<![CDATA[Amaiur Irastorza Adin | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 17 Sep 2019 02:44:41 +0200 hourly 1 <![CDATA[Amaiur Irastorza Adin | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Atzera-bueltaren bila Everesten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1947/038/001/2019-09-11/atzera_bueltaren_bila_everesten.htm Wed, 11 Sep 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1947/038/001/2019-09-11/atzera_bueltaren_bila_everesten.htm
Egoera hori kontrolatu eta hobetu nahian, jende pilaketak eta geroz eta ugariagoak izaten diren lekuetan heriotzak gutxitzeko, Nepalgo Gobernuak prestatu ditu jada zenbait neurri: Everestera igo nahi duten mendizaleek xerpa bat eraman beharko dute alboan, 31.500 euro ordaindu beharko dituzte gutxienez, eta medikuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Lehenago, Nepalgo 6.500 metroko mendi bat igo beharko dute, eta kontratatzen duten agentziak hiru urte edo gehiagoko esperientzia izan beharko du.

Espedizio komertzialak ugaritzen ari dira, eta ilarena ez da kontu berria. Edurne Pasaban eta Felipe Uriarte mendizaleek adierazi dutenez, aspaldiko kontua da jende pilaketena. Pasabanek azaldu duenez, «azken urteetan egoera asko aldatu da, espedizio komertzialek gora egin dute nabarmen, eta, egun, dirua duen ia edonork lortzen du gailurrera iristea. Moda bat da, kapritxo bat, eta badirudi jendeak bizitzan egin beharrekoen zerrendan sartzen duela Everestera igotzea, bi aldiz pentsatu gabe».

1921. urtean zabaldu zen Nepalgo herria eta Everest mendia mendebaldarrentzat. Garai haietan, hango biztanleak ez ziren gailurrera igotzen, eta lehenengo espedizioek zaila izan zuten bertako xerpak aurkitzea. Hango biztanleen jainkosaren bizilekua zen gailur hura; izugarrizko errespetua zioten, eta horregatik ez zuten igotzeko saiakerarik egiten.

Uriarte 1974an joan zen lehen aldiz Everestera, Tximist Espedizioa-rekin, eta gailurretik 320 metrora gelditu ziren. 1980. urtean, 1980ko Everest Euskal Espedizioan parte hartu zuen, eta, orduan bai, espedizioko kide ziren Martin Zabaletak eta harekin zihoan Pasang Temba xerpak lortu zuten tontorrera iristea; Chomolungmako gailurrera iritsi zen lehen euskalduna izan zen Zabaleta. «Gu joan ginenean, oso gutxi ari ginen saiakerak egiten. Nepalgo Gobernuak ez zigun inongo baldintzarik ipintzen espediziokideei. Garai hartan gehienak mendizaleak ginen, mendigoizaleak; esperientzia bagenuen, eta mendia maite genuen. Gaur egun, ehunka pertsonak lortzen dute puntara iristea, eta gutxiengoa izango da garai haietako mendizaleak bezalakoa. Curriculumerako egingo dute gehienek, eta ez mendiarekiko duten maitasunagatik», esan du Uriartek.

Pasaban 1999. urtean izan zen lehen aldiz Everesten. Gailurrerako lehenengo bi saiakeretan Iparraldeko bidetik joan ziren. Azkenean, 2001. urtean, hegoaldetik joan, eta lortu zuten puntara iristea. Pixkanaka aldaketa ikusi duela esan du:«Lehen bi urteetan apenas ikusi genuen beste espediziorik. Iparraldeko aldetik oso jende gutxi saiatzen zen tontorrera igotzen. 2001. urtean, hegoaldetik joan ginenean, hasi ginen ikusten sortzen ari zen zirkua. Jende pilaketak sortzen ziren orduan ere; Hillaryren pasabidean, orduan, 30-45 minutu inguru itxaron behar izan genuen jada. 2011. urtean oxigenorik gabe igotzeko saiakera egin genuen, baina ez genuen lortu. Eguraldia eta bestelako arazo batzuk tarteko, buelta eman genuen. Jende kopuru handia eta sortzen ziren ilarak ere izan ziren gure kezka nagusietako bat. Gaur egun, tontorrera igotzen diren gehienak oxigenoaren laguntzaz igotzen dira. Guk, oxigeno gabe joanda, zailago genuen. Jende pilaketekin denbora gehiago behar izaten baita». Oxigenorik gabe, arnasketa arazoak ez ezik, hotzarekin ere izaten dira arazoak. Gorputza errazago hozten da, eta izozteak ugariagoak izaten dira.

Neurriak, igo nahi duenari

Pilaketa horiek ikusita, Nepalgo Gobernuak txosten bat prestatu du, eta segurtasuna handitzeko eta igoerak kontrolatzeko zenbait neurri zehaztu ditu. Mendizale eta hedabide batzuk, baina, neurrien aurka azaldu dira, esanez ez dutela aldaketarik ekarriko eta jende ilarak areagotuko dituztela. «Nire ustez, hartu dituzten neurriekin ez da aldaketa handirik etorriko jende kopuruari dagokionez. Dirua duen jendeak berdin-berdin jarraituko du joaten. Ez dira guztiz zehazten bete beharreko baldintza fisikoak. Bidaia agentziek diru kopuru handiagoak eskatuagatik ere ez dute zerbitzua bermatuko», zehaztu du Pasabanek.

Gainera, uste du mendizale bakoitzeko xerpa bat eraman behar izateak jende kopurua handituko duela: «Agentziei hiru urteko esperientzia eskatuko zaie, baina nire ustez, garrantzitsuagoa izan beharko luke xerpei eskatzea hiru urteko esperientzia; azkenean haiek izango dira mendizaleei laguntzen joango direnak», gehitu du. Pasabani zaila iruditzen zaio egoerari konponbidea aurkitzea. Neurri zorrotzagoak beharko liratekeela pentsatzen du: «Ez da erraza arazoari buelta ematea. Joera okerrera doa, eta urtetik urtera hartzen diren neurri txikiek ez dute aldaketarik edo hobekuntzarik ekartzen».

Uriarteren ustez, arazoa ez da Nepalgoena bakarrik: «Nepalgo Gobernuak zerbait esan behar zuen Everesten gertatu diren jende pilaketen ondoren, eta horregatik hartu ditu neurri horiek. Hala ere, errua Nepalgo Gobernuari botatzen ari zaio jendea, eta badirudi haien erruz gertatu direla egoera lazgarri horiek. Ez, barkatu, gu joan gara hara, eta guk sortu ditugu ilarak. Mendebaldarrek».

Uriartek gogor salatu nahi izan ditu Nepalgo Gobernua kritikatu duten hedabideak eta mendizaleak: «Nepalgo Gobernuak nahi dituen erabakiak hartuko ditu, eta guk, mundua izorratzen ari garen mendebaldarrok, ez dugu eskubiderik hura kritikatzeko. Mundua izorratzen ari gara, eta aseezinak gara; Afrikan, Hego Ameriketan eta beste mila tokitan izugarrizko kalteak eragin ditugu, eta, gainera, haiek egiten dutena edo egin nahi dutena kritikatzen pasatzen dugu denbora». Mendebeldeko mendizaleei autokritika egitea eskatu die, eta xerpen alde agertu da Uriarte: «Neurri berriekin agentziak eta xerpak pozik egongo direla kexatu dira zenbaitzuk. Komunitate bikaina da xerpena, lan handia egiten dute herrialdeko zenbait arlotan, umezurztegiak dituzte, eta kanpotik datozen mendizaleei pisu handia kentzen diete bizkarretik. Langile finak dira, eta merezi dutena irabazten dute. Neurriak ezin dira beti gure pozgarri izan», azaldu du Uriartek.

Neurrien inguruan zera pentsatzen du: «Hartuko diren neurriek ez dute hobekuntzarik ekarriko. Aditu batzuk bildu omen dira oraingo neurri berri horiek zehazteko. Ni ez nengoen aditu horien artean. Ekonomialariak eta botereari lotutako adituak izango ziren», esan du. Konponbide bat eman du Uriartek: «Chomolungma santutegi bilakatu behar da. Urte batzuetako garbiketa egin, eta, dena txukun eta garbi dagoenean, santutegi bilakatu beharko litzateke. Everestera igotzea debekatu, eta behetik begiratuko genioke mendi gailurrari. Chomolungma inguruko trekking ibilaldiek gora egingo lukete, eta xerpa nepaldarrek ez lukete lanik galduko. Mendia errespetatuko genuke, eta bai, orduan ez litzateke pilaketarik sortuko».

Haren ustez, gainontzeko zortzimilakoei ere ongi etorriko litzaieke halako egitasmo bat: «Urtean espedizioren bat onartu, eta orain arte mendia hondatzen aritu diren herrialdeei konponketa, garbiketa eta txukunketa lanetarako finantzaketa exijitu beharko litzaieke».

Zabortegia 8.000 metrotan

Zeresan handia ematen du Everesten sortzen den zaborrak ere. «Jende asko ibiltzen den lekuetan normala da halako zabor pila sortzea. Arazoa da kontzientzia gutxiko jendeak bertan uzten dituela botata», esan du Pasabanek. Nepalgo Gobernuak hartu izan ditu neurriak zaborra gutxitzeko. Urtero hamarnaka tona zabor biltzen dituzte garbiketa espedizioetan, eta isunak jartzen dizkiete zaborra jaisten ez duten mendizaleei: «Kontua da horrenbeste diru mugitzen den espedizioetan isun horiek prezioaren barnean sartzen dituztela».]]>
<![CDATA[Artaldea, goitik behera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/035/001/2019-09-01/artaldea_goitik_behera.htm Sun, 01 Sep 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1960/035/001/2019-09-01/artaldea_goitik_behera.htm
Goizean egingo den artzain gaztaren lehiaketak eta arratsaldeko artzain txakurren txapelketak bilduko du jende gehien. 11:00etan izango da artzain gaztaren lehiaketa: Gipuzkoako artzainak lehiatuko dira lurraldeko gazta onenaren sariketan. Arratsaldean, artzain txakurren txapelketa egingo dute urtegira bideko Urtatzako zelaian. Gipuzkoako lau artzainek gidatuko dituzte lehiatuko diren zazpi txakurrak.

Omenaldia artzainei

Beste lehiaketa batzuk ere egingo dituzte Legazpin; tartean, gaztetxoen gazta lehiaketa eta ardi okelaren lehiaketa. Goizean, gazta eta sagardo dastaketak izango dira. Zenbait erakustaldi ere egingo dituzte, hala nola Euskal Herriko latxa arrazako ardi eta ahariena, eta ardi moztearena. Historiak ere izango du tartea; hain zuzen, gaztagintzaren lehenari eta orainari buruzko hitzaldi bat egingo dute, 10:45ean. Legazpiko musika bandak alaituko ditu herriko kaleak. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean.

Urtero zenbait artzain omentzen dituzte Legazpin. Aurten, Ignacio Artano Sagastume amezketarra eta Angel Errasti Oinederra azpeitiarra izango dira, Ameriketan lanean aritu ziren artzainekin batera. Feli Arrese olatzagutiarrak, eta Begoña Galarraga eta Jose Manuel Agirretxe errezildarrek ere aipamen berezia izango dute, egindako lan handiagatik; ekitaldia 13:00etan izango da.

Gipuzkoako Artzain Eguna



Gaur, Legazpin (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[«Konpetentzia garela saldu digute, eta buelta eman diogu horri»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2019-08-27/konpetentzia_garela_saldu_digute_eta_buelta_eman_diogu_horri.htm Tue, 27 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2019-08-27/konpetentzia_garela_saldu_digute_eta_buelta_eman_diogu_horri.htm
Nolatan elkartu zineten, eta Dinagu proiektua sortu?

MAIALEN IRASTORZA: Gabonetan merkatu bat antolatzen da Donostian, Urumea ibaiaren ertzeko pasealekuan, eta nik bakarrik aurkezteko asmoa nuen hasieran. Agarak eta Ilazkik mezu bat bidali zidaten, bakarka joan beharrean sortzaile batzuk elkartu eta postutxoa batera ipintzeko proposatuz, eta hala hasi zen dena.

AGARA AGIRRE: Ilazkik eta nik jada ezagutzen genuen elkar. Sortzaile gehiagorekin elkartu nahi genuen espazioa konpartitzeko eta gastuak banatzeko. Maialenekin eta Edurnerekin elkartu, eta azoka hartarako kontua izango zenak aurrera egin zuen. Konpetentzia garela saldu izan digute, emakume gisa eta baita sortzaile eta eskulangile gisa ere; guk horri buelta eman nahi izan diogu. Dinagu proiektuan, elkarlanean eta elkarri lagunduta egiten dugu lan.

Ildo berean egiten duzue lan? Gai eta estilo berak dituzue?

A.A.: Berez, ez; nork bere kabuz egiten du lan. Egia da gero, postuak elkarrekin jarri izan ditugunetan, konturatu garela oso ondo josten direla lauron produktu eta estiloak.

Zergatik Dinagu izena? Mezuren bat helarazi nahi duzue harekin?

A.A.: Bai; izen gehiago bagenituen aukeran, baina honekin identifikatuta sentitzen ginen laurok. Lau emakume artisauek halako proiektu bat sortzeko ahalmena; ahal dinagu, egingo dinagu...

Nola erabaki zenuten eskulangintzan jardutea?

A.A.: Euskal Filologiako ikasketak bukatu, eta eskolak ematen aritu nintzen hasieran. Eskulanetan zerbait egiteko gogoa nuen aspalditik, eta dena utzi nuen. Bitxien inguruko bi ikastaro egin, eta maitemindu egin nintzen bitxien munduarekin.

M.I.: Nire ama jostuna zen, eta nik ere egiten nituen gauzatxoak. Lehenengo haurdunaldian, denbora libre asko izan nuen, eta motxilak eta poltsoak egiten hasi nintzen. Inguruko jendeari gustatu, eta enkargu batzuk izan nituen. Mutilak eta biok marka bat sortzea erabaki genuen, eta, hala, zaletasun bakarrik izateari utzi, eta lan bihurtu zen.

Bizi al daiteke sorkuntzatik?

A.A.: Oso lan prekarioa da; ordu asko sartu behar dira, eta, gainera, lan tenporala izaten da, garaikakoa. Salmentak udan eta Gabonetan izaten dira gehiago. Askotan ez digu bizitzeko adina ematen, eta beste lan txiki batzuk ere egin behar izaten ditugu noizbehinka.

Zein da emakumeen egoera sorkuntza munduan?

M.I.: Gure arloetako eskulangile gehienak emakumeak gara. Honetaz bizitzea ez da erraza inorentzat, baina gutxiago guretzat, emakume izateak dakarren gainkargarengatik. Geuk egiten ditugu produktuak, eta gerta dakiguke bizitzako zenbait etapatan proiektua guztiz gelditu behar izatea.

Pop up dendak egiten dituzue; zer da hori, eta zergatik formatu hori?

M.I.: Jarri eta kendu egiten den zerbait da, iraupen laburrekoa dena. Donostian, Getarian eta beste zenbait herritako azoka txikietan izan gara Zarauzko denda zabaldu aurretik. Proiektua sortu berria da, eta formatu ezberdinak probatzen ari gara oraindik. Urteko garai bakoitza ezberdina da, eta, luzera begira ezer finkaturik ez dugunez, nahiago dugu iraupen mugatuko dendak ireki, oraingoz.

Bata usurbildarra da, eta bestea oiartzuarra, eta Zarautzen duzue denda; zeren arabera aukeratzen duzue denda jartzeko herria?

A.A.: Gustatuko litzaiguke gure herrietan ere dendak jartzea, baina, errealitatera etorrita, zaila da. Salmentak behar ditugu, eta, kostaldeko halako herrietan, tokiko jendarekin eta kanpotik etorritako horrenbeste turistekin, errazagoa da.

Abuztua bukatzean, zer?

A.A.: Balorazioa egingo dugu, eta ikusiko da. Zarauzko dendan beste bi lagunekin batera egin dugu lan. Sortzaileen artean saretzeko sortu zen proiektu hau, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horretan jarraitzea. Irekita gaude, eta ez dakigu zer etorriko den.]]>
<![CDATA[Artzain lana ikusteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/033/003/2019-08-25/artzain_lana_ikusteko.htm Sun, 25 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1960/033/003/2019-08-25/artzain_lana_ikusteko.htm
Aurtengoan, emakumeen lana ikusarazi nahi dute, eta haiek izango dira omenduak; haien lanak eta bizipenak ikusgai izango dira herriko kaleetan. Uztailean, Emakumeen papera artzantzan jardunaldiak egin zituzten Uharte Arakilen; baserrietan, etxaldeetan eta ustiategietan, zuzenean zein gainontzeko zereginetan lanean aritu izan diren eta aritzen diren emakumezkoen bizipen eta ikuspuntuak bildu zituzten jardunaldietan. Bertatik ateratakoak izango dira kaleetan ikusgai jarriko dituztenak.

Mende erdiko ibilbidea

Artzain-txakur txapelketa izango da ekitaldi nagusia; 17:00etan izango da. Han lehiatuko direnek aukera izango dute Oñatiko (Gipuzkoa) nazioarteko eta Euskal Herriko txapelketetara sailkatzeko.

Bestelako jarduerak ere izango dira: goizean, 14:30 bitartean, ardi eta artaldeen, ardi gazten eta ile moztaileen lehiaketak egingo dituzte. Feria ere jarriko dute, eta zenbait gazta dastatu ahalko dira han. Artzain txakurren erakusketa ere egongo da, eta, 11:30 inguruan, artaldeak paseatuko dituzte herrian. Goizeko jarduerekin amaitzeko, omenaldia eta sari banaketak egingo dituzte, eta herri bazkaria izango da segidan.

Uharte Arkilgo lehenengo artzain-txakur txapelketa 1968an egin zuten, Oñatikoaren arrakasta ikusita. Geroztik, jarduera gehiago antolatzen dituzte, eta egun osoko egitaraua izaten du Artzain Egunak.

Artzain Eguna



Gaur, Uharte Arakilen (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Espartinak jantzita, dantzara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/034/001/2019-08-24/espartinak_jantzita_dantzara.htm Sat, 24 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1879/034/001/2019-08-24/espartinak_jantzita_dantzara.htm
Tobera musika eta dantza eskolako dantzariek emanaldia prestatu dute, eta 13:30ean dantzaz beteko dute herriko plaza. Ainhoa Korta Tobera Musika eta Dantza Eskolako dantza irakasleak azaldu duenez, urtero gogo handiz prestatzen duten emanaldia da festetakoa: «Haur zegamarrek dantzatzen dute emanaldian, eta haientzako izugarria izaten da herriko agertokira igo eta familia guztiaren aurrean dantzatzea; txikienek batez ere, oholtzara igo eta guraso eta familiakoak bilatzen dituzte lehenbizi. Gehienek han izaten dituzte gurasoak, anai-arrebak, aitona-amonak, izebak, eta baita lehengusuak ere». Tobera eskolak musika eta dantza uztartzen ditu, eta urtean zehar bi arloak lantzen dituzte: «4 eta 11 urte bitarteko 50 bat haur dauzkagu gaur egun eskolan, eta bost taldetan banatzen ditugu, denak adinaren eta mailaren arabera. Txikiagoekin psikomotrizitatea lantzen dugu gehienbat, eta, pixkanaka, dantzak erakusten dizkiegu, maila igotzen duten heinean», esan du Kortak.

Ikasturtean zehar ematen dituzten emanaldi gehienak musikari lotutakoak izaten dira; zenbait kontzertu egiten dituzte. Dantzari dagokionez, Zegama eta Beasaingo Dantzari Txiki egunetan parte hartzen dute, baina Zegamako San Bartolome jaietakoa dute emanaldi nagusia. «Udako oporrak tartean gelditzen zaizkigu, eta entsegu gutxi egiten ditugu, zoritxarrez; hala ere, aurreko egunetan dantzak gogoratzeko elkartzen gara, eta ikasturtean zehar ikasi ditugun dantzak berrikusi, eta herriko plazan jendaurrean erakusteko prestatzen ditugu».

Nafarroako dantzak dira erakutsiko dituzten gehienak; Luzaidekoak, Jaurrietakoak eta Lantzekoak. Hala ere, beste lurraldeetako dantzaren bat ere dantzatuko dute.

Jarduera ugari oraindik

Egunean zehar, jarduera gehiago antolatu dituzte; prozesioa eta agintarien sokadantza, umeentzako apar jaia, erraldoi eta buruhandien kalejirak eta pilota partidak izango dira, besteak beste. Herri afaria egingo dute, eta Tximeleta taldeak girotuko du gaua.

Jaiak bihar amaituko dira, eta azken egunean ere ez dute etxean gelditzeko aitzakiarik izango zegamarrek. Andoni Egañak, Anjel Mari Peñagarikanok eta Iñaki Muruak bi bertso saio emango dituzte, Amaia Agirre gai jartzailearekin batera. Herri kirolak, txapelketak, buruhandien kalejirak eta Joselu Anaiak taldearen kontzertua ere izango dira. 23:00etan, Adio Beleari kantatu, eta «hurrengo urtera arte» esango diote zegamarrek San Bartolome jaiari.]]>
<![CDATA[Txikien abordatzea euripean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/031/001/2019-08-16/txikien_abordatzea_euripean.htm Fri, 16 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1958/031/001/2019-08-16/txikien_abordatzea_euripean.htm
Hamaiketarako gutxi falta da. Herenegungo geldialdiaren ondoren, martxan jarri dira berriz ere piratak, goiz-goizetik. Musika eta giro ederrean ari dira dena prestatzen: besoan zenbakiak ipini, zapiak eta txaleko berdeak jantzi, eta dantzan hasi dira asko: Eskuetan, bizitza eskuetan... Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantua entzun da bozgorailutik, eta gorago dauden antolatzaileei segika, dantzan hasi dira denak.

Familia askorentzat egun berezia da abordatze txikiarena. Nahia Alkorta eta Asier Goikoetxea abordatze txikian parte hartzera joan diren Aner eta Xuharren gurasoak dira, eta haiei beharrezkoa iruditzen zaie haurrek sentitzea festen parte direla. «Polita da ikustea, berez, helduentzako den jai eredu batean, haurrek ere badutela lekua, eta helduentzako antolatzen diren zenbait jarduera moldatuta, egun ederraz gozatzeko aukera izaten dutela seme- alabek», esan du Alkortak.

Leire Vazquez Pirata Bihurrietako gazteak dioenez, duela zortzi urte piztu zitzaien piratei haurrak jai girora ekartzeko gogoa. «Edozein jaitan, adin guztietako jendea kontuan hartzea garrantzitsua da, eta guk horixe egin nahi izan genuen. Maiz, ahaztu egiten gara haietaz, eta haurrentzako jarduerak oso mugatuak izaten dira festa askotan. Guraso, haur eta gazte talde bat elkartu, eta buelta bat eman genion horri», esan du Vazquezek.

Iritsi da Ezkila kapitaina, eta prest daude lehenengo piratak, beste txalupak abordatuz zapiaren bila ateratzeko. Euri tanta bat, beste bat... zaparrada zerutik behera; abordatzea hastearekin, iritsi da euri jasa, baina ez da inorentzako oztopo. Irten dira lehenengo barkuak; haurrak barrenean doaz, eta gurasoak eta antolatzaileak uretan daude haiei bultzaka. Paseatzen dabiltzan turistek harrituta begiratzen dute uretara. Azkar batean iritsi dira lehenak zapitxoetara. Gehienak busti-busti eginda daude, uretako pirata zahar bihurriek uretara bota eta ederki busti baitituzte.

Luze joan da abordatzea, eta, amaitutakoan, uretik irten, arropa lehorrak jantzi, eta kalejiran joan dira denak Flamenkara; han, zain zuten bazkaria.

Herri bazkarian bapo jan, eta pailazo batek bisitatu ditu gero pirata bihurriak. Egunarekin bukatzeko, olinpiadak egin dituzte; jolasekin eta herri kirolekin neka- neka eginda bukatu dute eguna pirata askok, eta, hurrengo urteko Pirata Bihurrien abordatzearen zain, deskantsura joan dira.]]>
<![CDATA[Reggaetona edo isiltasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/030/001/2019-08-14/reggaetona_edo_isiltasuna.htm Wed, 14 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1955/030/001/2019-08-14/reggaetona_edo_isiltasuna.htm
Festetako hirugarren eguna da; Aquariuma pasatu, eta lehenengo barraketan ez dago musikarik; tonboletako gizonak mikrofonotik hitz egiten ari dira. Badirudi, aurten ere, euskarak apenas duela tokirik barraketan; dena erdaraz. Urdaiazpiko ugari eta bingoa; lurra zikin, jokoetako papertxoz beteta. Aurrerago hasten da zarata eta iskanbila. Barraka handienen soinua, jendea garrasika eta reggaeton erritmoa entzuten dira jarraian dauden barraketan. Bost minutu, hamar minutu... jendea igo eta jaitsi barraketatik, eta ez da iristen zerrendako hurrengo abestia, kantu bera etengabe. «Barraketan reggaetona da betidanik entzun izan dena, eta, gainera, hori entzuten du etortzen den jende gehienak etxean: reggaetona eta trapa», esan du Jordi Porta barraketako langileak. Azaldu duenez, zerrenda guztian kanta bakarra jarri dute reggaeton erritmoarekin, eta langilea kexu azaldu da horrekin: «Neurria betetzera derrigortuta gaude; beraz, abesti bera jartzen dugu denbora guztian. Halako musikak erakartzen du jendea gurera, eta proposatu duten zerrendako kanta asko ez ditu inork ezagutzen!». Barraketako jende kopurua gehien baldintzatzen duena eguraldia bada ere, musikak eragiten duela adierazi du.

Gaztetxo kuadrilla batek ere ez du begi onez ikusi udalak hartutako neurria: «Guri musika estilo horien erritmoak gustatzen zaizkigu. Hori da denbora guztian entzuten duguna, eta, egia esan, batzuetan hitzak higuingarriak badira ere, berdin zaigu hitzek zer dioten, apenas erreparatzen diogun horri. Barraketan beti entzuten da halako musika, eta ez dut ulertzen zergatik hartu duten erabaki hori», esan du haietako batek.
Bi egunetan, bi orduko isiluneak egin dituzte barraketan, autismoa duen jendea bertaratzeko. Iñigo Uriz / Foku

Bi neskatila barraketatik bueltan doaz ama eta aitarekin. Orduantxe jakin dute udalak bi neurri hartu dituela aurten: «Musika erritmoa betikoa zen, eta ez gara ohartu ere egin hitzek zer zioten. Oraintxe izan dugu udalak hartutako neurriaren berri, eta, egia esan, oso ondo iruditzen zait hartutako neurria; ea betetzen duten!», esan du amak. Kezkagarria iruditzen zaio gaur egun oraindik abeslari askok kantatzen dituzten hitzetan helarazten den mezu matxista, eta, azkenean, hori bada gaztetxoenei gustatzen zaien musika estiloa, hitz hobeak dituzten kanta gehiago sortu beharko liratekeela uste du.

Zarataren artean, isilunea

Iskanbila eta zarata guztiak, ordea, hartu du deskantsua tarteren batean. Festen hasieraren aurreko egunerako eta atzoko, bi orduko etenaldiak iragarri zituzten. Azpeitiko Udalak San Inazio festetan egin bezala, musika gabeko tarteak egin dituzte Donostiako barraketan ere. Autismoa duen jendeak ere barrakez gozatu ahal izateko hartu dute neurri hori.

Isilik zeuden atzo musikak, eta giro lasaia zegoen jaietako laugarren egunean, Pasealeku Berrian. Bigarren aldiz isilunea egin zuten; aurreko ostegunean egin zuten lehen isilaldia, eta atzokoa zuten bigarrena.

Bozgorailuetatik ez da entzuten ez reggaetonik, ezta tonboletako gizonen ahotsik ere. Barraka handienen soinua eta bertan daudenen oihuren bat edo beste entzuten dira. Itsasoaren soinua jasotzen dute belarriek, eta ingelesa han, frantsesa hemen... Horrenbeste hizkuntzak agerian uzten dute turista ugari dabilela hirian.

Autismoa duen jendeak barraketan egon ohi den zaratarekin ez sufritzeko, barraketako musikari bolumena jaitsi eta bi isilaldi egitea erabaki dute aurten. Langileei ondo iruditu zaie neurri hori: «Lau ordu dira denera; guri ez zaigu ezer kostatzen, eta, horrela, hainbestetan baztertua izaten den jende horri ere barrakez gozatzeko aukera ematen zaio», adierazi du Portak. Mariaje Ibarra bi bilobekin joan da barraketara, eta nabaritu du aldea: «Oso ondo iruditzen zait halako isilaldiak egitea. Beste aldietan, izugarrizko zarata izaten da, eta autistentzat bakarrik ez: niretzat ere lasaitu ederra da hau».

Abuztuaren 25era bitarte egongo dira Aste Nagusiko barrakak Donostiako Pasealeku Berrian, eta, abuztuaren 19an eta 25an, prezio merkeagoak izango dira barraka guztietan.   BIZIKLETA FESTA. 'Haurren Klasikoa' Aste Nagusiko ekitaldi klasikoetako bat da haurren bizikleta festa. Adinaren arabera hiru kategoriatan banatuta, 300 metro egin dituzte aurten ere Bulebarrean. Urtero egiten dute, eta 500 haurrek baino gehiagok parte hartzen dute aldiro: horregatik soilik, dei dakioke Haurren Klasikoa.
Andoni Canellada / Foku.   TRIPAZORRIAK. Patatak kresalarekin Gauez, DJen topaleku; egunez, Zurriola Street Food. Hainbat janari furgoneta jarri dituzte aurten ere Kursaaleko Urumea terrazan. Askotariko jakiak dasta daitezke tripazorriak baretzeko, han bertan jesarrita. Hori bai, hartutakoa hartuta ere, itsasoko kresala izango du osagaietako bat.
Juan Carlos Ruiz / Foku.   ESKULANGILEAK. Kontxa dute erakusleiho Txoko berezia jarri dute Donostiako Clara Campoamor plazan: eskulangileen azoka. Kontxako badia du erakusleiho, gainera. Gabiltza elkartearen eskutik, Gipuzkoako eskulangileak eta haien lanak ezagutzeko aukera dago; molde tradizionalean zein egungoan egindakoak.
Andoni Canellada / @Foku ]]>
<![CDATA[«Saretuta gaude, eta hor izango gaituzte»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2019-08-13/saretuta_gaude_eta_hor_izango_gaituzte.htm Tue, 13 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2019-08-13/saretuta_gaude_eta_hor_izango_gaituzte.htm
Zer egiten duzue eraso baten berri ematen dizuetenean?

Egia esan, gu ez gara adituak, baina, guztion indarrak batu, aliantzak sortu, eta ahal duguna egiten dugu. Prestatua dugun protokoloa martxan jartzen dugu puntu moretik. Erasotua gurera iristean, harrera goxoa eman, eta gure babes guztia helarazten diogu. Galdera batzuk egin, eta, ahal den azkarren, erasotuaren nahien araberako erantzuna prestatzen hasten gara. Erasoaren salaketa publiko egitea erabakitzen badu, kontzertua eta barra gelditu egiten dira; megafoniatik mezu bat helarazi, eta eraso bat egin dutela adierazten da. Erasotzailea gunetik kanporatzeko aukera ematen dugu, eta hurrengo egunerako elkarretaratzera deitzen dugu Donostiako talde feministarekin batera.

Aurreko urteko lehen esperientziatik zer balorazio egin zenuten?

Taldearen balorazioa positiboa izan zen. Lehen aldia zen puntu morea jartzen zena, eta nahiko kaosa izan zen astea; batzuetan gogorra egin zitzaigun. Dinamika eta egoera batzuetan zalantzak izan genituen, baina horrek indarrak batzeko eta taldea sendotzeko balio izan zigun. Aurten ere gogotsu eta indarrak bilduta etorri gara bueltan.

Aurten, puntu moreaz gain beste zerbait egiten zabiltzate?

Bai, gure presentzia ikusgarriago egiteko eta erasoen aurrean aliantzak daudela erakusteko, besoko moreak banatzen ditugu puntu morean, eta protokoloaren berri duen emakume oro gonbidatzen dugu besoko hori jartzera. Modu honetan, erasotua izan den pertsonak errazago identifikatzen eta gertu izaten gaitu laguntza eskatzeko.

Zuen protokoloa Flamenka gunera bakarrik mugatzen da?

Gure eremu eta helburu nagusia piraten gunea da, baina edozein tokitan erasotua izan den edonori ematen diogu laguntza. Parte Zaharreko tabernetan ere gure protokoloaren berri ematen duten kartelak zabaldu ditugu, eta, gainera, aipatutako besoko moreekin, kaia ez den beste guneetara ere iristen zaio jendeari gure berri.

Zer mezu helarazi nahi diozue Zirgaritik aste honetan Donostiara gerturatuko den jendeari?

Edozein eraso gertatuko balitz, piraten gunean gaudela laguntza emateko, eta (0034) 677-18 33 40 telefonoa ere eskuragarri egongo dela 24 orduz. Indarrez gaudela, saretuta gaudela eta erasoren bat gertatzekotan hor izango gaituztela. Ez dago besterik; gizartean aldaketarik egon ezean borrokan jarraituko dugu.

Zergatik sortu zen lantaldea?

Udalean lanketa falta handia zegoela iruditzen zitzaigun, eta, gainera, iruditu zitzaigun gure gunean beharrezkoa zela guk geuk, piratok, aurrera emandako lanketa bat. Lehen, Talaia taldea arduratzen zen eraso sexisten aurkako protokoloaz, baina duela bi urte desegin zen. Hurrengo urtean, soilik telefono zenbaki bat jarri zen martxan, eguneko 24 orduetan funtzionatzen zuena, eta hutsune handia nabaritu genuen, bai kanpora begira, bai barnera begira.

Zeinek osatzen duzue taldea?

Talde motorea seiren artean eramaten dugu. Asmoa zen kofradia bakoitzeko emakumeren bat batzea, errealitatea bestelakoa da. Gero bai, jaietako astean jende gehiago behar dugunetan, kofradietako jendeak ere laguntzen digu. Haiekin betetzen ditugu puntu moreko txandak, esaterako.

Nondik atera zenuten Zirgari izena?

Taldekide batek zirgarien inguruko zerbait irakurri zuen koadro baten azalpenean, eta haien inguruko informazioa bilatzen hasi zen. Zirgariak kaietako langileak ziren; zirga izeneko soka luze batetik tiraka, ontziak ertzera edo ibaian gora ekartzen zituzten. Jakin dugu garai batean gehienbat emakumeek egiten zutela lan hori, eta aproposa iruditu zitzaigun. Gainera, itsasoarekin zerikusia zeukan, eta hala izendatu genuen lan taldea.

Nola ikusten duzue egungo gizartea, eta batez ere jai giroa?

Oso kutsatuta. Pixkanaka ikusten dugu aurrerapausoak ematen ari garela eta kontzientzia sakonagoa dela; hala ere, lanketa sakon baten beharra sumatzen dugu. Gazteen ikuspuntu eta jarrerek kezkatzen gaituzte gehien. Egungo gizartean lan asko dugu egiteko oraindik, eta erroetara jo behar dugu partxeak alde batera utzi eta benetako aldaketak egiten hasteko.]]>
<![CDATA[Gustukoa ez da beti osasuntsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/036/001/2019-08-11/gustukoa_ez_da_beti_osasuntsua.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1924/036/001/2019-08-11/gustukoa_ez_da_beti_osasuntsua.htm
Marrubizkoa, txokolatezkoa edo limozkoa. Oreozkoa, cookiezkoa eta txiklezkoa. Izozki zapore berriak sortu eta gustu guztietarako aukerak egiten ari dira urteen joanean. «Gustagarri izango zaizkio askori, bai, baina askotan irakurri ere ez dira egiten izozki hauen guztien atzean dauden osagaien zerrendak, eta garrantzitsua da zer jaten ari garen jakitea», esan du Libe Garmendia dietista eta nutrizionistak.

Garmendiak azaldu duenez, geroz eta mota gehiagoko izozkiak ekoizten dituzte, kolore eta zapore ugarietakoak, eta etengabe berritzen ari da izozkien merkatua. Gustura jaten den elikagaia izaten da, baina osasunari ez dio gehienean onik egiten. «Ia guztiek azukre kantitate ikaragarriak izaten dituzte, eta hori ez da ona gure gorputzentzat», esan du.
Euskal Herriko zenbait baserritan izozki artisauak egiten dituzte. Irudian, Lazkaoko Iztueta baserriko izozkigile bat. J. C. Ruiz / Foku Bi multzotan bereizi ditu berak izozkiak: «Batetik, esnezkoak daude. Oinarria esnea izaten dute berez, baina askotan, esnea baino gehiago, koloratzaile, aroma, azukre, jarabe eta gantz gehiago izaten dituzte, batez ere industrialak direnean. Bestetik, urarekin egindakoak edo sorbeteak daude. Printzipioz, kaloria gutxiago izaten dituzte hauek, baina azukre kopuru oso handia izaten dute». Garmendiak azaldu duenez, «oso gutxitan begiratzen zaio izozkiaren etiketari, eta, batzuetan, erotzekoa izaten da bertan ageri diren osagai eta propietate zenbaiten kopuruak. Batzuek uste dute esnekiak edo frutak kontsumitzen ari direla izozkiak jatean, eta bai, hein batean esnea eta fruta izaten dituzte elikagai prozesatu hauek, baina inportantea da osagai horiek zein kantitatetan dauden jakitea, eta, horiez gain, zein beste osagai nahasten diren ikustea. Ezin dugu esneki bat kontsumitzeko helburuarekin izozki bat jan», adierazi du. Izozkien produkzioan diharduten industria eta enpresa handiek gehigarri, kontserbagarri, gantz eta azukre mota ugari erabiltzen dituzte produkzio aldian, eta elikagai ultra prozesatuak sortzen dituzte. Elikagai horiek ez dira batere osasungarriak izaten eta, beraz, Garmendiaren hitzetan, izozkiak jateko orduan komeni da lehenik eta behin etiketak ondo irakurtzea, osagaien zerrendaz jakitun izateko, eta, ahal bada, izozki artisauetara jotzea. «Noizean behin izozki bat jateak ez dio gure osasunari berebiziko kalterik egiten, baina, baten bat aukeratzekotan, artisauetara jotzea gomendatuko nuke, eta animatuenei esango nieke etxean nork bereak egiteko. Frutazkoak, esnezkoak, txokolatezkoak edo fruitu lehorrekin egindakoak; konbinazio ugari daude, eta aukera oso zabala da. Errezeta ugari eskura daude, bai Interneten eta bai liburuetan, eta «ez dago aitzakiarik».

Geroz eta gehiago zaintzen omen da elikadura, eta geroz eta errezeta gehiago izaten dira eskura, etxean nork bere elikagai propioak eta nork bere gustura ekoizteko. Izozkien kasuan, zenbait ekoiztetxe ere produktuen kalitateari begira jarri dira, eta euren produkzio modua eta produktuak berak aldatzen hasi dira. Izozki artisau eta osasungarriagoen aukera handituz doa, eta zenbait enpresa txiki eta baserri ere hasi dira izozki artisauak ekoizten. «Izozkia, industriala zein artisaua izan, ez da elikagai bereziki ona osasunarentzat, baina geroz eta osagai gutxiago izan, eta modu artisau eta naturalenean ekoitzi, orduan eta hobea izaten da. Bost osagai baino gutxiago izatea komeni da, eta hiru osagai nagusien artean azukrea ez egotea ere garrantzitsua da», azaldu du Garmendiak. Euskal herrian, Iztueta (Lazkao) eta Mahala (Leaburu) baserrietan hasiak dira izozki artisauak egiten. Bestelako esnekiak ekoizten hasi ziren hasiera batean bi baserrietan, eta, ikaskuntza prozesu batzuen ondoren, izozkiak ekoizten ere dihardute egun. «Lehen mailako elikagaiak erabiltzen ditugu: baserriko esnea izaten da gure osagai nagusia, eta bertan hazten ditugun behietatik jasotzen dugu esne hori. Produkzioaren ziklo guztiaren kontrola guk hartzen dugu: behien zainketatik hasi eta produktua saltzen den arte. Garrantzitsua da hori, ekoizten ditugun produktuen kalitatea bermatzeko», esan du Ainitze Salak, Iztueta baserriko izozkigileak. Izozkiei gehitzen dizkieten fruitu eta zaporeak, ahalik eta modu naturalenean eta puruenean txertatzen saiatzen dira, eta, hala, ez dute ez koloratzailerik ez zaporetzailerik batere erabiltzen. Edurne Ibarbia Mahala baserriko langileak ere garrantzi izugarria eman dio produktuen ekoizpenean kontrol guztia eurek edukitzeari. «Horrela kontrol guztia guregan izan, eta produktuak ahalik eta modu naturalenean eta ahal den gutxien manipulatuta ekoizten dugula ziurtatzen dugu; produktu artisaua lortu nahi dugu». Bi baserrietako izozkigileek azaldu dutenez, jendeak asko eskertzen du jaten ari diren hori kalitatezkoa dela jakitea, eta uste dute geroz eta handiagoa dela gizartean elikagai osasungarrien eta bertan ekoitziak izan direnen aldeko hautua ere. ]]>
<![CDATA[Gaztak erakarritakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/025/003/2019-08-10/gaztak_erakarritakoak.htm Sat, 10 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1906/025/003/2019-08-10/gaztak_erakarritakoak.htm
Abuztuko igande guztietan, bisita gidatuak egiteko aukera izaten da J. Aranburu gaztandegian (Idiazabal). 11:30etik 13:30era bitartean egiten dituzte, eta, lekua bera erakusteaz gain, Idiazabalgo gaztaren ekoizpen prozesua ere azaltzen dute.

Bisita horiez gain, Gaztainaditxulo gaztandegian ere bisitak egiten dituzte udako larunbat guztietan, eta han izaten da Ander barandiaran artzaina, bere lanaren nondik norakoak azaltzeko. Artaldea erakutsi eta haren zaintza eta elikadura nolakoa den kontatzen du, besteak beste. Udako gainontzeko egun guztietan, herriko beste zenbait gaztandegitara antolatzen dituzte bisitak; goizez eta arratsaldez, egunero egiten dituzte hiru bisita saio.

Bisitariek egun oso bat herrian bertan egiteko aukera izan dezaten, pakete berezia prestatu dute bigarren urtez. Interpretazio zentroan eta gaztandegi batean bisita gidatua egin eta herriko jatetxe batean otordu batez gozatzeko aukera ematen dute pakete horrekin, eta igerilekurako sarrera ere banatzen dute.

Bertako gazta

Mundu zabalean ezagun egin da urteen joanean Idiazabalgo gazta, eta tokian tokiko gaztazale askok badute euskal produktuaren berri. Idiazabal herriak eman zion izena gaztari, baina Euskal Herri osoko leku askotan egiten da. Bertako ardi latxaren eta Karrantzako ardien esnearekin egindakoa izaten da; hori du baldintza garrantzitsuena.

J. Aranburu gaztandegira bisita

Igandero, 11:30etik 13:00etara, Idiazabalen (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Ezohiko soinua elizan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-06/ezohiko_soinua_elizan.htm Tue, 06 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1890/028/003/2019-08-06/ezohiko_soinua_elizan.htm
Giro eskandinaviarreko kontzertu batek emango dio hasiera jaialdiari, eta Lorenzo Sigurjon Freyrsson biolin jolea eta Ineke Hellingman piano jolea izango dira musikariak.

Ostegunean, Soinuaren bidaia emanaldia egingo dute. Garikoitz Mendizabal txistularia eta Alberto Urretxo tronboi jolea arituko dira soka laukotearekin batera, eta Toti Martinez de Lezea idazle eta kontalaria ere bertan egongo da.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ostiralean emango du kontzertua beste zenbait musikarirekin batera, eta, larunbatean, Dietrich Buxtehude konpositorearen Membra Jesu Nostri lana izango da entzungai. San Juan Bautista Koruak, Basilio Astulezek, Conductus Ensemblek eta Andoni Sierra musikariak hartuko dute parte kontzertuan.

Jaialdiari amaiera emateko, igandean, Juan Sebastian Elkano emanaldiaren txanda izango da. Txistua, biolina, ahotsa eta perkusioa nahastuta estilo barrokoko musikaz girotuko da eliza. Euskal Barrokensemble musika taldeak Enrike Solinisen zuzendaritzapean prestatutako proiektua da, eta, Euskal Herriko itsas nabigazioa ardatz hartuta, Elkano eta bere garaiko giroa islatzen ditu emanaldiak.

Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira Lekeitioko Andre Mariaren Zeruratzea parrokian, eta sarrerak 21:00etatik aurrera egongo dira salgai basilikako sarreran.

Itsas Soinua musika jaialdia



Bihartik igandera, Lekeition (Bizkaia) .]]>
<![CDATA[Nekazaritza giroa hirira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/027/003/2019-08-01/nekazaritza_giroa_hirira.htm Thu, 01 Aug 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1890/027/003/2019-08-01/nekazaritza_giroa_hirira.htm
Bihar hasiko dute festa; 17:00etatik aurrera, haurrentzako jarduerak izango dira Urdanibia plazan, eta, 22:00etan, plazan bertan, Oreka TX eta Thierry Biskarik kontzertua emango dute.

Larunbatean, goiz guztian, dantzariak, musikariak, arratsaldeko desfileko gurdien erakusketa, herri kirolak, bertsolariak eta azoka egingo dituzte, Urdanibia plazan eta inguruko auzoetan. Gerorako, bazkariak antolatu dituzte zenbait elkartetako kideek. Sabelak beteta, desfilea egingo dute, 18:00etan, Mendelutik hasita. Bederatzi auzo eta elkartetako gurdi bana ibiliko da kalejiran eta dantzan, musikarien laguntzaz. Urdanibiarainoko bidea egingo dute bederatzi gurdiek.

Desfilea amaituta, jatekoa izango da Urdanibia plazan, eta erromeria batek girotuko du otordua. Festa amaitzeko, Bide Batez taldeak kontzertua emango du, 22:00etan.

Laguntza eta inplikazioa

41. urtea izango du Euskal Jira jaiak. Antolatzaileak pozik daude urtero-urtero izaten den parte hartzearekin, baina jende gazteari dei egin diote jai honen antolakuntza taldera batzeko, eta udalari ere laguntza handiagoa eska tu diote, halako jaiek etorkizuna izan dezaten.]]>
<![CDATA[Gero eta marmoka gehiago itsas zabalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/032/001/2019-07-26/gero_eta_marmoka_gehiago_itsas_zabalean.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/2016/032/001/2019-07-26/gero_eta_marmoka_gehiago_itsas_zabalean.htm nidario filumeko animalia da; munduko edozein ozeanotan, ur hotzean zein epelean, itsasoaren azalean eta eremu pelagikoan bizi da marmoka. Duela bost milioi urtetik behintzat existitzen da marmoka, eta 1.500- 2.000 espezie inguru biltzen ditu. Planktonak ditu elikagai nagusi, eta mugimenduaren kontrola mugatua dute askok. Ia organorik gabeak dira, txapela eta 4- 8 garro dituzte, eta gorputzaren %95 ura dute. Milimetro gutxikoak dira batzuk, eta 40 metroko garroak dituzte beste zenbaitek. Haien garroak ukituz gero, ziztada mingarria eragin dezakete oso, kasu batzuetan hilgarria ere izateraino euren pozoia.

Ezagun dira marmokak gizartean. Batez ere, uda iritsi eta hondartzara joateko garaia hasten denean, adi egoten dira bainulariak animalia horien inguruko albisteren bat entzuten dutenean. Haien ziztaden beldur dira, baina ez dakite askorik zergatik ugaritzen diren.

Adituak, bada, hasi dira ugaritzearen eta kostaldera geroz eta gehiagotan gerturatzearen inguruan hitz egiten.

Batetik, udako klimaren eragina dago. Uda garaian, ohikoagoa izaten da marmoken presentzia kostaldean, eta beroaren eraginez dela uste dute askok. Javier Francok, Azti zentroko itsaso eta kostetako ingurumen kudeaketako adituak, ordea, ez dio horrenbesteko garrantzirik ematen berotasunari: «Marmoka askok mugimendu urria dute, eta, askotan, itsaslasterren eta haize-lasterren arabera mugitzen dira. Uda garaian, eta askotan beroaldiekin lotuta, egonkortasuna izaten da nagusi itsasoan, eta, egoera horretan, jitoan egoten dira marmoka asko itsasoan barna. Ohikoa izaten da momentu horietan, marmoka multzoak biltzea kostaldean».

Francok esan duenez, azken urteetan ugaritzen ari dira marmokak, eta, haren esanetan, planeta jasaten ari den aldaketa da ugaritze horren arrazoi nagusietako bat: «Marmoken harrapakari diren animalia asko desagertze bidean daude, gizakiak eragindako aldaketa globalaren ondorioz. Gainera, marmokek badute, oraindik, zertaz elikatu, eta itsasoaren tenperatura igotzeak ere egonkortasuna ekarri die marmoka espezie gehienei», esan du. Klima aldaketak, kutsaduraren igoerak eta baliabideen esplotazioak, bada, on egiten die batzuei.

Euskal Herrian, azkenaldian, izan da marmoken agerpenen bat edo beste, baina azken bost bat urteetan, Getariako (Gipuzkoa) hondartzako Gurutze Gorriko koordinatzaile Alex Garatek kontatu duenez, apenas izan den ziztada kasurik edo larrialdirik. Euskal kostaldean, honako hauek dira espezierik ohikoenak: Aurelia aurita, Pelagia noctiluca eta Velella velella; tamaina ertain edo txikikoak.

Francok azaldu duenez, aldian- aldian, ezagunagoa den karabela portugesa espeziea ere izaten da gertu. «Oro har, ez dira oso espezie arriskutsuak, baina batzuen ziztadak pozoitsuak izan daitezke», adierazi du.

Ziztaden aurrean

Garatek esan duenez, hondartza guztietan prest izaten dituzte protokoloak marmokak azaltzen direnerako, eta hartu beharreko neurriak ezberdinak izaten dira karabela portugesaren kasuan. «Marmoken aurkako bi larrialdi mota ditugu zehaztuak hondartzetan: batetik, larrialdi txikia dago, marmokek eragindako ziztadak oso ugariak ez direnerako. Marmokak ugaritu eta egoera larritzen denean, eta karabela portugesa tarteko dagoenean, larrialdi orokorra ezartzen da; normalean, hartu behar izaten ditugun neurriak gogorragoak izaten dira. Bainu eremuak murriztu eta abisu ugari eman behar izaten dizkiogu hondartzan dagoen jendeari», azaldu du.

Garatek zenbait aholku eman ditu marmokak agertzen direnean kontuan hartzeko: lehenik eta behin, hondartzetako sorosleei abisua pasatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du: «Marmoka ikusia izan den ingurua ahalik eta modurik zehatzenen esatea garrantzitsua da. Horrela, ahalik eta azkarrena hura ikuskatzera joateko abisua pasatzen dugu, eta erretiratzea azkarrago egiten da, eta egoeraren larritasuna apaldu».

Ziztada bati aurre egiteko orduan, lehenik eta behin, sorosleengana joan behar da: «Bertan, ziztadaren egoera begiratu, gaixoaren aurrekariak aztertu, eta larrialdi mota zehazten da, egoerari irtenbidea lehenbailehen emateko». Ziztada garbitu, hotza ipini tenperatura jaisteko, konstanteak hartu, eta gutxienez 40 minutuko jarraipena egiten diote ziztadari. Karabela portugesaren kasuan, edo medikua bertan egonda, ezberdina izaten da tratamendua. Bertaratu aurretik, nork bere kasa ezer ez egitea garrantzitsua dela adierazi du: «Askotan, ziztada jasotakoan, jendeak iturriko urarekin igurzten du. Horrek areagotu besterik ez du egiten urtikaria». ]]>
<![CDATA[Urrunera begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1883/038/001/2019-07-23/urrunera_begira.htm Tue, 23 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1883/038/001/2019-07-23/urrunera_begira.htm
Uda aurrera joan ahala, gero eta hegazti gehiago ikusten dira Euskal Herriko txoko askotako zeru eta paduretan. Sergio Delgado Aranzadi elkarteko kide den ornitologoak azaldu duenez: «Garai honetatik aurrera, uztail bukaera aldetik hasita, oso interesgarria izaten da hegaztien mundua, bai ikerketetarako, bai behaketarako». Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko ornitologoak ere hori azpimarratu du; «askoren ustetan, paseak edo hegaztien migrazio mugimenduak urrian izaten dira, baina txori edo hegazti bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere garaia izaten du migratzeko, eta abuztua mugimenduz betetako hilabetea izaten da».

Unamunok azaldu duenez, Euskal Herriak duen kokapena oso estrategikoa da hegaztien migrazio mugimenduetan: «Euskal Herria eta Bizkaiko golkoa, batez ere, oso leku garrantzitsuak dira hegaztientzat. Askoren migrazio mugimenduetan atseden hartzeko lekua da gure kostaldea, eta bertako hegazti askok Europatik hegoalderako bidean doazen hegaztiekin egiten dute topo han».

Delgadok eta bere lan taldeak Hondarribiko Jaizubia auzoan (Gipuzkoa) dute lantokia, hango paduran. Azpimarratu du haien lana ez dela izaten soilik, hegaztiei eraztunak jarri eta haien jarraipena egitea, eta esan du: «Jendeak mundu hau ezagutzea oso polita izaten da, eta identifikazio ikastaroak edo txorien txioen inguruko ikastaroak eta erakusketak antolatzen ditugu, afizionatuak ere gurera gerturatu daitezen». Donostiara eta Txingudiko badiara ere mugitzen dira irteerak eta behaketak egitera.

Unamunok eta bere lantaldeak, eraztun sisteman lanean aritzeaz gainera, proiektu ugari eramaten dituzte aurrera Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren (Bizkaia). Uda garaian, egunero izaten dute zentroa irekita, 11:00etatik 19:00etara, eta tailer, ikerketa, bisitaldi eta erakusketa ugari antolatzen dituzte. Proiektu oso bereziak dituzte. Batetik, Europako hegaztien ikerketan, eraztuntzeak egiten dituzte. «Hegaztiei hankan ipintzen dizkiegun eraztunak nortasun agiriaren gisakoak dira. Munduko beste txokotan eraztunak dituzten hegaztiak aurkitzen badituzte, haien berri ematen digute. Munduko hainbat zentrorekin gaude harremanetan une oro, eta banatu egiten dugu jasotako informazioa», esan du. Joan den urtean, 1.500 hegazti ingururi jarri zieten eraztuna. Unamunok esan duenez, Europan 500 bat hegazti espezie izaten dira urtean, eta, kalkulatu dutenez, Euskal Herritik 300 espezietik gora pasatzen dira; «Ikaragarri aberatsa da hemen daukaguna».

Eraztuntzeez gainera, badituzte beste zenbait proiektu; arrano arrantzalearekin, esaterako. Duela lau bat urte, arrano arrantzaleak ekarri zituzten Eskoziatik, hemen ugaldu eta berreskuratze prozesu baten bitartez «euskaldundu» asmoz. Urtero Afrikara joaten dira negua pasatzera, eta bada arrano bat martxoa erdialdean urtero Urdaibaira bueltan etortzen dena. Haren jarraipena egiten dute, eta haren ibilbide eta habitatak aztertzen dihardute. Proiektu hori aurkezteko, doako bisita gidatuak antolatzen dituzte. Urdaibaiko paduran, arranoak askatu zituzten tokira joaten dira bisita gidatuan, eta, han, behaketak egiten dituzte azalpenak emanez; noizbehinka, arranoa bera ikustea ere lortzen dute.

Proiektu horiez gainera, migrazioa jarraitzeko kanpaina bat ere badute martxan paduratik kanpo, Izaro uhartean. Bertan hegaztientzako uharteek duten garrantzia aztertzen dute.

Zerutik bista jaitsi gabe, gaua iristean, zerua belztu, eta izarrak izaten dira nagusi udako gau oskarbietan. Virginia Garcia Aranzadiko astrologoak azaldu duenez, urte guztian izaten da aukera izarrak, planetak eta zeruak eskaintzen dituen mila fenomeno ikusteko. Astronomia elkarte askok, uda garaian ez ezik, urte guztian antolatzen dituzte tailer eta behaketak: «Udan, baina, eguraldi ona eta denbora librea direla eta, jende gehiago animatzen da leku ilunenetara joan eta zerura begira behar beste denbora ematera», esan du Garciak, eta horregatik animatzen dira elkarteak behaketa gehiago antolatzera.

Ilargi argiaren eragina

Udaran, fenomeno ugari izaten dira: «Jendartean ezagun diren pertseidak abuztuaren 12aren inguruan izaten dira, eta planetak ikusteko ere garai ona izaten da. Jupiter eta Saturno oso ondo ikusten dira, et udako konstelazioak eta ortzi sakoneko objektuak ikusteko aukera ere izaten da», esan du. Pertseidetan, izar usoen fenomenoa areagotu egiten da, eta, ilargiaren egoera eta eguraldia lagun, ikusgarria izaten da zeruak eskaintzen duena. Aurtengoan, baina, pertseidek ilargi betearekin egingo dute bat, eta, Garciaren arabera, «ez da horren ikusgarria izango aurtengo izar uso zaparrada. Ilargi betearen argitasunak ez du utziko izar usoak argi eta garbi ikusten». Gainera, azaldu du egun gero eta argi kutsadura handiagoa dagoela hiri eta herri inguruetan, eta, ondorioz, ez dela horren erraza izaten zerura begiratu hutsarekin ezer ikustea: «Hirietako argitasunak eragiten duen argi kutsadurak estali egiten du izar askoren argia, eta leku askotan ezinezkoa da planeta eta izar handienez gain beste ezer ikustea».

Aranzadi elkarteak Nafarroako Isu herri abandonatuan egin ohi ditu behaketak. Garciak azaldu duenez, «hango iluntasuna nahiko purua da, eta ez da apenas hirietako argitasunik heltzen». Haiek pertseiden garai inguruan antolatu ohi dute udako behaketa. Aurtengoan, baina, ilargi betearen ondorioz izango den ikusgarritasun urriarengatik, aurreratu egin dute jarduera, eta, izar usoetan zentratu beharrean, planeta eta bestelako fenomenoak ikusten saiatuko dira. «Hala ere, ziur nago izar usoren bat edo beste ikusteko aukera izango dugula», esan du.]]>
<![CDATA[Realeko neskek kantatuko dute 'Artillero']]> https://www.berria.eus/albisteak/169183/realeko_neskek_kantatuko_dute_039artillero039.htm Mon, 22 Jul 2019 11:35:23 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/albisteak/169183/realeko_neskek_kantatuko_dute_039artillero039.htm <![CDATA[Meategia, sakonetik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/037/001/2019-07-14/meategia_sakonetik.htm Sun, 14 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1942/037/001/2019-07-14/meategia_sakonetik.htm
11:00etarako, jarduera berezia prestatu dute antolatzaileek. Animalien egoerak utziz gero, Igeldoko Arrano Etxean sendatze bidean egon diren hegaztiak askatu, eta beren ingurune naturalera itzuliko dituzte.

Goiz guztian, Suhar arkeologia taldeak arkeologia esperimentala gertutik ikusteko eta ikasteko aukera eskainiko du, eta tailer baten bidez, historiaurreko bizimodua nolakoa zen azalduko dute. Abaraxka ludotekako kideek, bestalde, talo tailerra emango dute. Eguna amaitzeko, 12:00etan, Luberri geologia museoko lagunek Mineralaren bila irteera egingo dute, eta garai batean ustiatu ziren harrien informazioa emango dute ibilbidean zehar.

Meategi bakarrenetakoa

Iberiar penintsulan, ez dira asko halako meategiak. Arditurrikoa 2.000 urtean baino gehiagoan ustiatu zuten, eta, egun, Aiako Harriak duen lekurik eder eta esanguratsuenetako bat da.

Arditurri Eguna



Gaur, Oiartzungo Arditurriko meatzaritza gunean (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Edonork egin dezake dantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2019-07-14/edonork_egin_dezake_dantzan.htm Sun, 14 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2019-07-14/edonork_egin_dezake_dantzan.htm
Musikari eta dantzazale andana bildu da kalean. Dantzaria izan edo ez, edonork du aukera, dantzatuz edo dantzan ikasiz, egun polita pasatzeko. Zumardira bidean pasatu dira joaldunak. Haien atzetik datoz musikari eta dantzariak. Txirulek, ttunttunak, akordeoiak eta bonboak girotu dute kalea. Jendea begira dago kale bazterretan. Dultzaina eta atabal soinuek tapatu dute aurrekoena, eta trikitilariak datoz atzetik: Egun da Santi Mamiña benetan egun samiña, trikitien hauspoak ireki eta itxi ari dira. Talo usaina dago plazaren izkinan; aurten ere, talogile eta pastel saltzaileek badute euren postutxoa plazan.

Koldo Mitxelena plazan egin dute goizeko lehen deskantsua dantzariek eta musikariek. Hor dira helduak berriketan, eta haurrak parkean dilin- dalan eta alde batetik bestera korrika. Indarrak hartu, eta jarraitu du kalebueltak bere bidea. Sokadantzak, bolant dantzak, kalejira eta zazpi jauzia: «Bat, bi, hiru... Zazpi!».

Ordu bata jotzerako, Aiko taldeko kideak erromeriarekin hasteko prest daude, Zumardia pasealekuko agertokian. Plaza beteta dago, eta itzaletan diren terrazak, jendez leporaino. Denetik dago: 60 urtez dantzan aritu direnak, dantzan hala moduz egiten dutenak, amaren pausoei segika dabiltzan haurrak, dantza taldeko dantzari gazteren bat...

Alaia Yuste eta Eider Gonzalez dantzari gazteak dira, eta, esan dutenez, gogotsu gerturatu dira erromeriara: «6 urte genituenetik joaten gara dantza eskoletara, eta pozgarria da halako egun batean adin guztietako jendearekin dantzan aritzea», azaldu du Yustek.

Arratsaldean, erromeria

Maddi Lasa dantzaria ere gustura joan da Erromeria Egunera, baina zera esan du gazteen presentzia txikiaz : «Garaiak aldatu dira, gazteen gustuak ez dira lehenagokoen berdinak, eta dantzan aritzen garen gehienok etxetik jaso dugu afizioa». Haren iritziz, erromeriak leku politak dira jendea batzeko eta dantza mundura integratzeko: «Erromeriekin, jendea kalera ateratzen da, baina pena da, helduak dira erromerietako protagonista, eta geroz eta gazte gutxiago izaten gara». Obesori ere pena ematen dio egoerak, eta ez du ulertzen zer gertatzen ari den: «Ulertezina egiten zait. Aspaldi ohartu nintzen gazteak geroz eta gutxiago direla erromerietan, eta oraindik ez dut ulertzen gazteak nola ez diren animatzen halako girora. Lotsa emango die akaso».

Obesok duela hamabost bat urte erabaki zuen dantzan ikastea, ez du txikitatik dantzan ikasi. «Erromerietara etortzen ginen, eta, emazteak dantzan hasten zirenean, kanpoan gelditzen ginen senar guztiak, haien poltsari heltzen». Gizon guztiak elkartu, irakasle bati proposamena egin, eta dantzan ikasten hasi ziren. «Orain erromeriaz erromeria ibiltzen gara kuadrilla guztia, emakume zein gizon, eta denok pasatzen dugu ondo dantzan. Egun, harrotasunez erakusten dugu dantzan dakigula, baina ikusteko dago erromerien mundu honek etorkizunik izango duen», esan du.

Aikoren dantzaldia amaituta, bazkaltzera joan dira guztiak. Aurten, lekuz aldatu, eta merkatu zaharrean egin dute bazkaria. Donostiako Intxaurrondoko lagunek prestatu dute jatekoa, eta jai giro ederrean pasatu da bazkalordua. Arratsaldean, eguna amaitzeko, jende ugari bildu da Zumardia pasealekuan, Patxi Perez eta Konpainiak girotu duen erromerian dantzatzera; izan ere, edonork egin dezake dantzan.]]>
<![CDATA[Zuberoa berpiztuz, jai-jai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2019-07-11/zuberoa_berpiztuz_jai_jai.htm Thu, 11 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1872/031/001/2019-07-11/zuberoa_berpiztuz_jai_jai.htm
Herriko komiteak prestatutako egitarauaren barruan, Halabeharra taldeak emango du lehen kontzertua gaur, 18:30ean egingo den azokan. Bihar, Euskal Herriko bi musika talde izango dira: Kanta Lextarre, batetik, 18:00etan, Lextarreko plazan; eta BBAX Behi Bideko Andere Xuriak taldeak, bestetik, herriko plazan, 22:30ean.

BBAX taldeak zenbait hilabete eman ditu geldirik, proiektua birmoldatzen, eta Maulekoa izango dute itzulera kontzertua. Taldeko kide den Pantxix Bidarten hitzetan, «proiektu berriak hasierakoaren kutsua izango du. Oihenarten poemak musikatuko ditugu lan polifonikoa gisa. Ahotsek izango dute indarrik handiena».

Taldeak fase ezberdinak izan ditu hastapenetik gaurdaino. Hainbat proiektu eraman ditu aurrera kide askorekin, eta azken denboran izan duten geldialdiaren ondotik, hasierako lau kideek hartu dute berriz ere taldearen segida: Mirentxu Agerre, Marie Hirigoien Bidart, Pantxix Bidart eta Paxkal Indo. Bueltan da BBAX, eta proiektu berria guztiz osatuta ez badute ere, lehen kontzertua emango dute Maulen. Kantu berriren bat kantatuko dute, baina, oraindik, gehienak aurreko proiektuetakoak izango dira, ahotsari indar gehiago emanez.

Zenbait dantza ikuskizun ere ikusten ahalko dira datozen egunetan herriko plazan eta frontoietan: Kukai dantza taldearen Topa ikuskizuna izango da lehenik, larunbatean, 21:00etan; eta biharamunean, Zarena Zarelako konpainiak Hariz hari emanaldia erakutsiko du, 18:00etan. Ikuskizun hori, hamabost neska gaztek sortua da, eta kantua, poesia, musika eta dantza nahasten ditu. Adiskidetasuna eta iraganeko eta gaurko harreman sareak ditu gai nagusi. Igandean bertan, Topa Noka dantza talde sortu berriak ere, bere dantza ikuskizuna erakutsiko du estreinakoz. 21:00etan izango da frontoian. Zortzi neska gazte zuberotarrek osatu berri dute taldea, eta, hainbat errepikaren ondotik, prest dira egindako lana jendaurrean erakusteko.

Alternatiba jai ofizialei

Zinka Bizirik ostatuak beste urte batez egitarau propioa prestatu du, kontzertu, poteo eta bazkari-afari zenbaitekin. Zinkako arduradun Iulen Guireseren hitzetan, «besta komitearekin harreman oso ona badugu ere, gu beste besta mota bat egiten saiatzen gara».

Egunero egingo dituzte kantu poteoak ostatuz ostatu, eta gauetan kontzertuak izango dira, ostatuan bertan. «Batez ere, bertako talde ttipiak helarazi nahi izan ditugu aurten, haiek lagundu eta ezagutzera emateko», dio Guiresek. Haren esanetan, «polita izaten da bestetan Zinkan sortzen den giroa. Urte osoan ez bezala, bestetan adin eta inguru guztietako jendea elkartzen du ostatuak. Normalki etortzen ez den jendea etortzen da gurera eta giro goxoa sortzen da». Zinka Bizirik herri elkartearen ostatua da Zinka, eta euskal giroan, Zuberoa piztu eta animatzeko helburuarekin, jaialdi, jarduera kultural eta bestelakoak antolatzen dituzte urtean zehar. Beharrezkoa ikusten dute horrelako leku bat jarduerak antolatu eta jendea biltzeko, eta, besteetan ere, hori izaten dute helburu nagusi.

Egun guztietarako gaualdiak prestatu dituzte zenbait talde eta DJrekin; musikariak euskaldunak izaten eta estilo ezberdinak batzen saiatu dira. Black Xalbat, AnDJelo Merkel eta Tres Hombres taldeek girotuko dituzte gaualdiak, eta musika elektroniko, metal eta rockaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste.

Larunbaterako zikiro afaria antolatu dute, eta biharamunean, bestetako azken egunean, urtero egiten duten euskal preso eta iheslarien aldeko eguna egingo dute. Bertso poteoarekin hasiko dira 12:00etan, Elixabet Etxandi, Jon Maia eta Ramuntxo Christy bertsolariekin, eta, ondoren, bertso bazkaria egingo dute, 14:00etan.

Jai giroari amaiera emateko, igandean, 22:30ean su festa egingo dute herriko besta komiteak antolatuta, eta agur esango diete mauletarrek bestei.

Lau egun bete dituzte mauletarrek aurretik, eta errespetuzko jai giro lasaia eskatu dute antolatzaileek bertaratuko den jende guztiarentzako. Lehen aldiz, eraso sexisten aurkako afixak ipiniko dituzte herriko ostatuetan, ezinbestekoa iruditzen baitzaie pertsona orok lasaitasunez besta egiteko aukera izatea.]]>
<![CDATA[Oiasso hirirako itzulera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/001/2019-07-10/oiasso_hirirako_itzulera.htm Wed, 10 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1890/033/001/2019-07-10/oiasso_hirirako_itzulera.htm
Aurten, jaialdiko ekitaldi handiena Navigium Isidis birsortze historikoa izango da, larunbatean 19:30ean egingo dutena. Oiasso museoaren inguruko kale eta auzoetan egingo da, eta azalduko diren pertsonaia gehienak herritarrek antzeztuko dituzte. Isis itsas nabigazioaren jainkosa izango du protagonista.

Beste jardueren artean, ostiral arratsaldean, bitxi eta koraza tailerrak egingo dituzte. Egunean bertan, 18:00etan, Amaia Rodriguezek Emakume ahotsak bakarrizketa emango du, museoan bertan. Larunbat eta igandean, artisau azoka ipiniko dute Oiasso museoko plazan, eta jokoak, txotxongilo ikuskizunak, arkeologia gastronomikoak, zirkua eta hainbat tailer ere izango dira. Lau egunetan, argazki erakusketa ere egongo da ikusgai Oiasson.

Oiasso museoaren lana

2006tik gaur arte, lan handia egin du Irungo museoak haur, gazte eta helduak erromatarren garaiko hirira gerturatzen. Inguruan egin diren ikerketa eta indusketetatik ateratako garai hartako informazio eta objektuak erakutsi ditu, eta, urtean zehar egiten dituzten jaialdi eta jarduerekin, inguruko jende ugarik eman dio itzulia hiriaren historiari azken urteetan.

'Dies Oiassonis'



Bihartik igandera bitarte, Irunen (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Mitologia bizirik da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2019-07-05/mitologia_bizirik_da.htm Fri, 05 Jul 2019 00:00:00 +0200 Amaiur Irastorza Adin https://www.berria.eus/paperekoa/1890/029/003/2019-07-05/mitologia_bizirik_da.htm
Datozen egunetan egingo den III. Mitoaldirako, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Ataunen (Gipuzkoa). Jentilbaratza elkarteak eta Barandiaran museoak, elkarlanean, arbasoen istorioak erakutsiko dituzte.

Gaur izango da lehen hitzaldia, Ataungo Astigarragako parkean, 20:00etan. Iñaki Perurenak Harria, maitasun istorioa hitzaldia emango du, eta harriak Euskal Herriaren historian izan duen garrantziaz mintzatuko da.

Murkoondo, Ataungo bihotza ibilaldia egingo dute bihar, 09:30ean. Jon Aizpuruak gidatuko du, eta herriko gune esanguratsuenetan azalpenak emango dituzte.

Etzi, Marimunduko pertsonaiak ipuin kontaketa egingo du , 11:00etan eta 12:30ean, Barandiaran museoan. Bertaratzeko, izena eman beharko da lehenago.

Udalekuentzako tailerrak ere antolatu dituzte uztailaren 8tik 12ra bitartean.

Joseba Aurkenerena idazle eta historialariak, uztailaren 9an, 19:00etan emango du Barandiaran eta mitoak hitzaldia. Barandiaran museoan izango da.

Bukatzeko, VIII. Gau Ibilaldi mitologikoa egingo dute uztailaren 13an, 20:00etan. San Gregorio auzotik San Martinerako bidea egingo dute, euskal mitologiako pertsonaiak bidelagun.

Barandiaranen lana

Joxe Migel Barandiaranek euskal mito eta istorioak dokumentatzen egin zuen lana nabarmendu dute antolatzaileek. Urteak daramatzate dokumentu horien gainean lanean, eta, Barandiaranen bideari jarraituz, garrantzitsua iruditzen zaie Mitoaldiaren gisako egitasmoekin belaunaldiz belaunaldiko transmisioari eustea.

Mitoaldia



Gaurtik hilaren 13ra bitarte, Ataunen (Gipuzkoa).]]>