko barne borroka» gisa definitu du; bigarrenean, «naturari» erreparatu dio; hirugarrenean, berriz, «etxeari»; laugarren olerki multzoa «kezka pertsonalena» da, hala nola «transformazioa, zahartzea, gauzak esateko presa eta berehalakotasuna»; azkenak, ostera, «epilogo itxura» du.

Interludio bakoitzean, Erkorekak erreferentziatzat dituen autoreen obretako aipuak daude: T. S. Elioten The Waste Land-ekoa, Kurt Vonneguten Slaughterhouse-five-koa, Albert Camusen Le Mythe de Sisyphe-ekoa, David Foster Wallacen This is water hitzaldikoa eta Gabriel Arestiren Olerkaria liburukoa. Idazle horiek hautatzearen arrazoia «bizitzarekiko ikuspegia irudi ederrekin kanporatzeko gaitasuna» da.

Leku berezia Arestiri

Aresti da, hain zuzen ere, Erkorekaren inspirazio literariorik esanguratsuena: «Bai bere estilo partikularragatik, bai euskararen alde egindako guztiagatik, asko miresten dudan egilea da». Elhuyar fundazioa eskertzeko tartea ere hartu du, «Arestik, bere garaian, eduki ez zituen baliabideak izan ditut eskuragarri; batik bat, hiztegia».

Mujika editoreak, obra aurkezterakoan, liburuak atzealdean dakartzan Igor Estankonaren hitzetara jo du: «Liburu fina eta kultua da, baita gordina eta sentibera ere; asko irakurri dutenen lanak izan ohi dira horrelakoak». Hura irakurtzea musika emanaldi batera joatearekin alderatu du: «Publikoak, amaieran, beste bat eskatuko du, alegia, beste poema bat».

Aurkezpen ekitaldian, Erkorekak Heriotza V izeneko olerkia irakurtzeko parada izan du; oraintsu zendutako Iñigo Perez Gervasioren omenez idatzi zuen poema hori, eta Erkorekak aitortu du «sakonki hunkitzen duten lerroak» direla.

Sormen prozesuaz itaunduta, argitu du olerkiak egiteko bideak «gutxi samar» duela amankomunean abestiak egiteko metodoarekin. Izan ere, kantugintzan diharduenean, oinarri instrumentala eraikitzen du lehenengo, ondoren hitzak hartzeko; idazle lanetan dabilenean, ordea, kontzeptuetatik abiatzen da: «Olerkigintzan, azaleratu nahi ditudan kontzeptuek betetzen dute riff edo melodiaren egitekoa».

Bestalde, aitortu du liburuko testu batzuek mendebaldeko hizkeraren kutsua agertzen duten zenbait hitz dituztela: «Bizitza osoan bizkaieraren eta euskara batuaren inguruan mugitu izan naiz, bizi izan naizen toki ezberdinetan; beraz, bietatik edaten dut». Alde horretatik, «hitz bakoitzagatik» borrokatu duela adierazi du.

Letragintzaz mintzatzean, Mikel Laboa, Gorka Urbizu eta Touche Amore taldeko Jeremy Bolm laudatu ditu: «Musikariak dira, ni bezala, baina haien idazteko moldeak badu zerbait bereizgarria; oso bereziak dira, eta izugarri inspiratzen naute».

Gustave Flauberten Le mot juste aipuaz ere gogoratu da: «Sentitzen nuena azaleratzeko bidean, adierazpide perfektuen bila ibili naiz, zorroztasunez. Nire ustez, euskaraz poesia idazteak, nolabait, badu zeozer erresistentzia eta maitasun ariketatik».]]>
<![CDATA[«Garai bakoitzeko beharretara egokitzea lortu dugula uste dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/036/001/2021-11-06/garai_bakoitzeko_beharretara_egokitzea_lortu_dugula_uste_dut.htm Sat, 06 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1855/036/001/2021-11-06/garai_bakoitzeko_beharretara_egokitzea_lortu_dugula_uste_dut.htm
Kolonbia, Jerez, Getxo eta Korea biltzen ditu zuon lantaldeak. Nola ezagutu zenuten elkar?

Aniztasuna, gure sukaldaritza ereduaz gain, gure bizitzen ezaugarria da. Zuriñe [Kim] jatorri korearreko gasteiztarra da; Javier [Vadillo] Jerezkoa da, baina Berlinen bizi izan zen; Stephanie [Arango] kolonbiarra da; ni, berriz, getxoztarra. Dibertsitatea nonahi, beraz. Zuriñe eta Stephanie lehen izan nuen jatetxe batean ezagutu nituen, han egin baitzuten lan. Esperientzia hura bukatzean, elkarrekin beharrean hastea erabaki genuen. Javier, ostera, garagardoarekiko zaletasunagatik ezagutu nuen: garagardotegietan topatzen nuen, eta hasi ginen konturatzen elkarren kezkak eta estiloak guztiz bateragarriak zirela. Horrela elkartu zen lantaldea.

Nola eragin dizue etxeratzeak? Berez, udaberrian zabaltzeko asmoa zenuten, baina, azkenean, ekainean jarri zineten martxan.

Zortedunak izan gara. Sektoreko beste bidelagun batzuek modu gordinagoan pairatu dituzte ostalaritzari ezarri zaizkion injustiziak. Halaber, Gasteizko hiritarrek egundoko bultzada eman digutela esan behar dut; jendeak, hasieratik, gure eskaintzarekiko atxikimendua eta interesa agertu ditu, eta hori arnasa izan da guretzat. Gure aldetik ere, pandemiaren etapa desberdinei aurre egiten ikasi dugu, sasoian sasoiko neurriekin: gaueko ordutegi murriztapenak ezarri zituztenean, dastatzeko menu berezi bat diseinatu genuen, iluntzean jateko; etxeratze agindua heldu zenean, etxera eramateko zerbitzua sortu genuen. Oro har, garai bakoitzeko beharretara egokitzea lortu dugula uste dut. Hori izan da gakoa aurrera egiteko borrokan.

Pandemia aldian zer produktu eskatu dizkizuete gehien etxera eramateko?

Kroketak, orburuak eta muskuiluak. Aldi horretan igarri dugu jendeak etxeko jatekoa eskatzen zuela, ahalik eta naturalena. Gainera, jakiak etxera bero iristeko sistema bat ere atondu genuen, zerbitzua hobetze aldera.

Produktua, txingarra eta iparrorratza duzue lelo.

Gure lan moldearen zutabea da. Produktua diogunean, hemengoari eta, bereziki, tokiko ekoizleen esangurari egiten diogu keinu. Argi dugu: hemengoak munduko hornitzailerik onenetakoak dira; haien lana aldarrikatu beharra dugu. Txingarrari dagokionez, etxeko berezitasuna da: brasarekiko pasioa dugu, eta, ondorioz, gure eskaintzaren zati handi bat teknika horretara bideratuta dago. Iparrorratzaren kontzeptuarekin gure jatorri desberdinak azpimarratu nahi ditugu, baina baita gure jakien orotariko noranzkoak ere, korronte denetara zabal-zabalik baikaude.

Baina ez zarete edozein txingarrekin konformatzen. Zeramikazko labe japoniar tradizionala erabiltzen duzue: Kamado-a.

Kasualitatez ezagutu genuen. Sukaldea eraikitzen ari ginela, argi genuen txingarra instalatu nahi genuela, esan bezala, kozinatzeko bide hori maite dugulako. Kontua da Donostian labe mota hori erabiltzen duten pertsona batzuk ezagutu genituela, eta orduan ernatu zitzaigula interesa. Kamado-aren abantailak dira, batetik, ez dela labe oso garestia, eta, bestetik, egunean-egunean aurrekontu apala eskatzen duela [ikatz zaku batekin aste osoko otorduak egiten dituzte]. Nolanahi ere, niretzat onurarik azpimarragarriena bere erabilerraztasuna da: txingarra teknika analogikoa da, alegia, sua kontrolatzea ez da erraza. Kamado-ak, ordea, helduleku bana du, eta horiekin suaren intentsitatea moldatzen da. Txiripaz topatutako elementu hori apurka-apurka sartu genuen gure eskaintzan, eta, egun, eskaintzaren zati handi bat Kamado-aren erabileran oinarritzen da.

Beste jatetxe batzuekin alderatuta, zuen eskaintza dibertigarriagoa edo apurtzaileagoa dela esango zenuke?

Ez. Desberdina dela esango nuke.

Benetan gustatzen zaiguna prestatzen dugu, eta jendeari gustatuko zaiola uste duguna. Egia da sukaldaritzak zoratu egiten gaituela, eta gure aisia gastronomiara emanda dagoela. Gure estiloa oso pertsonala da, nortasun sendokoa, baina ez gara beste inor baino hobeak edo okerragoak. Gasteizen, kasurako, bihotzarekin kozinatzen duten lokalak daude, maila izugarrikoak.

Nolakoa da plateren sortze prozesua? Lau kideok parte hartzen al duzue diseinu lanetan?

Bai. Javier eta biok sukaldean egonagatik ere, Stephaniek eta Zuriñek ere egundoko kalitatea dute, hala sukaldaritza aldetik, nola irudimen aldetik. Horrez gain, haiek jantokian egon ohi dira, hau da, bertatik bertara dakusate bezeroak zer eskatzen duen edo zer botatzen duen faltan.

Bertako produktua eta ekoizleak aldarrikatzen dituzue gauza guztien gainetik.

Gure lan moldearen oinarri nagusietako bat da. Mundu osoko korronte eta estiloetatik edaten dugu, baina goi mailako produktuak baino ez ditugu baliatzen. Eta hemengoak goreneko mailakoak dira. Era berean, nago Eusko Jaurlaritzak ez duela behar adina diru inbertitzen lekuan lekuko ekoizleengan; ondorioz, sektorea gainbeheran dago, produktuen eta arretaren aldetik aurki daitekeen onena izan arren.

Euskal Herrian, badirudi sukaldari gazteak ibilbide luzekoen eta ospe handikoen gerizpean dabiltzala. Nola ikusten duzu suertatu zaizuen testuingurua?

Belaunaldi desberdinak ezin dira alderatu, inguruabar ezberdinak bizi zituztelako haiek eta guk. Adibidez, egun, Michelin izar bat erdiesteko, sekulako inbertsio ekonomikoa egin behar da. Dena dela, industria berean jardun arren, sukaldaritzaren mastodonteen sektorea eta geurea oso bestelakoak dira. 50 euroko menu batetik 100 euroko batera egundoko amildegia dago. Ez nago eredu horren kontra, baina sumatzen dudana da beharbada haien jatetxeetako bezero profila atzerritarra dela, hemengo sukaldaritzaren erreferenteak direlako; gure profilari dagokionez, nago hurbilagoko jendearekin tratatzen dugula, eta horrek ere badituela hainbat abantaila.

Sukaldari gazteak saretzeari begira, oraintsu Gastro Gaztea egitasmoan parte hartu duzue. Nolako esperientzia izan da?

Oso aberasgarria. Hurbil bizi diren baina ezagutzen ez genituen sukaldariekin egin dugu lan. Haiengandik ikasi dut, batez ere, produktu baten inguruan hainbat irakurketa egin daitezkeela. Pentsamoldea gehiago zabaltzeko balio izan digu egitasmo horrek.]]>
<![CDATA[Errealitatetik sortutako fantasia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-11-05/errealitatetik_sortutako_fantasia.htm Fri, 05 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-11-05/errealitatetik_sortutako_fantasia.htm Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk izeneko erakusketarako sortu dituen lanak. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean izango dira ikusgai datorren urteko otsailaren 13ra arte.

Erakusketak Antonen lau proiektu biltzen ditu. Obraren xedea «exotikoak, minoritarioak eta ia-ia arauz kanpokoak diren istorioak, munduak eta jarduerak ezagutaraztea» da, Antonek adierazi duenez. Lau proiektuz osatuta egonagatik ere, elementuek «hainbat lotura eta konexio» dituzte beren artean, eta egilearen hizkuntza pertsonalarekin josiak daude. Lau proiektu horiek, hain zuzen ere, hauek dira: The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet 2013 eta 2018 bitartean sortua, Everybody Loves to ChaChaCha 2015ekoa, The Gallop 2021ekoa eta Haiek danak sorginak 2017 eta 2021 bitartean ondutakoa.

Antonen lanaren ardatza, azaldu duenez, «errealitate eta fantastiko terminoen artean ezkutatzen den oro» da. Antonimoak badirudite ere, «uste baino askoz gehiago» dira horien artean kokatzen diren gaiak, artistaren iritziz. Erakusketa bere osotasunean harturik, Antonek azaldu du «errealitate fantastikoaren muinean oso desberdinak diren bi ertz» landu dituela: «Batetik, alde magikoarekin lotutako lanak daude; The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet eta Haiek danak sorginak. Bestetik, errealitatearen ezohikotasunarekin lotutakoak ere badira: The Gallop eta Everybody Loves to ChaChaCha».

Antonena erakusketa antropologikoa da; izan ere, zenbait herriren, komunitateren eta norbanakoren errituak aztertzen ditu. Dokumentazio kutsua duen ikerketa horren ondoren, baina, eszenifikatze lan bat sortu du egileak. Nolanahi ere, eszenifikatze hori egitean «neutral eta hotz» jokatu du: «Errealitate guztiak inongo epaiketarik edo onarpenik gabe landu eta islatu ditut; alegia, jaso dudanarekin ahalik eta zintzoen jardun dut».

Informazioa jasotzearekin batera, erritu horiek «duin bihurtzeko saiakera» ere egin du. Horretarako, umorea eta jakingura baliatu ditu: «Langaiak kuriositatetik abiatuta jorratu ditut, sor dezaketen interes sozialari erreparatuta». Kuriositatea ez ezik, erakusketa emakumetasunaren lanetan ageri diren pertsona gehienak emakumezkoak dira eta, ondorioz, feminismoaren inguruko kezkaren errepresentazioa ere bada: «Emakume komunitateak dira nagusi; protagonistak pribatutasunetik taldera eta, oro har, kolektibotasunera eramaten saiatu naiz».

Askotariko errealitateak aztertzeko eta, ondoren, ikuspegi kritikoz plazaratzeko grinak, nolabait, Antonen baitan dagoen «dokumentalista sena» bistaratzen du. Kazetaritzaren alorretik datorren sortzailea izaki, «oso agerikoa da intimitatea eta, kasu horretan, fantastikotasuna nondik datozen aztertzeko zaletasuna eta interesa». Obretan ageri diren pertsonekin izandako hartu-emanak ere erakusten du bere kazetari senaren aztarnarik: «Zati bakoitza bukatuz joan naizen heinean, hartan ageri diren pertsonei eta, beharrezkoa izan denean, haien legezko tutoreei erakutsi diet, haien oniritzia jasotzeko».

Bost erpineko egitasmoa

Tabakalerako lau obrako erakusketa, bere hartan, Antonen lanaren atal bat baino ez da. Izan ere, harekin batera, elkarrekin lotutako beste lau proposamenek osatzen dute proiektua.

Batetik, igandero familientzako tailerrak egingo dituzte, Tabakaleran bertan: 16:00etatik 17:30era izango dira. Jarraian, 17:30etik 18:30era bitarte, bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan. Bisitok euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera izango da. Bai tailerretarako, bai bisita gidatuetarako, izen ematea doakoa izango da, baina aurretiaz egin beharko da.

Bestetik, hilaren 19an, Benjamin Christensenen Häxan (1922) filmaren proiekzioa izango da Imanol Larzabal aretoan, Lugaritzeko Kultur Etxean; doako sarrera izango du emanaldi horrek ere, aretoaren edukiera bete arte. Hurrengo egunean, Antonek berak zuzenduriko argazkilaritza eskola magistrala egingo dute, Tabakalerako 2. solairuan. Tecnicas para fotografiar lo invisible (Ikusezinari argazkiak egiteko teknikak) izenpean, bere proiektuko sormen argazkiak ateratzeko zer teknika eta prozedura baliatu dituen argituko du Antonek.

Bosgarren proposamena Antonen eta Sabina Urracaren arteko solasaldiaren proiekzioa izango da. Abenduaren 17an egingo dute, Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan.]]>
<![CDATA[Agertoki bat amaren ametsentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/029/001/2021-11-04/agertoki_bat_amaren_ametsentzat.htm Thu, 04 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1928/029/001/2021-11-04/agertoki_bat_amaren_ametsentzat.htm Bihotza kate liburuaren abiapuntua.

Bi sortzaileek obraren nondik norakoak azaldu dituzte Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean. Haiekin batera, liburua argitara eman duen Erein argitaletxeko Uxue Razkin editorea izan da, eta, haren arabera, «kutsu unibertsala eta, aldi berean, intimoa» du Bihotza kate-k. Izan ere, Xabier eta Fredi Payaren amaren bizitzan oinarritutako liburua da, baina edozeinen errealitatera «ezin hobeto» aplika daiteke: «Obraren ardatza amets batzuei muzin egitean, beste batzuei heltzean eta aukerak hartzean oinarritzen da», azpimarratu du Razkinek.

Payak argitu du zergatik aukeratu duen ama testuen eta ilustrazioen oinarritzat: «Liburua haren pasadizoak entzunez jaio da; jaso ditudan ohar guztietan igartzen da ama behinola bidegurutze batean izan zela, eta amets berriak bilatu behar izan zituela».

Lanean, Payaren amaren antzerkiarekiko zaletasuna suma daiteke. Ilustrazio askok agertoki itxura dute, eta testuan ageri diren erreferentzia guztiak diziplina horretako pertsonenak dira. «Testuak transmititzen dituen langai pertsonalak eta intimoak fikziozko antzoki batera eramaten saiatu naiz», adierazi du Oruetak. Ondorioz, azaldu du testua «irudien radarrarekin» irakurri zuela, alegia, «eszenografiaren bila».

Bihotza kate Ereinek eta Markina-Xemeingo Udalak antolatutako Peru Abarka album lehiaketa irabazita ondu dute bi egileek. Razkinek azaldu duenez, sariketa horren xedea da «irabazlea zirkuitu komertzialean murgilaraztea, udalak publikatutako lanen kutxan gordeta utzi ordez». Bi atal ditu sariketak: idazleei dagokiena, eta ilustratzaileena. Iaz aurkeztu zituzten 21 idazlanetatik azkena izena emandakoa gailendu zen: Payarena. Ilustratzaileen atalean, berriz, hiru baino ez ziren aurkeztu sariketara, eta epaimahaiak Orueta izendatu zuen irabazle; horrenbestez, hark jantzi du ilustrazioz Payaren testua.

Testuen eta ilustrazioen arteko uztarketak berez duen konplexutasunaz galdetuta, «norabide bakarreko lan moldean» aritu direla azaldu du Payak: «Testua moldatu barik egin dira ilustrazioak, hau da, idazkietara egokituta». Irudigilearen trebezia goraipatu du, alde horretatik: «Gai izan da liburuan kontatzen den metanarratiba, testuak eta antzerkiak osatutakoa, hiru dimentsiotan irudikatzeko». Hain zuzen, ilustratzaileak nabarmendu du «etxekotasun handia darien baina edonork bere egin ditzakeen testuekin» topo egin zuela irudiak sortzean. «Horrek asko eztitu dit lana», gehitu du.

Halaber, Payak aitortu du bere burua idazle gisa ikusi duen «lehendabiziko aldia» izan dela hau. Liburua idatzita hitzek aurrez eman izan dioten «bertigoa» gainditu duela adierazi du, eta Joserra Gartziak egindako ekarpena goraipatu: «Haren pareko zuzentzaile, kritikari, editore eta aholkulari batekin, neure burua askoz ere seguruago ikusi dut, eta hori bultzada bat izan da liburuaren idazte prozesuan aurrera egiteko orduan».

Bide berrietara «zabalik»

Hurrengo urratsari so, liburua antzerkigintzara eramatea «mahaigaineratu daitekeen aukera» da, bi sortzaileentzat. Helmuga hori, baina, «urrun samar» dakusate. Izan ere, antzerkiaren munduan sartzeak «dramaturgia lan dezente sakonagoak» eskatzen ditu, eta oraindik planteatu ere ez dituzte egin; Bihotza kate, hortaz, «sormenaren jomuga berrietara zabalik egon daitekeen artefaktu artistiko bat da».

Obra zer irakurleri zuzenduta egon daitekeen esatean, hala idazleak, nola ilustratzaileak ez dute zalantzarik egin, eta liburuaren hastapenean dagoen esaldira jo dute. Hasieran, maleta baten ilustrazioa ageri da, baita obra laburtzen duen tesia ere; hartan bilduta daude «lanaren hartzaile eta xede oro»: Amarentzat, eta beste amets batzuk bilatu behar izan zituztenentzat.]]>
<![CDATA[«Sendabelarra B plana da jendearentzat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-11-03/sendabelarra_b_plana_da_jendearentzat.htm Wed, 03 Nov 2021 00:00:00 +0100 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-11-03/sendabelarra_b_plana_da_jendearentzat.htm Sendabelarrek dakitena liburua; Argia-ren babesarekin argitaratu berri du.

Zerk eten du etxe askotako sendatze sistemaren oinarri izan den sendabelarren erabilera?

Farmaziak osasungintzaren monopolioa hartu zuenean eten zen. Orduan, sendabelarrak ondare eta tradizio bihurtzen hasi ziren, medikuntzaren bide alopatikoaren gerizpean.

Baina badirudi elikadura osasungarriaren modaren gorakadak sendabelarrak berriz boladan jarri dituela, ezta?

Sendabelarra B plana da jendearentzat: medikuntzarekin asebetetasunik eta emaitzarik lortzen ez dutenek arlo horretara jotzen dute, etsita. Halaber, gorakadak badu estrategiatik ere: farmazietan, adibidez, ez dugu pilulen argazkirik aurkituko, baina bai, ordea, landareenak. Beraz, esan daiteke gai horrekin industria eta negozioa sortu direla. Ez da harritzekoa landareak langai dituzten enpresa farmazeutiko ugari burtsara atera izana, esaterako. Hori orain dela hogei urte ez zen inolaz ere gertatzen.

Medikuntza zientifikoarekin alderatuta, zer abantaila eskaintzen dute sendabelarrek?

Batetik, gauza arinen bidez sintoma arinak tratatzen dituzte. Horrek ez du esan nahi sendagai sintetikoak ordezkatu behar dituztenik. Bestetik, autonomia ematen digute haiek nola lantzen diren ikasteko eta, arduratik abiatuta, noiz eta nola aplikatu jakiteko. Horrez gain, medikuntza tradizionalak gordetzen duen herri ondarea aitortzea ere oso garrantzitsua delakoan nago. Nolanahi ere, ni bi medikuntza ereduen arteko bizikidetzaren alde nago, betiere bakoitza noiz eta zertarako baliatu behar den jakinda.

Badirudi gure osasun fisikoa eta mentala medikuntza profesionalaren eskuetan utzi dugula, gure bizi ohiturei erreparatu ordez.

Bai. Horrek isla garbia du, adibidez, elikaduraren kasuan. Bada jendea kolesterola edo hipertentsioa kontrolatzeko zein pilula hartu arduratuta dagoena, baina ez, aldiz, egoki elikatzeaz, kalitatezko atsedena edukitzeaz, estres egoeretatik ihes egiteaz eta egunero kirola egiteaz. Atalase gisa 40 urteak hartu izan dira: adin horretatik aurrera hasten omen gara ordura arte egindakoez jabetzen eta bizi estiloa aldatzen. Ordurako, baina, kontua ez da izaten osasun arazoak saihestea, jada baditugun arazoei adabakiak jartzea baizik. Egungo bizimoldea ere aurka dugu: produkziora eta kontsumitzera bideratuta egonik, tarte gutxi dago osasunarentzat. Esaterako, egunero lanetik berandu, estresatuta eta ezertarako denborarik gabe iristea ez da antsiolitikoekin konponduko den arazo bat, irtenbide soziala eta sistemikoa behar duen afera baizik.

Liburua publiko guztiei zuzenduta dago, baina emakumeentzat toki berezia gorde duzu, ezta?

Bai. Izan ere, landare askok eragin estrogeniko handia dute, eta hiperestrogenismoak emakumeei eragiten die. Jende eta, jakina, emakume mordoa dago ezjakintasun osoz sendabelarrak hartzen dituena, kaltegarria izan daitekeen arren. Espero dut, beraz, liburua sindrome metabolikoak eta fase hormonalak kontrolatzen laguntzeko baliagarria izatea, adibidez.

COVID-19ak utzitako ondorioek zer eragin izan dute sendabelarren erabileran?

Koronabirusarekin gertatu da inor ez zegoela hari aurre egiteko prest. Gaitza pasatu duen jendea artatzean, asterik aste, konponbide desberdinak proposatuz joan naiz. Puntu horretan, tratamendua ahalik eta modu espezifikoenean egin behar da, paziente bakoitzaren beharretara egokituta. Izan ere, pertsona batek tronboa izan badu, tiroideko arazoak pasatu baditu edo arnasketa arazoak baldin baditu, sendabelar jakin batzuek kalteak areagotu ditzakete. Beraz, erremedio naturalak izanagatik ere, ez dira beti lagungarriak. Bana-banako arreta, horrenbestez, giltza da.

«Osasunak ez du inpunitaterik», zioen Zhivago doktoreak.

Denborak arrazoia eman dio. Gorputzari nahi den besteko alkohol eta droga emanez gero, urteetan zabor janera joz gero eta, oro har, metabolismoa une oroko estres baten eraginpean edukiz gero, hark, gerora, kontuak eskatzen ditu. Ez dago esan beharrik edonork duela eskubidea norbere gorputzarekin nahi duena egiteko, baina jakin behar da gorputzak estres hori puntu bateraino jasan dezakeela. Gizartean, bidaltzen dizkiguten estimuluen esangura ere aipatu behar da, adibidez, zabor janaren edo muturreko kirol norgehiagokaren publizitatearena. Baina ez dago interesik produkzio hori osasunaren alde eteteko.]]>
<![CDATA[Bizitza, runbaren tempoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1840/026/001/2021-10-30/bizitza_runbaren_tempoan.htm Sat, 30 Oct 2021 00:00:00 +0200 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1840/026/001/2021-10-30/bizitza_runbaren_tempoan.htm Euskal Herriko runba izeneko bere lehendabiziko estudioko diskoa plazaratu berri du. Albuma osatzen duten sei kantetatik bostek euskarazko letra dute, eta bakarrak gaztelaniazkoa. Agus Garmendiak, Ione eta Ihintza Zozaiak, Ander Larrañagak eta Oskitz Gorrotxategik osatzen dute boskotea, eta joan den astean aurkeztu zuten diskoa.

Diskoaren izenburuak, Euskal Herriko runba, Kilimak taldeak jorratzen duen musika estiloaren zantzu argiak ematen ditu: runba doinuak dira nagusi, baina bada swing kutsudun abesti bat ere. Runba euskal musikaren eszenan gutxiengoan dagoen estiloa izanda, «Euskal Herrian inor gutxik ukitu duen kristalezko sabai bat apurtu» nahi dute taldekideek. Nolanahi ere, runba «dantzaren, alaitasunaren eta festaren» adierazle izan arren, abestiek «mezu serioak eta konprometituak» dituzte.

Esate baterako, Kontakatilu abestian «aldamenekoaren bizitza epaitzeko erraztasuna» kritikatzen dute; Errutinaren tranpa-n, berriz, musikariek salatzen dute «ofizio prekarioek, egunerokotasunak eta giza joerek pertsonak automata bihurtzen dituztela»; Soledad kantuan, berriz, «beldur jakin batzuetatik ernetako ezinegona» islatzen da. Kilimak taldeak, horrenbestez, gauzak kontatu gura ditu, dantzagarritasunaz eta jai giroaz harago.

Haien ibilbidea labur samarra izanagatik ere, badute eskarmenturik: taldea 2018an batu zen, eta urte hartan eta 2019an ehun kontzertu inguru eman zituen; pandemia sasoia iristean, baina, bi urteko geldialdia egin behar izan zuten, eta orain, bueltan dira. Hori dela eta, «hainbat kanta» dituzte prest, albumak sei bakarrik dituen arren. Zuzeneko emanaldietan, adibidez, jotzen dituzten abestien «%90 inguru» haien errepertoriokoak izan ohi dira, baina moldaketaren bat edo beste egitera ere ausartzen dira; esaterako, Itoizen Hegal egiten kanta jotzen dute, haien estilora ekarrita.

Euskal Herriko runba taldearen sorterrian bertan grabatu, nahastu eta masterizatu dute, Hernanin (Gipuzkoa). Lan horien arduraduna Oh Brother estudioko Iñigo Egia izan da; diseinua eta bideoklipa Ximon Agirrek eta Arantxa Vidalek egin dituzte. Gainera, kolaborazio bat ere izan dute: Soledad abestiaren hitzak Iñaki Iradik idatzi ditu.

2020an Gaztearen Entzuleen Saria irabazi ostean, etorkizunari «itxaropentsu» begiratzen diote Kilimak taldekoek: udara begira «ahal bezain kontzertu gehien ematea eta ikus-entzuleak dantzan jartzea» dute xede.]]>
<![CDATA[Afrikako lehen euskal etxea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/032/001/2021-10-30/afrikako_lehen_euskal_etxea.htm Sat, 30 Oct 2021 00:00:00 +0200 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1893/032/001/2021-10-30/afrikako_lehen_euskal_etxea.htm
Sortu ez ezik, lehen talde jarduera ere egin dute jada, eta «oso arrakastatsua» izan da, Ismael Larrañaga elkarteko lehendakariaren hitzetan. Urriaren 16an, Topagune Gastronomikoa izenpean, euskal etxeak hamabost bat lagun bildu zituen mahai baten inguruan.

Elkarretaratzearen helburua «Euskal Herriko gastronomia aitzakia gisa hartuta, anaitze ariketa bat egitea» izan zen, Larrañagaren aburuz: «Txistorra pintxo, kroketa eta patata tortilla artean, elkarren arteko lehen lokarriak finkatzeko parada bikaina izan genuen».

Euskal etxea sortzeko ideia 2018ko irailean bururatu zitzaion bertan bizi den euskal herritar talde bati. Haiekin batera, jatorri euskalduneko zenbait ekuatoreginear eta garai batez Euskal Herrian bizitako beste horrenbeste ekuatoreginear batu ziren proiektura. Horrelaxe errotu da Ekuatore Gineako euskal diaspora taldea.

Larrañagak azaldutakoaren arabera, proiektu horren barruan edonork har dezake parte: «Ekuatore Ginean bizi diren euskal herritar denentzako elkargunea da, baina euskal herritarron lagun guzti-guztiak gonbidatuta daude».

«Bilgune eta egoitza lanak» betetzeaz gain, proiektuak baditu zenbait xede garapenerako: «Ekuatore Gineako iritzi publikoaren aurrean, euskal identitatea ezagutarazi nahi dugu», Larrañagaren esanetan. Halaber, jarduera sozialez eta kulturalez osatutako egitarauak ere antolatu nahi dituzte.

Kudeaketa taldearen funtsa

Argi dute zer bideri heldu behar dioten: «Beharrezkoa dugu hala Ekuatore Gineako nola Euskal Herriko eragileekin hartu-emanak sustatzea». Beharrizan horiei guztiei heltzeko, euskal etxearen kudeaketa taldea sortu dute.

Egun, hogei lagunetik gora ari dira proiektuan aktiboki lanean, eta espero dute kopuruak «pixkanaka-pixkanaka gora egitea». Bide horretan, kudeaketa taldea bazkideak erakartzeko programa bat lantzen ari da, «pareko beste antolatzaile batzuekin jarduerak sortzeko eta elkarlanean aritzeko».

Izan ere, Malaboko Bat Eginez euskal etxea irekia dago interesa duen pertsona orori. Bazkideek, baina, aurrena erakundearen oinarriak, baloreak, ezagutu behar dituzte: «Euskal nortasunarekiko kontzientziazioa izatea eta elkarteko erabakiak modu libre nahiz demokratikoan hartzen direla ulertzea, besterik ez dugu eskatzen», argitu du Larrañagak.

Tapia, Etxegarai, Elgorriaga, Larrainzar, Larrañaga, Gabilondo... Ekuatore Ginean, asko dira euskal jatorria duten abizenak. Ondorioz, kudeaketa taldeak hainbatetan egin du topo haien historia, ondarea, kultura eta identitatearekin berriz elkartu nahi duten jatorri euskalduneko biztanle ginearrekin. Era berean, «asko eta asko» dira, hainbat arrazoi tarteko, Euskal Herrian denbora batez bizitakoak; gainera, «horietako batzuek euskaraz ederto dakite», dio Larrañagak. Euskal etxea, hortaz, «horientzako guztientzako nolabaiteko aterpea da».

Euskal etxea sortzerakoan, Malabo aukeratu izana ere ez da kasualitatea: «Ekuatore Gineako hiriburua da, baina, batez ere, bertan bizi dira herrialdeko euskaldun gehienak». Dena dela, hiriburua uharte batean bioko- kokatuta egoteak hurrengo urratsari so jarri ditu: «Epe ertainera, herrialdearen alde kontinentalera salto egitea aurreikusten dugu, gainerako hiri esanguratsuetan ere presentzia izateko».

Lantaldeak hainbat jarduera modu erregularrean egiteko asmoa du; besteak beste, aurreikusita dauzkate hileroko poteoak, asteburuetako irteerak, herri afariak, Aberri Eguna eta Olentzeroren etorrera.

Arlo administratiboari dagokionez, «legeztatzeko bidean» daude. Proiektua Gineako Gobernuko Barne Ministerioari aurkeztu diote. «Tramite horren ostean, Eusko Jaurlaritzarekin hasiko gara lanean», azaldu du Larrañagak.

Aurrera begira, Munduko Euskal Etxeen Sarean sartzeko asmoa dute, Malabokoa «ofizialki afrikar kontinenteko lehen euskal gunea bihurtu dadin».]]>
<![CDATA[Gau Beltza suspertzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2021-10-30/gau_beltza_suspertzen.htm Sat, 30 Oct 2021 00:00:00 +0200 Alex Uriarte Atxikallende https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2021-10-30/gau_beltza_suspertzen.htm
Herri horietako bat da Mutriku (Gipuzkoa). Bertan, urteak dira jaialdi berezi hori ospatzen dutela: Talaixako Mamua izeneko pertsonaia ere sortu dute, ospakizunaren inguruan. Aurten, bi eguneko egitaraua izango dute: gaur, 20:00etatik hasita, Axuri Beltza kalejira, Talaixako Mamua usatzeko espraikada eta beldurrezko filmen maratoia izango dituzte. Bihar, 17:00etan, munstroak makillatzeko tailerra egongo da; 19:00etatik aurrera, Sorginak kalejira egingo dute; eta, 21:00etatik aurrera, umeentzako dantza festa eta Sustrai Doinuak-en diskoteka izango dira.

Bergarako Udalak (Gipuzkoa) ere astebeteko egitaraua prestatu du aurten; herriko hainbat eragilek proposamen ugari antolatu dituzte, «euskara, natura, komunitatea, ondarea, inklusibitatea eta festa» batzen dituen ospakizunaren inguruan. Gaur, 18:30ean hasita, herriko musika eskolak Kalabera abestia joko du San Martin plazan, eta, horren ostean, txokolate jatea egongo da; 19:30ean, Deabru Beltzak taldeak Su Danborrak ikuskizuna emango du, herriko kaleetan. Bihar, Bautista Legenardunaren bisita gidatuak egingo dituzte, 21:00etan eta 23:00etan.

Tokian tokiko aldaerak

Euskal Herriko beste herri ugaritan ere izango dituzte Gau Beltzarekin lotutako egitasmoak: Etxauribarren (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Aretxabaletan (Gipuzkoa), Maule-Lextarren, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Urnietan (Gipuzkoa), Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Itsasun (Lapurdi).

Itsasuren kasuan, estreinakoz prestatu dute Arimen Gaua. «Komertzialtasunari eta era horretako jaiak frantses hutsean ospatzeko ohiturari ihes eginez», eredu berri bat proposatu du herriko ikastolako guraso elkarteak. Izan ere, jaialdia umeen iruditegi kolektiboan «modu arrotz eta desegokian» barneratzen ari den kezka dute.

Gainontzeko herriei helduta, Lekeition, Katu Baltz jaia egiten dute; Oiartzunen, mozorro jaia; Etxauribarren, gozokiak biltzeko errondak. Beraz, Euskal Herriko toki askotan badu presentziarik Gau Beltzak.

Usadiook landu dituzte Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek, eta Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan bildu. Altunaren arabera, «erritu horiek, gutxienez, XX. mendekoak dira»: «Heriotza eta neguaren iritsiera omentzen dituzte, baina umeak dira protagonistak». Janariak ere presentzia handia du jaiotan, «negu aroko euskal kulturak, kuiez eta gozokiez gain, janari azokak eta eske errondak betidanik eduki izan baititu».

Gau Beltza



Gaur eta bihar, Euskal Herriko hainbat herritan.]]>