<![CDATA[Amagoia Gurrutxaga Uranga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 08 Aug 2020 05:26:35 +0200 hourly 1 <![CDATA[Amagoia Gurrutxaga Uranga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Kennedytarrekiko begirada aldatuta ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1899/034/001/2020-06-30/kennedytarrekiko_begirada_aldatuta.htm Tue, 30 Jun 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1899/034/001/2020-06-30/kennedytarrekiko_begirada_aldatuta.htm Kennedy kantaren abiaburua. Uztail erdialdean kantatu zuten lehen aldiz jendaurrean, Eizagirrek gogorarazi duenez: «Alegiako [Gipuzkoa] festak ziren, eta kantu txapelketa bat zegoen han. Hara joateko hartu genuen Erlak izena. Kuadrillan joan ginen, egun-pasa, eta irabazi! Beste abesti batekin irabazi genuen, baina garaikurra ematean Kennedy kantatu genuen. Jendea berehala hasi zen deika, eta herriz herri ibili ginen kantuan». ]]> <![CDATA[«Deklarazioak, bai, badaude, baina aldatzeko benetako borondaterik ez dago»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/030/001/2020-06-16/deklarazioak_bai_badaude_baina_aldatzeko_benetako_borondaterik_ez_dago.htm Tue, 16 Jun 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1898/030/001/2020-06-16/deklarazioak_bai_badaude_baina_aldatzeko_benetako_borondaterik_ez_dago.htm Irlak ipuineko pasarte bi dira; izen bereko narrazio bilduman argitaratu zuen, 2015ean, Erein etxearekin. Birus batek eragindako izurriteaz ari da bertan.

Pandemia bat heldu da, bada, mundu errealera. 2019ko abenduan hasi zen, eta argitalpen data hori dauka EHUko filosofia irakaslearen orain arteko azken liburuak: Gogoeta-bide irekiak. Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat. EHUk argitaratu dio.

«Globalizazioa eta mugikortasuna mundu honen ezaugarriak dira», diozu zure liburuan. Bi faktoreok ezinbestekoak izan dira COVID-19aren hedapenerako.

Birus bat di-da zabaldu da Txinatik mundura. Orain dela sei urte idatzi nuen Irlak ipuina pandemia batean dago girotuta. Irakurritako gauzak ziren oinarria, nahiko posible ikusten zelako orduan jada. Zientzialariek hala zioten; aurrekariak ere bazeuden. Hori ez da harrigarria izan.

Guk jaso dugu kolpea, lurralde aberatsenetan; lehen aldiz. Hori bai izan da harrigarria. Inork ez zuen sinesten etorriko zitzaigunik, baina. Harrokeria puntu bat egon da hasieran; maila guztietan, goikoen eta geure artean ere bai. Eta agerian geratu da zer sistema ahula daukagun, zeinen gaiztoa den merkatu libre basatiaren eragina... Erori da dena; behin-behinean behintzat. Horrekin bai, horrekin harritu nintzen.

Dena erortzearekin?

Bai. Orain batere garbi ez daukadana da nola aterako garen hemendik, zer-nolako jarrera izango dugun. Azken finean, ematen du kezka direla hondartza, garagardoak, oporrak... Beldurra ematen dit. Hau esperientzia berri bat da, zentzu erradikal batean, eta oso zaila da aurreikustea zer gertatuko den. Nik uste dut oraindik sorpresak egongo direla. Gauza asko esaten dira, baina esperientzia bakar batetik ezin da atera ondorio sendorik.

Jende askok hitz egin du esanez aukera ederra dela hau mundua aldatzeko, eta oxala, baina seinaleak ez dira onak. Niri gustatuko litzaidake, noski, agerian geratu diren gaitz horiek guztiak desagertzea gutxienez, edo samurtzea. Publikotasunaren aldeko jarrera sendo bat agertzea bai hezkuntza mailan, bai osasun sistemaren mailan...

Naturarekiko harremanean ez?

Baita ere. Baina klima aldaketaren berri aspaldi daukagu, aizu, eta mundua ez da aldatu. Eta aldaketa sakonak behar dira. Deklarazio mailan, diskurtsoak klima aldaketaren kontrakoak dira; baita errefuxiatuen alde ere, baina Mediterraneoko hondartzak jendez mukuru daude, eta aurrez aurre jendea itotzen ari da. Orduan, deklarazioak, bai, badaude, baina benetako borondaterik ez dago. Oso iraultzaileak gara denok, gero. Feminismoarekin, berdin. Eta aldaketa ez da etorriko zerutik, goitik, autoritatetik. Eta ez aldatzearen ondorioak latzak izango dira. Inozo ni, uste nuen honelako kolpe batek eragin zezakeela deklarazioetatik borondate batera igarotzea jendea. Ospitaleetan ikusi dugun kaosa, heriotza, ezina, gaitza... Hau pasatzen ari da, eta deskonfinamenduak lehen lerroan jarri dituen kezkak ez dira horiek. Aldaketa klimatikoa ezaxolakeriaren zantzu agerikoa da.

Nola bizi duzu zuk hori guztia?

Nahiko modu desordenatuan, psikologikoki. Baina saiatu naiz gehiegi ez hitz egiten. Batez ere, ikusi dudalako komunikabideetan entzun ditudan diskurtsoek zeinen iraupen laburra zuten. Politikariena ikusgarria izan da niretzat. Negazionismo batetik neurririk gogorrenak eskatzera pasatu dira, eta, gero, deskonfinamendurik azkarrena eskatzera. Zorionez —edo zoritxarrez—, filosofiaren denborak beste batzuk dira. Argi dago halako egoera batean erantzunak eman behar direla, baina ni isilik egoten saiatu naiz, buelta asko ematen, kaos batean sartuta; ohar asko hartzen, gauza harrigarriak azpimarratzen. Harridura fase batean nago oraindik.

Egia-osteaz dezente hitz egiten duzu liburuan. Hanna Arendt dakarzu gogora, egiaren eta jarduera politikoaren artean dagoen harreman gatazkatsuari buruzko haren ekarpena azalduz. Egiaren gotorlekuei —unibertsitatea eta kazetaritza, besteak beste— eutsi beharra nabarmendu zuen Arendtek.

Atzo [ekainaren 3agatik], Espainiako Kongresuan egon zen eztabaida politikoa ikusi nuen pixka bat, eta gogora etorri zitzaidan M-11ko atentatuaren osteko giro terrible hura. Haren pareko gauza gutxi ikusi dut nik politikagintzan: gezurra esatea nahita, jendaurrean agerian geratzea, hauteskunde artean... Eta urteak egon dira horrekin. Orain, bada, M-8ari buruz gauza bera esaten ari dira! Gobernuak bazekiela eta egiten utzi zuela eta beste. Gezur askoren korapilo gune bat da hori, ikaragarri zabaltzen ari dena, eta ematen du hortik etekina ateratzeko esperantza dutela batzuek. Terriblea da egoera. AEBetan Trump ikusten duzunean bezala da, adierazpen zoro horiekin. Berdin Bolsonarorekin Brasilen.

Agintea lortu dute horrela.

Egia-ostearen gainean eraikitako estrategia bat da hori, argi eta garbi, gezur sistematiko bat lantzen, ureztatzen, jorratzen, ongarritzen duena.

Eskola sortzen ari dira, bada.

Bai. Eta horren inguruan mugitzen da kazetari piloa, mugitzen dira boteregune asko eta asko. Eta funtziona dezake. Beraiek itxaropen hori dute.

Testuinguru honetan, gelditu eta pentsatzen hasteko aldarri bat da zure azken lana.

Egiaren alde egiten dut hor. Susan Haack pentsalari feministaren esaldi bat bada, esaten duena egiaren bilaketa oso lan latza eta gogorra dela, eta arrakasta ez dagoela bermatuta. Hori hala dela onartuta, ekin diezaiogun bide horri. Eta horrek eskatzen du lan motel bat, lasaia. Kazetaritza aipatu dugu lehen. Nire inpresioa da kazetaritza bera bilakatu dela fast kazetaritza. Eta politikaren kasua ikaragarria da. Egunero iritzia eman behar dute, denaz, eta eremua markatuz. Horren ondorioak katastrofikoak dira. Baina gure garaia horrelakoa da.

Nire galdera da: nora goaz bide horretatik? Arazo zailen inguruko eztabaidak —justiziari, egiari, zoriontasunari buruzkoak, esaterako— ezin dira pilula batekin ebatzi; lan latza eskatzen dute. Filosofia oso gaizki ezkontzen da munduaren abiadurarekin, munduaren mezuen laburtasunarekin. Twitter gauzarik antifilosofikoena da, alde horretatik. Horregatik guztiagatik, askotan, filosofia kolokan jartzen da.

Nora goaz, bada?

Bolsonarok hezkuntzatik kendu zuen filosofia, boterea eskuratu eta berehala. Argudioa oso sinplea zen, eta ulertzen da: filosofiak ez du etekinik ematen epe laburrean. Eta epe laburraren aroan bizi gara. Hala, hezkuntza sistematik bazterrean ari dira geratzen filosofia eta gertu izan ditzakeen beste diziplinak.

Nik zientzia eta diziplina teknologikoak miresten ditut, beren argi-ilunekin, baina ezin dira baztertu arteari edo humanitateei lotutako diziplinak. Diziplina guztien arteko nolabaiteko elkartasun bat behar dela uste dut, eta elkartasun horretatik bultzatuko diren balioak beste batzuk izango direla. Igual inozokeria da, baina curriculumean txertatu beharreko kontu bat iruditzen zait hori, benetan. Horri uko egiten baldin badiogu, jarrai dezagun bide honetatik. Agian, helmuga eder baterantz goaz, baina, itxura guztien arabera, ez da hala.

Liburuan hizpide duzu, baita ere, zientziaren ekarpena auzitan jartzeko joera, boterearen morroitzat hartuta. Pandemian ere ikusi dugu hori.

Liburuaren barruan dagoen joera bat da esatea: ez hau, ez bestea. Zientziak itzalak ditu, zalantzarik gabe, eta itzal horiek mahai gainean jarri behar dira, baina beldurgarria iruditzen zait ere birusa hortik dabilenik ukatzen duen eta hau guztia enpresa batzuek egindako muntaketa bat dela dioen jendea egotea. Negazionismoa indartsua da.

Ikerketa lan bat egin behar da, egia eskuratzeko asmoz. Gure bizitzan dauden joko asko eta asko, nik ikerketa joko deitzen diedanak —eta ikerketa ez da ulertu behar soilik zentzu zientifiko batean—, ez dira zentzuzkoak egia ez baldin badago hor nonbait. Horregatik bereizten ditut asko fikzioaren jokoa eta egiaren jokoa. Biak dira inportanteak gizakiarentzat, baina, zientziaren eta ikerketa baten kasuan, egia zentrala da, lehengusu dituen objektibotasunarekin, neutraltasunarekin eta besterekin batera. Horiek gabe, partidak ez du zentzurik.

Egiaren eta kontzeptu epistemiko horien aurrean, batzuetan, nik gustuko ez ditudan jarrerak egon dira filosofian; eszeptiko deitzen zaie. Niri ez zait interesatzen jokoa ukatzea; joko hori zertan den ulertu nahi dut. Zertarako ukatuko dut, joko horrek zentzua ematen badio nire bizitzaren zati bati? Filosofiak egin behar duena da joko hori ulertu. Negazionismoa da eszeptizismo horretatik eratorri den kontu bat. «Egiarik ez dago», esaten dizute. Baina gero esaten dizute gezurretan ari zarela, gobernuak iruzurra egin duela. Esaldi horiek zentzuzkoak izan daitezen, beharrezkoa da egiaren orbitako kontzeptuak egotea. Eta badaude kontzeptu horiek ukatu, ahuldu eta aldrebestu dituztenak.

Eskuin muturrean bakarrik ez.

Ez. Esango nuke mugimendu horren hasieran, normalean, ezkerra dagoela, baina eskuinak kapitalizatu duela. Gai honetaz gauza asko ari da argitaratzen egun. Postmoderno batzuek jarrera negazionista dute kontzeptu horien aurrean, eta orain Trumpek erabiltzen ditu. Zuk uste duzu Trumpek badakiela ezer posrmodernismoari buruz? Botere iturri bat ikusi du hor. Publizitatearen estrategia da. Kontua ez da jada gezurretan aritu ala ez; kontua da esatea edozer gauza, interesen arabera. Eta kito. Berdin da zer den egia. Egia-gezurra partidan ez dira sartzen. Muturreko ezaxolakeria da hori, egia-ostearen sintoma beldurgarria.

Galdera zerrenda luzea jasotzen du zure azken lanak. Gertatutakoak gertatuta, galderaren bat aldatuko al zenuke?

Oraingoz, hortxe utziko nituzke. Esperientzia honek, maila honetan behintzat, ez du aldaketarik ekarri. Are, hor aipatzen diren gauza asko eta asko orain zentzuzkoagoak direla esatera ausartuko nintzateke. Liburuan badago borborka mezu ezkor bat munduaren egoerari buruz, eta hori berretsi da. Inpresioa daukat bizi gintezkeela askoz hobeto denok, eta aukerak galtzen ditugula bata bestearen atzetik. Atzo baino okerrago gaude gaur.

Denak hobeto bizitzeko telelana horretarako pagotxa da, zenbaiten ustez. Matrix batean bizi garela idatzia duzu azken lan honetan, eta koronabirusak ordenagailura lotu ditu milaka eta milaka pertsona.

Telelanak baditu onurak, baditu arriskuak. Pertsonalki, badira disfrutatzen ditudan gauza batzuk, eta bat da irakastea. Klaseak telematikoki ematearena luzatzen baldin bada, zuzenekoa kentzen baldin badidate... Ikasleen aurpegiak eta ekarpenak behar ditut; horrela bizi dut irakaskuntza. Testu hauek eta azken urteetako gainontzekoak ikasleei begira egindakoak dira, ikasleengandik sortuak. Hor disfrutatzen dut.

Ikasle batzuk, esaterako, feminista dira jada unibertsitatera datozenerako. Nik askotan esaten diot nire buruari: gu non bizi izan gara orain arte? Ahoa bete iraultza bizi zen belaunaldi batekoa naiz, 1980koa, eta feminismoaren presentzia hutsaren hurrengoa zen. Filosofia ikasi nuenean, logikan espezializatu nintzen, eta Susan Haackena izan zen entzun nuen emakume izen bakarra. Orduan, ikasleen eskutik hasi naiz ezagutzen egile asko. Baita antropologiako irakasleen eskutik ere. Denen artean, nire mundua zabaldu dute. Kezken zerrenda handitu egin zait, eta betiko kezkak beste ikuspuntu batetik aztertu ditut.

Zenbaitetan, pakete berean etortzen dira feminismoa, animalismoa, beganismoa eta beste hainbat ismo, eta niri gustatzen zait bisturia hartu eta bereizketak egitea. Liburu hau bisturi ariketa bat da, askotan. Ikasleek ekarri didate hori guztia. Galdera asko ekarri dizkidate, batez ere.

Laikotasunaren aldeko aldarria ere ikasleek ekarri ote dizute?

Ez. Beste gaietan ez bezala, abiapuntua pixka bat pertsonala izan da hor. Eskola erlijioso batean ikasia naiz, eta horrek markatu egiten du bat. Nahiko konbentzituta nago erlijioak Euskal Herrian botere izugarria daukala, eta ez duela merezi. Erlijioak ez dio inolako ekarpenik egiten hezkuntza sistemari, doktrina gisa. Oso arriskutsua da, eta eragiteko azkeneko txokoa Balioak ikasgaia du. Balioen monopolioa berenganatu nahi dute. Horregatik, liburuaren azkeneko partean balioen auzia zentrala da. Laikotasunaren aldeko apustua egiten dut. Doktrina batek ezin du balioen auzia bideratu. Balioen gaineko hezkuntza oso konplexua da, eta filosofiaren ekarpena aldarrikatzen dut hor. Balioek lagundu behar dute gizartea hobetzen.

Zeintzuk dira oraintxe bertan buruan dauzkazun galderak?

Iraultza hitza daukat buruan, batez ere. Hanna Arendten testu bat ari naiz irakurtzen: Sobre la revolución [On Revolution, 1963]. Iraultzen historia bat da.

Historiaren izaeraz ere gogoetan ari naiz. Badago jende asko pentsatzen duena historia ez dela zientziaren zakuan sartu behar, eta ni baiezkoan nago.

Azkenik, Filosofiarako sarrera bat izeneko lan bat idatzi nuen bere garaian, eta bost atal idatzi ditut orain, filosofiaren atal nagusietara egile feminista batzuek egindako ekarpen ikaragarriari buruz. Hor murgilduta egon naiz konfinamendu honetan. Jauzika.]]>
<![CDATA[Negua ez da joan eta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/036/001/2020-06-14/negua_ez_da_joan_eta.htm Sun, 14 Jun 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1942/036/001/2020-06-14/negua_ez_da_joan_eta.htm
20:00etan zen hastekoa emanaldia, baina hamar minutuko atzerapenaz entzun zen megafoniatik ahotsa, jendeari bertaratu izana eskertuz. Eta itzulera festa hasi zen. Zea Mays taldeko lau kideak oholtzan agertu bezain pronto geratu zen garbi kontzertua berezia izango zela, zeukan testuinguruak hartaratuta: txalo zarta bereziki ozenarekin hartu zituen publikoak Asier Basabe (bateria), Ruben Gonzalez (baxua), Iñaki Imaz (gitarra) eta Aiora Renteria (ahotsa). Jendea bero zegoen; Haizearen jainko beltza kantaren lehen akordeak entzun orduko baieztatu zen. Musikariek, berriz, irribarrea aurpegitik uxatu gabe aletu zituzten Atera (Garden Records, 2019) diskoko beste hiru pieza: Gaur ni naiz, Edonora eta Kea. Azken hori kantatzen bukatutakoan, Renteriak hitzez adierazi zuen antzokian nagusi zen giroa: «Erdi negarrez nago. Hau supersurrealista da, arraroa, baina eskerrik asko hemen egoteagatik!».

Era (2010) diskoko Gorputz pentsamendu huts jotzen hasi ziren segidan. Ordurako, eskuineko palkoko batzuk zutik eta dantza kontrolatuan ari ziren. Zea Mays zuzenean entzutea eta eserita eustea —dantza libre egiteko aukerarik gabe, alegia— berez da zaila; herenegun Viktoria Eugenian sumatzen zen musika egarriarekin, are zailago. Elektrizitatea, Atera, Enbata, Hiri ero, Ilara hilobi eta Zintzilik etorri ziren gero. Gozatzen ikus zitezkeen musikariak, elkarrekin jolasean; entzuleak ere bai, tarteka argitzen zituzten argi fokuen pean. Eta kontzertuko une berezietan berezienetako bi etorri ziren. Lehena, Negua joan da ta interpretatu zutenekoa, Ainhoa Moiua keinu hizkuntzan lagun zutela. Aurpegia estalita eta elkar ukitu gabe zeuden entzuleek Renteriarekin batera kantatu zuten: «Laztandu nazazu orain, ur urdinen artean/ orain lainorik ez da, aurpegi biluziak/ ta larrua jotzean garrasirik ozenena,/ gordin amaigabea, negua joan da ta». Segidan etorri zen hurrengo momentu berezia: taldeak Bi bihotz bi ero kantaren bertsio erraldoia oparitu zutenekoa, ingelesezko tarte eta guzti. Oihu eman zuten gero; eta Kukutza; eta Gaur. Eta, agur esan, eta desagertu egin ziren.

Azken eztanda

Gehiago nahi zuen jendeak, eta halaxe egin zuen oihu. Renteria eta Imaz agertu ziren oholtzara. Beste oihu bat hor iluntasunetik, txantxetan eta segurtasun tartea gogoan, elkar ez ukitzeko eskatuz. Oihuak oihu, beste tarte berezi bat sortu zuten kantariak eta gitarrak, Zu ematean. Azken diskora egin zuten jauzi gero, laukote formatua berreskuratuta: Inurriak jo zuten. «Eztanda egitekotan nago. Oso pozik eta super-super emozionatuta», esan zuen Renteriak abesti hori amaitzean. Hondarretik Ondarrura eman zuen taldeak, azkenik, ordu eta erdi pasako maskarada bukatzeko. Halaxe itxi zuten pandemiak ezarritako musika etena: hemeretzi kanta eskainiz, negua erabat ez dela joan agerian utzi zuen zuzeneko lehen kontzertu arraroan.]]>
<![CDATA[Negua ez da joan eta]]> https://www.berria.eus/albisteak/182799/negua_ez_da_joan_eta.htm Sat, 13 Jun 2020 21:27:29 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/albisteak/182799/negua_ez_da_joan_eta.htm <![CDATA[Bizipozerainoko bidaia egin du Anjel Lertxundik bere azken nobelan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/024/001/2020-06-12/bizipozerainoko_bidaia_egin_du_anjel_lertxundik_bere_azken_nobelan.htm Fri, 12 Jun 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1893/024/001/2020-06-12/bizipozerainoko_bidaia_egin_du_anjel_lertxundik_bere_azken_nobelan.htm
Etxera bueltatu bezain laster, lanean hasi zen. «Orain dela urte eta erdi pasatxo ekin nion honi». Iaz bukatu zuen, eta atzo aurkeztu, sarean, etxetik: Haltzaren muinoa. «Abentura liburu bat, ezohikoa». Elkar etxearekin eman du, duela bost urte Xabier Mendigureni emandako hitza betez; Antton Olariagaren ilustrazioekin.

Ibai baten ondoko muinoan bizi den haltza da nobelako protagonista. Uholdeak muino puska bat eramango du ibaian behera, eta han joango da, lokatz eta guzti, haltza ere, beti amestutako bidaian. «Horrek hasten eta definitzen du ipuina: bidaiatzeko gustua eta ametsa ez da pertsona edo animalia batena, berez geldirik egotea tokatuko litzaiokeen izaki batena baizik». Liburua hitz batekin definitzekotan, bizipoza aukeratu du Lertxundik: abenturaren, euskararen eta bizitzaren bizipozak bizi dute idazleak «10 eta 99 urte bitarteko» irakurleentzat idatzitako nobela. «Haltza itsasoraino iritsiko da, hainbat esperientzia berri bizi izan ondoren. Bidean, beste bat bihurtzen da, ezagutu eta bizi izan dituen esperientziei esker». Haltzaren muinoa da, egilearen esanetan, gaztetxoentzat idatzi duen «nobela-nobela» bakarra.

Ibaiaren erritmoan

Neurri bertsuko atal laburrez osatuta dago liburua. «Argitaletxean entregatu nuen lehendabiziko laginean, baziren atal batzuk bi orrialdekoak, baina gehienak bakarrekoak ziren, eta denak errenditu nituen batera. Zergatik? Aratzago geratzen zelako». Atal laburron hurrenkerak, idazlearen ustez, erritmo bat ematen dio liburuari; ibaiaren abiadura hartzen du kontaketak. «Ibaiak darama arbola, eta egiturak ere irakurlea eramango du». Ibilbide horretan, artzain irudi batetik dramara doa kontakizuna, eta dramatik abenturara. «Fatalismoaren kontrako mezu bat du liburuak. Uholdeak bere ametsa gauzatzeko aukera ekarri dio haltzari, eta baliatzen du. Aurre egiten dio tragediari, eta sortutako gorabehera bakoitzari aurre egiten eta ahal duen bidaiarik onena egiten saiatzen da».

Haltzak ez du bihotzik, dio kantuak, eta Lertxundiren nobelako protagonistari labanaz bihotz bat marrazten dio mutiko batek. Hortxe haltz bihoztun bat. Arbolari gizaki ezaugarriak emateari uko egin dio, hala ere, idazleak: «Sinesgarritasuna nahi nuen. Arbolak sentitu egiten du, eta hori modu natural batean integratzea izan da nire asmoa». Asmook bete ahala, duela bi urte eta erdiko zorigaitzeko «ordu eta egunak betetzeko eta edertzeko» aukera aurkitu du. Eta behinola hartutako zorra kitatu du.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (ETA 53)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/011/001/2020-05-30/termometroa_eta_53.htm Sat, 30 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/011/001/2020-05-30/termometroa_eta_53.htm «Martxotik hona, irla ginenok artxipielago bilakatu gara»

Josebe Blanco Baserritarra

Martxoaren 19an hasi nintzen hemen agertzen. Berrogeialdiaren ikuspegi oso pertsonala daukat: distantzia fisikoak asko baldintzatzen nau; nik ez dakit hor behean zer gertatzen den. Orrialde honetan, baina, hartu-eman bat izan dut, hemengo denok geure errealitateak konpartitzen genituen heinean. Bost errealitate oso ezberdin ezagutzeko aukera izan dut -egunero deitzen zigun kazetariarena barne-, Euskal Herri osokoak, eta euskaraz egin dugu bat. Eskertuta nago oso posible egin duten denekin.

Irakurleei begira, zer esan. Nahiko satelite naiz, gure etxeak badauka bere orbita propioa, eta sektoretik oso aparte gaude. Inongo sindikatutan eta inongo patronaletan ez dagoen baserritar bat, ekologikoa egiten duena, ekologistak etsaitzat hartzen ez dituena, natura maite duena eta ustialekurik ez daukana; behingoagatik, bazterreko bat izan dute egunero egunkarian.

Hemen bazterreko batzuk bildu gara. Gazta egiten ari nintzela, hori pentsatu dut: bost ertzetatik egoera beraren bueltan ibili gara, birus horri buruz, bizitzari buruz. Ba al liteke aurrez aurre ikusi ez dituzun pertsonekin honelako harremana izatea? Bai. Ez da gauza bera irla izatea eta artxipielago izatea, eta, sei irla ginenok, artxipielago bilakatu gara.

«Hau ez da bukatu: birusak hor jarraitzen du eta gizarte arazoek ere bai»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Telesail batean egongo bagina, hau lehendabiziko denboraldiaren bukaera dela esango nuke. Hau ez baita bukatu. Birusak hor jarraitzen du, eta baita gizartearen arazo guztiek ere.

Sekulako gola sartu digute. Denok ulertu dugu beharrezkoa zela etxean geratzea, garrantzitsua zela, baina langileak berehala bidali zituzten fabriketara lanera, terrazak ireki dituzte gero, eta haurrentzako parkeek itxita segitzen dute oraindik. Ez gara adituak, baina tontoak ere ez, eta batzuetan galdetzen diozu zeure buruari: esaten al digute egia? Badago zerbait eskapatzen zaiguna, baina ez dakit zer den. Azken mendeetan gerra moduan ebatzi izan dira gatazka sozialak eta politikoak, baina orain gizarte kontrol gero eta sofistikatuagoaren bitartez.

Honek guztiak balio izan du agerian uzteko agintarien lehentasunak eta sistemaren gabeziak. Beste krisialdi bat kateatuko diogu aurrekoari, jendeak asko sufrituko du, baina gauza onak ere agertu dira, eta horiek izan behar dute eredu datozen garaietarako: herri eta auzo egitasmoak, elkartasun sareak. Ardura guztia herritar xehe indibidualen bizkar uztea albo batera utzi, eta gutasunaren monopolioa kendu behar genieke agintariei.

«Ikasi, ez dakit, baina ikusi, gauza anitz ikusi dugu, zernahi arlotan»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Garai historiko bat ukan dugu, hau ez baita egun guztiz gertatzen den gauza bat. Eta hor, jendeak ohartu dira hainbat gauzaz: gobernuaren eta gure osasun sistemaren inkonpetentziaz, adibidez; Poliziaren indarkeria ere gehiago aipatu den gai bat izan da. Ikasi, ez dakit, baina, ikusi, gauza anitz ikusi dugu, zernahi arlotan; eta espero nuke hori profitatzea gero, gauzak aldatzeko.

Gure herriaren zatiketa ere agerian utzi du honek guztiak. Araudi ezberdinak betetzen aritu gara, eta barne muga fisikoak hortxe dira, oraindik ere itxita.

Ene inguruan araudia ez da osoki errespetatua izan, baina badira gehiegi errespetatu dutenak ere, barnealdean orain jakin baita auzo batzuek deitu dutela Polizia, erranez gazte batzuk kalean zirela eta beste. Jarrera parapolizialak badira. Elkartasun sareak ere sortu dira, eta espero dut segida bat ematea horiei, krisialdia badatorrelako. Denok hunkituko gaitu. Niri dagokidanez, badirudi uda honetan lana ukango dudala. Normalki, gure lanak mantenduak izango direla erran dute agintariek. Hainbat hobe.

Hori heldu artean, ostatuak asteartean irekiko dira berriz. Hori da gure normaltasuna neurtzeko termometro bakarra, zenbaitzurentzat. Niretzat ez.

«Orain artekoa aldatzeko tenorean gaude, erlojuz kontrako etapa honetan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ostiral gauean zaborra jaistera atera eta bidean topatu dituen lagunen erruz larunbat eguerdira arte gaupasa egiten amaitzen duenaren antzera ibili naiz hemen; hemen aritzea bizitzak eta bere bizkarroi diren birus pandemikoek sorrarazi duten desfase polita izan da niretzat.

Ez gara martxoan ginenak: eskuak garbitzeko teknika landuagoa dugu; begipea ninja abilenak baino azkarrago estaltzeko gai gara; ingurukoekiko segurtasun distantzia mantentzeko oin mugimendu azkarra perfekzionatu dugu; eta segundo gutxitan ukondoarekin lagun mordoa agurtzeko gai gara, gerri mugimendu finari esker.

Etxeko lanak ere, ordea, ezin egin gabe utzi. Uste dut norberak baduela ardura handi bat lurrera erori den eta mila zatitan atomizatu den zeramikazko sistema berreraikitzeko orduan. Kintsukoroi (hitzaren bukaerari erreparatu diozue?) kolektibo bati ekin behar diogu, bakoitzak bere onena eskainiz, zeramika are ederrago bat lortuz: justuagoa, sozialagoa, humanoagoa eta duinagoa.

Bizitza ninja baten eran bete behar dugula dio nire hagakure pertsonalak: ahalik eta kalte gutxien eraginez. Orain artekoa aldatzeko tenorean gaude, erlojuz kontrako etapa honetan.

«Ez dakit ezer ikasi dugun; ikusitakoak ahaztu nahi ditugula dirudi»

X.X. Etxeko zaintzailea

Ekainarekin heldu nintzen hona, duela bost urte; ehun joan direla esan nezake. Hainbat etxe ezagutu ditut ordutik, beren jaun harro eta emazte mutuekin, beren tratu txar emaileekin eta zerbitzari otzanekin. Gehiago ez isiltzea erabaki nuen behin.

Pandemia hau etorri zen, eta dena aldatu zuen. Izugarrikerien kontaketa bat izan da hau, egun batean gauza bat eta hurrengoan bestea erakusten ziguna. Denbora bera ere hazten ikusi dugula iruditu zaigu. Hastapenetan gertatukoak ez ditugu gogoan; ikusitako guztiak berehala ahaztu nahi ditugula dirudi. Ez dakit ezer ikasi ote dugun. Hainbeste eskatzen digute batzuek migrante, emakume, etxeko langile izateagatik... Konturatuko ahal dira orain, araua betetzen ez dutenero, inor ez dela perfektu! Patroiak altxatu dira, eta geu altxatu ezean zapaldu egingo gaituzte aurrerantzean ere, inurri baikara euren begietara. Egia hori ez da aldatu.

Porlanezko hilkutxa batean bizi naiz; lurra zapaldu eta belarrak bildu daitezkeen tokiren batean egin nahi nuke lan. Gauza asko ikasi gura nituzke. Euskara ere bai, Josebe artzainarekin hitz egiteko; eta Markel erizainarekin; eta Aña ikaslearekin; eta Urko gidariarekin. Itxialdian lagun izan ditut, eta nigandik besarkada soil batera daudela sentitzen dut.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (52)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-29/termometroa_52.htm Fri, 29 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-29/termometroa_52.htm «Abeltzainok ezin dugu lur publikoa hala moduz erabili»

Josebe Blanco Baserritarra

Badatoz hauteskundeak, eta alderdi guztien programak berde eta hostodunak izango dira, ohi bezala. Orain arteko praxia ikusten duzu, baina, eta hostoa onddoz josita eta zimel-zimel ageri da, berdea beharrean. Inon ez dago ausardiarik programetan idatzitakoak aurrera eramateko, eta gatozen errealitatera gatoz.

Baliabide publiko bat erabiltzen uzten badizute, utzi dizuten hori ahalik eta hobekiena itzuli behar duzu, eta baserri munduan hori ahaztua dugu aspaldian. Diru laguntzak emateko orduan, erakunde publiko batek hori eskatu behar liguke baserritarroi. Lur publikoari dagokionez, abeltzainok ezin dugu hala moduz erabili, ezin ditugu purinak eta ganadu karga gehiegi bota mendira. Mendia ez da gurea.

Ezkerreko alderdiek diskurtso oso bat daukate elikadura burujabetzari eta eredu iraunkorrari buruz, baina, boterea daukatenean, ez dira ezkerreko nekazaritza politikak egitera heltzen. EH post-COVID19 manifestuan, irizpide batzuk ematen dituzte zientzialariek hemendik aurrera eduki behar genituzkeen jarduera ekonomikoetarako. Gertatzen ari zaigun hau guztia nahikoa akuilu behar luke beldurrak eta zalantzak alboratu eta adituok markatutako bidea hartzeko. Ausartak eta zintzoak izan behar dugu.

«Datu dantza betean, zahar etxeen egoera iruditzen zait kezkagarrien»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Astelehenean, etxeko kideetako bat dezimekin hasi zen. Hurrengo egunean, sukarrak gora egin zion, eta asteazkenean PCR proba egin zioten. Atzo esan zioten negatibo eman duela. Pentsa, hemen hedabide guztietan ari dira sanferminez, eta, etxeko hirurok, berrogeialdi baten atarian egon gintezkeelakoan. Lanera joan ezina ekarriko lidake horrek, baina, azkenean, ez.

Beste lan kontu bat da albiste orain: Volkswagen Nafarroako bigarren txanda lanean hasiko omen da asteazkenean. Nafarroako ekonomiaren motoreetako bat dela errepikatu ohi digute, baina begira Nissanek zer egin duen Katalunian: ospa.

Osasun Departamentuak aurreikusi baino 18 milioi euro gehiago inbertitu omen ditu pandemiagatik. Horietatik, 3,7 milioi zentro pribatuek jaso omen dituzte. Denean gertatuko da hori, pentsatzen dut, baina Opusekin akordatu naiz. Hemen, dena Opusen hasten eta bukatzen delako.

Datu dantzan, baina, zahar etxeen egoera iruditzen zait kezkagarrien. Kutsatze guztien %40 inguru zentrootan gertatu dira, eta egoiliarren %24 kutsatu. Zahar etxe gehien-gehienak pribatuak dira, eta halaxe izango dira eta laguntza publikoak jasoko dituzte aurrerago ere.

«Triste da muga itxita ikustea, kontrolatuta beti; ez nioke horri eutsiko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Gaur goizean mendian ibili gara, itzuli bat egiten. Bueltan, jakin dugu Baionako ospitalean ez dela koronabirus gaixo gehiagorik, eta albiste ona da benetan. Hau izan da COVID-19ak gutxien jotako eskualdeetako bat, bagenekien, baina hainbat hobe ez bada batere gehiago kasurik. Mugak berriz irekitzen badira edo birusak asko kolpatutako tokietatik jiten bada jendea, baina, arazoa sor daiteke atzera. Beharbada, oraindik mugatuak izan behar lukete joan-jinak. Tristea da, aldi berean, muga horrela itxita ikustea, beti kontrolatua, eta ez nioke horri eutsiko, baina bederen galdegingo nioke jendeari haien mugimenduak ahal bezainbat gutxitzea. Ni Baionatik Bithiriñara noan ber moduan Baionatik Irunera edo Elizondora lasai joan ahal ez izatea gaitz da, hala ere.

Badira gure artean oso egoera latzean jin eta bizi diren beste etorkin batzuk ere. Herenegun, hain zuzen ere, Etorkinekin elkartekoek bilera egin zuten suprefetarekin, etorkin guztiak legeztatzeko eskatzeko. Paperik gabeko etorkinak egoerarik zaurgarrienean daudelako, bai osasun zerbitzua eta aterpea ukaiteko, bai lana egiteko. Badira elkarte batzuk euren babeserako, baina horiei ere zaildu zaie sosa biltzeko ekitaldiak egiteko aukera. Hori ere jo du koronabirusak.

«Badatorren ekainean ez dut Mirentxineko txandarik egingo»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Etorkizun hurbilari buruz gogoeta egin ostean, egiaztatu dut koronabirusak ekaina ere askotxo aldatuko didala. Nire auzoko, Hernaniko edota Irungo jaiak, esaterako, ez ditut gozatuko; eta inkognita hutsa da San Joan bezperako su giroa, egotekotan, nolakoa izango den.

Hala ere, bada nire ekaina ezohiko bihurtuko duen beste detailetxo bat, jaietatik at: aurten ez dut Mirentxineko txandarik egingo, pandemiarekiko errealitatean aldaketa handirik ez badago bederen. Hilabetero eduki ohi ditudan lanik gabeko bi asteburuetako bat, azken urte luzeotan, presoen senide nahiz lagunak urruneko tokiren batera eramateko baliatu izan dut. Tarteka jende berarekin topo egin arren, aurpegi eta errealitate berrien bidaide izan naiz gehienetan, norakoa ere halakoxea izan baita.

Gidari pareak gaua nola pasako ote dugun izan ohi da nire kezka nagusia. Aurretik atseden hartuta joan arren gorputzak gau zehatz horretan nola eutsiko dion jakiterik ez dagoenez, kidearekiko konfiantza izatea eta ahal denean lo egitea dira gako nagusietako batzuk.

Ea pandemiak eta Jonan Fernandezen «kontzeptu aldaketa» horrek ekain normal berriak dakarzkidan.

«Iktusa izan duten lagun migrante ugari ditut; elkar zaintzen dugu»

X.X. Etxeko zaintzailea

Europa zahartu hau izan zen lehenik, nire kontinentea da orain pandemiaren foku. Han da nire familia osoa, eta kezkatuta nago. Hona etortzea egokitu zitzaidanean, sekula hautsi ez dugun promesa sakratu bat egin genuen seme-alabek eta nik: distantziak ez gaitu apartatuko, eta ez diogu ezer ezkutatuko elkarri, txarra izanagatik ere.

Hangoen berri jaso bitartean, hemengo familia zaintzen ahalegintzen naiz. Odolak ez, elkartasunak eta adiskidetasunak batzen dute hemen daukadan sendia. Igandean, adibidez, bisitan joan nintzaion neu bezalako emakume migrante bati. 50-60 urte, etxe batean zerbitzari, iktusa izan berri; perlesiak jota utzi dio gorputz erdia, eskua potortuta eta zangoa erabat lotuta. Ohea egiteko eta garbigailua martxan jartzeko ere, ez da gauza. Errentan hartutako gela batean bizi da, eta, zorionez, ezkongabea da. Ez dauka dirua bidali beharrik inora, baina aurreztutako sosak xahutzen ari da. «Hauek dira hemengo gure irabaziak», zioen. Sorterrira itzultzeko amorratzen dago, baina medikuek ezetz, ez dagoela joateko moduan. Iktusa izandako lagun migrante ugari ditut. Ez gara babesten, ez dugu ondo jaten, ez gara lasai bizi, eta halakoak gertatzen zaizkigu. Eskerrak elkar zaintzen dugun.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (51)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/013/001/2020-05-28/termometroa_51.htm Thu, 28 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/013/001/2020-05-28/termometroa_51.htm «Beldurragatik otzan, menpeko eta preso nahi ote gaituzte agintariek?»

Josebe Blanco Baserritarra

Beasaingo Loinazko festen hasierako bideo ezagunak ekarri duen sokari bueltaka ari naiz egunotan. Ikuspegi erabat zigortzailetik hitz egin du jende guztiak. Hor azaltzen zirenei aholkatu al dio inork PCR proba egitea? Oso zinikoa iruditzen zait gazte horiengan jarri den indar punitibo guztia; erabaki politikoak hartzerakoan osasungintzari lotutako irizpideak ez direnean aintzat hartzen, are gehiago. Eta ez da aurreikusten zaila hainbat erabakirekin -tabernak ireki eta terrazak baimentzekoa, esaterako-, jendea lasaitu eta nahiko ez dituzun egoerak sortu ahal direla.

Kutsatuta gauden ala ez, parean dagoenak birusa daukan ala ez, ez dakigu, eta ez jakiteak beldurra sortzen digu. Korapilo hori erraza da askatzen: testak eginez, masiboki. Badira baliabideak egiteko, ez egitea erabaki dute agintari politikoek. Beldurragatik otzan, menpeko eta preso nahi ote gaituzte?

Maite duen jendearengandik urrun eta arau estuen menpe, une batean, humanoa da pertsona lehertzea. Ez dut esango Besaingoa ondo iruditzen zaidanik, arduragabekeria iruditzen baitzait, baina, behingoagatik, norbaitzuk humano izatera ausartu dira. Bere arrisku guztiekin. Eta barkamena eskatzeko ausardia izan dute, agintariek ez bezala.

«Itxuragatik bada ere, osasun sistema blindatzea komeni zaie»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Arbizukoak ditut gurasoak. Herrimina dudanik ez dut esango, Iruñean jaioa bainaiz, baina nostalgia bai. Gabonetan-eta joan ohi naiz hara bakarrik, eta sarriago joateko gogoa sartu zait.

Arbizun ez, lagunaren herrian izan naiz gaur, Iratxetan, Baldorba inguruan. Txango bat egin mendira, bazkaldu, eta Iruñera buelta. Atzo Iruñean bertan egin genuen txangoa pisukideak eta biok, eta jende pila zebilen kalean. Oporren kontuari bueltaka jarraitzen dut neuk ere. Astebeteko oporrak eman dizkidate azkenean, eta ez dakit aprobetxatuko ditudan ere.

Nik ulertzen dut beharrezkoa dela pixka bat deskonektatzea, egoerak hobera egiten duen heinean, baina hurrengo pandemia kolpe bat etorriko da, eta inon ez dut entzun osasun zerbitzuetako langileen kopurua handitu eta lan baldintzak hobetzeko plan zehatzik. Aurten osasun sistema blindatzea komeni zaie agintariei, ezta? Itxura hutsagatik bada ere. Egia da larrialdietan, esaterako, errefortzu batzuk ere badaudela oraindik, baina udan bukatuko dira horiek. Gero gerokoak. Oraingo honetan ezjakintasunaren eta presaren aitzakia izan dute, baina hurrengorako ez dute aitzakiarik izango.

«Udalekuak ez badira egiten, lan bat aski fite atzematea espero dut»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Aitatxik erraiten zidan aurrekoan euri pixka batek on eginen zuela lurrarentzat eta baratzeentzat, eta asteko egunik beroena atzo. Bi aste badira halatsu garela. Errekako ura uste baino hotzagoa zegoen, hala ere, bainatzera joan garenean.

Gaur arratsaldean Baionara noa. Laguna ere bai, Nafarroatik, eta han elkartuko gara. Normalki, gauza asko argituko da gaur: lizeora sartuko diren ala ez ikasleak; kolegioetan zer pasatuko den; ostalarientzat zer arau ezarriko duten... Astelehenean espero dute ostalariek irekitzeko baimena ukan. Baionakoek galdegin nahi dute leku gehiago espaloietan, segurtasun tartea gordez ohiko mahai kopuruari eutsi ahal izateko. Ikusi behar da horrek zer eragingo duen oinezkoongan.

Udalekuak izanen direnetz ere gaur jakin behar genuke. Pixka bat urduri nago, uda honetan beharko nukeelako lana egin sosa irabazteko, eta horixe dudalako lotua orain arte. Ez badira egiten, beste lan bat aski fite atzematea espero dut. Ez dut ezer buruan, egia erran. Beharra etortzen bada, pentsatuko dut.

Macronek 8.000 miloi euroko plan bat aurkeztu du, auto ekoizpenaren industriarentzat. Ez da behar handiena duen sektorea. Ospitaleetan-eta ezartzen ahal zuten dirutza hori, adibidez.

«Amaren errautsak barreiatu genituen tokira joan ahal naiz»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken hilabeteotan arduraz jokatu dugunez, faseetan aurrera goaz oraingoz. Faseen sistema honi ekin genion datak batetik; eta epe bakoitzak eduki duen luzerak bestetik, nire urteroko erritualetako bat egiteko aukera eskaini dit maiatzaren 28 honetan ere, eta ez da gutxi niretzat. 2012tik, izan ere, ama joan zitzaiguneko egun hau haren errautsak barreiatu genituen muinotxora bisita egiteko profitatzen dugu etxekook.

Geure herrietatik ateratzea debekatua izango bagenu oraindik, ezin izango nioke azken zortzi urteotako keinu honi (dagokion datan behintzat) eutsi. Dilema berri bat sortuko litzateke nire baitan; hagakure pertsonala kontsultatu beharko nuke; eta, ziurrenik, ez nuke eguna iritsi arte zer egin edo ez egin erabakiko. Arriskua nire gain hartu eta etxetik hogeita hamar bat kilometrora dudan muino bakartira autoz joatea deliberatuko banu, ez dut uste bidean topa nezakeen kontrolean gezurrik botako nukeenik. Duela aste batzuk, dilema aipatu nienetako batzuek joatera bultzatu ninduten irmoki, etor zitekeen isuna beraiek ordainduko zutela iradokiz gainera!

Zorionez, urteroko zita hau egiterik izango dut, arduraren sari gisa.

«Plantxa gehiegitxo nuen egiteko gaur, eta herren nabil oraindik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Zenbat eta ordu gehiago egin haurrek kalean, orduan eta lan gehiago dut egiteko nagusien etxean. Plantxa gehiegitxo nuen gaur, eta herren nabil oraindik. Orkatilako mina ari da apaltzen. Hona etorri aurretik, sendabelarrei buruzko ikastaro bat egin nuen sorterrian, eta, handitua gutxitzeko moduak pentsatzen hasi orduko, amona datorkit akordura. Haren ondoan bizi izan nituen nire garairik ederrenak, lurralde beroan, behi gazta egiten ikasi bitartean. Asko zekien landareez. Ezinbestean, hiria urrun baitzen, eta mendia besterik ez baikenuen ibiltzeko. Zekizkien denak bere alaba zaharrenari erakutsi zizkion amonak. Amaren ama zen.

Aitaren herrialdera joan ginen gero, eta han ez zen halako berorik. Aitaren aitak ere bazekien pertsonak eta animaliak sendatzen. Oso urrutitik etortzen zitzaizkion bila, sukarrez, landarez eta lurrinez asko zekielako. Sugearen heldua ere indargabetzeko gai zen. Eta dozenaka erlauntz ere izan zituen. Erletan bilduta dut gogoan aitona, erleei hizketan. Hari ez zioten eztenik sartzen.

Natura ulertzen zuen jende edadetuz betea dago nire haurtzaroa. Sendagileak ziren. Sinetsita nago gizon eta emakume haiek guztiak odolean eta hezurretan darabilzkidala, trumilka.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (50)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2020-05-27/termometroa_50.htm Wed, 27 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2020-05-27/termometroa_50.htm «50 litro esne bota behar izan ditugu gaur; pikutara joan dira bost gazta»

Josebe Blanco Baserritarra

Belarra moztera abiatu traktorearekin, zatitxo bat moztu, eta makina aurrera egin nahi ezta. Mekanikariari deitu, eta ekartzeko bueltan etxera, mendiko bestaldetik. Garabiarekin eraman zuten. Ondoren, presaka ibili ginen denbora guztian, gauza bat egin bitartean hurrengo egin beharrarekin pentsatzen. Hori atzo.

Gaur goizean, joan gara jezteko makina prestatzera, eta atzo gaueko jetzaldiko esnea hoztu gabe zegoen. Bota egin behar izan dugu. Negarrez. Makina entxufatu genuen, baina ez genuen martxan jarri. Deskuido bat. 50 litro, ekoizpenaren laurdena; bost gazta pikutara joan dira.

Aurreko batean baserritarren autonomia aldarrikatzen nuen, baina ez diozu uzten menpeko izateari nolabait. Traktorerik gabe egingo dugu belarretan gaur, eskuz, eta halako egoerek ekartzen dizkiguten lanordu gehigarriak ez dira inon ageri. Eta guk ez daukagu kalte guztietarako asegurua pagatzeko lain. Janaria erosten duena hain dago urrun jango duenaren atzeko lanetik eta suerta daitezkeen egoeretatik, zama guztia gure gain hartu behar izaten dugu... Guk ez dugu gazta garestiago saltzen auskalo zer gertatu zaigulako prozesuan. Guk maite dugu txikitasuna, baina horrek ez zaitu erabat babesten ezbeharretik.

«Txarangako eta taldeko entseguekin hasiko gara aste honetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Igande arratsaldean ez bezala, astelehenean lana ugari izan genuen. Jende asko etorri zitzaigun arratsalde-gau hasieran. Triajean aritu nintzen, anbulantzietakoan lehenik, normalean gero, gelditu gabe. Zein zirkuitura eta zein lehentasunekin bidali erabakitzea da triajeko lana, eta denetariko jendea hartu genuen. Bukatu, bizikleta hartu, etxera bueltatu, afaldu, eta telebista aurrean eseri nintzen. Konturatzerako, Conquis ikusten nengoen. Denboraldi bat ikusia nuen, DBHn nengoenean, eta ez da batere aldatu, reality kaka bat izaten segitzen du. Ikastolatik ezagutzen dudan batek parte hartzen du bertan, eta hari begira egon nintzen.

Aste honetan txarangako eta taldeko entseguekin hasiko gara. Abesti berriak atera eta ahalik eta ondoen jotzeko prest egotea dagokigu orain, datozen hilabeteotan irteerarik programatuta ez daukagun arren. Sanferminak garrantzitsuak dira guretzat, eta bertan behera geratu dira. La Jarana peñakoekin ateratzen hasi ginen iaz, eta, bigarren urterako, kale. Gaurko entseguan ikusiko dugu nola moldatzen naizen. Hiru hilabetean ez dut tronpeta ukitu ere egin; badakit beste batzuk etxean aritu direla entseatzen. Barre pixka bat egingo dugu.

«Frantzian ere erran dute COVID gaixoei hidroxiklorokina ez emateko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Frantziako Osasun Publikorako Kontseilu Nagusiak eta Botiken Agentziak ere erran dute ez emateko hidroxiklorokinarik gehiago COVID-19ak jotakoei; hainbat ospitaletan egiten ari ziren ikerketak ere bertan behera uztea aholkatu dute, The Lancet aldizkariak kaltegarri izan daitekeela argitaratu ostean.

Donald Trumpek botika hori goratu izan du. Berak ere hartua omen du. Gel hidroalkoholikoa edan zitekeela ere erran zuen beste behin, eta hilak ere suertatu ziren batzuk, zazpi bai, hark errana egiteagatik. 100.000 hildako inguru badira Ameriketako Estatu Batuetan. Han ez da osasun sistema unibertsalik, zeuk behar duzu pagatu zure osasun artatzea, eta auzo txirotuetan hildako gehiago dago normalki aberatsetan baino. Eredugarria omen da herrialde hori, hala ere.

Ni neu bikain naiz. Ama, ttantta eta otto lanean baitziren, kusiak etxera jin dira goiz honetan, eta bost ikasleren andereño eta zaintzaile lanak egin ditut. Txikienek eman dute lan gehien, bertzeak beren kasa moldatu dira. Anitz bero bada hemen, eta, etxe ondoan erreka bat badugunez, arratsalde honetan bainatzera joatea proposatu diet denei. Badu bi aste, maiatzean egonik ere, bero handia dugula. Ura fresko izanen da, hala ere.

«Aukera paregabea dugu txanponik gabeko sistema ezartzeko»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken hilabeteetan, lineako autobusetako aurreko atea ez da bidaiarientzako erabilgarri egon. Gidariontzako babes-neurri garrantzitsua izan da, batetik; bestetik, geltokietan autobusa geratzeko posizioen aldaketa bat ere ekarri digu, askotan zertxobait aurrerago egin baitugu geldialdia, ohiko erreferentziak (zuhaitzaren adar lodia, farol okerra, espaloi zati zartatua,...) alde batera utzita.

Txanponen erabilpenari buruz dudan dilema nahiko handia da: betirako muzin egin ala txanponetara itzuli beharko genuke? Pertsonalki, pandemiak eman digun aukera honi eutsi beharko geniokeela uste dut, Fermin Muguruzak Bogota kantan zioen moduan erorketa bakoitzetik dantza pausu bat ikasiz; are gehiago, birus berriak etorriko direla jakinik. Gidari ia guztiok txanponekin aritzeagatik plus bat jasotzen dugun arren, nik muzin egingo nioke. Badakit beste gidari askok kontrakoa pentsatzen dutela, baina, plusaz gain, ez diot onurarik ikusten diruarekin aritzeari: kutsatze aukera gehiago, zerbitzuaren atzerapena, bizkarrarentzako zama...

Turista gutxiagoko aro hau aukera paregabea litzateke txanponik gabeko garraio sistema ezartzeko; antolatzea da.

«Kapitalak bere karabelak darabiltza gaur ere indigenen aurka»

X.X. Etxeko zaintzailea

Hobeto dut orkatila gaur. Ozpinetan sartu, eta baretu zait mina.

Jakin dut Brasilen indigenak oso azkar ari direla hiltzen. Bizi izan nuen gerrarekin pentsatzen hasi naiz, eta oraingoa ordukoaren ondorio dela sartu zait buruan. Bonbak, balak, borrak zituzten lehen; orain, plastikoak. Orduan isuritako odolaren bidetik doaz oraingoak; orduko jauntxoen seme-bilobek ez dute uniformerik soinean, gorbatak baizik. Hortxe datza gakoa: ez dela emaria bukatzen.

Gure herrialdeko diktadoreak ere zibilizazio indigenak akabatu nahi izan zituen, haien kultura eta hizkuntzak. Indigena haiek ziren eremu aratzenen zaindari. Gaur ere, Kapitalak bere karabelak darabiltza haien kontra, baina oraingoak ez dira ez Pinta, ez Niña, ez Santa Maria, Iberdrola baizik. Jair Bolsonaro da Iberdrolaren laguna Brasilen; eta indigenak gorroto ditu. Kapitalismoa gerran da jatorri herrialdeekin eta beren lurren araztasunarekin. Beti izan da gerra horretan. Gaur ere, gure lurren babesle asko eta asko ihesean bizi dira, akabatu eta desagerrarazi arte jazartzen zaizkielako. Hortxe da orain gerra, denon aurka: dena da plastiko, ezin da aratza den ezer egon. Bilbora joan eta Iberdrola dorrea ikusten dudanero gogoratzen dut. Eta odolak su hartzen dit.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (49)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/011/001/2020-05-26/termometroa_49.htm Tue, 26 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/011/001/2020-05-26/termometroa_49.htm «Begi bistakoa da eukaliptoek Galizian izan duten bilakaera: suntsigarria»

Josebe Blanco Baserritarra

Galizia osoa dago eukaliptoz josia. Aitaren jaiotetxearen buelta ere halaxe dut gogoan. Ez da gauza berria, eta begi bistakoa da izan duen bilakaera Galizian: oso suntsigarria. Beti akordatzen naiz hango gizon batekin, esaterako: hamarkadetan, eukaliptoa jarri eta jarri aritu zen, jabetzan zeukan lursaila akitu zitzaion arte; tarte horretan, garapenak errepide bat ekarri zion ondora; eta, lurra akitzean, orube bihurtu zuen. Nola? Errepidea maila batean zegoen, eta gizon haren lursaila, gorago; lur hartan jada ezer ez zetorrela ikusita, gizonak hustu egin zuen -lauzpabost pisuko eraikin baten pareko eremua-, errepide ondoraino, saltzeko aproposa izan zitekeelakoan. Hantxe geratu zen orube hura, kubo huts, errepide handiago baten uberak itota. Hori da prozesua: lurra akitzea, eta orube bilakatzea gero.

Hemen ere, martxa horretan goaz. «Lursailak nireak dira, nahi dudana egin ahal dut» argudioa erabilita. Naturak salbatuko gaituela ahaztu dugu, natura garela; eta orube bihurtzeko bidean gara geu ere. Alferrik izango ditugu jabetza paperak orduan.

Ikaragarria iruditzen zait, izan eskuineko edo izan ezkerreko agintariek, diru publikoz laguntzea gure heriotza espezie moduan. Eta horren aldarrikapena egiten da, gainera.

«Asteburua parrandero joan da, lagunen etxean-eta; oso gustura»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Igandean gurasoen etxean bazkaldu nuen, eta hizketan aritu ginen nola antolatu den Europako Batasuna: hegoaldeko herrialdeak turismorako eta iparraldea industriarako utzi ditu, orokorrean. Eredu horrek turismoaren menpeko bihurtu gaitu neurri handi batean, eta orain ere ari gara hori ikusten.

Asteburua parrandero-parrandero joan da. Lagunen etxean-eta, oso gustura. Jendea animatuta zegoen. Berrogeialdia hastear zela, apustu egin genuen lagunartean, ea noiz irekiko zuten atzera gure taberna kutunena, eta horrelako kontuez aritu ginen.

Oporrekin, pertsonalki, badut nahikoa nahaste; neuk, eta errefortzu gisa lanean ari garenok. Hartuko ditugun opor egunak zehaztuak ditugu berez, baina azken asteotan oso egun gutxitan ari gara lanean. Orain sartu gabeko orduak gero sartu beharko ditugu, eta, abuztuaren 31n bukatzen denez nire kontratua, ez dakit egutegian markatutako egunetan opor hartu ahalko dudan.

Libre ditudan egunetan zer egingo dudan ere ez dakit. Paseoan ibiltzen naiz, baina lasterka-edo hasi beharko dut, bihotza 120 taupadatik gora jartzeko. Kirola egin beharko dut, azkenean... Izorrai!

«Turismoaz mintzo dira, baina ez da biziki azkarra izanen aurten»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Amatxiren etxean egon naiz gaur, aitaren amarenean, Donapaleu ondoan. Astebukaera oso ondo joan da. Gaualdia antolatu genuen lagun batzuek, eta gaur sartu naiz amaren etxera. Festak bertan behera geratuta ere, festarako eta elkartzeko gogoz gaude gazteak. Hori ez du aldatuko ezerk, bistan da. Ezkutuka ibili beharrak etxeetan-eta egitea ekarriko du, eta, beharbada, azkenean, hobe da kanpoan egitea.

Amarenean egingo dut aste hau; ez dakit sobera noiz arte. Nafarroara sartu zen lagun bat berriz jin behar da Iparraldera, lana bertan baitu, eta Baionara itzuliko naiz, beharbada, harekin egoteko. Hark esango dit nola den muga pasatze hori.

Frantziako Gobernuko kideak aholku ematen ari dira Frantzian egin dezan turismoa frantses jendeak; atzerrira joatea ez dute batere gomendatu. Turismoaz mintzo dira gero eta gehiago, baina ez dut pentsatzen turismoa biziki azkarra izanen denik aurten, anitzek euren lan sari osoa ez baitute ukan, eta, beraz, uda honetan lan egin beharko dute galtze hori konpentsatzeko. Ipar Euskal Herriko kostaldean turismo anitz bada, eta horien artean gehienek aski sos badute. Hemen bigarren etxebizitza dutenak ez, ez dira turista horiek galduko, erdiko klasekoak edo apalagokoak baizik.

«Amara Berri Krosaren falta sumatuko dut aurtengo maiatzean»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

«Existitzen ez dena ez da existitzen ta kito, txikito», zioen Negu Gorriak taldeak borreroaren hamaika aurpegiak hizpide zituen kanta mitiko hartan; hori da atzo bururatu zitzaidan lehen esaldia, ia oharkabean pasatu zaidan detaile ez hain txiki batekin.

Ez naiz ongi moldatu sekula korrika egiten; 1990eko hamarkada osoa pasatu nuen astean bitan futbol zelai batean biraka, asteburuko norgehiagokari begira; beti bukatzen nuen tropelaren atzealdean. Bira haiek guztiak ezkerrera ziren beti, entrenatzailea aldatu arren; bitxia.

Korrika egiten baldarra izan arren, furgola (adinagatik) utzi bezain pronto nabaritu nuen zerbait egitearen garrantzia. Inguruko frontoiak bisitatzeari ekin nion hurrengo urteetan, goialdea koloreztatuz noakien palekin. Eskualdeko frontoietan pilota mordoa galdu ondoren, asteburuetako lanek lagunekin ezin gelditzea ekarri zidaten, eta, azkenik, neure kabuz bizikleta nahiz korrikarako zapatilekin moldatu izan naiz, konstantzia handirik gabe.

Zerbait egitera bultzatu nauten herri proba finkoetako bat Amara Berri Krosa izan da. Aitzakia perfektua, izerdi pixka bat egin eta lagunartean goxo meriendatzeko. Haren falta sumatu dut aurtengo maiatzean.

«Estropezu egin harlauza batekin, eta herrenka nabil larunbatetik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Oineko minez nago. Larunbatetik. Bizkarreko minez segitzen nuela esateko deitu nuen telefonoz osasun etxera, eta mina arintzeko pilula batzuk hartzeko esan zidan hango mediku batek. Ez baitago ikusiko zaituen doktorerik oraintxe bertan, COVID-19a ez baldin badaukazu behintzat.

Halaxe abiatu nintzen botikara, bada, pilula bila, eta, bidean, dantza egiten zuen harlauza batekin egin nuen estropezu. Herrenka nabil ordutik. Duela urte asko pitzatua egin niolako eskuin orkatilari, behartu txikienarekin ere hazi egiten zaidalako, eta hanpatu egin zaidalako berriz. Estu-estu lotuta daukat. Besoa edo oina izorratuta edukitzeak lanik gabe utz zaitzake. Nire lan ordu guztiak egin ditut gaur, baina bazkalorduan arnika pixka bat erostera atera naiz. Egosi, eta orkatilean jarri dut, zapi batekin.

Nire herrian bada oraindik arbasoen medikuntzaz dakienik. Igeltsu moduko ore natural bat egiten dute haiek, babarrun zuriak beratu eta gordinean zanpatuta; eta miragarria den ezti bat gehituta: ezti zuria. Zenbaitek sorginkeria deitzen dio jakituria horri. Nahi bezala dei diezaiotela, baina arbasoek utzi diguten altxorretako bat da. Niri ez zidaten horrelakorik jarri orkatila pitzatu zitzaidanean. Eta hemen nago, pilulak hartzen.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (48)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-23/termometroa_48.htm Sat, 23 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-23/termometroa_48.htm «Duela gutxi arte, bazirudien gure eredu ekologikoa ez zela arrazionala»

Josebe Blanco Baserritarra

Zenbait unetan, nekazari munduak eta zientziak izan duten lotura ia bakarra ekoizpenari begirakoa izan da: etekin ekonomikoari begirako ikerketak egin dira nagusiki. Gure etxean ekologikoan egiten dugu lana, ekoizpen hutsari begirako harremanetik kanpo izan gara beti. Duela gutxi arte, bazirudien gurea ez zela hautu arrazionala; ez geneukala zilegitasun zientifikorik, ez behintzat nabarmena, geure jarduteko eraren alde. Orain, gero eta bozgorailu gehiago dugula iruditzen zait. COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua ere sustatu dute berriki hainbat ikerlarik eta akademikok.

Manifestu horretan, agroekologiari buruz hitz egiten dute, biodibertsitatea sustatu beharraz, gertuko harremanetan oinarritzeaz eta lan baldintza duinak bermatzeaz. Eta hori da bidea, biziko bagara, espezie moduan iraungo badugu: elikagai jasangarrien eta osasuntsuen alde egin behar da. Geure buruaren kontra ariko gara, bestela. Naturari egindako kalteak guri ere badakarkigulako kaltea. Zientzialari horien babesa nekazari eta abeltzainontzako pozgarria da oso. Gaur egun zientziari ematen zaion autoritatea erabatekoa delako, eta beste buelta bat ematen hasi zaizkiolako daukagun errealitateari.

«Mobilizazio politikoak kalera itzultzen ari dira, egoera berezi honetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Katakrakera joan nintzen aurrekoan, etxean ez nituelako jaso handik eskatutako liburuak, eta hara non esan zidaten dendan bertan jasotzeko aukera klikatu nuela eskaria egitean. Despistatua naiz, bai. Jaso nituen, bada, eta Sarriren Airea ez da debalde eta Andreieven Zazpi urkatuak ari naiz irakurtzen. Urte askoan ezer leitu gabe egon ondoren, irakurtzeko bizioa hartu dut. Plazer ematen dit.

Mobilizazio politikoak ari dira pixkanaka kalera itzultzen, egoera berezi honetan ere. Egunotan, Patxi Ruiz presoaren egoera salatzeko ekintzak ugaritu egin dira; ospitalean omen da jada. Bagenekiena gogorarazi digu honek denak: presoen arazoa hor dago; ez dio hor egoteari utzi inoiz; hor egoteari utziko ez balio ere, Espainiari bost. Beste muturrean, badira egun batzuk fatxak Iruñean mobilizatzen ari direla, Espainiako beren banderekin eta lapikoekin.

2012ko lan erreforma bertan behera uzteko PSOE-UP-EH Bildu akordioa ere ez da albiste makala izan. Erreforma hori gainditzeaz haratago, baina, azterketa sakona egin behar litzateke lan arloko legediari buruz. Gero eta gehiago estutzen ari zaizkigulako aspaldidanik; gutxieneko estandarrak izugarri jaitsi ditugulako, arlo guztietan.

«Herriko festa gehienak ezeztatu eginen dituzte uda honetan»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Atzo arratsaldean lagun batzuen etxera joan gara, eta film bat so egin dugu elkarrekin: L'Auberge espagnole. Erasmus egitera Bartzelonara joan den ikasle frantses bat du protagonista; pertsona anitzekin bizi da, eta umorez kontatzen ditu haren ibilerak. Neu ere ikaslea naiz, baina ez dakit Erasmus eginen ote dudan. Bi urte barru ahalko nuke egin, eta ikusiko.

Gaur arratsaldean palan jolastera joanen gara lagunekin, eta amarenean emango dut gero asteburu hau ere. Atzo igorri dizkidate mintzoak etxekoek, mendira joan baitira ibiltzera. Neu ere joanen naiz, beharbada, asteburuan. Eta ez dudanez ikasi beharrik, jendearekin egoteko denbora ere ukanen dut gaur eta bihar; Barnealdeko lagunak ikusteko ere bai, beharbada; eta Miñan irakurtzen bukatzeko.

Ez dut albiste askorik ikusi. Batek deitu dit arreta: Frantziako hondartza batzuetan lekuak ahal direla erreserbatu eta estatikoki ere egoten ahal zarela horietan, delimitatzen dituztelako espazio batzuk. Hemen halako zerbait egitea interesgarri atzematen dut. Udari begira nago, bai. Herriko festa gehienak ezeztatu egingo dituzte, ene ustez. Ezeztatu ez dutena, udal bozen bigarren itzulia: ekainaren 28an egin nahi dute. Hori ere ikusiko.

«Bolatoki eta tabernetan ezagutu genituen jokoez aritu ginen»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzo goizean, Txiolandian nahikoa ohikoak diren elkarrizketa hipnotizatzaile horietako batean murgildu nintzen. Lasai asko eta iraupen motzeko elkarrizketa soil batekin hasi arren, ohartzerako, guztiz harrapatu ninduen.

Duela bi hamarkadara arte Hegoaldekook esku artean genituen 25 pezetako txanpon zulodun biren argazki bat izan zen guztiaren abiaburua. Ezagunak bazenituen, zaharra omen zinen; are zaharragoa nintzela jakinarazteko, 1982ko mundialeko grabatua zekarren bost ogerlekoa aipatu nuen; jabetzerako, bolatoki nahiz tabernetan ezagutu genituen jokoekin segitu genuen zaharrunook: Chelnov korrikalari atomiko komunista, jokatu bitartean Maurice Ravelen Boleroa entzun zenezakeen Rough Ranger, Snow Bros mitikoak, Ghost'n Goblins ezaguna... Areto makina haiekin hasi eta hazi ginenok -zintzook ez genuen jakiterik izan zuloa zuten txanponak sokatxo batekin berreskuratzerik ba ote zegoen edo ez-, jarraipena eman genion gure zaletasun hari ordenagailuak etxeetan hedatu ziren aroan. Badira urte dezente joko haiek utziak ditudala eta, CDak ditudan arren, ez naiz saiatu Ubuntun martxan jartzen. Egunotan saiatuko naiz, akaso.

«Panela makina baten modukoa dut gorputza: geldituz gero, herdoiltzen da»

X.X. Etxeko zaintzailea

Umetan, panela prozesatzeko makina garbitzen lagundu ohi nien aitari eta aitonari. Kanaberatik ateratzen da panela, eta, lana ondo egin zezan, urtero garbitu behar izaten genituen makinaren zilindroak eta. Gure gorputza, berdin. Giltzurrunak dira gure iragazkiak, eta nik erasanda dauzkat. Horregatik, haserre nago medikuarekin: gernu analisiak egin zizkidaten, eta odola ateratzeko deituko zidatela esan zidaten, baina hamar egunetik gora daramatzat zain. Gaur goizean neuk deitu dut osasun etxera, bada, eta itxoiten segitu behar dudala esan didate. Eta ez naiz gaizki sentitzen, baina kezkatzen nau, hiru hilabetean behin egiten dizkidatelako analisiak, tiroidea kontrolatzeko; apirilean eginak behar nituen.

Eguerdian lanera joan naiz. Etxekoandreari galdetu diot ea ba al dakien haurrak noiz itzuliko diren eskolara. «Ea irailean bueltatzen diren» omen da erantzuna oraingoz.

Orain dutxatu egingo naiz. Afaldu, eta alabari deituko diot, bilobarekin hitz egin dezadan. Haren ahotsa eta hitzak behar ditut. Bizkarra ere txikituta sentitzen dut. Bi hilabetez geldirik egoteak kalte egin dit, panela egiteko makina baten modukoa baita nire gorputza: geldituz gero, herdoildu egiten da.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (47)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/014/001/2020-05-22/termometroa_47.htm Fri, 22 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/014/001/2020-05-22/termometroa_47.htm «Mendeetan sortutakoa hamarkada gutxi batzuetan txikitu dugu »

Josebe Blanco Baserritarra

Joan den astean Abadiñoko Mendilibar-erdikoa nola, hala eraitsi dute Illarramendi baserria Andoainen. 400 urteko historia 40 minutuan desagerrarazi dute, 500ekoa gaur zortzi bezalaxe; 900 urte pikutara, progresoaren izenean. Eta progresoa dira trena, industrialdea eta Mercadona.

Bikotekidearen ama oso emakume azkarra zen, eta hark esaten zuen belardi batean pinua ederki etortzen dela, baina pinudi batetik belardia ateratzea ez dela batere erraza. Garapenari trabarik egiten ez dion bitartean onartzen da nekazaritza ondarea. Mendeetan sortutakoa hamarkada gutxi batzuetan txikitu dugu. Hartzen dira baserriak eta nekazaritza lurrak zabortegiak, errepideak eta ez dakit zer egiteko, eta pentsatuko dute Araba osoa berotegi hidroponikoz betetzetik etorriko dela gu denon elikadura burujabetza. Ahoa betetzen zaie baserritarrokin, eta, komeni zaienean, paretik kentzen gaituzte. Nora joan behar dute nekazari gazteek? Edo ez ditugu gogoan?

Momentu batzuetan, neure buruari galdetzen diot: «Magia pixka bat egongo da, ez? Illarramendi baserrian jaio, bizi, maitatu, hil, barre, negar egin dutenen zerbait geratuko al da hor?». Oso minduta nago. Zinismoak mintzen nau. Eta nekazaritza sindikatuak ez dakit nora begira dauden.

«Jende asko etorri zitzaigun; ospitaleratze ugari egin genituen atzo»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Atzo, aspaldiko partez, egurra izan genuen lanean. Trauman hasi nuen txanda, baina ez zen paziente askorik nire sailean, eta, besteek zeukaten mugimendua ikusita, laguntzera joan nintzaien. Jende asko etorri zen larrialdietara; ospitaleratze ugari egin genuen. Lanetik 22:00etan atera behar nuen, eta 22:30 baziren irten ginenerako. Halako panorama zegoen, lotsa ere eman zigun hurrengo errelebokoak utzi eta alde egitea.

Nahasmen dezente izan genuen. Adineko jende asko etorri zen. Diabetiko bat, esaterako, azukre maila oso altu zuela. Hiruzpalau aste bazeramatzan horrela; oso gaizki zegoen. Osasun etxea itxita, etxean bakarrik-edo, kontrola nola egin oso ondo jakin ez... eta halaxe dator jendea azken asteetan.

COVIDaren aurretik, 280-300 paziente inguru artatzen genituen larrialdietan egunero; 200-220 inguruan egongo da orain ohiko larrialdien batezbestekoa. Koronabirus zirkuituan, berriz, 50en bat izanen dira egunean.

Lanetik irten nintzenean, lagun bati deitu nion. Ez nuen zuzenean etxera joateko batere gogorik, nekearen nekez. Etxepe batean egon ginen, lasai asko, hizketan eta garagardo bat hartzen. Lasaituta sartu nintzen etxera.

«Droneek-eta kosta guztia pasatzen dute, argazkiak hartzen»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Azterketak bukatu berri, atseden hartu nahi dut. Uztailean hiru astez eta agorril osoz lana egin behar nuke, udalekuetan. Horien antolatzaileek erran digute, baina, ekain hastapenean ukanen dituztela xehetasun gehiago, eta, horien arabera, ikusiko egin ala ez. Segurtasun neurriak gehiegi eta biziki zailak baldin badira plantan ezartzeko, erabakiko dute ez egitea. Hala balitz, beste lanen bat atzeman beharko dut.

Ez nekien batere, baina zaintzan aritzen diren pertsona batzuk badira hondartzetan, eta horietako batek erran digu ezin dela gehiegi egon horietan, prefetak nahi dituelako berriz itxi, jendeak ez dituelako gehiegi errespetatzen arauak. Orain hasten bagara errespetatzen, uda honetan hondartzak irekiak izanen dira; bertzenaz, ez. Badira, iduriz, droneak eta helikopteroak kosta guztia pasatzen dutenak argazkiak hartzen. Angeluko Urrezko hondartzako zaindariak erran digu hori guztia. Eta egia da, albistegien arabera.

%36 emendatu dira bikotekidearen eraso matxista salaketak Frantzian -ezkontidearen bortxa gisa jasotzen dituzte estatistiketan-, Berdintasunerako estatu idazkariak erran duenez. Inor ez da harritu. Angeluko hilketa matxista ekarri dit gogora datuak. Oso aspaldiko albistea dirudi.

«Bi lanegun besterik ez dut ukan azken hamar egunetan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Badira hamar bat egun lanera itzuli nintzela eta, bi atseden egunetan izan ezik beste guztietan berez lanera joan beharko nukeen arren, kontrako inertzia batean ikusi dut murgildua neure burua: bi lanegun besterik ez dut ukan. Gainontzeko egunak, nolabaiteko indulturik ezean, etorkizunean itzuli beharko ditut, diotenez. Espero dezagun ordainketa dosifikatua gauzatzeko aukeraren bat egotea.

Aste eta erdiko epe hau sormenerako erabili dut, ahal izan dudan neurrian. Euskal Herriko nahiz atzerriko kanten soinu laginak bereizi eta collage musikalerako erabiltzen ditudan uhin horien bilduma handitzeko profitatu dut gehienbat, eta, aldi berean, hainbat pieza atondu dut. Geurean halakoak egiten maisurik bada, Kaki Arkarazo aipatuko nuke lehenik -Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeen diskoan kolaborazio izugarria du erdian!-, Triffulca Posse edota Basanabasa bezalakoak ahaztu gabe, noski.

Berotu dudan lagunen bat ere hasi zait bere piezak sortu eta igortzen, ideia berriak proposatuz. Zeinen gauza ederra den sormen txikiekin elkarri irriak sorraraztea, ezta? Inor animatuz gero, hona neureak: https://labur.eus/termometroa.

«Goizeko seietatik arratsaldeko hirurak arte nabil maskararekin»

X.X. Etxeko zaintzailea

Maskara espazio itxietan eta txikietan erabiltzea derrigorrezkoa da behingoz. Aspaldi daramagu batzuek! Goizeko seietatik arratsaldeko hirurak arte bai, bero itogarriarekin ere. Bi darabilzkit nik: lanean bat eta kalean bestea. Nagusiek hiruzpalau eman dizkidate, astea egiteko lain; kalekoa neurea da, oihalezkoa, eta behar adina garbi dezaket.

Atzo txikiarekin atera nintzen berriz, jardinera jolasera, etxekoandreak bilera zeukalako, etxekogizonak ere bai, eta bi ume zaharrenek eskola; ordenagailuarekin denak. 35 minutu egin genituen baimendutako ordutegitik kanpo. Eta ordutegiak garrantzitsuak dira. Denontzat. Nire lagunik onena, esaterako, zorionekoa da horretan: lanaldi osoz bueltatu da lanera, ordutegi malguarekin. Nik lanaldi jarraitua daukat adostuta nagusiarekin, baina deitu egin dit gaur, eta goiz eta arratsalde joan naiz lanera. Neure ordutegia aldatu behar izan dut, nagusiak berea aldatu beharrik ez izateko. Behin lanean, etenik gabe aritu naiz. Hiru haur dauden etxean, hala dira kontuak. Bizi naizen etxeko ezkaratzea garbitzen duen euskaldunak beti esaten dit: «Bedeinkatua lana, ez delako sekula bukatzen!». Arrazoia eman ohi diot, baina a zer lasaitua lanetik irteteko orduak jotzen duenean!]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (46)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-21/termometroa_46.htm Thu, 21 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/012/001/2020-05-21/termometroa_46.htm «Gure apustua beti izan da geuk egitea, ez izateko besteren menpeko»

Josebe Blanco Baserritarra

Belarrak egiten hasi ginen astelehenean. Lehen zimeldua belardian eman, eta lau bat jornada ekarriko ditugu etxera ontzera, belarra lehortzeko sistema bat badaukagulako baserrian, Europan nahiko ohikoa dena. Hala, ez gaude eguraldiaren hain menpe, eta geuk kontrolatzen dugu gure animalien elikadura, neurri batean behintzat. Alpapa ere, beti nekazari berberari hartu izan diogu. Ez gara heldu geuretzako zereala egitera, baina bai belarra ontzera. Egurzaleek belardirako pista berriz txikitu duten arren. Gaur ere, harako bide inguruan zebiltzan lanean, eta traban, eta zu belarretara pasatu nahian, eta aurpegi txarrak aguantatu behar, gainera. Ez da lehen aldia halako arazoak izan dituguna.

Gure autonomia ez da erabatekoa, bistan da. Makineriaren eta gasolioaren menpe segitzen dugu, baina ez auskalo-nongo burtsetan espekulatuz puztutako janarien prezioaren menpe. Geuk ahalik eta gehien egitea izan da beti gure apustua, besteren menpeko ez izateko; geure ekoizpenaren errentagarritasunagatik ere bai. Horrek guztiak ematen dizun satisfakzioa ikaragarria da. Animalia ikusten duzunean hori jaten gustura, bale zara; zirkulua ixtea da hori guztia. Baserri txikion iraupena izango bada, gure autonomiatik etorriko da.

«Lankide batzuek asko sufritu dute, eta nabari zaie erreta daudela»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Gure bizipenen nolabaiteko laburpena egiten gabiltza lankideok. Giro oso ona sortu da gure artean, eta jendea gero eta gehiago hasi da hitz egiten bere egoerari buruz, hau guztia gertatu bitartean izan dituen sentimenduez-eta. Gure esperientziak kontatzeko baimena-edo eman diogu geure buruari, behingoz. Orain gutxi arte, dena izan da grisa, lana, lana eta lana. Aurrekoan, lankide batek kontatu zidan anaia ZIUan zuela; oso gaizki egona zela koronabirusagatik, baina ordurako ari zela gainditzen. Ordu erdi inguru aritu ginen hizketan horri buruz. Beste egun batean, beste lankide batek esan zidan berak positibo eman zuela pandemiaren lehendabiziko asteetan, eta etxean egon behar izan zuela itxita. Hirugarren batek bere ama adinduaren etxean utzi behar izan zuen semea lanera etorri ahal izateko; ama kutsatzeko beldurrez bizi zituen bisitak.

Lankideetako batzuek asko sufritu dute, eta nabari zaie erreta daudela. Erizain beterano batek esana dit ospitaleko lanaz oso nekatuta dagoela, COVID-19a etorri aurretik ere bazuela buruan lanez aldatzea, eta orain erabaki irmoa hartu duela. Batzuk eta besteak entzutean konturatzen naiz zeinen lasai bizi izan naizen.

«Amak biziki gaizki bizi du kolegioko lana; poliziarena egin behar du orain»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Fini azterketak, egin dut azkena, eta bakea. Bukatu dudanean, ene laguna jin da, eta bizikletaz joan gara hondartzara.

Amaren deia ukan dut. Kolegioan hasi dira berriz ikasleak, astelehenean, eta egoera pixka bat berezia dute: ikasgelak zatitu dituzte, eta kanpoan ere maskekin egon behar dute, elkarrengandik aparte; jatekoa ere, etxetik ekarri behar dute, kantina itxia baita. Amak aski gaizki bizi du hori dena, kolegioan tarteak eta segurtasun neurriak gordetzea biziki zail delako. Lehengo eta oraingo lana alderatzen badituzu, ez dute zerikusirik. Orain, polizia lana egin behar du amak.

Frantziako Gobernuak heldu den hilean egin nahi omen du martxoan bertan behera utzitako udal bozen bigarren itzulia. Goizegi atzematen dut. Bozen arazo handiena, orain, abstentzio kopurua da, eta, zenbat eta hurbilago ezarri data, orduan eta anitzez gehiago izanen da abstentzio hori, ene ustez; zaharrenek dute gehien bozkatzen, jakinekoa da, eta zaharrenak lirateke gehien abstenituko liratekeenak, birusaren beldurragatik. Nire herrian zerrenda bakarra dugu, eta ez da kontrabotere lana egiteko ahalmenik. Aldiz, herri batzuetan badira bi zerrenda, abertzalea bata eta ez-abertzalea bestea. Hor bai behar duzu bozkatzera joan.

«Pandemiak goitik behera aldatu du igogailuen erabilera»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Hamabost solairu inguruko eraikinez josia dagoen auzo aldapatsu batean bizi naiz. Igogailuekin dudan esperientzia ez da txikia, beraz; azken urteotan lauzpabost jarri dizkigu udalak, gainera. Auzokideok biziki estimatu dugu mugikortasun politika hau.

Pandemiaren tsunamiak harrapatu gintuen lehen unetik, etxebizitzetako igogailuen erabilpena goitik behera aldatu da: pertsona bakar bat bidaia bakoitzeko; etxe bereko bi ikusi izan ditut aldi berean, asko jota. Batzuetan, ez da erraza izaten; 13. solairutik behera doan igogailua, adibidez, 7.ean geldi baitaiteke norbaitek deituz gero. Halakoetan, atea zabaldu ere egin gabe utzi behar izan dugu igogailua, pazientziaz jokatuz.

Alabaina, maskara derrigortzearekin, jokamolde honen amaieran gaudela esango nuke; adibide berari atxikiz, 13.eko bizilagunak maskara jantzita eduki beharko luke, beheranzko bidaian norbait sartzeko aukerak existitzen baitira. Halakorik ez balu, akaso zintzoena 7. solairuan igogailutik ateratzea litzateke, beste bizilagunak kaleranzko bidaia jarrai dezan (maskara balu, behintzat!).

Tira, ez dakit igogailu-fikzioa egiten nabilenentz, baina maskak lehentasuna eman dezake.

«Nork emango dio boza bere senideak ilegal bihurtzen dituenari?»

X.X. Etxeko zaintzailea

Uztailaren 12an hauteskundeak izango omen dira. Ordurako, jende guztiak libre izango du nahi duenean ateratzea, beraz. Lanean bost urte daramatzat hemen; boz horietan nire bizitza erabat baldintzatuko duten politikak oinarrituko dituzte, baina ez dut uste botoa eman ahalko dudanik.

Ez gaituzte lantokian bakarrik zanpatzen; legeak ere estutzen gaitu. Askotan gertatzen da hona etorritako migrante familietan: kide bat legez kanpo egon daiteke; legeztatua bestea. Nork emango dio boza bere senideak ilegal bihurtzen dituenari? Paperak eskuratzeko prozesu andana dago geldirik, oraintxe bertan, COVIDaren ondorioz. Erroldatuta hiru urte bete arte ezin dugu abiarazi hemengo egoiliar txartela eskuratzeko prozesua; urri amaieran lortu nuen nik, eta urtarrilaren 31 batez hasitako bidea amaitu nuen hala. Ez daukat nazionalitate bikoitza, hala ere, eta hori gabe ezin dut bozik eman.

Hona heldu berri gertatu zitzaidana dut gogoan: arkupe batean, goxokiak eta propaganda eskuorriak eman zizkidaten behin; hauteskunde kanpainan ari ziren. Barregura ere eman zidan. Hemen urte asko zeramatzan lagun bati erakutsi nizkionean, esan zidan zaborretara botatzeko denak, goxoki zein paper: horixe zela zegokiena.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (45)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2020-05-20/termometroa_45.htm Wed, 20 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/008/001/2020-05-20/termometroa_45.htm «Lau zakukada artile dauzkagu etxean, eta eraman ditzaten pagatuko dugu»

Josebe Blanco Baserritarra

Astelehenean ile-moztailea etorri zitzaigun etxera. Lekeitiotik etortzen zaigu Ipar, urtero, guk urtean behin mozten diegulako ilea ardiei, maiatzean. Niretzat, ardiei ilea mozteko egunak gazi-gozotik dauka. Gozoa da, Ipar ikusten dudalako, eta harekin beti ikasten delako zerbait; gazia ere bada, ardiek estres handia pasatzen dutelako mozketan, eta gero ez dutelako elkar ezagutzen, eta usnaka aritzen dira, elkarren bila. Hala, astelehen iluntzeko jetzialdia nahiko ostikotik joan zen. Lau zakukada artile dauzkagu ordutik etxean, eta horiek eramateko ordaindu egin beharko dugu, material gisa ez baita apreziatzen.

Zenbaitek udazkenean ere moztu egiten die ilea ardiei. Guk ez, negua pasatzeko babesa dutelako, hotzaldian kanpoan ibili ahal izateko. Udazkenean ilea moztu zaion ardia askoz gutxiago aterako da kanpora, normalki, hemengo neguak kontuan izanda. Artaldea maneiatzeko hartzen duzun erabaki bakoitzaren atzean eredu bat dago, ardiaren bizimoduan eragina izango duena. Bada denbora entzun nuela Ternua etxea artilea erabiltzen hasi dela txamarra bat egiteko. Bigarren mozketakoa eskatzen du, baina, artilea garbiagoa delako. Txamarra naturala dela diote. Eta dirutza kobratzen dute txamarra bakoitzagatik.

«Beste gaixo olatu bat etorriko da, baina ez dadila orain etorri»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

15:00-22:00 txandan egin nuen lana atzo, koronabirus zirkuituan. Oso lasai joan zen dena. Koronabirusagatik aita hil zaion lankide bat lanera itzuli zitzaigun. Bera ere gaixo egon da. Txanda osoa eman zuen errepikatzen, erdi txantxetan: «Oso paranoiko nago, bai, baina gorde bi metroko tartea, mesedez; ez hurbildu niri». Eskuak garbitu eta garbitu aritu zen, oso urduri. Larrialdietara etorri gabe egon den tartean, izugarri aldatu dira protokoloak, eta haren begiradak ispiluaren aurrean jarri gintuen denok. Geure artean ere aritu ginen esaten, ez ote garen ari benetan erlaxatuegi lanean. Jakin badakigu etorriko dela beste gaixo olatu bat, baina ez dadila orain izan, leher eginda baikaude denok.

Gaur jai dut, eta musika pixka bat egingo dut, agian; edo gitarra jo, aspaldiko partez. Nire tronpetak lokalean jarraitzen du, eta ez daukat bila joateko gogo handirik. Musikarekin gogaitzen banaiz, ikasteko baliatuko dut, akaso, eta albisteak irakurtzeko. Azkenaldian ez dut batere irakurri, izan ere. Badakit igandean txaloen zikloa amaitutzat eman zutela, hori bai. Zuetako batzuek uztailaren 12an hauteskundeak izango dituzuela ere jakin dut. Ez didazue batere inbidiarik ematen.

«Jendea beldur da oraindik, badakielako gaitza itzul daitekeela»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Azkenean, tronpatu naiz dataz: atzo ez, gaur goizean dut azken partziala: lexikologiakoa. Gaizki idatzi nuen agendan, baina ikasita daukat dagoeneko, eta bukatuko da azterketa sasoi hau. Atzo goizekoa bikain pasatu da.

Beste data aldaketa bat: erabakia nuen hondartzarat gaur joatea, baina astelehen arratsean joan ginen. Ez zen batere jenderik han. Hondarretan, oso bakan, eta uretan, gu bakarrik, pisukidea eta ni. Igerika aritu ginen. Ura hotza zegoen; ez ginen neoprenoarekin sartu, maillotarekin baizik. Atera berritan itxi zuten hondartza, arratseko zazpietan. Hala agintzen du arauak.

Nik uste nuen deskofinamendu garaian denak kanpora aterako zirela eta jende bilketa handiak izanen zirela, eta azkenean ez. Biziki errespetatua da segurtasuna, jendea beldur baita oraindik, gaitzaren itzulera bat gerta daitekeela badakielako. Jendeak ez du ahanzten oraindik lanjer bat badela. Badakit Hegoaldean baietz, baina hemen ez dituzte ostatuak irekiko berriz ekain hastapena arte. Berez duten tokiaren erdia bakarrik bete ahalko dute, uste dut, eta mahaien artean tartea utzita. Ikusiko.

Amets Arzallusen Miñan liburua irakurtzen hasi naiz. Biziki maite dut gai aldetik, idazketa aldetik ere bai. Irensten ari naiz.

«Garraio publikoaren aldeko arrakala handitu behar genuke»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ez dut gogoan zein egunetan izan zen zehazki, baina, kirol jarduerarako denbora epeaz gozatzeko lehen aukera izan genuen hartan, lankide batek bizi berri zuen esperientzia ezatsegin bat kontatu zigun Whatsappez: Antiguarako bidean, Kontxako pasealekuan zihoalarik, espaloietan sartzen ez zen jendetza errepidera jaitsi omen zen, derrigorrean oso motel zihoan bere autobus artikulatuaren eta obretako hormigoizko blokeen arteko tarte estutik ere pasatuz.

Egun batzuk geroago, arriskua handia zela ikusirik, erdigunetik Antiguarako zerbitzu guztiak Sanserrekatik desbideratu zituzten agintariek kirol eta paseorako ordu horietan; eta kontrako noranzkoan, Aldapetatik behera. Ez dute Donostia 2016an egin zuten hanka-sartze hura errepikatu, behintzat: autobus artikulatuak parez pare toparazi bista ederrak baina bihurgune itxi xamarrak dituen kale estu horretan.

Trafikorik gabeko esparruak ezartzeari ongi deritzot, jakina; baina ez edonola. Garraio publikoaren aldeko arrakala handitu beharko genuke beti, baita oinezko garenean ere: gutako zenbatek begiratzen ote dugu, adibidez, botoidun semaforo bat erabili aurretik, datorren ibilgailua pribatua den edo ez?

«Ahaztu egiten zaigu, baina ez diogu uzten garen tokikoak izateari»

X.X. Etxeko zaintzailea

Erdialdeko Amerika osoa koronabirus kasuen kopuru gorenean dago. Nire familia ondo dago, Jainkoari eskerrak. Arto-buru bat bezala ikusi izan dut beti nire familia, ale bakoitza bizigarri, elkarren ondoan hazita. Oso gogoan ditut denak, etengabean. Amerika Erdialdeko guztiok gara arto-jendea. Antzinatik dator. Horrexegatik harritu nintzen hainbeste hemengo taloak ezagutzean: azoka batean izan zen. Malkoak atera zitzaizkidan ia ikusi nituenean; geureak bezalakoak ziren eta! Ordutik, ahal izan dudan guztietan jan ditut. Atzo bertan, etxean egin nuen bat. Nire herrialdean gaztarekin eta babekin jan ohi da, baina zeinen goxoa dagoen txorizoarekin!

Inork ez diogu uzten garen tokikoak izateari. Zenbaitetan ahaztu egiten zaigu, hori bai, gure eta zuen jende artean ikusten dut hori. Ni harro nago naizen tokikoa izateaz. Nire herrialdean hamaika jatorri hizkuntza daude. Nire kide batzuk beren ama hizkuntzarekin etorri dira, ez dira ongi moldatzen gaztelaniaz, eta sufritzen ari dira horregatik. Badakit hemen berdin gertatzen zaiela euskaldun batzuei. Behin, bilera batean, urriaren 12a hemen ospatzea arbuiagarritzat jotzen zuen jendea ezagutu nuen. Asko harritu nintzen orduan. Gero ulertu dut zergatia.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (44)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/016/001/2020-05-19/termometroa_44.htm Tue, 19 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/016/001/2020-05-19/termometroa_44.htm «'Baserria versus kalea' dikotomia apurtu egiten da pertsonek topo egitean»

Josebe Blanco Baserritarra

San Isidro eguna jaieguna da Antzuolan, eta, azken urteotan, egun horri lotuta, aukera eman da herriko baserrietara bisita egiteko. Aurten ere bai. Lau lagunek eman zuten izena gure etxera etortzeko, eta igande goizean etorri ziren. Oso polita izan zen. Halako bisitetan konturatzen zara jendeak zalantza asko duela. Baserria versus kalea dikotomia apurtu egiten da pertsonek topo egiten dutenean, beste muga bat apurtzen da, eta hori interesatzen zait bereziki.

Kaletarrek baserria oso urrun bizi dute, nahiz eta egunean hiru aldiz jan. Norberaren elikaduraren ardura hartzea garrantzitsua iruditzen zait, jaten duzunaren gaineko irizpidea izatea. Alde horretatik, kezkatzen nau baserriko lanen ezagutza eskuratzeari azken urteotan eman zaion aisialdi kutsuak, turismoarekin lotu izanak. Ez dut sentitzen nire funtzioa hori denik, gure herrikideei normalean jaten dutena nola egiten den erakustea baizik, pedagogia hori egitea. Gure betebeharra ere bada gure herrikideei erakustea zer eta nola egiten dugun lan, beren zergei esker bideratutako nekazaritzako diru-laguntzak direla medio, besteak beste. Diru publikoa nola erabiltzen den erakustea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Ez nuke perspektiba hori galdu nahi.

«Hau guztia bukatu izan balitz bezala daukagu burua denok»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Gurasoei bisita egin nien, azkenean, larunbatean. Goizeko txandan lan egin -oso-oso lasai ibili ginen larrialdietan-, eta haien etxera joan nintzen bazkaltzera. Uste nuen ez nuela haien falta sumatzen, baina, egia esan, bai. Gustura egon nintzen haiekin egin nituen hiruzpalau orduetan, eta halaxe esan nien. Ongi daude. Ama bereziki pozik zegoen, eta galdezka aritu zitzaizkidan biak, ea nola joan zaidan itxialdia. Orrialde hau egunero irakurri dute, esan zidatenez, baina hemen aipatu gabeko batzuk ere aipatu nizkien.

Lagunekin ere geratu nintzen larunbatean. Alde zaharrera joan ginen, eta jende piloa zegoen kalean, bankuetan-eta eserita. Polizia pasatzen zen, baina ez zuen inor gelditzen. Ez dakit espejismoa ote zen, ilusio hutsa; ondo sentitu nintzen. Hain nahasiak, hain interpretatiboak dira ezarri dituzten legeak, norberaren esku geratu baita zentzuzkoena zer den erabakitzea. Lanera, pasierara, tabernara joan gaitezke, eta uste dut hau guztia bukatu izan balitz bezala daukagula burua denok; egunotan hitz egin dudan denek gauza bera esan didate. Neuk ere sentitzen dut neure burua konbentzitu dudala horretaz, nahiz eta egia ez izan; arazoa oraindik hor baitago.

«Hondartzarat bihar joanen naiz, azterketa guztiak amaituta»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Larunbatetik igandera arte, banuen prestaketa bilkura udako lanarentzat, Zuberoan, eta bikain pasatu da. Lan anitz genuen lankide izango garen laurok; egin dugu, eta gustura egon gara oso.

Igande arratsetik Baionan naiz. Amarenetik joatean, besoetan hartu nituen anai-arrebak; aitatxi eta amatxi, aski urrundik agurtu. Aste bukaeran berriz joanen naiz haiengana.

Atzo goizean herri literaturari buruzko azterketa ukan dut, eta arratsaldean frantses gramatikari buruzkoa. Bikain pasatu dira horiek ere. Herri literaturakoan, pastoralari eta maskaradari buruz galdetu zigun. Palan jostatzera joan nintzen gero, arratsaldean, pisukidearekin batera. Hirugarren lagun batekin genuen hitzordua. Maite dugu palan aritzea: lagunartean usu jokatzen ditugu partidak.

Ez dut albisterik so egin egunotan, jende artean eman ditut orduak. Denok elkartuko garen eguna antolatu nahian gaude lagunak. Ez dugu datarik ezarri oraino; gehienek badituzte partzialak egiteko. Horiek egin eta gero beharko du.

Gaur dut azken partziala nik, goizeko hamkarretatik hamabiak arte. Linguistika. Ontsa pasatuko da, ene ustez.

Bihar joanen naiz hondartzarat, azterketa guztiak amaituta.

«Maskaren aroa hemen da, eta orain arte oso gutxitan erabili izan ditut»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Badirudi, maskarei dagokienez, aro berri batean sartzear gaudela; zurrumurru eta ebidentzia guztiek diotenez, ezinbestekoak izango dira, gomendagarri izateari utzita.

Gauza bera gertatu zen duela hamarkada batzuk kamisetekin, eta enpresa handiek (hainbat futbol talde barne, jakina!) ez dute pasatzen utzi euren maskara propioak plazaratzeko aukera. Ikusi dudan azken albisteak zertxobait gehiago harritu nau: maskara gardenak ere aterako omen dituzte, gorrek informazio galerarik ukan ez dezaten eta besteok ere komunikazio ez ahozkoa balia dezagun.

Maskak, egia osoa esate aldera, ez zaizkit oso lagungarri lanerako. Aspaldi ikusi ahal izan nuen bus gidari izateak dakartzan ondorioetako bat: gorputz adierazpenean deklaratu gabeko master bat erdiesten duzu. Imintzio txikienik ere egiten ez duen eta autobusera igotzeko asmoa duen geltokiko pertsona inkominukatiboak alde batera utzita, gidariok badakigu nor igoko den: txartela begiratzen duena, pausu bat aurrera egiten duena, bekainak altxatzen dituena, ordularia begiratzen duena...

Maskaren aroa hemen da, beraz. Orain arte oso gutxitan erabili izan ditut. Ohituko gara.

«Lagun bat martxoaren 8tik dago lantoki duen etxetik irten ezinda»

X.X. Etxeko zaintzailea

Herrikide bat erabat konfinatua dago hau guztia hasi zenetik, udalerri txiki batean, mendi aldeko etxe bakandu batean. Emakume oso adindu bat zaintzen du. Legez, bi ordu dagozkio egunero zaindari egoiliarra izateagatik, baina berak batu egiten ditu orduok asteazken erdia eta asteburua -larunbatetik igandeko 21:00ak arte- libratu ahal izateko. Logela bat errentan hartuta dauka Bilbon, eta bertan egiten ditu asteburuak.

Kontuak egiten aritu gara, eta martxoaren 8tik dago lantoki duen etxetik irten ezinda. 60tik gora egun dira horiek: erraz esaten da. Bilbora joan nahi zuen joan den asteburuan, baina nagusiak esan zion ezin zuela, ez dagoelako Bilbon erroldatuta, lantokia daukan udalerri txikian baizik. Eta udalerria ez dagoenez Bilboren ondoan, izorrai. Ez da etxetik atera ezertarako.

Nire laguna umila eta otzana da oso; nagusiak ezin duela esaten badio, hura ez da irtengo. Nagusiari jaramonik ez egiteko errepikatzen diot nik, denok gauden baino askoz gehiago esklabizatzen utzi diola berak. Alferrik. Beltzarana da, eta zuritu egin dela esan dit, ez irtetearen ondorioz. Ez zen txantxetan ari. Denetarik gertatu zaio gajoari. Oso gaizki dago. Asteazken honetan behingoz irtetea lortuko ahal du!]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (43)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/013/001/2020-05-16/termometroa_43.htm Sat, 16 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/013/001/2020-05-16/termometroa_43.htm «Agroindustria hemen txertatuz, baserri mundua suntsitzen ari dira»

Josebe Blanco Baserritarra

San Isidro atzo, gure eguna. Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria eraisten hasteko baliatu zuten, AHTari bidea libre uzteko. Eusko Jaurlaritza baserri munduarekin egiten ari denaren irudi oso gordina iruditu zitzaidan. Ez da metafora bat. Eta Gaubean, bost hektareako berotegia ezartzea onartu dute, tomate hidroponikoa egiteko. Hispalus multinazionalarena da proiektua, eta, baimena lortzeko, Cultivos Araba S.L. filiala sortu, eta Gasteizko abokatu bulego batean erroldatu du. Ia hogei hektarea hartuko ditu, eta hor ekoitziko diren tomate gehienak Eroskik hartuko ditu. Neiker dago tartean, eta Arabako Foru Aldundia.

Eusko Label tomatea sortu zuenean -hidroponikoa hori ere-, handitasuna bultzatu zuen Jaurlaritzak; baserritar mordoxka sartu zen hor, eta orain arte handi izan dena irentsi egingo du handiago batek. Agintariek elikadura burujabetza argudiatzen dute halako proiektuak babesteko. Zer esan nahi du, baina, burujabetzaren izenean dena multinazional bati emateak? Baserri mundua suntsitzen ari dira, agroindustria hementxe txertatuz.

Lotuta daude Abadiño eta Gaubea. Hori buruan entzun nituen San Isidro egunaren harira Arantxa Tapiak atzo egin adierazpenak. Irainak iruditu zitzaizkidan.

«Kuadrillan badira okerrago pasatu dutenak, kontatzen dutenagatik»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Herenegun arratsaldean ospitalera igo nintzen, abuztuaren 31ra arteko nire kontratua sinatzera. Pandemia dela-eta, tramite horiek denak geldituta egon dira, eta hango langilearekin aritu nintzen hizketan: erokeria bat izan omen da eurentzat ere.

Lasai-lasai ibiltzeko plana egin nuen atzo. Bueltaxka bat egin pasieran, baina ezer gutxi gehiago, goizeko txanda neukalako gaur. Eta aje pitin bat ere bai. Herenegun, izan ere, lagun baten etxera joan nintzen. Hor egon ginen, lasai asko, hizketan, film bat ikusten... Mozkortu ginen ia-ia. Bueno, iarik gabe. Warcraft filma ikusi genuen; izen bereko bideo-jokoan oinarrituta dago. Nahiko kaskarra. Nik ez nuen aparteko interesik ikusteko, baina lagunak nahi zuen, eta hantxe egon ginen, hari begira. Eta gustura.

Azken bi hilabeteotako kontuak hitz egin genituen. Duela hilabete bat, beste kontratu bat eskaini zioten lagunari, eta lan berrirako prestatzen ari da. Kontentu zegoen. Poztu nintzen harengatik. Familia ez ikustea gogorra egin zaiola zioen, baina moldatu dela. Saiatu omen da koronabirusari buruzko albisteetan ez kateatzen, neu bezala. Kuadrillan baditut beste batzuk okerrago pasatu dutenak, nik uste, kontatzen dutenagatik.

«Mugak itxi ber denboran, irekiak dira hemengo hondartzak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Herenegun partziala egin nuen etxetik. Ahantzia nuen hemen konexio arazoak ditugula; xokoan gaudenez eurentzat, sareak hemen badituela etenak. Biziki ongi pasatu zen, hala ere. Denboraz eskas ibili nintzen azkenean, ariketa batean gehiegi luzatu nintzelako, baina bukatu nuen, eta ontsa. Atzo ez nuen partzialik ukan, eta lasai egon nintzen.

Goizetan, senideek badituzte eskolako lanak, eta ni lasai izaten naiz. Gero, arratsaldez, elkarrekin gara. Atzo, erraterako, atzeman genituen gure haurtzaroko argazkiak; beraz, horien so egiten aritu ginen arratsaldean. Ariketa biziki polita izan da hori.

Hemengo egonaldian ez dut lagunik bisitatu. Asteburu honetan Zuberoako udako egonaldia prestatu behar dut, eta hor lau langileak izanen gara. Aski lagunak baikara lauok.

Gure arteko mugak itxi omen dituzte, Espainiak alarma egoera ezabatu artean. Baditut lagunak Urdazubi, Elizondo, Arizkun eta inguruan bizi direnak, eta horientzat ez da erraz izanen.

Mugak itxi ber denboran, irekiak dira hondartzak. Joanen naiz, ahalik eta bizkorren. Entzun dut bakarrik ibiltzeko eta kirola egiteko aizu zela, baina ezin zela harean ezarri eta arratsalde osoa bertan egin. Bihar noa Baionara. Hondartzara ere bai, agian.

«Pandemiak sorturiko lanpostu gehienak dira prekarioak»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Autobusean leku batetik bestera nabilela, inguruan topatzen ditudan lanen inguruko nire analisi pertsonala egin dut, begiak zorroztuz; baita nire buruari galderak egiten ere, hala zegokion kasuetan bederen.

Deigarri egin zaidan detaileetako bat da inolako garraio enpresaren izen edota logorik gabe paketeak entregatzen dituzten furgoneta zurien kopuru handia. Dirudienez, jendeak ez du diru fisikoa erabiltzeko aukera handirik ukan, baina etxetik kreditu txartela dantzan jartzeko aukerari ez diogu muzin egin. Online salmentaren eta produktu horien banaketaren inguruko negozioak informatikarien overflow terminoaren lotzen ditut: gainjarioan.

Pandemiak sorrarazitako lanpostu gehienak prekarioak dira; une puntual batean sistema ekonomikoak beharrezkotzat jotzen dituen lanak dira, baina ez die inork bizitza luzerik iragarri nahi, badaezpada ere. Horien adibide garbia (eta desinfektatua) ditugu autobus barrua garbitzen diguten geltoki estrategikoetako langileak. Garraio enpresek (azpi)kontratatuak diren eta lan formazio doi-doia duten garbitzaile horiek ere badute meritua. Bidaiariek begirune osoz itxaroten dute euren sartzeko txanda, kexarik gabe.

«Lagunak esan dit birusa ez dela bukatuko; immunizatu egingo garela»

X.X. Etxeko zaintzailea

Azkenean, bukatu da amaigabea egin zaidan aste hau. Bedeinkazio asko ere izan da, baina. Bizirik gaude, eta lanean ari gara. Badut gaztaroko lagun bat, medikua bera. AEBtara emigratu zuen 1980ko urteetan. Duela egun batzuk esan zidan birus hau ez dela amaituko, defentsa sistema nahikoa indartsu dugunok arazorik gabe gaindituko dugula eta, horri esker, immunizatu egingo garela pixkanaka. Ondo jateko esan zidan, ezinbestekoa dela hori irauteko: ondo eta jaki osasuntsuak jatea. Bagenekien lehendik ere, baina gero eta jende gehiagok ahantzi du, antza.

Aste honetako beste albiste on bat: Italian milioi erditik gora migrante legalizatu omen dituzte, hala irakurri dut. Nekazaritza eremuko jornaleroak eta neu bezalako etxeko langileak asko; paperik gabe zeuden orain arte. Helduko ote da halakorik hona? Hemen ere paperik gabeko asko baitago, inork kontuan hartzen ez dituen pertsona ikusezin andana, beharrezkoa denean esplotatzen dena. Berrogeialdi honetantxe, adibidez, kremak eta maskarak egiteko eta kutsatutako jendea egon den eraikinak garbitzeko, inork ez du paperik eskatu. Haietako batzuk hilda ere, inon ez lirateke zenbatuko. Inon ez daudelako pertsona gisa erregistratuta. Hor datza ikusezintasuna.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (42)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/009/001/2020-05-15/termometroa_42.htm Fri, 15 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/009/001/2020-05-15/termometroa_42.htm «Basozainek beste indar eta babes bat behar lituzkete mendia kontrolatzeko»

Josebe Blanco Baserritarra

Plantazioak dira gehienak mendi punta honetan, eta, orain, adinagatik eta pinu gaitzagatik, zuhaitz asko botatzen ari dira. Irizpide erabat ekonomikoarekin: egurra zenbat eta gehiago bota ahalik eta denbora laburrenean, orduan eta gehiago kobratu. Eta basoari, hartzeko, eman egin behar diozu, zainduz eta jarraipena ziurtatuz.

Airetik botatako bonba batek suntsitutako eremua, horixe dirudite basoa bota osteko soilguneek. Euri asko egiten duenetan, hor doa milaka urtean egindako mendietako lurra, maldan behera. Diru publikoarekin eta hemen bizi garenon auzolanarekin txukundutako mendi pista, herrira jaisteko gure bidea, egurra ateratzeko darabilte, denona dena beren etekin pribaturako erabiliz, eta suntsituz. Gero, bidean beraiekin topo egiten duzu, eta beti zuk itxoin behar duzu, beraiek lanean daudela esanda. Eurentzat, gu ez gaude sekula lanean.

Eta eurek utzitako kaka guztiarekin geratzen gara: lur higadura, bidoiak, olio hondarrak, arrastradoraren kableak... Basozainek beste indar eta babes bat eduki behar lituzkete halakoak kontrolatzeko. Eta ez dauzkate. Eta hemen inor ez denez ibiltzen, inor ez da jabetzen. Gu bai, hemen bizi garelako; industrialde bat balitz bezala ustiatzen duten naturgune honetan.

«Ez dakit zer nagoen, goibel ala nagi; honek denoi utzi digu arrastoa»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Abesti bat egin nuen atzo. Oso klasikoa naiz prozesuan: playlist-ak hartzen ditut, 1970eko soul bat, adibidez, eta hor bilatzen dut inspirazioa; abestiren bat hartu, zatitu, sanpleatu... horrela egiten dut.

Ez dakit zer gertatu zen aurrekoan iragarri ziguten Txibiteren bisitarekin; ez dut ikusi horri buruzko albisterik inon. Bertan behera utzi ote dute Urkulluri Gurutzetan egin zioten harrera ikusi ostean? Larunbatera arte ez naiz bueltatuko larrialdietara, eta laneko Whatsapp taldean ez dute ezer aipatu. Jendeak beste kontu batzuez hitz egiten du hor. Batzuetan, ez dakit nongo ikerketak eta beste albisteak ere bidaltzen dituzte; nik ez ditut irakurtzen. Orain, gauzak ez dira hain intentsoak, baina, duela aste batzuk, ez nengoen halakoak irakurtzeko.

Ez dakit zer nagoen, goibel ala nagi. Psikologikoki denoi erasan digu honek, baina zehaztu zaila egiten zait nola. Ametsak ere, beti izan naiz asko egitekoa, eta asteotan egindako ametsik ez dut gogoan. Lo pisua egingo banu bezala. Sofan esnatzen naiz batzuetan; ohean lo hartu ezin egoten besteetan. Lan txandek ere ez dute asko laguntzen lo gozorako.

Ea gaur ere abestiren bat egiten dudan.

«Biziki kontent heldu naiz amaren etxera, denak berriz ikusteagatik»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Amaren etxean naiz. Ene ttantta lanean hasi da berriz, eta kusiak hemen dira gurekin. Zazpi pertsona egiten du horrek. Harrabots anitz bada etxean, eta nik ikasi egin behar dut.

Biziki kontent heldu naiz atzo, berriz ikusteagatik denak. Elkarrekin jan dugu, aipatu dugu nola ginen, nola pasatzen diren eskolako lanak eta... Hazi egin dira senideak, atzematen dut ahizpa dela gehienik handitu; beste biak aski handiak dira. Hirurek nahi dituzte lagunak ikusi berriz. Herrian badituzte lagunak, baina ez dute elkar ikusi batere. Gure herrian etxeak biziki urrun dira bata besteengandik. Gu bakarrik gara gure aldean. Ontsa pasatu dute, hala ere. Espazio handia bada hemen, eta, goizetan eskolako lanak eginda, kanpoan pasatu dute denbora gehiena.

Aitatxi eta amatxiaren ikusterat ere joan naiz. Haiekin distantziak atxikitzen ditugu. Ama lanean hasi da, jende gehiagorekin gurutzatzen gara, eta ez ditugu kutsatu nahi. Biziki kontent ziren ni ikusteaz. Erran didate konfinamendu garaian beren bizimodua ez dela asko aldatu, lehendik erretretan egonik, egun osoak etxean pasatzera ohituak zirela. Dolu zuten mendira ibiltzera ez joatea. Aitatxi astelehen guziz joan ohi da ibiltzera elkarte batekin, eta hori geldirik da.

«Espero dezagun birusak oroimenean eragin handirik ez izatea»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Birusak ez du kulturarekiko inolako gupidarik izan, dakigunez. Artisten diru iturriak nabarmen ixteaz gain, berriki jakin dugunez, laguntzak jasotzea zorizkotasunaren menpeko izango da. Ausaz jokatzeak demokratikoa dirudi, deus egokitzen ez zaion sortzailea norbera den arte.

Antzekoa gertatzen da Oroimenarekin, aste honetan ikusi dudanez. Bilera bat eduki dut berriki -telematikoki, nola ez!- Mikel Zabalza Herri Ekimenaren orbitan, eta nabarmena da kezka: Altzako kaskoan egitear ziren Mikelen omenezko txokoa paralisi egoeran utzi du COVID-19ak ekarri aro arraro honek, baita mural itxuroso bat ere, haren erailketaren 35. urtemuga den 2020 urte errepikaezin honetan, hain justu.

Donostiako Udaleko Herri Partaidetza Sailaren bidez lorturiko egitasmo hau, beste gainontzekoen moduan, bigarren mailara pasatu da martxotik aurrera, eta, orain, Mikelen oroimena sustatu nahi duen herri ekinaldi honek sekulako kezka dauka pause botoia sakatu ostean udalak ez dezan stop teklaren gainean hatza jar.

Badakigu egungo boladako birusak birikei, arteriei eta enparauei eragiten diela. Espero dezagun oroimenean behintzat eragin larririk ez edukitzea.

«Zaintzen dudan txikiena eta biok ilegalak izan gara hamabost minutuz»

X.X. Etxeko zaintzailea

Primeran joan da gaurko goiza. Estu hasi dut lanaldia, behargin zenbait etorri direlako nagusienera. Haurrak babestu behar izan ditut, haiek beren lanak bukatu artean. Joan direnean, ondo-ondo garbitu behar zen dena, eta horretan hasi naiz. Logela bateko kristalak garbitzen ari nintzela etorri zait etxekoandrea: «Gaur kalera zoaz txikienarekin. Zuen ordua duzue hau». Lantoki horretan ari naizenetik lehen aldiz -badira ia hiru urte-, kafea hartu dut nagusiarekin. Mantala erantzi dut gero, eta txistu batean atera gara kalera. Haurra eta biok zoriontsu izan gara. Argazkiak atera ditugu, eta asko ibili gara, belar gainean gehiena.

Oinez joan gara eskolako autobus geltokira. Umeak eskatu dit, ikastetxearen falta sumatzen duela eta. «Zertarako hara, etxean oso gustura bazaude?», galdetu diot. Lagunekin hitz egin nahi duela erantzun dit, eta, geltokitik bueltako bidean, haiekin non eta zertara jolasten den kontatu dit. Nagusien etxeko lorategi komunitariora joan gara gero. Futbolean aritu gara. Gol asko sartu dizkiogu elkarri.

Ederra izan da oso goiza. Ordu eta laurden egon gara kalean etxeko txikia eta biok. Ilegalak izan gara hamabost minutuz. Gauza onak ere ekarri ditu berrogeialdiak.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (41)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/017/001/2020-05-14/termometroa_41.htm Thu, 14 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/017/001/2020-05-14/termometroa_41.htm «Zer babestu nahi dugun erabakitzeko garaia da; ni, txikien alde»

Josebe Blanco Baserritarra

Ardo kultura bat daukaten tokietan, lehen, ardo ekoizpen txiki bat zegoen kasik etxe bakoitzean. Hori joan zen. Ardoa egiteari utzi zioten batzuek, mahatsa beste bati saltzea erabakita. Upategi txikiak sortu ziren; handiagoak ere bai. Ardogile batzuk ez dira jada mahastizain, eta ez dago garbi zer den nekazariaz.

Mahastia zaindu, ardoa egin eta saldu egiten dute ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkartekoek. Txikiak dira. Oso egoera zailean daude, tabernetan eta esportazioan saltzen dutelako gehien, eta orain ezin dutelako. Zuzenean saltzea erabaki dute, Biba ardoen bitartez. Supermerkatuetan eta tabernetan, berriz, upategi handien ardoak daude. Inork pentsatzen al du horiek zergatik dauden toki guztietan eta hain merke? Ardoa ez baita merkea, prozesu guztian parte hartzen dutenei behar bezala ordainduz gero. Zer ekoizpen eredu dago atzean? Zenbat kutsatzen du? Zenbat ordaintzen zaio mahatsagatik nekazariari? Eta jornaleroari? Zenbat diru publiko jasotzen du? Europak emandako laguntzetatik, esaterako, handiek dirutzak jasotzen dituzte. Diruoi turismo sarea eransten diezu, eta espekulazioa agertzen da, ardotan blai. Ez da bizigarria.

Zer babestu nahi dugun erabakitzeko garaia da. Ni, txikien alde.

«Azkenean, ez dakit nola esan, jendearekin ez egotera ohitu egiten zara»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Atzo txandalarekin atera nintzen, baina euria hasi zuen eta ordu erdian etxean nintzen. Egia esan, itxialdian joan-etorriak bizikletaz egin ditudanez, ez dut kirol beharrik sentitzen.

Gaur lanik ez. Kontrako abisurik ezean, halaxe izango naiz larunbat goizera arte, sofan lasai arraio botata. Euriari begira egon beharko. Neuzkan liburuak bukatu ditut, eta aurrekoan beste sei-zazpi erosi nituen Katakraken, internetez. Ez dira oraindik iritsi, eta esperoan nago. Martxa hartu dut irakurketarekin, eta gustura. Motibatuta.

Aspaldi ez dut etxekoekin hitz egin. Ez didate deitzen, eta ondo egongo dira. Deitu beharko diet, hala ere. Egia esan, orain posible dugu elkartzea, afaltzeko-eta, baina ez dugu ezer antolatu oraindik. Hemendik gutxira bisitan joango natzaiela pentsatzen dut.

Lagunak ere elkar gaitezke, hamarreko taldea osatu arte, baina hori ere ez dugu egin. Lanean ari garenez denok, aste egunetan baino errazago izan daiteke asteburuan elkartzea. Azkenean, jendearekin ez egotera ohitu egiten zara, eta, ez dakit nola esan, hainbesteko beharra ez duzu sentitzen. Bideo-joko saioak ere bukatu dira ia. Hau izango da Errealitate berria deitzen dioten zerako zera hori.

«Plazer handia eman dit jendearekin jateak eta mintzatzeak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Adiskide baten urtebetzea zela eta, lagun batzuk jin dira atzo gure etxera. Barnealdekoak denak, neu bezala; haiek etxera sartu ziren konfinamendu garaian, ez ziren Baionan geratu. Lehen bisitaldia izan da itxialdia hasi zenetik, eta plazer handia eman dit jendea ikusteak, elkarrekin jateak, mintzatzeak. Ez nuen lanik hartu sukaldean, kanpoan hartu genituen hanburger batzuk, garagardoa bagenuen, eta hala. Gero atera ginen itzuli bat egitera, arratsaldeko bostetan. Jendea bazen karriketan. Ez dakit zein orenetan erretiratu ginen. Berandu. Ez zen arorik aproposena horretarako, baina topatu genuen non babestu. COVIDari buruz mintzatu ginen asko. Eta ikasketetan eta partzialetan garenez denak, nola pasatzen ziren eta eskolek nola funtzionatzen zuten.

Atzo lagunak jin ziren barnealdetik, hara noa gaur ni, Bithiriñara. Oraintxe finiko dut poltsa prestatzeko lana. Lasai nago, eta kontent; ikusiko ditut. Normalki, behar dugu utzi distantzia sozial bat, ezin dugu elkar ukitu. Zail da. Atzo ere, zail zen. 9, 13 eta 15 urteko anai-arrebak ikusi, eta haiei besarkadarik ez ematea; aitatxi eta amatxi ez estutzea... Atzemanen dugu beste manera bat.

Heldu den asteartean izanen dut azken azterketa. Hori egin eta gero, lasai izanen naiz.

«Bizikleta eta busa lanera joateko zain dauzkagula oroitzen dugu»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Esfortzu edota denbora gehiago eskatzen digun egoera batetik askoz ere errazagoa den beste batera aldatuz gero, zein neurritaraino geundeke prest lehenengo egoerara itzultzeko? Askok azterketa bat egin eta analisi horren arabera bat edo beste hautatuko genukeen arren, egoera xamurrari eutsiko liokete beste batzuek, inolako barne-eztabaidarik eduki gabe. Norberaren ideologiak hor eragin lezake, auskalo, baina ez naiz hor sartuko (oraingoz).

Mikel lankideak eta biok mugikortasunaren eremura eraman genuen dilema hori, solasaldi batean, asteotako bidaiari kopuru jaitsiera handiaren ondoren izan ginena izatera noiz helduko ote garen elkarri galdetu genionean. Izan ere, martxotik hona lanera joateko busa utzi eta kotxea hartzen hasiko (itzuliko?) zirenak ez dira gutxi izango; eserita, bakarrik, goxo-goxo, gustuko musikaren konpainiaz, eta, telelanaren eraginez, lantokitik oso gertu aparkatzeko aukerarekin. Pagotxa.

Beste mundu bat posible dela uste dugunok, baina, badakigu egungo egoera eroso hau trantsiziozkoa dela. Lanera joateko busa eta bizikleta zain dauzkagula oroitzen dugu. Espero dut arestiko ohiko bidaiarien gehiengoaren parte izatea.

«Behin lanean hasita, bukatu artean ezin da etenik egin; hala dio arauak»

X.X. Etxeko zaintzailea

Bizkarreko mina arinduta jaiki naiz gaur. Beharrera abiatu baino lehen, luzatze gurutzatu batzuk egin ditut, eta on egin didate, baina leher eginda atera naiz lantokitik, berdin-berdin. Behin lanean hasita, hala dio arauak, bukatu artean etenik ezin baita egin; eta irten orduko banku batean eseri behar izan dut, zangoak luzatzeko. Erantzuna ere prestatu dut, norbaitek ezer esango balit leihoren batetik: «Atseden hartzen ari naiz, ez aisialdian».

Nire lagunik onenak, alabatzat daukadanak, lanera joan gabe segitzen du. Bikote gazte batentzat egiten du lana; ume txiki-txiki bat daukate. Etxekoandreak ostiralean deitu zion, apirileko soldata kontu korrontean sartu ziotela, eta, biharamunean, larunbatean, ez zirela etxean egongo. Ez omen dute inorekin kontakturik izan nahi, ezta nire lagunarekin ere, eta, bertan ez zirenez egongo, etxera garbitzera joateko eskatu zioten. Halaxe joan zen, larunbatean, lanera. Askoz lasaiago dago orain adiskidea, kobratu egin duelako. 300 bat euro ari da pagatzen bizitoki duen logelagatik; alaba txikiarekin bizi da.

Gaur ere, gutxi ginen metroko kotxean. Nire ibilbide bertsua egiten duen lagun baten arabera, lepo joan ohi da ordubete lehenago. Jende pilaketarik egokitzen ez zaidan bitartean, ni gustura.]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (40)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/014/001/2020-05-13/termometroa_40.htm Wed, 13 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/014/001/2020-05-13/termometroa_40.htm «Kaleko platano sentitzen naiz, maitasun harremanak latz kimatuta»

Josebe Blanco Baserritarra

Aurrekoan, lagun baten aita hil zen, eta ezin besarkatu, ezin eskutik heldu, ezin gerturatu. Osteopatarenera joan nintzenean ere -laguna dut-, ezin besarkatu. Gauza bera gaur: banaketan ari nintzela, oso laguna dudan pertsona bat ikusi eta ezin besarkatu, ezin musu bat eman. Gogorra da; eta barne borroka bat ere bai: maite dituzulako tentuz ibili behar duzu, baina, aldi berean, beldurraren preso sentitzen zara. Besarkadak eta musuak ukatzen ditudanean, oso errudun sentitzen naiz, neure buruari kale egingo banio bezala. Nik barruan ditudalako maitasun hori eta maitasuna adierazteko beharra. Furgonetatik atera gabe esan diot gaur lagunari: «Asko maite zaitut». Ze inpotentzia! Ze hutsune!

Kaleko platanoei egiten zaie ba kimaketa basati eta zentzugabe hori? Halaxe sentitzen naiz ni: kaleko platano, elkartasunean eta maitasunean oinarritutako harremanei kimatze bortitza eginda. Eta entzuten ditut terrazei buruz hizketan denean, aurrerago ile apaindegiei buruz bezala, eta Merced egunaz gogoratzen naiz. Presoei menu berezia ematen zitzaien Merced egunez; haurrei ere bai, goxoki bereziren bat. Ez dakit ez ote gaituzten geu ere gozatzen, neurri batean, halako arinkeriekin, geure emozioak eta ezinak ahatz ditzagun.

«Errefortzuak genituen lehen txanda guztietan; bukatu dira»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Lehertuta iritsi nintzen atzo etxera, gau osoz lan egin ostean. Okertuta hasi genuen gaua, eta halaxe joan zen gero txanda osoa. Agure dezente, psikiatriakoko gaixoak... Horiek ez dira urritzen. Mozkor eta auskalo zenbat pilula hartuta etorri zen bat; beste bat bere buruari zauriak eginda; eta eskizofreniak jotako beste bat, antzeratsu... Normalean goizeko ordu bietan mokadu bat egitera joaten gara txandaka, baina laurak baziren ni atera ahal izan nintzenerako. Makinatik hartutako zirin batzuk jan, eta segi lanean.

Beste zirkuituan, arnasketa sistemakoenean, lasaiago ibili ziren, baina haiek ere hasiera gogorra izan zuten. Lehen, errefortzuak izaten genituen txanda guztietan, baina horiek bukatu dira aste honetako moldaketarekin.

Herenegun Urkullu Murgarekin Gurutzetatik nola, hala zen pasatzekoa gure ospitaletik Txibite, atzo arratsaldean, Indurain kontseilariarekin. Bezperan abisatu ziguten, dena txukun uzteko-eta. Eta egia da errealitatea azken bi hilabeteotan pixka bat desberdina izan dela Nafarroan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino, baina oso antzeko egoerak bizi izan ditugula esango nuke. Gainontzean, ondo.

«Gaur amaren etxera sartuko naiz; senideekin egoteko gogoa badut»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzo amarekin hitz egin dut kolegiora itzultzeaz. Konfinamendua abiatu zutenean, eskola etxera eramaten ahalegindu ziren, eta orain kontrako norabidean aritzeko eskatu zaie. Pisua da egoera. Gelako 15 izatea galdegin dute, eta aste hau pasatuko dute dena prestatzen, ikusten nola egiten ahal duten tokia denentzat. Bosgarren eta seigarreneko ikasleak 18tik at sartuko dira; handiagoak, ikusteko dago noiz. Ene ustez, kolegioak ireki egin behar dira, baina denetarik dagoela ahantzi gabe. Ez da ahantzi behar ikasle batzuentzat zaila dela etxetik ikastea, ez dutelako dena gertu eta aski. Horientzat, eskolara joatea ontsa da; beste batzuentzat, berriz, egungo sistema da egokia.

Goiz honetan atera naiz itzuli bat egitera. Saltoki guztiak berriz ireki dira, ostatuak aparte, eta jende gehiago bada karriketan. Nik ikasten segitzen dut, baina lagun batzuek elkar ikusi dute jada. Hasi dira ateratzen. Ni partzialak bukatu eta gero hasiko naiz eurekin elkartzen. Gaur, amaren etxera sartuko naiz. Ene anaiak badu ortodentistarekin hitzordua Miarritzen, eta, beraz, pasatzean, amak hartuko nau. Badut gogoa etxekoekin egoteko. Heldu den astean berriz Baionarat itzuliko naiz, astelehen eta asteartean azterketak baititut.

«Harrituta eta zertxobait suminduta bukatu nuen atzo lanaldia»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzoko laneguna Andoni lankideari Ategorrietan busa utziz amaitu nuen. Ia agurtu ere egin gabe galdetu nion lehen gauza «konfinamenduak jarraitzen du, ezta?!» erretoriko bat izan zen, goiz osoan 650 bidaiari eraman bainituen, Antzinako Normaltasuneko edozein egun arruntean bezainbeste. Harrituta eta zertxobait suminduta bukatu nuen, datua analizatzean.

Garraio publikoko edozein gidariren moduan, badakit jendea eramateko nabilela autobus bat gidatzen. Esaldi totemiko hori sarri erabiltzen dut, udan batez ere, jende mordoa eramateaz nekatuta dagoen edozein lankide kexaka entzuten dudanero. Baina, aldi berean, iruditzen zait garraio publikoa ez dagoela asteotan bere onenean; eta oraindik ere adin nahiz zeregin ezberdinetarako ordutegi zehatzak eta mugatuak badaude, konfinamendua bukatu ez den seinale dela.

Zintzoki, uste dut jendarteak ez duela azken baieztapen hori asimilatu; eta ez beraien erruz, agintariengatik baizik. Arau eta salbuespenen oihanean sartu gaituzte, gure funtsezko egoera orokorra zein den aipatzeari utziz. Itxialdiak oraindik ere badaukan garrantziaz ohartaraziko gaituen lehen agintariaren zain geratuko naiz kobazuloan.

«Gerrialdea sastaka dut; gorputzera jaitsi zait egunotako tentsioa»

X.X. Etxeko zaintzailea

Lantokian, denak zeuden aztoratuta gaur. Haur guztiek zeukaten eskolako lanen bat, baita txikienak ere. Azken horrek ohi baino askoz denbora gehiago dauka orain gurasoekin egoteko; eta primeran ari da pasatzen.

Lantokian garbiketa asko -edo arropa lisaketa, edo armairu txukunketa, edo lixiba- egin behar izaten dudanetan, gerrialdeko mina hasten zait, eta halaxe nago gaur. Oinez luze ibiltzen banaiz, gainera, areagotu egiten zait mina; eta, ez dudanez metroz ibili nahi, oinez itzuli naiz gaur ere.

Lantokian ez dut ezer sentitu, baina etxera bueltatu, dutxatu eta bazkaldu berri nintzenean, gerrialdea sastaka hasi zait. Tentsio handiz bizitzen ari naiz lanera bueltako aste hau, eta tentsioaren zama gorputzera jaitsi zait, nonbait. Osteopata jator bat ezagutzen dut Bilbon; hilean behin joan ohi naiz harengana. Orain itxita eduki du, baina deitu egin behar diot, mina daukadalako.

Etxerako bidean, erdialdetik pasatu naiz gaur ere, eta jendea zegoen terrazetan. Udaltzainak ere bai, kale kantoi zenbaitetan. Jendea etxetik irteten hasi zenetik, ezin dut ahaztu batzuek Poliziari deitu ziotela itxialdi zorrotz garaian, kalean ikusitako migranteak uxatzeko helburuz. Non ote dira orain zelatari horiek? Terrazetan, akaso?]]>
<![CDATA[TERMOMETROA (39)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/015/001/2020-05-12/termometroa_39.htm Tue, 12 May 2020 00:00:00 +0200 Amagoia Gurrutxaga Uranga https://www.berria.eus/paperekoa/1870/015/001/2020-05-12/termometroa_39.htm «Dirua gastatu eta bozak egin, horiek egin nahi dituzte; ez dago besterik»

Josebe Blanco Baserritarra

Gobernatzen duenak gobernatua errespetatzen eta aintzat hartzen du. Gobernatzea eta agintzea ez dira gauza bera: agindua da goitik behera datorren arau bat, guztiz arbitrarioa izan litekeena; gobernantzak beste patxada bat eskatzen du, arbitrariotasunik gabe, irizpide jakin batzuk betetzen dituelako. Asteburuan arbitrariotasuna bizi izan dut, inongo irizpiderik gabe. Pena ematen dit esateak. Iruditzen zait deskonfinamendu fase aldaketarako agindua bera zela hemengo agintarien helburua, ez aginduaren mamia. Azkenean, behar duten egoera da hau, nahi dituzten denak egiteko: hauteskundeak eta dirua gastatu. Ez dago besterik.

Zer erabaki behar dut nik pertsona eta guraso gisa: arbitrariotasunaren aurrean sumisioa, ala planto egitea? Bizitzarako irakaspen bat da; ume izateari utzi eta heldu erabakiak hartu behar ditugu. Ezin ditut burutik kendu X.X.-en hitzak: «Patroiak altxatu egin dira. Gu?».

Eta gaur, artegira jaitsi eta asko maite nuen ardi bat hilda topatu dut. Dotore zuen izena, eta Kleopatraren lehendabiziko alaba izan zen. Kleopatra ahari bat zen, esfingea zirudiena. Dotorek aitaren adarrak zituen. Eta hil egin zaigu. Gaur bihotza eta gogoa hor ditut; ez Urkullu, Tapia eta enparauen aginduetan.

«Lankide batzuek azken astea dute hau larrialdi zerbitzuetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Asteburua ondo joan da lanean. Triajean eta Suspertze Gelan egon naiz. Beti bezala, mila zalantza sortu zaizkit, baina kontentu itzuli naiz egunero etxera. Ez zaigu jende asko sartu larrialdietara; koronabirusari lotuta, gutxi. Bueno, egia esan, etortzen zaigun jende bat ez dugu jakiten non sartu; bihotzeko arazoekin etortzen zaiguna, esaterako, kardiologiara bideratzen dugu, baina koronabirusa ere izan dezake. Gehiegi lasaitzen ari gara, agian.

Lankide batzuek azken astea dute larrialdietan. Duela hilabete ere antzeko gauza gertatu zen: bospasei erizain beren osasun etxera itzuli ziren. Nik berez abuztuaren 31ra arte daukat kontratua, eta dagozkidan opor egunak aukeratu ditut jada; iritzira, udako txanden egutegirik ez daukadalako. Ez dakit nire opor egunek talka egingo ote duten txanda horiekin. Nahiko buruhauste badute hori dena antolatu behar dutenek, eta argituko didate ahal dutenean.

Joan den astean hiru egunez egin nuen lana, eta gainerakoetan, atseden. Aste honetan ere, berez, larunbata nuen lanegun bakarra, baina oraintxe deitu dit nagusiak, lankide bat gaixotu dela eta ea ordezka dezakedan gaur gauean. Baietz esan diot.

«Amak erran du anai-arrebak etxean geratuko direla, eskolara gabe»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Deskonfinamenduarentzat aro txarra dugu; beraz, jende gutxi da oraindik karriketan. On egingo du horrek, agian, jendea ez baita saldoka aterako. Baionan etxez etxe banatu dituzte maskak, herriko etxearen ekimenez, autobusetan-eta beharrezkoa baita maska ezartzea. Larunbatean jin dira, horien banatzeko, eta nik ukan ditut hiru. Erabiltzen ahal dira behin baino gehiagotan, eta behar dira usu garbitu.

Gaur hastekoak dira haurrak eskolan, baina haizu duzu hautatzea zure haurrak igorri ala ez, eta amak erran du etxean geratuko direla nire anai-arrebak. Aitatxik eta amatxik zainduko dituzte, haien eta gure amaren etxea elkarren ondoan baitira. Ahizparen ikastolan, badira 50 haur, eta bederatzi sartuko dira berriz.

Aste hau azterketa partzialen astea da, eta uste dut ikasleok etxean izanen garela bereziki. Aste ona hautatu dute deskonfinamendurako, beraz. Nik neuk banuen azterketa atzo, euskal literaturako, eta ontsa pasatu da. Jon Miranderen olerki bat ukan dugu, testu azterketaren egiteko: Ortziren zaldunen gugu-kanta. Biziki maite dut Miranderen olerkia, eta gustura egin dut. Gaur arratsaldez beste partzial bat izanen dut: hizkuntzalaritza. Badira informazio anitz barneratzeko, eta pixka bat zaila da.

«Euripean egin nuen aspaldi arrankatu gabeko autoraino»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzo itzuli nintzen lanera 49 eguneko itxialdiaren ostean. Hauxe laburpen telegrafikoa:

04:30ean esnatu, gosaldu eta kalerako prest. Euripean aspaldi arrankatu gabeko autoraino. Bateria lagun, bagoaz. 05:15ean aldagela zigilatuen atari aurrean. Eguneko lehen mesedea eskatu diot segurtasun langileari. Nik baino lo aurpegi handiagoa zeukan gaixoak, eta portatu da. Lanerako tramankuluak eta hurrengo egunetarako jantziak ateratzea lortu dut. Lehen bidaiariak 05:55ean; dozena pasatxo Altzatik Bulebarrera. 06:30ean 28. lineako errefortzu lanak hasi ditut, ospitalerako bidean inor kalean gera ez zedin. Gehienezko edukieratik nahiko urrun, Anoetan Topotik zetozen langile labekadak jaso eta ospitalera eta Miramonera eraman ditut, ohiko zerbitzuei lagunduz. 08:20an-edo, garabitzar batek zuhaitz adar lodi bat errotik ebaki du istripuz Madril Etorbidean. Gutxigatik izan bada ere, hari bat libre geratu da. Fortuna Jainkoa bateria eta segurtasun langilearen bandokoa izan da gaurkoan.

09:15etik 10:00etarako atsedenaren ostean, Altzatik erdigunerako bi bidaia eta parte zaharretik Altzarako beste bat egin ditut, 30 bidaiariko mugatik pasatu gabe, nik uste.

«Ezin da eguzkia ezkutatu; ezta terraza batean zerbitzatutako koparekin ere»

X.X. Etxeko zaintzailea

Atzo fase berriko lehen eguna, eta erabat ahaztuta irten nintzen etxetik lanera. Arratsean, beldurtuta sartu nintzen bueltan, etxerako bidean hirigunetik pasatu nintzelako, eta irekitako tabernetako terrazak jendez lepo zeudelako. Ez maskara, ez eskularru, ez segurtasun tarte, barreka eta berriketan zegoen taldea, elkar ukituz ia, ezer gertatu izan ez balitz bezala, birusa erabat desagertua balego bezala. Jendea hiltzen ari da-eta oraindik! Aspalditik dakigu goikoei ez zaiela batere inporta gure bizitza; baina geuri bai, ezta? Eta haiek ez bagaituzte zaintzen, geuk zaindu beharko dugu elkar, ala? Urrutitik begira geratu nintzaien terrazatakoei. Neure buruari galdetu nion: «Humanitatea eta bizitza dagoeneko ez ditugulako maite ote da? Momentua besterik ez dugulako maite ote da; ez dagoelako epe luzerako maitasunik?».

Lagun batek idatzi zidan Whatsappez: «Jainkoak gorde nazala. Pintxoak egiten eman behar dut eguna, jende honen artean». Ordurako, etxekoandreak esana zidan lantokian Hego Korean kutsatu berriak gertatu direla. Badugu ispilurik geure buruak ikusteko. Ezin dena da errealitatea ezkutatu. Esaerak dioen bezala, ezin dugu eguzkia hatz mutur batekin ezkutatu, ezta terraza batean zerbitzatutako kopa batekin ere.]]>